91. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46/2026 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eskualdeko jantoki izendatzen baitira Burlatako Hilarión Eslava HLHIko eta Aurizberriko Auzperri HLHIko jantokiak.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenez, eskualdeko jantokiak dira Hezkuntza Departamentuak hala izendatzen dituenak, eskola-jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Departamentuak antolatutako eskola-garraioaren erabileraren mende dauden ikasleak hartzen dituzten ikastetxeetako premiei erantzun beharrez. Hezkuntza Departamentuak antolatuko ditu, ikastetxeetako eskola kontseiluekin eta zuzendaritzekin lankidetzan.

Era berean, ezartzen du Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantoki izendatzen ahalko dituela aurreko paragrafoan jasotako ezaugarriak betetzen ez dituztenak, baldin eta ikasle guztiek edo gehienek honako ezaugarri berezi hauetakoren bat badute:

a) Inguruko ikastetxeetan onartu ez diren ikasleak dituzten ikastetxeak.

b) Hautatutako hizkuntza-ereduagatik lekualdatutako ikasleak dituzten ikastetxeak.

c) Hezkuntza Bereziko ikasgela espezifikoetara bideratutako ikasleak dituzten ikastetxeak.

d) Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak dituzten ikastetxeak.

e) Despopulatze-arrisku bizian eta muturrekoan dauden herrietako ikastetxeak, despopulatzearen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak horri buruz ezarritakoaren arabera.

f) Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeak.

2025eko martxoaren 6an, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu zuen, zeinetan proposatzen baitzuen eskualdeko jantoki izendatzea Burlatako Hilarión Eslava HLHIko eta Aurizberriko Auzperri HLHIko jantokiak, haien ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

Burlatako Hilarión Eslava HLHIko jantokiaren kasuan, ezaugarri berezi horiek kontuan hartzen dira ikusita, batetik, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duen ikastetxe bat dela eta, bestetik, jantokia erabiltzen duten eta egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen ehunekoa zein den.

Aurizberriko Auzperri HLHIko jantokiari dagokionez, eskualdeko jantoki izendatu izanaren oinarrian dago despopulatze-arrisku muturrekoan dagoen herri batean dagoela, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoarekin bat.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eskualdeko jantoki izendatzea Burlatako Hilarión Eslava HLHIko eta Aurizberriko Auzperri HLHIko jantokiak.

2. Izendapen honek 2026ko irailaren 1etik aitzina izanen du eragina.

3. Adieraztea ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta Burlatako Hilarión Eslava HLHIko eta Aurizberriko Auzperri HLHIko guraso-elkarteei eta zuzendaritzei.

Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2605994