Iragarkia
96. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
33E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita: "Euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak, 2026rako". DDBN kodea: 899043.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu hedabide publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa sustatzera. Horretarako, eta hedabideek euskara gero eta gehiago eta normalean erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu.
Lege-betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek ditu esleituak: Nafarroako hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskararen presentzia progresiboa sustatzea, laguntza ekonomiko eta materialerako planak egitea, eta Nafarroako hedabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdiak kudeatu eta ebaluatzea, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuak xedatutakoari jarraikiz.
Deialdi honek bi modalitate ditu eta xedea da euskara hutsezko hedabideei bilakaera teknologikoa eta eraldaketa digitala erraztea. Diruz lagungarriak izanen dira, alde batetik, berrikuntzarako proiektuei eta digitalizaziorako inbertsioei buruzko prestakuntza ekintzak, eta, bestetik, informazioaren teknologiako soluzioak (IKT) eta eraldaketa digitalerako aukerak ezartzea.
Ondorioz, komenigarritzat jotzen da "euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak, 2026rako" deialdia onestea, norgehiagoka-araubidean emateko prozedurari jarraikiz.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1 Dirulaguntzaren deialdi hau onestea: "Euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak, 2026rako".
2 Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen I. eranskinean jaso baitira.
3 Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002-B3200-7709-334103: Euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak | 2026 | 115.000,00 |
B30002-B3200-4709-334100: Hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak | 2026 | 25.000,00 |
4 Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5 Foru agindu hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
6 Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 15ean.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da arautzea euskara hutsezko komunikazio-proiektuen berrikuntzarako eta digitalizaziorako programak garatzeko laguntzak, 2026rako.
2.–Onuradunak.
2.1 Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte hedabide baten titular diren pertsona juridikoek, baldin eta euskara hutsean egiten badituzte komunikazio-proiektuak, Nafarroan badute egoitza soziala eta euskarri hauek erabiltzen badituzte:
–Eguneroko prentsa edo aldizkariak, haien zabalkunde eremua Nafarroako Foru Komunitatea bada, eta haien argitaratze jarduera etengabe gauzatu bada deialdi hau argitaratu arte, diruz lagungarria den aldian, eta lege-gordailua badute. Tokiko aldizkariek gutxienez ere 6 ale atera beharko dituzte urtean, eta gutxienez ere 8 orrialde izan, ale bakoitzeko, argitaraldi guztietan.
–Irratiak, baldin eta irratiko komunikazio-zerbitzuak emateko Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzien titularrak badira, eta lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programaziokoen araberako emanaldiak eskaintzen badituzte deialdi honen eskaerak aurkezteko epean.
–Lurreko telebista digitalaren emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak, baldin eta, oinarri arautzaile hauen babesean onetsitako deialdietako eskaerak aurkezteko epean, emanaldiak eskaintzen badituzte lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programazioko baldintzen arabera.
–Komunikazio-proiektuak, osorik online direnak edo online euskarri digitalak dituztenak, bi kasuetan, baldin eta Nafarroan ematen badira eta jarduera hori legez jasota badute beren estatutuetan, xede sozialen artean.
Komunikazio-proiektu bera modalitate batera baino gehiagotara aurkezten ahalko da, baldin eta betetzen baditu horietako bakoitzean zehaztutako eskakizunak.
Aurkeztutako programak originalak eta berriak izan beharko dira, aurretik beste deialdi batzuetan aurkeztu gabekoak. Proposamenen balorazio batzorde teknikoak originalak ez diren edo beste proposamen batzuen oso antzekoak diren proposamenak baztertzen ahalko ditu.
2.2 Deialdi honetatik kanpo geratzen dira eskaera hauek:
a) Alderdi politikoek, izaera politikoko elkarteek, sindikatuek, lanbide elkargoek eta antzekoek argitaratzen dituzten komunikazio-proiektuak edo euskarriak.
b) Elkarteek, kirol klubek, fundazioek edo antzekoek beren kideen artean banatu eta erabiltzeko argitaratzen dituztenak.
c) Eskolen aldizkariak, arlo espezializatuetako aldizkariak edo bereziki interes sektoriala duten arlo zehatzetakoak, kultura buletinak eta kultura adierazpen zehatzetara edo publiko espezializatu bati zuzendutakoak.
d) Ikuskizunen gidak, denbora-pasak eta gisakoak.
e) Udal informazio-aldizkariak eta udal argitalpenak.
f) Euskarri idatziak dituzten komunikazio-proiektuen kasuan, prentsa idatziaren euskarriaren barruan banatzen diren tartekoak.
g) Lege-gordailuaren zenbakirik ez duten argitalpenak.
h) Online komunikazio-proiektu digitalak, baldin eta jarduera hori legez jasota ez badute beren estatutuetan, xede sozialen artean.
i) Azpidomeinuak edo birbideratzeak.
j) Enpresek beren produktuak sustatzeko egiten dituzten argitalpenak, interes orokorreko albisteak jasotzen badituzte ere.
k) Atari eta webgune puntualak, jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere.
l) Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan euskara erabiltzen duten gaztelaniazko komunikazio-proiektuak.
m) Jada editatu eta argitaratu diren beste hedabide batzuetatik egokitutako edukiak berrargitaratzen edo erabiltzen dituzten argitalpenak. Jada editatu diren beste hedabide batzuetako argitalpenen itzulpenak. Halaber kanpo geldituko dira erakunde publikoek edo entitate pribatuek gobernuaren edo entitate publikoen enkarguz egin dituzten argitalpenak.
n) Publizitateko atariak eta argitalpen digitalak, online merkataritza gidak eta, oro har, nagusiki publizitate-xede edo -eduki bat duten argitalpen digital guztiak.
3.–Baldintzak:
3.1 Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Legez eratuta egotea eta behar bezala inskribatuta egotea merkataritza-erregistroan, pertsona juridikoa enpresa bat bada, edo dagokion erregistroan, pertsona juridikoa fundazio, elkarte edo kooperatiba bat bada.
b) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
c) Laguntza hauek jasotzen dituzten fundazioek, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Legearen 49. artikuluaren arabera, kontuak dagokien babesletzari aurkezteko betebeharrak bete beharko dituzte.
d) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako debeku egoeretako batean.
b), c) eta d) baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, entitateen ordezkaritzaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eskaera inprimakian jasota dagoena.
3.2 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak (lege horren bidez ezartzen dira merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak).
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo baliokideak, behar adinako ordezkaritza-ahala duenak, sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa adinakoa edo handiagoa.
Nahi izanez gero, agiri horiek laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako agiriak ezin badira lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko dira.
Epe hori eskatutako agiriak aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
3.3 Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.
4.–Aurrekontu erabilgarria eta denbora-eremua.
Deialdi honetara bideratutako aurrekontua 140.000 eurokoa da gehienez, partida hauen kargura: 25.000 euro gehienez 2026ko gastu-aurrekontuko B30002 B3200 4709 334100 partidaren kargura ("Hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak"), 1. modalitatea, eta 115.000 euro gehienez B30002 B3200 7709 334103 partidaren kargura ("Euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak"), 2. modalitatea.
Jarduera diruz lagungarriak 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte eginak behar dute, bi egun horiek barne. Euskarabideari ziurtagiriak aurkezteko epea 2026ko urriaren 15ean amaituko da, eta ordura arte ordaindutako fakturak onartuko dira.
5.–Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.
Diruz lagungarriak izanen dira modalitate hauetako bat edo gehiago barne hartzen duten programak:
MODALITATEAK | EGIN BEHARREKO EKINTZAK | LAGUNTZEN |
1. modalitatea | Berrikuntzarako eta kultura digitala garatzeko prestakuntza- eta aholkularitza-programak | 25.000 euro |
2. modalitatea | Informazioaren teknologiako soluzioak (IKT) eta eraldaketa digitalerako aukerak ezartzea | 115.000 euro |
Komunikazio-proiektu bat modalitate batera baino gehiagotara aurkezten ahalko da, baldin eta modalitate bakoitzean zehaztutako baldintzak betetzen baditu eta aukeratutako modalitate bakoitzeko eskaera bat egiten badu. Ezin izanen dute gastu bera modalitate batean baino gehiagotan aurkeztu. Gastuak eta justifikazioak ezin izanen dira errepikatu. Kasu guztietan, Nafarroako kontsumitzaileei dagozkien gastuak diruz laguntzen ahalko dira.
5.1 1. modalitatea: Berrikuntzaren eta kultura digitalaren prestakuntza- eta aholkularitza-proiektuak.
1. modalitatea berrikuntzarako eta kultura digitala garatzeko aholkularitza programa edo proiektuak egitera bideratuta dago, eta prestakuntzarako, aholkularitzarako eta/edo eraldaketa digitaleko planak egiteko gastuak lagunduko dira diruz.
5.1.1 Gastu diruz lagungarriak.
1.–Gastu diruz lagungarriak izanen dira bi motatako zerbitzu profesionalak:
–Kanpoko aholkulari espezializatuek emandako prestakuntza- eta aholkularitza-zerbitzuen gastuak. Aholkulari horiek erakundearentzako prestakuntza-eta laguntza-zerbitzuak planifikatu eta gauzatuko dituzte, hainbat arlotan haren lehiakortasuna areagotzeko helburuarekin, hala nola prozesuen eta zerbitzuen digitalizazioan, komunikazio-proiektuen eraldaketa digitalean edo komunikazio-proiektuen produktuei, prozesuei eta zerbitzuei aplikatutako berrikuntzan. Kanpoan geratzen dira ekipamendua erosteko gastuak.
–Zerbitzu profesionalen gastuak, aholkularitza-lanetarako, eta komunikazio-proiektuetan kultura digitala garatzeko eta/edo berrikuntza programak gauzatzeko. Era berean, diruz lagungarria da aholkulari espezializatuek egindako aholkularitza-zerbitzua, helburu duena diagnostikoa, definizioa eta planifikazioa egitea eta eraldaketa edo berrikuntza digitaleko plan bat (EDP) egitea. EDP bat egiteko, V. eranskinean azaldutako faseak eta alderdiak bilduko dira gutxienez, eta aholkularitza-zerbitzua emanen duen kanpoko aholkularitza-enpresa espezializatua zein izanen den adierazi beharko dute. EDP hori ezartzearekin lotutako gastuak, hau da, aktibo material eta immaterial horiek eskuratzearekin lotutakoak, 2. modalitatean diruz lagungarriak dira.
2.–Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu ezin duten zentroetan izan ezik. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten entitate onuradunen kasuan, gastutzat joko da eta hala egiaztatu beharko dute dagokion erantzukizunpeko adierazpenarekin.
5.1.2 Azpikontratazioa.
Dirulaguntza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.
Entitate edo pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren %100era arte.
Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.
5.2 2. modalitatea: IKT soluzioak eta eraldaketa digitalerako aukerak ezartzea
2. modalitatea IKT soluzioak eta eraldaketa digitalerako aukerak ezartzera bideratuta dago. Programa horiek berrikuntza ekarri beharko dute komunikazio-proiektuen esparruan, ikuspegi teknologikotik edo produktuan, zerbitzuan edo erakundean aplikatzearen aldetik:
–IKT soluzioak, komunikazio-proiektuaren eraldaketa digitalera eta eraldaketa digitalerako aukeretara aplikatuak. Komunikazio-proiektuaren arazo jakin bati erantzuten dioten, komunikazio-proiektuan berrikuntza bat dakarten edota komunikazio-proiektuaren eraldaketa digitalerako aukera bat sortzen duten soluzio digitalak zehaztu, diseinatu, garatu eta ezarriko dira. Halaber, baliabideen kudeaketa eta barneko eta kanpoko logistika bateratzen dituzten soluzioak izaten ahal dira.
–IKT soluzioak ezartzean, barne hartzen ahalko da soluzio digital horiek ongi funtzionatzeko nahitaez behar diren elementu material eta immaterialak erostea.
5.2.1 Gastu diruz lagungarriak:
1.–Gastu diruz lagungarriak izanen dira onuradunari fakturatzen dizkiotenak:
a) Bi motatako zerbitzu profesionalen gastuak:
–Eraldaketa digitaleko plan bat ezartzea.
–Berrikuntza eta/edo eraldaketa digitala dakarten soluzio digital zehatzak ezartzea.
b) Zerbitzua emateko ezinbestekoak diren aktibo material eta immaterialak erosi izanaren gastuak, hala nola ekipoak, soinu-mahaiak, sentsoreak, softwarea, aplikazio informatikoak, ekipamendu teknologikoak, zerbitzarien kudeaketa eta mantentze-lanak edo informazio digitala online gordetzeko baliabideak, baldin eta deialdi honen xede den zerbitzua emateko jasotako jarduerak gauzatzeko bakarrik eta modu zuzenean erabiltzen badira eta ez badago horietarako beste finantzaketarik.
2.–Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu ezin duten zentroetan izan ezik. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten entitate onuradunen kasuan, gastutzat joko da eta hala egiaztatu beharko dute dagokion erantzukizunpeko adierazpenarekin.
5.2.2 Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
1.–Dirulaguntza jasotzen duen programari zuzenean lotuak ez dauden gastuak.
2.–Langileen gastuak, gastu arruntak, altzarien gastuak, kontsumigarrien gastuak, obren gastuak, baita ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, displayak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erostea ere, baldin eta dirulaguntza honen xede den jardueraren deskribapenean ezarritakoak ez diren beste erabilera batzuetarako erabiltzen ahal badira.
5.2.3 Azpikontratazioa.
Dirulaguntza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.
Entitate edo pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren %100era arte.
Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.
6.–Eskaerak aurkeztea eta epea.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webguneko tramitazio-fitxaren bidez (aurrerantzean, Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa); horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Agiriak eskaneatuta aurkeztuko dira, agiri bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.
Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta agiriak ere, tratatuko dira jarraituz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.
7.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa betetzea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-proyectos-de-innovacion-y-digitalizacion-de-medios-de-comunicacion-en-euskera.
Laguntzaren eskaeran, ez dira kontuan hartuko ez frogagiriak, ez fakturak, ez eta gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen frogagiriak ere. Agiri horiek aurkezten badira, berriz bidali beharko dira justifikatzeko unean.
Eskatzaileak aurkeztu duen aurrekontuak barne baditu diruz lagungarriak ez diren gastuak, gehiegizkoak izateagatik edo dirulaguntzaren xedearekin loturarik ez izateagatik, balorazio batzorde teknikoak zuzenketa proposamena eginen dio eskatzaileari, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarri gisa erabiliko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua zehazteko.
Eskaera bat eginen da aukeratutako modalitate bakoitzeko. Eskaera telematikoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak bereiz aurkeztu beharko dira, dagokien izenarekin behar bezala identifikatuta. Bi modalitateetako edozeinetarako, honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen aurreikuspena (II. eranskina).
b) Hornitzailearen aurrekontuak, justifikatzen dutenak II. eranskinean aurkeztutako gastuen aurreikuspena.
c) Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza- eta laguntza-enpresek ekipo-ondasunak hornitzearen edo zerbitzuak ematearen kasuetan, "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" (III. eranskina) inprimakia aurkeztu beharko da. Frogatu beharko da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko (III. eranskina).
Honako kasu hauetan, onuradunak ez daude behartuak hiru eskaintzak eskatzera, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:
I.–Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski.
II.–Gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
III.–Lehendik egin bada hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.
IV.–Gastua hautatutako hornitzailearekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa bada.
d) Komunikazio-proiektua digitalizatzeko plangintza-agiria, adierazten duena dirulaguntza zein modalitatetara aurkezten den (IV. eranskina). Komunikazio-proiektu bat bi modalitateetara aurkeztu bada, IV. eranskin bera aurkezten ahalko du, betiere modalitate bakoitzaren berezitasunak azaltzen baditu eranskinean.
e) Eraldaketa digitaleko plan bat egiteko laguntza eskatzen bada, adierazi beharko da zein izanen den aholkularitza-zerbitzua emanen duen kanpoko aholkularitza-enpresa eta, halaber, planaren baldintzak, V. eranskinean zehazten direnak.
f) Laguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, Gardentasunari buruzko Legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla dioen adierazpena (ikus 16. oinarria).
g) Dirulaguntza eskaera lehenbizikoz aurkezten dutenen eta beren banku kontuaren zenbakia aldatu dutenen kasuan soilik, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, edo Nafarroako Gobernuaren web-orri honen bitartez:https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
h) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:
–Pertsona juridikoa enpresa bat bada: eraketa edo aldaketa eskritura, hala badagokio, merkataritza erregistroan behar bezala inskribatuta, bai eta entitatearen estatutu legeztatuak ere.
–Pertsona juridikoa fundazio, elkarte edo kooperatiba bat bada: dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, baita entitatearen estatutu legeztatuak ere.
i) Entitatearen legezko ordezkariaren frogagiria eta entitatearen legezko ordezkaritza gaitasuna:
–Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
–Ordezkariaren legezko ahalordea.
j) Ordaintzeko epeak betetzen direla egiaztatzen duten frogagiriak, 3.2 oinarriarekin bat, laguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
k) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren agiri guztiak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagozkion agiriak, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.
Entitate edo pertsona eskatzaileari dagozkion agiriak Administrazio honen esku badaude, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat. Kasu horretan, agiri horiek indarrean daudela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan aurkeztu ziren eta noiz aurkeztu ziren edo, kasua bada, administrazioak noiz eman zituen. Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.
8.–Instrukzioa.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.
Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira.
Baldin eta pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan aipatu onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin nahiz lagundutako jardueraren baliabide berekiekin batuta.
Instrukzio organoak ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.
Balorazio batzorde teknikoak eskaerak aztertzeko egokitzat jotzen duen informazioa eskatzen ahalko du.
9.–Baloraziorako batzorde teknikoa.
Aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, teknikoki eta aurrekontuaren aldetik egokiak diren begiratuko du, eta baloratu eginen ditu. Batzordearen irizpena loteslea izanen da, eta honako hauek osatuko dute:
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.
–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hitza dituela.
Balorazio batzordeak kanpoko aholkularitza teknikoa jasotzen ahalko du; eta kanpoko aholkulariek, dirulaguntza eskaerei buruzko aholkularitza teknikoa emanen dutenek, hitza izanen dute, baina botorik ez. Halaber, eskaerak behar bezala baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu.
Balorazio batzorde teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.
Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.
10.–Eskaerak baloratzeko gutxieneko baldintzak eta irizpideak.
Kanpoan geratuko dira gutxieneko irizpideak betetzen ez dituzten proiektuak edo programak, bai eta 1. modalitatean eta 2. modalitatean gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak ere.
10.1 Gutxieneko baldintzak.
–Komunikazio-proiektuaren edukia ekoizpen propioa izan behar da, euskara hutsean ekoitzia. Edukia entitateko erredakzio taldeak, egileek edo kolaboratzaileek sortua eta sinatua izan behar da.
–Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.
–Hizkera ez-sexista erabiltzea eta edukiak giza duintasuna errespetatzeko moduan tratatzea.
–Dirulaguntza jasotzen duten komunikazio-proiektu guztien edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira.
10.2 Bi modalitateetarako balorazio irizpide komunak.
Irizpide hauek baloratuko dira, eta puntuak lortuko dira, taulako atal bakoitzean adierazitakoaren arabera:
a) Komunikazio-proiektuan lan egiten duten pertsonen kopurua.
b) Emakumeen ehunekoa komunikazio-proiektuaren Nafarroako zentroetako plantillan.
c) Desgaitasuna duten pertsonen presentzia komunikazio-proiektuaren Nafarroako zentroetako plantillan.
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO |
Bi modalitateetarako irizpide komunak | 20 |
10.2.a) Komunikazio-proiektuan lanaldi osoan edo baliokidean (lanaldi partzialen batura) lan egiten duten pertsonen kopurua: • 1-3 pertsona: 10 • 4-5 pertsona: 8 • 6-10 pertsona: 6 • 11-20 pertsona: 4 • >20 pertsona: 2 | 10 |
10.2.b) Emakumeen ehunekoa komunikazio-proiektuaren Nafarroako zentroetako plantillan: • %40 eta %60 artean: 2 • %60 baino gehiago: 5 | 5 |
10.2.c) Desgaitasuna duten pertsonen presentzia komunikazio-proiektuaren Nafarroako zentroetako plantillan: –50 langile baino gutxiago dituzten komunikazio-proiektuak: 5 –50 langile baino gehiago dituzten komunikazio proiektuak: • %2 eta %3 artean: 2 • %3 baino gehiago: 5 | 5 |
10.3 1. modalitaterako balorazio irizpide espezifikoak.
Baloratuko dira komunikazio-proiektua digitalizatzeko plangintza-agiriaren irizpide kualitatiboak (IV. eranskina), definizio eta argitasun maila eta ezarritakoaren aldean dakartzan hobekuntzak. Gainera, komunikazio-proiektuak berrikuntzan eta kultura digitalean egindako ibilbidea baloratuko da:
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO |
a) IV. eranskineko irizpide kualitatiboak | 40 |
1 Komunikazio-proiektua digitalizatzeko plangintza-agiriaren deskribapen teknikoaren kalitatea, 1. modalitateko gastu diruz lagungarriei dagokienez (prestakuntza eta aholkularitza behar izatea edo eraldaketa digitaleko planak egitea). Honako irizpide hauek baloratuko dira: –Diagnostikoa (egungo digitalizazio maila, behar zehatzak identifikatzea). –Helburu orokorra eta koherentzia: beharraren eta koherentziaren formulazio argia. –Plangintza: bai komunikazio-proiektuaren ibilbideari eta bai deialdiaren urtean egin beharreko lanei buruzkoa. –Programaren beharra eta deialdira egokitzea. –Inpaktua neurtzeko adierazleak. | 20 |
2 Aholku emateko hautatutako profesionalen curriculuma aurkeztea. | 10 |
b) IV. eranskineko beste irizpide batzuk | |
Komunikazio-proiektuak 2023an eta/edo 2024an eta/edo 2025ean berrikuntza- eta/edo digitalizazio-programarik edo -inbertsiorik egin duen baloratuko da. | 10 |
Laguntza emateko, plangintza-agirian balorazio faktore kualitatibo gisa zehaztutako elementuak justifikatu beharko dira (IV. eranskina). Laguntza eman dadin, eskatzaileek gutxienez 20 puntu lortu beharko dituzte atal honetan.
Berdinketarik baldin badago, begiratuko zaio berrikuntzaren eta kultura digitalaren garapenaren plangintzari, eta kalitaterik handiena duen horren alde hautsiko da berdinketa. Hori erabakitzeko, erreparatuko zaie jasotako edukiei, irizpideei eta oinarri honetako a) 1. letran proposatutako egiturari.
Programak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baldin baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.
10.4 2. modalitaterako balorazio irizpide espezifikoak.
Baloratuko dira komunikazio-proiektua digitalizatzeko plangintza-agiriaren irizpide kualitatiboak (IV. eranskina), definizio eta argitasun maila eta ezarritakoaren aldean dakartzan hobekuntzak:
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO |
a) IV. eranskineko irizpide kualitatiboak | 50 |
1 Digitalizazio-agiriaren deskribapen teknikoaren kalitatea, 2. modalitateko gastu diruz lagungarriei dagokienez (IKT soluzioak ezartzea). Honako irizpide hauek baloratuko dira: –Diagnostikoa (egungo digitalizazio maila, behar zehatzak identifikatzea). –Helburu orokorra eta koherentzia: beharraren eta koherentziaren formulazio argia. –Plangintza: jasoko ditu komunikazio-proiektuaren ibilbidea eta denbora-horizontea, jarduketa-ildo guztiekin, bai egindakoekin, bai aurreikusitakoekin. –Programaren beharra eta deialdira egokitzea. –Inpaktua neurtzeko adierazleak. | 25 |
2 Ekintzen egutegia aurkeztea, mugarri, data eta entregagai zehatzekin. | 10 |
3 Aholku emateko hautatutako profesionalen curriculuma aurkeztea. | 5 |
4 Eraldaketa digitaleko planak edo soluzio digitalak ezartzen esperientzia aurkeztea, halakorik bada. | 10 |
Laguntza emateko, plangintza-agirian balorazio faktore kualitatibo gisa zehaztutako elementuak justifikatu beharko dira (IV. eranskina). Laguntza eman dadin, eskatzaileek gutxienez 25 puntu lortu beharko dituzte atal honetan.
Berdinketarik izanez gero, proiektuak oinarri honetako a) 1 letrako irizpide kualitatiboetan lortutako puntuazioak deseginen du. Berdinketak jarraituz gero, a) 2 letran lortutako puntuazioak deseginen du. Berdinketak oraindik ere jarraituz gero, a) 3 letran lortutako puntuazioak deseginen du.
Programak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baldin baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.
11.–Laguntzak adjudikatzea:
Laguntza hauek norgehiagoka-araubidean emanen dira, eta instrukzio-organoak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, ezarritako gutxieneko baldintzen eta balorazio irizpideen arabera (10. oinarria), eta, betiere, betetzen badituzte 10.1 oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak eta 1. modalitateko (10.3 oinarria) eta 2. modalitateko (10.4 oinarria) balorazio irizpideetan ezarritako gutxieneko puntuazioaren baldintzak.
1. modalitatean, dirulaguntzaren banakako zenbatekoa gehienez 10.000 eurokoa izanen da programa diruz lagungarri bakoitzeko, eta dirulaguntzaren ehunekoa onartutako aurrekontuaren %90 izanen da.
2. modalitatean, dirulaguntzaren banakako zenbatekoa gehienez 25.000 eurokoa izanen da programa diruz lagungarri bakoitzeko, eta dirulaguntzaren ehunekoa onartutako aurrekontuaren %90 izanen da.
Hautatutako eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa banatu ondoren, modalitate baten barruan soberakinik geratzen bada, modalitate horretako eskaeren artean banatuko da, lehentasun ordenari jarraituz, diruz lagungarriak diren gastuen %100etik beherako ehunekoa duten eskaeren artean.
Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz programaren defizita baino handiagoa izanen.
Dirulaguntzari uko egin nahi dioten eskatzaileei 10 egun balioduneko epea emanen zaie berariaz uko egin diezaioten. Halakoetan, zenbatekoa hurrengo eskatzaileari emanen zaio, lehentasun-hurrenkerari jarraikiz.
Eskaeren ebaluazioa egiteko, enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazioa hartuko da kontuan, ez besterik. Edonola ere, organo kudeatzaileak zilegi izanen du argibideak eskatzea eskaeraren alderdiren baten gainean, baldin eta horrek ez badakar eskaera birformulatzea eta hobetzea.
12.–Ebazpena.
Balorazio batzorde teknikoak prestatutako proposamena ikusita, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina, bertan azalduz eskaera bakoitzari onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta guztira esleitutako dirulaguntza; dirulaguntza ukatuz gero, horretarako arrazoiak aipatuko ditu.
Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ere, 7. oinarrian adierazten den helbidean.
13.–Gastuen eta sarreren justifikazioan aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate onuradunek, behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte justifikazioen erregistroaren bidez.
Euskarabideari ziurtagiriak aurkezteko epea 2026ko urriaren 15ean amaituko da, eta ordura arte ordaindutako fakturak onartuko dira, baldin eta 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako jarduerei dagozkien fakturak badira.
Ez da beharrezkoa izanen finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.
Komunikazio-proiektua bi modalitateetara aurkeztu bada eta bietan eman bazaio dirulaguntza, bi modalitateetarako gastuen eta diru-sarreren justifikazioa aurkeztu beharko du.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria xehatua.
b) Eraldaketa digitaleko plan bat egiteko laguntza eskatu bada, EDPa aurkeztu beharko da (V. eranskina).
c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta frogagiriak eta gastu horien bankuko ordainagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, oinarri honetan aipaturiko aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Fakturak eta ordainagiriak segidan jarri behar dira: lehenik, faktura eta, haren atzetik, dagokion bankuko ordainagiria (VI. eranskina).
d) Diruz lagundutako aldiari dagozkion diru-sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, 5. oinarriak dioen bezala. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Zerrendatzen diren diru-sarrerak eta dirulaguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote (VI. eranskina).
e) Jasotako dirulaguntzen frogagiriak: xede eta helburu bererako beste laguntzarik jaso badute, idatziz jasota utzi beharko dute, laguntzak eman edo ordaindu dituen entitatearen zinpeko adierazpenaren bidez, eta laguntzen zenbatekoa adierazita. Inola ere ez da zenbatu behar Euskarabidetik jasotzea aurreikusten den dirulaguntza (VI. eranskina).
f) Kalkulu taula, gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen justifikazioari dagozkion datuekin beteta. Kalkulu taulako azken erlaitza, balantzean, entitateko pertsona eskudunak sinatu behar du (VI. eranskina).
Deialdiaren dirulaguntzaren xedea betetzat joko da proposatutako jarduera osoa gauzatu dela egiaztatzen denean.
Laguntza justifikatzeko agiri guztiak aurkezten ez badira edo agiriak akastunak badira, onuradunari eskatuko zaio zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
14.–Laguntzen ordainketa.
a) Dirulaguntzaren ordainketa urtea bukatu aurretik eginen da, epe bakarrean, organo kudeatzaileak 13. oinarrian eskatutako agiriak aztertu ondoren. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako programei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.
b) Gertatzen ahal da diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea dirulaguntza emateko onetsi zen aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa. Gutxitze doikuntza hori urtea amaitu baino lehen eginen da. Nolanahi ere, ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira, 16. oinarrian araututakoari jarraikiz.
Deialdi honen indarraldian proiektu bererako beste dirulaguntza bat ematen bazaio, komunikazio-proiektuak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, dirulaguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
Europar Batasunak Interreg EU funtsen bidez kofinantzatutako programa baten barruko dirulaguntzen kasuan, baterako finantzaketa-tasa izanen da Estatuko laguntzei buruzko araudian eta programen arauetan xedatutakoaren araberakoa.
15.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.
Horrez gain, publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren dirulaguntzaren berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.
16.–Gardentasun betebeharrak.
16.1 Gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
16.2 Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
16.3 Adierazitako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da, deialdiaren tramitearen fitxaren orriaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskarazko-hedabideetan-berrikuntza-eta-digitalizaziorako-proiektuetarako-laguntzak.
16.4 Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
16.5 Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
16.6 Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
16.7 Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak.
16.8 Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
17.–Jardueren kontrola.
Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.
Laguntzak eskatzen dituzten komunikazio-proiektuek eskaeran programatutako epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.
Komunikazio-proiektu onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak errespetatu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan.
18.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ez da ordainketa partzialik eginen, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
19.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
Aurkeztu beharreko agiriak tramiteen katalogoaren fitxan dituzu:
II. eranskina.–Eskaeraren agiriak: Gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen taula (XLS).
III. eranskina.–"Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" inprimakia eta hiru eskaintzak.
IV. eranskina.–Komunikazio-proiektua digitalizatzeko plangintza-agiria.
V. eranskina.–Eraldaketa digitaleko planaren baldintzak.
VI. eranskina.–Justifikazio agiriak: Gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen taula (XLS).
Iragarkiaren kodea: F2605619
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
