116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

382E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatutako "Leringo XXVI-Ega 2 Sektorearen lurzati berrantolamendurako eta soro ureztatu bihurtzeko proiektua" delakoaren ingurumen eraginaren txostena.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak "Leringo XXVI-Ega 2 Sektorearen lurzati berrantolamendurako eta soro ureztatu bihurtzeko proiektua" aurkeztu dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Jarduketa esparruak barne hartzen ditu Nafarroako Ubidearen 1. Fasearen Zabalkuntzaren azalerak, baita Eremu Ureztagarri Osagarrietakoak ere. Bi jarduketek ingurumen eraginaren adierazpenak dituzte (IEA): 330E/2013 Ebazpena, abuztuaren 19koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiarena, eta 998E/2018 Ebazpena, abenduaren 19koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiarena, hurrenez hurren.

Aipatutako 330E/2013 Ebazpenak honako hau adierazten zuen: 1. Fasearen Zabalkuntza osatzen duten eremuei buruzko ingurumen ukipenen azterketak egin behar dira eta ingurumen neurri gehigarriak bildu behar dituzte horiek. Bestalde, Ega 2 proiektuaren perimetro ureztagarriaren aldaketa kontuan izanik eta espedientea Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. taldean jasota dagoela alde batera utzi gabe, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

–Proiektuaren deskribapena:

Oinarrizko proiektua txosten honen I. eranskinean laburtu da. Lurzati berrantolamenduak 1.321 hektareako gainazal bati eraginen dio, eta, ezarritakoaren arabera, gainazal horretako 966 hektarea presiopeko ureztapenerako soro bihurtuko dira. Adierazgarria da kontzentratu beharreko eremu osotik, 187,54 hektarea (%14) Leringo Udalaren herri jabetzakoak direla. Interes orokorreko ureztatze sareak 33.467 metroko luzera izanen du. 4.447 m³ legar ohe eta 75.775 m³ zagor beharko dira, bereziki bide zoruetarako hautatuak.

Ureztatzeko ura Egako adarreko hargunetik hartuko da (Ega-2 izenekoa), Leringo udal-mugartean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako emakida behin betiko egonen da eskuragarri, baina gehieneko bolumena 6.300 m³/ha eta urte izanen da. Perimetro osoa presio naturalarekin ureztatuko denez gero, ez da beharrezkoa ezein ponpatze sistema ezartzea.

–Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

2023ko otsailaren 3an, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari bidali dizkio Leringo XXVI-Ega 2 Sektorearen oinarrizko proiektua eta ingurumen azterketa.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak, 2023ko apirilaren 27an, dokumentazio osagarria eskatu zuen, honako alderdi hauei buruz batez ere: batetik, hasiera batean aurreikusten ez ziren Ega 2 eremuko gainazalak soro ureztatu bihurtzearen ingurumen ebaluazioa (adibidez, Esparteta parajean); eta bestetik, aipatutako ingurumen eraginaren bi adierazpenetan jasotako baina kontuan hartu gabeko zenbait ingurumen baldintzatzaile ezarri beharra. Sustatzaileak horri buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen 2023ko azaroan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuak kontsulta egin die, 2023ko abenduan, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 9 kontsulta egin dira: Leringo Udala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Herri-lurren Atala (abelbideak), Lurralde Kohesiorako Departamentua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural taldea, Asociación en defensa de la tierra Lurra elkartea eta Teder Elkartea. Horren ondorioz, Leringo Udalaren erantzuna jaso da, eta adierazi da Ega-2 eremuko proiektuak ez duela inolako eragozpenik Udal Planari dagokionez.

–Ingurumen ebaluazioa: Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

a) Hidrologia eta igarobide ekologikoak:

Ega ibaiaz gain, eremua mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duten hainbat sakanez osatuta dago sare hidrografikoa, Ega ibaiaren eskuineko ertzean: Sopeñas, Esparteta (eta haren jarraipena Cocinosen), eta Sierraperrako sakana. Ega ibaiaren ezkerraldean, Cañamar eta La Sarda sakanak. Eremuko igarobide ekologiko nagusiak dira.

Sei idoi kartografiatu dira (ingurumen azterketaren 5. Planoa –"intereseko habitatak"–): Los Llanos, Lagaza, Cabizgordo, Sopeñas, Esparteta eta La Sarda; ondoren, beste bat detektatu da Lagazan (2B zenbakiko landaredi esparrua). La Sardako idoia izan ezik, ingurumen azterketan bat bera ere ez da sartu "nahitaez kontserbatu beharreko balio natural" gisa. Ingurumen eraginaren txosten honek, horregatik, haren kontserbaziorako bermeak barne hartu ditu, bai eta hauen kontserbaziorakoak ere: sakanetan existitzen diren beste esparru batzuk (sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan kartografiatuta daude horiek guztiak, baina landaredi ez-lehenetsi gisa) (txosten honetako kondizioen 1. Puntua). Sakanetan eta hezeguneetan ere ingurumen hobekuntzak barne hartzen dira (2.1.c puntua).

Sakanak nahiko sakon eta zabalak dira, eta intereseko habitatak daude bertan. Ingurumen azterketak berak onartzen duenez, "sakan naturalen sareko hustubideak egonen dira, eta horiek ez dute mantentze jarduerarik beharko emakida kontratuak dirauen bitartean (30 urte)". Beraz, ingurumen eraginaren txosten honetan (2.1.c puntua), obra eta ustiapen faseetan (jalkinak aldizka garbitzea) ibilgu horietan gauzatu beharreko jarduketak minimizatzea proposatzen da.

b) Biodibertsitatea eta lehengoratze naturala:

Lagaza parajeak asko sinplifikatzen du lurraldea, apenas kontserbatu baitira landaredi naturaleko zenbait orban. Eremu osagarriei buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egiteko 998E/2018 Ebazpenean, baldintzatzaile espezifikoak barne hartu dira Lagazarako: "proiektuan lurrak gordeko dira, egungo sakanak lehengoratzeko erabil litezkeenak, balio naturaleko eremuak handitzeko egungo otalurrak edo ezpondak oinarri hartuta, banda belarkarak edo ertzak erreserbatzeko, zuhaiztiak landatzeko, arboladi lineal eta bakartuak jartzeko, bai eta hesiak ere bide zati batzuetan, eta abar". Beste kasu batzuetan, lehorreko lur moduan mantenduko diren eta paisaia mosaikoa osatzen lagunduko duten landaketak izan daitezke (lehorreko lur belarkarak/zurkarak, soro ureztatuak eta baso eremu zuhaiztunak zein zuhaitzik gabeak). Lur erreserba horrek lehorreko lurren moduan geratu beharko du, eta proportzionalki banatuta lurralde osoan.

Sustatzaileak proiektua aurkeztu ondoren, eta ingurumen eraginaren adierazpenaren kondizio hori betearazteko, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak horren gaineko errekerimendua egin zuen, hura betetzeko neurririk ez baitzen hartu. Horri erantzunez, sustatzaileak ingurumen integraziorako neurri batzuk garatu ditu. Horretarako, hainbat elementu diseinatzen ditu (dokumentazio teknikoko 10.-11. planoak): bideen ondoko landaketa bandak, "landaredi belarkarazko bandak eta sastrakadi interkonektoreak", ingurumena lehengoratzeko, ibilguak eta abelbideak hobetzeko eta ura duen ingurumen igarobide berri bat (Lagazan). Elementu lineal horien definizioa egokia da orokorrean, baina haren azalera ez da nahikoa lurraldeko guneen arteko lotura ekologikoa bermatzeko paisaia mosaiko bat sortzeko. Horregatik, ebazpen honen kondizioetan (2.1.a puntua) barne hartu dira Lagazako eremuan gune banatuak sortzeko neurriak, 998E/2018 Ebazpenaren edukiari jarraikiz.

2018ko Ebazpenaren kondizio horiek bat datoz biodibertsitateari eta lehengoratze naturalari buruzko araudi berriekin. Nekazaritza lurretako biodibertsitateari buruzko kapituluak barne hartzen dira honako hauetan: "Azpiegitura berdearen eta konektibitate eta lehengoratze ekologikoaren estrategia nazionala" (uztailaren 9ko PCM/735/2021 Agindua), "Natura ondarearen eta biodibertsitatearen estatuko plan estrategikoa 2030erako" (abenduaren 27ko 1057/2022 Errege Dekretua) eta "Natura lehengoratzeari buruzko Europako Erregelamendua". Erregelamendu horrek nekazaritza ekosistemetarako espezifikoak diren helburuak eta betebeharrak ezartzen ditu (9. artikulua), eta zenbait adierazle jasotzen ditu, hala nola "dibertsitate handiko paisaia elementuak dituen nekazaritza azaleraren proportzioa".

c) Basafauna:

Estepa eremuen azken eguneratzeari dagokionez (2023a), Allorekin mugakidea den abifaunarako Eremu Kritikoaren (AC-5) zati bat barne hartzen du –nahiz eta lehorreko lur gisa mantendu– Ega 2 eremuak; AC-6 "Lerin Sesma" eta AC-8 eremuen mugakidea da eremu hura Baigorrana-Usónen (azken horren kasuan, mahasti bat barne hartzen da tantakako ureztapeneko). Horregatik, katalogatutako hegazti horien populazioak dituen lurraldea zaindu egiten da.

Ingurumen eraginaren txosten horretan, neurri zuzentzaile gehigarriak jasotzen dira lehorreko lurrean fauna espezieak mantentzeko, habitatak hobetuz Corral de Lagaza delakoari lotutako larreetan eta idoietan (2.1.a puntua) eta belatz gorria (Falco tinnunculus), hontz zuria (Tyto alba) eta bestelako espezieak lehengoratzeko (karraskariak kontrolatzeko ere balio dute halako espezieek, gainera; 2.2 puntua). Sakanen kontserbazioak ibai inguruneari lotutako faunaren kontserbazioa bermatzen du. Etorkizuneko soro ureztatuan fauna populazioak mantentzeko neurriak faltako lirateke; alabaina, paisaia mosaiko bat sortzeko jada aipatutako jarduketen bidez konpontzeko modua da falta hori.

d) Azpiegituren ingurumen eraginak:

Interes orokorreko ureztatze sare berriaren (33,4 km hodi) eta bideen eraginak –oinarrizko proiektuan zehaztu gabeko luzera dutenak– bateragarriak dira, batez ere nekazaritza lurretatik igarotzen direlako eta, bideen kasuan, sarearen zati handienak egungo trazadurari jarraituko diolako. Haatik, neurri zuzentzaile gehigarriak sartu dira ebazpen honetan (2.3 puntua).

e) Nitratoek eragindako kutsadura eta gazitasuna.

Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuaren 2024ko maiatzaren 14ko txostena dago, nekazaritzatik eratorritako nitratoek eragindako kutsadurari buruzkoa. Hona hemen txostenaren edukia:

Txosten hau idazten den unean, jarduketa nekazaritza jatorriko nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremu baten barruan dago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduak –indarrean dagoenak– xedatutakoari jarraikiz.

Foru agindu horren ondoren, urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretua –urak nekazaritza iturrietatik eratorritako nitratoek eragindako kutsadura difusotik babesteari buruzkoa– onartu zen. 47/2022 Errege Dekretuak kontzentrazio murriztaileagoak ezartzen ditu nola lurrazaleko urentzat hala lurpekoentzat, kutsadurak eragindako ur gisa definitze aldera. Gainera, Uraren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 9ko Ebazpenaren bidez, kutsadura difusoak eragindako ur mapak argitaratu ziren, baita egoera horretan zeuden kontrol puntuak adierazi ere, «Ebroko Konfederazio Hidrografikoan nekazaritza jatorriko nitratoek eragindako urak edo kutsatzeko arriskua duten urak zehazteari buruzko txostena (2016-2019 aldia), 2021eko martxoa» delakoari dagokionez.

Informazio horrekin, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoko Zerbitzuak hau landu du: "Nekazaritzatik eratorritako nitratoek Nafarroan eragindako ur kutsadura difusoaren aurrean kalteberak diren eremuen izendapena berrikusteko txosten teknikoa, 2024ko otsaila". Txosten honek, aipatutako 47/2022 Errege Dekretuaren arabera, eremu kalteberak izendatzeko oinarri gisa balio du. Izendapen berri hori izapidetzen ari da gaur egun (47/2022 Errege Dekretuaren arabera, indarreko 147E/2020 Foru Aginduan ezarritakoa ordeztuko duen Foru Dekretua). Era berean, horrek jarduketa programak lantzea eta nekazaritzako jardunbide egokien kodeak aplikatzea ekarriko du berekin. Hona hemen halako jardunbideetako zenbaitzuk: gainazal jakin batzuetan ongailuak erabiltzea debekatzea, denboraldi jakin batzuetan labore ongarritzeko galarazpena ezartzea, eta lurzoruari aplika dakiokeen ongarri kopurua mugatzea.

Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko XXVI-Ega 2 Sektorearen perimetro aldatuaren lurzati berrantolamenduaren eta hura soro ureztatu bihurtzearen kasuan, Leringo udalerriari dagokionez, nitrato kutsadurak eragindako eremuak egonen lirateke, arestian azaldu den bezala izapidetzen ari diren eremu kalteberen izendapen berriarekin.

Ega ibaiari lotutako ibai jalkinen korridorea, Lerin udalerrian, eremu kalteberan barne hartuta dago eta, seguruenik, 2. zona gisa izendatuko da: "Ebro-Aragoi alubiala: Lodosa-Tutera", eta sektorean Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 049. zenbakiko lurpeko ur masari dagokio arestian aipatutako hori, izen berberarekin. Errioxako eta Nafarroako autonomia erkidegoetan banatuta daude eta 643 km²-ko azalera dute. Eremu kaltebera hori handitu eginen litzateke indarreko izendapenarekin alderatuta.

Leringo udalerrian soro ureztatua zabaltzeko proiektatutako eremua "lurpeko ur masa" delakoarekin teilakatzen da partzialki, masa hori aipatutako eremu kalteberaren izendapena izanen da, 486,5 hektarea ingurukoa izanik azalera.

Bestalde, berriki sartu den beste araudi bat NitraCHE Estrategiari dagokio (Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2023ko maiatzaren 24ko onespen ebazpena).

Sustatzaileak INTIAren "Ureztatzailearentzako aholkularitza zerbitzu" bat proposatzen du (ingurumen azterketa, 7.1.3 apartatua, hidrologia babesteko neurri espezifikoei buruzkoa), ustiategiak hobeki maneiatzeko, baita ur beharrei, ongarriei eta fitosanitarioei buruzko datuak ere. Halaber, dren zehatz bat hautatuko du, non nitratoen eroankortasun elektrikoa eta kontzentrazioa zehazteko laginak jasoko diren.

Esparteta parajeko lurzoruak garatzen diren igeltsu materialak direla-eta, ureztapen proposamen espezifiko bat garatu da ingurumen azterketan (7. eranskina), gazitasun arazoak saiheste aldera.

Prebentzio neurri gehigarri gisa, ebazpen honetan (2.1.c puntua) bi dekantazio idoi txiki jarri dira ibilguen azken tartean, uraren kalitatea hobetzeko mantenugaiei (nitrogenoa eta fosforoa), gazitasunari (katioiak), alkalinotasunari eta solidoei dagokienez.

Gainera, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoko Zerbitzuak nitratoengatiko kutsadurak uretan duen eragina monitorizatzeko plan bat sartzea proposatzen du (ebazpen honen 4. puntua).

Kontsulten emaitzetatik eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak proposatu du aldeko txostena ematea Leringo XXVI-Ega 2 Sektorearen lurzati berrantolamendurako eta soro ureztatu bihurtzeko proiektuari, hori guztia ukatu gabe indarreko legearen arabera lortu beharreko bestelako baimenak.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. Leringo XXVI-Ega 2 Sektorearen lurzati berrantolamendurako eta soro ureztatu bihurtzeko proiektuak –Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuak sustatutakoak– ez du eragin nabarmenik ingurumenean eta, horrenbestez, ez du 21/2013 Legean aurreikusitako ingurumen eraginaren ezein ebaluazio arrunten eraginpean jarri behar (II. tituluko I. kapituluko 1. atala), ebazpen honen 2. puntuan adierazitako kondizioak betez.

2. Proiektuak kondizio hauek bete behar izatea ekarriko du:

1. Egungo landaredia eta nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak:

1.1. Ingurumen eraginaren azterketan (4-1etik 4-4ra, 2023ko abendukoak) jasotako "nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak" (NKBBN) oso-osorik errespetatuko dira, nola lurzatian ureztatze ekipamendua ezartzeko fasean hala ustiategian. Lurzatiak egokitzeko jarduketa txikiak baino ez dira baimenduko, aurretiaz eskaera eginda Basoak Kudeatzeko Atalari, betiere jarduketak behar bezala justifikatuta badaude. Kasu honetan, jabeak konpentsatzeko proposamen bat gehitu beharko du, landaredi naturalez estalitako azalera bera mantentzeko, lurzatian bertan.

Halaber, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluko b) letran adierazitakoaren ondorioetarako, nahitaez kontserbatu beharreko balio naturaltzat hartuko dira honako hauek:

–Ega 2 eremuan bildutako zazpi idoien esparruak (hau da, ingurumen azterketako 5. planoko –"intereseko habitatak"– sei idoiak eta 2B landaredi esparrua).

–Sakanei lotutako landaredi esparru guztiak (sustatzaileak 3. planoan –"egungo landaredia"– identifikatu ditu). Sopeñas ibilguaren kasuan, 51A, 51B eta 114A esparruak NKBBN izanen dira.

–La Sarda baserriko zuhaiztia (110-14 esparrua handitu egin behar da).

1.2. "Kontserbazio ez-lehenetsiko landaredia" (3. planoan –"egungo landaredia"– identifikatua) errespetatu egin beharko da, eta soro ureztatutik kanpo utzi, baldin eta lurzati berrien ertzekin bat badator, han erraz kontserbatu baitaiteke. Lurzati berriaren barnean geratzen eta nekazaritza lanak osorik edo partzialki oztopatzen kentzen ahalko da, baina betiere konpentsatu egin beharko da: antzeko azalera bat berezko landarez eta lehorreko lurreko landarez estalita mantenduko da. Horretarako, eskabide bat izapidetu behar da Basoak Kudeatzeko Atalean.

El Tamarigal parajean, proiektuaren hegoaldean, landaredi naturala duten gainazalak mantendu behar dira (horregatik, bereziki konpentsatuko da 188. eta 190. landaredi esparruena, lurzati berrantolamendurako prozesuan aldatzen badira). Gauza bera Esparteta parajean (129 eta 77B esparruak).

12. poligonoko 109. lurzatia –Sopeñas sakanaren ondoko malda handiko hegala– bere horretan uztea gomendatzen da, bere kabuz eboluziona dezan.

2. Neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak:

Ingurumen azterketan (7. kapitulua) ezarritako prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak beteko dira, hidrologia, landaredia, fauna (bereziki, Lagazako lehorreko lurreko estepa hegaztiei dagokienez), paisaia, ondare arkeologikoa eta abelbideak babesteko eta drainatzeak egokitzeko. Gainera, kontuan hartuko da honako hau:

2.1. Lursailak ingurumen integraziorako gordetzea:

a) Lagazako parajea:

a.1) Lagaza, soro ureztatu bihurtzeko:

998E/2018 Ebazpena betez, Lagaza parajea soro ureztatu bihurtzeko kondizio bat egonen da: biodibertsitatea lehengoratzeko lursailak erreserbatzea; horretarako, paisaia mosaiko bat paratuko da (lehorreko lurrak, lehorreko lur belarkara/zurkarak, soro ureztatuak eta baso azalerak –nola zuhaizdunak hala zuhaizgabeak–), lurralde osoan proportzionalki banatuta egon beharko du biodibertsitateak. Baldintza hori betetzeko, xede horretarako erabili beharko da nekazaritza azaleraren %4 (gutxienez), hots, 7 hektarea (2023ko abenduan aurkeztutako dokumentazioan proposatutako landaketa bandak barne hartuta).

Ehuneko horiek kalkulatzeko, kontuan hartuko da Lagazan etorkizunean egonen diren soro ureztatuak 177,75 hektarea izanen dituela, muga hauekin: a) iparraldean eta mendebaldean: lehorreko lurraren eta soro ureztatuaren banaketa lerroa; b) ekialdean: Egako adarra eta NA-122 Lizarra-Cárcar errepidea; eta c) hegoaldean: diseinatutako bidea Ezkibel bidexkatik.

Ehuneko hori lortzeko, sustatzaileak aurkeztutako ingurumen integraziorako neurriak hartuko dira erreferentziatzat (ingurumen azterketa, 2023ko abendua: 10.-11. planoak). Neurri horiek, guztira, 3 hektarea hartzen dituzte; halaber, ureztaketan zehar banatutako zuhaiztien diseinua ere hartzen da kontuan, eta guztizko okupazioa 4 hektarea izanen litzateke.

Tarteko balizak jarriko dira edo lurrean zangak eta ildo bizkarrak eginen dira ingurumena lehengoratzeko gainazalen ertzean, laboreekin muga egiten dutenean.

a.2) Lagazako lehorreko lurra:

Lagazako lehorreko lurren aldean honako neurri hauek hartu beharko dira estepako abifaunaren kontserbazioa errazteko eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 19ko 998E/2018 Ebazpena betearazteko; izan ere, ebazpen horretan, paisaia lehengoratzeko ahalegina egin behar den eremu nagusi gisa identifikatzen zen eremu hori:

–Estepako abifaunarako eremu kritikoan, bereziki interesgarria da ingurumen azterketan kartografiatutako Allokiko mugan kokatutako lubakiek eta ezpondek osatutako gainazala (11. planoa); beraz, 10 metroko zabaleraraino hedatu beharko da, bilakaera libreko eremu gisa. Tarteko balizak jarriko dira eta/edo lurrean eginen dira gutxienez metro bateko zangak eta ildo bizkarrak, ingurumena lehengoratzeko gainazalen ertzean, laboreekin muga egiten dutenean.

–Corral de Lagaza delakoan kokatutako larreei eta bi idoiei dagokienez: horien azalera handituko da, 2A eta 2B landaredi esparruak eta 4.aren zati bat lotuta gera daitezen. 4. barrutiaren barnean eskortaren hondarrak barne hartzen dituen zatia kontserbatu eginen da, gainerako esparruekin batera ken daitekeen azalera konpentsatuz.

–Lagazako hezegunearen azalera handitzeko ahalegina eginen da (1. landaredi esparrua).

–Lagazako idoitik (1. landaredi esparrua) irteten den hustubide berriaren ondoko 20 metroko banda –oinarrizko proiektuan adierazitakoa– bilakaera naturalean utziko da. Tarteko balizak jarriko dira eta/edo lurrean eginen dira gutxienez metro bateko zangak eta ildo bizkarrak, ingurumena lehengoratzeko gainazalen ertzean, laboreekin muga egiten dutenean. Landaketak egitekotan, tamarizak baino ez dira landatuko, eta banda horretan eta laborantza eremuaren arteko mugan soilik.

–Eremu ureztagarria eta lehorreko lurra bereizten dituen bidearen ondoko landaketa banda kentzeko aukera egonen da, gainazal horren ordez mosaiko paisaia hobetzeko guneak jartze aldera. Zehazki, mosaikoan banatutako landaredi masak ezarriko dira lehorreko laborantzaren matrizearen barnean, baldin eta finka berrien esleipenak horretarako aukera ematen badu; guztira 2,5 hektareako azalera izanen du Lagazako lehorreko lurreko eremuaren iparraldean. Tarteko balizak jarriko dira eta/edo lurrean eginen dira gutxienez metro bateko zangak eta ildo bizkarrak, ingurumena lehengoratzeko gainazalen ertzean, laboreekin muga egiten dutenean.

Lagazako lehorretako lurren eta soro ureztatuen arteko muga –gaur egungo katastroari jarraitzen diona– bide eta lurzati berrira egokitzen ahalako da, kondizio honekin: Esteko abifaunarako Eremu Kritikoaren azalera ez galtzea, eta lehorretan Corral de Lagaza mantentzea.

b) Ega 2 eremuaren hegoaldea:

El Tamarigaleko terrazan, Sierraperrako sakanaren hegoaldean, landaredia naturaleko gainazalak mantentzeaz gain (ikus 1.2 puntua), existitzen diren igarobideetako zenbaitzuk bultzatuko dira, eta gainazalen bat zuhaitz espezieak landatzeko gordeko da.

Corraliza de la Sarda delakoan kokatutako terrazan –soro ureztaturako aurreikusia (La Sardako sakanaren hegoaldean eta errepidearen mendebaldean)–, hiru zuhaiztitarako ingurumen erreserba bat diseinatuko da.

Bi jarduketetan, tarteko balizak jarriko dira edo zangak eta ildo bizkarrak eginen dira ingurumena lehengoratzeko gainazalen ertzean, laboreekin muga egiten dutenean.

c) Ibilguak lehengoratzea:

Ingurumen azterketan aurreikusitako gainazalez gain, honako neurri hauek hartuko dira sakanetako ingurumena hobetzeko (tarteko balizak edo zangak eta ildo bizkarrak jartzea barne hartuta, laboreekin muga egiten dutenean):

–Dren berria Lagazan: dekantazio idoia (3.137 m² inguru) 11. poligonoko 283. lurzatian.

–La Sarda (3 azalera, guztizko azalera 4.796 m² izanik) eta Sopeñaseko (5 azalera, guztizko azalera 9.623 m² izanik) sakanen zabalkundea. Sakanaren ibaiertzean kokatutako gainazal horietan, hobe da horiek ibilguari esleitzea, eta ez, ordea, ingurumen masa komunari.

–Sierraperrako sakana (3 gainazal, 2.044 m² guztira, gutxi gorabehera), eta ibilguaren sekzioa eta ertzak ere lehengoratuko dira:

  • Ezkerreko ertzean existitzen den lur orbana kenduz (13. poligonoko 257 lurzatian zehar),
  • Sekzio hidraulikoa adarraren bidegurutzearen altuerara zabalduz, zehazki, bidearen paraleloa den tartean (98 metro inguruko luzera du eta oso estua da gaur egun). Eragozpen teknikorik ez badago, horrenbestez, adarraren hustubidea –orain lubetan kokatua–, ibilguaren erdian geratuko da.
  • Sierraperrako sakanaren amaieran (eta kontzentrazio perimetroaren amaieran) dekantazio idoi txiki bat eta iragazki berde bat jarriko dira.

Obra fasean, Sierraperrako sakanaren zati hori eta Lagazan aurreikusitako ureztapen zatiaren drainatze berria soilik ukitzen ahalko dira; gainerako sakanetan, jarduketa txikiak baino ez dira eginen (adibidez, zubi gurutzebideetan, sakanguneetan edo beste azpiegitura batzuetan).

Aldizkako mantentze-lanei dagokienez Lagazan proiektatutako drainatze berriaren kasuan izan ezik, ibilgu sareko jalkinak puntu edo tarte laburretan (30 m baino gutxiagoko luzera) baino ez da garbituko, eta ahaleginak eginen dira horretarako jarduketek ez eragiteko landarediari. Erauzitako materialak ez dira landaredi naturalaren gainean utziko, bereziki NKBBNk badira, ez makinak sartzeko 3 metroko bandetan, ez eta ubideen ertzetako hesietan ere. Ingurumen azterketak ezartzen duen bezala, "urtero planifikatu beharko dira drainatzeak mantentzeko jarduketak, eta ingurumen baimena beharko da horietarako.

d) Abelbideetako larreak lehengoratzea:

Ingurumen azterketak planteatzen dituen larreez gain, aztertu egin behar da 13. zenbakiko iraganbidean inbadituak izan diren hiru esparru hauek sartzea egokia ote den: Leringo 3. poligonoko 532. eta 464. lurzatiak eta 11. poligonoko 760. lurzatia.

e) Gainazalak babestea ingurumen integraziorako eta landaketetarako:

Tarteko balizak jarriko dira edo lurrean zangak eta ildo bizkarrak eginen dira ingurumena lehengoratzeko gainazalen ertzean, laboreekin muga egiten dutenean, landaredi natural iraunkorra mantentzen dela bermatzeko.

Banda belarkara eta landaketa guztietan berariaz saihestuko da herbizidak aplikatzea eta nekazaritza makineriaz lurzorua trinkotzea, nitratoek eragindako kutsaduraren aurkako iragazki berde gisa funtziona dezaten lortze aldera.

Landaketa guztiak mistoak izanen dira, eta inguruko zuhaixka eta zuhaitz autoktonoak erabiliko dira. Landatze erregularregiak saihestuko dira.

Landaketak hodietatik urrun kokatuko dira (gutxienez 5 metro), eta ekialdetik mendebalderako lerrokaduretan, itzala bide edo ibilguen gainean proiekta dezaten (eta ez, aldiz, laboreen gainean). Interes orokorreko bideen eta hodien lanak amaitu ondoko lehen aldi begetatibo egokian eginen dira landaketak.

Lurzati berrantolamenduari buruzko Erabakia argitaratu aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalera bidaliko da lurzati berriak biltzen dituen planoa eta ingurumen integraziorako erreserbatutako eremuen kokapena.

2.2. Fauna:

7 habia kaxa instalatuko dira zutoinean belatz gorrientzat (Falco tinnunculus) eta hontz zurientzat (Tyto alba), populazioak lehengoratzeko eta karraskariak kontrolatzeko; habien artean gutxienez 300 metroko tartea utziko da; horietako bat Corral de Lagazaren inguruan jarriko da. 11. poligonoko 7. lurzatiaren aldameneko habia gertuko lekuren batera eramanen da, baldin eta lurzati berriaren mugan geratzen ez bada.

2.3. Bide eta tutu sarearen ingurumen ukipenak:

–Malda handiko terrazaren (igeltsuak) ezpondarako diseinatutako hoditeriarako beste aukera bat aztertuko da (4. poligonoko 194. lurzatira jaisten da).

–La Sarda sakanetik hodia gurutzatzeko (8. planoko 10. zenbakia, jabari publiko hidraulikoari eragiten diona), landaredi naturalari albait inpaktu txikiena eragitea ebaluatuko duen zuinketa bat eginen da, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuta betiere.

–Sierraperrako sakanetik hodia gurutzatzea berekin ekarriko ez duen beste aukeraren bat aztertuko da (8. planoko 13. zenbakia), baldin eta horrek sakana lehengoratzea oztopatzen badu (2.1.c puntuan aurreikusia).

–Sopeñaseko sakanarekiko paraleloan doan bidea laborearen alderantz zabaldu beharko da. Bide horretatik sakanera doan bidegurutzean, Sopeñaseko idoiaren parean (NKBBN 35eko mendebaldeko muga), idoi horri eta inguruko larreei eragitea saihestuko da (baita ingurumen azterketan inbentariatu ez direnei ere).

–13. eta 14. zenbakietako iraganbideetatik eta 6. zenbakiko zeharbidetik igarotzen diren bideen zabalera zabalduz gero, abelbide horiekin lotutako larreen azalera galtzea saihestuko da ahal den neurrian. Aurreikusitako hodiak larre horietatik kanpo diseinatuko dira (adibidez, Cañada del Saso delakoaren kasuan).

–Lagazako lehorreko lurretik diseinatutako bideak ez die eragin beharko Doña Toda sakanaren bidearekiko lotuneko arteei (koordenatu puntua: x = 581.777 eta y = 4.707.932).

–Lagazako lehorreko lurraren eta soro ureztatuaren arteko muga Corral de Lagazaren hondarrak errespetatzen saiatuko da (zehazki, ertz batetik diseinatuko da).

2.4. Ureztatzeko sistema:

–Ingurumen azterketak ezartzen duen bezala, Esparteta parajean gainazalak ezarriko dira ureztatze lokalizaturako (tantakako ureztapena) eta plubiometria kontrolatuaren bidezko aspertsiorako (ingurumen azterketaren arabera, 4,9 mm h-1 izanen da), igeltsu substratu batean sor litezkeen jariatzeak minimizatzeko.

–"Lizarrerriko Erriberako Igeltsuak" KBEan eta "Baigorrana-Uson" estepako abifaunarako eremu kritikoan sartutako mahasti lurzatiak (Leringo 5. poligonoko 108. eta 111. zenbakiak) tantakako ureztatzearekin parekatuko dira, baina ez ihinztagailuekin (oinarrizko proiektuak ezartzen duen bezala).

–4. poligonoko 350 lurzatian –Ega ibaiaren ondoan dagoenean–, tantakako ureztapena mantendu beharko da (aspertsiorik gabe), gutxienez iparraldean (ibilgurako ekialdea-mendebaldea bidetik).

3. Beharrezko obra materialak:

Bideak finkatzeko, agregakin birziklatuen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz. Proiektu honetan gutxienez %25ekoa izanen da portzentaje hori. Proiektuko neurketetan eta aurrekontuan islatu beharko da hori. Obran, agregakin birziklatuaren kalitatea bermatu behar da.

4. Ingurumena zaintzeko programa:

Ingurumena zaintzeko programa (ingurumen azterketaren 9. kapitulua) eta abifaunaren erroldarako eta jarraipenerako protokoloa (ingurumen azterketaren 6. eranskina) aplikatuko dira.

Ingurumena zaintzeko programak honako hauek hartuko ditu barnean: a) gutxienez bi urtez, ingurumen integraziora bideratutako gainazalen jarraipena, b) belatz gorriek (Falco tinnunculus) eta hontz zuriek (Tyto alba) habia kaxak erabiltzea, eta c) estepako hegaztiei jarraipena egitea bi urtez; azken kasu horretan, azterketa eremu gisa sartuko dira Lagazako lehorreko lurren eremua eta eremu kritikoaren (Allorekiko mugartean) 900 metroko buffer bat; ugalketa denboraldian eginen da laginketa ahalegin nagusia.

Era berean, lurzati berrantolamendurako eta soro ureztatu bihurtzeko jarduketaren ondorengo 10 urteetako ekainean, sustatzaileak txosten bat eman beharko du, ingurumen azterketan eta ebazpen honetan jasotako neurriak eta horien kontserbazio egoera betetzen direla ziurtatzeko. Bereziki zaindu beharko da azalerak bilakaera naturalean uztea eta biodibertsitatea eta paisaia hobetzea. Kondizioren bat betetzen ez bada, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak dagozkion kudeaketak egin beharko ditu egoera lehengoratzeko. Txosten horiek Biodibertsitaterako eta Arrantza Kudeaketarako Zerbitzuan ere aurkeztu beharko dira, hura jakinaren gainean egon dadin.

Nitratoen jarraipenari dagokionez, Leringo XXVI-Ega 2 Sektorea ureztaketan jarri aurretik, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuak nitratoen kutsadurak uretan duen eragina monitorizatzeko plan bat onartu behar du. Horretarako, sustatzaileak plan horren proposamen bat aurkeztu beharko du. Proposamen horretan, besteak beste, laginketen puntuak eta aldizkakotasunak zehaztuko dira, eta aldez aurreko erreferentzia maila ezarriko da, dagokion laginketaren bidez. Neurketak ureztatu baino gutxienez urtebete lehenago eginen dira, datu konparatiboak izateko.

5. Ingurumenaren arloko balioei buruzko informazioa ematea titularrei:

Lurzatiak berrantolamendurako akordioan identifikatuko dira nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak (NKBBN) eta ingurumen izapideak beharko lituzkeen landaredi naturala (ebazpen honen 1. puntuan xedatutakoari jarraikiz). Ingurumena lehengoratzeko gune berriak nahitaez kontserbatu beharreko balio natural (NKBBN) gisa tratatuko dira.

Informazio hori 1:6.000 eskalan edo zehatzagoan jasoko da, eta udaletxean izanen da finken jabeen eskura, eta Nekazaritza Lurzatien Informazio Geografikoko Sisteman (SIGPAC) barne hartuko da. Nolanahi ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ziurtatu eginen du jabe bakoitza kontzentrazioaren ondoriozko lurzatietan sartuta geratzen den landaredi naturalaren jakinaren gainean dagoela, bai eta ebazpen honetan jasotako gainerako ingurumen kondizioen jakinaren gainean ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Leringo Udalari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarra 2 barrutia), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Ega2-Lerin lurzati berrantolamendurako eta soro ureztatu bihurtzeko jarduketak ezaugarri hauek ditu:

–Lurzati berrantolamenduak 1.321 hektareako gainazal bati eraginen dio eta, ezarritakoaren arabera, 966 hektarea presiopeko ureztapenerako soro bihurtuko dira.

–Gaur egun 1.795 lurzati daude, eta 4,91 hektareako azalera dute, batez beste, jabe bakoitzeko. Kontzentratu beharreko eremu osotik 187,54 hektarea herri-lurrak dira.

–Bide sarea lurzati ureztagarrien eskakizun berrietara egokituko da, eta egungo trazadura baliozkoa izanen da proiektatutako sarearen zatirik handienean. Egungo bideak –4 edo 4,5 metroko zabalerak dituztenak– 5 eta 6 metroko errodaduraraino zabalduko dira, baita ibilgailu luzeei biratzeko zailtasunak eragiten dizkieten bihurguneak ere.

–Interes orokorreko ureztatze sareak 33.467 metroko luzera izanen du. Altzairuzko, burdinurtu nodularrezko eta PVCzko hodiak izanen ditu. Hodi guztiak zangan lurperatuta egonen dira, goiko sortzailearekiko 1,1 m-ko sakoneran, gutxienez. Zangaren oinarria 0,50 m-koa izanen da, gehi instalatutako hodiaren diametroa, eta 1/3ko hondeatze ezpondak izanen dira.

–Ekarpen material hauek beharko dira: 4.447 m³ legar ohe eta 75.775 m³ zagor, hoditeriarako asentu legar oherako eta bide zoruetarako (oinarri azpia eta oinarria). Material horiek gaur egun aginduzko ingurumen baimena duten edo izanen duten hornidura iturrietatik etorriko dira. Soberako materialei dagokienez, existitzen diren fabrika obra batzuen eraispen hondarrak baino ez dira jaso, eta, behar bezala tratatuta, obran bertan berrerabiliko dira.

II. ERANSKINA.–INGURUMEN ERAGINAREN AZTERKETA

Laboreen eta aprobetxamenduen maparen arabera, lurzati berrantolamendurako eremuan baso gainazaleko %3,52 dago. Gaur egungo landaredi naturaleak hauek biltzen ditu: sastrakadi gipsofilo eta basofiloak, urteroko larre xerofilo eta gipsikolak, gatz lurrak, artederretak, komunitate terofitikoak eta ibaiertzeko landaredia. Eraginaren azterketak landaredi naturala eta erdinaturala duten esparruen mugaketa kartografikoa egin du 1:5.000 eskalan, bai eta haien balorazio ekologikoa ere. Zehazki, 225 arlo dira, bi motatakoak: Nahitaez kontserbatu beharreko 124 balio natural (NKBBN), 108,25 hektareako guztizko azalerarekin, eta kontserbazio ez-lehenetsiko 101 esparru, 39,42 hektareako guztizko azalerarekin. Kontserbazioari begira, honako hauek dira interes handieneko komunitateak: itxiokorri sastrakadiak, otabera sastrakadiak, ezkai sastrakadiak eta erromero sastrakadiak igeltsuen gainean, otabera sastrakadi eta ezkai sastrakadi kaltzikolak, Brachypodium retusum espeziearen belardiak, espartzudiak (nola halofiloak hala ez-halofiloak), eta urteroko larre gipsikolak.

Faunari dagokionez, 96 hegazti espezietako hegazti ugari detektatu dira. Estepa hegaztien lau espezie daude: mirotz zuria, Naumann belatza, atalarra eta ganga azpibeltza. Babestutako beste espezie batzuk kiropteroak dira (6 espezie), baina 10 anfibio espezie eta 12 narrasti espezie ere aipatu dira. Ugaztunen artean, nabarmentzekoak dira untxia, erbia, azeria, basurdea, triku arrunta, erbinudea, ipurtatsa, azkonarra eta katajineta.

Lurzati berrantolamendurako eremuaren barruan, bi igarobide ekologiko garrantzitsu daude: Sopeñas eta Salado sakanak. Habitatarekin eta ertzekin lotuta dituzten ezaugarriak kontuan izanik, eta alde batera utzi gabe emari iraunkorra dutela, garrantzitsuak dira ur fauna kontserbatzeko: zingira mirotza, basahatea, uroilo arrunta, uroilanda handia, erle txoria, kuliska txikia, txirritxo txikia, koartza gorria, koartza hauskara, koartzatxo itzaina eta zikoina zuria.

Lurzati berrantolamenduak berekin ekarriko du ezpondak desagertzea, bai eta ezponda horiekin lotutako landaredia ere eta, horrenbestez, paisaia nabarmen sinplifikatuko da. Era berean, faunarentzat interesekoak diren elementu asko galduko dira. Horregatik, ingurumen azterketak paisaiarako neurri zuzentzaile eta konpentsatzaile espezifikoak proposatzen ditu (ikus aurrerago).

Jarduketa eremuan 18 aztarnategi arkeologiko aurkitu dira: 1. kategoriako 3, 2. kategoriako 8 eta 3. kategoriako 7. 3. eranskinean dagozkion babes neurriak jasotzen dira.

Hiru abelbideren presentzia da nabarmentzekoa. P-13ren iraganbidea 3.888 metrotan, P-14ren iraganbidea 2.291 metrotan eta T-6 zeharbidea 952 metrotan. Gurutzatzeek eragindako gainazalak lehengoratu eginen dira eta, beharrezkoa izanez gero, ereite edo landaketak eginen dira horretarako.

Hodien eta bideen sarea gauzatzeak landaredian duen inpaktua kuantifikatzen du azterketak (6.2.6 apartatua). Toki horietan, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu behar dira.

Hona hemen prebentzio neurrietako zenbaitzuk (7.1 apartatua):

a) Hidrologia babesteko neurri espezifikoak: lixibiatuak saihesteko hartutako neurrien ebaluazio eta jarraipen programa espezifiko bat jaso beharko du eraikuntza proiektuak, baita hartutako neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko kontrolak ere, bereziki nitratoei eta gazitasunari dagokienez. Horretarako, dren jakin bat hautatuko da. Bertan, emaria neurtu eta laginak jasoko dira hilero eta hamabost egunean behin, garai jakin batzuetan. Lagin horietan, eroankortasun elektrikoa eta nitratoen kontzentrazioa zehaztuko dira. Jarraipen programa hori Ureztatzailearentzako INTIA Aholkularitza Zerbitzuak eginen du.

b) Fauna babesteko neurri espezifikoak: nekazaritza eta ingurumen neurrien plan bat aurkeztuko da Lagazako lehorreko lurretan estepako abifauna faboratzeko, eremu ureztagarriaren mugaren eta estepako abifaunarako garrantzitsua den eremuaren (AICAENA) artean (Río Mayor ibaiaren ingurua). Ustiaketa hasi aurretik eginen da; lugorri gainazalen ezarpena barne hartuko du.

c) Paisaia babesteko espezifikoak: gaur egungo paisaiako mosaiko egiturak kontserbatzea eta sustatzea; landaketen artean landaredi naturaleko orbanak tartekatzen dituzte halako egiturek.

d) Drainatzeak egokitzeko espezifikoak: bitarteko mekanikoen bidezko garbiketa laborantza lurzatietatik bertatik egin beharko da beti, eta inoiz ez intereseko landaredi naturala duten eremuetatik, hala nola larreetatik. Horretarako, 3 metroko zabalerako bandak erreserbatu dira, ibilguekiko paraleloak, makineriak sartzeko lekua izan dezan. Urtero planifikatu beharko dira drainatzeen mantentze jarduketak, eta horren berri eman beharko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileek paisaiarako neurri espezifikoak hartzen dituzte barne:

–Habitatak lehengoratzeko sortutako ingurumen masa komunak ezagutu ondoren, haien ingurumen integraziorako proposamen bat eginen da. Proposamen hori eraikuntza proiektuan islatuko da, paisaiari heterogeneotasun handiagoa emanen dioten hainbat elementu integratzaile barne hartuta, batez ere Lagazan.

–Eremuan kokatutako sakanak lehengoratzea, jarduketa eremuaren mendebaldearen eta ekialdearen arteko konektibitate elementu gisa. Sopeñas eta Sierraperra sakanetako ibaiertzen okupazioa handitu eginen da.

–Lagaza parajean hustubide bat eginen da, mendebaldetik ekialdera gurutzatuko duena, hainbat espezie erein eta landatzeko banda batekin. Horren helburua zera da, "Río Mayor ibaiaren ingurua" eremua –estepako abifaunarako garrantzitsua dena– Ega ibaiaren ertzarekin lotzeko igarobide bat sortzea.

Ondorio gisa, ingurumen eraginaren azterketan adierazten da aurreikusitako jarduketek ez dutela sortuko maila bateragarria/moderatua gainditzen duen ingurumen eraginik, betiere aurreikusitako babes neurriak hartzen badira. Azterturiko lurraldearen barrenean, ingurumenaren aldetik ahulen diren eremuetan (nahitaez kontserbatu beharrekotzat sailkatutakoetan) eta fauna katalogatuan ez da aldaketa nabarmenik eraginen proiektuaren ondorioz.

III. ERANSKINA.–LURZATI BERRANTOLAMENDURAKO EREMUAREN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2408131