93. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

878/2026 Ebazpena, 2026ko apirilaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez aldatzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua.

Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 28an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua onetsi zen.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE IRAUNKORREN LANPOSTUETARA SARTZEKO ERREGELAMENDUA ALDATZEN DUENA.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua onetsi zen. Erabaki hori 2024ko otsailaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, errektoreak 2024ko otsailaren 6an emandako 301/2024 Ebazpenaren bidez.

Erregelamendua zenbait hautaketa-prozesutan aplikatu eta gero, agerian gelditu da zenbait aldaketa egitea komeni dela errazagoa izan dadin prozesuak kudeatzea. Era berean, beharrezkotzat jo da zenbait artikulu hizkera inklusiboan berridaztea.

Azkenik, argitaratutako testuan hautemandako akatsak zuzendu dira.

Horretarako, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta eta 2026ko apirilaren 16ko bileran Batzorde Akademikoari entzun eta gero, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 28an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua aldatzea, Gobernu Kontseiluaren 2024ko otsailaren 6ko erabaki baten bidez onetsia; beraz, honela geldituko da idatzita:

1) Aldatu egin da 6. artikuluaren 1.a) apartatua, eta honela geldituko da idatzita:

"1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen dituen lehiaketetan parte hartzeko, izangaiek oro har honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urte baino gehiago izatea, eta nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea".

2) Aldatu egin da 7. artikuluaren 2.c) apartatua, eta honela idatzita geldituko da:

c) Curriculum vitaea, deialdian adierazitakoaren araberakoa. CV honetan merezimenduak adieraziko dira, dagozkien balorazio baremoetan agertzen diren ordena berean.

3) 9. artikuluko 3. eta 4. apartatuak aldatu dira, eta honela geldituko dira idatzita:

"3. Sarbide lehiaketak ebatzi behar dituzten batzordeak hiru irakaslek osatuko dituzte. Bat batzordeburua izanen da, eta beste biak lehenbiziko eta bigarren epaimahaikideak; kide bakoitzak lehenbiziko eta bigarren ordezko bat ere izanen du. Batzordeko kide guztiek zerbitzu aktiboan egon beharko dute, bai eta lehiaketaren xede den lanpostuaren kidego berekoak edo goragokoak izan ere. Gainera, ahal dela lanpostuari dagokion jakintza-arlokoak izanen dira, edo, bestela, antzeko beste arlo batzuetakoak, baldin badaude, bat etorriz Nafarroako Unibertsitate Publikoan araututakoarekin.

a) Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketen kasuan, batzordekide guztiek gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatuak eduki behar dituzte (seiurtekoak); haietako azkenak indarrean egon behar du.

b) Unibertsitateko titular eta irakasle kontratatu iraunkor izateko lehiaketen kasuan, batzordeburuak unibertsitateko katedraduna izan beharko du, eta gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatuak eduki (seiurtekoak); haietako azkenak indarrean egon behar du. Lehen batzordekideak eta bigarrenak, berriz, ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo egiaztatuak eduki beharko dituzte gutxienez (seiurtekoak); haietako azkenak indarrean egon behar du.

c) Apartatu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ikerketa-jardueraren azkeneko ebaluazio positiboa (seiurtekoak) indarrean dagoela ulertuko da, baldin eta ebaluazioa ontzat eman zenetik zortzi urte baino gehiago pasatu ez badira.

4. Hautaketa-batzordeak hiru kide izanen ditu, eta Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu prozedura honi jarraikiz:

a) Batzordekide bat eta haren bi ordezkoak irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak proposatuko ditu, eta ez dute lotura profesionalik izan behar Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Zozketa publikoz aukeratuko dira, sei katedradunek osatutako zerrenda batetik.

b) Bigarren batzordekidea eta haren bi ordezkoak lanpostua atxikia dagoen Saileko Kontseiluak proposatuko ditu.

c) Hirugarren batzordekidea eta haren bi ordezkoak zozketa publikoz aukeratuko dira, lanpostua eskatu duen Saileko Kontseiluak proposatutako sei irakasleren zerrenda batetik. Ez dute lotura profesionalik izan behar Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin.

Zozketak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren Batzorde Akademikoaren jendaurreko bilkuran eginen dira. Batzordekideak, zehazki, batzordeburua, lehenbiziko batzordekidea eta bigarren batzordekidea izanen dira. Batzordeak berak erabakiko du bi batzordekidetako zein izanen den idazkaria".

4) 11. artikuluko 1. eta 6. apartatuak aldatu dira. Honela geldituko dira:

"1. Behin izangaien behin betiko zerrenda argitaratuta, gehienez ere hilabeteko epean, batzordeburuak, batzordeko gainerako kideei kontsulta egin ondoren, aurkezpen ekitaldirako deia eginen du, zeina jendaurrekoa izanen baita, eta ekitaldia noiz, non, zer ordutan eta zer formatutan eginen den emanen du aditzera. Deialdi hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, aurkezpen ekitaldia egin baino hamabost egun natural lehenago beranduenez.

2. Aurkezpen ekitaldia modalitate presentzialean edo semipresentzialean (modu telematikoan) egiten ahalko da; bigarren kasu horretan, gutxienez batzordekideetako bat eta izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egon beharko dira modu presentzialean. Izangairen bat agertzen ez bada, hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da".

5) Aldatu egin da 12. artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita geldituko da:

"1. Probak modu presentzialean edo semipresentzialean (modu telematikoan) egiten ahalko dira. Bigarren kasu horretan, nahitaezkoa izanen da izangaiak eta gutxienez batzordekide bat presentzialki egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, hala, batzordeko gainerako kideek aukera izanen dute beren lana modu telematikoan egiteko".

6) 18. artikuluko 2., 3., 4. eta 5. apartatuak aldatu dira, eta honela geldituko dira idatzita:

"2. Hamar egun balioduneko epean, behin betiko proposamena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, esleipendunek Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkeztu beharko dute deialdian adierazitako dokumentazioa.

Ezinbesteko arrazoirik egon ezean dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez dutenek edo, dokumentazioa azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den baldintzaren bat betetzen ez dutenek kontratatuak izateko eskubidea galduko dute.

3. Behin betiko kontratazio proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen zenbatzen hasita hamar egun naturaleko epean, eta lortutako lanpostua betetzen hasi baino lehen, dagokion kontratua sinatuko da. Kontratua idatziz formalizatuko da, eta Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 77. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari lotuko zaio. Kontratuaren sinadura pertsonala eta besterenezina da".

7) 2024ko otsailaren 6ko erabakiaren eranskina aldatu da, eta honela geldituko da idatzita:

"I. ERANSKINA.–IRAKASLE IRAUNKORREN LANPOSTUETARA SARTZEKO PROBAK BALORATZEKO BAREMOA

2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 71.1 artikuluan adierazitakoaren arabera garatuko dira irizpideak. Artikulu horren arabera, irakaskuntza-esperientzia eta ikerketa-esperientzia, jakintzaren transferentzia eta trukea barne, analogotzat hartuko dira.

Sarbide Batzordeak eraketa-egintzan zehaztu beharko ditu hemen adierazten den esparru-baremoaren garapenaren ondoriozko irizpide espezifikoak, betiere adierazitako ratioak errespetatuz.

I.A ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO IRAKASLE TITULARREN LANPOSTUAK (UT) ETA IRAKASLE KONTRATATU IRAUNKORREN LANPOSTUAK (IKI)

Puntuak, guztira: 100 puntu.

Batzordeak xehetasunez garatuko ditu jarraian agertzen diren bi apartatuak.

1. Lehenbiziko proba (adierazi puntuazio zehatza):

a. Irakaskuntzako merezimenduen zerrenda.

b. Ikerketako merezimenduen zerrenda (jakintzaren transferentzia eta trukea barne).

c. Beste merezimendu batzuen zerrenda.

d. Irakaskuntza-proiektua.

e. Ikerketa-proiektua.

f. Aurreko atalen azalpena eta eztabaida.

Puntuazioak honela banatuko dira: a. eta d. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez, eta b. eta e. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez. Atal horien baturak ezin izanen du probaren balio osoaren %90 gainditu. Gainerakoa c. eta f. atalen bidez baloratuko da.

2. Bigarren proba: eskola-saio bat ematea (adierazi puntuazio zehatza):

a. Aurkezpena eta eztabaida.

Probetako bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du batzordeak. Puntuazio hori proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia izanen da gutxienez.

I.B ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO KATEDRADUNEN SARBIDE LIBREKO LANPOSTUAK

Puntuak, guztira: 100 puntu.

Batzordeak xehetasunez garatuko ditu jarraian agertzen diren bi apartatuak.

1. Lehenbiziko proba (adierazi puntuazio zehatza):

a. Irakaskuntzako merezimenduen zerrenda.

b. Ikerketako merezimenduen zerrenda (jakintzaren transferentzia eta trukea barne).

c. Beste merezimendu batzuen zerrenda.

d. Irakaskuntza-proiektua.

e. Ikerketa-proiektua.

f. Aurreko atalen azalpena eta eztabaida.

Puntuazioak honela banatuko dira: a. eta d. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez, eta b. eta e. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez. Atal horien baturak ezin izanen du probaren balio osoaren %90 gainditu. Gainerakoa c. eta f. atalen bidez baloratuko da.

2. Bigarren proba: ikerketa-lan bat aurkeztea (adierazi puntuazio zehatza):

a. Aurkezpena eta eztabaida.

Probetako bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du batzordeak. Puntuazio hori proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia izanen da gutxienez.

I.C ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO KATEDRADUNEN BARNE-IGOERAKO LANPOSTUAK ETA MUGIKORTASUNEKO LANPOSTUAK

Puntuak, guztira: 100 puntu.

Batzordeak xehetasunez garatuko ditu jarraian agertzen diren merezimenduak.

a. Irakaskuntzako merezimenduen zerrenda.

b. Ikerketako merezimenduen zerrenda (jakintzaren transferentzia eta trukea barne).

c. Beste merezimendu batzuen zerrenda.

d. Aurreko atalen azalpena eta eztabaida.

Puntuazioak honela banatuko dira: a. atala probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez, eta b. atala probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez. Atal horien baturak ezin izanen du probaren balio osoaren %90 gainditu. Gainerakoa c. eta d. atalen bidez baloratuko da.

Batzordeak lehiaketa gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du".

Bigarrena.–Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartutako erabaki batean hautemandako akatsak zuzentzea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua onesten du erabaki horrek–:

a) 5. artikuluko 1. apartatuko bigarren lerrokadan,

Honela dioen tokian:

"Gainera, deialdi guztiak Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) kudeatzen duen Euraxess Jobs plataformaren erregistroari jakinaraziko zaizkio, deialdia egin baino hilabete lehenago gutxienez".

Honela esan behar du:

"Gainera, deialdi guztiak Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) kudeatzen duen Euraxess Jobs plataformaren erregistroari jakinaraziko zaizkio, deialdia egin baino hilabete lehenago gutxienez".

b) IX. kapituluaren tituluan:

Honela dioen tokian:

"IV. KAPITULUA.–BERMEAK".

Honela esan behar du:

"IX. KAPITULUA.–BERMEAK".

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat".

Iruñean, 2026ko otsailaren 28an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2606301