93. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZIZUR NAGUSIA

Oposizio-lehiaketa, gizarte-langileen lau plaza betetzeko.

Zizur Nagusiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 10ean, erabaki zuen deialdi bat onestea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gizarte-langileen lau plaza.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da, oposizio-lehiaketa bidez, gizarte-langileen lau plaza betetzea. Plazak B mailakoak dira, eta honako zenbaki hauek dituzte Zizur Nagusiko Udaleko plantilla organikoan: 25001, 25003 eta 25005, funtzionarioen araubidekoak, eta 25004, lan-kontratudunen araubidekoa. Plazen ezaugarriak indarreko plantilla organikoan zehazten dira, eta guztiak dira lanaldi osokoak, 25004. plaza izan ezik, %50eko lanaldikoa baita.

1.2. Deialdia gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

Plazak txanda hauetan banatuko dira:

–2 plaza txanda irekian.

–2 plaza igoera txandan.

1.3. Baldin igoera txandako plaza huts bat bete gabe gelditzen bada, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.2 oinarriko berariazko betebeharrak betetzen ez badituzte deialdiaren 11.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

1.4. Ordainsariak izanen dira B mailari dagozkion oinarrizkoak, gizarte-langileen lanposturako zehaztutakoak, eta izanen dituzte Zizur Nagusiko Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

1.5. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko bilakatuko ditu izendatuak, eta, hortaz, izanen dituzte Zizur Nagusiko Udalean funtzionarioei buruz indarrean diren xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan jasotako babesean.

1.6. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldiaren araubidea eta lan-ordutegia, zerbitzuaren beharren arabera beti; hala bada, noiznahi alda ditzake.

1.7. Proben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Zizur Nagusiko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

1.8. Eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, eta bermatuko dute behar bezala funtzionatzen duela Zizur Nagusiko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, antolakuntzaren, administrazioaren eta alderdi exekutiboaren aldetik, barne daudelarik zerbitzuak aurrera eramaten dituen gizarte-programak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Hautapen-prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Unibertsitateko Gizarte Laneko gradudun titulua edo Gizarte Laneko diplomadun titulua izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Gizarte-langileen lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere, bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legean ezarritakoarekin (lege horren bidez aldatu zen haurrak eta nerabeak babesteko sistema). Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz (erregistro hori arauturik dago abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez).

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

g) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

h) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.

2.2. Igoera txandako izangaiendako berariazko baldintzak:

Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabidek, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera; horretarako, eskabide orokorra erabiliko dute, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es). Sartzeko, baliatu beharko dute NAN edo ziurtagiri digitala edo Cl@ve iraunkorra.

Desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak aurkez dezake egoki iruditzen zaion dokumentazioa, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa telematika bidez ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Tasa hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.

Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko, alabaina, baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean uko egin ez izana eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik; halaber, baldintza izanen da ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.

Salbuespen hori honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu-bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan agertuko da zein egunetan inskribatu zen lan-eskatzaile gisa, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. Deialdi honen II. eranskina baliatuko da horretarako.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Deialdiko 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

Tituluak atzerrian lortu badira, aurkeztu beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak.

b) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, halakorik baldin bada.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.

d) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa, 2.1.d) oinarrian aipatutakoa. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.

Igoera txandako izangaiek, gainera, behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, 2.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa eransten ahal dute hura justifikatzeko.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritar Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, Interneten, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Andoni Serrano Zabalza, Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.

Ordezkoa: María Pilar García Castellano, Zizur Nagusiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko eta Aniztasuneko zinegotzia.

1. epaimahaikidea: María Teresa Artázcoz Oroz, Zizur Nagusiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorreko gizarte-langilea eta arduraduna.

Ordezkoa: María Mercedes Alduan Urdiain, Zizur Nagusiko Udaleko Etxeko Laguntza Zerbitzuko gizarte-langilea.

2. epaimahaikidea: Nafarroako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialak izendatutako pertsona.

Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialak izendatutako pertsona.

3. epaimahaikidea: Sandra Urrutia Olleta, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Itxaso Ruiz de las Heras Goñi, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria edo haren ordezkoa dena.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia ondoren.

6.2. Oposizioa hasiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adierazitako egun, toki eta orduan.

6.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez 100 puntu eskuratzen ahalko dira orotara; haietarik, 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honela banatuko dira:

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez 22 puntu.

–Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, xede den lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan eta B mailan, baldin lanposturako nahitaezkoa bazen Gizarte Laneko gradu edo diplomadun titulua izatea, edo baliokidetzat jotzen den titulua: 1 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Laneko esperientzia frogatuko da dagokion administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztuta. Bertan honako hauek jasoko dira: lanpostuaren izena, maila, lanaldiaren ehunekoa, lan egindako aldiaren hasiera eta bukaera datak, eta lanpostu horretan jarduteko eskatutako titulazioa.

Ez dira kontuan hartuko zerbitzuen ziurtagiriak, baldin eta ez badituzte jasotzen egindako zerbitzuen hasierako eta bukaerako egun zehatzak.

b) Jarraian zehazten den prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak zuzenean zerikusia badu lanpostuarekin, gehienez 5,9 puntu.

–2.1.c) oinarrian aipatzen ez den gradu edo diploma bakoitzeko: 1 puntu.

–Unibertsitateko master bakoitzeko: 1 puntu.

Ez da baloratuko amaitu gabeko prestakuntza.

c) Euskaraz jakitea: gehienez 2,1 puntu.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 titulua edo C1 mailaren baliokide diren beste titulazio ofizial batzuk izateak jasoko du gehieneko balorazioa.

–Titulu hori izan ezean, 1,68 punturekin baloratuko da B2 mailako titulua izatea, 1,26 punturekin B1 mailako titulua izatea, 0,84 punturekin A2 mailako titulua izatea eta 0,42 punturekin A1 mailako titulua izatea.

7.4. Lehiaketaldia amaitzean, izangaiek lortutako puntuazioa argitaratuko da Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea irekiko da, interesdunek alega dezaten bere eskubidearen arabera komeni zaiena merezimenduen balorazioei buruz.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldia 2026ko irailetik aurrera hasiko da, eta gehienez 70 puntu eskuratzen ahalko dira. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Dei bakarra eginen da proba bakoitzeko. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta galdetuko da deialdiaren eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

8.2. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

–Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati, deialdi honen II. eranskineko gaiei buruz. 100 galdera izanen ditu, eta erreserbako 5 galdera gehiago gehituko zaizkio. Lau erantzun emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina.

Proba honek 3 ordu iraunen du gehienez, eta plika sistema bidez eginen da.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

–Bigarren proba: teoriko-praktikoa. Kasu bat ebatzi beharko da, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei eta lanpostuaren eginkizunei buruzkoa.

Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena. Plika sistemaren bidez ere eginen da bigarren proba hau.

Hasi aurretik ezarriko du epaimahaiak proba hau egiteko gehieneko denbora.

Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina.

Proba honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba bakoitza amaitzean, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek erreklamazioak egiteko eta alega dezaten bere eskubidearen arabera komeni zaiena.

9.–Gainditu dutenen zerrenda.

9.1. Hautaprobak bukaturik, hautapen-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Orobat, zerrenda Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari igorriko dio, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.

9.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

10.–Plaza hutsak aukeratzea.

10.1. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak dei eginen du lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira; horretarako, aukeran dauden lanpostu hutsen zerrenda argitaratuko du, bai eta aukeratzera deituriko izangaien zerrenda ere, lanpostu hutsak aukeratzeko lehentasun ordenaren arabera.

Informazio hori argitaratuko da Udalaren iragarki-taula elektronikoan.

Ondoren, izangaiek, hamar egun balioduneko epean, adieraziko dute nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera.

10.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik.

11.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

11.1. Behin lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari, espediente osoarekin batera. Proposamen horretan egonen dira probak gainditu dituzten izangaiak, betiere eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren heinean.

Izendapen proposamen hori argitara emanen da Udalaren iragarki-taula elektronikoan.

11.2. Proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorraren bidez izendapen proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:

a) Udaleko prebentzio-zerbitzuak emandako osasun-txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragozten dion akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

11.3. Baldin izangaiak badira deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak eta igoera txandan parte hartu badute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, aurkeztu beharko dute jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzeko ziurtagiria.

11.4. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.

11.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, plaza beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan (9. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

12.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

12.1. Ebazpen baten bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario edo langile lan-kontratudun finko izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, lanpostua bete dezaten, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

12.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun finko bilakatuko ditu izendatuak, eta, hortaz, izanen dituzte Zizur Nagusiko Udalean funtzionarioei eta lan-kontratudunei buruz indarrean diren xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak.

Izendatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu, kasua bada, eta alta emanen zaie, araubide horretan jasotako babesean.

12.3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena, eta izendatutako izangaiek izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak galduko ditu Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, lanpostua beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan (9. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

12.4. Baldin eta funtzionario edo langile lan-kontratudun finko bilakatu diren izangaiei zuzenean borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza-hartzearen egunetik beretik, haiek berek eskatuta eta lanpostuan batere aritu gabe, egun horretan beste administrazio publiko batean modu finkoan ari direlako, hutsik gelditzen den lanpostu hori ere deialdiaren 12.3 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

12.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako plaza hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko plazak zuzenean funtzionario edo langile lan-kontratudun finko berriei esleituko zaizkie.

13.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

13.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiekin, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozeduran:

a) Probak gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda. Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

b) Hautapen-prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:

–Deialdiaren oinarrietan lehen proban, gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.

13.2. Epaimahaiak espedientea igorritakoan, Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariaren ebazpen baten bidez, zerrenda hauek onetsiko dira: probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta lehen ariketan gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda. Horietatik, lehentasuna izanen du probak gainditu baina lanposturik eskuratu dutenena, indarreko kudeaketa-arauekin bat.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendak argitara emanen dira Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan.

Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hain zuzen, 9.2 oinarrian (gainditutako proben puntuazioari eta zozketa egiteari buruzkoa).

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, beteko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoetan xedaturikoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

14.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan eta iragarki-taula elektronikoan (Udalaren egoitza elektronikoan eskuragarri) emanen da argitara proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.

15.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Zizur Nagusiko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hauxe da oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko) eta 6.1.c) artikulua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak legeak aurreikusitako kasuetan komunikatuko dira (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Zizur Nagusiko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Zizur Nagusian, 2026ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://sedeelectronica.zizurmayor.es/default.aspx

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehen zatia.–araudi orokorra.

1. gaia.–7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria.

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua: Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: Udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. Udalen funtzionamendua. II. kapitulua: Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. VIII. titulua: Toki ogasunak. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketen aurkaratzea eta kontrola. I. kapitulua. II. kapitulua: 1. eta 2. atalak.

3. gaia.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua. II. titulua: I. kapitulua: Udalerria. III. titulua: I. kapitulua: Osoko Bilkuraren funtzionamendua. IV. titulua: Hirugarren atala: informazio batzordeak.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera. III. titulua: Administrazio egintzak. IV. titulua: Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua: Egintzak administrazio-bidetik berrikustea. II. kapitulua: Administrazio errekurtsoak.

6. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

7. gaia.–Dirulaguntzak. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua: II. kapitulua: Dirulaguntza publikoei buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: Dirulaguntzak itzultzea. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: Dirulaguntzak itzultzea.

Bigarren zatia.–Araudi espezifikoa.

1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. II. titulua: Gizarte-zerbitzuen sistema publikoa. IV. titulua: Gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. V. titulua: Kontsulta eta partaidetza organoak.

2. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. VI. titulua: Gizarte-zerbitzuetako profesionalak. VII. titulua: Ekimen pribatua. VIII. titulua: Gizarte-zerbitzuen kalitatea. IX. titulua: Ikuskapena eta zehapen araubidea.

3. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datuak babesteko printzipioak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

4. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa. I. titulua: Haur eta nerabeen eskubideak. II. titulua: II. kapitulua: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen eskumenak.

5. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Integralerako Neurriei buruzkoa. Atariko titulua. Sentsibilizazio-, prebentzio- eta detekzio-neurriak. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak. Babes instituzionala. Zigor arloko babesa eta babes judiziala.

6. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: II. kapitulua: 1. atala: Sistemak eskaintzen dituen prestazioak. III. kapitulua: Mendekotasuna eta horren balorazioa. IV. kapitulua: Eskubidea aitortzea.

7. gaia.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendetasun-egoera balioesteko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena. III. kapitulua: Mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.

8. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

9. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Prebentzioa eta detekzioa. III. titulua: Prestakuntza. IV. titulua: Laguntza integral espezializatu eta eskuragarria izateko eskubidea.

10. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena.

11. gaia.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideen Garapenari buruzkoa. II. kapitulua: Gizarteratzeko eskubidea. III. kapitulua: Errenta bermaturako eskubidea.

12. gaia.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

13. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena. I. eranskina: Prestazio bermatuak: A.–Oinarrizko arreta; B.–Mendekotasunaren arreta; C.–Adinekoen arreta; D.–Desgaitasuna duten pertsonen arreta; F.–Gizarte-bazterketa egoeran edo horretarako arriskuan dauden pertsonen arreta; G.–Adingabeen arretaren arloa; H.–Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako laguntza arloa.

14. gaia.–442/2020 Foru Agindua, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena Gizarteratzeko Aparteko Laguntzak balioetsi eta emateko.

15. gaia.–6/2011 Foru Dekretua, urtarrilaren 24koa, Nafarroako gizarte-zerbitzuetako erreferentziako profesionala arautzen duena.

16. gaia.–Nafarroako Gobernuaren oinarrizko laguntzari buruzko esparru-dokumentua. 2. puntua: Gaur egungo egoera.

17. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. liburukia: 5. Babes faltako kasu posibleak detektatzea eta jakinaraztea. 6. Ikerketa eta ebaluazio prozesua. 7. Erabakiak hartzea eta kasu-plana (garapena eta ixtea).

18. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 2. liburukia: 2. Oinarrizko laguntzako gizarte-zerbitzuen funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Haurrak Babesteko Sisteman. 3. Sustapena eta prebentzioa oinarrizko gizarte-laguntzatik. 4. Babesgabetasun-gradienteak.

19. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 3.B. liburukia. Tratu txarren tipologiak. C. Haurtzaroko eta nerabezaroko oinarrizko beharren taxonomia.

20. gaia.–Familientzako baliabideen gida (Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua, 2015eko ekaina). Laguntza ekonomiko eta sozialak.

21. gaia.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa (2019-2023). Ikuspegia, misioa, printzipioak, helburuak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.

22. gaia.–Nafarroako Inklusioaren Plan Estrategikoa (2018-2021). I. multzoa: 1. puntua: Oinarrizko beharrak eta errenta-bermea. 3. puntua: Gizarteratzea.

23. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntza Emateko II. Plan Integrala (2017-2023). VI. zatia: Jarduketa eremuak, ildo estrategikoak, programak eta jarduerak.

24. gaia.–Nafarroako Desgaitasun Plana (2019-2025). 4. puntua: Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen profila eta egoera.

25. gaia.–III. Prebentzio plana: Drogak eta mendekotasunak (2018-2023). 2. puntua: Egoera Nafarroan.

26. gaia.–III. Prebentzio plana: Drogak eta mendekotasunak (2018-2023). 6. puntua: Jarduera-arloak. 7. puntua: Ebaluazioa eta egoera ekonomikoa.

27. gaia.–Nafarroako Osasun Mentalaren Plana (2019-2023). 5. puntua: Gaur egungo egoera.

28. gaia.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026). II. multzoa: 2.4. Ardatz estrategikoak.

29. gaia.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026). II. multzoa: 2.5. Lehentasunezko jarduera-ildoak, helburu espezifikoak, neurriak eta adierazleak.

30. gaia.–Nafarroan adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida. 1., 2. eta 3. puntuak.

31. gaia.–Gizarte-lanaren kode deontologikoa. Nafarroako Gizarte Laneko Kontseilu Ofiziala.

32. gaia.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Oinarri zientifikoak, printzipioak eta aplikazioak. Pilares fundazioa.

33. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa. I. titulua eta II. titulua.

34. gaia.–Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa (2021-2024). 6. puntua: Programazioaren printzipio estrategikoak. 7. puntua: Programazioa. Ardatz estrategikoak, helburuak eta ekintzak.

35. gaia.–Zizur Nagusiko Udalaren oinarrizko gizarte-zerbitzuko etxeko laguntza zerbitzua (ELZ) arautzen duen ordenantza.

36. gaia.–Zizur Nagusiko Udaleko larrialdiko laguntza ekonomikoen oinarri arautzaileak.

37. gaia.–Zizur Nagusiko Udaleko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza.

38. gaia.–Lagun egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua (2016).

Iragarkiaren kodea: L2606078