5. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 10a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Cintruenigoko San Francisco de Asis Udal Patronatua

Deialdia, Cintruenigoko "San Francisco de Asís" egoitzan zerbitzu orokorretarako 4 lanpostu, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin, betetzeko

1.-Cintruenigoko "San Francico de Asís" Patronatuak deialdia egin du Cintruenigoko San Francisco de Asís zaharren egoitzan zerbitzu orokorretarako 4 lanpostu, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin, betetzeko.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Hautatzen diren izangaiei lan-kontratu finkoa eginen zaie, epe mugarik gabe.

1.2. Izendatzen diren izangaiek Cintruenigon bizi beharko dute, eta, horretarako, bizilekua udalerri horretan finkatu beharko dute.

1.3. Deialdiko 4 lanpostuen lan baldintzak "Hirugarren Adinaren Egoitza Pribatuen lehenengo Lan Hitzarmen Kolektiboak" finkatzen dituenak dira. Hura 181. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 1997ko uztailaren 30ean, asteazkenarekin.

Lanpostua eskuratzen duten izangaiak hitzarmen horretako E taldean sartuko dira.

1.4. Urtean 1.793 lanordu egin beharko dira, Zuzendaritzak erabakitzen duen txanda sisteman.

1.5. Izangai izendatuen egitekoak ondoan heldu dira, erran aldera eta bertzelakorik baztertu gabe:

a) Egoiliarrak zutitu eta oheratzea.

b) Sukaldeko zerbitzuak eta egoiliarrei jaten laguntzea.

c) Egoiliarra zentroan barna eramatea.

d) Egoiliarren garbiketa pertsonalaz arduratzea.

e) Egoiliarrei zuzenean eta modu iraunkorrean laguntzea, bai eta zaharrak zaintzea ere.

f) Osasuneko langileei laguntzea.

g) Zentroaren eta egoiliarraren arropaz arduratzea.

h) Zentroaren egoitza garbitzea.

i) Egoiliarren gelak garbitu eta txukuntzea.

j) Egoitzako zuzendaritzak manatzen dizkion gainerakoak, zerbitzuaren funtzionamendu hobea bermatzearren, eta beharren ariora.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europako Ekonomi Elkarteko herritarra eta 18 urtez goitikoa izatea.

b) Eskola ziurtagiriaren jabe izatea edo 2 urteko zerbitzuak egiaztatu ahal izatea egoitza geriatriko batean.

c) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta administrazio baten zerbitzutik baztertua ez izana.

2.2. Aipatu baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete behar dira, baita haien jabe izan ere hautabideak iraun bitartean, harik eta Cintruenigoko San Francisco de Asís Zaharren egoitzan kontratua egin arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cintruenigoko San Francisco de Asís Zaharren egoitzako administrazioan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio, eta horiekin batera lehiatzaileek alegatzen dituzten merezimenduen curriculum vitaea aurkeztuko da.

Eskabideari, Cintruenigoko Zaharren egoitzaren kontuan 1.000 pezeta ordaindu izanaren frogagiria gehituko zaio azterketa eskubideengatik.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, San Francisco de Asís Patronatuaren Batzordeko lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta San Francisco de Asís Zaharren egoitzan argitara emateko aginduko.

Bazterturik ez baldin bada, deialdiko 4.3 puntuak aipatzen duen behin betiko zerrenda argitaratuko da, bertzerik gabe.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko 10 egun naturalen barnean erreklamazioak egin eta, akatsik baldin bada, horiek zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea akiturik eta horiek ebatzitakoan, San Francisco de Asís Patronatuaren Batzordeko lehendakariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean nahiz San Francisco de Asís Zaharren egoitzan argitara dadin aginduko du.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Faustino León Chivite jauna, San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzordeko burua.

Ordezkoa: Arancha Simón andrea, Patronatuko batzordekidea.

Mahaikidea: sor Josefina Saz Fuertes, egoitzako zuzendaria.

Ordezkoa: Ana Durana Murillo andrea, egoitzako erizaina.

Mahaikidea: Jesusa Guardia Urtubia andrea, egoitzako medikua.

Ordezkoa: Olaya Martínez andrea, egoitzako erizaina.

Mahaikidea: Miguel Angel Porrón jauna, "Centro de Formación Politécnica" delakoaren teknikaria.

Ordezkoa: Raquel Ayensa andrea, egoitzako erizaina.

Mahaikide idazkaria: Javier Palacio Santos jauna, egoitzako ofiziala.

Ordezkoa: Marta García Lahilla andrea, egoitzako fisioterapeuta.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen erabateko gehiengoa, behintzat, biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba batzuetarako edo guztietarako aholkulariei dei egin ahalko die. Aholkulari horiek haien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.

Lehiaketaldia

6.1. Izangaiek aurkezturiko merezimenduak ondoko baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak. Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean alegatu beharko dituzte merezimendu guztiak, baita une berean agiri bidez frogatu ere, jatorrizko agiriak edo agiri behar bezala konpultsatuak erabiliz. Horrela egiten ez bada, ez aurkeztutzat joko dira.

6.2. Merezimenduen balorazioa: izangaien merezimenduak baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

a) Gerokultore titulua egiaztatzeagatik, 3 puntu emanen dira.

b) Zaharren egoitzetan lan egindako urte bakoitzeko puntu bat emanen da, eta gehienez ere 5 puntu.

c) Gizarte zerbitzuekin ikustekoa duten tituluengatik puntu bat emanen da, eta gehienez ere 3 puntu.

d) Geriatriaren alorrarekin zerikusia duten ikastaroak, epaimahaikoen balorazioaren arabera: gehienez ere 3 puntu,

Oposizioaldia.

6.3. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehenengo ariketa: test motako galdetegi bati erantzun beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaien gainean.

Epaimahaiak 35 puntu bitarte baloratuko du proba. Eskuratzen den puntuazioa gainerako ariketetakoari batuko zaio, behin betikoa erdiesteko.

b) Bigarren ariketa: lanarekin zerikusi zuzena duen kasu praktikoa ebatzi beharko da, epaimahaiak proposaturik. Epaimahaiak 30 puntu bitarte baloratuko du ariketa. Eskuratzen den puntuazioa gainerako ariketetakoari batuko zaio, behin betikoa erdiesteko.

c) Hirugarren ariketa: test psikoteknikoa. "Centro de Formación Politécnica" izeneko ikastetxeko langileek prestatuko dute eta haiek helaraziko dizkiete epaimahaikoei testaren emaitzak. Izangaien gaitasun pertsonala aztertuko da, baita lanpostura edo lan mailara nola egokitzen diren ere, San Francisco de Asís Udal Patronatuarendako zerbitzurik hoberena bermatze aldera. Epaimahaiak, hala behar bada, balorazio hori puntutan emanen du, 0tik 15era bitarte. Eskuratzen den puntuazioa gainerako ariketetakoari batuko zaio, behin betikoa erdiesteko.

d) Laugarren ariketa: buruz buruko elkarrizketa epaimahaikoekin: 10 puntu gehienez ere. Eskuratzen den puntuazioa gainerako ariketetakoari batuko zaio, behin betikoa erdiesteko.

Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute.

Lau ariketen puntuazioaren batuketa eginda, oposizioaren emaitza aterako da. Horri merezimendu lehiaketan eskuratutako puntuen batura erantsiko zaio, eta orduan aterako da oposizio-lehiaketaren hondarreko eta behin betiko puntuazioa.

Lehiatzaileen emaitzak altuenetik beherainokora ordenatuta, puntuaziorik altuena erdiesten dituzten 4 lagunen aldeko izendapen proposamena igorriko zaio Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko buruari, eta hark Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitararaziko du proposamena.

7. oinarria.-Agirien aurkezpena.

7.1. Izangai proposatuek 20 egun naturaleko epea izanen dute, proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik edo banakako jakinarazpenetik, Cintruenigoko San Francisco de Asís Egoitzara agiri hauek ekartzeko:

a) Zinpeko edo prometatutako aitorpena, honako hau ziurtatuko duena: Estatu, Autonomi Erkidego, Probintzia, Udal nahiz Toki Erakundetako ezein kargu, lanpostu edo eginkizunetatik kanporatua izan ez dela eta eginkizun publikoak garatzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela.

b) Osasun txostena, interesatuak karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Ekarritako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia konpultsatua, lehenago aurkeztu ez dutenentzat.

7.2. Eskatzen diren agiriak aurkezterik ez dagoela egiaztatzen badute, bertze frogabide batzuk ere onartuko dira, beti ere zuzenbidean agindutakoak badira.

7.3. 7. oinarrian zehazten dena betetzen ez bada bere hartan aurreikusitako epeetan, ez da ez izendapenik ez kontrataziorik egiten ahalko, eta horretarako eskubidea galduko da. Horrelakorik gertatuz gero, izendapen proposamena gainditu dutenen zerrendan puntuazioaren ariora hurrengo heldu denaren alde izanen da.

I. ERANSKINA

Izena: adinez nagusia,

N.A.N. zk.:

Sorteguna: ........................... Sorlekua:

Probintzia:

Karrika: ............................... Zenbakia:

Telefonoa:

Honako hau diot:

Cintruenigoko "San Francisco de Asís" egoitzako zerbitzu orokorretarako lanpostu bat betetzeko deialdian, egun honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

Horrenbertzez, lanpostu hori eskuratzeko eginen diren hautapen probetara onartua izatea eskatzen dut.

Cintruenigon, .....(e)ko .......aren ....(e)an.

II. ERANSKINA

1. gaia.-Osasunaren kontzeptu orokorrak.

2. gaia.-Hirugarren adina. Ezaugarriak eta maila fisiko, psikiko eta sozialean agertzen diren arazoak.

3. gaia.-Adindu egoitzaratua: arta eta zaintzak.

4. gaia.-Adinduarekiko harremana. Errespetua, duintasuna, adinduaren autoestimazioa, eta alderdi etikoak.

5. gaia.-Adinduaren garbitasun pertsonala. Itxuraren zainketa.

6. gaia.-Adindua akuilatzea, alderdi fisiko, psikiko eta sozialean.

7. gaia.-Egoitzetako langileen ezaugarriak: autoestimazioa, konfidentzialtasuna. Komunikazioa, harremanetarako trebetasuna, talde lana eta estres profesionala.

8. gaia.-Profesionalak bete beharreko eginkizunak. Jantokiko lanak berezko dituen egitekoak. Elikadura zahartzaroan.

9. gaia.-Egoitzak garbitzea. Bainugelak eta komunak. Garbikariak, arropa ikuzi eta zaintzea.

10. gaia.-Etxeko ekonomia. Egoitza batean aurrezkia bulkatzeko eta aldi berean kalitateari eusteko jarrerak eta baliabideak.

11. gaia.-Osasunerako arriskuak garbitasun falta dela eta. Intsektuak hiltzea eta desinfekzioa.

Iragarkiaren kodea: a0010944