Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
190E/2026 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateek lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiteko 2026ko laguntzen deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 899820.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes- eta ongizate-maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea abandonuari aurre egiteko, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatzea.
2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro bada ere, gure lurraldean zakurren eta katuen abandonua arazo larria da oraindik, baita abandonu horien kudeaketa ere. Horrekin batera, egiaztatuta dago Nafarroako udalerri askotan aske baina giza ingurune baten menpe bizi diren katuen populazioak gero eta ugariagoak direla; gainera, ez da populazio horien tamaina eta osasun egoeraren gaineko inolako kontrolik egiten, eta horrek, maiz, gatazkak eragiten ditu bizilagunen artean. Gizarteak gertaera horien gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.
Horri loturik, foru legearen atarikoan funtsezko bi estrategia aipatzen dira lagun egiteko animalien abandonua prebenitu eta murrizteko bide gisa: esterilizazioa eta identifikazioa. Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege horren 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste entitate batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.
Urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuak –azaroaren 30ean jarri zen indarrean– aipatutako legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen, eta toki entitateek foru legeak emandako eskumenak garatzeko zenbait alderdi garrantzitsu zehaztu zituen, hala nola lagun egiteko animalien zentroek edo katu koloniek bete beharreko baldintzak eta betekizunak. Toki entitateek kontuan hartu behar dituzten beste alderdi batzuk ere arautzen ditu, hala nola zakurrak eta katuak, katu kolonia batekoak barne, identifikatzeko prozedura eta betebeharra.
Animalien eskubideak eta ongizatea babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legean –2023ko irailaren 29an hartu zuen indarra–, udalek animalien bilketan dituzten eskumenak berresten dira, eta ezartzen da nahitaezkoa dela larrialdiko zerbitzu bat izatea animalia horiek jasotzeko eta albaitaritza-arreta emateko, eguneko 24 orduetan, eta beharrezkoa dela animalia horiek kudeatzeko eta zaintzeko zerbitzu propioa, mankomunatua edo itundua izatea. Udalerriren batek baliabide propiorik ez badu eskumena gauzatzeko eta lankidetza hitzarmen bat sinatzen badu zentro mankomunatuekin, arauak aurreikusten du aldi baterako udal instalazio bat izan behar duela animaliak hartzeko, kasuan kasuko zerbitzuak jaso arte. Lege horrek, halaber, ezartzen du udalek eskumena dutela katuen populazioa kontrolatzeko, katu koloniak ezarriz eta horiek kudeatuz.
2021az geroztik, urteroko dirulaguntzen lerroak sortu dira Nafarroako toki entitateentzat, besteak beste, lagun egiteko animalien harrera zentroak sortzea sustatzeko, aipatutako betebeharrak bete ahal izan ditzaten.
Toki entitateen ahalegina ez da soilik animalia abandonatu, galdu edo konfiskatuak jaso eta mantentzeko instalazioak sortzea. Izan ere, zentro horien mantentze gastuak handiak dira, indarrean dagoen legediaren arabera eskaini behar dituzten zerbitzuak kontuan hartuta.
Horregatik, horrelako zentroen kudeaketa gastu handiak arintzeko laguntzak prestatu behar dira, batez ere udalerri txikientzat. Haiek ordaintzen dituzte gastuok, bai kudeaketa zentro propioen edo mankomunatuen bidez egiten dutelako, bai zentro baimendu eta erregistratuen hirugarren titularrekin hitzartzen dituztelako.
Udalerrietako katu koloniak kudeatzearen harira, beharrezkoa da aplikatzekoa den araudi espezifikoaren xedapenekin bat datozen kudeaketa planak egiten jarraitzea. Koloniak modu egokian kudeatu behar dira, eta ahalegin ekonomikoa jarduketa programetara egokitu behar da, nahi diren helburuak lortzeko; adibidez, kolonien eta haien populazioen kontrol egokia, katuen esterilizazioan, identifikazioan eta txertaketan oinarrituta. Deialdi honetako dirulaguntzen helburua udalerrietako koloniak kudeatzen laguntzea da. Tokiko biztanleria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa izanen da dirulaguntza, udal txikiek koloniak kudeatzeko egin behar duten ahalegin ekonomiko handiagoa konpentsatze aldera.
Arazo horri erantzuna eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntza lerroak ezartzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2026rako gastuen aurrekontuetan, toki entitateentzako dirulaguntzen partida bat aurreikusi da, guztira 293.900 eurokoa, animaliak babesteko ekintzak sustatzeko. Horrela bada, administrazioak laguntzak emanen dizkie toki entitateei Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legeak zein 19/2019 Foru Legeak eta hura garatzen duen araudiak animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jaso eta mantentzeari buruz ezarritako betebeharrak betetzen laguntzeko, bai eta udalerrian ezarritako katu kolonietako katuen kudeaketari begira ezartzen dizkieten betebeharretarako ere. Betebehar horiek bi legeek animalien babesaren eta ongizatearen arloan ematen dizkieten eskumenak gauzatzearen ondorio dira.
Ebazpen honen xedea honako hau da: Nafarroan lagun egiteko animalien babesa sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Horretarako, toki entitateentzako hainbat laguntza lerro ezartzen dira: lagun egiteko animalien aldi baterako harrera zentroak mantentzeko laguntzak, zakurrak eta katuak (harrera zentroetakoak nahiz katu kolonietakoak) identifikatu, esterilizatu eta amorruaren kontra txertatzeko gastuen laguntzak eta haientzako elikagaiak erosteko gastuenak.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea babestea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Toki entitateek Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiteko 2026ko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 293.900 euroko gastua baimentzea 2026rako aurrekontu orokorretako "Toki entitateentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako" izeneko 710004-71300-4609-412202 partidaren kargura, deialdi honen bidez hartutako konpromisoei erantzute aldera.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (DDBN) jakinaraztea.
5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 17an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–LAGUN EGITEKO ANIMALIEN BABESA SUSTATZEKO EKINTZAK GAUZATZEKO NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEETARA 2026AN BIDERATUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei 2026an lagun egiteko animaliak babesteko jarduerak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak modalitate hauen bidez emanen dira:
a) Lagun egiteko animalien harrera zentro baimenduak eta erregistratuak mantentzeko eta zentro horietan dauden lagun egiteko animaliak zaintzeko laguntza.
b) Katu kolonia baimendu eta erregistratuetako animaliak artatu eta zaintzeko laguntza.
2. oinarria. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte ebazpenean bertan eta oinarri arautzaileak biltzen dituen eranskin honetan ezarritakoak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriak ezarritakoak ere.
3. oinarria. Laguntzak emateko araubidea.
3.1. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.
3.2. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, eta deialdiaren xedeko jarduketak egiteko erabiliko dira.
4. oinarria. Entitate onuradunak eta modalitateak.
4.1. Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Halaber, taldean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskabidean berariaz adierazten bada entitate bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.
4.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
a) 1. modalitatea: Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan baimendu eta erregistratutako lagun egiteko animalien harrera zentroetan egiten diren jarduketak.
b) 2. modalitatea: katu koloniak kudeatu edo mantentzeko jarduketak.
5. oinarria. Entitate onuradunei eskatu beharreko betekizunak.
5.1. Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
5.2. 4.2 oinarriko 1. modalitateko laguntzak eskatzeko, animalia abandonatu, konfiskatu, galdu edo babesgabeak jaso eta mantentzeko zerbitzuak ematen dituzten toki entitateek behar bezala baimendutako aldi baterako harrerazentroak izan beharko dituzte, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuan araututakoaren arabera.
5.3. 4.2 oinarriko 2. modalitateko laguntzak eskatzeko, toki entitateek katu koloniak kudeatzeko programa bat izan beharko dute, eta programa horren gutxieneko edukia eranskinean ezarritakoa izanen da. Halako programarik ez bada edo bertan eskatzen den gutxieneko elementuren bat garatu ez bada, ez da zuzentzen ahalko.
5.4. Zerbitzuak (zentroak mantentzea eta katu koloniak kudeatzea) baliabide propioekin edo hirugarrenekin hitzarmenak edo kontratuak sinatuz kudeatzen ahalko dira, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoaren arabera. Hitzarmena izanez gero lagun egiteko animaliak babesteko elkarte batekin, elkarteak erakunde laguntzailearen onarpena izan beharko du.
Hala ere, laguntza jasotzen ahalko dute animaliak babesteko elkarte batekin hitzarmena sinatuta duten toki entitateek, baldin eta elkarte horiek Animaliak Babesteko Elkarteen Erregistroan erakunde laguntzaile gisa onartzea eskatu badute laguntzen deialdia argitaratu aurretik. Jarduketa diruz lagungarriak justifikatzeko datan ez bada onarpenik lortu, toki entitateak galdu eginen du emaniko laguntza kobratzeko eskubidea.
6. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea eta gastu diruz lagungarriak.
6.1. Diruz lagungarriak izanen dira harrera zentro baimenduetan edo katu kolonia erregistratu batean dauden zakurrak eta katuak artatu eta zaintzeko jarduketetatik eratorritako gastuak, bai eta harrera zentro baimendu eta erregistratuen mantentze gastuak ere, baldin eta, zalantzarik gabe, diruz lagunduko den jarduketarako badira eta behar-beharrezkoak badira. 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartekoak izan beharko dute, eta 2026ko urriaren 15a baino lehen ordainduak.
6.2. Honako jarduketa hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza, deialdian adierazitako modalitateen arabera:
1. modalitatea: Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan baimendu eta erregistratutako lagun egiteko animalien harrera zentroetan egiten diren jarduketa hauek:
a) Animalien esterilizazio kirurgikoa, kontrolatu gabeko ugalketa saihesteko eta haien adopzioa sustatzeko.
b) Animaliak mikrotxipa ezarriz identifikatzea, RIACNAn inskribatzea eta pasaportea egitea, nahitaezkoa bada apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan jasotakoaren arabera.
c) Amorruaren kontrako txertoak jartzea.
d) Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erostea, nutrizio egoera hoberena lortze aldera.
e) Harea erostea katuak hartzen dituzten aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratuetarako.
f) Aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratuaren mantentze gastu hauek: elektrizitatea, ura, gasa, berogailua, telefonoa, erantzukizun zibileko aseguruak, zentroko garbiketa eta desinfekzio produktuak, hondakinen kudeaketa eta gorpuen kudeaketa.
2. modalitatea: katu koloniekin zerikusia duten jarduketak.
a) Animalien esterilizazio kirurgikoa, ugalketa saihesteko.
b) Animaliak mikrotxipa ezarriz identifikatzea, apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan jasotakoaren arabera.
c) Amorruaren kontrako txertoak jartzea.
d) Pentsu komertzial lehor edo heze espezifikoa erostea, katu kolonietako animalientzat.
6.3. Bi modalitateetako 6.2 oinarriko a) eta d) letretan jasotako gastuak diruz lagundu ahal izateko, animaliek behar bezala identifikatuta egon beharko dute, 19/2019 Legearekin eta 94/2022 Foru Dekretuarekin bat etorriz.
6.4. 6.2 oinarrian adierazitako jarduketak diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta animalien jabeek ordaindu behar ez badituzte, galera kasuetan, eta adoptatzaileari jasanarazten ez bazaizkio. Jasanarazi ez den zatia baino ez da diruz laguntzen ahalko.
6.5. Jarduketa diruz lagungarriengatik, toki entitateari ez zaio ordaintzen ahalko inola ere erakunde laguntzaileari edo zentroaren erakunde kudeatzaileari dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteagatik ordaindutako zenbatekoa baino kopuru handiagoa.
6.6. Diruz lagungarriak izanen dira zentroen eta kolonien kudeaketa gastuak, kudeaketa hori baliabide propioen bidez edo zerbitzua hirugarrenekin kontratatuz egiten bada, animaliak babesteko erakunde laguntzaile onartuekin hitzarmenak eginez edo zerbitzuaren kontratazio publikoaren bidez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 9ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoaren arabera. Jarduketa diruz lagungarrien gastuak erakunde kudeatzaileak ordaintzen baditu, toki entitateak dagokion kontraprestazioaren ordainketa justifikatu beharko du. Ordainketaren kontzeptuetan jarduketok agertu beharko dute.
6.7. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.
6.8. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da ekintza diruz lagungarriaren kostua baino handiagoa izaten ahalko.
6.9. Dirulaguntzen gehieneko zenbateko hauek ezarri dira gastu diruz lagungarri bakoitzerako:
a) Esterilizazio kirurgikoaren albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak:
–Zakur espezieko animaliak: 120 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 80 euro gehienez ar bakoitzeko.
–Katu espezieko animaliak: 85 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 35 euro gehienez ar bakoitzeko.
b) Animaliak identifikatzeko albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak: gehienez 25 euro identifikatutako animalia bakoitzeko.
c) Pentsu komertzial lehor edo heze espezifikoa erosteko gastuak:
–Zakur espezieko animaliak: 90 euro gehienez animalia bakoitzeko.
–Zakur espezieko animaliak: 72 euro gehienez animalia bakoitzeko.
Animalia kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batezbestekoa eginen da, espezie bakoitzeko egin beharreko formula hau kontuan hartuta:

Nt: Zenbateko diruz lagungarria kalkulatzeko erabili den animalien guztizko kopurua.
Batukaria (∑j12): hilabete guztietako saldoen batura.
Batukaria (∑ Ek - Sk) dagokion hileko eta lehenengo hileko saldoa adierazten du, eta zati 12 eginda, aldi horretako animalien batezbestekoa ematen du.
N0: Animalia kopurua zentroan 2025/09/01ean.
Ek: Animalien sarrerak, dagokion hilean.
Sk. Animalien irteerak, dagokion hilean.
Katu kolonien elikadura gastua zehazteko, arestian emandako formula bera erabiliko da. Hauek hartuko dira abiapuntutzat: 2025/09/01ean zenbat katu zeuden mikrotxiparekin identifikatuta katu kolonietan eta 2025eko irailetik 2026ko abuztura bitartean zenbat katuk eman zuten alta eta baja.
d) Amorruaren kontrako txertaketak eraginiko gastuak: gehienez 15 euro zentro batean jasotako edo katu kolonia batekoa den animaliari emaniko dosi bakoitzeko, 19/2019 Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan araututakoaren arabera.
e) Harea gastuak: 72 euro katu bakoitzeko.
Katuen kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batezbestekoa eginen da, formula hau kontuan hartuta:

Nt: Zenbateko diruz lagungarria kalkulatzeko erabili den zentroko katuen guztizko kopurua.
Batukaria (∑j12): hilabete guztietako saldoen batura.
Batukaria (∑ Ek-Sk) dagokion hileko eta lehenengo hileko saldoa adierazten du, eta zati 12 eginda, aldi horretako animalien batezbestekoa ematen du.
N0: Katu kopurua zentroan 2025/09/01ean.
Ek: Katuen sarrerak, dagokion hilean.
Sk. Katuen irteerak, dagokion hilean.
f) Zentro baimenduen mantentze gastuak: gehienez 50.000 euroko dirulaguntza emanen da harrera zentro bakoitzeko.
7. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
7.1. Modalitate bakoitzean aurreikusitako dirulaguntza zenbatekoak honako hauek dira:
a) 1. modalitatea: 100.000 euro.
b) 2. modalitatea: 193.900 euro.
7.2. Bi modalitateen zenbatekoak 2026ko aurrekontu orokorretako "Toki entitateentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako" izeneko 710004-71300-4609-412202 partidaren kargura ordainduko dira, deialdi honen bidez hartutako konpromisoei erantzute aldera. 293.900 eurokoa da.
7.3. Toki entitateek ehuneko hauek jasoko dituzte, 6. oinarrian jarduketa bakoitzerako adierazitako zenbatekoei aplikatuta:
a) 1. modalitatea: harrera zentroak. Animaliak esterilizatu, identifikatu eta txertatzeko gastuak, harrera zentro baimenduetan pentsua eta harea erosteko gastuak eta harrera zentro baimendu eta erregistrauen mantentze gastuak:
TOKI ENTITATE ESKATZAILEAREN TAMAINA (2026ko urtarrilaren 1eko zentsu datuen arabera) | LAGUNTZAREN % |
75.000 biztanle gehienez | %100 |
75.001 eta 150.000 biztanle bitarte | %80 |
150.001 eta 200.000 biztanle bitarte | %50 |
200.000 biztanle baino gehiago | %10 |
b) 2. modalitatea: katu koloniak: Katu kolonietako animaliak esterilizatu, identifikatu eta txertatzeko gastuak:
TOKI ENTITATE ESKATZAILEAREN TAMAINA (2026ko urtarrilaren 1eko zentsu datuen arabera) | LAGUNTZAREN % |
5.000 biztanle gehienez | %100 |
5.001 eta 20.000 biztanle bitarte | %90 |
20.001 eta 50.000 biztanle bitarte | %70 |
50.001 eta 100.000 biztanle bitarte | %50 |
100.000 biztanle baino gehiago | %10 |
7.4. Dirulaguntzak jaso ahal izateko, toki entitateek gutxienez 20 puntu lortu beharko dituzte, 12. oinarriko baremoen arabera. Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsi eginen dira.
7.5. Dagokion aurrekontuko partida agortu egiten bada dirulaguntzaren xedeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, zenbateko osoa aurkeztutako eskaeren artean eta eskatutako proportzioaren arabera hainbanatuko da.
7.6. Modalitate baterako aurreikusitako kopurua ez bada agortzen eskabideak aurkeztu ondoren, soberakina beste modalitateko eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, horretarako aurreikusitako zenbatekoa aski ez bada.
7.7. Modalitate guztietarako, gehieneko dirulaguntza 100.000 eurokoa izanen da entitate onuradun bakoitzeko.
8. oinarria. Bateragarritasuna.
8.1. Foru deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako dirulaguntzekin.
8.2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko, inola ere, jarduera horien kostuaren %100. Horretarako, aurkeztu beharko da laguntzen fitxako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (9.3 oinarrian aipatzen da).
Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak behar den murrizketa izanen du.
9. oinarria. Eskaerak.
9.1. Epea:
Dirulaguntzen eskaerak eta horien justifikazioa 2026ko urriaren 15ean eginen dira, gehienez ere.
9.2. Aurkezteko modua:
Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramiteak/bilatzailea (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari zuzenduko zaizkio.
9.3. Agiri hauek aurkeztu behar dira dirulaguntzen bi modalitateetan:
a) Laguntzen fitxan agertzen den eskabide eredua aurkeztuko da, erakunde eskatzaileak eskura dituen eranskinen arabera, halakorik badago, eginiko adierazpen hauekin batera:
–Hainbat administrazio publikotan xede bererako eskatutako edo emaniko laguntza guztien adierazpena.
–Eskabidean eta aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla dioen adierazpena.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzetako batean ere erortzen ez dela frogatzen duen adierazpena.
–5. oinarrian laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen direla frogatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako desgaikuntza egoeraren batean ere ez dagoela frogatzen duen adierazpena.
–Dirulaguntzen itzulketagatiko betebeharren ordainketan egunean dagoela frogatzen duen adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
–Toki entitatearen lurralde eremuan abandonatutako animaliak eta katu koloniak jasotzeko eta mantentzeko kudeaketa moduari buruzko adierazpena, hura nola egiten den adieraziz (zuzenean edo zeharka, hitzarmen edo kontratu bidez), bai eta erakunde laguntzailea edo erakunde kudeatzailea adieraziz ere.
b) Toki entitateak hirugarren batekin egindako kudeaketa kontratu baten bidez edo erakunde laguntzaile batekin egindako hitzarmen baten bidez gauzatzen baditu dirulaguntzaren xede diren jarduketak, toki entitatearen eta zerbitzua ematen duen erakundearen arteko harremana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Horretarako, sinatutako hitzarmen edo kontratuen kopia aurkeztu beharko du, bai eta toki entitatearen erantzukizunpeko adierazpena ere. Adierazpen horretan, hitzarmenean eta kontratuan zer jarduketa diruz lagungarri jasotzen diren eta horiek nola finantzatzen diren zehaztuko da.
9.4. 1. modalitatean aurkeztu behar den dokumentazio osagarria:
a) Pentsu eta harea gastuak: toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria. Alderdi hauek jasoko ditu:
1. Pentsuaren eta harearen kontzeptuengatiko gastuen xehetasunari dagokion justifikazioko kontua. Kontu horrek barnean hartuko du fakturen zerrenda xehatua, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adieraziko dira: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, zenbateko diruz lagungarria, guztira ordaindutakoa, ordainketaren data eta ordaintzeko modua. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri hori ordainketaren egiaztapentzat hartuko da.
2. 2025/09/01ean zentroan dagoen animalia kopurua, espezieka, eta 2025/09/01 eta 2026/08/31 artean hilero izandako sarrerak eta irteerak, espezieka eta hilabeteka. Ziurtagirian jasotako datuek bat etorri beharko dute 19/2019 Foru Legearen erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren IV. eranskinean aipatzen den sarreren eta irteeren erregistro liburuarekin.
b) Albaitaritza jarduketen gastuak: toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak sinatua. Hau agertuko da bertan:
1. Harrera zentroko animalien zerrenda, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean esterilizatu, identifikatu eta amorruaren kontra txertatu zirenen espeziea, sexua eta mikrotxip zenbakia adierazita –txertoaren dosi kopurua ere zehaztuko da–.
2. Albaitariek kobratutako tarifei buruzko informazioa, jarduketa diruz lagungarriei dagokienez: sexuaren eta espeziearen araberako esterilizazioa, identifikazioa eta amorruaren kontrako txertaketa. Albaitari profesional batekin baino gehiagorekin eginez gero lan, kontzeptu horietako bakoitzaren zenbatekoak zehaztuko dira.
3. Esterilizazio, identifikazio eta amorruaren kontrako txertaketaren kontzeptuen justifikazioko kontua. Kontu horrek barnean hartuko ditu jarduketa bakoitzaren fakturen zerrenda eta gastua eta ordainketa justifikatzen dituen kontabilitate dokumentua. Toki entitateak langile propioekin burutzen baditu jarduketak, fakturen zerrendaren ordez adierazpen bat emanen da, non aditzera emanen baita toki entitateak jarduketa diruz lagungarriak egiteko albaitariak dituela langileen artean, kasua bada.
c) Zentroaren kudeaketa eta mantentze gastuak: toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak sinatua eta diruz lagundutako jarduketen gastuaren xehetasunari dagokion justifikazioko kontua barne hartzen duena. Kontu horrek barnean hartuko du fakturen zerrenda xehatua, kontzeptu diruz lagungarrien arabera multzokatuta, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adieraziko dira: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, zenbateko diruz lagungarria, guztira ordaindutakoa, ordainketaren data eta ordaintzeko modua, kontzeptu diruz lagungarri bakoitzaren fakturen zerrenda, gastu horiek ordaintzeko modua eta ordainagiriak. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri hori ordainketaren egiaztapentzat hartuko da.
d) Aldi baterako harrera zentroko jarduketen memoria, dirulaguntzaren xede diren zer ekintza egin diren zehaztuta. Beste erakunde batzuen laguntzak jaso badira jarduketa diruz lagungarri berberetarako, zer kontzeptutarako jaso diren zehaztu beharko da, eta behar bezala justifikatu beharko da ez dela finantzaketa bikoitzik izan jarduketa diruz lagungarri berberengatik.
9.5. 2. modalitatean aurkeztu behar den dokumentazio osagarria:
a) Katu koloniak kudeatzeko programa, deialdiaren eranskinean ezarritako gutxieneko edukiarekin.
b) Pentsu gastuak: toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak sinatua. Hau agertuko da bertan:
1. Pentsuaren kontzeptuagatiko gastuen xehetasunari dagokion justifikazioko kontua. Kontu horrek barnean hartuko du fakturen zerrenda xehatua, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adieraziko dira: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, diruz lagun daitekeen zenbatekoa, guztira ordaindutakoa, ordainketaren data eta ordaintzeko modua. Pentsuaren kontzeptua duten fakturen zerrenda, data, hornitzailea, IFK, zenbatekoa eta ordaintzeko modua adierazita. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri hori ordainketaren egiaztapentzat hartuko da.
2. Katu kolonia bakoitzean identifikatutako katu kopurua 2025eko irailaren 1ean edo hura ezarri zenean, geroago ezarri bazen, bai eta 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarteko epean identifikatutako katu kopurua ere, eta aldi horretan izaniko baja kopurua ere bai.
c) Albaitaritza jarduketen gastuak: toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak sinatua. Hau agertuko da bertan:
1. 19/2019 Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan adierazitakoaren arabera, 2025eko iralaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean udalerrian legez ezarritako katu kolonien zerrenda, horietako bakoitzaren kokapena eta koloniaren identifikazioa adierazita.
2. Animalien zerrenda, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean esterilizatu, identifikatu eta amorruaren kontra txertatu zirenen kolonia, sexua eta mikrotxip zenbakia adierazita.
3. Albaitariek kobratutako tarifei buruzko informazioa, jarduketa diruz lagungarriei dagokienez: sexuaren araberako esterilizazioa, identifikazioa eta amorruaren kontrako txertaketa. Albaitari profesional batekin baino gehiagorekin eginez gero lan, bakoitzaren zenbatekoak zehaztuko dira.
4. Katu kolonietako katuen identifikazio, esterilizazio eta amorruaren kontrako txertaketaren kontzeptuagatiko gastuen xehetasunari dagokion justifikazioko kontua. Kontu horrek barnean hartuko du fakturen zerrenda xehatua, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adieraziko dira: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, zenbateko diruz lagungarria, guztira ordaindutakoa, ordainketaren data eta ordaintzeko modua. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri hori ordainketaren egiaztapentzat hartuko da.
d) Katu kolonietan egindako jaduketen memoria: koloniak kudeatzeko programan adierazitako helburuen betetze maila eta populazioak programa aplikatzen hasi zenetik 2026/08/31ra arte izan duen bilakaera jasoko ditu. Beste erakunde batzuen laguntzak jaso badira jarduketa diruz lagungarri berberetarako, zer kontzeptutarako jaso diren zehaztu beharko da, eta behar bezala justifikatu beharko da ez dela finantzaketa bikoitzik izan jarduketa diruz lagungarri berberengatik.
9.6. Aholkularitzako, laguntzako edo beste zerbitzu batzuetako enpresek emaniko zerbitzuengatik diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak egiaztatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera aukeratu duela enpresa hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
9.7. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten toki entitateen kasuan, Kontuak eta Ordainketak fitxa bete beharko da.
9.8. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, edo aurkeztutako hitzarmen edo kontratuetatik ez badira ondorioztatzen alderdien arteko harremana eta zerbitzuen finantzazioa, toki entitateari eskatuko zaio 7 egun naturaleko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Orobat, instrukzio-organoak noiznahi eskatzen ahalko du deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria, baita behar diren agiriak ere, frogatzeko osorik betetzen direla oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak. Eskatutako dokumentazioa 7 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da gehienez.
Ezin izanen da zuzenketarik egin, laguntzaren onuradun izateko eskatzen diren betekizunak egiaztatzen ez badira –5. oinarrian ageri dira–, ez eta 9.9 oinarriko dokumentazioaren kasuan ere.
9.9. 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazteko, erakunde eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu laguntza eskaerarekin batera:
a) 1. modalitatea: toki entitateko idazkariaren ziurtagiria. Alderdi hauek jasoko ditu:
–Zentroak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean adopzioan emandako animaliak.
–Lagun egiteko animaliak babestearekin zerikusia duten gorabeherei erantzuteko, 24 orduko telefono bidezko larrialdiko kontaktua izatea: harremanetarako pertsona edo telefono zenbakia eta 112 zenbakira egindako jakinarazpena zehaztuko da.
–Aldi baterako harrera zentroari atxikitako harrera etxe baimenduen zerrenda, 2025eko abenduaren 31n.
–Erakunde eskatzailea mankomunitatea bada, lagun egiteko animaliak jaso eta mantentzeko zerbitzuaren kudeaketa erakundeari eskuordetu dioten udalerrien zerrenda, 2026ko urtarrilaren 1ean.
b) 2. modalitatea: toki entitateko idazkariaren ziurtagiria. Alderdi hauek jasoko ditu:
–Udalerriko katu kolonia baimendu eta erregistratuen kopurua, 2025eko abenduaren 31n.
–Udalerriko katu koloniak kudeatzeko modua: zuzeneko kudeaketa, jarduera giza baliabide eta baliabide tekniko propioekin egiten denean, edo zeharkako kudeaketa, erakunde laguntzaile batekin egindako hitzarmen edo kontratu baten bidez edo hirugarren batekin egindako kontratu baten bidez egiten denean.
–Toki entitateak baimendutako harrera etxeen zerrenda, 2025eko abenduaren 31n.
Ez badira aurkezten apartatu honetan adierazitako agiriak, ez da hori zuzentzen ahalko eta, hortaz, ez dira lortzen ahalko 11. oinarriko irizpideen araberako puntuak.
9.10. 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 28.3 artikuluan dioenaren arabera, ez da beharrezkoa izanen interesdunak aurrez edozein administrazioren aurrean aurkeztutako dokumentuak berriz aurkeztea. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta elektronikoki eskuratuko dira sare korporatiboen bidez edo datuen bitartekaritzarako plataformetan edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsultatuta, baldin eta prozeduran jasota ez badago interesdunaren berariazko aurkakotasuna.
9.11. Salbuespen gisa, aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz eskatzen ahalko zaizkio interesdunari.
9.12. Dokumentazio osagarria elektronikoki aurkeztu behar da.
9.13. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten dokumentuen egiazkotasunaren erantzule. Salbuespen gisa, dokumentuak prozeduran duen garrantzia dela-eta hala eskatu behar bada edo kopiaren kalitatetik eratorritako zalantzak badaude, Administrazioak, arrazoituta, interesdunak aurkeztutako kopiak erkatzeko eskatzen ahalko du, eta, horretarako, jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.
10. oinarria. Datuak egiaztatzea.
10.1. Prozedura hori izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira administrazio jardulearen esku dauden edo administrazio publikoek eginiko dokumentu hauetan jasotako datuak, salbu eta interesdunak kontsultaren aurka egiten badu:
a) Zentroaren inskripzioa Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuak kudeatutako Lagun egiteko Animalien Zentroen Erregistroan, edo haren baimen eskaera, oraindik ebatzi gabe dagoena.
b) Erakunde laguntzailearen inskripzioa Animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan, baldin eta toki entitateek erakunde laguntzaile batekin hitzarmen edo kontratu bat sinatuta badute, edo inskripzio eskaera, oraindik ebatzi gabe dagoena.
c) Udalerri eskatzailearen biztanle errolda.
Interesdunek kontsultaren aurka egiten badute, dagokion inprimakian gaitutako laukian adierazi beharko dute eta dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
Aplikatzekoa den araudiak hala eskatzen duenean, interesdunaren berariazko baimena eskatuko da kontsulta egiteko.
10.2. Salbuespen gisa, zirkunstantziaren bat dela eta datu horiek ezin badira lortu, interesdunei eskatzen ahalko zaie dagozkien dokumentuak aurkezteko.
11. oinarria. Balorazio irizpideak.
Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskabideak:
a) 1. modalitatea:
Zk. | BALORAZIO IRIZPIDEA | PUNTUAK |
1 | 2025ean adopzioan emandako animaliak: –10 animalia baino gutxiago: 1 puntu –10 edo gehiago eta 20 baino gutxiago: 2 puntu –20 edo gehiago eta 30 baino gutxiago: 3 puntu –30 edo gehiago eta 40 baino gutxiago: 4 puntu –40 edo gehiago eta 50 baino gutxiago: 5 puntu –50 edo gehiago eta 60 baino gutxiago: 6 puntu –60 edo gehiago eta 70 baino gutxiago: 7 puntu –70 edo gehiago eta 80 baino gutxiago: 8 puntu –80 edo gehiago eta 90 baino gutxiago: 9 puntu –90 animalia baino gehiago: 10 puntu | Gehienez 10 puntu |
2 | 24 orduko telefono bidezko larrialdiko kontaktua izatea, animalien babesarekin lotutako abisuei edo gorabeherei erantzuteko. | 10 puntu |
3 | Erakunde eskatzailearen xede den biztanleria: –1.000 biztanle bitarte: 20 puntu –1.000 biztanle baino gehiago eta 2.500 bitarte: 15 puntu –2.500 biztanle baino gehiago eta 5.000 bitarte: 10 puntu –5.000 biztanle baino gehiago eta 10.000 bitarte: 5 puntu –10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu | Gehienez 20 puntu |
4 | Toki entitate eskatzaile mota: –Mankomunitatea: 30 puntu –Toki entitateen elkartea: 2 puntu toki entitate bakoitzeko, gehienez ere 20 puntu –Udalerri bakarreko toki entitatea: 8 puntu | Gehienez 30 puntu |
5 | –Toki entitateak baimendutako harrera etxeen zerrenda eguneratua (2025/12/31) 2 puntu harrera etxe baimendu bakoitzeko | Gehienez 10 puntu |
b) 2. modalitatea:
Zk. | BALORAZIO IRIZPIDEA | PUNTUAK |
1 | Erakunde eskatzailearen xede den biztanleria: –1.000 biztanle bitarte: 20 puntu –1.000 biztanle baino gehiago eta 2.500 bitarte: 15 puntu –2.500 biztanle baino gehiago eta 5.000 bitarte: 10 puntu –5.000 biztanle baino gehiago eta 10.000 bitarte: 5 puntu –10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu | Gehienez 20 puntu |
2 | Udalerrian baimendu eta erregistratutako katu kolonien kopurua (2025/12/31): 2 puntu kolonia bakoitzeko | Gehienez 20 puntu |
3 | Katu koloniak kudeatzeko moduagatik: –Langile propioak: 20 puntu –Erakunde laguntzaile onartu baten bidez: 15 puntu –Kontratatutako enpresa baten bidez: 5 puntu | Gehienez 20 puntu |
4 | –Toki entitateak baimendutako harrera etxeen zerrenda eguneratua (2025/12/31): 2 puntu harrera etxe baimendu bakoitzeko | Gehienez 10 puntu |
12. oinarria. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.
12.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari esleitu zaizkio.
12.2. Dirulaguntza emateko prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.
13. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
13.1. Eskabideak 11. oinarrian aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
13.2. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, ezarritako balorazio irizpideekin bat.
13.3. Erakunde eskatzaileek gutxienez 20 puntu lortu beharko dituzte laguntzak eskuratu ahal izateko. Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten laguntzak ezetsi eginen dira.
14. oinarria. Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena.
14.1. Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori toki entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
14.2. Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emaniko eta ordaindutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskaeren ezespena, kasua bada.
14.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
14.4. Ordainketa bat etorriko da onetsitako eta behar bezala justifikatutako laguntzaren zenbatekoarekin.
14.5. Laguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, eskabidean adierazitako banku kontuan.
15. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emaniko dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.
b) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu badira. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, emakida ebazpena baino lehen. Hala ere, gertaeraren berri emakida ebazpenaren ondoren izanez gero, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, eta jasotako funtsak zertarako erabili diren adierazi beharko da.
c) Kontabilitate liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
d) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan erregistratzea.
e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-lanen xede diren bitartean.
f) Dirulaguntza ematen denetik edo diruz lagundutako proiektuaren jardueretan egiten den idatzizko edo ahozko informazio, komunikazio, publizitate eta hedapen orotan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerian jartzea.
g) 11/2005 Foru Legean, Dirulaguntzei buruzkoan, 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea.
16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea eta ez-betetzeak.
16.1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, kasua bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
17. oinarria. Arau hausteak eta zehapenak.
Arau hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluen arabera jokatuko da.
18. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. oinarria. Araudi gehigarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
ERANSKINA.–KATU KOLONIAK KUDEATZEKO UDAL PROGRAMAREN GUTXIENEKO DATUAK
Udalek katu koloniak kudeatzeko programa bat izan behar dute, toki entitateak onetsia eta ezarria.
Programak alderdi hauek jaso behar ditu: egoeraren diagnostikoa, helburuak, helburuak lortzeko jarduketa plana (epe labur, ertain eta luzerako jarduketena), eta aplikatzen den kudeaketa prozedura.
Programaren gutxieneko puntuak hauek izanen dira:
1. Erabiltzen den kudeaketa eredua:
–Propioa.
–Kanporatua: erakunde laguntzaileen edo enpresa pribatuen partaidetza.
2. Udalerriko egoeraren diagnostikoa:
–Erkidegoko katuen errolda.
–Katu kolonien kokapena (geolokalizazio datuak).
3. Katu kolonien udal erregistroa:
Koloniaren erregistro zenbakia, sorrera data eta osatzen duten animalien kopurua.
Koloniaren arduradunaren (pertsona fisikoa edo juridikoa izan), zaintzaile-elikatzaileen eta albaitari arduradunaren izena eta NANa edo IFZa.
–Instalazioen kokapena, mota eta kopurua: jateko eta edateko askak, etxolak, etab.
–Animalien identifikazioa, osasun datuak, altak eta bajak.
4. Jarduketa plana: epe labur, ertain eta luzeko helburuak.
5. Programan parte hartzen duten pertsona akreditatuak: bakoitzaren izena eta funtzioak.
6. Udaleko arduraduna, kudeaketarako: izena eta kargua.
Iragarkiaren kodea: F2605850
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
