113. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

752/2001 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Plaza de la Cruz B.H.I. batxilergoko ikasketak eta musika ikasketa arautuak batera emateko lehentasuneko ikastetxe gisa ezartzen duena.

Abuztuaren 28ko 334/2000 Foru Aginduaren bitartez, Musikako Batxilergoko titulua lortzeko irakaskuntzak erregulatzeko arauak eman ziren, LOGSEren 41.1 artikuluari jarraikiz, hor Administrazioei eskatzen baitzaie ikasleei aukera eman diezaietela musika edo dantza ikasketa arautuak eta araubide orokorrekoak batera egiteko.

Aipatu Foru Aginduan baldintza batzuk ezarri ziren ikasketen eta antolaketaren aldetik, ikasle jakin batzuek musikako batxilergoaren titulua eskura dezaten, musikako erdi mailako ikasketak batxilergoko irakasgai komunekin batera eginez. Foru Agindu horri jarraikiz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak musika ikasketak bateratzeko neurriak nahitaez hartu behar dituzten ikastetxeak ezarri behar ditu urtero.

Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendariak proposamena aurkeztu du "Plaza de la Cruz" institutua batxilergoko ikasketak eta musika ikasketa arautuak batera emateko lehentasuneko ikastetxe gisa behin betikoz ezartzeko.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean eman 339/1999 Foru Aginduaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Plaza de la Cruz" institutua batxilergoko ikasketak eta musika ikasketa arautuak batera emateko lehentasuneko ikastetxe gisa behin betikoz ezartzea. Hortaz, ikastetxe horrek behar diren koordinazio neurriak hartu beharko ditu antolaketari eta ikasketen antolamenduari dagokionez, bi ikasketa mota horiek bateratzeko, eta, horretarako, abuztuaren 28ko 334/2000 Foru Aginduan ezarritakoa beteko du.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitaratzeko agindua ematea.

3 Ebazpen hau jakinaraztea Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalari, Musika Ikasketen Unitate Teknikoari eta Iruñeko "Plaza de la Cruz" institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren hamalauan.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

Iragarkiaren kodea: A0108829