93. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Oposizioa, Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko soziologoaren 2 plaza  betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 27an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da soziologoaren 2 plaza oposizio bidez betetzea, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa. Plaza horiek izanen dira Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko otsailaren 5ean emandako ebazpenaren bidez iragarritako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen direnak, eta horien plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoa plaza hutsa hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Plazak Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorrari atxikita daude eta honako txanda hauetan banatuko dira:

–1 plaza txanda irekian.

–1 plaza igoera-txandan.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin eta igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako plazetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko plaza hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan ezarritako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Soziologiako Graduko titulua edo horren baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko muga-egunean.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, non eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona ez den lanean ari administrazio deitzailearen zerbitzura beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.

c) Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak salbu: horiek zortzi urtez kidego horietan benetan zerbitzu ematen arituak izan beharko dute.

2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Soziologiako unibertsitateko gradu-titulua, edo horren baliokidea den titulua, edo halakoa erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko dela. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

–Horrez gain, baldin eta deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren betekizunak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena organo eskudunari eskatu izana egiaztatzen duen agiria.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume izangaiek baldintza hori egiaztatu beharko dute, genero-indarkeriako delitu batengatik kondena-epaia, babes-agindua edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial aurkeztuz, edo Ministerio Fiskalaren txostena aurkeztuz, non adieraziko baita demandatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela. Halaber, genero-indarkeriazko egoerak egiaztatzen ahalko dira gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiriaren eta txostenaren bidez.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Uxua Domblás Ibáñez, Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Fermín Bacaicoa Barno, Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaikidea: Ignacio Apezteguia Luquin, Iruñeko Udaleko Bulego Estrategikoko zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Leire Iriarte Oyaga, Iruñeko Udaleko Estrategiako eta Proiektuetako goi-mailako teknikaria.

Epaimahaikidea: Elvira Sanz Tolosana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle titularra.

Epaimahaikide ordezkoa: Jesús Oliva Serrano, Nafarroako Unibertsitate Publikoan katedraduna (NUP).

Epaimahaikidea: Asís Barbera Bustamante, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: José Julián Eraso Mortalena, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Oposizioak proba bat izanen du, bi atalekoa:

a) I. atala: test erako galdetegia.

Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen I. eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan akatsak nola zigortuko diren.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) II. atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea eta ahozko azalpena.

Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz edo ordenagailuz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. 40 puntu horietatik 30 idatzizko probari dagozkio, eta 10, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 15 puntu eta ahozkoan gutxienez 5 puntu eskuratzen dituztenek.

Proba idatzian plika-sistema erabiliko da.

Kasu teoriko-praktikoa publikoki aurkeztu eta ahoz defendatzeko deia eginen zaie ariketa gainditu eta probaren bigarren zatian notarik altuenak lortu dituzten txanda irekiko 30 izangaiei, eta proba gainditu duten igoera-txandako guztiei. Txanda irekian, izangai batzuk 30. postuan berdinduta izanez gero, horiek guztiak igaroko dira hurrengo probara.

Izangai bakoitzak horretarako zehazten den egunean (Udalaren webgunean argitaratuko da) aurkeztu beharko ditu kasu teoriko-praktikoak epaimahaiaren aurrean, gehienez ere 10 minutuz, eta epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.

Ahozko defentsan lortutako kalifikazioa kasu teoriko-praktikoen idatzizko atalean lortutakoari gehituko zaio, eta idatzizko probaren puntuazioa ahozko aurkezpena egin baino lehenago argitaratuko da.

6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gaiak.

6.6. Proba bakoitza kalifikatzen amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

6.7. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, betekizunak egiaztatu eta plaza hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Hala ere, berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

8.–Plaza hutsak hautatzea.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea zabalduko du plaza hutsak hautatzeko. Horretarako, hautatu beharreko plazen zerrenda argitaratuko du, eta izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera ordenaturik eta txandetan banatuta. Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deialdian ateratako plaza hutsetatik zein nahiago duten.

8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasunen bat duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

8.3. Halaber, genero-indarkeriaren biktima diren emakume izangaiek hautaprobak gainditzen badituzte, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute plaza hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna dutenendako ezarritako lehentasun-hurrenkera.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik deialdi honetako plaza hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat duten izangaiendako eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.

9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:

9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzekoa.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.

9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 9.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.

10.–Izendatzea, plaza hutsak esleitzea eta jabetza hartzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute plazaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie plazaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.

12.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Plazarik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautapen-prozesuko probako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.

12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

12.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, plazarik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

12.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

I. ERANSKINA

Gaitegi orokorra.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–1985/7 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua, Administrazioen arteko harremanak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.

8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

Gaitegi espezifikoa.

1. gaia.–Nazio Batuen 2030 Agenda. Garapen Jasangarrirako Helburuak. Jomugak. Garapen Jasangarrirako Espainiako Estrategia.

2. gaia.–2030 Agenda Nafarroan. GJHen lorpenaren aurrerapena Nafarroan eta jarraipeneko txostenak.

3. gaia.–Espainiako Hiri Agenda. Diagnostikoa. Esparru estrategikoa. Adierazleen sistema.

4. gaia.–Iruñeko Hiri Agenda 2030. Ekintza-plana. Esparru estrategikoa.

5. gaia.–Iruñeko Hiri Agenda 2030. Onetsitako 57 proiektu estrategikoak. 2025-2027ko programa operatiboa

6. gaia.–Hiri Plangintza Estrategikoa. Kontzeptua eta haren historia Espainian. Printzipioak eta helburuak.

7. gaia.–Hiri Plangintza Estrategikoa. Plangintza estrategikoko metodologiak. Gobernantza estrategikoa.

8. gaia.–Hiri Plangintza Estrategikoa. Nazioarteko agendak eta plangintza estrategikoa. Hiri inklusiboak. Hiri-estrategia diseinatzeko oinarriak, konkurrentzia eta haren dimentsioak, gobernantza eta harreman-kudeaketa. Proiektu estrategikoak kudeatzea, ebaluatzea eta jarraipena egitea.

9. gaia.–Proiektu estrategikoak diseinatzea, osorik kudeatzea eta ebaluatzea: metodologiak, teknikak eta tresnak.

10. gaia.–Europako proiektuak osorik kudeatzea: Europako proiektuak koordinatzea eta kudeaketa juridiko-administratiboa. Jarraipena eta ebaluazioa.

11. gaia.–Europako proiektuak osorik kudeatzea: finantza-kudeaketa giltzarri Europako proiektuen garapenerako.

12. gaia.–Europako proiektuak osorik kudeatzea: Kudeaketa teknikoa eta partzuergoaren kudeaketa. Europako proiektuen komunikazioa eta ustiaketa.

13. gaia.–Hiri-behatokiak: kontzeptua, definizioa, xedea eta praktikotasuna.

14. gaia.–Hiri-behatokiak: Iruñeko Hiri-behatokia. Egitura, gai-esparruak eta argitaratutako adierazleak.

15. gaia.–Hiri-behatokiak: Iruña Eurobarometroan. Iruñeko 2030 Hiri Agendaren Aginte-taula.

16. gaia.–Hiri-adierazleen sistema. Kontzeptua eta definizioa. Diseinua eta egitura. Adierazle motak.

17. gaia.–Adierazleak: eraketa, erabilera egokia eta alderagarritasuna eremu ezberdinetan. Adierazleen sistema.

18. gaia.–Politika publikoen ebaluazioa. Oinarriak. Politika publikoen ebaluazioa diseinatu eta egiteko metodologiak.

19. gaia.–Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Iruñeko 2030 Estrategia. Laburpen exekutiboa.

20. gaia.–Iruñeko Udalaren Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako IV. Plana, 2025-2030.

21. gaia.–Iruñeko Udalaren Haur eta Nerabeen II. Plana. 1. aldia. II. aldia.

22. gaia.–Adinekoen I Udal Plana, 2025-2030. Aurkezpena. Aurrekariak. Metodologia. Diagnostikoaren ondorioak. Gobernantza eta planaren ebaluazioa

23. gaia.–Soziologikoki pentsatzea: diskurtsoa, globalizazioa, modernitatea, postmodernitatea, arrazionalizazioa, gizartea, egitura / agentzia.

24. gaia.–Soziologia gauzatzea: eredu ideala, metodo kualitatibo eta kuantitatiboak, errealismoa, gogoeta egiteko tasuna, zientzia, giza eraikuntza.

25. gaia.–Ingurumena eta hirigintza: alienazioa, ingurumena, industrializazioa, migrazioa, arriskua, garapen jasangarria, hirigintza.

26. gaia.–Gizartearen egiturak: burokrazia, kapitalismoa, kontsumismoa, lanaren banaketa, hezkuntza, antolakuntza, erlijioa.

27. gaia.–Bizitzeko aukera-desberdinkeria: klasea eta desberdinkeria, generoa, intersekzionalitatea, patriarkatua, txirotasuna, arraza eta etnizitatea, giza mugikortasuna, estatusa.

28. gaia.–Harremanak eta bizi-ibilbidea: komunitatea, familia, bizi-ibilbidea, sareak, sexualitatea, gizarteratzea. Osasuna, gaixotasuna eta gorputza.

29. gaia.–Elkarrekintza eta komunikazioa: kultura, nortasuna, ideologia, elkarrekintza, komunikabidea, eremu publikoa.

30. gaia.–Delitua eta kontrol soziala: anomia, desbideraketa, etiketatzea, izu-ikara morala, justizia errestauratiboa, kontrol soziala Osasuna, gaixotasuna eta gorputza.

31. gaia.–Soziologia politikoa: menderatzea, hiritartasuna, gizarte zibila, gatazka, demokrazia, estatu-nazioa, boterea, gizarte mugimendua.

32. gaia.–Ongizate estatua: jatorria, garapena eta tipologiak. Ongizate estatua Espainian ereduen testuinguruan

33. gaia.–Gizarte bazterketa. Analisi-metodoak eta bazterketaren neurria. Nafarroako gizarte-bazterketaren ezaugarri nagusiak.

34. gaia.–Berrikuntza soziala: garrantzia, kontzeptu-esparrua eta artearen egoera. Parte-hartzea eta gizarte berrikuntza.

35. gaia.–Nafarroako Gobernuaren zerbitzuak sinplifikatzeko laguntza-eskuliburua.

36. gaia.–Tokiko komunitateetan kulturen arteko bizikidetzarako partaidetza-gida. Nafarroako Gobernua.

37. gaia.–Aurrera begirako estrategia: jatorria, kontzeptu-gakoak eta praktikara sarrera.

38. gaia.–Aurrera begirako estrategia: etorkizuneko estrategiaren tresna-kutxa.

39. gaia.–Aurrera begirako estrategia: megajoeren azterketa.

40. gaia.–Aurrera begirako estrategia: Pestel azterketa. Aurrera begirako lurraldea.

41. gaia.–Aurrera begirako estrategia: Delphi metodoa.

42. gaia.–Aurrera begirako estrategia: aurrera begirako egiturazko azterketa. Egoerak eratzea, azterketa morfologikoa.

43. gaia.–Aurrera begirako estrategia: aktore-jokoaren azterketa.

44. gaia.–Azterketa demografikoa. Osagai demografikoak. Kontzeptuak eta neurriak. Iturri demografiko nagusiak. Erabilgarritasuna. Edukiak. Aurrera begirako biztanleria. Zenbatesteko prozedurak eta metodoa. Zentsu-arteko zenbatesteak.

45. gaia.–Biztanleen mugimendu naturalak: jaiotzak, heriotzak, biztanleriaren hazkundea (gizarte- eta biologia-faktoreak). Nafarroako biztanleen dinamika.

46. gaia.–Ikerketa soziala. Ikuspegiak ikerketan. Ikerketa bat diseinatzea: aldiak eta motak.

47. gaia.–Neurketa gizarte zientzietan. Kontzeptuen operazionalizazioa. Neurketa mailak. Baliagarritasuna eta fidagarritasuna. Metodo kuantitatiboak eta metodo kualitatiboak.

48. gaia.–Metodologia dialektikoa: oinarriak eta garatzeko teknikak.

49. gaia.–Ikerketa-Ekintza-Partaidetza (IEP): garapenerako aldiak eta faseak.

50. gaia.–Ikuspegi kualitatiboa: behaketa (parte-hartzailea eta ez parte-hartzailea), banakako elkarrizketak eta taldekoak (foku-taldea), bizitza-istorioak eta eztabaida-taldeak.

51. gaia.–Ikuspegi kuantitatiboa. Datuen iturriak: inkesta eta galdetegia. Euskarri elektronikoa erabiliz jasotzeko erak (CAPI, CATI, CAWI). Iturri administratiboak. Abantailak eta eragozpenak. Erabilerak.

52. gaia.–Informazioa eta erdietsitako emaitzak integratzea tekniken bidez: kualitatibo/kuantitatibo dikotomia hausnarketa soziologikoaren ikuspegitik. Triangulatzea.

53. gaia.–Datuen iturriak: inkestak, erregistro administratiboak, datuen meatzaritza.

54. gaia.–Estatistika publikoko iturrien erabilera. Behatokiak eta hedatzeko atariak. Datu irekiak eta informazio publikoa berrerabiltzea tokiko planifikaziorako.

55. gaia.–Lagina: teoria eta ezarpena. Ikerketaren unibertsoa, laginaren neurria, laginaren akatsaren kontzeptua eta ikerketarako unitateen hautaketa (laginketa motak).

56. gaia.–Estatistika deskribatzaile unibariatua: banaketak, joera zentrala eta sakabanaketa. Estatistika bibariatua: taulak eta elkarketa neurriak.

57. gaia.–Inferentzia estatistikoa. Parametroak balioztatzea eta hipotesiak egiaztatzea. Konfiantza tarteak. Aldaera anitzeko azterketa. Definizioa eta sailkapena.

Iragarkiaren kodea: L2606228