Iragarkia
96. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
122E/2026 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntza hauen oinarri arautzaileak eta deialdia: "Merkataritzako ferietan nekazaritzako elikagaiekin parte hartzeko laguntzak. 2026ko deialdia". DDBN kodea: 901796.
Nafarroako nekazaritzako elikagaien ekoizpenak sustatzeak zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea. Hala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna ematen zaio, ziurtatua geldi dadin ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.
Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen dinamismoa funtsezkoa izan da Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategian hori adierazteko orduan, Foru Komunitatearen hazkunderako funtsezko sektoreetako bat baita.
Merkataritza feria eta misioetan parte hartzea da kalitateko produktuak sustatzeko eta hedatzeko tresna nagusietako bat. Merkatuen eta teknologiaren bilakaera ikusirik, eta sustapen hitzordu onenak hautatzeko erabakia operadoreen esku uzteko asmoz, laguntza deialdi honetan jarraian adierazi diren ekintzak sartu dira:
–Aurrez aurreko merkataritza ferietara joatea, eskualdeko stand instituzionalarekin, Nafarroako Gobernuak babestuta.
–Bestelako aurrez aurreko feria profesionaletara joatea.
–Feria profesional birtualetan parte hartzea.
–Foru Komunitatean profesionalki antolatzen diren alderantzizko merkataritza misioetan parte hartzea.
–Profesionalki antolatzen diren zuzeneko merkataritza misioetan parte hartzea.
–Networking ekitaldietara joatea.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Ikusita Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta aurtengo ekitaldirako aurrekontuan diru erabilgarria dagoela.
Kontuan hartuta ebazpen honi Nafarroako dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaiola.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Laguntza hauen deialdia onestea: "Merkataritzako ferietan nekazaritzako elikagaiekin parte hartzeko laguntzak" 2026 urterako.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetatik eratortzen diren gastuei aurre egiteko, 700.000,00 euroko gastua baimentzen da 2026rako, 720003-72200-4701-413105 aurrekontu partidaren kargura. Merkataritzako ferietan nekazaritzako elikagaiekin parte hartzeko laguntzak, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago.
Partidan baimendutako kreditua 500.000 euro handitzen ahalko da gehienez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko aurrekontu programaren kontura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
6. Ebazpen honen, deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2026. URTEAN NAFARROAKO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ENPRESEK MERKATARITZAKO FERIETAN PARTE HARTZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO, "DE MINIMIS" ARAUBIDEARI JARRAIKIZ, ARRANTZA ETA AKUIKULTURAREN SEKTOREKOAK BARNE HARTUTA
Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.
1. Oinarri arautzaile hauen xedea da nekazaritzako elikagaien eraldaketaren eta merkaturatzearen sektorean aritzen diren enpresei, arrantzako eta akuikulturako sektorekoei barne, merkataritzako ferietan parte hartzeagatik ematen ahal zaien laguntza finantzarioaren esparrua zehaztea.
Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, "merkataritzako feriak" izanen dira ekitaldi mota hauek:
–Merkataritzako feriak: sektore jakin bateko enpresak esparru fisiko batean biltzen dituen ekitaldia, enpresa horien produktu eta zerbitzuak publiko profesional baten aurrean erakutsi eta sustatzeko antolatzen direnak.
–Merkataritzako feria birtualak: erabat Internet bidez garatzen den ekitaldi profesionala, Interneten oinarritutako plataforma teknologiko batean ostatatuta. Helburu nagusia merkataritzako feria fisiko baten esperientzia kopiatzea izaten da, enpresa eta profesionalei biltzeko, beren produktu edo zerbitzuak erakusteko, kontaktuak egiteko eta negozioak ixteko aukera emanez aurrez aurre egon gabe.
–Zuzeneko merkataritza misioa: helmugako herrialde batera edo gehiagotara egiten diren merkataritza misioak, enpresa eskatzaileekin edo, kasuaren arabera, ondasun eta zerbitzuen hornitzaileekin programatzen diren bisita edo topaketen bidez garatzen direnak, enpresa parte hartzaileen produktuak sustatu eta merkaturatzeko negozio akordioak ixteko helburuarekin, eta baita kanpoko merkatu berrietara sartzea errazteko helburuarekin ere. Misioen helburua hornitzaile estrategikoekin akordioak lortzea izan daiteke ere.
–Alderantzizko merkataritza misioa: kanpoko helburu merkatu batetik edo gehiagotatik datozen erosleak, banatzaileak eta/edo preskriptoreak elkartzen dituzten merkataritza misioak, jarduera sektore bat eta horren enpresa eta instalazioak ezagutzera emateko, intereseko merkatura edo merkatuetara esportatzeko aukera duten produktuak aurkezteko eta merkataritza harremanak ezartzeko helburuak dituztenak.
–Networking ekitaldiak: enpresen interakzioa, lankidetza eta enpresen arteko transakzioak sustatzeko berariaz diseinatzen diren merkataritza topaketa profesionalak, ekitaldiaren kanpo antolatzaileek aldez aurretik ematen dituzten hitzorduen bidez garatzen direnak.
2. Merkataritzako ferietan parte hartzea tresna nagusietako bat da nekazaritzako elikagaien ekoizpenak sustatzeko eta haien inguruko ezagutza hedatzeko, eta parte hartze horren eragina handiagoa da operadoreak erakustoki kolektiboetan elkartzen direnean, non norbanakoaren ekoizpenez gain kalitate bereiziaren figurak azpimarratzen baitira, edo operadoreak biltzen dituzten marka kolektiboak. Indartu egiten da, horrela, Nafarroak nekazaritzako elikagai kalitatedunen erreferentziazko lurralde gisa duen irudia.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen da, ikuspegi publikotik, Nafarroako Gobernuaren babesa adieraztea nekazaritzako elikagaien ekoizpenari barne merkatuko merkataritzako ferietan stand kolektiboetan edo kokaleku kolektiboetan parte hartzeko laguntzen bidez, zeinetan Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren eta/edo haren Reyno Gourmet erreferentzia markaren babesean aurkeztuko baitute beren burua ekoizleek.
Era berean, nekazaritzako elikagaien sektoreari zuzendutako beste edozein aurrez aurreko feria, feria birtual edo networking ekitalditan parte hartzen ahalko da, baldien eta bost enpresak parte hartzen badute gutxienez.
Halaber, zuzeneko zein alderantzizko merkataritza misioetan parte hartzeko dirulaguntza jasotzen ahalko da ere, baldin eta elkarren arteko edo antolatzaileekiko loturarik ez duten hiru enpresak parte hartzen badute gutxienez.
3. Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen, alde batetik, Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan (L 2831 EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa) eta, bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan (erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei arrantzan eta akuikulturan aplikatzeko modua arautzen du).
4. Ekintza diruz lagungarriak egiteko aldia 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartekoa izanen da.
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta bete beharreko baldintzak.
1. Onuradunak.
1.1. Laguntza honen onuradunak izanen dira Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatze sektorean jarduten duten enpresak, horren barne direla arrantza eta akuikultura sektorekoak ere, Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan, 1.1 artikuluan ezartzen dituen salbuespenarekin, betiere aurreko oinarrian definitu diren merkataritzako ferietan parte hartzen badute eta feria horiek lehen oinarriko 4. puntuan definitu den aldian zehar egiten badira.
1.2. Ez dira laguntza honen onuradun izaten ahalko:
a) Arrantza eta akuikulturako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean diharduten enpresak, baldin eta laguntzaren zenbatekoa erosi edo merkaturatu diren produktuen prezio edo kantitatearen araberakoa bada.
b) Nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean diharduten enpresak:
i) Baldin eta laguntzaren zenbatekoa lehen mailako ekoizleei erosi zaizkien edo enpresa interesdunek merkaturatu dituzten produktuen prezio edo kantitatearen araberakoa bada.
ii) Baldin eta esleitutako laguntza lehen mailako ekoizleei erabat edo partzialki eman behar bazaie.
2. Onuradunen betebeharrak:
a) Eraldaketa prozesuak egitea Nafarroan kokatutako instalazioetan; ez dira onartuko maquila ekoizpen sistemaren arabera soilik aritzen diren enpresak, ez eta hirugarrenen produktuak ontziratu eta etiketatzen dituztenak ere.
b) Kontratu bat formalizatzea merkataritzako feriako parte hartzea kudeatzen duen entitate batekin, bai eta aurrekontu bat izatea ere, eskatutako ekintza bakoitzean parte hartzeak izanen dituen kostuen aurreikuspenarekin.
c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
e) Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua) zehaztutako mugak betetzea, laugarren oinarriko 3. puntuan jaso direnak, alegia.
f) Ezin dute eduki ezarrita zehapenik ez kondenarik administrazio ebazpen edo epai judizial irmo baten bitartez sexu edo genero diskriminaziotzat jotzen diren lan jarduketak egiteagatik edo onartzeagatik.
Aurreko paragrafoan aipatutako egoeran dauden enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Aurrez aurreko merkataritzako feriei dagokienez, diruz lagungarriak izanen dira onuradunek ekitaldiaren antolatzailearekin edo Nafarroako Foru Komunitateko organo instituzionalekin kontratatzen duten parte hartzeari zuzenki lotutako gastuak, stand instituzionala duten aurrez aurreko ferien kasuan.
"Merkataritzako ferietan parte hartzearekin zuzenean lotutako" gastutzat hartzen dira standen edo modulu estandarren kontrataziorako fakturatutako gastu guztiak, barne hartuz lurzorua, muntaketa, zerbitzuak, jarduerak, gune komunak eta kudeaketa gastuak.
2. Feria birtualei, networking ekitaldiei eta alderantzizko merkataritza misioei dagokienez, diruz lagungarriak izanen dira ekitaldiaren antolatzailearekin gauzatzen den kontrataziotik eratorritako gastuak.
3. 1. eta 2. puntuetan jaso diren ferietan parte hartzekotan, ez dira diruz lagungarriak izanen operadorearen gainerako gastuak: bidaia gastuak, aparkatzeko gastuak, dietak eta hotelak, bezeroentzako gonbidapenak edo sarrerak.
Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen bitartekari batek kudeatzen dituen parte hartzeak, baldin eta ezin bada onuradunaren presentzia egiaztatu erakusketarien zerrenda ofizialean.
4. Zuzeneko merkataritza misioetan, diruz lagungarriak izanen dira operadoreak misioetan parte hartzeko ordaintzen dituen gastuak, horien barne direla bidaia gastuak, mantenu ordainak eta ostatatze gastuak.
5. Gehieneko gastu diruz lagungarrien modulu hauek ezarri dira parte hartze motaren arabera:
–Aurrez aurreko feriak: 1.000 euro/m².
–Feria birtualak: 2.000 euro feria bakoitzeko.
–Alderantzizko merkataritza misioak: 6.000 euro misio bakoitzeko.
–Zuzeneko merkataritza misioak: 2.000 euro misio bakoitzeko.
–Networking ekitaldia: 2.000 euro ekitaldi bakoitzeko.
Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. %70eko laguntza ezartzen da merkataritzako ferietara joaten diren enpresek aurkezten dituzten gastuetarako, baldin eta standak modu kolektibo eta agerikoan identifikatuta badaude Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren baitan, bosgarren oinarriko 1 a) eta 1 b) apartatuekin bat etorriz; eta %75eko laguntza ardoa egiten duten upategiek aurkezten dituzten gastuetarako. Gainerako kasuetan, merkataritzako ferian parte hartzeko gastuetarako aurkeztu diren fakturen zenbatekoaren %65ekoa izanen da laguntza.
2. Gehienez ere 25.000 euroko muga ezartzen da onuraduneko eta deialdiko.
3. Nekazaritzako elikagaien enpresa bakar bati (arrantza eta akuikulturako sektorekoak barne) emandako "de minimis" laguntza gehienez ere 300.000 eurokoa izanen da, hiru urtetako edozein alditan. Egokia bada, indarrean dagoen deialdiaren arabera ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, lehentasun irizpide hauen arabera:
a) Inskribatuta daudenak Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatezko figuretan, ekoizpen ekologikoko sisteman, Nafarroako ekoizpen sistema integratuan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzan edo Nafarroako berme marketan, eta merkataritza ferietara joaten direnak, non standak identifikatuta egonen baitira modu kolektiboan eta argi eta garbi Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren barruan.
b) Inskribatuta ez daudenak Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatezko figuretan, ekoizpen ekologikoko sisteman, Nafarroako ekoizpen sistema integratuan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzan edo Nafarroako berme marketan, eta merkataritza ferietara joaten direnak, non standak identifikatuta egonen baitira modu kolektiboan eta argi eta garbi Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren barruan.
c) Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figuretan, ekoizpen ekologikoaren sisteman, Nafarroako ekoizpen integratuaren sisteman, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzan edo Nafarroako berme marketan inskribatutako eskatzaileen banakako parte hartzeak.
d) Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gainerako enpresa eskatzaileak.
2. Enpresa bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa laugarren oinarriaren arabera kalkulatu ondoren, eskabideak 1. puntuan deskribatutako taldeen arabera ordenatuko dira. Lehendabizi, lehentasunezko lehen taldeko eskabideak, ondoren bigarren taldekoak, eta hala ondoz ondoko moduan aurrekontu zuzkidura agortu arte.
Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, dagokien laguntzaren zenbatekoaren proportzioan.
Seigarren oinarria.–Eskabideak aurkeztea.
1. Laguntzaren eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalera zuzenduko dira, eta bakar-bakarrik telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen Zerbitzu Katalogoaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/hasiera).
3. Laguntza eskabide bakarra aurkeztuko da, eta bertan adieraziko dira laguntzaren xede izanen diren merkataritzako feria guztiak.
4. Ferietan stand instituzionalaren barne parte hartzekotan, eskatzaileak eskabidean adierazten ahalko du dirulaguntza standa antolatzen duen entitate antolatzaileari zuzenean ordaintzeko.
5. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzen den merkataritzako feria bakoitzeko parte hartze gastu guztien aurreikuspena jasotzen duen laburpen taula.
b) Laburpen taulan jasotako gastuen aurrekontua/proformako faktura, eskatutako merkataritzako feria bakoitzerako.
c) Entitate antolatzailearekin formalizatu den kontratuaren kopia. Onuradunak, 4. puntuarekin bat, aukeratzen badu dirulaguntza zuzenean aipatu entitateari ordaintzea, aukera hori berariaz adierazi beharko da kontratuan. Alderantzizko eta zuzeneko merkataritza misioen kasuan, II. eranskineko ereduan jasotzen diren puntuak izan beharko ditu barne kontratuak.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, xxx, nire izenean/xxx ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, merkataritzako ferietan nekazaritzako elikagaiekin parte hartzeko 2026ko laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko" (eskabidearen ereduan sartuta dago).
Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
e) Hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzko ziurtagiria, Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak emana. Laguntzek izaera hori dute loturik baldin badaude Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2381 (EB) Erregelamenduari, zeinen bidez arautzen baita Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua (2023ko 2831. L EBAO, abenduaren 15ekoa), edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei.
f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, xede bererako 2026an eskatutako eta jasotako laguntzei buruzkoa.
g) Adierazpen bat, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.
h) Eskaera egiten duen erakundearen IFZren kopia.
i) Eskaera egiten duen osasun erregistroaren kopia.
Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.
Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela edo espedientea aurkeztu den dokumentazioaren arabera ebatziko dela.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.
4. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzen duen 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren arabera emandako laguntzak ez dira 300.000 eurotik gorakoak izaten ahalko hiru urteko aldi batean.
5. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
6. Prozeduraren gainean ebazteko, hiru hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.
2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari frogatzea hartutako funtsak erabili direla dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatu dituela eta, hala badagokio, jaso dituela helburu berbererako beste dirulaguntza publiko batzuk eta "de minimis" araubidearen menpeko beste edozein laguntza, hiru urteko edozein alditan.
5. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar urtetan, laguntza ematen den egunetik aurrera.
6. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, esteka honetako eredua erabiliz (gardentasunari buruzko adierazpena).
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
7. Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
8. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek, inbertsioek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio eta hedapen materialetan (kartelak, eskuorriak eta abar) edo webguneetan. Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Hamargarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua aurkeztu beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: Gardentasunari buruzko adierazpena.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, gardentasunari buruzko adierazpenaren estekaren bidez, eta eredu hauen araberako agiriak erantsita:
–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratu daitekeena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratu daitekeena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak. Era berean, foru lege horretan ezarrita dagoen arau hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.
Hamaikagarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.
1. Entitate onuradunak, laguntza ematen den egunetik azaroaren 6ra bitarte, laguntza ordaintzeko eskaera bakarra aurkeztuko du, agiri hauekin batera:
a) Egindako gastuen laburpen taula.
b) Ekintzetan parte hartzeari dagozkien fakturak.
c) Laguntzaren xedeko jarduketak ordaindu izanaren egiaztagiriak. Onuradunak aukeratu badu laguntza zuzenean ordaintzea stand instituzionala antolatu duen entitateari, onuradunak bere kargura egindako gastuen ordainketa frogatu beharko du.
d) Alderantzizko edo zuzeneko merkataritza misioen kasuan, misioen justifikazio memoria, III. eranskineko txantiloian agertzen den informazioarekin, eta lehen oinarrian ezartzen den gutxieneko parte hartzaile kopurua egiaztatzen duena.
e) Feria birtualen eta networking ekitaldien kasuan, lehen oinarrian ezartzen den gutxieneko parte hartzaile kopurua egiaztatzen duten frogak.
f) Adierazpen bat, laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntzari buruzkoa.
g) Hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzko ziurtagiria, Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak emana. Laguntzek izaera hori dute loturik baldin badaude Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2381 (EB) Erregelamenduari, zeinen bidez arautzen baita Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua (2023ko 2831. L EBAO, abenduaren 15ekoa), edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei.
h) Publikotasun betebeharra bete izanaren justifikazioa, bederatzigarren oinarriko 8. puntuarekin bat.
2. Dirulaguntzaren ordainketa eginen da kobratzeko eskaera aurkeztu eta gero, eta ordainketa bakarrean; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.
3. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta egiaztatuko du aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak eta gainerako agiriak aski.
4. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.
5. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak behar diren kontrolak eginen ditu gastuak onargarriak direla egiaztatzeko.
Hamabigarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.
Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa neurri berberaren estatu laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea.
Badira "de minimis" laguntza batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez emandako estatu laguntzekin.
Hamalaugarren oinarria.–Itzulketak, arau hausteak eta zehapenak.
1. Laguntzen onuradunek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkien berandutze interesak ordaindu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
2. Aplikatu beharreko arau hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.
Hamabosgarren oinarria.–Argitalpena eta informazioa.
1. Ebazpen honen laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.
2. Nolanahi ere, laguntzen publikotasunerako, dirulaguntza emateko ebazpenei buruzko informazioa bidaliko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
3. Organo kudeatzaileak erregelamendu hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko da estatuko edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
4. Azkenik, Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamenduan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan eta beste "de minimis" erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen "de minimis" laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatu kideak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.
II. ERANSKINA.–ALDERANTZIZKO EDO ZUZENEKO MERKATARITZA MISIOETAN PARTE HARTZEKO KONTRATURAKO GOMENDATZEN DEN EDUKIA
1. Jardueraren azalpena.
Jardueraren, bisitarien profilaren eta aurreikusitako daten azalpen laburra. Misioa egiteko behar diren gutxieneko inskripzioak edo bisitariak.
2. Betekizunak eta hautaketa irizpideak.
Alderantzizko edo zuzeneko misioan parte hartzeko hautatzen diren enpresek bete beharko dituzten irizpideak. Adibidez:
–Definitzen den sektoreko Nafarroako enpresa bat izatea.
–Bisitarien jatorrizko eremuan edo helmugako eremuan banaketa duena/ bisitarien jatorrizko eremuan edo misioaren helmugako eremuan banaketa ezartzeko planak dituena.
–Nafarroan bisitatu ahal diren instalazioak izatea.
–Parte hartzeko kuota ordaindu izana.
3. Barne hartutako zerbitzuak.
Parte hartzeko kuotak barne hartzen dituen zerbitzuak definitzea. Esate baterako:
–Joan-etorriko hegaldiak.
–Ostatua eta mantenua.
–Garraioa/barne bidaiak.
–Bisita planen koordinazioa.
–Merkataritza bisitarako laguntza.
–Jardueraren sustapena / hedapena.
4. Parte hartzeko baldintzak eta zenbatekoak.
Alderdi hauek definitzea, besteak beste:
–Hautatutako enpresen betebeharrak: adibidez, enpresaren instalazioetarako bisita plan bat / aurkezpen dokumentu labur bat egitea dagokion hizkuntzan.
–Ezerezteko edo uko egiteko baldintzak: ezinbesteko kasuetan edo bestelakoetan.
–Parte hartzeko zenbatekoa.
–Izena emateko eta ordaintzeko modua.
III. ERANSKINA.–ZUZENEKO EDO ALDERANTZIZKO MERKATARITZA MISIOEN JUSTIFIKAZIO MEMORIARAKO GOMENDATZEN DEN EDUKIA
Misioaren azalpen orokorra: merkataritza misio mota, entitate antolatzailea, bisitaren datak eta tokia.
Helburuak.
Misioaren garapena: faseak, egutegia eta egikaritzearen azalpena.
Enpresa parte hartzaileak: oinarri arautzaileen lehen oinarrian ezarri den gutxieneko enpresa kopurua bete dela frogatzea.
Intereseko banatzaileak / merkaturatzaileak / profesionalak: misioan parte hartu duten intereseko profesionalak zehaztea.
Balorazioa: egindako merkataritza kontaktuak eta lortutako gogobetetasun maila.
Iragarkiaren kodea: F2606250
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
