96. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

235/2026 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira abeltzaintzaren sektoreari laguntzak emateko oinarri arautzaileak, liburu genealogikoak mantentzeko eta Nafarroako arraza autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, 2026. urterako. DDBN kodea: 900451.

Animalia baliabide genetikoak, eta arraza autoktonoak bereziki, ezinbesteko oinarria dira biodibertsitaterako, erresilientziarako eta mehatxuen aurrean egokitzeko gaitasuna izateko, hala nola klima aldaketa, gaixotasun berriak, ekoizpen baldintzak eta merkatuaren zein gizartearen eskakizunak. Ondorioz, funtsezko tresnak dira abeltzaintzaren sektorearen garapen jasangarrirako, eta elikadura segurtasuna bermatzen dute.

Liburu genealogikoen kudeaketak, errendimendua kontrolatzeko programek eta genetikarekin, ugalketarekin, kalitatearen hobekuntzarekin eta ustiapenaren kudeaketarekin lotutako beste alderdi batzuek abeltzainen profesionalizazioan laguntzen dute eta abeltzaintzaren produktibitatea eta errentagarritasuna handitzea ahalbidetzen dute. Jarduera horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak babestu ditu duela urte batzuetatik hona, Nafarroako arraza autoktonoetako abere hazleen elkarteen bitartez, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen araubide bat ezarriz.

Europar Batasuneko araudiak babestutako laguntza araubideen ezarpena aurreikusten duten arau juridikoak kontuan hartuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arteko laguntza araubide bat sortzea aurreikusten du. Abeltzaintzaren sektorearentzako laguntza horiek, Nafarroako arraza autoktonoetako liburu genealogikoak mantentzeko eta abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko direnak, bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluaren 2. puntuaren a) eta b) apartatuetan xedatutakoarekin (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria aitortzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintzaren gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, bidezkoa da oinarri batzuk ezartzea, arautzeko nola eman abeltzaintzaren sektoreari liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak, eta 2026ko laguntzen deialdia onestea.

Ikusita Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu baliabideak.

Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.º Abeltzaintzaren sektoreari zuzendutako laguntza deialdia onestea 2026an liburu genealogikoak mantentzeko eta Nafarroako arraza autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko.

2.º Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, eta erreferentziako kostuak ere onartzea, ebazpen honen I. eta II. eranskinean jasotako moduan, hurrenez hurren.

3.º 489.600 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako gastu konpromisoei erantzuteko, 2026ko Gastuen Aurrekontuko "Abeltzain elkarteentzako laguntza, arraza autoktonoak" izeneko 710004 71300 4700 412208 partidaren kargura.

4.º Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

5.º Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6.º Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7.º Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko apirilaren 26an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ABELTZAINTZAREN SEKTOREARI LAGUNTZAK EMAN DAKIZKION LIBURU GENEALOGIKOAK MANTENTZEKO ETA NAFARROAKO ARRAZA AUTOKTONOETAKO ABELTZAINTZAKO BALIABIDE GENETIKOAK KONTSERBATZEKO.

Lehen oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da abeltzaintzaren sektoreari laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, liburu genealogikoak mantentzeko eta Nafarroako arraza autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko 2026 urterako.

2. Helburua da laguntza ekonomikoa ematea nekazaritzako ekoizpen primarioan aritzen diren enpresa txiki eta ertainei, Nafarroan egiten duten lan hauetarako: liburu genealogikoak kudeatzea, errendimendua kontrolatzeko programen garapena, kontserbazio planak, arrazen hobekuntza eta aholkularitza genetikoa, balorazio genetikoa eta hobekuntza zabaltzeko plana.

3. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betekizunak.

1. Laguntza hauek men eginen diete Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako betekizunei; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Laguntza hauek eskatzen eta jasotzen ahalko dituzte 2003ko maiatzaren 26ko Foru Aginduan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala onesten duena, eta arau horren eguneraketetan aipatzen diren Nafarroako arraza autoktonoetako abere hautatuen hazleen elkarteek.

Nafarroako abeltzain elkarte horiek arrazari dagokion liburu genealogikoa eramateko aitortuta egon beharko dira, edo, liburu genealogikoak eramateko aitortuta dauden federazio edo konfederazioen parte badira, liburu genealogikoaren kudeaketa eta errendimenduen kontrola eskuordetuta izan beharko dute Nafarroako Foru Komunitatean. Azaroaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren baldintzak bete beharko dituzte, bereziki Abeltzaintza arrazen kontserbazio, hobekuntza eta sustapenerako programa nazionala eguneratzen duen Errege Dekretu horretako 11. artikuluan aurreikusitako betebeharrak.

Elkarteak ETEak izanen dira, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

3. Nafarroako Foru Komunitateak ofizialki onartutako arraza autoktonoetako abere hautatuen hazleen elkarte batean sartuta dauden eta nekazaritzako ekoizpen primarioan aritzen diren abeltzaintzako ustiategi txiki eta ertainak dira laguntza hauen azkeneko onuradunak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

b) Abeltzaintzako ustiategiak jardunean egotea eta ETEak izatea, Batzordearen 2022ko abenduaren 21eko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea 2025eko abenduaren 31n.

c) Ustiategiak ez egotea betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

d) Krisian dagoen enpresa ez izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten den bezala.

4. Ez dute laguntzarik eskuratzen ahalko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

5. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Hirugarren oinarria.–Abere hazleen elkarteen betebeharrak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiazta dezan abeltzain elkarteek egindako lanak behar bezala egin direla eta operazioa eraginkorra izan dadin, laguntza ekonomikoa jasotzeko, liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteek ondoko konpromiso hauek bete behar dituzte:

a) Liburu genealogikoaren kudeaketa egitea, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, eta dagokion hazkuntza programa onetsita izatea (hautaketa programa edo arraza kontserbatzeko programa).

b) Eskatzen duten guztiei erantzutea bere lanean, inolako diskriminaziorik egin gabe.

c) Objektibotasun osoz jardutea abere hazleen elkarteko eginkizunetan.

d) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

e) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk jaso izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku uztea bere eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak, bai dirulaguntzaren kudeaketa eta kontrolari loturikoak, bai dirulaguntzaren xedeko elkartearen jarduerei loturikoak.

g) Elkarte bakoitzaren barrenean Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategien titularrak onartzea, hala eskatzen badute eta kasuan-kasuan indarra duen arautegiak ezartzen dituen beharkizunak betetzen badituzte. Eskaerak unean uneko langile kopuruaren arabera ihardetsiko dira.

h) Esnearen kontrol ofiziala egiten duten elkarteen kasuan, esnea kontrolatzeko Nafarroako entitateari hautaketaren eskema bat ematea, bai eta bukatutako esnealdi baliozkotuen kopurua ere, 663/2023 Errege Dekretuak, uztailaren 18koak, behi, ardi eta ahuntz azienden espezieetan ebaluazio genetikorako esne errendimenduaren kontrola arautzen duenak, esne errendimendua kontrolatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituenak eta nekazaritza arloko zenbait errege dekretu aldatzen dituenak, 2. artikuluan zehaztutako moduan.

i) Bigarren mailako elkarte batek ofizialki onetsitako liburu genealogikoak kudeatzen baditu, beharturik egonen da kontserbazioa, errendimenduen kontrola eta arrazaren hobekuntza egiteko liburu genealogikoak kudeatzen dituen elkarteak ezarri eta ofizialki onetsitako programan parte hartzera.

j) Elkarteak erreferentziako urtean egindako jardueren memoria bat aurkeztea eta, besteak beste, ondokoa zehaztea: liburu genealogikoan egindako inskripzio kopurua, haren bukaerako egoera, egindako errendimenduen kontrolen edo kontrol morfologikoen kopurua eta horiek zenbat animaliari egin zaizkien, bai eta intseminazioen edo estalduren kopurua ere.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen 14.2.a) artikuluarekin, eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bitartez https://www.navarra.es/eu/tramiteak. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan.

3. Eskabideekin batera, I. eranskin honen zazpigarren oinarrian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Abere hazleen elkarteak laguntza lehenengoz eskatzen badu edo laguntza ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, kontuen eta ordainketen fitxa bete beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta).

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

Diruz laguntzeko moduko jarduketak izanen dira, zein autonomia erkidegotan gauzatzen diren kontuan hartu gabe, hazle elkarte bakoitzarentzat edo zuzenbide administratiboaren mendeko entitate publiko bakoitzarentzat ofizialki onetsi den hazkuntza programaren barne dauden jarduketak, bereziki hauek:

1. Liburu genealogikoak eta baliabide genetikoak kontserbatzeko jarduerak sortu edo mantentzea, jarduera hauen kostuaren %100era arteko dirulaguntza jasotzen ahalko dutenak:

a) Liburu genealogikoaren datu baseen aplikazioa eta baliabide genetikoak kontserbatzeko jardueretarako aplikazioa: softwarea, hardwarea, horien mantentze lanak eta informazio bilketa eta tratamendua hobetzea.

b) Elkartearen webgunea sortu eta mantentzea.

c) Identifikazio eta filiazio proba genetikoak, liburu genealogikoa eta baliabide genetikoak kontserbatzeko jarduerak behar bezala kudeatzeko behar diren bestelako analisi genetikoak, bai eta arrazaren karakterizazioa egiteko azterketak.

d) Elkarteko langile tekniko edo administratiboen soldatak, lansariak, ordainsariak, Gizarte Segurantza eta gastuak, eta langile edo enpresa kontratatuenak, liburu genealogikoa kudeatzeko eta baliabide genetikoak kontserbatzeko jarduerak egiteko xedeetarako. Apartatu horretan sartzen dira liburu genealogikoarekin eta baliabide genetikoak kontserbatzeko jarduerekin lotutako jarduketak gauzatzeko behar diren dietak eta bidaiak.

e) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen kontu auditore batek egindako justifikazioko kontuaren txostenak sortzen dituen gastuak, bai eta lan, kontabilitate, zerga eta laneko arriskuen arloetako aholkularitza gastuak ere.

f) Liburu genealogikoak eta baliabide genetikoak kontserbatzeko jardueren araudietan jasotzen diren prozesuen kanpoko ziurtapen sistemak aplikatzetik eratorritako gastuak.

g) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak aitortu duen bigarren graduko entitate bateko kide izateko kuota, elkarteen artean baterako eta interes erkideko programa zooteknikoak garatzeko.

h) Ibilgailuen amortizazioa, renting edo leasing-a eta mantentze lanak.

i) Hazkuntza programen genetika departamentuekin edo zuzendaritza teknikoarekin egindako azterlanak, baldin eta kontserbazio jarduerak barne hartzen badituzte.

j) Ugalketa materiala jaso eta garraiatzea, eta germoplasma bankuak osatu, mantendu eta eguneratzeko biltegiratze gastuak, baliabide genetikoak kontserbatzeko neurri moduan.

k) Enbrioien transferentzia eta intseminazio artifizialerako prozedurak barne dituzten baliabide genetikoak kontserbatzeko jarduketak. Apartatu honetan sartuko dira ere berrazkuntza gastuak, baldin eta berrazkuntza elkarteak egiten badu edo hazkuntza programako kontserbazio jarduerekin lotuta dauden hazle elkarteetatik kanpoko erakunde eta/edo hazleek (in vivo-ex situ kontserbazioa) egiten badute ere.

l) Informazio, hedapen eta aholkularitza jarduerak, argitalpenak eta prestakuntza ikastaroak, baldin eta arrazaren kontserbazioarekin zuzeneko lotura badute.

2. Arrazarako ofizialki aitortu den hazkuntza programa barruko errendimendua kontrolatzeko eta ebaluazio genetikoa egiteko jarduerak ezarri eta garatzea, horren barne direla abereen kalitate genetikoa eta/edo errendimendua zehazteko jarduerak. Ildo horretatik, diruz lagungarria izanen da jarduera hauen kostuaren %70era arte:

a) Ustiategien eta/edo azterketa egiteko zentroen errendimenduen kontrola, horren barne dela animalien garraioa, baina kanpo utzita animalien elikadura, tratamenduak eta osasun probak.

b) Hazkuntza programako errendimendua kontrolatzeko eta ebaluazio genetikoa egiteko jardueretarako datu baseak eta aplikazioak: softwarea, hardwarea, horien mantentze lanak eta informazioa bildu eta tratatzeko eguneraketa.

c) Genetika departamentuekin batera egindako azterketa eta argitalpenak, balorazio genetikoen xedeetarako.

d) Elkarteko langile tekniko edo administratiboen soldatak, lansariak, ordainsariak, Gizarte Segurantza eta gastuak, eta langile edo enpresa kontratatuenak, hazkuntza programako errendimendua kontrolatzeko eta ebaluazio genetikoa egiteko jarduerak kudeatu eta garatzeko xedeetarako. Horren barne dira aipatu jarduerekin lotuta dauden dieta eta bidaiak.

e) Errendimendua kontrolatzeko eta ebaluazio genetikoa egiteko jarduerei eragiten dieten hazkuntza programetan jasotako prozesuen kanpoko ziurtapen sistemak aplikatzetik eratorritako gastuak.

Seigarren oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntza honen esparruan, diruz laguntzen ahalko dira abere hazleen elkarteen jarduerak antolatzeko eta egiteko kostuak, betiere 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra artean egin badira.

2. Kostu diruz lagungarriak honako kontzeptu hauen batura gisa kalkulatuko dira:

2.1. Langileen zuzeneko gastuak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

–Soldaten kostua.

–Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza.

–Gastu orokorrak.

–Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak.

2.2. Zuzeneko beste gastu batzuk, liburuaren mantentze lanei eta arrazaren hobekuntza genetikoari eta hedapenari egotz dakizkiekeenak:

–Zerbitzuak hirugarrenei kontratatzea.

–Hirugarrenen lanbide zerbitzuak eta laguntza teknikoa.

–Berariazko materialak erostea.

–Berariazko ekipoen konponketak eta mantentze-lanak.

–Material didaktikoen kostua.

–Animalia identifikatzeko materiala, nahitaezko identifikazioa izan ezik. Animaliak gobernatzeko materiala, laginak hartzea eta laborategietako analisiak, liburu genealogikoen ondorioetarako (inskripzioa, sailkapena eta filiazioen kontrola).

–Azterketa genetikoak egitea arrazaz, edo hazitarako animalien eta eme ugaltzaileen liburu genealogikoak eta katalogoak editatu eta argitaratzea.

–Ugalketarako abereen edo etorkizunean ugalketarako direnen balorazio genetikoekin lotura duten gastuak.

–Azterketa egiteko zentroetara garraiatzearen gastuak.

3. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagunduko, salbu eta onuradunak ezin badu berreskuratu.

Zazpigarren oinarria.–Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera.

1. Diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua kalkulatzeko, 2025. urtean gauzatu diren jardueren adierazleak erabiliko dira, puntu honetan zehazten diren adierazleen zerrendaren arabera, bai eta erantsitako taularen zenbatekoak ere. Eman beharreko laguntzen zenbateko osoak aurrekontuan dagoen dirua gainditzen badu, eman beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

2. Baldintzak betetzen dituen elkarte berri baten kasuan, adierazleak zehaztuko dira taula horietan arraza motaren, zentsuen eta egin beharreko kudeaketa motaren eta kontrolen arabera horren antza handiena duen elkartearen adierazleak aplikatuz.

3. Operazio horretan aurreikusitako laguntza ondoko adierazleen arabera modulatzen da, eman beharreko gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko. Hauek izanen dira Nafarroako abeltzaintza ustiategietako animalien eta jardueren inguruko adierazleak.

a) Liburua eta balorazio genetikoa mantentzea. 2025eko abenduaren 31n Nafarroako ustiategietan bizirik eta liburuko ataletan inskribatuta dauden animalien kopuru osoa konputatuko da. Informazio hori ARCAn grabaturik egonen da, hori baita Espainiako abere arrazen katalogo ofizialean sartutako arrazei buruzko informazioa zabaltzeko funtsezko tresna, eta Informazio Sistema Nazionala herritarren eskura mantentzen du. Bertan, hainbat espezierekin, abere-arrazarekin eta horien arautegiarekin lotutako alderdi guztiak kontsulta daitezke.

b) Balorazio morfologikoa. Jaiotza liburuko animaliak konputatuko dira, ugalketarako gai den abere gisa behin betiko liburuan 2025. urtean zehar inskribatu eta morfologiaren aldetik baloratu direnak.

c) Errendimendu kontrola duten animaliak. Arraza bakoitzerako konputatuko dira 2025ean errendimenduak kontrolatzeko programa baten barne egon diren animaliak, arrazaren hazkuntza programaren barnean (arraza hobetu eta kontserbatzeko programa) eta Administrazioak baliozkotua. Arraza bakoitzaren programaren arabera, ugalketa kontrola, pisuen kontrola edo esne kontrola izan duten animaliak izan daitezke.

d) Filiazioaren kontrol genetikoak. 2025ean egindako kontrol genetikoak konputatuko dira, jaiotza liburuko inskripzioak egiaztatzeko. Horren barrenean egonen da material genetikoa ateratzea, aztertzea eta ustezko aita-amekiko bateragarritasuna egiaztatzea.

e) Analisi genomikoak. 2025ean egin diren liburuan inskribatutako animalien analisi genomikoak konputatuko dira animalia horien balio genetikoa zehazteko.

f) Germoplasma bankua. MAPAk sortutako germoplasmaren bankuan 2025ean sartutako semenaren, obuluen edo beste material genetikoaren dosiak konputatuko dira.

g) Arrazaren hedapena, abeltzaintzako lehiaketetan parte hartuz (erakusketa, lehiaketa, enkantea). 2025ean egindako lehiaketetan parte hartu duten eta kasuan kasuko liburu genealogikoan inskribatutako animalien arabera konputatuko dira, gehienez ere bi lehiaketa kontuan hartuta arraza eta urte bakoitzeko.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua kalkulatzeko, 2025. urtean gauzatu diren jardueren adierazleak erabiliko dira, adierazleen zerrendaren arabera eta taula honen zenbatekoen arabera ere:

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA

Espeziea eta orientazioa

Liburu genealogikoa mantentzea eta balorazio genetikoa

Balorazio
morfologikoa

Errendimendu kontrola duten animaliak

Filiazioaren
kontrol
genetikoak

Analisi
genomikoak

Germoplasma bankua

Arrazaren hedapena

Haragitarako behi azienda autoktonoa

4,20 euro
abelburuko

13,80 euro abelburuko

13,80 euro abelburuko

13,20 euro abelburuko

20 euro
abelburuko

3 euro dosi bakoitzeko

42 euro abelburuko

Haragitarako ardi azienda autoktonoa

0,56 euro
abelburuko

1,38 euro
abelburuko

1,20 euro
abelburuko

8,40 euro
abelburuko

20 euro
abelburuko

3 euro dosi bakoitzeko

8,40 euro abelburuko

Esnetarako ardi azienda autoktonoa

0,56 euro
abelburuko

1,38 euro
abelburuko

8,16 euro
abelburuko

8,40 euro
abelburuko

20 euro
abelburuko

3 euro dosi bakoitzeko

8,40 euro abelburuko

Behor azienda autoktonoa

3,60 euro
abelburuko

12,00 euro abelburuko

6,60 euro
abelburuko

13,20 euro abelburuko

20 euro
abelburuko

3 euro dosi bakoitzeko

42 euro abelburuko

Zortzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntzak eskuratzeko beharrezko baldintzak egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartearen estatutuen kopia, laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada. Era berean, hura aurkeztu beharko da aldaketarik egin bada aurreko urteetan aurkeztutako dokumentazioan.

b) 2025. urtean elkarteak egin dituen jardueren memoria, besteak beste datu hauek zehaztuta: liburu genealogikoan egindako inskripzioen kopurua, haien bukaerako egoera, egindako errendimendu kontrolen edo kontrol morfologikoen kopurua eta zenbat animaliari egin zaizkion, egindako filiazio kontrolen kopurua, analisi genomikoen kopurua eta germoplasma bankura bidali diren semen dosien kopurua, eta arraza hedatzeko egindako jarduerak, parte hartu duten animalien kopurua adierazita, egokia bada.

c) Memoria ekonomiko laburtua. Horretan diruz laguntzen ahal diren jarduerak egiteko 2026rako behar diren gastuen egoera adierazgarria sartuko da gutxienez, eta hor bereiziko dira liburu genealogikoak sortu eta mantentzeko gastuak eta abereen errendimendua zehazteko proben gastuak eta abereen kalitate genetikoa zehazteko proben gastuak. Gainera, diruz ezin lagundu diren jarduerek eragindako gastuen laburpena ere sartuko da.

d) Eskabidea egiteko momentuan bazkide ziren abeltzaintza ustiategien zerrenda.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan ez dagoela dioen adierazpena, laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

f) Baimena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen diona, egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, ekitaldi honetako laguntzen deialdiaren tramitazio prozeduraren barruan, laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

g) f) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak berak edo hark ordezkatzen duen entitateak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adierazita zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Bederatzigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

Hamargarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Eskaera hartuta, egiaztatuko da eskatzaileak betetze dituen eranskin honetako bigarren arauan ezarritako betebeharrak. Zortzigarren oinarrian xedatutakoaren arabera aurkezten den dokumentazioa osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du, eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta berariaz adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Prozeduraz ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

Hamaikagarren oinarria.–Ordaintzeko modua, epeak eta laguntzaren intentsitatea.

1. Lehenik, laguntza emateko baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, elkarte bakoitzari dagokiona pagatu baino lehen. Abeltzain elkarteek liburu genealogikoak kudeatzeko beharrezko jarduera eta arraza hobetu eta kontserbatzeko planak egin dituztela frogatu ondoren emanen zaie laguntza elkarteei kudeaketa gastuak partez estaltzeko. Jardueraren adierazleen arabera neurtuko da hori.

2. Ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, 2026ko azaroaren 15a baino lehen, ordainketaren eskaera aurkeztu beharko da, diruz laguntzen ahal diren jarduerak garatzeko beharrezkoak diren gastuen fakturekin batera, eta, aurretik, egindako jardueren ondoriozko gastu eta ordainketa guztiak frogatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da, bai eta eskatzen ahal den gainerako dokumentazioa eta gastu eta ordainketa horien frogagiriak ere. Gastuak faktura elektronikoen bidez egiaztatzen ahalko dira, baldin eta zerga alorrean onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3. Diruz laguntzen ahalko dira I. eranskin honetako seigarren oinarrian definitu diren kostuak. Fakturak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra artekoak izanen dira, eta justifikatzeko azken eguna baino lehen ordainduta egon beharko dute. Data horiek urtebeteko aldi oso bat osatzen duten Nafarroako arraza autoktonoen liburu genealogikoak mantentzeko eta abereen baliabide genetikoak kontserbatzeko funtzionamenduari dagokionez, eta baita Nafarroako aurrekontu orokorrak itxi eta likidatzeko arauak onesten dituen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren Foru Agindutik eratortzen diren betebeharrei dagokienez ere.

4. Laguntza horiek men eginen diete Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako intentsitate mugei. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluko 5. puntuko a) eta c) ataletan adierazitako portzentajeak aplikatuko dira; hortaz, liburu genealogikoak sortu eta mantentzeko administrazio gastuen %100 bitarte onartuko da eta hirugarrenek edo haien izenean abereen kalitate genetikoa edo errendimendua zehazteko egindako proben kostuen %70 bitarte. Kanpoan geratuko dira abeltzainak egindako kontrolak eta esnearen kalitatearen ohiko kontrolak.

5. Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntza jasotzen duen titularrak bete egin dituen bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasun betebeharra.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.

2. Zehazki, beste edozein estatu laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek identifikatzeko moduko kostu diruz lagungarri desberdinetarako badira.

3. Beste edozein estatu laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie ere, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.

4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluaren 2. apartatuan eta 146. artikuluan ezarritako ordainketekin, kostu diruz lagungarri berberei badagozkie eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

5. Laguntza hauek ez dira metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagozkien beste "de minimis" laguntza batzuekin baldin eta horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

Hamahirugarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzea.

1. Bigarren oinarrian aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak edo hirugarren oinarriko b), c), f) eta g) letretako konpromisoei ez eusteak laguntzaren ordainketa ezestea ekarriko du.

2. Laguntza %25 murriztuko da hirugarren oinarriko d), e), h), i) eta j) letretako betebeharrak betetzen ez badira.

3. Hirugarren oinarriko a) letrako betebeharra ez betetzeak ekarriko du laguntza %10 murriztea, liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %10etik beherakoak direnean; %40 murriztuko da liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %10etik %20era bitartekoak direnean, eta %100 murriztuko da liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %20tik gorakoak direnean.

Hamalaugarren oinarria.–Laguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuta daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da gardentasunari buruzko adierazpenaren estekaren bidez (https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2007657), honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratu daitekeena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963).

–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratu daitekeena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713).

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Hamabosgarren oinarria.–Jarraipena.

Ebaluazio organoak justifikazio informazioaren eta dokumentazioaren erregistro zehatzak gordeko ditu, erregelamendu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzen araubide honen arabera azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hogei egun balioduneko epean edo eskabidean ezar daitekeen epe luzeagoan emanen dio Batzordeari erregelamendu honen aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

Hamaseigarren oinarria.–Argitalpena eta informazioa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean:

a) Salbuetsitako laguntza neurri honi buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntza neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpenaren lehen sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.

c) Aurreko b) atalean aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.

d) Laguntzen araubidearen testu osoak erregelamendu honen berariazko aipamen bat jasoko du bereziki, haren izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza horrek ukitzen dituen III. kapituluko xedapen espezifikoena ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionalarena. Laguntzen araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak aurkeztuko dira.

II. ERANSKINA.–ERREFERENTZIAKO KOSTUAK

Ebazpen honen bosgarren oinarrian deskribatutako gastu diruz lagungarrietarako, ez da erreferentziako zenbatekotik gorako laguntzarik ematen ahalko.

1.–Langileriaren gastu zuzenak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

Soldaten kostua

Idazkari exekutiboa

48.000 euro diruz laguntzen ahal den ekitaldi bakoitzeko

Kontrolatzailea, kalifikatzailea edo baliokidea

28.800 euro, pertsonako eta diruz laguntzen ahal den ekitaldi bakoitzeko

Administraria

24.000 euro, pertsonako eta diruz laguntzen ahal den ekitaldi bakoitzeko

Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza

Benetako ordainketa

Gastu orokorrak

Telefonoa

180 euro langileko

Posta eta paketeak bidaltzea

1200 euro urtean

Lokalak amortizatzea edo alokatzea

12.000 euro urtean

Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak

Kilometro ordaina

0,36 euro/km.

Ibilgailuen renting-a eta alokairua

12.000 euro ibilgailu/urte

Ostatatze gastuak

80 euro eguneko

Eguneko dieta (bazkaria eta afaria)

46 euro

Dieta erdia

23 euro

Bidaiatzeko txartela

Turista tarifa

2.–Beste gastu zuzen batzuk, liburuaren mantentze lanei eta arrazaren hobekuntza genetikoari eta hedapenari egotz dakizkiekeenak.

Zerbitzuak hirugarrenei kontratatzea

Teknikaria

36 euro orduko

Kontrolatzailea

24 euro orduko

Administraria

18 euro orduko

Hirugarrenen lanbide zerbitzuak eta laguntza teknikoa

Teknikaria

36 euro orduko

Kontrolatzailea

24 euro orduko

Berariazko materialak erostea

Gehienez 6.000 euro urtean, edo 3 aurrekontu aurkeztea

Berariazko ekipoen konponketak eta mantentze lanak

Irakurgailuak konpontzea

240 euro

Informatika ekipo eta programen konponketak eta materiala

Gehienez laguntzaren %10

Material didaktikoen kostuak

Gehienez 1.400 euro urtean

Animalia identifikatzeko materiala, nahitaezko identifikazioa izan ezik Animaliak gobernatzeko materiala, laginak hartzea eta laborategietako analisiak, liburu genealogikoen ondorioetarako (inskripzioa, sailkapena eta filiazioen kontrola)

Genotipatuaren azterketa

10 euro

Esnearen azterketa

1 euro

Laginak hartzeko materiala

1 euro

Belarritakoak

0,5 euro

Arrazaren azterketa genetikoak egitea, edo hazitarako animalien eta eme ugaltzaileen liburu genealogikoak eta katalogoak editatu eta argitaratzea

Asoziazio genetikoaren azterketak

4.000 euro

Hazitarakoen katalogoaren argitalpena

2.500 euro

Ugalketarako abereen edo etorkizunean ugalketarako direnen balorazio genetikoekin lotura duten gastuak

Balorazio morfologikoa (kanpoko epaileak)

24 euro behi eta behorren kasuan, 6 euro ardi, ahuntz eta zerrien kasuan

Genomika

50 euro

Azterketa egiteko zentroetara garraiatzearen gastuak

Kilometro ordaina

0,96 euro/km

Iragarkiaren kodea: F2606023