93. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MARTZILLA

Oposizio-lehiaketa, administrari laguntzaileen plaza bat betetzeko

Alkatetzak 2026ko apirilaren 29an emandako 224. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen administrari laguntzaileen plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lan-kontratudun finkoaren araubidean, administrari laguntzaileen plaza bat, D mailakoa, plantilla organikoan 1.07 zenbakia duena, udal bulegoetan aritzeko eta plantilla organikoan ezarritako ordainsariekin.

Oposizio-lehiaketa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: indarreko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

Izendapenak Martzillako Udaleko nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu plazaz jabetzen den egunetik aurrera. Orobat, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea hautapen prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, oinarri hauetan xedatutakoarekin bat, sortzen diren aldi baterako beharren arabera administrari laguntzailearen D mailako lanpostua aldi baterako betetzeko.

1.3. Plazaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

1.4. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldi mota eta ordutegia, eta horiek zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat eratzeko ere erabiliko dira, administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioetarako, Martzillako Udalean sortzen diren beharrei erantzute aldera.

Izangaien zerrenda horrek indarrik eta ondoriorik gabe utziko du Martzillako Udaleko administrari laguntzaileen lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritzeko izangaien beste edozein zerrenda, eta 5 urtez egonen da indarrean, gehienez ere.

Deialdiaren atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak honako hauek dira:

Administrari laguntzaileen zerbitzuak, zerikusia dutenak haren mailako eta kategoriako berezko jarduketekin, bai eta tokiko zerbitzu publikoen berezko jarduketekin zerikusia dutenak ere, eta haiek egoki funtziona dezaten begiratzea. Hona hemen batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe:

Jendeari arreta ematea eta administrari laguntzaileek udal bulegoetan dituzten zeregin guztiak betetzea: ordenagailuekin lan egin, testu tratamendua, kudeaketa programak, edozein eratako udal zerbitzuak eman eta Alkatetzak nahiz organo ordezkariek agindutako lanak egin; zeregin horiek guztiak, betiere, haren eskumen, maila eta kategoriaren esparrukoak izanen dira. Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta zuzemenak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

1.7. Hautapen prozedura oposizio-lehiaketa bidez eginen da, deialdiko plazak duen izaera eta bertan gauzatu beharreko eginkizunak direla-eta. Izan ere, oposizio-lehiaketaren sistemari esker, merezimendu eta gaitasun printzipioak hobeki baloratzen ahal dira, esperientzia baloratzeaz gain, gauzatu beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntza eta ezagutza teoriko eta praktikoak baloratzen ahal baitira.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez ere DBHko graduatu titulua edo lehen mailako Lanbide Heziketakoa edukitzea, edo ofizialki horien baliokide aitortutako beste titulu bat, edo halako tituluak eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Atzerrian lortutako tituluak badira, aipatu egunean eduki beharko da homologazioa ziurtatzen duen agiri ofiziala edo, hala behar denean, baliokidetzaren ziurtagiri ofiziala.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez dutenek, parte hartu nahi badute, zinpeko adierazpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

2.2. Plaza eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honetan ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak eta agiriak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Martzillako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (La Cava plaza 1, 31340), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@marcilla.es.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Martzillako Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Martzillako Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://marcilla.sedipualba.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, edozein formatu erabil daiteke, erregistro orokor elektronikoan fitxategiak eransteko ezarrita daudenen artetik.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta adierazitako epean aurkeztu beharko dira.

Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri batena.

–Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den titulu akademikoaren kopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–Alegatu diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratu daitezen. Izangaiek baremoan (6.2 oinarria) ageri den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Martzillako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taula elektronikoan (https://marcilla.sedipualba.es). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Martzillako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, ebazpenean bertan adierazirik oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako agiriak edo Udalak bere eskuetan dauzkanak aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizunak.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak hiru proba izanen ditu: proba teorikoa, proba praktikoa eta elkarrizketa pertsonala. Behar bezala iragarriko dira, eta aurreikusten da 2026ko maiatzetik aurrera hastea.

6.2.1. Lehen proba: test motako 40 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri den gai-zerrendako gaiei buruz. Hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira.

Ariketan 40 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren %50, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak; hurrengo probarako ez-gai izanen dira.

6.2.2. Bigarren proba: informatikako proba praktikoa. Test motako 30 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri den gai-zerrendako gaiei buruz. Hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Proba honetan 30 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta proba gainditzeko 15 puntu eskuratu behar dira gutxienez.

6.2.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.

Kalifikazio-epaimahaiak ezarriko du bi proba horien gehieneko iraupena, hasi baino lehen. Proba teorikoa eta praktikoa bata bestearen atzetik eginen dira.

6.2.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan (https://marcilla.sedipualba.es,) eta, era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, 5 egun naturaleko epean, Udalaren erregistro orokorrean, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:00ak arte, edo egoitza elektronikoko erregistro elektroniko orokorra erabiliz (https://marcilla.sedipualba.es,), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.2.5. Hirugarren proba. Elkarrizketa pertsonala. Proba izanen da epaimahaikideekin elkarrizketa bat izatea.

Aurreko bi ariketak gainditzen dituztenei elkarrizketa bat eginen zaie, merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz. Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen, eta lanpostuaren eginkizunak eta aurkeztutako merezimenduak jorratuko dira bertan. 10 puntu emanen dira, gehienez.

6.2.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

6.3. Lehiaketaldia.

Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, oinarri honetan dagoen baremoaren arabera. Deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 20 puntu emanen dira, baremo honen arabera:

6.3.1. Esperientzia (10 puntu gehienez).

1. Toki entitateetan eta tokiko sektore publikoko erakunde edo entitateetan, lanpostu hauetan emandako zerbitzuak (entitateek edo erakundeek sartuta egon behar dute administrazio publikoaren kontzeptuan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera eta harekin bat datozen xedapenen arabera):

–Administrari laguntzailearen lanpostuan: 3 puntu urte bakoitzeko.

–Administrari-ofizialaren lanpostuan: 3 puntu urte bakoitzeko.

2. Entitate ez-publikoetan, lanpostu hauetan emandako zerbitzuak:

–Administrari laguntzailearen lanpostuan: 1 puntu urte bakoitzeko.

–Administrari-ofizialaren lanpostuan: 1 puntu urte bakoitzeko.

Aurreko ataletan aurreikusitako merezimenduak frogatuko dira izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoaren edo erakundearen ziurtagirien bidez, eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira egindako zerbitzuak, bai lan-araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio-araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko plazan), baina aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.

Zerbitzuak egin izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ziren, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa zen.

6.3.2. Beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (prestakuntza informatikoa eta digitala barne); ez dira merezimendu gisa zenbatuko 10 ordutik beherako ikastaroak. Honela baloratuko dira:

–10 ordutik gorako ikastaroak: 0,6 puntu ikastaro bakoitzeko.

6.3.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik. Baldin eta, merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta, ondorioztatzen bada izangairen batek merezimendu horiek ez dituela, halako merezimenduei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

6.3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Aurkezten diren frogagiriek aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.

6.3.5. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan jarriko du izangaien zerrenda (https://marcilla.sedipualba.es), haien puntuazioa adierazita.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, 10 egun balioduneko epean, Martzillako Udalaren erregistro orokorrean, bulego-orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:00ak arte, edo Martzillako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (https://marcilla.sedipualba.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.3.6. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

1. Epaimahaiburua: Esther Villanueva Úcar, Martzillako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Daniel Navarro Asenjo, Martzillako Udaleko zinegotzia.

2. Epaimahaikidea: Mercedes Boneta Fernández, Martzillako Udaleko B mailako teknikaria.

Ordezkoa: Cristina Fernández García, Martzillako Udaleko A mailako teknikari juridikoa.

3. Epaimahaikidea: Ana Moreno Campo, Martzillako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Ana Inchausti Zapatería, Martzillako Udaleko Diruzaintzako erdi mailako teknikaria.

4. Epaimahaikidea: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

5. Epaimahaikide idazkaria: Jorge Camino Unzu, Martzillako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Julen Jiménez Jiménez, Murillo el Frutoko Udaleko idazkaria.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

7.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena

8.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia buruturik, eta hiru fase horietako bakoitzean eskuraturiko puntuazioak baturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du prozedura gainditu dutenen izangaien zerrenda, oposizio-lehiaketan eskuratu dituzten kalifikazioak adierazirik eta puntuazio-ordenaren arabera, iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan (https://marcilla.sedipualba.es). Horrekin batera emanen du, baita ere, administrari laguntzaileen lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda, 11. oinarrian aipatutakoa.

8.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehen proba teorikoan zeinek eskuratu duen puntuaziorik handiena. Berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan (praktikoa) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta ebatziko da puntuaziorik handiena duenaren alde. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko. Probaren emaitzak ikusgai jarriko dira Martzillako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

8.3. Oposizioaldia, lehiaketaldia eta elkarrizketa bukaturik, eta horietan lortutako puntuak batu ondotik, epaimahaiak prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Zerrendan, oposizio-lehiaketan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, eskuratutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik.

Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Martzillako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

9.–Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

–Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen entitateak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.

–Zinpeko adierazpena, aditzera emanik ez dagoela eginkizun publikoetarako ezgaitu edo gabeturik eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.

–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira; hori, ezertan eragotzi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.

9.3. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan (8.2 atalekoa) ondotik datorren izangaiarekin beteko du hutsunea epaimahaiburuak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

10.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Martzillako Udaleko langile lan-kontratudun finko izendatuko da oposizio-lehiaketa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du plazaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 9.3 atalean xedatutakoari jarraikiko zaio.

10.3. Langile lan-kontratudun finko bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere 9.3 oinarrian xedatzen den moduan beteko da.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiei Martzillako Udalean gertatzen diren beharren arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Horretarako, aldi baterako kontrataziorako bi izangai zerrenda eginen dira:

1) Oposizio-lehiaketa gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, guztira eskuraturiko puntuazioaren arabera ordenaturik.

2) Oposizio-lehiaketa gainditu ez duten izangaien zerrenda, probetan eskuraturiko puntuazioaren arabera ordenaturik. Berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean, eta aurrekoaren subsidiarioa izanen da deiak egiteko.

11.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Martzillako Udalari dagokio egiaztatzea bete beharreko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

11.3. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

11.4. Behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratu ondoren, puntuazio ordenari zorrotz jarraikiz dei eginen zaie izangaiei. Udaleko idazkaritzak kudeatuko du zerrenda, eta horretan lotuko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 3 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko deklarazioa, horren bidez adierazteko ez direla baztertuak izan administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, bidezko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez bertan behera uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

11.5. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 3 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin epe barnean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 3 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

c) Lanpostutik alde egitea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan halakoa ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

11.7. Deia jasotzen dutenek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

11.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

12.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Martzillako Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Datuak tratatzeko oinarri juridikoa hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena) eta DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak xedaturiko kasuetan, barne direla oinarri hauetan adierazitako toki eta bitartekoetako argitalpenak.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz aurrez aurre edo postaz, egoitza elektronikoaren bidez (https://marcilla.sedipualba.es, eskabide orokorraren izapidea) edo posta elektronikoko helbide honen bidez: ayuntamiento@marcilla.es.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.

2.–Udal errolda: Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa: II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeen xedapen erkideak.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. IX. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa: Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: I. titulua: Toki-korporazioetako kideen estatutua. II. titulua: Toki-erakundeen beharrezko antolaketa. III. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria. VI. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa.

7. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

8.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

9.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Gardentasuna; III. titulua, Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

10.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.

III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

11.–Windows erabiltzeari eta Microsoften Word, Excel edo Access tresnei buruzko ezagutzak (2016ko bertsioa). Outlook 2016.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudia eskatuko da.

Deialdia noiz argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, horren arabera baloratuko dira merezimenduak.

Martzillan, 2026ko apirilaren 30ean.–Alkatea, M.ª Esther Villanueva Úcar.

Iragarkiaren kodea: L2606349