267. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

KASEDA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren 2023ko azaroaren 28ko 37/2023 Ebazpenaren bidez onetsi ziren honako deialdi honen oinarriak: Kasedako Udalean zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoarekin, oposizio bidez betetzeko deialdia. Hona hemen:

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat oposizio bidez betetzea, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoarekin, Kasedako Udaleko plantillan sartzeko.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuarekin eta indarra duen araudiarekin, eta jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une oro ezartzen diren osagarriak.

1.3. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da, eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Kasedako Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendekiko, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere probaldi bat ezartzen da, bi hilabetekoa, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

Udalaren ondasun higiezinak, berdeguneak, bide publikoak, bideak, zerbitzuak edo jarduerak mantentzeari dagozkion eginkizunak, haien artean honako hauek nabarmenduta, baina aipatzen direnetara soilik mugatu gabe: parkeak, lorategiak eta berdeguneak garbitu, mantendu eta ureztatzea; bide publikoak, bideak, hiri-altzariak, eta udal hilerria onik zaindu, mantendu eta garbitzea; udalaren jabetzako erremintak eta materiala kontrolatzea; eraikinak; ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea; igeltserotzako, iturgintzako eta elektrizitateko konponketak.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B motako gidabaimena izatea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Kasedako Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Kasedako Udaleko erregistro orokorrean (Merkatuko plaza, 2, 31490 Kaseda), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, hamabost (15) egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak izanen dira I. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia, edo bizileku-txartelaren zein lan-baimenarena.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia.

d) Curriculum vitaea.

Dokumentu horiez gain, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko behar dituzten egokitzapenak, denbora eta baliabide aldetik, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

e) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4. oinarria.–Tasak.

Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES11 2100 5063 26 2200022466 kontuan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo bost egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, adierazita deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

5.3. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

–Epaimahaiburua: Jesús Esparza Iriarte, Kasedako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–1. mahaikidea: Pedro Azcárate Iriarte, argikearia Electricidad Azcárate SLn.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–2. mahaikidea: Francisco Labiano Sola, Kasedako Udaleko obretako eta zerbitzu anitzetako ofiziala.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–3. mahaikidea: J. Manuel Mugueta San Martín, Kasedako Udaleko arkitekto aholkularia.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–Epaimahaikide-idazkaria: María Ramírez de Arellano Alemán andrea, Kasedako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Kasedako Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Oposizioaren hasiera eta garapena

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpen berean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Plika sistema erabiliz eginen da, eta erantzun beharko zaio II. eranskineko gaiei buruzko galde-sorta bati. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu emanen dira. Gutxienez, 25 puntu atera beharko dira, eta baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba egiteko zer denbora izanen den.

–Hirugarren ariketa: elkarrizketa pertsonala. Proba izanen da epaimahaikideekin elkarrizketa bat izatea. Aurreko bi probak gainditzen dituztenekin elkarrizketa bat eginen da, merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz. Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen eta lanpostuaren eginkizunak, aurkeztutako merezimenduak eta II. eranskineko edukia jorratuko dira bertan. 10 puntu emanen dira, gehienez.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa burututakoan, behin-behineko kalifikazioen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean. Alegazioak aurkezteko 3 egun baliodun emanen dira, eta, haiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira webgunean eta iragarki-taulan, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak agertu beharko dira aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokide bat. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.

Oposizioaren azken kalifikazioa lortuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioak batuta.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.1. Gainditu dutenen zerrenda.

8.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Kasedako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako kontratazioetarako.

8.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

8.1.3. Epaimahaiak puntuaziorik handiena duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio alkateari, eta proposamena loteslea izanen da harentzat. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.1.4. Proposatuak deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituen agiriak aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean.

8.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.

8.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Kasedako Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Kasedako Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 8.1.5 apartatuan xedatuari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

10.1. Kasedako Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

10.2. Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

10.3. Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, interesdunak eskatuta); eta DBEOren 6.1.c) artikulua (beharrezkoa den tratamendua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko).

10.4. Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

10.5. Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez. Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Kasedan, 2023ko azaroaren 28an.–Alkate udalburua, Jesús Esparza Iriarte.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_C.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Hizkuntzaren, ortografiaren eta zenbakien arloetako gaitasuna.

2. gaia.–Udalerria. Kontzeptua eta funtsezko elementuak.

3. gaia.–Igeltserotzako lana. Makineria, erremintak eta materialak.

4. gaia.–Zerbitzu anitzetako peoi eta langilearen eginkizunak obra batean, materiala prestatzea.

5. gaia.–Parke eta lorategiak mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak. Parkeak, lorategiak eta berdeguneak mantentzea, peoi langilearen lorezaintza-lanak.

6. gaia.–Makineria mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak.

7. gaia.–Peoi langilearen lanak pinturan, elektrizitatean, soldaduran, iturgintzan eta eraikinak mantentzen. Materialak, erremintak eta matxurak.

8. gaia.–Kasedako udalerriko kale-izendegia eta alderdiak.

9. gaia.–Babes zibila eta su-itzaltzea, oinarrizko ezagutzak.

10. gaia.–Laneko segurtasun eta higienea. Segurtasuna, makineria eta erremintak erabiltzean.

11. gaia.–Lanposturako eskatzen den prestakuntzaren kultura orokorra eta ezagutzak eta gaitasun teknikoak.

Iragarkiaren kodea: L2317206