93. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MARTZILLA

Oposizio-lehiaketa, San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuaren zuzendari plaza bat betetzeko

Alkatetzak 2026ko apirilaren 29an emandako ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuaren zuzendari plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lan-araubide finkoan, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuaren zuzendari plaza bat, 1. taldekoa, plantilla organikoan 1.25 zenbakia duena, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuaren plantillan sartzeko, plantilla organiko horretan ezarritako ordainsariekin.

Oposizio-lehiaketa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: indarreko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

Izendapenak Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuko nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu plazaz jabetzen den egunetik aurrera. Orobat, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea probak gainditu arren hautapenerako sarrera-prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, oinarri hauetan xedatutakoarekin bat, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuan sortzen diren aldi baterako beharren arabera zuzendariaren lanpostua aldi baterako betetzeko.

1.3. Plazaren ordainsariak izanen dira Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuan aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera 1. taldearentzat oro har ezarritakoak.

1.4. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldi mota eta ordutegia, eta horiek zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat eratzeko ere erabiliko dira, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko udal patronatuaren zuzendari lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioetarako, Martzillako zahar etxean sortzen diren beharrei erantzute aldera.

Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe utziko du Martzillako zahar etxeko zuzendari lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritzeko izangaien beste edozein zerrenda.

Deialdiaren atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak honako hauek dira:

Kontratatzen den pertsonak zuzendari lanpostuari lotutako honako eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Enpresaren edo zentroaren garapenaren berezko jarduerak planifikatu, antolatu, zuzendu eta koordinatzea.

–Zeregin tekniko konplexuak eta heterogeneoak egitea, helburu global zehaztuekin eta autonomia, ekimen eta erantzukizun maila handiarekin. Haren eginkizunek berekin dakarte unitate funtzional bereko lankide taldeen eginkizunak integratu, koordinatu eta gainbegiratzea.

–Eskatzen zaien titulazioa eta/edo esperientzia edukitzea, beren eginkizunak betetzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.

–Laguntza proiektuaren buru izatea, laguntzako koordinatzailearekin batera edo bera bakarrik, halakorik ez bada.

–Urte bakoitzerako helburuak finkatzea, eta kontrol-sistemak ezartzea, Gobernu Batzordeari helburu horien betetze-mailaren berri emateko.

–Egoiliarrei instalazio egokia ematea.

–Adinekoentzako zerbitzu integraleko arlo guztien programazioa diseinatzea, eta haren kontrola eta jarraipena egitea.

–Laguntzako arloen arteko kontrol eta komunikaziorako zirkuituak ezartzea.

–Programazio horiek gauzatzeko behar diren langileen kudeaketa gainbegiratzea; horretarako, banakako lan-planak eta laguntza-ordutegiak antolatuko ditu, eta horien jarraipena eginen du, arreta egokia bermatzeko erabiltzaileek une bakoitzean behar dutenaren arabera.

–Egoiliarrei une bakoitzean behar duten laguntza ematea, bere lanbide-eskumenen barnean.

–Egoiliarrei –bai eta haien familiakoei ere– informazioa ematea zahar etxeko zerbitzu eta instalazioen gainean eta zahar etxean gorde beharreko bizikidetza-arauen eta bizimoduen gainean.

–Ebaluatzea erabiltzaileen urritasunak eta mendekotasun-mailak. Zehaztu beharko du zein alditan berrikusi behar diren halakoak, egoiliar-talde bakoitzaren ezaugarrien arabera, eta, ondorioz, ezarri beharko ditu erabiltzaile guztien banakako helburuak.

–Baimena edukita, gaua zahar etxetik kanpo eman edo kanpoan bazkaldu behar duten egoiliarren kontrol idatziaz arduratzea.

–Jarduera Programa Orokorra prestatzea, eta horren kontrola eta jarraipena egitea, barne direla estimulazioa, aisialdia, terapia okupazionala eta jarduera fisikoa, eta bultzatzea kidekoen taldeak sor daitezen, aintzat harturik zaletasunak, joerak, aukerak, etab.

–Egoiliarren eskaera, kontsulta eta gatazken berri jasotzea eta haietaz arduratzea. Aholkua emanen die, eta saiatuko da konponbidea ematen. Zahar etxeko buruarengana eta Gobernu Batzordearengana joko du, baldin eta konponbide zaila badute edo zahar etxearen funtzionamenduari eragiten badiote.

–Egoiliarren familiakoekin harremanetan jarri eta komunikazioei eustea, haien arteko harreman pertsonala sustatzearren.

–Posta, mandatuak eta telefono bidezko edo idatzizko komunikazioak jasotzea eta interesdunei ahalik eta lasterren helaraztea.

–Elikaduraren programazioan laguntzea eta haren kalitatea eta itxura begiratzea.

–Egoiliarrak, enplegatuak eta, oro har, zahar etxean dauden guztiak, behar bezalako begirunez, adeitasunez eta arretaz tratatzea.

–Aldian behin bilerak egitea zahar etxeko Partaidetza Kontseiluarekin, harremanak sustatzeko eta bizipen-dinamika bultzatzeko zahar etxean harremanetan dauden guztien artean.

–Betetzea eta betearaztea lan arloko nahiz gizarte-zerbitzuen arloko legedia eta zahar etxearen estatutuak eta barne-araudiak, une bakoitzean indarrean daudenak.

–Arduratzea zahar etxeko zerbitzu guztien antolaketaz, kontrolaz, funtzionamenduaz, koordinazioak eta jarraipenaz.

–Langileen etengabeko prestakuntzarako programak diseinatu eta gauzatzea. Langileei aholku emanen zaie nola eraman aurrera beren harremana erabiltzaileekin, horretarako baliatuta zahar etxeko laguntza- eta bizipen-dinamiketako parte-hartze aktiboa.

–Zahar etxeari atxikitako langileak antolatzea, eta, bereziki arlo hauetan:

  • Asistentziaren kontrola.
  • Ordutegiak.
  • Oporrak.
  • Baimenak.
  • Lizentziak.
  • Laneko bajak.
  • Ordezkapenak eta lan-poltsa.
  • Lan egutegia.
  • Negoziazio kolektiboko ordezkaritza.
  • Osasun azterketak.
  • Laneko arriskuen prebentzioa.
  • Absentismoa eta Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuen esku-hartzea.
  • Laneko istripuen parteak.

–Giza baliabideen dimentsio egokia ezartzea, erabiltzaileen laguntza-beharrei eta lanpostu guztien lanbide-profilei erantzuteko adinakoa.

–Kasu egitea Administrazioko ikuskapen zerbitzuen eta erakundeetako ordezkarien bisitei.

–Datu pertsonalak babesteko legedia betetzea eta betearaztea.

–Zahar etxeko buruari eta Gobernu Batzordeari eskatzen dituzten txostenak ematea, bai eta bere esperientzien eta behaketen emaitzak ere, egoiliarren mesederako badira; halaber, haien erabakiak izapidetu eta gauzatzea.

–Zahar etxeko buruak edo Gobernu Batzordeak erabakitzen dituen beste eginkizun batzuk betetzea, zuzendaritzako lanarekin bat etorrita.

–Bere lanbide-gaitasunarekin zuzeneko lotura duten beste jarduera batzuk egitea.

–Egoiliarrei –bai eta haien familiakoei ere– informazioa ematea zahar etxeko zerbitzu eta instalazioen gainean eta zahar etxean gorde beharreko bizikidetza-arauen eta bizimoduen gainean.

–Egoiliarren familiakoekin harremanetan jarri eta komunikazioei eustea, haien arteko harreman pertsonala sustatzearren.

–Posta, mandatuak eta telefono bidezko edo idatzizko komunikazioak jasotzea eta interesdunei ahalik eta lasterren helaraztea.

–Zahar etxera sartzeko prozesuan laguntzea eta erabiltzailearen historia eta fitxa soziala egitea.

–Erabiltzaileei buruzko alderdi sozialak ikertzeko azterlanak egitea eta egiten laguntzea.

–Zuzeneko arreta ematea, banaka, taldean eta komunitatean.

–Bultzatzea erabiltzaileak zahar etxeko bizitzan eta ingurukoen bizitzan integratzea eta parte hartzea.

–Behar diren kudeaketak egitea erabiltzaileei eragiten dieten arazo sozialak ebazteko, batez ere entitate eta erakundeekin.

–Sustatzea gizarte eta osasun zerbitzuen sistemako profesionalekiko eta baliabideekiko koordinazioa, komunikaziorako bideak ezartzeko.

–Parte hartzea, talde multiprofesionalarekin edo osasun-departamentuarekin, erabiltzaileek behar dituzten orientabideak edo laguntza prestatzen.

–Jarraipena egitea osasun-zentroetan dauden erabiltzaileei, eta, hala badagokio, behar diren bisitak egitea.

–Zahar etxean erabiltzaileari ematen zaion gizarte-laguntzaren prozesuan, familiari ematea informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza.

1.7. Hautapen prozedura oposizio-lehiaketa bidez eginen da, deialdiko plazak duen izaera eta bertan gauzatu beharreko eginkizunak direla-eta. Izan ere, oposizio-lehiaketaren sistemari esker, merezimendu eta gaitasun printzipioak hobeki baloratzen ahal dira, esperientzia baloratzeaz gain, gauzatu beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntzak eta ezagutza teoriko eta praktikoak baloratzen ahal baitira.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko titulu hauetako bat edukitzea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria: Gizarte Lana, Medikuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Terapia Okupazionala, Psikologia, Pedagogia, Psikopedagogia, eta Gizarte Hezkuntza, edo horien baliokidea.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, aditu titulu, graduondoko, master edo antzeko titulu bat edukitzea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, honako arlo hauekin loturik: mendekotasuna, desgaitasuna, geriatria, gerontologia, pertsonarengan zentratutako arreta eta egoitzen zuzendaritza.

e) Atzerrian lortutako tituluak badira, aipatu egunean eduki beharko da homologazioa ziurtatzen duen agiri ofiziala edo, hala behar denean, baliokidetzaren ziurtagiri ofiziala.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

g) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

h) B motako gidabaimena izatea.

Espainiako nazionalitatea ez dutenek, parte hartu nahi badute, zinpeko adierazpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

2.2. Plaza eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honetan ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak eta agiriak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Martzillako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (La Cava plaza 1, 31340), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@marcilla.es.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Martzillako Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Martzillako Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://marcilla.sedipualba.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, edozein formatu erabil daiteke, erregistro orokor elektronikoan fitxategiak eransteko ezarrita daudenen artetik.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta adierazitako epean aurkeztu beharko dira.

Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri batena.

–Deialdiaren 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan eskatzen diren titulu akademikoen kopia, edo haiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Sexu-izaerako delituen ziurtagiria.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Martzillako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taula elektronikoan (https://marcilla.sedipualba.es). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Martzillako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, ebazpenean bertan adierazirik oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako agiriak edo Udalak bere eskuetan dauzkanak aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizunak.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Lehiaketaldia.

Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, oinarri honetan dagoen baremoaren arabera. Deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honen arabera:

6.2.1. Esperientzia. (bakoitzaren lan esperientzia banaka baloratuko da).

A) Lan esperientzia:

Esperientzia egoitza geriatrikoetako edo antzeko laguntza zentroetako zuzendari gisa, izan horiek titulartasun publikokoak edo pribatukoak, behar bezalako kontratu harremanarekin.

0,9 puntu hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

Esperientzia egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, izan horiek titulartasun publikokoak edo pribatukoak, eta behar bezalako kontratu harremanarekin, arlo hauetako teknikari profesional gisa: Gizarte Lana, Medikuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Terapia Okupazionala, Psikologia, Pedagogia, Psikopedagogia eta Gizarte Hezkuntza.

0,5 puntu hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

Egin diren zerbitzuak frogatuko dira soilik administrazio publikoak edo dagokion enpresak emandako ziurtagirien bidez.

Aurreko ataletan aurreikusi merezimenduak frogatuko dira izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoaren edo erakundearen ziurtagirien bidez, eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira egindako zerbitzuak, bai lan-araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko plazan), baina aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Zerbitzuak egin izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ziren, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa zen.

6.2.2. Beste merezimendu batzuk (15 puntu gehienez).

B) Prestakuntza ikastaroak:

Hobekuntza ikastaroak, 10 ordutik gorakoak (10 ordutik beherakoak ez baitira zenbatuko), lanpostuarekin zerikusia duten arloetan; fotokopia bidez frogatuko dira, eta honela puntuatuko:

–Geriatriako edo Gerontologiako masterra. 5 puntu gehienez.

–Geriatriako edo Gerontologiako graduondokoa edo aditu titulua. 3 puntu.

–Zentro geriatrikoen kudeaketako masterra. 5 puntu.

–Zentro geriatrikoen kudeaketako graduondokoa edo aditu titulua. 3 puntu.

–Pertsonarengan zentratutako arretako masterra. 5 puntu.

–Pertsonarengan zentratutako arretako graduondokoa edo aditu titulua. 3 puntu.

–Gerontologiako eta pertsonarengan zentratutako arretako masterra. 10 puntu.

–Zentro geriatrikoak eta/edo soziosanitarioak kudeatzeko eta/edo zuzentzeko ikastaroak, 300 ordutik gorakoak. 4 puntu.

–Beste ikastaro ofizial edo adituen ikastaro batzuk, zeinei 0,03 puntu emanen baitzaizkie ordu bakoitzeko, baldin eta arlo hauetakoak badira:

  • Laneko arriskuen prebentzioa.
  • Zentro gerontologikoak zuzentzea eta kudeatzea (300 ordu baino gutxiagokoak).
  • Berdintasuna.
  • Sexu-jazarpenaren aurkako prebentzioa.
  • Pertsonarengan zentratutako arreta.
  • Komunikazioa, lidergoa eta taldean aritzea.
  • Zainketen humanizazioa eta bioetika.

6.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik. Baldin eta, merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta, ondorioztatzen bada izangairen batek merezimendu horiek ez dituela, halako merezimenduei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

6.2.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Aurkezten diren frogagiriek aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.

6.2.5. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan jarriko du izangaien zerrenda (https://marcilla.sedipualba.es), haien puntuazioa adierazita.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Martzillako Udalaren erregistro orokorrean, bulego-orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:00ak arte, edo Martzillako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (https://marcilla.sedipualba.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.2.6. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.3. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak proba teoriko bat eta elkarrizketa pertsonala izanen ditu. Behar bezala iragarriko dira, eta aurreikusten da 2026ko maiatzetik aurrera hastea.

6.3.1. Lehen proba: test motako 30 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri den gai-zerrendako gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 2 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira.

Ariketan 60 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren %50, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak; hurrengo probarako ez-gai izanen dira.

6.3.2. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bertzelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.

Epaimahaiak finkatuko du probaren ariketaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

6.3.3. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan (https://marcilla.sedipualba.es,) eta, era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, 5 egun naturaleko epean, Udalaren erregistro orokorrean, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:00ak arte, edo egoitza elektronikoko erregistro elektroniko orokorra erabiliz (https://marcilla.sedipualba.es,), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.3.4. Bigarren proba. Elkarrizketa pertsonala. Proba izanen da epaimahaikideekin elkarrizketa bat izatea.

Izangai gaindituei elkarrizketa bat eginen zaie, merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz. Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen, eta lanpostuaren eginkizunak eta aurkeztutako merezimenduak jorratuko dira bertan. 10 puntu emanen dira, gehienez.

6.3.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

1. Epaimahaiburua: Esther Villanueva Úcar, Martzillako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Agustín Murugarren Landivar, Udaleko zinegotzia.

2. Epaimahaikidea: María Moreno Etayo, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko aholkularia.

Ordezkoa: Vanesa Sola Iso, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko aholkularia.

3. Epaimahaikidea: Aranzazu García Corts, LARES elkarteko zahar etxeetako laguntzako koordinatzailea.

Ordezkoa: Celia del Río Ramírez, Martzillako San Bartolomé zahar etxeko psikologoa.

4. Epaimahaikidea: Daniel Navarro Asenjo, fisioterapeuta.

Ordezkoa: Ángela Pardo, Alesbesko zahar etxeko gizarte langilea.

5. Idazkaria: Jorge Camino Unzu, Martzillako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

7.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia buruturik, eta bi fase horietako bakoitzean eskuraturiko puntuazioak baturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du prozedura gainditu dutenen izangaien zerrenda, oposizio-lehiaketan eskuratu dituzten kalifikazioak adierazirik eta puntuazio-ordenaren arabera, iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan (https://marcilla.sedipualba.es). Horrekin batera emanen du, baita ere, zuzendari lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda, 11. oinarrian aipatutakoa.

8.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehen proba teorikoan zeinek eskuratu duen puntuaziorik handiena. Berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan (praktikoa) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta ebatziko da puntuaziorik handiena duenaren alde. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko. Probaren emaitzak ikusgai jarriko dira Martzillako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

8.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu eta bietako puntuak batu ondotik, epaimahaiak prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Zerrendan, oposizio-lehiaketan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, eskuratutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik.

Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

9.–Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

–Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen erakundeak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.

–Zinpeko adierazpena, aditzera emanik ez dagoela eginkizun publikoetarako ezgaitu edo gabeturik eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen-proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.

–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira; hori, ezertan eragotzi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.

9.3. Aurreko atalean taazaldutakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan (8.2 atalekoa) ondotik datorren izangaiarekin beteko du hutsunea epaimahaiburuak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

10.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Martzillako Udaleko langile lan-kontratudun finko izendatuko da oposizio-lehiaketa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du plazaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 9.3 atalean xedatutakoari jarraikiko zaio.

10.3. Langile lan-kontratudun finko bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere 9.3 oinarrian xedatzen den moduan beteko da.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiei Martzillako zahar etxean gertatzen diren beharren arabera dei egiten ahalko zaie , deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Horretarako, aldi baterako kontrataziorako bi izangai zerrenda eginen dira:

1) Oposizio-lehiaketa gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, guztira eskuraturiko puntuazioaren arabera ordenaturik.

2) Oposizio-lehiaketa gainditu ez duten izangaien zerrenda, probetan eskuraturiko puntuazioaren arabera ordenaturik. Berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean, eta aurrekoaren subsidiarioa izanen da deiak egiteko.

11.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Martzillako Udalari dagokio egiaztatzea bete beharreko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

11.3. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

11.4. Behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratu ondoren, puntuazio ordenari zorrotz jarraikiz dei eginen zaie izangaiei. Udaleko idazkaritzak kudeatuko du zerrenda, eta horretan lotuko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 3 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko deklarazioa, horren bidez adierazteko ez direla baztertuak izan administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, bidezko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez bertan behera uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

11.5. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 3 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin epe barnean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 3 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

c) Lanpostutik alde egitea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan halakoa ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

11.7. Deia jasotzen dutenek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

11.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

12.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Martzillako Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Datuak tratatzeko oinarri juridikoa hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena) eta DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak xedaturiko kasuetan, barne direla oinarri hauetan adierazitako toki eta bitartekoetako argitalpenak.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz aurrez aurre edo postaz, egoitza elektronikoaren bidez (https://marcilla.sedipualba.es, eskabide orokorraren izapidea) edo posta elektronikoko helbide honen bidez: ayuntamiento@marcilla.es.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.

2. 8/2013 Foru Legea, otsailaren 25ekoa, zeinaren bidez Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen baitzaie Nafarroan bizi diren pertsonei.

3. 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.

4. 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasuna duten pertsonei arreta emateari buruzkoa: mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistema (2): Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.

5. 1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendekotasun-egoera balioesteko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena: mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.

6. Ospitaleko alta planifikatzea: esparru teorikoa, alderdi orokorrak, programaren ezarpena, xedeak, zirkuituak, kronologia, biztanleria taldeen araberako plangintza.

7. 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: datuen babesaren printzipioak, pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Agentzia.

8. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

9. Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.

10. Osasunaren/gaixotasunaren kontzeptua. Bilakaera eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.

11. Zaharra zaintzea eta laguntzea: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zaintza, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.

12. Hil hurren den pazientea zaintzea eta laguntzea, zainketa aringarriak: gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.

13. Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Autonomia pertsonala sustatzea. Egoitzetan, eguneko egonaldietan eta beste programa batzuetan ezartzeko sistemak.

14. Jarduteko gaitasuna aldatzea. Prozesua, legezko gaitasun aldatua, ustez ezgai denaren babesa. Tutoretza eta kuradoretza.

15. 92/2020 Foru Dekretua eta 38/2023 Foru Dekretua, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

16. Eskubide Sozialetako Estatu Idazkaritzaren 2022ko uztailaren 28ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratu baitzen Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluak eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemak hartutako Erabakia, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuen akreditazio eta kalitaterako irizpide komunei buruzkoa.

17. Indarrean dauden protokoloak, larrialdietan jarduteko modua.

18. Nafarroako Foru Komunitateko gizarte-zerbitzuetan egoitzetarako eta eguneko egonaldietarako postuak ituntzeko eredua, Open House sistema berriaren baldintza teknikoen agiria eta baldintza administratiboen agiria.

19. Mendekotasun Legearen laguntzak eta prestazioak kudeatzeko sistema Nafarroako Foru Komunitatean.

20. Nafarroaren, Martzillaren eta haren eskualdearen geografia eta demografia.

21. Lidergoa, motibazioa, taldeen kudeaketa eta bitartekaritza: kontzeptuak.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudia eskatuko da.

Deialdia noiz argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, horren arabera baloratuko dira merezimenduak.

Martzillan, 2026ko apirilaren 30ean.–Alkatea, M.ª Esther Villanueva Úcar.

Iragarkiaren kodea: L2606350