1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
229E/2026 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Transformados metálicos Ricarte Casarejos SLk sustatutako Azkoiengo pieza metalikoen tratamendurako eta hautsezko pinturarako lerroaren proiektuaren (handitzea) ingurumen inpaktuaren txostena.
2026ko urtarrilaren 21ean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak arestian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Instalazioa martxan da gaur egun, eta badu ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 24ko 392E/2023 Ebazpenaren bidez eman baitzitzaion, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 2.9 taldean. Aurkeztutako proiektuarekin, instalazioa aldatuko da, prozesu berria hartuko duen industria nabe berri bat eraikitzeko.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 5.l) taldean (Prozesu elektrolitiko edo kimiko bidez metalen eta plastikozko materialen gainazala tratatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak) dago sartuta, eta, horregatik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen dokumentua bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hala, kontsulta egin zaie Azkoiengo Udalari, Ekologistak martxan Iruñea-Ecologistas en acción talde ekologisten konfederazioari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari.
Epea agorturik, ez da egindako kontsulten inguruko erantzunik jaso.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuaren helburua da pieza metalikoak estaltzeko hautsezko epoxi pinturarako lerro bat ezartzea, korrosioarekiko erresistenteagoak izan daitezen eta gehiago iraun dezaten. Instalazioari esker, ekoizpen ahalmena handitu, estalduraren kalitatea hobetu eta prozesuaren energia efizientzia optimizatuko da. Jarduera modu efizientean eta egokian egiteko, industria nabe guztiz gardena eraikitzea proposatzen da. Sestra gaineko solairua eta bi modulu izanen ditu.
Produktu hauek pintatuko dira: altzariak eta pieza metalikoak; altzairua, altzairu herdoilgaitza, aluminioa. Forma eta neurri desberdinak izanen dituzte. Prozesuak etapa hauek ditu: gainazalak prestatzea (koipegabetzea, uretan eragitea, lehortzea eta aldez aurreko tratamendua), hautsezko epoxi pintura elektrostatikoki aplikatzea, gas naturaleko labean lehortzea (200 ºC inguru), hoztea eta kalitatearen kontrola.
Jarduera Azkoiengo El Escopar II industrialdean dago, 1. poligonoan, 1377. lurzatian. Eraikitako azalera, guztira, 4.530 m²-koa da, eta lurzariaren azalera, guztira, 5.000 m²-koa. Industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatu gisa kalifikatuta dago, udalerriko HAPOaren arabera, eta jarduera bateragarria da udal planarekin. Ez da aurreikusten bizitegi-erabilerei eragitea.
Ez dago Natura 2000 Sarean, ez dago Batasunaren intereseko habitatik, eta ez da babestutako flora eta fauna espezierik identifikatu inguru hurbilean.


Jarduera burutu eta instalazioa itxi ondorengo eskakizunak ezarri dira.
Jarduerak eragin ditzakeen inpaktuak identifikatu eta baloratu dira. Zerikusia dute labeko errekuntza gasen eta tratamendu tunelak erauztean sor daitezkeen konposatu organiko hegazkorren isuri atmosferikoekin. Isuri atmosferikoen 4 foku daude. Inpaktua ertaina izanen dela uste da.
Hondakin arriskutsuak (koipegabetze eta nanoteknologia bainuak, olioak, pintura, xurgatzaileak eta araztegiko lohiak) eta ez-arriskutsuak (metalak, kartoia eta plastikoa) ere inpaktu ertainekotzat jotzen dira.
Koipegabetzeko garbiketa- eta tratamendu-urak isuriko dira instalazioaren araztegian. Horrek inpaktu txikia du. 3 instalazio independente ditu: euri-uren sarea, ur beltzen sarea eta industria-uren sarea, araztegia eta kolektorerako isurketa. Hondakin-ur guztiak udal kolektoreek har ditzakete: ur beltzak eta euri-urak.
Zaratari dagokionez, inpaktu txikia du, erauzketa eta aireztapen ekipamenduek eragina. Halaber, lehortze labearen eta prozesuko ponpa elektrikoen ondorioz kontsumitzen den energiari erreparatuta, inpaktua ertaina da.
Oinarrizko proiektuarekin batera doan ingurumen dokumentuaren arabera, hautsezko epoxi pinturarako lerroa instalatzeko hautatu den alternatibari esker, metalezko piezek babes hobea izanen dute korrosioaren aurka, prozesu efiziente eta kontrolatu baten bidez, korrosioarekiko erresistenteagoak izan daitezen eta gehiago iraun dezaten. Instalazioari esker, ekoizpen ahalmena handitu, estalduraren kalitatea hobetu eta prozesuaren energia efizientzia optimizatuko da, pinturarako lerro berria ez instalatzeko zero alternatibaren aldean.
Ustekabeko arriskuak aurreikusten dira: produktu kimikoak isurtzea edo labean edo kabinan sua hartzea. Guztiak ere inpaktu txikikoak dira. Oraingo segurtasun neurriekin, proiektuaren arriskuak ez dira proiektuan eta hura garatzen den ingurunean istripu larriak edo hondamendiak eragiteko behar bezain handiak.
Isuri atmosferikoei, hondakinen kudeaketari, lurzoruaren eta uren babesari, zaratari eta industria segurtasunari lotutako prebentzio eta zuzenketa neurriak hartu dira. Modu berean, ingurumena zaintzeko programa bat ezarri da isuri atmosferikoei, iragazkien azterketari, hondakinen erregistroari, ontzien ikuskapenari, zaratari eta langileen prestakuntzari dagokienez.
Horregatik guztiagatik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, uste du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean. Horrez gain, bat dator ingurumen dokumentuan hautatutako alternatibarekin.
Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Ez da proiektuaren ingurumen-integraziorako baldintza gehigarririk jarri.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Transformados metálicos Ricarte Casarejos SLk sustatutako Azkoiengo pieza metalikoen tratamendurako eta hautsezko pinturarako lerroaren proiektuak (handitzea) ez du eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, betiere ingurumen baimen bateratuan atmosferara, uretara, lurzorura isurtzen diren substantzia kutsatzaileen eta zarataren eta bibrazioen kontrolari buruz jasotzen diren zehaztapenak betetzen badira, baita hondakinen kudeaketari buruzkoak ere.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruña, 2026ko apirilaren 17a.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2605760