Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
120/2026 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuan behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.
Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren. Foru dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, "Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko plantillako lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituzte aldi batez, zerbitzu eginkizunetan, berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak kontuan izanik. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko ezarrita dauden baldintzak bete beharko dituzte. Lanpostu huts horiek esleitzean, lehentasuna emanen zaie betiere azken hautapen prozesuko oposizioaldia gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten izangaiei, zerbitzuan behar diren lanbide eta hizkuntz eskakizunekin bat etorriz.
Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 6. artikuluan, honakoa ezartzen da (Foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa): Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta eta arrazoituta, Hezkuntza Departamentuak berariazko deialdiak onetsiko ditu Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaile lanpostuetan aldi baterako ariko diren izangai berriak lortzeko.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskatu du behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda espezifiko berri bat onets dadin, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 6.2 artikuluak ezartzen duenari jarraituz, eta, hortaz, bidezkoa da deialdi horren oinarriak onestea.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren zuzendari nagusiaren martxoaren 13ko 2/2026 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdiaren oinarriak eta eranskina izangaien bi zerrenda eratzeko, euskaraz bata eta gaztelaniaz bestea, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
DEIALDIA, NAFARROAKO GOBERNUAREN HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO HEZKUNTZAKO IKUSKAPEN ZERBITZUAN BEHIN-BEHINEKO IKUSKATZAILE LANPOSTUAK ZERBITZU EGINKIZUNETAN ALDI BATERAKO BETETZEKO IZANGAIEN BI ZERRENDA ERATZEKO, BATA GAZTELANIAZ ETA BESTEA EUSKARAZ. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Arau orokorrak.
1. Deialdi bat onesten da, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz.
2. Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, bi zerrenda eginen dira: bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz.
Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:
1. Baldintza orokorrak:
–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari organikoki atxikitako irakasle funtzionarioa izatea.
–Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.
–Titulu hauetakoren bat izatea: doktoregoa, unibertsitate-masterra, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo baliokidea.
–Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako batean, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere zortzi urteko antzinatasuna dutela frogatzea, eta denbora bereko esperientzia irakaskuntzan.
–Diziplina-zehapenik ez izatea.
2. Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuak lortzeko berariazko betebeharrak:
Baldintza orokorrak betetzeaz gainera, izangaiek EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotzen den titulu bat izan beharko dute.
3. Oinarri honetan azaltzen diren baldintza eta betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, bai eta Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostua betetzeko hautapen prozeduran eta zerbitzu eginkizunek iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskaera telematikoa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki egin beharko dute eskaera, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko den web-fitxaren bidez.
Fitxa horretan, parte hartzeko eskabide zehatza eskainiko zaie izangaiei, eta, bete ondoren, deialdiaren web-fitxan gaituta dagoen botoiaren bidez aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzendua. Eskabidearekin batera, ebazpen honen eranskinean dagoen merezimenduen baremoan aipatzen diren merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dira.
Parte hartzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkezten den azkeneko eskaera (eta horri lotutako dokumentazioa) baizik ez da izapidetuko, eta horrek bakarrik balioko du.
Eskaeran adieraziko da zer hizkuntza aukeratu nahi den (gaztelania; euskara; gaztelania eta euskara), deialdi honen lehenengo oinarrian xedatutakoari jarraituz.
2. Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak, zerbitzu eginkizunetan, aldi baterako betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdian parte hartzea eskatzekoa.
b) Doktoregoko, unibertsitate-masterreko, lizentziako, ingeniaritzako edo arkitekturako tituluaren edo horietako baten baliokidearen kopia eskaneatua, edo titulu hori emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.
Titulua atzerrian eskuratu bada, kopia eskaneatua ez ezik, titulua homologatuta edo onartuta dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere aurkeztu beharko da.
c) Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuetarako parte hartuz gero, EGA tituluaren (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotzen den titulu baten kopia eskaneatua.
d) Deialdi honen eranskinean ageri den baremoan aipatzen diren merezimenduen frogagirien kopia eskaneatuak.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.
e) Memoria bat, honako honi buruzkoa: "Urteko programazio orokorra (UPOa), ikastetxeen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jarduketa, hura gainbegiratzeari, jarraipena egiteari eta ikastetxea hobetzen laguntzeari begira". Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada, eta azala kontuan hartu gabe), DINA4 neurrikoak, eta Arial 11 letra erabiliz idatzita egonen da.
3. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du deialdian onartu direnen zerbitzu orria, betebehar gisa eskatzen diren zerbitzuak frogatzeko, bai eta merezimenduen baremoko I. eta II. atalei eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalei dagozkien merezimenduak baloratzeko ere, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuei jarraikiz. Beraz, izangaiak III. ataleko 3.2.2 azpiatalean eta IV. atalean aipatzen diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.
4. Atzerriko hizkuntza batean edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitako dokumentuak (salbu eta euskaraz idatzitakoak edo atzerriko hizkuntzen titulazio edo egiaztagiriak) zinpeko itzultzaileek gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko dira, jatorrizko dokumentuarekin batera.
5. Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
6. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, haren jarduketak deuseztatu eginen dira, hasierako eskaerako faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.
Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.
1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko ditu, deialdiaren fitxan, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak, hizkuntzen arabera, baita baztertuak ez onartzeko arrazoiak ere.
Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
2. Argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hamar egun balioduneko epea izanen dute interesdunek zerrenda horien aurkako erreklamazioak eta zuzenketak aurkezteko Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez, deialdiaren fitxan. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu direnek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak hirugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.
Izangairen batek ez baditu akats formalak zuzentzen behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko da.
Izangaiek eskaerak aurkezteko epearen barruan alegatu gabeko merezimendu berriak edo hobetuak ez dira inoiz kontuan hartuko.
3. Erreklamazio eta/edo zuzenketa epe hori iraganik, bide beretik argitaratuko da Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak, hizkuntzen arabera, onesten dituena, erreklamazio edo zuzenketen aktarekin batera.
Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
4. Onartutako langileen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Dokumentazioa aztertu eta ikusten bada baldintzaren bat ez dela betetzen, prozedura honetan parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak galduko dira.
Seigarrena.–Hautapen organoak.
1. Izangaiak hautatuko dituzte horretarako izendatu diren epaimahaiek.
Hizkuntza bakoitzerako epaimahai bat izendatuko da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen baten bitartez, zeina argitara emanen baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian, deialdiaren fitxan.
Euskarazko zerrendetarako izangaiak baloratuko dituzten epaimahaietako kideek EGA edo baliokidetzat jotzen den titulu bat izan beharko dute.
2. Epaimahaiak ondokoek osatuko dituzte:
–Epaimahaiburu bat, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria izanen dena, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.
–Bi epaimahaikide, zozketa bidez izendatuak, Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko karrerako funtzionario izanen direnak, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren mendekoak organikoki eta funtzionalki.
Era berean, aipatu titular bakoitzeko ordezko kide bat izendatuko da.
3. Epaimahaietako idazkariak izanen dira kidegoan antzinatasun txikiena duten kideak. Berdinketa gertatuz gero, gazteena izanen da, salbu eta epaimahaiak beste era batera ezartzea adosten badu.
4. Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluak diotenaren arabera, epaimahaietan parte hartzea nahitaezkoa da eta, horrelakoetan, aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak dagozkie epaimahaietako kideei.
5. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio edo errekusazio kausaren batean badaude, epaimahaietako kideek ez dute esku hartzen ahalko, eta Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari jakinaraziko diote.
Azaldutako egoeraren batean egonez gero, horren berri eman beharko da izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean.
Halaber, izangaiek epaimahaikideak errekusatzen ahalko dituzte, lehen paragrafoan aurreikusitako egoerak gertatzen direnean.
6. Deialdi honi dagokion hautaproba hasi aurretik, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, ebazpena emanen du epaimahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko, aurreko atalean aurrez ikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik.
7. Epaimahaiburuek deialdia egin ondoren, epaimahaiak eratuko dira, gutxienez kideen gehiengoa bertan dela, epaimahaiburua eta idazkaria barne, edo haien ordezkoak.
8. Epaimahaiak eratu ondoren, baliozkotasunez jarduteko, beharrezkoa da gutxienez epaimahaiko kideen gehiengoa bertaratzea, epaimahaiburua eta idazkaria barne, edo haien ordezkoak.
Zazpigarrena.–Hautapen prozedura.
1. Hautapen prozesuan, hautaproba bat eta izangaiaren merezimenduen balorazioa sartuko dira.
2. Probak bi ariketa izanen ditu:
–Lehen zatia: gai honi buruzko memoria baloratuko da: "Urteko programazio orokorra (UPOa), ikastetxeen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jarduketa, hura gainbegiratzeari, jarraipena egiteari eta ikastetxea hobetzen laguntzeari begira". Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada, eta azala kontuan hartu gabe), DINA4 neurrikoak, eta Arial 11 letra erabiliz idatzita egonen da.
–Bigarren zatia: bigarren zatia kasu praktiko bat izanen da, idatzizko ariketa batean erantzuna eman beharko zaie Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan gerta daitezkeen egoera zehatz batzuei.
Hautaprobaren bi zatiak gainditu ondoren, izangaien merezimenduak baloratuko dira.
Hautaprobaren zati bakoitzari 0 eta 10 arteko puntuazioa emanen zaio. Zati bakoitza gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu eskuratzea, eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira. Hautaprobaren zati bakoitzean lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da.
Hautaprobaren puntuazio osoa lehenengo eta bigarren zatiko puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da.
3. Hautapen prozesua abiatuko da onartutako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratzen direnean.
4. Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Horretarako, taldekako ariketa batera deitzen diren pertsonak deialdietan zehazten diren egunean eta orduan agertu beharko dira epaimahaiaren aurrean. Bakarkako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan.
5. Izangaiak agertzeko data eta lekua Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, gutxienez ere 72 orduko aurrerapenarekin.
Parte hartzeko hurrenkera, horrelakorik behar duten ariketetan, alfabetikoki zehaztuko da. Hala, lehen izangaia izanen da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak eginen duen zozketan ateratzen diren bi letrez hasten den lehen abizena duen pertsona, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 66/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraituz.
6. Memoria baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: aurkeztutako jarduketa proposamenaren funtzionaltasuna, baita eguneratua izatea eta indarra duen araudiari egokitua egotea ere, eta jarduketa hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolamenduan eta funtzionamenduan txertatua egotea.
Memoria ahoz azaldu eta defendatuko dute izangaiek hautapen organoaren aurrean, gehienez ere 30 minutuko agerraldi batean. Epaimahaiko kideek izangaiari galderak egiten ahalko dizkiote, azalpena bukatu ondoren eta gehienez ere 15 minutuz.
7. Kasu praktikoa baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: kasuaren identifikazioa, lege-argudioak, balorazioa eta garapena, eta kasuaren soluzioa.
Kasu praktikoa garatzeko denbora 1,5 ordukoa izanen da gehienez. Horretan, izangaiek beren laguntza-materiala erabiltzen ahalko dute: idatzizko dokumentazioa edo formatu digitalekoa (ordenagailuak edo tableta), Interneteko konexiorik gabe. Baliabide guztiak interesdunek ekarri beharko dituzte.
Idatzizko ariketa egin ondoren, izangaiek epaimahaiaren aurrean irakurri beharko dute. Ondoren, epaimahaiko kideek egoki irizten dieten galderak egiten ahalko dituzte edo azalpenak eskatzen ahalko dituzte, gehienez ere hamabost minutuz.
8. Hautaprobaren bi zatietako bakoitza amaitu eta gero, epaimahaiak deialdiaren fitxan argitaratuko du izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda. Puntuazio horien aurka, izangaiek erreklamazioa jartzen ahalko dute dagokien epaimahaiaren aurrean, bi egun balioduneko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik hasita. Erreklamazio horiek Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez aurkeztuko dituzte, deialdiaren fitxan. Epaimahaiak aztertuko du kalifikazioetan akatsik izan den (materiala, egitezkoa, transkripziokoa edota aritmetikoa), eta behin betiko notak argitaratuko ditu adierazitako lekuan.
9. Proba gainditzen duten izangaien merezimenduak deialdi honen eranskinean dagoen baremoaren arabera baloratuko dira. Merezimenduen baremoko atal desberdinetan erdietsitakoak batuz aterako da azken puntuazioa, 10 puntu gehienez.
Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari dagokio izangaiei esleitzea puntuazioa merezimenduen baremoko I. eta II. ataletan eta III. ataleko 3.1. eta 3.2.1 azpiataletan.
Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua arduratuko da balorazioaz, hautapen organoen izenean, eta hautaproba gainditu duten izangaien berri emanen die memoriaren defentsa eta kasu praktikoaren azalpena bukatutakoan.
10. Hautaprobaren eta izangaien merezimenduen balorazio globala %50ean haztatuko da.
11. Puntuazio osoan berdinketarik bada, berdinketa hausteko irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:
a) Probaren balorazioan lortutako puntuazio handiena.
b) Merezimenduen baremoko ataletan lortutako puntuazio handiena, eranskineko hurrenkeraren arabera.
c) Jendaurreko zozketa, Hezkuntza Departamentuak egina.
12. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak deialdiaren behin-behineko ebazpena argitaratuko du eta hautaketa prozesuaren emaitzak erakutsiko ditu deialdiaren fitxan. Guztizko puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda izenduna argitaratuko da, zati eta baremoko atal guztien puntuazio partzialak ere zehaztuta izanen dituena.
13. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.
14. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak deialdiaren behin betiko ebazpena onetsiko du, eta deialdiaren fitxan argitaratuko da.
Zortzigarrena.–Errekurtsoak.
Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 5ean.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.
ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA NAFARROAKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO BEHIN-BEHINEKO IKUSKATZAILEEN LANPOSTUAK ZERBITZU-EGINKIZUNETAN ETA ALDI BATERAKO BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDAK ERATZEKO
Merezimenduen balorazioan, izangaiek 10 puntu lortzen ahalko dituzte gehienez.
I.–Ibilbide profesionala (2 puntu gehienez).
1.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetan karrerako funtzionario egindako urte bakoitzeko, parte hartzeko nahitaez eskatzen diren zortzi urteetatik gora: 0,500 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.
1.2. Katedradunen kidegoetakoa izateagatik: 2,000 puntu.
II.–Hezkuntza administrazioko beste lanpostuetan aritu izana (gehienez ere 4 puntu).
2.1. Behin-behineko ikuskatzaile moduan emandako urte bakoitzeko: 0,750 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0625 puntu.
Atal honetan, sarrerako hautapen prozesuetan (Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegorako oposizioa) eta berariazko zerrendetan parte hartzearen ondorioz lortutako lanpostuetan behin-behineko ikuskatzaile moduan emandako urteak soilik hartuko dira kontuan.
2.2. Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioan unitate teknikoko buru, bulegoko buru, ataleko buru, zerbitzuko zuzendari edo horien baliokideak izanik egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 0,500 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0416 puntu.
III.–Zuzendaritza karguetan eta koordinazio didaktikoko karguetan aritu izana (4 puntu gehienez).
3.1. Ikastetxe publikoetan edo irakasleen edo baliabideen zentroetan zuzendari gisa edo zuzendari alboko gisa egindako urte bakoitzeko, baldin eta balorazio positiboa lortu badu (balorazioa egin den kasuetan): 0,750 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0625 puntu.
3.2. Zuzendaritzako edo koordinazio didaktikoko beste kargu batzuetan aritu izanagatik:
3.2.1. Ikastetxe publikoetan zuzendariorde, idazkari edo ikasketaburu gisa edo horiekin parekatutako karguetan egindako urte bakoitzeko: 0,500 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0416 puntu.
3.2.2. Departamentuko buru, Lehen Hezkuntzako zikloko koordinatzaile, aholkulari edo antzeko gisa, zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0083 puntu.
IV.–Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa eta beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez).
4.1. Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa (0,700 puntu gehienez).
4.1.1. Titulazioak.
4.1.1.1. Graduondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:
a) Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 0,350 puntu.
b) Doktore titulua izateagatik: 0,500 puntu.
c) Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik: 0,350 puntu.
4.1.1.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:
Deialdirako alegatuaz bestelako unibertsitate titulu bakoitzagatik (lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua, edo horiei dagokien gradua edo baliokidetzat deklaratutako titulua): 0,350 puntu.
4.1.2. Hezkuntza-sistemarekin zerikusia duten argitalpenak, arlo hauetako edozeini buruzkoak: ebaluazioa eta gainbegiratzea, curriculumaren garapena, eskola antolaketa, aniztasunari erantzutea, balioetan oinarrituriko hezkuntza, hezkuntzako orientazioa, hezkuntzari aplikatutako legedia eta hezkuntzari aplikatutako kalitatearen kudeaketa (0,500 puntu gehienez).
4.2. Ikuskatzaile lanetan jarduteko prestakuntza berariazkoa (0,500 puntu gehienez).
Prestakuntza jarduera homologatuak honela baloratuko dira, baldin eta ikuskapen lanarekin loturik badaude berariaz:
20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,100 puntu.
20 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,200 puntu.
4.3. Hizkuntzak jakitea (0,300 gehienez).
4.3.1. Hizkuntzen gaineko unibertsitateko titulu ofizial bakoitzeko, deialdirako alegatu ez dena: 0,200 puntu.
4.3.2. C1 mailako ziurtagiri bakoitzagatik, EGA tituluagatik edo haren baliokidearengatik: 0,150 puntu.
4.3.3. B2 mailako ziurtagiri bakoitzeko: 0,100 puntu.
Oharrak 4.3 atalerako:
1) Atal honetan, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jasotako titulazio eta ziurtagiriak bakarrik baloratuko dira;
2) Atal honetan, 4.1.1 atalean baloratu diren hizkuntzen gaineko unibertsitateko titulu ofizialak ez dira baloratuko;
3) Ez da euskara titulurik baloratuko euskarazko behin-behineko ikuskatzaile plazak eskuratu gogo direnean;
4) Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkeztuz gero, puntuazio handiena ematen duena bakarrik baloratuko da.
4.4. Irakaslanaren ebaluazioa (0,500 puntu gehienez).
4.4.1. Irakaslanaren ebaluazioan balorazio positiboa izatea: 0,500 puntu.
4.4.2. Hautapen organoetan borondatez parte hartzeagatik: 0,100 puntu.
Iragarkiaren kodea: F2606649
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
