Iragarkia
96. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
871/2026 EBAZPENA, 2026ko apirilaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, hautaketa-prozesurako deia egiten da, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "BIOANCIENT 0011-1411-2025-000083".
2026ko apirilaren 24an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "0011-1411-2025-000083–BIOANCIENT" ikerketa-proiektua garatzeko, 1. motako proiektuko lankide doktore gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Ignacio Raul Matías Maestro da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "BIOANCIENT 0011-1411-2025-000083".
Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.
Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.
Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Ikerketarako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.
HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA, IKERTZAILEAK LAN ARAUBIDEAN KONTRATATZEKO HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "BIOANCIENT 0011-1411-2025-000083"
Hauek dira deialdia arautuko duten:
OINARRIAK
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan araubidean kontratatu daitezen ikerketa-proiektu hau garatzeko: "BIOANCIENT 0011-1411-2025-000083".
–Maila profesionala: 1. motako proiektuko lankide doktorea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.
–Eginkizunak:
- 1. egitekoa: zenbait jatorritako proteinetan transkripzio osteko aldaketak (PTM) modelizatu eta in vitro testatuko dira biologia molekularreko teknikak erabiliz, besteak beste SDS-PAGE elektroforesia eta antigorputzen hibridazio bidezko detekzioa erabiliz, western blot motakoa adibidez. PTM aldaketen eredua baliozkotzeko balio duten xede proteinak hautatu ondoren, PTMak eragiten dituzten agenteen kontzentrazio batzuk in vitro testatuko dira eta PTMak detektatzeko entseguak eginen dira.
- 2. egitekoa: organismo batzuetan zelulak hazi eta proteina aterako zaie (bakterio, landare, animalia eta abar); gero, proteina gatzgabetu eta PTMak induzituko dira, 1. eta 2. egitekoetako in vitro azterlanetan ondorioztatutako kondizioak erabiliz. Tratatutako proteinak erredox proteomikaren bidez aztertuko dira.
- 3. egitekoa: InsAIght enpresarekin koordinatzea; izan ere, enpresa horrek mutazioak sartuko ditu hautatutako proteina-sekuentzietan haien PTM maila areagotzeko. Proteina horiei eta beren bertsio naturalei gehiegizko adierazpena eraginen zaie bakterio sistemetan, eta biologia molekularreko eta proteomikoko teknika aurreratuen bidez garbituko eta ezaugarrituko dira.
- 4. egitekoa: sortu diren PTMak identifikatu eta kuantifikatuko dira, eta halako proteinek zahartze prozesuan eta zelulen estresean betetzen duten funtzio modulatzaileari PTMek nola eragiten dioten ebaluatuko da.
- 5. egitekoa: esperimentuetan lortutako datuak prozesatzeko, zenbait tresna eta aplikazio erabiliko dira identifikatzeko eta ulertzeko zer PTM sortzen den eta zer mekanismo biokimikok sortzen duen. Gainera, InsAIghtek eta NUPek PTMSeq sistema bat garatuko dute, hau da, adimen artifizialeko sistema bat PTMen guneak eta haiek proteinen funtzionaltasunean duten eragina iragartzeko diseinatua dagoena.
- 6. egitekoa: proiektu honen gaiarekin lotuta antioxidatzaileei buruzko NUPeko ikerketa-taldeak dituen beste zeregin batzuetan ere arituko da antioxidatzaileei buruzko ikerketa-taldeko arduradunen gainbegiradapean, baldin eta bioAncient proiektuaren helbururako komenigarria dela erakusten badu ikerketak.
–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin.
–Iraupena: mugagabea, "BIOANCIENT 0011-1411-2025-000083" ikerketa-proiektuari lotua.
–Lanaldi mota: osoa.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak– bere eranskinean ezarritakoak, 2026. urtera egokituak.
Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: BIOANCIENT 0011-1411-2025-000083.
–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1.–Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritartasuna izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Aurreko ataletan sartzen ez diren eta Europar Batasunekoak ez diren izangaiek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta Espainian legezko egoeran badaude eta Espainian bizitzeko eta lan merkatuan mugarik gabe lan egiteko baimena ematen dien dokumenturik badute.
b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.
c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea.
Atzerrian lortutako tituluen kasuan, baliokidetasun ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
2.2.–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.
3.–Eskaerak.
Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8734&block=PDI-RR-HH_1096&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096
Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.
"Erantsitako dokumentazioa" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.
4.–Izangaien onarpena.
4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
4.2.–Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, baztertzeko arrazoiak izanen dira eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.
4.3.–Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.
4.4.–Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.5.–Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere Unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.6.–Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du horrek, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.
6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.
6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
6.3.–Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere zerrendaren ordena errespetatuz.
6.4.–Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste inongo lanpostutarako kontraturik eskainiko, salbu eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.
7.–Hautaketa-batzordea.
Batzordeburua: José Fernando Morán Juez doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Ignacio Raúl Matías Maestro doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Batzordekidea: Javier Buezo Bravo doktorea, irakasle kontratatua, Zientzien Sailari atxikia.
–Ordezko hautaketa-batzordea:
Batzordeburua: Estibaliz Larrainzar Rodríguez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.
Idazkaria: Esther González García doktorea, irakasle laguntzailea, Zientzien Sailari atxikia.
Batzordekidea: Alfonso Cornejo Ibergallartu doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.
Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
8.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.
Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die batez ere datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
9.–Errekurtsoak.
Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA
ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK | ||
1. APARTATUA: Titulazioak eta espediente akademikoa | Puntuak | 10 |
–Titulazioaren espediente akademikoa proportzionalki baloratuko da, 4 punturekin gehienez ere. Aurkeztutako titulazioa Biologiako, Biologia Zientzietako, Biokimikako, Bioteknologiako, Nekazaritzako Ingeniaritzako, Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko edo Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako diploma, gradua edo lizentzia bada edo horien baliokidea, espedientearen emaitza 2,5 faktorearekin biderkatuko da; bestelako titulazioa bada, 1 faktorearekin. | ||
2. APARTATUA: Egin beharreko jarduerekin lotutako ikerketa-lanak | Puntuak | 32 |
Beheko jarduera hauek egiten izandako esperientzia tekniko profesionala baloratuko da, bai eta doktoretza-tesian, master amaierako lanean eta gradu amaierako lanean (IALetan) lortutako esperientzia ere (1-6): –Landareen kontrol lerroen eta lerro transgenikoen mantentze-lanak eta hazkuntza. Landareak sistema hidroponikoan, loreontzietan edo lurrean haztea. Landareak in vitro landatuz egoera axenikoetan haztea. (4 puntu gehienez). –Landare Fisiologiako ohiko esperimentazioa egitea. Landare estraktuak egitea, guztizko proteina kalkulatzea, entzimen eta metabolitoen analisia egitea. Positiboki baloratuko da animalien organismoekin lan egin izana ere. (4 puntu gehienez). –Proteinak eta biologia molekularra aztertzeko oinarrizko teknikak darabiltzaten esperimentuak eta haien segimendua egitea: Elektroforesi bertikala gelean (SDS-PAGE), western hibridazioa eta proteinen detekzioa gelean. Elektroforesi horizontala agarosa-gelean, PCR bidezko anplifikazioa eta analisia, eta klonazioa (4 puntu gehienez). –Teknologia proteomikoak erabiltzea eta emaitzak ebaluatzea landareen edo animalien informazioa aztertzeko algoritmo matematikoak eta tresna informatikoak erabiliz (gehienez 4 puntu). –Prozesatu matematikoak eta datuen zientzia, adimen artifiziala, sare neuronalak eta antzekoak erabiltzea (4 puntu gehienez ere). –Azterketa filogenetikoak eta algoritmo matematikoetan oinarrituak egitea (4 puntu gehienez ere). –Landareen edo animalien poliaminen azterketak egitea (4 puntu gehienez). –Mikroskopia teknikak. Biologia zelularreko esperimentuak egitea, mikroskopia optiko konbentzionaleko, epi-fluoreszentziako mikroskopiako eta mikroskopia konfokaleko tekniketan oinarrituta. Parte-hartzaile bakoitzak lortutako puntuazioa normalizatu eginen da. Horrela, onenari 32 puntuko puntuazioa emanen zaio, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira. | ||
4. APARTATUA: Argitalpen zientifikoak | Puntuak | 18 |
Aldizkari zientifikoetan argitaratutako azterlanak baloratuko dira. 1 puntu emanen zaio "JCR-Citation Index" (Q1) indizearen goiko kuartileko argitalpen zientifiko bakoitzari, gorago deskribatutako 5 jarduerekin duten loturaren arabera, baldin eta proiektuaren gaiarekin zerikusia duten kategoria hauetakoak badira (epaimahaiak erabakiko du): Plant Science, Biochemistry, Nutrition and Dietetics eta Multidisciplinary Sciences. Ikerketa-proiektuak finantzatzen dituzten erakundeek kalitateko ikerketari garrantzi handia ematen diotenez, kategoriaren rankingean goragoko %10ean dauden aldizkarietako (P10 ere deituak) argitalpenen balorazioa x2 biderkatuko da; eta rankingaren barneko inpaktu-indizea 10etik gorakoa bada, argitalpenaren puntuazioa x4 biderkatuko da (gehienez ere 20 puntu argitalpen bakoitzeko), betiere epaimahaiak iritzi badio (DORA printzipioekin bat etorriz) argitalpen horietako bakoitzaren emaitzen garrantzia goi mailakoa dela eta, beraz, puntuazio handi hori merezi duela. Parte-hartzaile bakoitzak adierazitako 5 puntu horietako bakoitzean lortutako puntuazioa normalizatu eginen da. Horrela, onenari 18 puntuko puntuazioa emanen zaio, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira. | ||
3. APARTATUA: Beste merezimendu batzuk | Puntuak | 10 |
Nazioarteko mugikortasuna. 1 puntu emanen da Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dauden atzerriko unibertsitateetako ikerketa zientifikoko zentroetan egindako hilabete bakoitzeko (gehienez ere 5 puntu), betiere egonaldia 3 hilabetekoa edo gehiagokoa bada. Atzerriko hizkuntzak jakitea (gaztelania ez). 1 puntu emanen da atzerrian egondako urte bakoitzeko, betiere atzerriko herrialde horren hizkuntza ofiziala gaztelania ez bada (5 puntu gehienez). 3 hilabete edo gehiagoko egonaldiak soilik baloratuko dira (hizkuntza-tituluak ez dira baloratuko). Parte-hartzaile bakoitzak lortutako puntuazioa normalizatu eginen da. Horrela, onenari 10 puntuko puntuazioa emanen zaio, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira. | ||
4. APARTATUA: Elkarrizketa | Puntuak | 30 |
Elkarrizketa bat eginen da, aurrez aurrekoa (nahiago), bideokonferentzia bidezkoa edo telefono bidezkoa. Proiektuan egin beharreko zereginei eta haiek gauzatzeko gaitasunei buruz galdetuko zaie izangaiei. | ||
Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. atalean puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 3. atalean puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F2606413
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
