Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
61E/2026 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 899760.
Laguntzen deialdi honen xedea da Nafarroako enpresen trantsizio digitala sustatzea. Horretarako, proiektu hauek lagunduko dira diruz:
–A mota. Soluzio teknologiko digitalak ezartzea.
–B mota. Eraldaketa Digitaleko Planean hautemandako eraldaketa digitaleko soluzioak eta/edo Zibersegurtasun Planean jasotako zibersegurtasun arloko ekintzak ezartzea.
–C mota. Gaitasun digitalei buruzko aholkularitza eta prestakuntza.
Nafarroako Gobernuak 2026ko urtarrilaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, dirulaguntza hauek ematea baimendu zen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroan enpresa digitala sustatzeko 2026ko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 1.700.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura:
AURREKONTU PARTIDA | ZENBATEKOA |
820005 82600 4701 467304 Digitalizazio eta trebakuntza planak | 300.000 |
820005 82600 7709 467900 Dirulaguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua | 1.400.000 |
Orobat, 3.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Kreditua banatzeko, gehitzeko unean aurreikusitako aurrekontu-beharra hartuko da kontuan.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 17an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen helburua da enpresen trantsizio digitala sustatzea, 3. oinarrian adierazitako proiektuak diruz lagunduz. Proiektuak kanpoko enpresek eginen dituzte, laguntzen onuradunek eskatuta. Horretarako, 3. oinarrian adierazitako proiektuak diruz lagunduko dira. Proiektuak kanpoko enpresek eginen dituzte, laguntzen onuradunek eskatuta.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):
a) Nafarroan establezimendu bat izatea diruz lagundutako proiektua garatzeko eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta emanda egotea.
b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskribatzeko eskatu izana, hala badagokio, honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Enpresak ez dira dirulaguntza honen onuradun izaten ahalko baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.
Dirulaguntza eskatzeko, baimena ematen zaio Plangintza, Digitalizazio eta Enpresa I+G+B Zerbitzuari (laguntzen organo kudeatzailea) zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak laguntza emateko ebazpen proposamenaren unean zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak, bai eta alta emanda zeuden langileen batez besteko plantillaren kontsulta ere. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da oinarri honen 1. ataleko baldintzak betetzen direla.
3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
4. Ez dira dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko:
a) Arrantza-, akuikultura- eta nekazaritza-produktuen produkzio primarioko enpresak; izan ere, sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamendua (Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa) aplikatzetik (L EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa).
b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren sektore publikoko entitateak.
3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren proiektuak.
1. Proiektu mota hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) A motakoak: Soluzio teknologiko digitalak ezartzea. Bi modalitate barne hartzen ditu:
–A.1 mota. Enpresaren eraldaketa digitalerako soluzio teknologikoak ezartzea.
–A.2 mota. Soluzio teknologikoak ezartzea eraldaketa digitala bultzatzeko Eraldaketa Digitaleko Plan bat (aurrerantzean, EDP) eta/edo Zibersegurtasun Plan bat (aurrerantzean, ZSP) egiten ari diren enpresetan.
b) B mota. EDPan hautemandako eraldaketa digitaleko soluzioak eta/edo ZSPan jasotako zibersegurtasun arloko ekintzak ezartzea.
c) C mota: Gaitasun digitalei buruzko aholkularitza eta prestakuntza. Bi modalitate barne hartzen ditu:
–C.1 mota. EDP bat eta/edo ZSP bat egiteko aholkularitza.
–C.2 mota. Enpresako langileak gaitasun digitaletan trebatzea.
A eta B motako proiektuek enpresaren eremuan berrikuntza ekarri beharko dute ikuspuntu teknologikotik edo produktuari, prozesuari, zerbitzuari edo erakundeari aplikatzearen ikuspuntutik.
2. Proiektu mota bakoitzaren xedea eta baldintzak honako hauek izanen dira:
2.1. A motako proiektuen bi modalitateak:
–A1 mota. Enpresaren eraldaketa digitalerako soluzio teknologikoak ezartzea.
–A2 mota. Soluzio teknologikoak ezartzea eraldaketa digitala bultzatzeko EDP bat eta/edo ZSP bat egiten ari diren enpresetan.
Arazo bat konpontzeko edo enpresan negozio aukera bat sortzeko soluzio teknologiko digitalak garatu eta ezarriko dira. Orobat, enpresa baliabideen kudeaketa eta barneko eta kanpoko logistika biltzen dituzten soluzioak, honako esparru hauetako batean kokatuak:
–Enpresaren prozesuen kudeaketa integratuko aplikazioak: ERP eta barneko eta kanpoko kudeaketa logistikoko aplikazioak (SCM, SGA, MRP eta CRM) edo produktuen urruneko euskarriko zerbitzuak eta produktuen eta zerbitzuen bizi zikloa kudeatzeko aplikazioak (PLM, PDM, DFM).
–Business Intelligence tresnak eta prozesuak: datuen informazioa, bistaratzea, tresnak eta azpiegitura aztertzera bideratutako sistemak eta enpresei datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko gomendatutako jardunbideak.
–Big data.
–Adimen artifiziala.
–Hodeiko zerbitzuak.
–Prozesu hobekuntza.
–Zibersegurtasuna.
–Hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremanak.
–Erakundearen kudeaketa.
Gainera, A.2 motako proiektuen kasuan, 2.2 apartatuan ezarritakoa betetzen duen EDP bat eta/edo ZSP bat egiteko jarduketak egiten ari direla egiaztatu beharko da.
2.2. B motako proiektuak:
EDPan eta/edo ZSPan aukera gisa antzeman diren soluzio teknologikoak garatu eta ezartzeko proiektuak, 2.1 apartatuan zerrendatutako alorretakoak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
2.2.1. EDP (Eraldaketa Digitaleko Planak):
EDPak enpresak digitalizazioaren arloan duen egoeraren diagnostikoa egiten duten plan zuzentzaileak dira, eta enpresaren interes estrategikoekin bat datozen teknologia aurreratuen erabilera ebaluatzen dute. Plan horiek ezarri beharreko soluzio edo aukera teknologiko potentzialen multzo lehenetsi batekin jarraitu beharreko ibilbide-orri bat planteatzen dute, enpresaren produktibitatea eta negozio kuota handitzeko.
EDPak erreferentziatzat hartu behar du "UNE 0060:2018 eta UNE0061:2019: Industria 4.0. Digitalizaziorako kudeaketa sistema" espezifikazioa, eta enpresaren egoera ebaluatu behar du, arau horietan ezarritako irizpide eta alderdiak aintzat hartuta, hots:
–Negozio estrategia eta testuingurua.
–Azpiegitura teknologikoa.
–Antolamendua eta pertsonak.
–Prozesuak.
–Produktuak eta zerbitzuak.
Ondorio horietarako, deialdi hauen babesean diruz laguntzen diren EDPek balioa izanen dute:
a) Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren "Activa Industria" eta "Activa Crecimiento" laguntzak (ICT/819/2022 Agindua, abuztuaren 12koa, 2022ko abuztuaren 25eko 204. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).
b) Enpresentzako dirulaguntza, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren "4.0 ibilbideak" eraldaketa digitaleko planak egiteko (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 129. zk., 2019ko uztailaren 4koa).
c) Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren "Agentes del Cambio-Kit Consulting" programaren laguntzak (TDF/436/2024 Agindua, maiatzaren 10ekoa, 2024ko maiatzaren 11ko 115. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).
2.2.2. ZSP (zibersegurtasun planak):
ZSPak enpresak zibersegurtasunaren arloan duen egoeraren diagnostikoa egiten duten plan zuzentzaileak dira, horretarako enpresaren interes estrategikoekin bat datozen arrisku digitalak aztertuta. Plan horiek ezarri beharreko soluzio edo aukera teknologiko potentzialen multzo lehenetsi batekin jarraitu beharreko ibilbide-orri bat planteatzen dute, arrisku digitalak maila onargarrietara murrizteko.
ZSParen xedea izanen da aplikatzekoak diren zibersegurtasuneko arau, estandar edo arauketa nagusiak betetzen lagunduko duten neurriak ezartzea; hauek dira, besteak beste:
–ISO 27001 araua, informazioaren segurtasunaren arloan (IT ingurunea: Informazioaren teknologiak).
–IEC-62443 araua, zibersegurtasun industrialaren arloan (OT ingurunea: Operazio Teknologiak automatizazio- eta kontrol-sistemetan).
–Zibersegurtasunaren Eskema Nazionala (ENS), sektore publikoaren eta haren hornitzaileen informazioaren segurtasunaren esparruan.
–EU Cyber Resilience Act (CRA), Europan merkaturatzen diren produktu digitalen garapenaren esparruan.
Ondorio horietarako, deialdi hauen babesean diruz laguntzen diren ZSPek balioa izanen dute:
a) Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren "Activa Ciberseguridad" laguntzak (ICT/819/2022 Agindua, abuztuaren 12koa, 2022ko abuztuaren 25eko 204. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).
b) Zibersegurtasuneko aholkularitza-zerbitzuak, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren "Agentes del Cambio-Kit Consulting" programaren laguntzen esparruan (TDF/436/2024 Agindua, maiatzaren 10ekoa, 2024ko maiatzaren 11ko 115. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).
c) Zibersegurtasuneko aholkularitza-zerbitzuak, Navarra Cybersecurity Center-ek sustatuak.
2.3. C motako proiektuen bi modalitateak:
–C.1 mota. EDP bat eta/edo ZSP bat egiteko aholkularitza.
–C.2 mota. Enpresako langileak gaitasun digitaletan trebatzea.
Proiektuen xedea izanen da EDP bat eta/edo ZSP bat egiteko aholku ematea edo enpresako langileak gaitasun digitaletan trebatzea.
Prestakuntza horrek barne hartuko ditu ikastaroak, saio praktikoak eta beste edozein prestakuntza mota, lagungarria izan dadin bertaratuek gaitasun digital oinarrizkoak zein aurreratuak lortzeko. Prestakuntza programak gutxienez 10 orduko iraupena izan beharko du, eta gaian aditua den pertsona batek eman beharko du. Baldintza hori kasu hauetan betetzen dela ulertuko da:
–Hezitzailea prestakuntza ematen duen arloan 120 ordutik gorako prestakuntza duen pertsona fisikoa bada.
–Hezitzailea arlo horretan espezializatutako merkataritza elkarte bat bada.
Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek Nafarroako Gobernuaren autodiagnostiko testa egin beharko dute, webgune honetan eskuragarri: https://capacitaciondigital.navarra.es/eu/evaluate. Proba hori egitea ezinbesteko baldintza da dirulaguntza jasotzeko, eta laguntzen organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du baldintza bete den ala ez.
3. Ez dira onartuko 2024ko (2024ko urriaren 11ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) edo 2025eko (2025eko ekainaren 12ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) "Enpresa Digitala Sustatzeko" deialdian diruz lagundutako proiektu bat eguneratzeko edo mantentzeko proiektuak.
4. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten argitaratzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.
5. Diruz laguntzen diren proiektuek ez dute kalte nabarmenik eragin beharko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori eskaera inprimakian berean sartuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.
1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira proiektua gauzatzen duten kanpoko enpresek laguntzaren eskatzaileari fakturatzen dizkiotenak: Zehazki:
a) Proiektua egin eta gauzatzeagatik sortutako aholkularitza gastuak eta horien baliokideak.
C.1 motako proiektuen kasuan (EDP edo ZSP bat egiteko aholkularitza), gehieneko gastu diruz lagungarria 7.500 eurokoa izanen da plan bakoitzeko.
b) A edo B motako proiektuekin zuzenean lotutako software lizentzien gastuak. Gastu horiek ez dira errepikariak izanen, eta ez dute zerikusirik izanen eskatzailearen ustiapen-gastu arruntekin.
c) Ekipo ondasunak erosteko eta martxan jartzeko gastuak, esaterako, hardwarean, sentsoreetan, automatismoetan eta komunikazio ekipoetan egindakoak, A edo B motako proiektuekin zuzenean lotutakoak.
Gastu horiek ez dira izaten ahal proiektuaren aurrekontu osoaren %40tik gorakoak.
Ez dira diruz lagungarriak izanen ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, pantailak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erosteko gastuak, salbu eta fabrikazio prozesuetan datuak atzitzeko interfaze gisa baliatzen badira.
d) Eskatzailearen langileei gaitasun digitaletako prestakuntza emateko gastuak.
Diruz laguntzen ahal den gehieneko gastua 2.000 eurokoa izanen da pertsona eta ikastaro bakoitzeko.
2. Diruz lagungarria izateko, proiektuaren kostuak gutxienez honako hau izan behar du:
–A eta B motako proiektuak: 5.000 euro (BEZik gabe).
–C motako proiektuak: 600 euro (BEZik gabe).
3. Onuradunak gastu diruz lagungarriak ordaindu beharko ditu sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoetan.
4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuak ez dauden gastuak.
b) Eskatzailearekin elkartutako edo hari lotutako enpresen gastuak. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan zehaztutakoak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
c) Software lizentzien gastuak eta hardware gastuak, 4. oinarrian adierazitakoak izan ezik. Ildo horretan, software lizentzia bat eroste hutsa ez da diruz lagunduko, baldin eta ez bada A eta B motako proiektuen barruan zehaztutako soluzio teknologiko digital bat garatu eta ezartzen.
d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, kontzeptu diruz lagungarrietan berariaz sartuak ez daudenak.
e) Enpresa onuradunaren produktu/zerbitzuen katalogoan dauden edo egonen diren produktu edo zerbitzuen gastuak.
f) Aplikatzekoa den araudia betetzen dela egiaztatzeko gastuen ziurtagiriak.
5. Proiektuak gauzatu eta gastu diruz lagungarriak egiteko epea 2025eko azaroaren 22tik dirulaguntzaren eskabidearen egunera artekoa izanen da. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu bada.
5. oinarria.–Laguntzaren intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.
1. Gastu diruz lagungarrien gaineko laguntzaren intentsitatea honako hau izanen da, proiektu mota bakoitzerako adierazitako mugarekin:
PROIEKTU MOTA | INTENTSITATEA | GEHIENEKO (eurotan) |
A.1. Enpresaren eraldaketa digitalerako soluzio teknologikoak ezartzea | %35 | 30.000 |
A.2. Soluzio teknologikoak ezartzea eraldaketa digitala bultzatzeko EDP bat eta/edo ZSP bat egiten ari diren enpresetan | %40 | |
B. EDPan hautemandako eraldaketa digitaleko soluzioak eta/edo ZSPan jasotako zibersegurtasun arloko ekintzak ezartzea | %45 | |
C.1. EDP eta/edo ZSP bat egiteko aholkularitza | %80 | 15.000 |
C.2. Enpresako langileak gaitasun digitaletan trebatzea | %90 | 30.000 |
2. A eta B motako proiektuek intentsitate gehigarria jasotzen ahalko dute honako kasu hauetan:
2.1. 15 langile baino gutxiagoko enpresak (%15 gehiago):
Alderdi hori egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako 2025eko ekitaldiko "Alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla" txostena aurkeztuko da. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera (egun hori barne) sortutako enpresen kasuan, kontuan hartuko da enpresa sortu zenetik eskaera egunera arte izan dituen langileen batez bestekoa.
2.2. Lau kasu hauetakoren batean dauden enpresak (%5 gehiago, horietako bakoitzeko):
2.2.1. Genero-berdintasuna:
1. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana eta indarrean izatea berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).
2. Zuzendaritza postuetan dauden langileetatik %30 emakumeak izatea, gutxienez. Hori egiaztatzeko, merkataritza ziurtagiriak edota inguruabar hori egiaztatzen duten eskritura publikoak aurkeztu beharko dira (enpresaburu autonomoen kasuan izan ezik, NANaren bidez egiaztatuko baitute).
3. Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako plana edukitzea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada. Alderdi hori egiaztatzeko, 2.1 apartatuan adierazitako "Alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla" txostena aurkeztuko da.
4. Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokolo edo neurri zehatzen prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapen jarduerak egin izana, berdintasun arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza jaso duten pertsonek emanak badira. Enpresak edo prestatzaileak sinatutako dokumentu bat aurkeztu beharko da, jardueraren iraupena egiaztatzeko (ez da 4 ordutik beherakoa izaten ahalko), bai eta prestatzailearen prestakuntza ziurtatzen duten agiriak ere.
2.2.2. Kontratazioa enplegu zentro berezi edo laneratze enpresa batekin, 2024ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatu den egunera arte. Honako helbide honetan kontsulta daitezke erakundeak eta ematen dituzten zerbitzuen katalogoa: https://reservadecontratos.navarra.es/eu/directorio-empresas.
2.2.3. Gazteen laneratzea:
1. 2024ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatu den egunera arte funts publikoekin lagundutako Nafarroako ikastetxeetako Lanbide Heziketako ikasleak hartu izana, praktikak edo prestakuntza duala egiteko, edo, bestela, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu izana (kasu horretan, ikasleen harrera 2027ko ekainaren 30ean gauzatu beharko da).
2. "Hackathon" edizioetan edo Hezkuntza Departamentuak antolatutako berrikuntza proiektuen deialdietan parte hartu izana, 2024ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatu den egunera arte, edo 2026an parte hartzeko izena eman izana.
Laguntza gehigarri hori Hezkuntza Departamentuak emandako informazioa kontuan hartuta emanen da. Beraz, informazio hori aintzat hartuta egiaztatzen bada laguntza ez dela egokia, itzuli egin beharko da.
2.2.4. Proiektua despopulazio arrisku muturrekoan, bizian edo esanguratsuan dagoen edo gainbehera bizia duen udalerri bateko establezimendu batean garatzen duten enpresak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak otsailaren 15ean eman zuen 8/2023 Foru Aginduaren arabera (2023ko martxoaren 9ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Udalerrien kategorizazioa Nafarroan despopulazio arriskuan dauden eremu eta udalerrien mapan jasota dago, Lurralde Kohesiorako Departamentuak egina.
2.3. %5eko laguntza gehigarria aplikatuko zaio Berrikuntza Digitaleko Poloan (IRIS NAVARRA) homologatutako zerbitzu bati dagokion proiektuaren gastuari.
https://www.irisnavarra.com/eu/zerbitzuak
6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2026ko azaroaren 6an bukatuko da, egun hori barne.
2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoko fitxaren bidez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
3. Eskabide bat aurkeztuko da enpresak laguntza eskatzen duen proiektu bakoitzeko.
7. oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Eskabide bakoitzarekin batera, hurrengo apartatuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da (apartatu horretako e), g) eta h) letretan adierazitakoa izan ezik, nahikoa izanen baita enpresa bakoitzak behin bakarrik aurkeztea).
2. Dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela:
a) Proiektuaren memoria, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
b) Egindako proiektuaren ebidentziak:
–A eta B motako proiektuak: kanpoko enpresak fakturatutako kontzeptu bakoitzaren egiaztagiria (pantaila-argazkiak, irudiak, lizentziak, etab.).
–C.1 motako proiektuak: EDP edo ZSP.
–C.2 motako proiektuak: parte-hartzaile bakoitzaren bertaratze ziurtagiria edo prestakuntza egiaztatzen duen diploma.
c) Gastu diruz lagungarrien zerrenda, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
d) Fakturak eta ordainagiriak, zeinak eskatzailearen izenean egon behar baitute, eta 2025eko azaroaren 22tik laguntza eskatzen den egunera bitarteko data izan (jaulkitzailea, onuraduna, zenbatekoa, ordainketa data eta ordaindutako fakturaren zenbakia jasotzen duten banku dokumentuak soilik onartuko dira).
Fakturak behar bezala identifikatzeko behar diren kontzeptuekin, unitateko prezioarekin eta kopuruarekin banakatuta egonen dira.
e) A.2 motako proiektuen kasuan, eskaera egiteko unean EDP edo ZSP bat egiten ari dela egiaztatu beharko da, honako hauen bidez:
–3. oinarriko 2.2 apartatuan adierazitako laguntzak emateko ebazpena. Laguntza eskatzeko unean ebazpenik ez badago, eskaeraren egiaztagiria aurkeztuko da.
–Plan horiek egiteko kontratazioa egiaztatzen duen edozein dokumentu mota.
f) C.2 motako proiektuen kasuan, alderdi hauek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira:
–Ikastaroaren edukia, iraupena eta lortutako gaitasun digitalak, erakunde prestatzaileak sinatuta.
–Prestatzaileak 120 ordutik gorako prestakuntza duela egiaztatzen duen titulua. Baldintza hori betetzat joko da dagokion arloan espezializatutako merkataritza elkarte bat bada.
g) Hala badagokio, laguntzaren intentsitate handiagoa justifikatzen duen dokumentazioa, 5.2.2 oinarrian adierazitakoa.
h) Baldin eta eskatzaileak, bere eskabidearen inprimakian, ez badio baimenik ematen laguntzen organo kudeatzaileari dokumentu horiek zuzenean biltzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
–"Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren" txostena, 2025eko ekitaldikoa, 5.2.1 oinarriaren arabera.
i) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.
3. Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena. Adierazpen hori beti egin behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
Baldin eta 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen Foru Lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza ez da ematen ahalko.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, laguntzen organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 2. apartatuko a), b), d) eta h) letretan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ez da zuzentzen ahalko.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.
1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.
Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean eta hurrengo apartatuan ezarritako banaketari jarraiki. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Aurrekontu kreditua honela banatuko da, proiektu motaren eta eskatzaileen tamainaren arabera:
AURREKONTU PARTIDA | ETEak (euro) | ENPRESA HANDIAK (euro) | GUZTIRA |
C2 motako proiektuetarako laguntzak, 820005 82600 4701 467304 partidaren kargura (Digitalizazio eta trebakuntza planak) | 225.000 | 75.000 | 300.000 |
A, B eta C1 motako proiektuetarako laguntzak, 820005 82600 7709 467900 partidaren kargura (Dirulaguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua) | 1.200.000 | 200.000 | 1.400.000 |
Dagozkion eskaerei erantzun ondoren enpresen tamainetako batera bideratutako krediturik gelditzen bada, kreditua partida bereko gainerako proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da.
ETEak mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan daude zehaztuta.
3. Baldin eta kreditua ez bada behar adinakoa eskatzaile bati laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatzen ahalko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaizkie ebazpenak eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, proiektua egin dela eta dirulaguntza jasotzearen arrazoi izan den helburua bete dela.
b) Ezartzen diren soluzioak aktibo egotea gutxienez ere bi urtez, laguntzaren emakidatik eta ordainketatik aurrera.
c) Jasotako laguntzaren publizitatea egitea enpresaren webgunean, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Testu hau agertu beharko da: Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du enpresa digitala sustatzeko 2026ko deialdian.
Webgunerik ez edukiz gero, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluko betebeharra betetzeko, enpresaren sare sozialetan iragarriko da laguntza, edo A3 tamainako kartel bat jarriko da establezimenduan, ikusteko moduko leku batean, adierazitako testua jasota.
Publizitatea gutxienez bi urtez mantenduko da, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena eman denetik kontatzen hasita.
d) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian ezarritako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
f) A.2 motako proiektuen kasuan, onuradunek egindako EDP edo ZSPa aurkeztuko dute, gehienez ere urtebeteko epean, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena eman denetik kontatzen hasita.
Aurkezten ez badute, proiektua A.1 motakotzat hartuko da eta, hala badagokio, soberan kobratutako laguntzaren dagokion zatia itzuli beharko da, interesekin.
g) C.2 motako proiektuen kasuan, prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek Nafarroako Gobernuaren autodiagnostiko testa egin beharko dute, webgune honetan eskuragarri: https://capacitaciondigital.navarra.es/eu/evaluate. Proba hori egitea ezinbesteko baldintza da laguntza eskuratzeko.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko informazioa emanen dio laguntzen organo kudeatzaileari.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dagokion laguntzaren zatia itzuli beharko da (interesekin), proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
2. Horretarako, interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta eskatzaileek eman beharreko agiri guztiak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.
Plangintza, Digitalizazio eta Enpresa I+G+B Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/inicio), emandako dirulaguntzak,honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.
15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2605797
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
