95. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

191E/2026 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2026ko deialdia onesten duena entitate laguntzaileei laguntzak emateko, lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egin ditzaten. DDBN kodea: 899824.

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia eta higiene eta osasun baldintza ezin hobeak bermatzea, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatzea.

2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora anitz igaro den arren, gure lurraldean oraindik arazo handia dago zakurrak eta katuak abandonatzeari eta abandonu horiek kudeatzeari dagokionez; izan ere, ez dago aski azpiegiturarik abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesgabe dauden lagun egiteko animaliak ostatatzeko. Katuak abandonatzen direnean, maiz, aske baina giza ingurunearen mende bizi dira, horien populazioa edo osasun egoera kontrolatu gabe. Gizarteak gertaera hauen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.

19/2019 Foru Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege honen 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.

Entitate laguntzaile aitortuak animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteak dira, zeinei toki entitateekin hitzarmenak egiteko aukera ematen baitzaie, animaliak babesteko jarduketak egite aldera. Zehazki, honetarako eskumena ematen zaie: animaliak babestea eta lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izatea sustatzeko programetan aktiboki parte hartzeko, lagun egiteko animaliak hartzeko eta adoptatzeko programetan parte hartzeko, eta abandonatutako animaliak mantentzen edo adopzio programetan laguntzeko, animaliei aldi baterako ostatu emanez harrera zentroetan.

Entitate laguntzaile gisa aitortutako animalien babeserako eta defentsarako elkarteek 94/2022 Foru Dekretuaren 72. artikuluan zehazten diren zenbait eskumen dituzte. Horien artean, besteak beste, hitzarmenak adostea toki entitateekin beren zereginak garatzeko eta Nafarroako Gobernuaren edo toki entitateen dirulaguntzak jasotzeko, animalien babesaren eta defentsaren inguruan burutzen dituzten jardueretarako, bereziki lankidetza hitzarmenen ondorioz egiten direnak.

Gero eta udal gehiago ari dira lankidetzan entitate laguntzaile aitortuekin, animalien babesaren arloan dituzten eskumenak gauzatze aldera. Hala ere, nabarmendu behar da entitate laguntzaileek toki entitateendako laguntzen deialdian diruz lagungarritzat hartzen ez diren jarduketak egiten dituztela, bai eta halakotzat jotzen ez diren gastuak beren gain hartu ere; esaterako, lagun egiteko animaliak aldi baterako ostatatzeko zentro propioak sortzea edo hobetzea, zentro horien mantentze gastuak eta horietan ostatu hartzen duten animalien albaitaritza gastuak. Jarduketa horiek, normalean, ez ditu ordaintzen haiekin lankidetzan aritzen den toki entitateak.

Era berean, gero eta entitate laguntzaile gehiagok dituzte lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro baimendu eta erregistratuak, zeinetan abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animaliei ostatu ematen baitzaie, horretarako eskumena duten toki entitateek ezin dituztelako artatu, beren zentroetan tokirik ez dutelako, edo zeinetan ostatu ematen baitzaie kolonietako katuen umealdietatik datozen animaliei edo, kolonietatik etorririk, aztertu ondotik adoptatzeko modukotzat kalifikatzen direnei. Halakoetan, animaliok adopzioan ematea da helburu nagusia eta, horretarako, 19/2019 Foru Legeak eskatzen du halako animaliak identifikatu, esterilizatu eta amorruaren aurka txertatzea. Maiz, entitate laguntzaileak berak egiten ditu jarduketok, eta adoptatzaileei jasanarazten dizkie gastuok osorik edo partzialki.

Bestalde, 19/2019 Foru Legeak, zeinak lagun egiteko animaliak babesteko entitate laguntzaileak dibulgazio eta informazio lanetarako oinarrizko tresna gisa aitortzen baititu, eta haren garapen erregelamenduak eskumena ematen die entitate horiei herritarren artean informazio eta dibulgazio jarduketak egiteko; jarduketon bidez, animalien babesa eta animaliak edukitzean ardura izatea sustatuko dute, eta katu koloniak ezartzeak dakartzan onurei buruzko informazioa emanen dute.

Aipatutako jarduketek kostu ekonomiko handia eragiten diete entitate laguntzaileei, eta ahal duten neurrian ordaintzen dituzte; izan ere, haien diru sarrerak, nagusiki, udalaren ekarpenetatik, bazkideen kuotetatik eta partikularren dohaintzetatik datoz, eta ez dira behar adinakoak hartzen dituzten animaliak zaintzeak dakartzan gastu guztiak estaltzeko.

Abeltzaintza Zerbitzuaren ustez, aitortutako entitate laguntzaileei emaniko laguntzarekin eta toki entitateek abiarazitako jarduketekin, errazago kudeatuko dira lagun egiteko animalien abandonu kasuak eta katu kolonietako katuak. Orobat, herritarren artean hobeki zabalduko da zer garrantzitsua den lagun egiteko animaliak modu arduratsuan, eta adopzioak eta animalien eta pertsonen arteko bizikidetza sustatuko dira.

Nafarroako Gobernuaren 2026rako gastuen aurrekontuetan bi partida aurreikusi dira animaliak babesteko entitate laguntzaileei dirulaguntzak emateko: bata, lagun egiteko animalia abandonatuak hartzeko zentroetako inbertsioetarako, eta bestea, animaliak babesteko jarduketen gastuak ordaintzeko.

Ebazpen honen xedea da Nafarroan lagun egiteko animaliak babestearekin zerikusia duten jarduketak garatzen dituzten entitate laguntzaileentzako laguntzen oinarri arautzaileak onestea. Horretarako, entitate laguntzaile aitortuei laguntzeko bi ildo ezartzen dira. Lehenaren helburua da inbertsioak egitea lagun egiteko animalia abandonatu, galdu, konfiskatu edo babesik gabeak aldi baterako ostatatzeko zentro propioak sortzeko, hobetzeko edo erregularizatzeko, edo katu kolonia batera eraman edo adopzioan laga aurretik aske baina giza ingurunearen mende bizi diren katuak aldi baterako ostatatzeko. Bigarren lerroaren xedea da zentro propioaren mantentze lanetako gastuak, albaitaritzako tratamendu jakin batzuk eta entitate laguntzaileen funtzionamendu gastuak ordaintzea, bai eta abandonuarekin, lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzearekin eta katu koloniekin lotutako dibulgazio- eta informazio-jarduerak egitearen ondoriozko gastuak ere.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea animaliak babesteko elkarteei dirulaguntzak emateko, baldin eta erakunde laguntzaile gisa inskribatuta eta aitortuta badaude Nafarroako lagun egiteko animaliak babestu eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan, helburua izanik Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egitea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Baimentzea 51.000 euroko gastua, 710004-71300-4819-412206 partidaren kargura ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"), eta 50.000 euroko gastua, 710004-71300-7609-412202 partidaren kargura ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako"), 2026ko Aurrekontu Orokorretakoak bi partidak, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari (DDBN) jakinaraztea.

5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 17an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, LAGUNTZAK EMATEKO ANIMALIAK BABESTEKO ELKARTEEI, BALDIN ETA ENTITATE LAGUNTZAILE GISA AITORTUTA BADAUDE, NAFARROAN LAGUN EGITEKO ANIMALIAK BABESTEKO JARDUKETAK EGIN DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da zehaztea nola emanen zaizkien dirulaguntzak, 2026an, Nafarroako animaliak babesteko elkarte eta entitate laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa inskribatuta dauden irabazi asmorik gabeko animalien babeserako elkarteei. Laguntza horien helburua da lagun egiteko animalien harrera zentroak sortu, hobetu edo erregularizatzea, halakoei ekipamendua ematea, aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratuak mantentzeko gastuak ordaintzea, barne hartuta pentsua eta harea erosteko gastuak, bai eta zentro horietan dauden animaliak identifikatu, esterilizatu eta txertatzeko eta haien parasitoak hiltzeko albaitaritzako jarduerak ordaintzea ere.

Halaber, diruz lagunduko dira entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuak, katu koloniak kudeatzearekin lotuta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzekoak eta herritarrei animaliak babesteko eta lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izateko dibulgazio- eta sentsibilizazio-jarduerak egiteko gastuak.

2. oinarria. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte ebazpenean bertan eta oinarri arautzaileak biltzen dituen eranskin honetan ezarritakoak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriak ezarritakoak ere.

3. oinarria. Laguntzak emateko araubidea.

3.1. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

3.2. Deialdi honen babesean emanen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, deialdiaren xedeko jarduketetarako erabili beharrekoak; organo emaileak ordainketak aurreratzen ahalko ditu, onuradunarekin adostuta, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.3. Artikulu horretan ezarritakoari jarraikiz, ez da beharrezkoa izanen baliabideen falta frogatzerik, baldin eta emandako diru kopurua ez bada 15.000 eurotik gorakoa eta ordainketa aurreratua, emandako dirulaguntzaren %50etik gorakoa, eta ez da bermerik eman beharko.

4. oinarria. Entitate onuradunak.

4.1. Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako animaliak babesteko elkarteek, baldin eta deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Gobernuaren animaliak babesteko elkarteen eta entitate laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa aitortuta eta inskribatuta badaude.

4.2. Era berean, onuradun izaten ahalko dira legez eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako animaliak babesteko elkarteak, baldin eta Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan entitate laguntzaile gisa inskribatzeko eta aitortzeko eskabidea aurkeztu badute eta deialdia argitaratzen denean oraindik ebatzi gabe badago eskabidea, betiere aitorpena jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea akitu baino lehen lortzen badute.

Aitorpena lortzen ez bada, emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

5.1. Honako jarduketa hauek diruz lagungarriak izanen dira:

a) Lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentroak sortu, hobetu edo egokitzeko inbertsioak: Diruz lagunduko dira lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortzeko, egokitzeko, moldatzeko edo hobetzeko behar diren obra zibilak, azpiegiturak eta instalazioak gauzatzeko gastuak, bai eta aurreko apartatuan aurreikusitako inbertsioei lotutako gastuak ere, hala nola arkitektura edo ingeniaritza enpresen ordainsariak.

Obrak egin ondoren sortzen diren instalazioek urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren III. tituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, sortutako zentro motaren arabera (egonaldi laburra edo egonaldi luzea).

Instalazioak ez badaude lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro gisa baimenduta eta inskribatuta Gune Zoologikoen Erregistroan, baimena eta erregistroa lortu beharko dituzte bederatzi hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza ordaindu eta ondoko egunetik hasita, salbu eta obrak akitzeko aurreikusitako data geroagokoa bada eta aurkeztutako proiektuan hala jasota geratzen bada. Kasu horretan, lagun egiteko animalien zentro gisa baimena eta erregistroa lortzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, obrak akitzeko aurreikusitako dataren biharamunetik hasita, baldin eta data hori aurkeztutako obra proiektuan jaso bada.

b) Harrera zentroa zerbitzuak emateko behar duen baliabidez hornitzeko ekipamendua erostea, esaterako:

–Instalazioak garbitzeko, desinfektatzeko edo mantentzeko ekipamenduak, hala nola hidrogarbigailua, lurrun bidezko garbigailua, garbigailua, belarra mozteko makina, sasiak garbitzeko makina edo antzekoak.

–Zentroko animaliak artatzeko beharrezkoa den ekipamendu espezifikoa, hala nola hilotzak mantentzeko izozkailua, hozkailua, erradiadoreak, ekipo ondasunak eta ebakuntza gelako tresneria edo antzekoak. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.

–Entitate laguntzaileek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

c) Animalien ongizatearekin eta gobernuarekin lotutako ondasunak erostea eta entitate laguntzailearen titulartasuneko aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratuaren mantentze lanekin eta horretan dauden animaliekin lotutako gastuak ordaintzea. Jarduketa hauek sartzen dira:

1. Animalien zainketarekin eta ongizatearekin zuzeneko zerikusia duen ekipamendua eskuratzea. Elementu hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

–Mikrotxip irakurgailuak.

–Animaliak harrapatzeko lakioak edo kaiola moduko tranpak.

–Animaliak garraiatzeko behar den materiala, hala nola garraiatzaileak, arnesak edo sareak.

–Janlekuak, edontziak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo hondartegiak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak.

–Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola, sokak, pilotak, arrapalak, eta abar.

–Uhalak edo arnesak.

–Animaliak zaintzeko edo mantentzeko box eramangarriak.

–Entitate laguntzaileek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

2. Animalien identifikazioa, esterilizazioa, txertaketak eta barneko eta kanpoko parasitoak hiltzea.

3. Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erostea, nutrizio egoera hoberena lortze aldera.

4. Katuen gorozkiak biltzeko material xurgatzailea (harea edo antzekoa) erostea.

5. Entitate laguntzailearen titulartasunekoa den aldi baterako harrera zentroaren mantentze lanetako gastuak (elektrizitatea, ura, gasa, telefonoa, erantzukizun zibileko aseguruak, garbiketa eta desinfekzioa, hondakinen kudeaketa, hilotzak barne, eta alokairu gastuak, hala badagokio).

d) Katu koloniekin lotutako jarduketak: erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea, deialdi honekin lotutako entitate laguntzaileak gauzatzen duen jarduera estaltzeko.

e) Entitate laguntzailearen kanpoko funtzionamendu gastuak: kontabilitateko, zerga arloko edo laneko aholkularitzako gastuak, telefonia zerbitzuak, sare sozialak mantentzeko gastuak, bulegoko materiala, bulegoko instalazioen asegurua, baldin eta c) letran adierazitako zentroko gastuetan sartuta ez badaude.

f) Lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzeari buruz kontzientziatzeko, abandonatutako animalien adopzioa sustatzeko eta animalien babesa bultzatzeko kanpainak, barne hartuta entitate laguntzailearen jarduerarekin lotutako dibulgazio- eta publizitate-materiala prestatzea, hitzaldiak edo tailerrak gauzatzea eta idatzizko hedabideetan eta ikus-entzunezkoetan kanpainak egitea. Diruz lagunduko dira liburuxkak, kartelak eta informazioko eta dibulgazioko beste material batzuk argitaratu, inprimatu eta zabaltzeko gastuak. Kanpo geratuko dira boluntarioei edo udaleko langileei lagun egiteko animaliak eta/edo katu koloniak babestearen arloan prestakuntza eta/edo informazioa emateko jarduerak.

5.2. Esterilizazioagatik, txertoengatik eta parasitoak hiltzeagatik albaitaritzan egindako gastuak diruz lagundu ahal izateko, animaliek behar bezala identifikatuta egon beharko dute, 19/2019 Legearekin eta 94/2022 Foru Dekretuarekin bat etorriz. Aipatutako gastuak ez dira onartuko, baldin eta animalia ez bada entitate eskatzailearen izenean erregistratu.

5.3. Aurreko puntuetan aipatutakoen artean egon arren, jarduketak ez dira diruz lagunduko, baldin eta zuzenean edo zeharka finantzatzen badituzte toki entitateek (edo beste edozein erakunde publikok), eskumena dutenean abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesgabe dauden lagun egiteko animalien eta beren jardun-eremuko kolonien kudeaketan, ezta adoptatzaileei adopzioagatik jasanarazitako jarduketen kasuan ere, 19/2019 Foru Legeak albaitaritza, identifikazio edo esterilizazio tratamenduetarako baimentzen duen bezala. Hala badagokio, finantzatu edo diruz lagundu ez den gastuaren zatia soilik hartuko da diruz laguntzeko modukotzat, eta hori behar bezala egiaztatu beharko da. Adopzioagatik jasanarazitako albaitaritza gastuen kasuan, aukera hori posible izateko, beharrezkoa izanen da kontzeptua eta adoptatzaileari jasanarazitako kostua zehaztea 19/2019 Foru Legean adierazitakoaren arabera.

5.4. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batek kontzeptu berberetarako deitu dituen beste batzuekin, baina jasotako guztizko zenbatekoa ez da inola ere izanen diruz laguntzen ahal diren jarduketen kostua baino handiagoa.

6. oinarria. Indarraldia.

Deialdi honetako laguntzek barne hartzen dituzte 5. oinarrian adierazten diren gastu diruz lagungarriak, baldin eta 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egin badira.

7. oinarria. Entitate onuradunei eskatu beharreko betebeharrak.

7.1. Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte legez eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako animalien babeserako elkarteek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan erakunde laguntzaile gisa aitortuta egotea, edo, erakunde laguntzaile gisa aitortzeko eskabidea egun hori baino lehen aurkeztuta, ebazpenaren zain egotea eta aitorpen hori lortzea diruz laguntzen ahal diren jarduerak gauzatzeko epea amaitu baino lehen.

b) Baldin eta 5. oinarriko a) eta/edo b) letretan jasotako jarduketetarako laguntza eskatzen badu, entitate laguntzaileak lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro baten titularra izan beharko du. Zentro hori baimenduta egonen da, eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan erregistratuta deialdia argitaratzen den egunean, edo baimen eta erregistro hori 17. oinarrian adierazitako epeetan lortu beharko du. Halaber, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko arrazoia izanen da zentroaren baimenik eta erregistrorik ez lortzea.

c) Baldin eta 5. oinarriko c) letran jasotako jardueretarako laguntza eskatzen badu, entitate laguntzaileak lankidetza hitzarmen bat izan beharko du laguntza ematen dion herriko udalarekin, bai eta lagun egiteko animaliei aldi baterako harrera egiteko zentro baimendu eta erregistratu propioarekin ere.

d) Baldin eta 5. oinarriko d) letran jasotako jardueretarako laguntza eskatzen badu, entitate laguntzaileak, zein katu koloniari ari zaion laguntzen, hango udalarekin lankidetza hitzarmen bat izan beharko du.

7.2. Gainera, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

c) Ez izatea ordaintzeke dagoen zehapen irmorik administrazio bidean, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean, martxoaren 28ko 7/2023 Legean edo 50/1999 Legean, abenduaren 23koan, Arriskutsuak izaten ahal diren animalien araubide juridikoari buruzkoan tipifikatutako arau hausteren batengatik.

d) Animalien babesari buruzko araudian xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren 73. artikuluaren a), e), f), g) eta i) apartatuetan xedatutakoa betetzea.

Baldintza horiek guztiak beteta egin beharko dira laguntza eskabidea aurkezten den egunean, eta diruz lagundutako jarduera gauzatzen den aldi osoan mantendu beharko dira.

7.3. Toki entitateekin egindako hitzarmenen, kontratuen eta/edo lankidetza akordioen bidez diruz laguntzen ahal diren jarduketetako zeinahi garatzen duten entitate laguntzaileek modu fidagarrian egiaztatu beharko dute alderdien arteko harremana eta hitzartutako edo kontratatutako lankidetza/zerbitzu prestazioaren edukia (entitate laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, hark eman beharreko zerbitzuak, eman beharreko zerbitzuen finantzaketa, justifikatzeko modua eta lankidetzaren/kudeaketaren irismena ezagutzea ahalbidetzen duen beste zeinahi datu). Era berean, sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren iraupena eta lankidetza edo kontratuaren indarraldia egiaztatu beharko dituzte, diruz laguntzen ahal diren jarduketak gauzatzeko epean.

Akordio edo hitzarmenetako zehaztapenak ez badira nahikoak edo argiak, eta alderdi bakoitzak zer jarduera egin behar duen eta jarduera bakoitzak zer finantzaketa izanen duen zehaztea eragozten badute, entitate laguntzaileari 7 egun naturaleko epea emanen zaio argibideak emateko. Epe hori igaro eta behar beste agiri edo argibide aurkeztu ezean, eskabidea ezetsi eginen da.

7.4. Zentroko aldi baterako harrera zerbitzuak kudeatzeko jarduerari dagokionez, entitate laguntzaileak ez du azpikontratatzen ahalko, ez osorik, ez partzialki, dirulaguntzaren xede den jarduera, albaitaritza jarduketak izan ezik. Azpikontrataziotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan jasotako kasuak.

7.5. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) diruz laguntzen ahal den gastutzat hartuko da entitate onuradunak berreskuratu edo konpentsatu ezin duenean.

7.6. Ez da diruz laguntzen ahalko zerbitzuak ematen dituen toki entitateak finantzatutako jarduerarik, finantzatu gabeko zatian izan ezik. Hori ongi egiaztatu beharko da alderdiek sinatutako hitzarmenaren bidez edo zuzenbidean baliozkoa den beste zeinahi dokumenturen bidez. Horrekin batera, entitate laguntzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eta horretan, toki entitateak jardueren zein zati finantzatzen duen zehaztuko du.

7.7. Jarduketak ez dira diruz laguntzen ahalko, baldin eta haien kostua adoptatzaileei jasanarazten bazaie edo beste erakunde publiko batek zuzenean edo zeharka finantzatzen badu, jasanarazi edo finantzatu ez den gastuaren zatia izan ezik –ongi egiaztatu beharko da hori–.

8. oinarria. Aurrekontu-egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

8.1. Laguntzak emateko aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:

a) 5. oinarriko a) eta b) letretan jasotako kontzeptuetarako: 50.000 euro, 2026ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-7609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako").

b) 5. oinarriko c), d), e) eta f) letretan jasotako jarduketetarako: 51.000 euro, 2026ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako").

8.2. Jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

8.3. Dirulaguntzen gehieneko zenbateko hauek ezarri dira jarduera diruz lagungarri bakoitzerako:

a) Zentroak sortu, hobetu edo egokitzeko inbertsioetako gastuak: gehienez 10.000 euro eskatzaile bakoitzeko.

b) Zentroa zerbitzuak emateko behar duen baliabidez hornitzeko ekipamendua erostea: gehienez 5.000 euro eskatzaile bakoitzeko.

c) Animalien zainketetarako eta ongizaterako ekipamendua eta materiala erosi eta zentro baimenduen mantentze lanetako gastuak ordaintzea: gehienez 3.000 euro eskatzaile bakoitzeko.

d) Animaliak identifikatzeko albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak: gehienez 25 euro identifikatutako animalia bakoitzeko.

e) Esterilizazio kirurgikoaren albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak:

1. Zakur espezieko animaliak: 120 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 80 euro gehienez ar bakoitzeko.

2. Katu espezieko animaliak: 85 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 35 euro gehienez ar bakoitzeko.

f) Amorruaren aurkako txertaketaren gastuak: gehienez 15 euro, aplikatutako dosi bakoitzeko.

g) Amorruaren aurkakoaz bestelako txertaketen gastuak: gehienez 30 euro animaliako.

h) Barneko/kanpoko parasitoak hiltzearen ondoriozko gastuak: gehienez 15 euro animaliako.

i) Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erosteko gastuak:

1. Zakur espezieko animaliak: 90 euro gehienez animalia bakoitzeko, diruz lagungarria den aldi osorako (12 hilabete).

2. Katu espezieko animaliak: 72 euro gehienez animalia bakoitzeko, diruz lagungarria den aldi osorako (12 hilabete).

Animalia kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batezbestekoa eginen da, espezie bakoitzeko egin beharreko formula hau kontuan hartuta:

Honako hau izanik:

Nt: Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa kalkulatzeko erabili den animalien guztizko kopurua.

Batukaria (∑j12): hilabete guztietako saldoen batura.

Batukaria (∑ Ek-Sk): dagokion hileko eta lehenengo hileko saldoa adierazten du, eta zati 12 eginda, aldi horretako animalien batezbestekoa ematen du.

N0: Zentroan 2025-09-01ean identifikatutako animalia kopurua.

Ek: Animalien sarrerak, dagokion hilean.

Sk: Animalien irteerak, dagokion hilean.

j) Katuen gorozkietarako material xurgatzailea erosteko gastuak (harea edo antzekoa): gehienez 72 euro katu bakoitzeko, diruz lagundutako aldi osorako (12 hilabete).

Katuen kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batezbestekoa eginen da, aurreko ataleko formula kontuan hartuta.

k) Katu kolonien kudeaketarako erantzukizun zibileko aseguruen gastuak: gehienez 250 euro eskatzaile bakoitzeko.

l) Entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuak: gehienez ere 2.500 euro eskatzaile bakoitzeko.

m) Animaliak modu arduratsuan edukitzeko eta abandonatutako animaliak adoptatzeko kontzientziazio- eta sustapen-kanpainak: gehienez 2.500 euro eskatzaile bakoitzeko.

8.4. Entitate bakoitzak aukera izanen du egin behar dituen jarduketa guztietarako laguntza eskatzeko, baina guztira ez ditu 10.000 euro baino gehiago eskatzen ahalko inbertsioetako jarduketetarako, ez eta 10.000 euro baino gehiago diruz lagungarriak diren gainerako kontzeptuetarako. Baldin eta aurrekontu partidan soberakina badago, entitate bakoitzak jasoko duen zenbatekoa adierazitako gehienekoa baino handiagoa izaten ahal da. Soberakina entitate onuradunen artean banatuko da, emaniko zenbatekoarekiko modu proportzionalean.

8.5. Eskabideak 12. oinarrian ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira. Nolanahi ere, laguntzaren onuradun izateko, entitate laguntzaileak gutxienez 8 puntu lortu beharko ditu, ezarritako baremoei jarraikiz. Gutxieneko puntuazioa lortzen ez badu, laguntza eskabidea ezetsi eginen da.

9. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Aurkezteko epea:

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.2. Aurkezteko modua:

Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua), edo Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) deialdi honi buruzko fitxan dagoen esteka erabiliz (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalera bideratuko dira.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori laguntzaren fitxan dago eskuragarri, eta entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du.

Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskabideak ez dira onartuko.

9.3. Aurkeztu beharreko agiriak:

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira, eranskinen arabera, halakorik badago, zeinak laguntzen fitxan eskuratzen ahalko baitira:

a) Entitate eskatzailearen berariazko eta erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adieraziko baita:

1. Administrazio publikoetan jarduera bererako eskatu edo eman diren beste laguntza eskabide guztien adierazpena; horretan adierazi beharko da eskatutako kopurua, zer administrazio edo entitate publiko zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela adierazita.

2. Eskabidean eta aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

3. Dirulaguntzaren onuradun izateko debekuetan ez dagoela sartua baieztatzen duen aitorpena, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoaren arabera.

4. Adierazpen bat, baieztatzen duena betetzen dela animalien babesari buruzko araudian xedatutakoa eta, bereziki, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren 73. artikuluaren a), e), f), g) eta i) apartatuetan xedatutakoa.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horien ordez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeko baimena ematen ahalko da, deialdiaren fitxako ereduaren arabera.

c) Dirulaguntzaren ordainketaren aurrerakina eskatzen bada, deialdiaren 16.4 oinarrian xedatutakoari jarraikiz, entitate eskatzaileak eskabidea aurkeztu beharko du, laguntzaren fitxan jasoko den ereduaren arabera.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak emateko eskabidea lehen aldiz aurkezten dutenek eta banku kontuaren zenbakia aldatu dutenek bakarrik bete beharko dute kontuen eta ordainketen fitxa (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta).

Instrukzio organoak ofizioz egiaztatuko du:

–Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan entitate laguntzaile gisa duen inskripzioa.

–Laguntzen deialdia argitaratzen denean ebatzi gabe dauden aitorpen eskabideak.

–5. oinarriko a), b) eta c) letretan jasotako laguntza-lerroa hautatuz gero, entitate laguntzailea baimendutako harrera zentro baten titularra dela, hala dagokionean.

10. oinarria. Dokumentazio osagarria.

10.1. Interesdunek dokumentu hauek erantsi beharko dizkiote eskabideari:

a) Egiaztatzea laguntza eskabidea egiten duen pertsona entitate eskatzailearen ordezkaria dela. Egiaztapena egintzat joko da eskabidea entitate laguntzailearen ordezkariaren sinadura elektronikoaren bidez egiten denean, hala ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

b) 5. oinarriko a) letran adierazitako laguntzen lerrorako eskabidea egin bada, egin beharreko jarduketa diruz lagungarrien justifikazio memoria, laguntzen fitxan jasotako ereduari jarraikiz, barne hartuta, hala badagokio: egin beharreko obren deskribapena eta aurreikusitako jarduketen aurrekontu xehatua, laguntzen fitxan dagoen txantiloiaren arabera.

Zentroaren planoa edo haren kokapenaren eta eraikinen, gelen eta sarbidearen banaketaren krokisa aurkeztu beharko da, edukieraren eta helburuaren arabera. Hala badagokio, instalazioak entitate laguntzailearen titulartasunekoak direla edo kostu bidez edo doan haren alde lagata daudela egiaztatu beharko da, jabetza tituluaren edo haren aldeko lagapen agiriaren bidez.

Obra zibila edo instalazioak diren jarduketekin batera, inbertsioa gauzatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera arlo horretan eskumena duten teknikariek idatzi eta sinatuak, bai eta memoria bat ere. Memoria horretan, laguntzaren xede diren jarduketak deskribatu beharko dira, jarduketaren aurrekari eta helburu batzuekin, bai eta zentroak animalia mota bakoitzerako duen gehieneko edukiera ere.

c) Baldin eta 5. oinarriko b) letran adierazitako laguntzen lerrorako eskabidea egiten bada, deskripzio memoria, laguntzen fitxan jasotako ereduaren arabera, zeinetan zentroa hornitzeko eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda jasoko baita, gutxienez informazio honekin: ekipamenduaren deskribapena, helburua eta aurrekontu ekonomikoa.

d) 5. oinarriko c) letran jasotako laguntza lerroa hautatuz gero, deskripzio memoria, laguntzen fitxan aurreikusitako ereduaren arabera, non honako hauek jasoko baitira, laguntza zer jarduketarako eskatzen den:

1. Eskuratu gogo diren animalien zainketarako eta ongizaterako ekipamendua eta materiala, gutxienez informazio hau jasota: materialaren deskribapena, helburua, unitate kopurua eta elementu bakoitzaren inguruko aurrekontua, prezio unitarioa eta zenbateko osoa adierazita.

2. Zentroaren mantentze gastuei dagokienez, diruz lagungarriak diren kontzeptuetarako aurreikusitako gastuen zenbatekoa, horiek zehazteko erabilitako irizpideak eta, hala badagokio, aurrekontuak.

3. Albaitaritzako jarduketen barruan, zentroaren izenean identifikatu diren, esterilizatu diren (sexua adierazita) eta txertatu diren (txerto mota eta dosi kopurua adierazita) eta barruko zein kanpoko parasitoak hil zaizkien animalien kopuruaren aurreikuspena, baita jarduera horietarako aurreikusitako kostua ere, zentroko albaitari klinikoaren tarifen ziurtagiriaren arabera. Jarduketa kopuruaren aurreikuspena aurreko urteko jarduketen datuetan oinarritu beharko da. Era berean, adoptatzaileei jasanarazitako eta Elkartearen Batzarrak onetsitako adopzio-kostuen zerrenda erantsiko da, barnean hartzen diren kontzeptuak eta kasuan kasuko zenbatekoa zehaztuta, 19/2019 Foru Legeari jarraituz.

4. Katuen pentsua eta gorozkietarako material xurgatzailea erosteko gastuari dagokionez:

–Kontzeptu eta irizpide bakoitzerako aurreikusitako gastuen zenbatekoa, aurreko urteko gastuak zehaztuta.

–Zentroaren izenean mikrotxiparekin identifikatutako animalien kopurua, espezieka, 2025-09-01ean, eta benetako datuak edo hileko sarreren eta irteeren aurreikuspena 2025-09-01etik 2026-08-31ra, hori ere espezieka.

e) 5. oinarriko d) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero (katu koloniak), erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko aurrekontua edo zenbatekoa.

f) 5. oinarriko e) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero, entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuen zerrenda, kontzeptu diruz lagungarrietan oinarrituta aurreikusitako gastuen zenbatekoa, horiek zehazteko erabilitako irizpideak eta, hala badagokio, haien aurrekontuak.

g) 5. oinarriko f) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero, lagun egiteko animaliak modu arduratsuan eduki eta abandonatutako animaliak adoptatzeari buruz kontzientziatzeko eta hori sustatzeko kanpainen deskripzio memoria, laguntzen fitxako ereduaren arabera, horietako bakoitzaren ondoriozko gastuak, kontzeptu diruz lagungarrietan banakatuta, eta lortu nahi diren helburuak. Memorian, eginen diren gastuen aurrekontu xehatua jasoko da.

Diruz lagungarriak diren jarduketen edukiek bat etorri beharko dute animaliak babesteko araudiarekin. Itzulketa kausa izanen da betebehar hori ez betetzea.

h) Baldin eta entitate laguntzaileak baimendutako eta erregistratutako harrera zentro bat kudeatzen badu edo katu koloniak kudeatzen baditu, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

1. Entitate eskatzailearen eta lagun egiteko animaliak jaso edo katu koloniak kudeatzen diren lurralde eremuko toki entitatearen artean egindako lankidetza hitzarmenaren kopia; horretan, alderdi hauek zehaztuko dira: hitzartutako jarduera, entitate laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, eman beharreko zerbitzuak finantzatzeko modua (zer jarduera finantzatuko diren eta nork finantzatuko dituen, argi eta garbi zehaztuta zeintzuk ordaintzen dituen toki entitateak eta zeintzuk entitate laguntzaileak), zerbitzuen finantzaketa justifikatzeko modua eta sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren indarraldia.

2. Harrera zentro baimenduaren entitate titularraren eta entitate kudeatzailearen arteko harremanaren egiaztagiri fidagarria, baldin eta entitate eskatzailea harrera zentro baimendu baten kudeatzailea bada.

10.2. Eskabideak emateko 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazte aldera, entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, informazio hau bilduta:

–2024an eta 2025ean egindako dibulgazio eta informazio jarduerak, lagun egiteko animaliak babesteari eta haiek modu arduratsuan edukitzeari buruzkoak, adopzioaren sustapenari buruzkoak eta katu kolonien arlokoak: jarduketen kopurua, zer entitatek egin zituen, noiz eta non, eta ekintzaren deskribapena.

–2024an eta 2025ean toki entitateekin egindako lankidetza hitzarmenak, helburu izan dutenak zerbitzuak ematea abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesik gabe dauden animaliak hartzearekin eta mantentzearekin edo katu kolonien kudeaketan laguntzearekin lotuta: sinatutako akordioen kopurua, data, indarraldia eta zein toki entitaterekin sinatu den.

Instrukzio organoak ofizioz esleituko du eskatzaileak entitate laguntzaile gisa duen antzinatasunari dagokion puntuazioa, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan zein den inskripzio data.

10.3. Dokumentazio osagarria elektronikoki aurkeztu behar da.

10.4. Instrukzio organoak uste badu aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo argibide osagarriak behar dituela, eskatzaileari jakinaraziko dio, 7 egun naturaleko epean argibideak eman edo beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezan. Errekerimenduari erantzuten ez bazaio, edo dokumentazioa eta/edo argibideak nahikoak ez badira instrukzio organoaren iritziz, eskabidean atzera eginen da.

11. oinarria. Datuak egiaztatzea.

11.1. Prozedura hori izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira administrazio jardulearen esku dauden edo administrazio publikoek eginiko dokumentu hauetan jasotako datuak, salbu eta interesdunak kontsultaren aurka egiten badu:

a) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta izatearen ziurtagiria.

b) Zerga-betebeharrak egunean izatea frogatzen duen ziurtagiria.

c) Entitate eskatzaileak Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan entitate laguntzaile gisa duen inskripzioa.

d) Harrera zentroaren inskripzioa Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuak kudeatutako Lagun egiteko Animalien Zentroen Erregistroan, eta baimena.

11.2. Interesdunek kontsultaren aurka egiten badute, dagokion inprimakian gaitutako laukian adierazi beharko dute eta dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aplikatzekoa den araudiak hala eskatzen duenean, interesdunaren berariazko baimena eskatuko da kontsulta egiteko.

12. oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

12.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:

ZK.

BALORAZIO-IRIZPIDEA

PUNTUAK

1

Entitate laguntzailearen antzinatasun urteak:

puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

5 puntu gehienez

2

2024an eta 2025ean lagun egiteko animalien eta katu kolonien babesaren eta horiek modu arduratsuan edukitzearen arloan egin diren dibulgazio eta informazio jarduerak:

2 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 10 puntu. Ez dira jarduera desberdintzat hartuko urte berean eta ondoz ondoko aldietan eduki berarekin eta toki berean behin eta berriz egin diren jarduerak.

10 puntu gehienez

3

Toki entitateekin 2024an eta 2025ean sinatutako lankidetza hitzarmenak, helburu izan dutenak zerbitzuak ematea abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesik gabe dauden animaliak hartzearekin eta mantentzearekin edo katu kolonien kudeaketan laguntzearekin lotuta:

2 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 10 puntu.

2 puntu emanen dira hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzeko.

10 puntu gehienez

4

Aurreko deialdian lagun egiteko animaliak babesteko jardueretarako Nafarroan laguntzarik jaso ez izatea.

5 puntu

Baldin eta berdinketa badago lortutako puntuazioan, 1. irizpideko balorazioan oinarrituta ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, 3. irizpideko kalifikazioa hartuko da kontuan. Hala ere berdinketa hausten ez bada, 2. irizpidea hartuko da kontuan eta, azkenik, 4. irizpidea.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, hura ebazteko kontuan hartuko da zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den Nafarroako Gobernuak duen Lagun Egiteko Animaliak Babestu eta Defendatzeko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan inskribatzeko eskabidea.

13. oinarria. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.

13.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko funtzioak Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari esleitu zaizkio.

13.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.

14. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

14.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutako baldintzetan; horretarako, aurkeztutako eskabideak baloratu eta alderatuko dira, horien hurrenkera ezartzeko, 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz, eta eskatutako gutxieneko puntuazioa egiaztatuko da.

14.2. Eskaerei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 8.3 oinarrian finkatutako mugak:

a) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak eskaeren artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.

b) Eskabide bati ezin bazaio eskatutako kopuru osoa eman aurrekontu eskasiagatik, entitateari eskatzen ahalko zaio eskabidea berregiteko, betiere eskabidearen xedea eta ezaugarriak errespetatuta, haren konpromisoak eta baldintzak ematen ahal den dirulaguntzara egokitzeko, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

15. oinarria. Ebazpena.

15.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori entitate laguntzaile eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

15.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean entitate laguntzaile eskatzaileen zerrenda eta emaniko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskabideen ezespena, hala badagokio, ez dutelako eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu.

15.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

16. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

16.1. Oro har, diruz lagungarriak diren jarduketak akitutakoan ordainduko da emaniko dirulaguntza, frogagiriak aurkeztu ondotik.

16.2. Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2026ko urriaren 31n, beranduenez:

a) 5. oinarriko a) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:

1. Entitate onuradunaren kargura igorritako fakturen kopia bat, kontzeptu bakoitzaren argibide xehatuak emanez. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.

2. Obra zuzendariak sinatutako obra hondarreko ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz laguntzen ahal den aldian egindako jarduketen justifikazio memoria, egindako jarduketak eta zentroak inbertsioa egin ondotik duen edukiera animalia motaren arabera zehaztuta.

3. Egindako obrak egiaztatzen dituzten argazkiak.

b) 5. oinarriko b) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:

1. Entitate onuradunaren kargura igorritako fakturen kopia bat, kontzeptu bakoitzaren argibide xehatuak emanez. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.

2. Eskuratutako ekipamendu ondasunen deskribapena:

c) 5. oinarriko c) eta d) letretan araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:

1. Entitate laguntzaileak eta harrera zentroarekin lotutako albaitariak sinatutako jarduera memoria, zeinetan adieraziko baita zenbat animalia zentroaren izenean identifikatu diren, esterilizatu diren eta txertatu diren (txerto mota eta dosi kopurua adierazita) eta parasitoak hil zaizkien 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean. Memoriak alderdi hauek jasoko ditu: animaliaren identifikazioa, espeziea eta sexua, egindako tratamendu bakoitzaren xehetasuna eta horien data, eta tratamendu horiek tokiko entitate bati edo adoptatzaile bati jasanarazi zaizkion edo ez, jasanarazitako eta jasanarazi gabeko zenbatekoak adierazita. Informazioak bat etorri beharko du Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Nafarroako Erregistroan jasotakoarekin.

2. Animalien zainketarako eta ongizaterako ondasunen gastuekin eta zentroaren mantentze lanetako gastuekin lotuta eta entitate onuradunaren kargura igorri diren fakturen kopia. Erositako ondasunen deskribapena eta mantentze lanetako gastuen banakapena gehituko dira. Era berean, ordainagiriak erantsiko dira, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.

3. Kanpoko albaitaritza zerbitzuek identifikazioei, esterilizazioei, txertoei eta parasitoak hiltzeko jarduketei buruz igorritako fakturen kopiak eta ordainagiriak.

4. Barneko eta kanpoko parasitoak hiltzeko produktuak erosteagatik igorritako fakturen kopiak eta ordainagiriak.

5. Pentsua eta harea edo antzekoa erosteko fakturen kopiak eta ordainagiriak. Horrekin batera, legezko ordezkariak sinatutako aitorpena aurkeztuko da, behar diren datuak izanen dituena kontzeptu horiei zenbateko laguntza dagokien kalkulatu ahal izateko. Datu horiek bat etorri beharko dute zentroko animalien sarreren eta irteeren erregistroan eskuragarri dagoen informazioarekin.

6. Katu kolonien kudeaketarekin lotutako erantzukizun zibileko aseguruari dagokion fakturaren kopia eta ordainagiria.

d) 5. oinarriko e) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:

1. Entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuekin lotuta igorritako fakturen kopia, gastuak banakatuta. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.

e) 5. oinarriko f) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:

1. Benetan egin diren jarduketen deskripzio memoria, zeinetan argi eta garbi jasoko baitira alderdi hauek:

–Jarduketaren deskribapena.

–Helburua

–Datak, herriak, tokiak eta erabilitako bitartekoak.

–Hartzaileak eta bertaratutakoak, hitzaldien edo informazio saioen kasuan.

–Banatutako dibulgazio materiala: edukiak, material mota, unitate kopurua, hizkuntza. Banatutako materialaren kopiak edo argazkiak aurkeztuko dira, ahal bada.

–Benetan egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

2. Entitate onuradunaren kargura igorritako fakturen kopia bat, kontzeptu bakoitzaren argibide xehatuak emanez. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.

16.3. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 30.000 eurotik gorakoa obrak egiteagatik, toki entitateak frogatu beharko du enpresa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

16.4. Beste erakunde batzuen laguntzak jaso badira jarduketa diruz lagungarri berberetarako, zer kontzeptutarako jaso diren zehaztu beharko da, eta behar bezala justifikatu beharko da ez dela finantzaketa bikoitzik izan jarduketa diruz lagungarri berberengatik.

16.5. Ordainketa aurreratua: salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, aurrerakin gisa, emandako dirulaguntzaren %50eko mugarekin, baldin eta 15.000 eurotik gorako ordainketa aurreraturik egin behar ez bada; kasu horretan, gehieneko muga hori aplikatuko da.

Entitate laguntzaileak bi laguntza jarduketa edo gehiagotan eskatzen badu laguntza, jarduketen multzoagatik emandako guztizko zenbatekoaren mugak aplikatuko dira.

Horretarako, entitateak Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari egin beharko dio eskabidea, eta adierazi zer ordainketa mota eskatzen den (aurrerakina), eta zer zenbateko.

Aurrerakina laguntza eskabidea aurkeztean eskatu behar da.

17. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitate laguntzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Entitate laguntzailearen aitorpena lortzea, deialdia argitaratzen den egunean hala aitortuta ez dauden entitateendako.

b) 5. oinarriko a) eta b) jarduketetarako laguntza eskatu bada eta lagun egiteko animalien zentroa ez badago baimenduta eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan erregistratuta laguntza eskatzeko unean, entitate laguntzaileak baimena lortu beharko du eta Gune Zoologikoen Erregistroan inskribatu beharko du, inbertsioak egin dituzten lagun egiteko animalia zentro motari dagokionez. Horretarako, gehienez ere bederatzi hilabeteko epea izanen du, dirulaguntza ordaintzen den egunetik hasita, edo hiru hilabeteko epea, diruz lagundutako obrak akitzen diren egunetik hasita, baldin eta proiektuan ageri den azken data geroagokoa bada.

c) Laguntza emateko oinarri diren jarduerak gauzatzea, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, bai eta horietan eta dirulaguntzaren ebazpenean aurreikusitako konpromisoak eta baldintzak betetzea ere. Funtsak ezin dira dirulaguntzarenak ez diren helburuetarako erabili.

d) Deialdiaren oinarrietan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

e) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.

f) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emaniko dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.

g) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu badira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

h) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

i) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

j) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

k) Dirulaguntza ematen denetik edo diruz lagundutako proiektuaren jardueretan egiten den idatzizko edo ahozko informazio, komunikazio, publizitate eta hedapen orotan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerian jartzea.

l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

m) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

n) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

o) Gardentasun betebeharra betetzea: Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritzako eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, gardentasunari buruzko adierazpenaren esteka honen bidez (https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/GestorInstancia.aspx?idInstancia=2010565), eta eredu hauen araberako agiriak erantsita:

–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratu daitekeena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963).

–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratu daitekeena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713).

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

18. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

18.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze interesak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18.2. Dirua itzultzeko berariazko kausa izanen da laguntza 5. oinarriko a) eta b) jarduketetarako laguntza lortu duen entitate laguntzaileak Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro gisa inskribatzeko eta baimena lortzeko duen betebeharra ez betetzea, dirulaguntza ordaindu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bederatzi hilabeteko epean gehienez edo, hala badagokio, obra akitu eta ondoko hiru hilabeteko epean, aurkeztutako obra proiektuan hala zehaztu bada.

18.3. Dirua itzultzeko berariazko kausa izanen da laguntza 5. oinarriko e) letrako jarduketetarako lortu duen entitate laguntzaileak dibulgazio eta informazio jardueren edukia animalien babesaren arloan indarrean dagoen araudian xedatutakora egokitzeko betebeharra ez betetzea.

18.4. Halaber, dirua itzuli egin beharko da, baldin eta entitate laguntzaileak dirulaguntzaren ordainketa aurreratua jaso badu eta azken ordainketa hori azkenean justifikatutako jarduketen zenbatekoa baino handiagoa izan bada; kasu horretan, dagokion berandutze interesa aplikatuko da ordainketaren egunetik aitzina.

18.5. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

19. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

20. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

21. oinarria. Araudi osagarria

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2605852