116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

163E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 761167.

Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S4) merkatuaren eta teknologiaren ikuspegitik zedarritzen ditu espezializazio-arloak, bai eta 2021-2027 aldian Nafarroaren lehiakortasuna hobetuko duten zeharkako politikak ere. S4 delakoaren helburua da hazkunde eredu jasangarri eta inklusibo baterako bidea egitea, hots, hazkunde ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta gizarte- zein lurralde-kohesioa sustatzea.

Nafarroako 2021-2025 aldirako Industria Planaren helburu orokorra, berriz, industria enpresen hazkundea eta beharrezkoa duten eraldaketa bikoitza sendotzea da, proiektu eraldatzaileak abian jarriz, jarduera ekonomiko berria sortu eta erakartzea sustatuz eta industriaren ekosistema lehentasunezko balio-kateen inguruan indartuz.

Badira zenbait politika publiko bideratuta daudenak S4an nahiz Nafarroako Industria Planean ezarritako helburuak betetzera. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzak horien barruan dira, eta helburu dute orientazioa ematea lehiakortasuna hobetu nahi duten Nafarroako enpresei. Zehazki, aholkularitza espezializatua sustatu nahi dute, bai aholkularitza eta ingeniaritza gastuak diruz lagunduta (enpresako hainbat arlo aztertzearen ondorioz sortutakoak) bai hobekuntza ekintzak inplementatuta.

Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4709-458107: ETEen lehiakortasuna sustatzea

2024

600.000,00

810001-81100-4709-458107: ETEen lehiakortasuna sustatzea

2025

600.000,00

Halaber, 200.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko laguntzetan aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako enpresen lehiakortasuna sustatzea, dirulaguntzak emanez helburu horretarako aholkularitza espezializatuarekin egiten diren proiektuei.

Proiektu horiek enpresaren arloak aztertzea izanen dute xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzak eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun:

a) Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda egotea Nafarroan.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela frogatzeko ziurtagiriak.

e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

2. Betebehar horiek frogatuko dira 6. oinarriak aipatutako eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenarekin, eta dirulaguntza ordaintzen den arte bete beharko dira.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten proiektuak egiteko laguntzak emanen dira.

Proiektuak banakakoak (enpresa bakar batek egindakoak) edo kooperatiboak (bi enpresak edo gehiagok parte hartzen dutenak) izan daitezke. Gainera, azken horiek baldintza hauek beteko dituzte:

–Lankidetzak abantaila gehigarriak sortu beharko ditu proiektua banaka gauzatzearekin alderatuta.

–Enpresa parte-hartzaileak ez dira elkarren artean lotuak edo elkartuak izanen, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan ezarritakoaren arabera.

2. Proiektu diruz lagungarriak arlo hauetakoren batekin lotutakoak izanen dira:

a) Estrategia:

–Gogoeta estrategikoak.

–Negozio ereduen diseinua.

–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.

b) Antolaketa eta kudeaketa:

–Antolaketako eta kudeaketako ereduak ezartzea.

–Antolaketako beste hobekuntza batzuk.

c) Prozesua-produktua:

–Produktuaren eta prozesuaren diseinua.

–Lean-a.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.

d) Ekonomia zirkularra:

–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.

–Ekodiseinuko proiektuak.

–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

e) Merkatua:

–Merkatu berrien gaineko azterketak Espainiarako.

–Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia.

f) Gizarte berrikuntza: Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen "SIPRESTA" metodologia edo horren baliokideak diren beste batzuk aplikatzea.

g) Bestelako jarduketak:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak, baldin eta akordio horien helburua lehiakortasuna nabarmen hobetzea bada eta enpresak ez badira enpresa talde berekoak. Deialdi honen ondorioetarako, ulertzen da enpresen lankidetza dela bi enpresaren edo gehiagoren gaitasunak eta ezagutzak partekatzea aldi baterako, denen helburu bat edo batzuk lortzeko, sortutako sinergiak baliatuta.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.

3. Gauzatzeko epearen arabera, proiektuak mota hauetakoak izanen dira:

a) 1. motakoak: 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra egin diren proiektuak (fakturatuak eta ordainduak).

b) 2. motakoak: 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko apirilaren 30era egin diren proiektuak (fakturatuak eta ordainduak).

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Aurreko oinarrian definitutako proiektuen gastu diruz lagungarriak honako hauek izanen dira:

a) Aholkularitzako eta ingeniaritzako kanpo gastuak, aurreko oinarrian definitutako proiektuak garatzeko.

b) "Produktua-prozesua", "Ekonomia zirkularra" eta "Merkatua" arloetan kokatutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, baldin eta ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu honetan, aurrekontu diruz lagungarria, gehienez ere, a) letran aipatzen diren gastu diruz lagungarrien %20 izanen da.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10, gehienez ere.

2. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori enpresak eskatzen dituen baldintzetan egiteko.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean (fakturatu eta ordaindu denean).

Ez dira diruz lagunduko dirulaguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz adierazitako moduan frogatzen ez diren gastuak.

3. Gastu diruz lagungarriak ordaindu beharko dira sektoreko araudi aplikagarrian xedatutako ordainketa-epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan (30 egun natural, non ez den adosten 60 izatea, gehienez).

4. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Ohiko aholkularitza gastuak, hots, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan kontrataturik egon den aholkularitza-enpresari dagozkionak.

b) Ziurtagiriak eskuratu edo berritzeko kanpo aholkularitza edo auditoretza gastuak.

c) Nazioarteko merkatuen azterketari edo haietan kokatzeari eta nazioartekotze planei dagozkien aholkularitza gastuak.

d) Produktuetan edo produktu-lerroetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, lehendik dauden zerbitzuetan eta beste eragiketa aktiboetan egiten diren ohiko eta aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzarik ekartzen ahal duten aipatutakoetan.

e) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakon aztertzeko ez badira.

f) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.

g) Energia efizientzia hobetzeko jarduketei dagozkien gastuak.

h) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

i) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

j) Enpresako langileen gastuak.

k) Lurrak eta eraikinak.

l) Bigarren eskuko ondasunak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Oro har, dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat hartzen duen aurrekontuaren %45.

Aurreko portzentaje hori handitzen ahalko da puntu gehigarri hauekin, %60ra iristeko:

a) Genero berdintasuna: 5 puntu, honako baldintza hauek aldi berean betetzen badira:

–Emakumeek enpresako erantzukizun edo zuzendaritza postuen %30 gutxienez betetzea.

–Plantillako langileen %30 gutxienez emakumeak diren enpresen kasuan: 2023ko ekitaldian, langile gizonezkoen batez besteko orduko soldata gordina emakumezko langileen batez besteko orduko soldata gordinarekin zati eginik, zatidura 1,05 edo hori baino gutxiago izatea.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) 3.1 oinarrian definitutakoaren araberako lankidetza proiektuak: 5 puntu.

Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu, enpresak proiektua bere aldetik bakarrik eginez gero izanen lituzkeenak baino, eta abantaila horiek justifikatu beharko dira. Halakoetan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bere laguntza eskaera aurkeztu beharko du.

2. Enpresa bakoitzari 25.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez, salbu eta nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 20.000 eurokoa izanen baita.

Enpresa bakarraren definizioa ezarrita dago Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduaren 2.2 artikuluan. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta mugaegunaren hilabetean amaituko da, hilabeteko zer egunetan argitaratzen den, egun horretan. Zehazki, eskaerak aurkeztu beharko dira:

a) 1. motako proiektuetarako, argitaratu eta hilabetera.

b) 2. motako proiektuetarako, argitaratu eta bi hilabetera.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa eskaneatuta, agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da, zein bere izenarekin: (adib. "Proiektuaren memoria"). Eskaeraren dokumentazioak honako hauek jasoko ditu:

a) Eskabide-orria, laguntzen fitxan eskura daitekeena, zeinak 2. oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena biltzen baitu.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria zehatza.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

d) Hornitzailea 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) 2023-01-01etik 2023-12-31ra arte "Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla" izeneko txostena, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak egina. Enpresak langilerik ez badu, "Gizarte Segurantzako sisteman enpresaburu gisa inskribaturik ez egotea" izeneko txostena aurkeztu beharko du, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak ere egina.

f) Laneratze enpresen kasuan, enpresa sortzeko estatutuak aurkeztu beharko dira eta 94/2016 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazio araubidea, erregistroa eta laguntzak).

g) Hala badagokio, 5.1 oinarrian ezarritakoaren arabera dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

Zehazki, genero berdintasunaren baldintza justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Enpresaren egiaztagiria, non enpresako erantzukizuneko edo zuzendaritzako postuak eta horietan aritzen direnak agertuko baitira.

–Excel-orri bat, langileen batez besteko eta orduko soldata gordinaren ratioa kalkulatuta.

–190 ereduaren kopia, 2023ko atxikipenei eta konturako sarrerei buruzkoa.

–Lan bizitzari buruzko txostena, enpresaren kotizazio kontuko kode guztiei dagokiena.

–Lan hitzarmen aplikagarrian urteko lanorduen kopurua zehazten den zatiaren kopia.

4. Bi enpresak edo gehiagok proiektu bat aurkezten dutenean lankidetzan, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek oinarrietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3. atalean adierazitako dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ezin izanen da hori zuzendu, inolaz ere.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, 3. oinarrian definitzen diren proiektu motak kontutan hartuta, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

PROIEKTU MOTA

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

1. MOTAKOAK

810001 81100 4709 458107 ETEen lehiakortasuna sustatzea

2024

600.000 euro

2. MOTAKOAK

810001 81100 4709 458107 ETEen lehiakortasuna sustatzea

2025

600.000 euro

2. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, gehienez ere 26 puntu emateko:

1. Enpresaren batez besteko plantilla 2023-01-01etik 2023-12-31ra arteko aldian:

–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: 1 puntu.

2. Ekonomia sozialeko enpresak: 1 puntu.

3. Laneratze enpresak: 3 puntu.

4. Lankidetza proiektuak, 3. oinarriaren arabera: 3 puntu.

5. Proiektuaren arloa:

a) Estrategia: 4 puntu.

b) Antolaketa eta kudeaketa: 4 puntu.

c) Prozesua-produktua: 7 puntu.

d) Ekonomia zirkularra: 10 puntu.

e) Merkatua: 4 puntu.

f) Gizarte berrikuntza: 10 puntu.

g) Bestelako jarduketak: 4 puntu.

6. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2023ko deialdian laguntzarik jaso ez duten enpresak (2023ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 27koa): 2 puntu.

Enpresa batek 3. oinarriko bi proiektu motetarako laguntza eskatzen badu, 6. irizpide honi dagozkion puntuak 1. motako proiektuari emanen zaizkio (2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egin dena). Eta mota bereko proiektuetarako laguntza eskatzen badu, puntuazio hori emanen zaio 1. irizpidetik 5.era bitartekoetan balorazio onena duenari.

3. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta berdinketak irauten badu, laguntza eskaera lehenago aurkeztu duen enpresaren alde ebatziko da.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari bi ebazpen proposamen igorriko dizkio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateaz ebatziko duen organo eskuduna, eta bi ebazpen emanen ditu 7.1 oinarrian aipatzen den hurrenkera bakoitzeko.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta ezetsi diren eskaerak, halakorik bada, bai eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpenetan adieraziko da zer gastu-aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradun bakoitzari, proiektu motaren arabera. Horrek ezarriko du zein den gauzatzeko epea (3.3 oinarria), baita diruz lagundutako proiektuaren justifikazioa egiteko epea ere (9.1 oinarria).

3. Ebazpenak gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean, osorik edo partez, erantzun ezin izan ziren eskaerak aintzat hartzeko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

9. oinarria.–Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Hauek izanen dira egindako proiektua justifikatzeko epeak:

a) 2024ko urriaren 31, 1. motako proiektuetarako.

b) 2025eko apirilaren 30a, 2. motako proiektuetarako.

Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak.

d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterketa.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

3. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emanen du 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen zaie ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Jasotako laguntzaren berri ematea web korporatiboan edo, baldin eta web korporatiborik ez badago, establezimenduaren leku ikusgarri batean 3 urtez, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita, honako esaldi honekin: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2024ko laguntzen deialdian".

e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio dirulaguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster egin beharko zaio komunikazio hori, eta, beti, 9. oinarrian ezarritako justifikazioa egin baino lehen.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (2023ko L 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

2. Era berean, nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, enpresa bakar bati ezin izanen zaizkio 20.000 euro baino gehiago eman "de minimis" laguntzetan guztira hiru zerga ekitalditan, bat etorriz Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 316/2019 Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek aldatzen du 1408/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen duena (2019ko L 51. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, otsailaren 22koa).

3. Aurreko ataletan adierazitakoaren ondorioetarako, enpresek eskabide-orrian deklaratuko dituzte eskaeraren dataren aurreko hiru urteetan jasotako "de minimis" laguntzak.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu-kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan ere argitaratuta egonen dira bi urtez.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2407812