1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
157E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2026ko maiatzaren 7rako iragarri den grebarako deialdiak direla eta.
Hezkuntza Departamentuak 2026ko maiatzaren 7an greba egiteko bi deialdiren jakinarazpenak jaso ditu: bat Confederación General del Trabajo (CGT) sindikatuarena, eta bestea Comisiones Obreras sindikatuko Irakaskuntza Federazioarena. Bi deialdiak Haur Hezkuntzako lehen zikloko (0-3 urte) hezkuntza sektoreko langile guztiei zuzenduta daude.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Greba batzordeen aurrean behar diren jarduketak egin ondoren, beharrezkoa da zehaztea zer langile behar diren Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan eman ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari buruzko erabakiak. Erabaki horietatik ondorioztatzen denez, funtsezko zerbitzuak emanen direla bermatzeak mugatu egiten du greba-eskubideaz baliatzeko aukera, eta, beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da tartean dauden interes guztien haztapena egitea. Horretarako, funtsezko zerbitzuen bermatze hori garantia gisa ulertu behar da, zeina eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatzen baita, eta, ildo horretan, ondorioztatu beharra dago ezen greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu egin beharko dela baldin eta haien interesak greba baten bidez defendatzeak kalte larriagoa eragiten badie edo eragiten ahal badie funtsezko zerbitzu hori jasotzeko eskubidea duten hartzaileei edo titularrei.
Hezkuntzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak bermatzea botere publikoei dagokie, eta, hori helburu, prebentzio-neurriak ezarriko dituzte eta behar diren zerbitzuak emanen direla ziurtatuko dute. Izan ere, greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek ezin dira babesik gabe geratu.
Hezkuntza funtsezko zerbitzu publikoa denez, beharrezkoa da neurriak hartzea, herritarrei konpondu ezinezko kalteak saiheste aldera. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.
Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, hezkuntzarako eskubidea aitortzen die guztiei, eta ezartzen du botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela.
Haur eskoletan 0-3 urteko haurrak eskolatzen dira. Haur horiek helduen presentzia behar dute ikastetxean egiten diren jarduera guztiak egiteko, autonomia pertsonalik ez dutelako.
Pertsona heldu horien presentzia ezinbestekoa da hezkuntza-arreta egokia emateko, baita jantoki-zerbitzua ematen dela eta gutxieneko segurtasun eta higiene bermeak daudela bermatzeko ere. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.
Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2026ko maiatzaren 7rako greba deialdiak direla-eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletarako:
–Zuzendaria.
–Haur hezitzaile bat bi unitateko edo zatiki bakoitzeko.
–Sukaldari bat.
–Garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.
2. Langile horien lanuzteek eta lan gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
4. Foru agindu hau greba batzordeei jakinarazi diezaietela agintzea eta foru agindu hau igortzea Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolei, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Nomina eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Haur Eskolen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 4an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2606469