1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
26/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, Solera Navarra enpresan iragarritako greba dela-eta.
Javier Santesteban Elizalde jaunak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2026ko apirilaren 28rako, 29rako eta 30erako greba-deialdiaren berri eman du, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan 2026ko apirilaren 17an erregistratutako idazki bat aurkeztuz. Greba apirilaren 28an hasiko da, 06:00etan, eta apirilaren 30ean bukatuko da, 19:00etan, Solera Navarra enpresan.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da funtsezko zerbitzu publikoak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriz xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna dutenei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, gaixotasun mental bat dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta daudenei.
Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.
Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak ere, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba orduetan.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenbizikoa.–Solera Navarra enpresan 2026ko apirilaren 28rako, 29rako eta 30erako iragarritako greba egitean (apirilaren 28an hasiko da, 06:00etan, eta apirilaren 30ean bukatuko da, 19:00etan), errespetatu beharko dira, grebaren xede den eremuan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematea bermatuko duten zerbitzuak, hau da, zainketa pertsonalak, elikadura, komunikazioa, lekualdatzea, kontrola eta babesa; horietatik kanpo daude, hortaz, programekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak.
Xede horrekin, eta zentroaren okupazioa kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuak honako hauek izanen dira:
–Egoitza zentroak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.
–Eguneko arretarako zentroak: zentroaren zuzendaritza edo koordinazioa, gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, kanpo daudela teknikariak, eta, behar izanez gero, behar adina langile sukalde-zerbitzua eta zentroaren garbitasuna eta higienea bermatzeko. Gainera, garraio zerbitzua mantendu beharko da, greba ordu horietan beharrezkoa bada.
–Etxeko laguntza zerbitzuak: banaketa, elikadura eta ezinbesteko arreta pertsonala bermatuko dira.
Bigarrena.–Foru agindu hau igortzea ELA sindikatuari eta Solera Navarra enpresaren zuzendaritzari.
Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.
Laugarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko apirilaren 24an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2606194