95. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2026ko apirilaren 27an egin bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea honako ordenantza hau:

–Ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak.

Iragarkia 2026ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da jarraian.

Argitara ematen da, orok jakin dezan, eta bete dadin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Otsagabian, 2026ko apirilaren 27an.–Alkate udalburua, Carlos Gayarre Imizkoz.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Otsagabiko udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak paratzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatu behar zaie Otsagabiko udal-mugarte guztian ezarrita dauden instalazioei.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honetan, panelak edo plakak deituko zaie eguzki-energia biltzeko elementuei. Bi panel mota sartzen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera: energia termikoa edo energia elektrikoa:

–Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Erabiliko dira etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki-erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko, eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek berdin arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintzako sailkapena.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

4. artikulua. Instalazioen helburua.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki-instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko (eguzki-instalazio termikoak) dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak ezarritakoa betez (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratzen ahal dira, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak indarrean dauden Arau Subsidiarioen Katalogoan jasota ez dauden eraikinetan soilik ezartzen ahalko dira, baldin eta hirigune tradizionalaren mugaketatik kanpoko lurzatietan badaude, erantsitako planoaren arabera eta ordenantza honen ondorioetarako.

–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, malda berari eutsiz beti. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.

–Oro har, panelen antolamenduak eremu angeluzuzena osatu beharko du.

–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak:

  • Panel fotovoltaikoetarako, instalatutako gehieneko potentziak emanen du gehieneko azalera, betiere sektoreko araudiaren arabera.
  • Panel termikoetarako, ur beroa sortzeko edo guneak girotzeko eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko eremua.
  • Kasu guztietan, panelen azalera okupatua gehienez izanen da eraikinaren estalkiaren azalera osoaren %30.

–Aurreko puntuan jasotako gehieneko azalera okupatua mugatuko da honako baldintza hauen arabera:

  • Eguzki-panelak, gutxienez, 0,60 metro bereizi beharko dira teilatu-hegalen, mehelinen eta gailurren ertzetatik. Limatxokonekiko eta bizkar-limekiko distantzia, gutxienez, 0,45 m-koa izanen da. Aurrekoa gorabehera, balio estetiko edo funtzionalak direla-eta behar bezala justifikatutako kasu berezietan, eta multzoak eragin bisual txikiena izatea oinarri hartuta, aipatu distantziak 0,20 metrora murriztuta ezartzen ahalko dira instalazio fotovoltaikoak, baldintza berezietan.
  • Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.

–Instalazioaren laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak eta kanalizazioak, ez dira eraikinen estalkian edo fatxadetan agerian geratzen ahalko.

–Justifikazio teknikoa aurkeztuko da, eraikinaren egitura proposatutako karga-gehikuntzarako egokia dela egiaztatzen duena. Era berean, estalkiari eusteko eta estalkiaren eraikuntza-elementuekin ahokatzeko (hala nola aireztapeneko teilekin, tximiniekin eta elurrari eusteko gailuekin) eraikuntza-irtenbidea aurkeztu behar da.

–Eraikin batean eguzki-plaka bat baino gehiago instalatzen denean, elurrari eusteko elementu espezifikoak jarriko dira.

2. Oro har, ez dira fatxadetan paratzen ahalko.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Erantsitako planoaren arabera eta ordenantza honen ondorioetarako hirigune tradizionalaren mugaketa barruan kokatzen ez diren lurzatietan soilik paratzen ahalko dira plakak.

–Gehieneko azalera izanen da honako honen araberakoa:

  • Panel fotovoltaikoetarako, instalatutako gehieneko potentziak emanen du gehieneko azalera, betiere sektoreko araudiaren arabera.
  • Panel termikoetarako, ur beroa sortzeko edo guneak girotzeko eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko eremua.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ez dira 2 metro baino garaiagoak izaten ahalko, lurretik neurtuta.

–Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du eta berdina izanen da panel guztietan.

–Kaletik eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusteko moduan kokatuko dira; alegia, saiatu behar da fatxada nagusia ez estaltzen.

7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

1. Mota honetako instalazioak baimentzen ahalko dira, betiere aurreko 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta horien gehieneko azalerak ez badu gainditzen 6. artikuluan adierazitakoa.

III. KAPITULUA

Instalazioak lurzoru urbanizaezinean

8. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Eguzki-energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko, bai eta beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak ere.

3. Lehendik dauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, baldin eta finkatutako eraikinen estalkian jartzen badira; hau da, ez da beharrezkoa izanen aurreko atalean adierazitako aurretiazko baimenik izapidetzea. Kasu horretan, 5. artikuluan adierazitako murrizketak aplikatuko dira, salbu eta panelek hartuko duten gehieneko azalera ez bada izanen estalkiaren azalera osoaren %30 baino handiagoa. Hau da, kasu horretan ez da azalera-muga hori ezarriko.

9. artikulua. Eguzki-parkeak ezartzeko baldintza partikularrak.

Bistako eraikuntza, panel eta instalazioek gutxienez 3 metroko tartea gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri berdeguneko zerrendaren tratamendua emanen zaio, eta soropila izanen du (ez da zuhaitz-espezierik izanen). Nolanahi ere, instalazioaren paisaia-azterlan bat aurkeztuko da, bai eta aurreikusitako baratze-mailakatzeen eta paisaia-integraziorako neurrien xehetasuna ere.

Aurkeztu beharreko agirietan, hauek jaso behar dira: kokalekuaren analisia, gertatuko litzatekeen eraldaketaren ebaluazioa, eta, ondorioz, proposatzen diren integrazio-neurriak, hala nola morfologia, hesiak eta landare-tratamendua. Alderdi hori lursailaren eta proiektatutako instalazioaren zeharkako ebaketen bidez argitu beharko da, eta instalaziorako nahiz sarbideetarako proposatutako lur-mugimenduak deskribatu beharko dira.

Espedientean kontuan hartu beharko da dagokion aprobetxamenduaren %10 nahitaez udalari lagatzeko betebeharra, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (LFOTU) Testu Bateginaren 113. artikuluan arautua, lurzoru urbanizaezinean kokatu edo garatu behar diren industriako edo hirugarren sektoreko jardueretarako, herritarren zerbitzu orokorrerako jarduera publikoa denean salbu.

Kontuan hartuko dira sua erabiltzeari dagokionez edota baso-suteen arriskua duten jarduerei edo erabilerei dagokienez nahitaez bete beharreko araudiak.

Lehendik dagoen zuhaiztiari eragiten bazaio, beharrezkoak diren baimenak eskatuko dira.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak. Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen baimenaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Hura baimendu arte ez da lizentzia ematen ahalko panel fotovoltaikoak paratzeko.

Hiriguneetan eta inguruetan, lurpeko lineen bidez eginen da goi eta erdi tentsioko banaketa.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

11. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Otsagabiko Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo kasuan-kasuan dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; horretarako behar diren agiriak ere aurkeztuko dira.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Eraikinen estalkien gaineko instalazioen kasuan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztuko da, eraikinaren sostengu-egitura estalkiaren gainean sortuko den pisu-gehikuntzari eusteko gai dela justifikatzen duena. Horrez gain, sustatzaileak agiri bat aurkeztuko du, adierazteko obra gauzatzean segurtasun eta osasun arloan indarrean dagoen araudia beteko dela, bai eta aldamioen araudi espezifikoa ere, haiek muntatzeko, erabiltzeko eta desmuntatzeko plan bat egitera behartzen duena.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak izapidetuko dira, kontuan harturik Otsagabiko Arau Subsidiarioetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

Sustatzaileak eduki beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arabera organo eskudunetan aurkeztu beharrekoak diren baimen guztiak.

Lizentziak, betiere, emanen dira kalterik egin gabe jabetza eskubideari eta hirugarrenei. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Iragarkiaren kodea: L2606272