121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Deialdia, mantentze-lanetako arduradunaren lanpostu bat, C mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, D mailako funtzionarioen artean

Deialdia onetsi zen Antsoaingo Udaleko Gobernu Batzarrak 2023ko maiatzaren 22an hartutako erabakiaren bidez.

Antsoainen, 2023ko abenduaren 23an.–Alkate udalburua, Ander Andoni Oroz Casimiro.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da mantentze-lanetako arduradunaren lanpostu bat betetzea Antsoaingo Udaleko D mailako udal funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluaren babesean. Lanpostuak 5001 identifikazio-zenbakia du plantilla organikoan, eta Mantentze Lan Orokorretarako Arloari atxikia dago.

1.2. Deialdi honen bidez izendatutako izangaia C mailakoa izanen da jabetza hartzen duen egunetik aitzina. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira lanpostu horretarako finkatuta daudenak indarrean dagoen plantilla organikoan.

1.3. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa; eutsiko dio Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuko beharrek hori eskatzen dutenean. Ohikoa izan daiteke, bada, goizez eta arratsaldez lan egin behar izatea, edo astelehenetik larunbatera.

1.5. Izendatuak bere mailan eta kategorian agintzen zaizkion eginkizunak beteko ditu, besteak beste:

–Zerbitzu anitzetako lan taldea koordinatzea, planifikatzea eta segimendua egitea, eta bere ardura izanen dira esleitutako giza baliabideen eta baliabide materialen efizientzia.

–Gainerako zerbitzuburuekin koordinatzea, arlo bakoitzean egunero egin beharreko lanean.

–Lorezaintza Arloarekin lanak koordinatzea, zereginak bi zerbitzuei dagozkienean eta bi zerbitzuetako langileek elkarri lagundu behar diotenean.

–Bideen mantentze-lanak koordinatzea albienteen buruarekin, hala nola obrak egitea, seinaleak jartzea, pintatzea eta abar. Baita trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin lotutako guztia ere.

–Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea eta egitea, edo zerbitzuak kontratatzea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketa horiek kontrolatzea.

–Lanpostuari lotutako txosten txikiak, memoriak, idazkiak eta proposamenak egitea.

–Arduratzea zerbitzu anitzetako materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akatsak, matxurak eta hausturak, eta horien jarraipena egitea; orobat, horiek aldatzeko edo konpontzeko proposamen eta aurrekontu zehatzak egitea.

–Zerbitzuak hobetu daitezela sustatzea eta horretan laguntzea, eta proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Bide eta bide publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.

–Larrialdi eta ezusteko saihetsezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo.

–Kontrolatzea eta koordinatzea kanpoko zerbitzuekin (eraikinak garbitzea, argiteria publikoa mantentzea, sare informatikoak mantentzea, etab.), eta haien lanak koordinatzea, beharrezkoa denean.

–Instalazioak (igogailuak, berogailuak, suteen kontrako sistemak eta abar) mantentzeaz arduratzen diren enpresen lanak gainbegiratzea. Lanen jarraipena egin beharko du, zerbitzu horiek behar bezala egiten direla ziurtatzeko.

–Hirigintza zerbitzuarekin koordinatzea mantentze-lanei eta obrei eragiten dieten gai guztiak.

–Ekipoak mantendu eta konpondu edo aldatzeko koordinazio lanetan kultura energetikoa sustatzea eta ingurumen irizpideak aplikatzea, betiere helburu izanik energia kontsumoa murriztea eta ingurumeneko baliabideen aprobetxamendu jasangarria.

–Hilero, instalazio publikoen energia kontsumoa kontrolatzea (elektrizitatea, gasa, gasolioa, ura), eta hura murrizteko neurriak proposatzea.

–Langile aski ote dagoen kontrolatzea eta oporretarako, bajetarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako kontratazioak proposatzea.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, behar bezala baliatuta lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak.

–Mantentze-lanetarako urteko gastu-aurrekontua proposatzea Udalari, partidak bereiziz, eta aurrekontuaren gauzatzearen jarraipena egitea.

–Partida propioen gastua kontrolatzea, eta hurrengo ekitaldietarako partidak proposatzea.

–Halako lan jakin batzuk egiteko makinak edo ibilgailuak eskuratu, erosi edo alokatzea.

–Neguko planean esleituta dauzkan zereginak.

–Eta, oro har, Udalak eskatzen dion guztia, bere lanbide trebakuntzaren barnean sartzen bada.

Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Antsoaingo Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea, D maila edo taldekoa.

b) Frogatzea bost urteko antzinatasun onartua administrazio publikoetan.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo horien titulu baliokide bat izatea edo hori eskuratzeko moduan egotea. Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua duela frogatu beharko da.

d) B motako gidabaimena izatea.

e) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea eginkizunak betetzeko.

2.2. Aipatu baldintzak deialdi honen 9. oinarrian azaldutako epean eta moduan frogatu beharko dituzte izangai hautatuek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da, eta oposizio prozedurak irauten duen bitartean izendapenera arte bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak udal bulegoetan aurkeztuko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaizkio. Bertan, eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen direla adierazi beharko dute.

3.2. Eskabideari gehituko zaizkio izangaiak lehiaketaldian baliatu gogo dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia kautotuak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, Antsoaingo Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Antsoaingo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ander Oroz Casimiro, Antsoaingo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Aritz Ayesa Blanco, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegi, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuen burua.

Ordezkoa: Miren Josu Blanco Ocerin, Antsoaingo Udaleko Hirigintzako teknikaria.

Bigarren epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: Javier Urtiaga Sanz, Antsoaingo Udaleko udaltzaina.

Hirugarren epaimahaikidea: Rubén Sánchez Martínez, Antsoaingo Udaleko langileen ordezkaritzak proposaturik izendatu dena.

Ordezkoa: Arantzazu Gonzálaez Torralba, Antsoaingo Udaleko langileen ordezkaritzak proposaturik izendatu dena.

Idazkaria: Iñigo Anaut Peña, Antsoaingo Udaleko Laneko eta Giza Baliabideetako aholkularia.

Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude urriaren 2ko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (urriaren 2ko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

5.4. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta ezin izanen du jardun gutxienez kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Oinarri hauek lotesleak izanen dira, deialdia egin duen Antsoaingo Udalarendako, epaimahaiarendako eta izangai guztiendako.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero; azkena, ziurrenik, 2023ko ekainean hasiko da.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Ondotik, epaimahaiak garaiz emanen ditu argitara hurrengo probak egiteko iragarkiak, erregelamenduaren arabera.

7.–Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztergarria. Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan. Lehiaketaldiko puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu noiznahi.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioak proba bakarra izanen du:

Proba teoriko-praktiko bat egin beharko da; zehazki, lanpostuarekin zerikusia duten proiektu edo kasu praktiko jakin batzuk garatu beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko ditu proiektu edo kasu horiek, eta deialdiaren xede den lanpostuaren funtzioei buruz izangaiek dituzten ezagutzak eta benetako jarduna frogatzeko izanen dira.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du. Gehieneko puntuazioa 70 puntukoa izanen da, eta gainditzeko, gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte izangaiek.

8.2. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udaletxeko iragarki-taulan, azterketa gainditzen duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, bai eta hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

8.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, galarazi gabe etor daitezkeen jarduketa penalak.

8.5. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

8.6. Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aitzin.

8.7. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Antsoaingo Udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (http://www.ansoain.es), azterketa gainditzen dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren hurrenkeran, eta deialdia egin duen organoari igorriko dio puntuazio altuena lortzen duten izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen hori loteslea izanen da deialdia egin duen organoarentzat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan ateratako puntuazioa hartuko da kontuan.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean, baita bertze agiri gehigarri batzuk ere, Udalak eskatzen badizkio.

Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa frogatzeko, epaimahaiak proposatu den izangaiaren osasun azterketa aginduko du.

9.3. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua formalizatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ukatu gabe ere eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea: hautapen prozesua buruturik, eta izangaiak aurreko oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, Antsoaingo Udaleko organo eskudunak C mailako funtzionario izendatuko du proposatutako izangaia, deialdiko lanpostuan ari dadin. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Aipatu epean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 9.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua.

10.3. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko uztailaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan eta horrekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA.–BAREMOA

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan arduradun lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 2 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Beste zerbitzu batzuekin batera emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den denborako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira.

6. Kontuan hartuko dira administrazio publikoetan langile finko gisa nahiz bitarteko gisa egindako zerbitzuak.

7. Gehienez ere 15 puntu emanen dira A) apartatu honetan.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 5 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei emanen zaie kreditu bateko balorazioa.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2. Goi mailako titulazioa izatea: 4 puntu gehienez.

3. Erdi mailako titulazioa izatea: 3 puntu gehienez.

4. Goi mailako prestakuntza, lan agintaritza eskudunak frogatua, gutxienez 600 ordukoa prebentzioko hiru espezialitate edo diziplinetako batean: Laneko Segurtasuna, Industria Higienea eta Ergonomia eta Psikologia Aplikatua. Gehienez ere 3 puntu.

Oharrak B) apartatu osorako:

1. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

3. Gehienez ere 15 puntu emanen dira B) apartatu honetan.

III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. Argiteria publikoa paratzea.

Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Kanpoan jartzen diren argiak eta euskarriak: motak eta ezaugarriak.

2. Iturgintza eta berokuntza eraikinetan.

Tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara gelak eta horien osagai bereziak. Energia aurrezpenaren eta ingurumenarekin lotutako aurrezpenaren kontzeptuak.

3. Oinarrizko arotzeria eraikinetan.

Doikuntza eta konponketa txikiak. Tresnak eta materialak. ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila zilindroak eta pertsianak.

4. Pintura.

Pintura-lan errazetan erabiltzen diren tresnak eta ekipoak ezagutu, zaindu eta, oinarrizko mailan, erabiltzea. Pintura eta berniz motak; tresnak: brotxa, arrabola...; horien hondakinen kudeaketa.

5. Igeltserotza.

Produktu, tresna eta materialak ezagutu eta, oinarrizko mailan, erabiltzea. Obretako seinaleak. Planoen interpretazioa. Eraikinen kontserbazioa, zuinketa eta konponketa txikiak espazio publikoko elementuetan.

6. Ur hornidura. Biltegiak eta sareak.

Sarearen osagaiak. Balbula motak, kloragailuak eta neurtu eta kontrolatzeko elementuak. Mantentze-irizpideak.

7. Larrialdiak eta suteak.

Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, suteetako ur-hargune hornituak, zutabe lehorra eta hidrantea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, detekzioa eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak. Gorabehera larriak kudeatzea egoera meteorologiko txarretan eta larrialdietan.

8. Saneamendu sareak.

Sare motak, materialak, eta kolektoreen eta erregistro-elementuen ezaugarriak. Mantentze-irizpideak.

9. Lorezaintza eta basozaintza.

Ezagutu, erabili eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra). Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea. Udal bateko lorezaintza alorraren kudeaketa integrala.

10. Energia berriztagarriak.

Kudeaketa energetikoari buruzko ezagutzak: kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

11. Kirol instalazioetako mantentze-lanak.

Ezagutzea eta maneiatzea kirol-instalazioak mantentzeko prozedurak eta horiek kudeatzeko eta planifikatzeko jarduketak.

12. Lan arriskuak. Prebentzioa.

Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.

13. Lantaldeen koordinazioa eta kudeaketa.

Lidergoa eta langileen kudeaketa. Lan-arloko legediari eta kontratazioari buruzko oinarrizko ezagutzak. Proiektuak kudeatzea.

Iragarkiaren kodea: L2308090