22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRATI HIRI HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duena. Behin betiko onespena

Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko Batzarrak, 2021eko ekainaren 17an egin osoko bilkuran, Hiri-hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza proiektua behin-behinean onetsi zuen. Horretarako, iragarri ondoren, dokumentua jendaurrean jarri zuen, hogeita hamar egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2021eko 178. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) eta onespen erakundearen iragarki-oholean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua, eta epe horren buruan ez zenez alegazio, eragozpen edo iruzkinik aurkeztu, onespen akordioa, behin-behineko izatetik, behin betiko izatera igaro zen; hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, behin betiko testuarekin batera.

Agoitzen, 2021eko urriaren 4an. –Mankomunitateko burua, María Isabel Cañada Zorrilla.

ORDENANTZA, HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Irati Mankomunitatea (hemendik aurrera Mankomunitatea), toki entitatea da eta horren xedea da hiri hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua ematea, Mankomunitateak zerbitzu horren titulartasuna duenean toki entitate eta jarduketa eremu horietan, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko asmoz.

Mankomunitateak Agoizko industrialdean du egoitza.

2. artikulua. Ordenantza honek, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen esparrua kontuan hartuta, 21. artikuluak pisuaren %75 berrerabiltzeko eta birziklatzeko bereiztea du helburu, eta horrek toki-administrazioen eskumenen esparrutik neurriak hedatzea eskatzen du. Alde horretatik, honako ordenantza Iratiko Mankomunitatearen esku jarri da bere lurralde eremuan hiri hondakinak kudeatzeko zerbitzua ezar dezan, Mankomunitatearen eta hura osatzen duten pertsona fisiko eta juridikoen eskubideak, betebeharrak eta betebeharrak zehaztuz.

Kudeaketatzat hartzen da hiriko hondakinak murriztu, berrerabili, birziklatu, bildu eta tratatzearekin zerikusia duen guztia.

Zerbitzu horiek emateagatiko prezioei dagokienez, unean-unean indarra duen zaborren tasei buruzko ordenantzari jarraituko zaio, Mankomunitateak onetsia.

Halaber, etxeko eta herriko konpostatzearen zerbitzuaren erabiltzaileei, sistema hori behin betikoz jarri badute, bilketa eta tratamenduaren gaineko tasa murriztuko zaie (Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren esku), eta hala adieraziko da baita Zaborren tasak arautzen dituen ordenantzan ere.

3. artikulua. Ordenantza hau oro har aplikatuko zaie beren eskumen-eremuko hiri-hondakinak kudeatzeko zerbitzuei, bai eta, hala badagokio, eremu horretatik kanpo ematen direnei ere, osorik edo zati batean.

Berariaz araututa ez dauden kasuetan, ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, baldin, haien izaeragatik, ordenantzaren aplikazio-eremuaren barnean badaude.

Mankomunitateak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko komenigarria iruditzen zaion interpretazioa ezarriko du.

4. artikulua. Ordenantza honen erregulazioa Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen printzipioei eta hondakinen kudeaketari buruz aplika daitezkeen gainerako xedapenei jarraikiz egin da.

5. artikulua. Apirilaren 21eko 10/1998 Legearekin bat, definizio hauek ematen dira:

"Hondakina": edozein gai edo gauza, lege horren eranskinean agertzen diren kategorietan sartutakoa, bere jabeak botatzen badu, bota nahi badu edo, botatzera beharturik badago. Betiere halakoxeak dira Europako Hondakinen Katalogoan (EHK) bildutakoak ere, Europar Batasunaren erakundeek onetsiak;

"Hiri edo udal hondakinak" dira etxebizitza partikularretan, saltokietan, bulegoetan eta zerbitzuetan sortutakoak, bai eta arriskutsuaren kalifikazioa ez dutenak eta haien izaera edo osaketa dela-eta, aipatutako toki edo jarduerek sortutakoekin parekatu daitezkeenak ere. Era berean, hiri hondakinak dira honako hauek: Saltokietatik edo bestelako jarduera ekonomikoetatik heldu diren hondakinei dagokienez, Mankomunitateak onartuko ditu, baldin eta beren jarduera nagusitik zuzenean ez badatoz eta mankomunitatearen aldez aurreko baimena badute.

Eremu publikoak, berdeguneak, aisialdi-guneak eta hondartzak garbitzetik heldu diren hondakinak.

Etxeko eraikuntza eta konponketa obra txikietatik heldu diren hondakin eta obra-hondakinak; gehienez ere 400 kg edo 10 zaku obra eta aste bakoitzeko.

"Hondakin arriskutsuak": 952/1997 Errege Dekretuko zerrendan hala agertzen direnak, baita horiek eduki dituzten ontziak ere, Europako Batasunak bere araudietan arriskutsutzat jotzen dituenak ere araudi horretan edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoarekin bat Gobernuak erabaki ditzakeenak.

6. artikulua. Erabilitako kontzeptuen zerrenda.

"Ekoizlea": pertsona fisiko edo juridikoa oro, haren jarduerak, etxeko kontsumoaren ondoriozkoa kenduta, hondakinak sorrarazten baditu edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bertzelakoak. Europako Batasuneko edozein estatutatik hondakinak inportatzen edo erosten dituena ere ekoizletzat hartuko da.

"Edukitzailea": hondakinen ekoizlea edo hondakinak dituen edozein pertsona fisiko edo juridikoa, hondakinen kudeatzailea ez bada.

"Kudeatzailea": pertsona edo entitatea, publikoa nahiz pribatua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien ekoizlea izan ala ez.

"Kudeaketa": hondakinen bilketa, biltegiratzea, garraioa, balioztapena eta deuseztapena, jardunbide horien zaintzea barne, hala nola hondakinak utzi edo botatzeko tokien zainketa, itxi eta gero.

"Murrizpena": hondakinen isurpena murriztera zuzendua den prozedura oro, giza osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

"Berrerabilpena": produktu bat berrerabiltzera zuzendua den prozedura oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

"Birziklapena": hondakinaren zati bat berriro erabiltzera zuzendua den prozedura oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

"Deuseztapena" da bai hondakinak botatzera, bai haien suntsipen oso nahiz partzialera zuzendua den prozedura oro, giza osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe. Zalantzak 1996ko maiatzaren 24ko Komisioaren erabakiaren (96/350/CE) arabera ebatziko dira, baita, kasuan kasu, Gobernuak onesten duen zerrendaren arabera ere.

"Bilketa": hondakinak bildu, sailkatu, elkartu edo garraiorako prestatzea helburu duten jarduketak oro.

"Errefusa": gaur egungo teknologiekin tratatu edo birziklatu ezin den frakzioa, Culebreteko (Tutera) hondakin-partzuergoaren instalaziora bidaliko dena, zabortegian uzteko.

"Udal-Hondakinen Zatiki Organikoa": UHZO, "organikoa" izenaz ere ezaguna, honakoek osatzen dute: elikagai-, etxe- edo merkataritza-jatorriko Hondakin Solidoen Zatiki Organikoak (HSZO) eta inausketen eta lorezaintzako beste hondakin batzuen Zatiki Berdeak (ZB).

"In loci konpostatzea": Mankomunitatearen mugen barruan kudeatzen diren UHZOaren askotariko konpostatze-jarduerak.

"Etxeko konpostatzea": etxeetan bertan egiten dena, prestakuntza ekimenak eta jarraipen erregularra eskaintzeko konpromisoa mankomunitateak bere gain hartuta. Bi urtean behin konpromisoa berretsi beharko duten etxeen zerrenda osatuko da.

"Konpostatze komunitarioa": Mankomunitateko langileek jarri, kudeatu eta mantentzen dituzten konpostagailuetan egiten dena. Bertan sortutako konposta parte-hartzaileen artean banatzen da eta Mankomunitateak udalerrietara edo herri-lurretara banatzen du.

"Zaintzaileak": Mankomunitatearekin elkarlanean aritzen diren pertsonak, konpostagailu komunitarioen jarraipena borondatez eginez, urteko berretsi beharreko konpromisoaren bitartez eta Mankomunitateak eskainitako aholkularitza eta prestakuntzarekin.

"Nekazari-konpostatzea": Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren eta Ingurumen Departamentuaren baimena eta onarpena lortzen duten nekazariak edo abeltzainak, Mankomunitatearen lurralde-mugen barruan.

"Zero hondakina": Iratiko Mankomunitateak errefusaren zatikia murrizteko bere gain hartutako helburua da, ahal den neurrian material guztiak bereiziz.

"Ontziak ez diren plastikoak": ontzien eta bilgarrien edukiontziaren barruan kudeatzen ez diren materialak. Mankomunitatean bereizita biltzen dira estrusio-plastikozko hiri-altzarien fabrikatzaile bati emateko.

7. artikulua. 10/1998 Legearekin bat, hiriko hondakinak behar bezala uzten direnetik aurrera Mankomunitatearenak izanen dira.

8. artikulua. Hiri hondakinen edukitzaileek erantzukizunik ez dute izanen hondakin horiek egin ditzaketen kalteengatik, betiere haiek ematean ordenantza hau nahiz aplikatzeko diren gainerako arauak begiratu badira.

9. artikulua. Debeku da hiriko hondakinak estolda-saretik behera botatzea (zigarrokinak, pixoihalak, janari hondarrak eta abar), baita aldez aurretik xehatuta badaude ere.

II. TITULUA.–HIRI-HONDAKINEN BILKETA

I. KAPITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK

10. artikulua. Kapitulu honek arautuko du Mankomunitateak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan jasoko dituen hiriko hondakinak biltzeko zerbitzuak.

11. artikulua. Zerbitzu hauek emateari dagokionez, erabiltzaile izaera dute zerbitzu horiek, onuraz edo kaltez, ukiturik dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek, beren helbidea une bakoitzean halako eremuaren barnean dauden udal eta kontzejuetan dutenak, bertan Mankomunitateak hiri-hondakinen bilketa, tratamendu eta aprobetxamenduaren eskumenaren titulartasuna baitu.

12. artikulua. Ondorengo hondakin motak izanen dira biltzekoak:

a) Elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz herritarrek beren etxebizitzetan sortzen dituzten hondakinak, Udal-Hondakinen Zatiki Organiko deritzenak (UHZO).

b) Herritarrek espaloiak ekortzearen ondorioz sortzen diren hondakinak.

c) Zuhaitzak inaustean eta landareak zaintzeagatik sortutako arbazta, xehaturik ematen bada, Zatiki Berde deritzenak (ZB). Inausketa-hondakintzat hartuko dira lorategien eta/edo udal-inausketaren hondakinak, ez, ordea, baso-inausketenak.

d) Merkataritzako lokaletan bilgarriek, ontziek, enbalajeek eta bestelakoek sortutako hondakinak, ontziak eta bilgarriak deritzenak, eta ECOEMBESek kudeatzen dituenak.

e) Zerbitzu, merkataritza eta industria jardueretatik eta etxeetatik heldu diren hondakinak edo errefusa.

f) Jaki prestatuak edo edozein motatako edariak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe eta gainerako establezimenduetan kontsumitzean sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta antzeko establezimenduetan sortutakoak, UHZO edo organikoen kategorian.

g) Egoitza, hotel, ikastetxe eta jendeari begirako bestelako establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

h) Udal azoken jardueretatik heldu diren hondakinak.

i) Etxebizitzetako obra txikietan sorturiko hondakinak.

j) Etxebizitzetan eta saltokietan sortutako errautsak.

k) Altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak, baita arropa, zapatak eta hauek bezalako beste edozein produktu ere.

l) Etxeko animalia hilak.

m) Arriskugarritzat hartutako hondakinak, herritarrek beren etxebizitzetan bertan sortutakoak.

n) Ordenantza honen 32. artikuluan ezarritako I eta II. taldeetako klinika-hondakinak.

o) Haien izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri hondakinekin parekatzen ahal direnak.

p) Bere izaeragatik edozein aldetan eta/edo modutan berrerabili, berreskuratu eta/edo birziklatzen ahal den bestelako edozein.

q) Beren izaera edo osaera direla-eta konpostatzen ahal den edozein.

r) Pneumatikoak garbigune finkoaren bitartez. Bilketa-baldintzak garbigune finkoa arautzen duen ordenantzan adierazten dira.

13. artikulua. Bilketan inolaz ere sartuko ez diren hondakinak:

a) Hondakin arriskutsuak, etxeetakoak izan ezik.

b) Industriako edo merkataritzako hondakinak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

c) Hondakin erradioaktiboak.

d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietatik heldu direnak, animaliak barne.

e) 32. artikuluan ezarritako sailkapeneko III. taldean dauden klinika-hondakinak.

f) M.A.R. (Arrisku Handiko Materialak) eta M.E.R. (Arriskuko Material Espezifikoak) gisa sailkatutako hondakinak, haragi ustiategi eta harategietatik heldu direnak.

g) Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

h) Beren izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri hondakinekin parekatzen ahal ez direnak.

14. artikulua. Nola Hondakinen 10/1998 Legeak, hala Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 11/1997 Legeak, hondakinen berrerabilpen, birziklapen eta hondakinen bestelako balorazio helburuak ezarri dituzte, ingurumena eta bizilagunen osasuna babesteko xedeari jarraikiz.

15. artikulua. Aurreko artikuluaren ondorioetarako, Mankomunitateak gaikako bilketa egiteko sistema dauka. Horren ondorioz, erabiltzaileek bereiz utzi behar dituzte modu batean edo bestean aprobetxatzen ahal diren hondakinak, edo haien berariazko bilketa egokitzat hartzen denean.

16. artikulua. Halaber, Mankomunitateak hainbat gai biltzen ahalko du atariz atari, bilketaren maiztasuna, ordutegia eta baldintzak zehaztuz, hala nola papera, trapuak, altzariak, tresnak, traste zaharrak eta abar.

17. artikulua. Mankomunitateak urtero ezarriko du dagokion prezioa hondakinak biltzeko zerbitzua emateagatik, baita ondorengo tratamenduagatik ere, horri dagokionez, Prezioei buruzko ordenantzak zehazten duenaren arabera.

II. KAPITULUA.–EDUKIONTZIEN BIDEZKO BILKETA

18. artikulua. Mankomunitateak hondakinak biltzen ditu edukiontzien bidez, erabiltzaileak behar bezala erabili beharko baititu. Hondakinak biltzeko zerbitzuaren barnean honako jarduketa hauek izanen dira:

–Edukiontziak uzteko tokietatik bilketa ibilgailuetara eramatea.

–Edukiontziak hustea.

–Hustu eta gero edukiontziak beren lehen lekuetara itzultzea.

–Lan horien ondorioz eremu publikoan botatako hondakinak garbitzea.

–Hondakinen garraioa eta hustuketa Mankomunitateak horretarako prestaturiko tratamendu zentroetan.

–Edukiontziak garbitzea eta mantentzea.

Edukiontzi mota, erabiliko den edukiontzi kopurua eta haien kokapenak, Mankomunitateko zerbitzuek zehaztuko dituzte. Une berezietan bertatik kendu ahal izanen dituzte.

Mankomunitateak edukiontzien kokalekua halako toki batean finkatuz gero, ez da aldatzen ahalko berak espresuki oniritzia ematen ez badu.

Erabiltzaileek ez dituzte edukiontziak haien tokitik mugitzen ahalko, ezta aldi baterako ere.

Jabetza publikoko edukiontziak direnez gero, Mankomunitateko zerbitzuek haiek berrituko dituzte, erabiltzaileentzat inolako kosturik gabe, erabilera egokiagatik ere matxura konponezinik dutenetan edo desagertu izan direnetan, zerbitzurako erabili ezinak erabilera okerragatik suertatu direnetan (pisu gehiegi sartu izana, indarkeriaz erabili izana eta abar) dagokion ordaindu beharra erabiltzaileari egotzi ahal izanen zaiolarik.

Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatu ahal izanen du, zamalanetarako eta zerbitzua era egokian emateko gainerakoak egiteko.

Titularrak eskatuta, edukiontziak jabego pribatuen barnean paratzen ahalko dira, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada, eta bilketako ibilgailua trabarik gabe ailegatzen ahal bada haietara.

III. KAPITULUA.–BILKETAREN BALDINTZAK ETA ERABILTZAILEEN BETEBEHARRAK

I ATALA.–BILKETA ARRUNTA

19. artikulua. Bilketa eredua. Oro har, Mankomunitatearen esparruan bilketa arrunterako ezarritako ereduak beren hondakinak bost zatikitan aurkeztera behartzen ditu erabiltzaileak, bakoitza dagokion edukiontzian:

1. Materia organikoa.

2. Errefusa.

3. Ontziak.

4. Papera eta kartoia.

5. Beira.

6. Olio erabilia.

20. artikulua. Materia organikoko eta gainerako hondakinen bilketa edukiontzietan. Errefusa hondakinen hondarrak dira, materia organikoa izan gabe, bilketa berezian sartzen ez direnak eta edukiontzi berariazkoetan sartu behar ez direnak.

Materia organikoaren zatikiaz den bezainbatean, konpostagailuetako ekarpena sustatuko da, eta Agoitzen organikoa etxean biltzeko sistema indartzea. Etxeetan nahitaez bereizi beharko dira Zatiki Organikoa eta errefusa 2023ko urtarriletik aurrera, eta bereizitako bilketarako sistemak ezarriko dira.

Ordura arte, "materia organikoa eta gainerakoak" elkarrekin botatzen ahalko dira horiek jasotzeko jarritako edukiontzi bateratuan, hala adierazten baitu beren idazkunak, baina desagertzeko bidean daude, "zero hondakin" helburuaren alde. Ekoizle edo saltoki handientzat, 2022ko urtarriletik aurrera, derrigorrezkoa izanen da materia organikoa bereizi eta gai organikoen gaikako bilketarekin lotutako edukiontzietan botatzea.

Edukiontzietan uzten diren ontzi-hondakinak eta errefusa ongi itxitako poltsetan sartu beharko dira, isurketak ekidin eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen. Materia organikoari dagokionez, ordea, poltsarik gabe utzi behar da.

Debeku da poltsak edo zaborrontziak herrestan eramatea. Hondakinak, gaizki jartzearen ondorioz isurketak gertatzen badira, isurketa eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak pakete edo kaxa barnean uzteko.

Sortzen den hondakin kantitateak edo motak, edota baldintza epidemiologikoek hala eskatuko balute, Mankomunitateak, zerbitzu teknikoen aholkuak aintzat harturik, baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu, hala nola edukiontzietan poltsa jartzea edo zatikietako batean edo batzuetan hura eskatzea.

21. artikulua. Gai organikoa berreskuratzea etxeko konpostatzerako.

1481/2011 Errege Dekretuak ezarri du 2016. urtean zabortegira bideratu direla 1995. urtean hara bideratu ziren udal hondakin biodegradagarrien %35, gehienez ere.

Errege Dekretu honetan oinarrituta, Mankomunitateak abian jarri du etxeko konpostatze plana. Horren arabera, zerbitzu honen erabiltzaile bakoitzak konposta egiteko ontzi bat eskatzen ahalko du, Mankomunitateak doan emanen baitio, baita informazioarekin eta jarraipen teknikoarekin zerikusia duen guztia ere, nahi duten erabiltzaile guztiek beren gai organikoa berreskuratzea lortu arte herriaren eta, oro har, ingurumenaren mesederako.

22. artikulua. Gai organikoa berreskuratzea konpostatze kolektiborako.

1481/2011 Errege Dekretuak ezarri du 2016. urtean zabortegira bideratu direla 1995. urtean hara bideratu ziren udal hondakin biodegradagarrien %35, gehienez ere.

Arau berean oinarrituta, Mankomunitateak konpostatze kolektiborako eremuak sortuko ditu, konpostatzerako banakako eremurik ez duten erabiltzaileentzat izanen baitira. Konpostatze kolektiboa eremu berezietan kokatuko da, erabilera hori besterik ez baitute. Horiek Mankomunitatearen kargu egonen dira, tartean dauden udalekin batera, horiek izanen baitira lurrak lagako dituztenak Mankomunitateak zerbitzu hori martxan jartzeko.

23. artikulua. Ontzi eta bilgarrien bilketa. Ontziak eta ontzien hondakinak (metala, plastikoa eta brik-ontziak) horretarako diren edukiontzietan utzi beharko dira, "plastikozko ontziak, latak eta brik-ontziak" errotulua ageri dutenetan.

24. artikulua. Papera eta kartoia edukiontzietan biltzea. Paperak eta kartoia gai horietarako diren edukiontzietan utzi beharko dira, "papera eta kartoia" errotulua ageri dutenetan. Kartoizko ontzi handietako hondakinak tolestu eta hautsi beharko dira utzi aitzin. Plastikorik, zurik, metalik eta abarrik gabe joanen dira papera eta kartoia.

25. artikulua. Beira edukiontzietan biltzea. Beirazko ontziak mota horretako hondakinak biltzeko diren edukiontzietan utzi beharko dira. Poltsa, estalki edo tapoirik gabe egonen dira.

II. ATALA.–BILKETA BEREZIAK

26. artikulua. Inausketako eta lorezaintzako hondakinak biltzea. Inausketako eta lorezaintzako hondakinak Mankomunitateak horietarako jarri dituen bilketa gune berdeetan utzi beharko dira, bestelako gairik gabe eta inolaz ere poltsatan sarturik. Enborrak ez dira 20 cm diametrotik gorakoak eta 1,5 metro baino luzeagoak izanen.

27. artikulua. Etxeko altzari, tresna eta traste zaharren bilketa. Mankomunitateak mota orotako altzarien, etxeko tresnen eta traste zaharren bilketa berezia egiteko zerbitzua antolatua dauka, etxez etxekoa eta aldez aurretik abisua emanda, salbu eta mugitzeko bitarteko mekanikoak, hala nola garabiak edo poleak, erabili beharra badago. Altzariak desmuntatu eta berehalako garraiorako prestaturik egon beharko dira.

Debeku da altzariak, tresnak eta traste zaharrak eremu publikoan abandonatzea, baita edukiontzietan sartzea edo haien ondoan uztea ere.

28. artikulua. Hondakinen bilketa aisialdi eta josteta pribatuko eremu kontrolatuetan. Mankomunitateak bilketa eremu batzuk jarriko ditu eremu horietako erabiltzaileentzat. Horren kostua urtero zaborren tasa arautzen duen ordenantzan txertatuko da eta aldi baterakoa izanen da.

29. artikulua. Arrandegi eta harategietatik datozen hondakinei dagokienez, giza kontsumorako ez diren animali hondakinen EBko Araudiak agintzen du (GKEDAA), biltzeko sistema propioa izan beharko dutela, eta ez dira inolaz ere Mankomunitateak kudeatzen dituen edukiontzietan utziko.

30. artikulua. Osasun-hondakinak, haien bilketa eta garraioa. Ordenantza honen aplikazioaren ondorioetarako eta 296/1993 Foru Dekretuarekin bat, osasun-hondakinak ondoko eran sailkatzen dira:

–I. taldea:

Hiri hondakinekin parekatzen ahal diren hondakinak: berariaz osasun-jardueretan sortu ez direnak dira, eta horrenbestez arrisku nabarmenik ekarri ez, eta beren kudeaketan arreta berezirik eskatzen ere ez dutenak. Talde honetan sartzen dira etxeko hondakinen gisakoak, hala nola papera, kartoia, janaria eta sukaldeko hondakinak, osasun-jardueraz aparte diren lorezaintza, bulego eta beste geletakoak, edo infekziorik ez duten gaixoengandik heldu direnak eta II. eta III. taldeetan sarturik ez daudenak.

–II. taldea:

Osasun-hondakin ez espezifikoak: osasun-jarduerako berezko material eta produktu biologikoak dira, hala nola aurreko hauekin ukipenean egondakoak eta suntsituak izateko direnak, III. taldean sarturik ez daudenak.

–III. taldea:

Osasun-hondakin espezifikoak: osasun-jarduerako berezko material eta produktu biologikoak dira, baita aurrekoak ukitu dituztenak eta suntsituak izateko direnak, baina, aurretik tratamendua izan gabe zuzenean suntsituko balira, bertan lanean ari direnentzat arrisku nabarmena ekarriko luketenak, edo, ingurumenaren bidez, osasun publikoarentzat, oro har.

Ondokoak sartu dira talde honetan:

–Hondakin infekziosoak: 296/1993 Foru Aginduaren I. eranskinean ageri diren eritasunen eragile infekziosoetako bat egon daitekeelako, edo aipatutako infekzioek ukitutako eriengandik heldu direlako, eritasun horiek kutsatzen ahal dituztenak dira.

–Eragile infekziosoen kultiboak eta erreserbak, eta haiek ukitu dituzten hondakinak.

–Orratzak eta hondakin ebakitzaile eta zorrotzak.

–Gorputzeko isurkiak, odola eta hemoderibatuak, likido eran edo ontzitan, 100 ml baino kantitate handiagoan.

–Hondakin anatomikoak, haien garrantzi eskasagatik hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko araudian sartzen ez direnak.

Infektatutako animalien hondakinak eta/edo 296/1993 Foru Aginduaren I. eranskinean aipatzen diren eragile infekziosoetatik kutsatutakoak. Hilotzak, gorpuzkinak, hondakin anatomikoak, eta haien estabulaziotik heldu diren hondakinak.

Taldeko hondakinak besterik ez dira bilduko modu arruntean.

Taldeko hondakinak Tratamendu Zentroan bildu edo onartuko dira, kaxa itxiaren bidez, trinkotu gabe.

Ezin izanen dira inolaz ere bildu edo onartu Tratamendu Zentroan III. taldeko osasun-hondakinak.

31. artikulua. Saltoki eta industrietako papera eta kartoia biltzea. Papera eta kartoia kaleko edukiontzien bidez biltzea egokia suertatzen ez den egoera berezietarako, Mankomunitateak atez ateko bilketarako zerbitzu berezia antolatuko du. Horri atxiki beharko zaizkio ukitutako establezimenduak edo enpresak, ondorengo baldintzetan:

Papera/kartoia tolesturik egonen da, plastiko, zur, metal eta halako gai erantsirik batere gabe, lokaleko sarreratik hurbil, eskuragarri eta berehala bildu ahal izateko eran prestatua, kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan.

32. artikulua. Beira biltzea. Mankomunitateak bilketa zerbitzua dauka "Ecovidrio" entitatearen bidez, eskualde osoan beira biltzeaz arduratzen baita.

33. artikulua. Pilen bilketa. Mankomunitateak pilak biltzeko zerbitzua dauka, establezimendu laguntzaileetan paraturiko edukiontzien bidez, eta horrekin bat egiten ahalko dute eskatzen duten guztiek.

34. artikulua. Hirikotzat har daitezkeen industria hondakinak bildu eta garraiatzea. Mankomunitateak, ekoizleak eskatu ondoren, hirikotzat har daitezkeen hondakinak bilduko ditu.

Gainerako hondakinen kasuan, ekoizleak kudeatuko du horiek utzi ahal izatea Hiri Hondakinak Tratatzeko Gongorako Zentroan, edo haien tratamendua kudeatzaile baimenduaren bidez.

III. ATALA.–GARBIGUNEAK

35. artikulua. Garbiguneak hiri hondakin batzuk hartu, bildu eta hautatzeko zentroak dira, eta bereziki biltzen dira beste modu batean bildu ezin daitezkeen etxeko hondakin arriskutsuak.

Garbigune mugikorra: Mankomunitatearen esparruaren barnean auzoak zein herriak hartzen dituzten ibilgailuak, egun eta ordu zehatzetan.

36. artikulua. Garbiguneen erabiltzaileak izaten ahal dira beren etxeko hondakinak era berezituan eman nahi dituzten herritar guztiak, baita onar daitezkeen haien hondakinak utzi nahi dituzten saltokiak, bulegoak eta zerbitzuak, betiere hurrengo artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Betiere, beren jarduera nagusitik ez badatoz eta mankomunitatearen aldez aurretiko baimena badute.

37. artikulua. Garbigunearen helburuak, besteak beste, honako hauek dira:

–Hondakinen kontrolik gabeko isurketa ekiditea.

–Etxean sortutako hondakin arriskutsuak behar bezala kudeatzea.

–Zabortegietan tratatu edo suntsitu beharreko hondakinen bolumena gutxiagotzea.

–Balio izan dezaketen materialen bereizketa egokia egitea.

–Hondakinetan dauden materialak berreskuratzea, zuzenean birziklatzeko.

–Ingurumenari buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza programak sustatzea.

38. artikulua. Garbiguneak aurretik finkaturiko ordutegi baten barnean beteko du bilketa zerbitzua; erabiltzaile guztiei jakinaraziko zaie baliabide egokien bidez.

39. artikulua. Honako hondakin hauek onar daitezke garbigunean, ondoko gehieneko kopuruetan:

–Papera-kartoia: 20 kg. Bilketa edukiontzi urdinean egiten da.

–Ontzi ez diren plastikoak: 20 kg.

–Beira: 20 kg. Horretarako prestaturiko edukiontzian bota beharko da.

(Kristala garbigunean jasoko da, garbigune finkoa arautzen duen ordenantzan agertzen diren baldintzak betez gero).

–Metala: 20 kg.

–Botoi-pila ez direnak : 2.5 kg.

–Botoi-pilak: 0.5 kg.

–Iraungitako botikak: 1 kg.

–Erradiografiak: Mugarik gabe.

–Bateriak: 2 unitate.

–Hodi fluoreszenteak: 3 unitate.

–Telebista pantailak, ordenagailuak: 2 unitate.

–Altzariak, tresnak, zura: 100 kg.

–Koltxoiak: 2 unitate.

–Rpds ontziak: 5 unitate.

–Aerosolak: 3 unitate.

–Olio minerala: 20 litro.

–Landare olioa: 20 litro.

–Olio iragazkiak: 2 ale.

–Etxetresna elektriko txikiak: 2 unitate.

–Tonerra: 2 unitate.

–Pneumatikoak: Garbigune finkoa arautzen duen ordenantzan zehaztutako baldintzetan.

Garbiguneetan ez dira hondakin hauek onartuko:

–Sailkatu gabeko materialak.

–Industriako hondakinen kopuru handiak.

–Hondar anatomikoak edo infekziosoak.

–Janari hondarrak.

–Konfiskatzen diren gauzak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Meatzaritzan edo erauzketa jardueretan sortzen diren hondakinak.

–Nekazaritzako edo abeltzaintzako hondakinak.

III. TITULUA.–MATERIA ORGANIKOAREN KONPOSTATZEA EDO TRATAMENDU DESZENTRALIZATUA

Titulu honetan planteatzen diren UHZOaren tokian tokiko edo deszentralizatutako konpostatzerako konponbideek honako ezaugarriak izateko helburua dute:

–Txikiak izatea,

–Garraio eta kudeaketari dagokionez, ekonomia edo ingurumenaren aldetik, bere lurraldetik kanpoko beste aukera batzuk baino eraginkorragoak izatea .

–Sistemak planifikatu edo diseinatzeko funtzioak bere gain hartzea, udal-mugen barruan edo bilketako mankomunitate delegatuen barruan.

–Klima-konpromisoekin, ekonomia zirkularrekoekin, eraginkortasun ekonomikoarekin lerrokatutako sistema gisa garatzea, horiek guztiak indarrean dauden sistema zentralizatuekin alderatuta, eta arlo ekonomikoan eta ekologikoan etengabeko hobekuntza ahalbideturik.

Tokiko materia organikoa kudeatzeko sistema horiek, eskala txikikoak eta deszentralizatuak, egungo kudeaketa ereduen kostu ekonomikoak eta ekologikoak murriztu nahi dituzte ("abiapuntuko egoera" deitzen zaie toki-erakunde bakoitzean), tratamendurako azpiegitura zentralizatuekiko independentzia sustatuz eta horien bideragarritasuna bultzatuz. Gainera, gai organikoaren zikloen zirkularitatea irakatsi eta erakusteko baliagarriak dira, eta karbonoaren eta beste material batzuen zikloak modu eraginkorrean erabiltzearen onurak erraz erakusteko gai izan beharko dute. Horretarako, planifikazioaz gain, Hondakinen Mankomunitateak bere gain hartuko ditu ordenantza honek berresten duen eskumenen esparruan garatzen diren instalazioen ingurumen-erregistro eta -segimendurako eginkizunak.

Zikloak tratatzeko eta ixteko tokiko sistema horiek ingurumen-gaietan kontzientziatuago dauden herritarren parte-hartzea eta inplikazioa lagundu eta horietara egokitu behar dira. Era berean, ingurumenarekiko jarrera konprometituenak bultzatzen dituzten baldintzak bilatu behar dituzte.

Ordenantza honetan, ez dira sartuko urtean 200 tonatik gorako jarduerak, titulartasun pribatukoak nahiz publikokoak izanik ere, ez eta jarduera profesional nagusi gisa egiten den beste edozein jarduera ere. Jarduera horiek hondakinen kudeaketari eta tratamenduari buruz indarrean dauden arauen menpe egonen dira.

40. artikulua. Materia organikoaren kudeaketa deszentralizatzeko prozesuan parte hartzen dutenak.

Sistemaren eragileak hiru motatakoak izanen dira:

–Sortzaileak: eraginkortasun ekologiko handiagoko eta ingurumen-inpaktu txikiagoko sistemetan parte hartzen duten sortzaile handiak, ertainak edo txikiak.

–Kudeatzaileak: lanean aritzen diren boluntario, profesional edo profesional ez-nagusiak (lehen sektoreko edo lorezaintzako beste jarduera baten osagarri gisa), betiere, konpost maisutzan edo gizarte- eta ingurumen-hezkuntzan adituak badira.

–Ikuskariak: Udal langileak edo Hondakinen Mankomunitateak horretarako kontratatutakoak. "Konpostatze-kudeaketa" arloan prestakuntza egiaztatua izan beharko dute eta asmo handiko higienizazio-baldintzak gainbegiratu, jarraitu eta erregistratzeko funtzioak beteko dituzte.

41. artikulua. Tratamendu prozesua.

Hondakinei buruzko Lege aurreproiektuaren 34. artikuluaren 2. puntuaren arabera, hondakinen tratamendua pertsonen osasuna arriskuan jarri gabe eta ingurumena kaltetu gabe egin beharko da, eta horren arduraduna Mankomunitatea izanen da bere ikuskatzaileen bidez. Kalterik ez egite hori urteroko txostenetan jasoko da.

Konposta egiteko hainbat teknika erabiltzen ahalko dira, eta horiek justifikatuta egonen dira konposta egiteko tokiko planetan. Hiri- eta lorategi-eremuetan, kaxak erabiltzea gomendatzen da (konpostagailuak); landa-eremuetan, pila edo ilara txiki ez-iraunkorrak gomendatzen dira, gutxienez, urtean behin lekua aldatuz, zoladurarik eta lixibiatuen bilketarik ez dagoenean izan ezik. (Xehetasunak prozeduren eta konpostaren jarraipenaren II. eranskinean jaso dira).

42. artikulua. Barne hartutako hondakinak.

Baimendu beharreko hondakin-motari dagokionez, 2020ko Hondakinen Lege aurreproiektuan "bio-hondakintzat" hartutakoak, EHZn (Europako Hondakinen Zerrendan) jasotakoak ere barne harturik, izanen dira konpostatzeko onargarritzat joko direnak:

–EHZ 200108: sukaldeko, jatetxeetako edo UHZOko hondakin biodegradagarriak.

–EHZ 200201: parke eta lorategietako hondakin biodegradagarriak edo ZB.

–EHZ 200101: sukaldeko papera (garbigarri edo bestelako substantzia arriskutsu eta ez-biodegradagarririk gabe).

–EHZ 200302: merkatu-hondakinak.

–EHZ 200138: 200137n zehaztutakoaz besteko zura (hondakin arriskutsuak dituen zura).

43. artikulua. Gai organikoa garraiatu eta uztea.

Konposta egiteko tokiko nodo horietara erabiltzaile sortzaileek berek eramaten ahalko dituzte eta bertan utzi, edo beste zatiki batzuetarako ezarritako bilketa-sistema baten bidez, edo zatiki horretarako bilketa-sistema berezi baten bidez, hondakinak garraiatzeko baimena duten ibilgailu arinekin. Bilketa, planak ezartzen duen edukiontzi-sisteman egiten ahalko da, ibilgailuak produktu honetarako bakarrik ez den eta bilketa-kantitateetara egokituta dagoen garraio-funtzioari egokituta.

44. artikulua. Gaitasuna bere gain hartzeko behar diren langileak.

Konposta egiteko toki sistema horiek diseinatu, dinamizatu eta jarraitzeko eginkizunak Hondakinen Mankomunitateko langileekin edo horretan adituak diren entitatetik kanpoko langileekin betetzen ahalko dira.

Tratamendua bertako langileekin, zerbitzuetarako kontratatutakoekin edo lehen sektoreko jarduera osagarri gisa egin ahal izanen da, bertako eragileen bitartez, betiere, konpostatze komunitarioaren arloan egiten ari diren tratamenduen neurri eta aukeren barruan, edo legedi nazionalak edo autonomikoak ezartzen dituen mugen barruan.

Langileek prestakuntza egokia izan beharko dute. Mankomunitatearen ardura izanen da eginkizun horietan diharduten langileei beren lanbide kategorietan behar duten gaitasuna eskatu edo ematea.

IV. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK, ZEHAPENAK ETA HOBARIAK

45. artikulua. Arau-hausteak dira ondoko jarduera eta egoerak:

a) Bilketari dagozkionak:

–Arau-hauste oso larriak:

  • Erabiltzaileak uko egitea berak sorturiko hondakinak Mankomunitatearen eskuetan uzteari, arrazoi justifikaturik gabe.
  • Edukiontziei kalte egitea.
  • Eragotzi edo oztopatzea edukiontziak eremu publikoan jartzea.
  • Edukiontzien zamalanak eta mantentze eta garbiketa lanak eragoztea eta, oro har, zerbitzua egiteko gainerako jarduerak nolanahi oztopatzea.
  • Hondakinak estolderia saretik behera botatzea.
  • Etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak jartzea (konparaziorako, prentsaketa egiteko) Mankomunitateak baimenik eman gabe.
  • Hondakin arriskutsuak uztea eta biltzen direnekin batera nahastea.
  • Jasotzekoak ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek nahastea onartzen diren hondakinekin.
  • Animalia hilak edozein lur motatan uztea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea.

–Arau-hauste larriak.

  • Hondakin mota bakoitzerako ordenantza honetan ezartzen diren edukiontzietatik kanpo uztea hondakinak.
  • Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.
  • Edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea Mankomunitatearen baimenik gabe.
  • Ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak eragoztea.
  • Iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

–Arau-hauste arinak:

  • Behar bezala utzi diren hondakin solidoak ebastea.

b) Zehapenei dagozkionak:

–Arau-hauste arinak: 0 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste larriak: 600 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso larriak: 6.000 eurotik 60.000 eurora bitarteko isuna.

46. artikulua. Hondakinen Mankomunitateak hobari-tresna bat eskaintzen die sortzaileei, saltokiei eta etxeei, IRATI txanpona deritzon erabilera komertzialeko bonu baten bidez. Horren helburua kalitate handiko bereizketa sustatzea da, hainbat zatikitako materialak berrerabili eta birziklatzeko. Hobariak jasotzen dituzten zatiki eta bilketa-sistemen kopurua alda daiteke, eta zatiki batean edo batzuetan ezarriko da, gaikako bilketaren kalitatearen, materialen prezioaren edo kostuaren eta kalitatezko gaikako bilketaren zatiki berrietan parte hartzen duten erabiltzaileen kopuruaren arabera.

IV.TITULUA.–ERREKLAMAZIOAK

47. artikulua. Irati Mankomunitatearen egintzen aurka Mankomunitateko buruaren aurrean egiten ahalko da, hilabeteko epean, honako baldintza hauen arabera:

Mankomunitatearen ebazpen-egintza guztien eta prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo defentsa-gabezia sortzen duten izapide-egintzen aurkako errekurtsoa aurkezten ahalko da; interesdunak dira hori egitea zilegi dutenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen arabera.

48. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren errekurtsoak ebazten dituen Mankomunitateko buruaren egintzak bide administratiboa amaitzen du, eta haren aurka egiten ahalko da, edo zuzen administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, haren jakinarazpena jaso eta 2 hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, berari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

I. ERANSKINA.–ETXEKO HONDAKIN ARRISKUTSUAK

Europako Hondakinen Zerrendako guztiak, hondakinei buruzko 75/442/CEE Zuzentarauaren 1. artikuluko a) atalaren arabera, eta hondakin arriskugarriei buruzko 91/689/CEE Zuzentarauaren 1. artikuluko 4 atalaren arabera (maiatzaren 3ko 2000/532/CE Erabakiaren bitartez Batzordeak onetsi zuen, eta Batzordeak berak moldatu urtarrilaren 16ko 2001/118/CE eta uztailaren 23ko 2001/573/CE erabakien bitartez), 20. kapituluan ondorengoak agertzen baitira:

–20 01 13* Disolbatzaileak.

–20 01 14* Azidoak.

–20 01 15* Alkaliak.

–20 01 17* Gai fitokimikoak.

–20 01 19* Pestizidak.

–20 01 21* Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten bestelako hondakinak.

–20 01 23* Botatako ekipamenduak, klorofluorokarburoak dauzkatenak.

–20 01 26* Kodean aipatu ez diren olioak eta koipeak

–20 01 25 (20 01 25 elikadurarako olioak eta koipeak).

–20 01 27* Pinturak, tintak, itsasgarriak eta erretxinak, gai arriskutsuak dituztenak.

–20 01 29* Gai arriskutsuak duten detergenteak.

–20 01 31* Botika zitotoxikoak eta zitostatikoak.

–20 01 33* Bateriak eta metagailuak, 16 06 01, 16 06 02 eta 16 06 03 kodeetan zehazturik ez daudenak eta sailkatu gabeko bateriak eta metagailuak, bateria horiek dauzkatenak.

–20 01 35* Botatako ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak, 20 01 21* eta 20 01 23* kodeetan zehaztu ez direnak, osagai arriskutsuak dauzkatenak (9)*.

–20 01 37* Gai arriskutsuak dauzkan zura.

(9)* Ekipamendu elektriko eta elektronikoen osagai arriskutsuetan 16 06 azpikapituluan arriskugarritzat sailkaturiko pilak eta metagailuak egon daitezke, hala nola merkuriozko etengailuak, hodi katodikoetako beira eta beste kristal aktibatuak.

II. ERANSKINA.–KONPOSTA EGITEKO PROZEDURAK ETA JARRAIPENA

Konpostatze deszentralizatuak bi modalitate ditu:

–In situ edo ss komunitarioa: hiri-inguruneko lorategi publiko edo pribatuetan egiten da, eta herritarrek zuzenean biltzen dute.

Nodo bakoitzean 70 t/urte tratatzen ahalko dira, gehienez ere 20 m³-ko bolumenarekin. Tratamendu bio-egonkortzailea (gutxienez 3 hilabetekoa) lorategi-pasalekuan egokituta eta txertatuta egon beharko diren konposta egiteko kutxetan eginen da (konpostagailua),. Tratamenduaren lotifikazioa kutxa bakoitzean (konpostagailua) tratatutako kopuruen arabera eginen da. Bakoitzaren edukia lote bat izanen da eta lote bakoitzari ezarritako jarraipena eginen zaio. Fintzea eta heltzea olan azpian egiten ahalko da. Mantentze-lanak kudeatzaileen lana uztartuz eginen dira, bai erantzunkidetasun eta herritarren parte-hartzearen bidez, bai langileen, teknikarien eta hezitzaileen laguntzaz. Nolanahi ere den, Hondakinen Mankomunitateko ikuskariaren ardura izanen da horiek jarraitzea, gainbegiratzea eta datuak biltzea.

–In loci edo sl komunitarioa, edo agrokonpostatzea, edo udalerrikoa, landa-, nekazaritza- edo abeltzaintza-eremu publiko edo pribatuetan eginen da, pertsonak bizi diren lekutik 100 metroko distantzian, hondakin organikoen tratamenduan 200 t/urte eta 80 m³ arte. Gune horietan, tratamendua egiteko (gutxienez 3 hilabetekoa) konpostagailuak edo olanazko estalki-sistema bat erabiltzen ahalko dira, urtero tokiz aldatuta (finkoak ez badira) eta hesi elektrikoa jarriko zaio inguruan, makrofauna basatia sar dadin ekiditeko. Tratamenduaren lotifikazioa bi modutara egin daiteke:

–Konpostagailu bakoitzean tratatutako kopuruen arabera: Bakoitzean dagoen edukia lote bat da eta lote bakoitzaren jarraipena egiten da.

–Tratatutako hondakina biltzeko epearen arabera: Lote bakoitza hilabete batean bildutako bio-hondakinekin egiten da, eta lote bakoitzari dagokion jarraipena egiten zaio.

Bigarren kasuan, instalazio bakoitzeko loteen banaketa eta bereizketa fisikoa haren geometriaren eta erabilitako konpostatze-tipologiaren araberakoa izanen da:

Meta-konposta egiten duten instalazioetan, meta bakoitza lote bat izanen da.

Ilara-konposta egiten duten instalazioetan, loteak hesolen edo antzeko seinaleztapenaren bidez bereiziko dira, ilararen oinarriaren alboetan, hilabetean deskargatutako materialak osatutako ilara-tarte bakoitzaren hasieran eta bukaeran.

Instalazio bakoitzean, lote guztiek iraulketa-maiztasun bera izanen dute, tratatutako bio-hondakin kopuruaren araberako egituratzaile-proportzioarekin eta hezetasun-ekarpen baliokideekin. Hau da, instalazio bereko lote bakoitzak transformazio parametro uniforme eta homogeneoak izanen ditu.

Konposta egiteko teknikek GKEDAA Erregelamenduaren arauak bete beharko dituzte. Mantentze-lanak lursailaren edo ustiategiaren jabearen erantzunkidetasuna bilatuz eginen dira, udal langileen jarraipen eta ikuskaritzapean, eta datuak bietako edozeinek erregistratuko dituela.

Prozesuaren kudeaketak gutxieneko batezbesteko tenperatura bermatu beharko du nahasketa osoan zehar:

  • 55ºC, gutxienez 3 egunez.
  • 60ºC, gutxienez egun batez.
  • 65ºC, gutxienez 3 orduz.
  • 70ºC, gutxienez ordu batez.

Horretarako, hilean gutxienez iraulketa bat eginen da, eta jarraipena eginen zaio ordenantza honetan, dagokion atalean, adierazitakoari jarraituz.

Horrela, loteen higienizazio osoa bermatuko da, 3. kategoriako GKEDAA hondakinen ikuskatzeari dagozkion baldintzen arabera; hori baita zorrotzena.

Gainera, Hondakinen Mankomunitateak bere gain hartu beharko du jarraipena eta ebaluazioa egiteko ardura, bi eginkizunekin. Konposta egiteko nodo horien ikuskari-kudeatzaileek, bai in situetan bai in locietan, gutxienez astean behin egin beharreko gutxieneko jarraipena justifikatu beharko dute (tenperaturak eta iraultzeak adieraziz), eta urtero ateratzen den konpostaren analisia egin beharko dute, urtean tratatutako 100 t bio-hondakin bakoitzeko.

Jarraipen horren datuak erregistro batean jasoko dira. Erregistro hori Hondakinen Mankomunitateak ikuskari izendatzen duen pertsonaren ardura izanen da. Pertsona horrek "konpost-kudeaketan" aditua dela frogatu beharko du.

Gainera, honako parametroak hartuko dira kontuan:

–Hezetasunaren eta usainen jarraipen kualitatiboa.

–Tenperaturaren jarraipen kuantitatiboa (gutxienez astean behin, lote bakoitzeko 3 puntu bereizgarritan).

–Erdian, ertzean eta tarteko puntu batean, konpostagailuetan egiten bada.

–Gailurretik 20-30 cm-ra, oinarritik 10-30 cm-ra, eta garaiera erdian, meta- edo ilara-konposta eginez gero.

–Material egituratzailea kalitate eta kantitate egokian erabiltzea (ezinbestekoa).

–Analisi kimikoa (nutrienteak, K/N erlazioa eta metal astunak).

–Analisi mikrobiologikoa (patogenoak).

–Lortzen den konpostaren egonkortasuna edo heltze puntua (beharrezkotzat jotzen bada).

Prozesua gainbegiratzen duen pertsonak edo pertsonek urteko txostena eta memoria prestatuko dute emaitzen balantzearekin, honako datuekin: jarraipena, kantitatea, kalitatea eta tokiko konpostatze-sistemaren kostu ekonomiko eta ekologikoak. Txosten hori funtsezko eskumenak dituzten administrazio autonomikoen eskura egonen da. Urteko memoriek, gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:

–Tratamendu nodo zenbakituak.

–Hilero tratatutako kopuruak.

–Karakterizazioei bidalitako kalitateak edo patogenoak, metal astunak eta propietate agronomikoak biltzen dituzten analisiak.

–Usainaren, tenperaturaren, hezetasunaren, asteroko erregistroen prozesu-datuak.

–Kudeatzaileen izena.

–Eta ikuskarien sinadura.

Iragarkiaren kodea: L2318321