95. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Ordenantza fiskala, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2026ko urtarrilaren 29an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Irunberrin, 2026ko apirilaren 14an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da hauetan xedatutakoaren babesean: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga honen zerga-egitatea da udal-mugartean egitea zernahi eraikuntza, instalazio edo obra, baldin eta hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik nahiz izan gabe, edo beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea, betiere Irunberriko Udalari badagokio lizentzia ematea edo kontrol-jarduera egitea.

Zergari atxikitako zerga-egitatetzat har daitezke honako hauek, besteak beste:

–Mota guztietako eraikuntza eta instalazio obrak, oin berrikoak.

–Lehendik dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.

–Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo eraberritzekoak.

–Eraikinen barneko banaketa aldatzen duten obrak, erabilera edozein izanik ere.

–Behin-behineko obra eta erabilerak.

–Hirigintzako partzelazioak eta landa-finken banantze eta zatiketak.

–Lur-mugimenduak, hala nola lurra erauzteko, zelaitzeko, hondeatzeko eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek badira onetsia den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean zehaztutako eta programatutako obrak.

–Eraikinak eta instalazioak lehenbiziko aldiz erabili edo okupatzea, oro har, eta haien erabilera aldatzea.

–Eraikinak botatzea, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.

–Zorupeari eragiten dioten instalazioak.

–Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin badira zuhaitz-masak, basoguneak, arboladiak edo parkeak, planeamendu onetsia eduki nahiz ez eduki, salbu baldin badira nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak.

–Presak, idoiak eta defentsa-obrak egitea eta ubide publikoak zuzentzea, baldin ez badira interes orokorreko herri-lanak.

–Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, nahiz eta jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izan.

–Merkataritza jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

–Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.

–Itxiturak eta hesiak.

–Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

–Obra txikiak.

–Eraiki aurreko lanak, adibidez: zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Eta, oro har, erregelamenduz ezartzen diren egintzak, berekin dakartenak obrak egitea edo lurzorua edo lurpea intentsitate handiagoz erabiltzea, edo horien erabilera pribatiboa dakartenak, edo ezohiko erabilera bat, edo lurrak nekazaritza- edo baso-erabilera ez den beste zerbaitetarako erabiltzea.

Salbuespenak

3. artikulua.

1. Zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepideetarako, burdinbideetarako, aireportuetarako, lan hidraulikoetarako, hiri saneamendurako edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lanetan, dela kontserbaziozkoetan.

Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan egitea edozein eraikuntza, instalazio edo obra baldin eta, etxebizitzen jabeak izanik Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta horiek lagata irabazi-asmorik gabeko erakundeei, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

2. Salbuetsirik egonen dira, orobat, honako jabe hauek dituzten eraikuntzak, instalazioak eta obrak:

–Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa, eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoak, baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak loturik badaude erabilera edo zerbitzu publiko bati.

–Mankomunitateak eta udalerrien elkartzeak, baldin eta Irunberriko Udala kide bada, bai eta horiek beren helburuak betetzeko sortu dituzten entitate juridikoak ere.

–Zerga horrengatik Telefónica de España SAU enpresari legokiokeen ordainketaren ordez, abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legean ezartzen den urteko konpentsazioa eginen da eskudirutan (foru lege horrek Espainiako Telefónica Konpainia Nazionalak Nafarroako Foru Komunitatean duen tributu-araubidea ezartzen du).

Hobariak

4. artikulua.

Zergaren kuotaren gaineko %50eko hobaria ezartzen da energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak gaineratzen zaizkien eta lehendik dauden eraikinetako eraikuntza, instalazio edo obretarako, baldin horietan ez bada aplikatzekoa betebehar hori, Eraikingintzaren Kode Teknikoak eta/edo Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduak arlo horretan eskatzen duena.

Hobari hori aplikatzeko, iturri berriztagarrietatik sortutako energia ekoizteko instalazioek honako hauek izan beharko dituzte: kolektore termikoak edo plaka fotovoltaikoak, edo energia berriztagarria biltzeko beste edozein sistema. Nolanahi ere, ezartzen diren unean eduki beharko dute administrazio eskudunaren homologazioa.

Zerga-kuotaren hobaria energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemaren instalazioari dagokion kostu erreal eta eraginkorrari buruzkoa izanen da soilik, eta aurrekontu osotik banakaturik aurkeztu beharko da.

Hobari hori subjektu pasiboak eskatu beharko du, eta alkateak erabakiko du eman ala ez. Eskabideak udal honetan aurkeztuko dira horretarako ezartzen diren inprimakietan, obra-lizentziaren eskaerarekin batera, eta udal teknikariaren aldeko egiaztapena beharko dute, horiek onartu aurretik.

Subjektu pasiboak

5. artikulua.

1. Zerga honen subjektu pasiboak honakoak dira, zergadun gisa: pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik ez dutelarik, obraren jabetasuna duten beste entitate batzuk, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.

2 Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da bere gain hartzen dituena haiek egiteak dakartzan gastuak edo kostua. Higiezinaren jabea hartuko da obren jabetzat, salbu eta Udalaren aurrean argi eta garbi frogatzen bada obren jabea beste pertsona edo entitate bat dela, obra horretako higiezinaren jabeaz bestekoa.

6. artikulua.

1. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboak dira lizentziak eskatzen dituztenak, erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak edo eraikuntza, instalazio edo obrak egiten dituztenak, berak ez baldin badira zergadunak.

2. Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria

7. artikulua. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin ez badute berezitasun edo nortasun propiorik lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntzarekiko, instalazioarekiko edo obrarekiko. Honako hauek ez dira zerga-oinarriaren zati izanen: balio erantsiaren gaineko zerga; araubide bereziko antzeko zergak; tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko gainerako ondare-prestazioak, horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak; profesionalen ordainsaria; kontratistaren enpresa-mozkina; eta beste edozein kontzeptu, sartzen ez badira aipatutako gauzatze materialaren kostuan.

Kuota

8. artikulua. Zerga honen kuota izanen da heldu dena zerga-oinarriari ordenantza honen 1. eranskineko karga-tasa aplikatzetik.

Sortzapena

9. artikulua. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik, nahiz eta hartarako ez lortu lizentziarik, edo ez aurkeztu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua.

1. Hasiera batean autolikidazio araubidean eskatuko da eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga, obrek behar dutenean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa. Gainerako kasuetan, Udalak behin-behineko likidazioa eginen du. Obrak bukatutakoan, Udalaren eskumena izanen da zergaren behin betiko likidazioa egitea, betiere ordenantza honetan ezarritako kudeaketa arauekin bat.

2. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea eskatzen den obretan, adierazpenarekin edo komunikazioarekin batera aurkeztuko da ordainketaren frogagiria edo, hala badagokio, ordainketa geroratzeko eskaera, behar bezala erregistratua.

3. Subjektu pasiboak aurkezten duen hasierako autolikidazioaren ordainketa edo zerga arloko administrazioak onetsitako hasierako likidazioarena behin-behinekoa izanen da, eta behin betiko ordaindu behar duen kopuruaren konturakoa.

11. artikulua. Nahitaezko lizentzia eman edo erantzukizunpeko adierazpena nahiz aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, interesdunek aurkezten duten aurrekontuaren arabera zehaztuko da autolikidazioaren zerga-oinarria edo hasierako likidazioa, baldin eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi badu, hura nahitaezko baldintza denean.

12. artikulua.

1. Eraikuntzak, instalazioak eta obrak bukatu ondoren, eta egiazki egin direnak ikusita, zergapekoak deklarazio bat aurkeztuko du egoera horren eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren kostu erreal eta benetakoaren gainean, gehienez ere hiru hilabeteko epean, obrak bukatu edo behin-behineko harrera egiten denetik hasita. Horrekin batera aurkeztu beharko du obraren zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsia, eta, hala badagokio, kostu hori frogatzeko fakturak edo antzeko beste batzuk, 13.3 artikuluan aipatzen baitira. Izapidetu behar baldin bada jarduera baten abiatzea, edo eraikin edo instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, dokumentazio hori aurkezten ahal da behar den lizentziaren eskaerarekin batera, edo, behar denean, aurkezten denean dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa.

2. Subjektu pasiboak behartuta daude aurkeztera bukatutako eraikuntzen, instalazioen edo obren benetako kostuaren gaineko aitorpena, nahiz eta ez aurkeztu hasierako autolikidaziorik eta Administrazioak ez eskatu ordainketarik aldez aurretik kontzeptu horrengatik.

3. Benetako kostua ezagututa, eta dagokion administrazio-egiaztapena eginda, Udalak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran autolikidatutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.

4. Eraikuntzen, instalazioen edo obren bukaerako datatzat joko da zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabiliz zehazten dena, eta, partikularki, aurreikusitako xederako edo erabilerarako prest dauden unea, hots, ondoren inolako jarduketa materialik egin beharrik gabe prest dauden unea.

5. Baldin eta zergaren subjektu pasiboak aldatzen edo ordezten badira eraikuntzak, instalazioak edo obrak gauzatu bitartean, bukaerako likidazioa eginen zaio obrak bukatzen diren egunean subjektu pasibo denari.

13. artikulua.

1. Udal Administrazioak egiaztatuko du autolikidazioak ordenantza honetako arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla. Xede horrekin, udal administrazioak kasu guztietan egiaztatuko du autolikidazioetan jarritako oinarria dela interesdunek kasuan-kasuan aurkeztutako aurrekontuan, fakturetan edo kostu erreala justifikatzen duen ziurtagirietan agertzen den bera.

2. Udal administrazioa ados ez badago autolikidazioekin, likidazioak eginen ditu, zuzenduta gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak; berandutze-interesak kalkulatuko ditu, eta bidezko zehapenak ezarriko, hala behar badu. Era berean, subjektu pasiboak aitortu ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.

3. Udal administrazioak subjektu pasiboari errekeritzen ahalko dizkio eraikuntza, instalazio eta obren kostu erreal eta benetakoa jasotzen duten agiriak, hala nola behin betiko aurrekontua, obra ziurtagiriak, exekuzio kontratuak, proiektuari dagokion kontabilitatea, obra berriaren deklarazioa edo kostua zehazteko egokitzat jotzen den beste edozein agiri. Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, edo osatu gabe aurkezten badira, edo haietatik ezin bada atera kostu erreal eta benetakoa, udal administrazioak zerga-oinarria zehaztuko du, jarraikiz abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako prozedurari (Tributuei buruzko Foru Legea).

14. artikulua. Lizentziaren titularrak edo aitortzaileak uko egiten badio baimendutako eraikuntza, instalazio edo obrak egiteari, espresuki eta idatziz egin ere, udal administrazioak zerga honen kontura ordaindutako zenbatekoak itzuliko dizkio.

Orobat, behin lizentzia bat iraungita, udal administrazioak zenbateko horiek itzuliko ditu, salbu lizentziaren titularrak hori berritzeko eskatu eta Udalak baimentzen badu.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Tributuen arloko arau-hausteei eta horien kalifikazioei dagokien orotan, bai eta kasu bakoitzari dagozkion zehapenetan ere, aplikatuko dira Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra eta aplikatu beharreko gainerako xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.

1. ERANSKINA.–KARGA-TASA

Honako tasa hau ezartzen da: %4,7.

Iragarkiaren kodea: L2605547