Iragarkia
96. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
11E/2026 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia. DDBN kodea: 900847.
250/2023 Foru Dekretuaren bidez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta 42. artikuluan zehazten da Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokiola artisautza antolatzea eta sustatzea.
Foru dekretu horren 44.m) artikuluaren arabera, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari dagokio merkataritzaren eta artisautzaren arloko laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdiak eta horiek nola eman planifikatu, kudeatu eta gainbegiratzea.
Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, artisautza sektorearen espezifikotasuna kontuan hartuta, funtsezkotzat jotzen du sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea, eta, horretarako, laguntza-neurri batzuk ezartzea enpresen garapena indartzeko, merkataritza-sustapenerako egiten dituzten jarduerak bultzatzeko eta haien lanbide-gaikuntza hobetzeko.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira portzentaje bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrietarako gastuari. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 100.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83100-4701-431402 partida, "Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Nafarroako artisautzaren sustapena eta prestakuntza" izenekoa.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–NAFARROAKO ARTISAUTZA ENPRESAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZEN 2026KO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea du xede deialdi honek, haien lehiakortasuna bultzatzearren, haien produktuak merkaturatu eta sustatzeko jarduerak bultzatuz, bai eta haien langileen prestakuntza maila hobetzen duten jarduerak ere, enpresak garatu eta indartze aldera.
Dirulaguntzen onura publikoa artisautza enpresak eta horien produktuak sustatzean datza, horrela sektorea dinamizatzeko eta indarberritzeko; izan ere, beharrezkoa da artisautza bizirik mantentzea eta hura dinamizatzea, gizartea kulturalki aberasten baitu, eta Nafarroako ondare immaterialaren zati garrantzitsu bat osatzen baitu. Gainera, artisautzari aitortza egitea ere sustatzen da, artisautzak berekin baitakar benetakoak, bakarrak eta jatorrizkoak diren produktuak eskuz egitea eta diseinatzea, tradizioz eta kalitatez, industrialki, seriean edo mekanikoki egindako produktuen aldean.
2. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.
Jarduketak 2025eko azaroaren 18tik 2026ko azaroaren 11ra bitarte gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Ondorio horietarako, ulertuko da jarduketa gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.
Salbuespenez, azoketan izena emateko kuotei dagozkien gastuak onartuko dira, baldin eta lehen aipatutako aldiaren aurretik egin eta ordaindu badira plazaren erreserba bermatzeko eta azoketan izena emateko aurrerakin gisa.
3. oinarria. Enpresa onuradunak.
1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.3. Enpresak ezin izanen dira dirulaguntza honen onuradun izan baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege-dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
1.4. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
2. Gainera, berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen, Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan inskribatuta egotea, zeina Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikita baitago, edo inskripzioa berritzeko eskaera aurkeztu izana edo erregistro horretan inskribatzeko eskaera aurkeztu izana (eta erantzuna positiboa izatea).
2.2. Eskaera aurkezten den egunean Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, artisautzako jardueran aritzeagatik dagokion araubidean.
3. Berariazko betebeharrei eustea.
Artisautza enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoan bete beharko dituzte enpresek. Horrenbestez, artisautza enpresek baldintza horiek betetzen dituzten epean egindako jarduketak baizik ez dira onartuko.
Halaber, enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda egondako epeen barruan egindako jarduketak baizik ez dira onartuko.
Gutxienez 6 hilabetez egon behar da Gizarte Segurantzan alta emanda epe diruz lagungarriaren barruan.
4. Betebehar orokorrak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da; 2.1 berariazko betebeharra, berriz, laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du, eta 2.2 betebeharra, azkenik, 5.4.1.c) oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkeztuz egiaztatuko da.
4. oinarria. Jarduketa mota diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Jarduketa mota diruz lagungarriak.
Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:
a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.
b) Sustapen, publizitate eta diseinu jarduketak.
c) Prestakuntza ikastaroetara joatea.
d) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak.
2. Jarduketa mota bakoitzaren arabera diruz lagungarriak diren gastuak:
a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.
a.1) Azoka edo erakusketa bakoitzeko, gastu hauek dira diruz lagungarriak:
–Inskripzioa eta lekuaren eta standaren alokairua.
–Standa muntatu, apaindu edo instalatzeko gastuak. Erakustoki, saltoki edo standetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuak diruz lagungarriak izanen dira; zehazki, diseinuari, produkzioari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei buruzko gastuak onartuko dira, bai eta lan horiek egiteko euskarria edo materiala erostekoak ere.
–Materialaren garraioa eta bidaia norberaren ibilgailuan egitearen ondoriozko gastuak: diruz lagungarritzat joko da materiala eraman eta ekartzeko egindako kilometro bakoitzeko 0,38 euro aplikatuz lortzen den zenbatekoa; zenbateko horri aparkalekuen gastuak gehitu behar zaizkio. Kilometro kopurua kalkulatzeko, Google Maps aplikazioa erabiliko da, eta kontuan hartuko da zer distantzia dagoen enpresa eskatzailearen artisautza tailerretik azoka eginen den herrira.
–Materialaren garraioa eta bidaia beste bitarteko batzuekin egitearen ondoriozko gastuak: azoka hasi aurreko egunetik azokaren biharamunera arte alokatutako ibilgailuaren edo erabilitako garraioaren gastua diruz laguntzeko modukotzat jotzen da, baita erregaiaren eta aparkalekuen gastuak ere.
–Pertsona batentzako ostatua artisautza enpresa bakoitzeko eta azoka edo ikastaro bakoitzeko.
a.2) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
–Artisautza enpresak jarduketa horietan parte hartuko du soilik bere artisautza tailerrean egindako produktu propioekin, eta ezin izanen du birsalmentarik egin. Halaber, produktu horiek enpresak aitortua duen artisautzako lanbideari dagozkionak izan beharko dute.
–Dirulaguntza zer azokatarako eskatzen den, deialdia kudeatzen duen organoak eskubidea du informazioa eskatzeko horien antolatzaile den erakundeari, ziurtatze aldera lehen aipatu den baldintza betetzen dela. Betetzen ez bada, kasuan kasuko azokari dagozkion gastu guztiak ezetsiko dira.
b) Sustapen, publizitate eta diseinu jarduketak.
Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
b.1) Sustapenerako materiala argitaratzea.
–Artisautza enpresak prestatutako produktuak aurkezteko edo artisauen lanbidea hedatzeko katalogoak (digitalak barne), triptikoak, flyerrak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Diseinuari, konposizioari edo/eta maketazioari, banaketari eta produkzioari buruzko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
–Publizitate tarteak komunikabide eta hedabideetan, artisautza enpresa bultzatu, hedatu eta ezagutzera emateko. Publizitate tarte horiek diseinatu, ekoitzi eta txertatzeko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
–Argazkigintza lanak, artisautza tailerrei edo artisautza enpresaren lanari buruzkoak, dibulgaziorako, sustapenerako edo salmenta hedatzeko egiten direnak.
b.2) Marketin digitala.
–Publizitatea sare sozialetan edo bilatzaileetan (SEM), edukien marketina, publizitatea bidaltzea email marketineko plataformak erabiliz, etab.
–Sare sozialen kudeaketarako aholkularitza teknikoa, publizitatea egiteko, artisautza produktuak sustatzeko eta erosleak erakartzeko.
b.3) Diseinua artisautza produktuei eranstea eta merkataritza-irudia bultzatzea produktu horien merkaturatze eta marketin prozesuetan.
–Diseinua jabetza intelektualaren edo industrialaren erregistroan inskribatzea.
–Artisautza enpresaren marka diseinatzea, jarduera ekonomikoari balio erantsia ematen dion elementu bereizgarri gisa.
–Packaginga edo enbalajea diseinatzea, produktuak aurkezteko, erakusteko eta merkaturatzeko.
–Errotuluak, biniloak eta antzekoak diseinatzea eta ekoiztea, artisautza tailerrak sustatzeko.
b.4) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak.
Kanpoan uzten dira artisautzako produktuari, lanbideari edo enpresari buruzkoak ez diren dibulgazio, propaganda edo publizitateko material eta iragarki guztiak.
Ez dira diruz lagunduko enbalajeak, kutxak, kutxatilak edo antzekoak erosteko gastuak, ezta bisita-txartelen edo antzekoen diseinuari eta ekoizpenari dagozkionak ere.
c) Prestakuntza ikastaroetara joatea.
c.1) Diruz lagungarritzat jotzen dira honako ikastaro hauetara artisautza enpresa bakoitzetik pertsona bat joateagatik egiten diren gastuak (izan online nahiz presentzialak):
–Trebakuntza teknikoko ikastaroak, Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioan aipatzen diren lanbideetako baten hobekuntza profesionala helburu dutenak; baimendutako zentro ofizialek edo horretarako kualifikatutako enpresa edo profesionalek antolatu edo eman beharko dituzte, eta lagundu beharko dute artisautza lanetan aritzeko lanbide gaitasunak hobetzen.
–Trebakuntza digitaleko ikastaroak, beharrezkoak direnak informazioaren eta komunikazioaren teknologiako tresna berriak erabiltzeko; esaterako, xede dutenak sare sozialak erabiltzea, online salmenta edo online marketina egitea, etab.
–Diseinua artisautza produktuei eransteko ikastaroak.
c.2) Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
Akademikoak, matrikularenak eta material didaktikoarenak.
Joan-etorria.
Ostatua.
Aparkalekua.
Joan-etorrietako eta ostatuko gastuei dagokienez, artisautza azoketan parte hartzeagatik aplikatzen diren irizpide berberak aplikatuko zaizkie gastu horiei, eta trataera bera emanen zaie.
d) Artisautza produktuak batera merkaturatzeko plataformetara atxikitzeko kuotak (online salmentarako plataformak, market place plataformak edo Interneteko plataforma bateratuak).
Diruz lagungarritzat hartzen dira online salmentarako plataformetara (ecommerce) atxikitzeko gastua eta hilabeteroko kuotak, baita market place plataformetara edo online salmentarako beste kanal batzuetara atxikitzekoak ere, horien bidez artisautza enpresak espazio bat izan baitezake produktuak ikusgai jartzeko, horiek erakustea errazteko eta salmenta prozesua azkartzeko.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
3.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira gastu diruz lagungarriaren gainean (BEZa kanpo), gehieneko zenbatekoak gainditu gabe:
JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIEN MOTA | % DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO ZENBATEKOA |
A) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea | 75 | 10.000 (3.000 azoka bakoitzeko) |
B) Sustapena, publizitatea eta diseinua | 75 | 3.000 |
C) Prestakuntza ikastaroak | 75 | 3.500 |
D) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak | 75 | 900 |
3.2. Ostatu gastuak. Gastu diruz lagungarritzat hartzen da artisautza enpresa bakoitzeko pertsona bati dagokiona, gehienez 70 euro eguneko, eta, jarduketa atzerrian egiten bada, 90 euro eguneko.
Gastu diruz lagungarritzat hartzen dira ikastaroa edo azoka hasi aurreko eguneko ostatu gastuak, baita ekitaldiak dirauen bitartekoak ere, baldin eta egindako gastuaren egokitasuna eta koherentzia egiaztatzen badira.
3.3. Deialdi honetan gehienez ere 14.000 euro eman dakizkioke enpresa bati.
5. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 14tik 2026ko urriaren 2ra artekoa izanen da, biak barne.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
2.1. Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-promocion-de-empresas-artesanas (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
2.2. Pertsona fisikoen kasuan.
Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko atalean ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.
3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):
4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) 3.1. oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena. Eskaera-orrian dago.
b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (10. oinarrian aipatzen dira). Eskaera-orrian dago.
c) Lan bizitzaren txostena edo Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eskaera aurkezten den egunean enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela egiaztatzeko.
4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
4.2.1 2025eko azaroaren 18tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Azoka edo erakusketetan parte hartzea: Memoria bat horietako bakoitzeko, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa jasoko duena.
a.1) Dirulaguntza eskatzen bada azoka edo erakusketetan parte hartzeagatik, baina, bakar-bakarrik, materiala garraiatzeagatik, aurkezten den dokumentazioan behar bezala frogatu beharko da artisautza enpresak ekitaldian parte hartzen duela; besteak beste, honako hauek aurkeztuko dira: antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako liburuxkak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.
a.2) Standak muntatzeko edo apaintzeko erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatzeko dirulaguntzen kasuan, lehenik, standaren eta olanen, eguzki-oihalen edo publizitate euskarrien argazkiak aurkeztu behar dira, horien bitartez egiaztatzeko ea bete den jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela jakinarazteko betebeharra.
b) Sustapen, publizitate eta diseinu jarduketak: Jarduketa bakoitzeko fitxa bana aurkeztu beharko da, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa eta eragin dituen gastuak jasoko dituena.
Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Sustapenerako katalogo, eskuorri, triptiko, flyer, web katalogo, ikus-entzunezko, irrati-iragarki edo argitaratutako beste edozein materialen ale bat.
–Komunikabide eta hedabideetan iragarkirik egin bada, iragarkiaren kopia eta hedabidearen azalarena aurkeztuko dira.
–Marka korporatiboaren diseinuaren eta packaking, errotulu eta antzekoen diseinuen kasuan, horien kopia bat aurkeztuko da.
–Sare sozialetan publizitatea edo iragarkiak hedatu badira, horien pantaila-argazkiak edo estekak aurkeztu beharko dira.
c) Prestakuntzako jarduketak: Memoria bat horietako bakoitzeko, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa jasoko duena.
d) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak: Egin diren jarduketei buruzko memoria bat, laguntzen fitxako berariazko ereduaren araberakoa.
e) Egindako gastuei dagozkien fakturak; fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira eta dirulaguntzaren onuradun den enpresaren izenean jaulki beharko dira.
Ez da 25 eurotik beherako (BEZa barne) fakturarik onartuko, salbu eta aparkaleku eta erregai gastuen kasuan.
f) Ordainketaren banku-egiaztagiriak.
Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresa onuradunaren kontuan kargatu dela.
Espediente bakoitzeko, gehienez ere 500 euro (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.
g) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
h) Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du eskaera-orriko "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
4.2.2 Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2026ko azaroaren 11ra arte aurreikusitako jarduketetarako, dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Deskripzio-memoria xehatu bat, egin beharreko jarduerak jasotzen dituena, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Aurreikusitako gastuen zerrenda xehatua bilduko du.
b) Aurrekontuak edo proformako fakturak, egin beharreko jarduketenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Zehazki, azoketan parte hartzeak dakarren gastuaren aurreikuspena baloratzeko, ontzat emanen dira antolatzaileen berrespenak.
5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.
2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela zehaztuko da:
Ekintza diruz lagungarriei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 4. oinarrian ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.
Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada arestian zehaztutakoaren ondoriozko dirulaguntzen batura baino, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako kredituaren hainbanaketa orokorra eginen da.
Kasu horretan, dirulaguntzak eman ondoren ateratzen den benetako dirulaguntzaren portzentajea aplikatuko zaio diruz lagundutako jardueren justifikazioari.
3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Enpresa onuradunen zerrenda eta diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
4. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
5. Diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzean onartzen zaizkion jardueren multzo osoarengatik emanen eta ordainduko zaio dirulaguntza eskatzaile bakoitzari. Jarduketa mota horiek 4.1 oinarrian zehaztuta daude.
6. Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
7. oinarria. Jarduketen justifikazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Egindako jarduketen justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:
a) 2025eko azaroaren 18tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jarduketen kasuan, dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da justifikazioa.
b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita 2026ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren kasuan, 2026ko azaroaren 11 bera izanen da justifikazioa aurkezteko azken eguna.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 6. oinarrian adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:
a) 2025eko azaroaren 18tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, eskaera-orria aurkeztuko da 5.4.2.1 oinarrian ezarritako dokumentazioarekin batera.
b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2026ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren kasuan, justifikazioaren inprimakia aurkeztuko da 5.4.2.2 oinarrian ezarritako dokumentazioarekin batera.
8. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.
2. Bi ordainketa egiten ahalko dira, aurkeztutako justifikazio partzial bakoitzeko bat, baina prozedurak erraztu eta administrazio eraginkortasuna hobetzearren, organo kudeatzaileak bi ordainketak pagamendu bakarrean batzen ahalko ditu.
3. Nolanahi ere, laguntza ordaintzeko ebazpena(k) 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen d(ir)a.
9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren enpresek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar.
Gainerako enpresa onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, telematikoki aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautzen dena.
Enpresak adierazpena aurkeztera beharturik badaude 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik, aipatu adierazpen horrekin batera foru lege horren 12.4 artikuluan ezarritako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.
Aldiz, 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak bete ez eta beharturik ez badaude, enpresek adierazpena aurkeztu beharko dute inguruabar horren berri emateko.
b) Diruz lagundutako jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta diruz lagundutako jarduketa ez bada gauzatu behar diruz lagundutako aldiaren barruan.
d) Publizitate egokia egitea dirulaguntza honen xede diren jardueren finantzaketaren izaera publikoaren gainean, eta, horretarako, dirulaguntzaren xede den ekintzari buruzko euskarri eta publizitate guztietan (irrati-iragarkiak, sare sozialak, liburuxkak, kartelak, errotuluak, biniloak, etab.) adierazi beharko da ekintza hori Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duela. Betebehar hori honela konplituko da:
–Lehentasunez, Nafarroako artisautza sustatzeko logoa txertatuko da. Hura erabiltzeko, eskaera egin behar da Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/solicitud-del-logo-promocional-de-artesania-navarra.
–Logo hori erabili ezin den euskarrietan, aipamen hau eginen da: "Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa".
e) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
f) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, 2026ko azaroaren 11ra bitarte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Bigarren epeko frogagiriak aurkezten badira 2026ko azaroaren 12tik 2026ko azaroaren 23ra bitarte (bi egun horiek barne), %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza (bigarren epe horri dagokiona). Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
c) Dirulaguntzaren xedeko jarduketen publizitate betebeharrak betetzen ez badira, ez da onartuko betebehar hori bete ez duten publizitate euskarriei dagokien guztizko gastua.
10. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak jarduketa beretarako eman ditzakeen beste batzuekin.
Bateragarriak dira, ordea, helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.
Nolanahi ere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Enpresa bakarraren definizioa erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarritakoa izanen da.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude.
11. oinarria. Emandako dirulaguntzen publikotasuna.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.
Emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan ere argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, enpresa onuradunak eta emandako diru kopurua.
12. oinarria. Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzaren fitxan adierazitako moduan.
13. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2606139
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
