2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CINTRUÉNIGO
Gutxieneko zerbitzuak ezartzea, greba dela eta
Cintruénigoko alkateak, 2026ko apirilaren 30ean, 2026-0157 Ebazpena eman zuen; jarraian ematen da haren testu osoa:
Estatuan, grebara deitu da 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzan, heldu den 2026ko maiatzaren 7rako.
Cintruénigoko Capuchilandia 0-3 urte bitarteko haur eskolako kudeaketa adjudikaturik duen Escuela Infantil Capuchilandia SL enpresak 2026-E-RE-846 zenbakidun idazkia aurkeztu zuen 2026ko apirilaren 27an; hartan, aditzera eman zuen heldu den 2026ko maiatzaren 7an greba egiteko eskubidea erabiliko zutela, eta, aurreikuspenaren arabera, egun horretan 8 haur bertaratuko zirela eskolara.
Greba egiteko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua) bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta bermeak ezarri behar dira horretarako. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.
Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.
Bestalde, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalek eman beharrekoak, eta greba deialdiaren aurrean, ezin dira erabat gelditu Cintruénigoko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako, bereziki Capuchilandia haur eskolan.
Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, betiere errespetatuz grebarako eskubide konstituzionala, bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, eta hala beteko dira botere publikoei ezarri zaizkien eginbeharrak, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluetan ezarri ere.
Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluari jarraikiz (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehaztea eta behar diren neurriak hartzea herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).
Horrenbestez, kontuan hartuta honako Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta bat etorriz Toki-araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenekin eta aplikatzekoak diren gainerakoekin,
EBAZTEN DUT:
1. 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Capuchilandia haur eskolako langileek greba eskubidea erabiliko dute 2026ko maiatzaren 7an. Hala ere, errespetatuko dituzte jarraian zehazten diren oinarrizko gutxieneko zerbitzuak:
- Eskolako zuzendaritza: lanaldi osoa.
- 1 hezitzaile, lanaldi osoan.
- 1 garbitzaile, lanaldi osoan.
2. Ebazpen hau komunikatzea 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Capuchilandia haur eskolako zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan, ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera. Halaber, honako hauek adieraztea:
–Greba hasi baino lehen, haur eskolako zuzendaritzak udal honi idatziz komunikatu beharko dio ikastetxean nork eginen duen lan greba egunean, hots, 2026ko maiatzaren 7an.
–Hitzarmenetik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, greba egunetan ez baitute lan eginen haur eskolan.
–Ikastetxeak komunikatu beharko die zerbitzuaren erabiltzaileei zer egoeratan emanen den zerbitzua eta zer neurri hartu diren.
3. Ebazpen hau komunikatzea Escuela Infantil Capuchilandia SLri, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran".
Ebazpen honen aurka honako hauek aurkez daitezke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
Cintruénigon, 2026ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Óscar Bea Trincado.
Iragarkiaren kodea: L2606464