Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 14a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA
Oposizio-lehiaketa, administrari-ofizialaren plaza betetzeko
Mankomunitateko buruaren 2026ko apirilaren 28ko ebazpen baten bidez, honako deialdi honen oinarriak onesten dira: deialdia, bete dadin administrari-ofizialaren plaza bat, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratudun finkoen araubidean, destinoa duena Administrazio Zerbitzuan, Ontziak Sailkatzeko, Hondakinak Biltzeko eta Zerbitzu Osagarrien Instalazioan, Erriberagoieneko Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatean.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketaren bidez, lan-kontratudun finkoen araubidean, destinoa duena Administrazio Zerbitzuan, Ontziak Sailkatzeko, Hondakinak Biltzeko eta Zerbitzu Osagarrien Instalazioan, Erriberagoieneko Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatean. Oposizioa gainditzen duten gainerako hautagaiak sartuko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrendan, erantzun dakien Mankomunitateko administrazio zerbitzuko beharrei, bai Moratielgo bulegoan, bai bulego nagusian.
1.2. Lanpostuak lan-kontratu finkoa izanen du, eta haren ordainsariak izanen dira mailari dagozkionak, jarraikiz plantilla organikoan administrari-ofizialaren lanposturako ezarritakoari (37.559,34 euro gordin urtean, 14 pagatan ordaintzekoak, eta hitzarmenean jasotako plusak: urtean 2.000 euro gordin gehiago ere izan daitezke). Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da, eta bertan alta emanen zaio.
1.3. Lanaldia Moratielgo instalazioko zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuen beharrei begira, betiere entitatearen hitzarmen kolektiboa betez une oro, eta ezarritako legezko lan-esparruarekin bat etorriz. Nolanahi ere, ohiko lanaldia izanen da astelehenetik ostiralera, 7:00etatik 14:20ra. Lana, oro har, eginen da hondakinak tratatzeko Moratielgo zentroko bulegoan; nolanahi ere, zerbitzuaren beharrak direla-eta, gerta daiteke bulego nagusira joan behar izatea (Gargantúa industrialdea, D kalea 2, Azkoien).
1.4. Deialdiko plaza bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin irizten badio izangai batek ere ez duela lanpostuan jarduteko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.
2. oinarria.–Langileek bete beharreko baldintzak eta lanpostuaren profila.
2.1. Oinarrizko baldintzak.
Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
–Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.
–Parte har dezakete, orobat, Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontideek edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek ere, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
–Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.
–Administrazioaren arloko II. mailako Lanbide Heziketako titulua izatea, edo administrazioaren arloko goi mailako gradua, edo goi mailako prestakuntza, betiere prestakuntza hori zuzenean loturik badago enpresen administrazioarekin, giza baliabideekin eta idazkarien zereginekin.
–B gidabaimena izatea, indarrean. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) ziurtagiria aurkeztu beharko da, indarreko puntuei buruzkoa.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
–Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoak betetzeko, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izana.
Salbu 3. oinarrian ezarritakoa, azterketa gainditu eta plaza eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurretik adierazitako betebeharrak, deialdi honen 6. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta agiriok indarrean egon beharko dute hautabide osoan, izendapen eguna arte bete ere.
2.2. Baloratuko diren esperientzia eta ezagutzak.
Baloratuko da antzeko lanpostu batean izandako esperientzia espezifikoa, eta, horretaz gain, prestakuntza gehigarria izatea eta hizkuntzak jakitea, oinarrietan ezarritakoaren arabera.
2.3. Eginkizunak eta erantzukizunak, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe.
2.3.1. Administrazio-lanak Moratielgo lantokian:
–Langileen erregistroa (parteak, fitxaketak, baimenak, etab.).
–Hondakinak biltzeko erregistroak.
–Sailkapenaren erregistroak, ontzien instalazioan.
–Irteerako hondakin guztien garraiorako agiriak prestatzea.
–Behar diren egiaztapenak egitea hondakinen sarreren agiriei buruz.
–Gaikako bilketan jasotako hondakinak fakturatzea, fakturatzeko modukoak badira.
–Ustiategiko buruarekin lankidetzan aritzea, lantokiko lanak antolatzeko.
–Lankidetzan aritzea Mankomunitateko jendearentzako arretako bulegoarekin, beharra dagoenean, barnean direla langileen ordezkapenak, behar denean.
–Lankidetzan aritzea ingurumeneko teknikariarekin, behar dituen auzietan, lanpostuari badagozkio.
–Kudeatzaileak edo ustiategiko buruak agintzen dizkion lanak oro, betiere bere eginkizunak betez eta dagokion kategoria profesionalarekin bat.
2.4. Trebetasun eta gaitasun pertsonalak:
–Pertsona metodikoa: xehetasunei erreparatzea.
–Presiopeko lana.
–Ekimena.
–Erantzukizuna.
–Enpatia izatea eta lankideenganako tratu ona izatea.
–Ordena eta artxibatzeko gaitasuna.
–Talde-lana.
–Sormena eta berrikuntza.
–Komunikatzeko gaitasuna.
–Bere lanarekiko eta enpresarekiko interesa eta konpromisoa.
–Diziplina, goragokoen jarraibideak eta aginduak betetzeko.
–Enpresaren kode etikoaren araberako balioak: zintzotasuna, erantzukizuna eta gardentasuna.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, 20 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Honela aurkezten ahalko dira:
–Aurrez aurre, Nafarroako Erriberagoieneko hiri-hondakin solidoen Mankomunitatearen bulegoan aurkeztuz (Gargantúa industrialdea, D kalea 2, 31350 Azkoien).
–Gutun ziurtatua bidaliz, hartu izanaren agiriarekin, Mankomunitatearen egoitzaren helbidera: Gargantúa industrialdea, D kalea 2, 31350 Azkoien. Dokumentazioa posta-zerbitzuan utzi izanaren datak izan beharko du lehen adierazitako epea bukatu aurrekoa (hilabete, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita).
–Erregistroa eginez egoitza elektronikoan, Mankomunitatearen webgunean: www.riberaaltadenavarra.com. Eskabide orokorra erabili beharko da.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta hautagaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta bertan adieraziko da ezen, hurrengo hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.
Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko dira hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua. Era berean, argitaratuko da Mankomunitatearen iragarki-taulan, egoitza elektronikoan eta web-orrian.
Aipatutako epeak luzaezinak dira.
Hautaprobetarako deia ez da inola ere banaka eginen, kolektiboki baizik, aipatutako argitalpenen bidez.
Orobat, telefono bidezko informazioa emanen da, 948.713.179 zenbakiaren bidez, 9:00etatik 14:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, bai onartutakoen zerrendetarako, bai proben egunetarako, betiere aipatutako epeen barnean.
3.2. Eskabidearekin batera (I. eranskinekoa) agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Deialdi honetako 2.1 puntuan eskatzen den titulazio jatorrizkoa, edo behar bezala konpultsatutako kopiak, edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako.
–Nortasun agiri nazionala edo haren kopia konpultsatua edo agiri baliokide batena.
–B gidabaimena, jatorrizkoa edo haren kopia konpultsatua.
–DGTren ziurtagiria, jatorrizkoa edo haren kopia konpultsatua, frogatzeko gidabaimenean badituela puntuak indarrean.
–Langilearen lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratua, bai eta enpresa kontratatzaileen ziurtagiriak ere, frogatzeko administrazioko lanpostuetan jardun izanaren esperientzia, bai esperientzia orokorra, bai hondakinak kudeatzeko instalazioetako esperientzia espezifikoa. Ziurtagirian jaso beharko dira eskatutako lanposturako kontratuaren hasiera-data eta bukaera-data, bai eta bete diren eginkizunak ere.
–Baloratzeko moduko beste merezimendu batzuen frogagiriak: hizkuntza-tituluak eta prestakuntza gehigarriaren tituluak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak.
4. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.
4.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
Epaimahaiburua: José María Palacios de Mier, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Blanca Calvo Arro, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.
1. Epaimahaikidea: Agustín Murugarren Landívar, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko buruordea.
Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.
2. Epaimahaikidea: Miguel Ángel Arrastio Soria, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko kudeatzailea.
Ordezkoa: Alfonso Amorena, Iruñerriko Mankomunitateko kudeatzailea.
3. Epaimahaikidea: Ignacio Lauroba Zubiri, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko ustiaketako burua.
Ordezkoa: Joseba Barandiaran García, Erriberagoieneko Hiri Hondakinen Mankomunitateko ingurumeneko teknikaria.
4. Epaimahaikidea: langileen sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.
Ordezkoa: langileen sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.
Epaimahaiko idazkaria (botorik gabe): Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.
4.2. Kalifikazio-epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.
4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa egotea.
4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.
4.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aditu horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
4.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
4.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
4.8. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiburuari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa eta proba eta ariketen balorazioa.
5.1. Proben deskribapena.
–Test psikotekniko bat, gaitasunari eta jarrerari buruzkoa, baztertzailea: 35 puntu.
–Gaitasun teknikoko proba bat, test motakoa, baztertzailea: 40 puntu.
–Profil pertsonalaren ebaluazioa: elkarrizketa bat eginen da epaimahaiarekin, eta hartan ebaluatuko dira lanposturako behar diren trebetasunak eta gaitasunak. 10 puntu.
–Merezimenduen balorazioa. 15 puntu.
–Test psikotekniko bat, gaitasunari eta jarrerari buruzkoa, baztertzailea: 35 puntu.
Test motako azterketa bat izanen da, eta 70 galdera izanen ditu. Ongi erantzundako galdera bakoitzak 0,5 puntuko balioa izanen du.
Proban 17 puntu lortzen ez dituztenak hautapen-prozesutik baztertuko dira. Okerreko erantzunek ez dute punturik kenduko.
Gaitasunari buruzko proba, test modukoa: 40 puntu.
Test moduko 40 galdera izanen ditu, lanpostuaren eginkizunekin loturik.
Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bat emanen du, eta erantzun okerrek ez dute punturik kenduko. Proban 20 puntu lortzen ez dituztenak hautapen-prozesutik baztertuko dira.
Proba honako gai hauei buruzkoa izanen da:
–Mankomunitatea.
- Web-orria, Mankomunitatearen zerbitzuei eta albisteei buruzko informazioa, ezagutza.
- Ordenantza fiskala.
- Kudeaketarako ordenantza.
- Estatutuak.
–Estatuan aplikatu beharreko legeak eta arauak.
- 7/2022 Legea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa.
- 1055/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoa.
- 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, hondakinen garraioa arautzen duena Estatuko lurraldearen barrenean.
–Nafarroako legeak eta arauak.
- 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.
- 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
Bi probak egun berean eginen dira, eta proba bakoitzerako gutxienekoa lortzen ez duten hautagaiak deialditik baztertu eginen dira.
Puntuazioak jendaurrean jarriko dira Mankomunitatearen web-orriko egoitza elektronikoan, biharamunean, eta hautagaiek 5 egun balioduneko epea izanen dute alegazioak aurkezteko.
Alegazioak ebatzirik, behin betiko emaitzak jendaurrean jarriko dira, Mankomunitatearen web-orriaren egoitza elektronikoan.
Lanposturako egokitasunaren balorazioa: 10 puntu.
Elkarrizketa bat eginen da epaimahaiarekin, eta baloratuko da izangaiak lanposturako duen egokitasuna.
Elkarrizketan, epaimahaiak galderak eginen ditu, jakitearren ea izangaiak badituen gorago zehaztu diren trebetasunak eta gaitasunak.
Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa, eta izangaiaren behin betiko puntuazioa izanen da epaimahaiko kide bakoitzak emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa.
Epaimahaiak ariketa grabatzen ahalko du, defentsa baloratzeko eta zuzentzeko, eta bermatzeko zuzenketarekin ados ez dauden izangaien benetako babes judizialerako eskubidea. Probaren ahots-grabazioak dakarren datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, deialdiaren 8. oinarria kontsulta daiteke.
Oposizioaldiko azkeneko emaitza izanen da proba bakoitzean lortutako puntuen batura.
Merezimendu-lehiaketa: 15 puntu.
Fase honetan, aurreko hiru probak gainditu dituztenei emanen zaizkie prestakuntza profesionalaren balorazioari dagozkion puntuak.
Gehienez ere 15 puntu emanen dira, nahiz eta merezimenduen batura handiagoa izan.
Merezimendu hauek baloratuko dira:
1. Hondakinen kudeaketaren arloko prestakuntza espezifikoa. 2 puntu emanen dira 50 prestakuntza-orduko, gehienez ere 4 puntu egin arte.
2. Hizkuntzak jakitea. 2 puntu emanen dira C1 maila frogatzeagatik ingelesean, frantsesean, alemanean nahiz euskaran, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari, gehienez ere 4 puntu egin arte.
3. Esperientzia orokorra eginkizun administratiboetan: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.
4. Esperientzia espezifikoa administrari gisa, hondakinak kudeatzeko instalazio batean: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.
6. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
Azken ariketaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, horretarako batuz oposizio-lehiaketan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak.
Azkeneko baturan berdinketarik izanez gero, ebatziko da aintzat hartuz gaitasun teknikoko test motako proban lortutako puntuazio handiena. Hala ere, berdinketa badago oraindik, zozketa bidez ebatziko da.
Izangaiek 5 laneguneko epea izanen dute, puntuazioen argitaratze egunetik hasita, denetariko alegazioak egiteko, idazki bat aurkeztuz Mankomunitatearen erregistroan edo helbide elektronikoan. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda emanen da argitara.
Epaimahaiak Mankomunitateko buruari eginen dio izangaia izendatzeko proposamen loteslea, puntuazio handiena lortu duenaren alde. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izendapen proposamena aditzera eman ondoko 10 egun baliodunean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Erriberagoieneko Mankomunitatearen Idazkaritzan:
–Zinpeko deklarazioa (2. eranskinekoa), adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
–Osasun ziurtagiria, zentro mediko homologatu batek emana edo Nafarroako Osasun Zerbitzuak emana, frogatzeko ez duela eritasunik nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako foru eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zintzo beteko dituela karguaren eginkizunak.
Aipatutako epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu diren agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe dagokion erantzukizuna haren eskabidearen faltsukeriagatik, halakorik bada.
Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, deialdi honetako oposizioa gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Mankomunitateko buruak, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetako prozedura bera.
7. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
Hautapen prozedura bukatutakoan eta aurreko 6. oinarrian aipatutako agiriak ekarri ondoren, Mankomunitateko buruak administrari-ofizial izendatuko du, jardun dezan Erriberagoieneko Mankomunitatean.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izendatzen den izangaiak karguaz jabetu beharko du hilabeteko epean, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina. Epe horretan ez bada plazaz jabetzen, ezinbesteko arrazoiak salbu, galduko ditu Mankomunitateko nomina eta plantillako langilea izateko eskubide guztiak. Halakoetan, deialdiko 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
8. oinarria.–Azkoiengo Udala da parte-hartzaileengandik biltzen diren datuen tratamenduaren arduraduna, eta erabiliko ditu deialdia kudeatzeko eta lanpostuak betetzeko.
Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri legitimoa da legezko betebeharra (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren –DBEO– 6.1.c artikulua), abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin loturik (Nafarroako Foru Administrazioko Langileen Estatutua).
Datuak lagatzen ahalko zaizkie organo judizialei, Nafarroako Administrazio Auzitegiari, prozesuan parte hartzen dutenei eta ordezkari sindikalei, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala. Beste kasu batzuetan ere komunika daitezke datuak, betiere baldin oinarriturik badaude Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6. artikuluko kasuren batean.
Aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izaten ahal duen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Ahozko probako ahots-grabazioari dagokionez, horren helburua izanen da lagungarri gisa erabiltzea kasu praktikoen defentsa baloratu eta zuzentzeko, bai eta zuzenketarekin ados ez dauden izangaien benetako babes judizialerako eskubidea bermatzea ere. Tratamendua ahalbidetzen duen lege-oinarria da interes publikoaren aldeko misio bat betetzea (Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua), hautapeneko edo administrazioko prozeduraren esparruan, bermatzeko administrazio-jarduketaren gardentasuna eta motibazioa, funtzio publikoan berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintzetan sartzeko oinarrizko eskubideari dagokionez (Konstituzioaren 23.2 artikulua). Prozesua bukatu arte gordeko dira grabazioak, eta erreklamazio-epeak iragandakoan ezabatuko.
Parte-hartzaileek eskubidea dute datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Azkoiengo Udalera (Plaza Principal z.g., 31350 Azkoien) egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es/) edo baliatu beharko dute datuen babeserako arduradunaren posta elektronikoa (dpd@aytoperalta.com). Era berean, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetan: www.agpd.es. Edo aldez aurretik aurkez dezakete datuen babeserako arduradunari zuzenduta, lehen adierazitako helbidean.
9. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede diren erabaki edo egintzak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki edo aplikazio egintza hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo aplikazio egintza hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Azkoienen, 2026ko apirilaren 28an.–Mankomunitateko burua, José María Palacios De Mier.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Eskabide eredua:
II. ERANSKINA.–ZINPEKO DEKLARAZIOA
Izen-deiturak: .........................................................................................................................................
NANa: .........................................................................
ZINPEAN DEKLARATZEN DUT
Ez naiz diziplina espediente bidez kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nago desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko.
Azkoienen, 2026ko .........................................................aren ..........(e)(a)n.
Sinadura:
DATUEN BABESA: Hondakin Solidoen Mankomunitatea da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, deialdia kudeatzeko eta gero kontratazioak egiteko, betebehar publikoak betez. Eskubidea duzu datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko (zuzenak ez badira) eta deuseztatzeko. Informazio gehiago, deialdiaren oinarrietan.
Iragarkiaren kodea: L2606168
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
