91. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

67E/2026 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, laguntzen 2026ko deialdi bat onesten duena bideragarritasun azterlanak egin daitezen enpresetan flota jasangarrietarako trantsizioa egiteko. DDBN kodeak: 899719 eta 899722.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean nabarmena da garraioaren sektorea, eta hor, emisio horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude. Nafarroako balantze energetikoari buruzko 2024ko datuek aditzera ematen dutenez, erregioan kontsumitzen den azken energiaren %40 garraioaren sektoreari dagokio, eta sektore horretan %6,2 besterik ez da energia berriztagarriek duten kuota. Horregatik, bultzada eman beharra dago garraioaren sektorean energia berriztagarrien kuota hori handituko duten neurriei.

Laguntzen deialdi honen bidez, zeinak helburu baitu bideragarritasun azterlanak egitea enpresetan flota jasangarrietarako trantsizioa egiteko, aurrera eginen da 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean deskribatutako helburuak lortzeko bidean.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Laguntza hauen 2026ko deialdia onestea: "laguntzak, bideragarritasun azterlanak egin daitezen enpresetan flota jasangarrietarako trantsizioa egiteko".

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 42.383,50 euroko gastua baimentzea 2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakuslea den eskualdea" izeneko 820001 82500 7701 467300 partidaren kontura.

Halaber, gehienez ere 40.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 17an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak klima-neutraltasuna lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak (Klimari buruzko Europako legeria).

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen emisio garbiak gutxienez %55 jaistea, 1990eko emisio-mailekin alderatuta. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, 2026an bideragarritasun azterlanak eginen dira enpresetan flota jasangarrietarako trantsizioa egiteko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntza eskatzeko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

b) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

Egoitza fiskala Nafarroan ez badute, enpresek dirulaguntza eskuratzen ahalko dute baldin eta haien jarduera, egoitza eta plantillaren zati bat Nafarroan badaude. Hori guztia, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urteetan gutxienez.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) "Krisian dagoen enpresa" ez izatea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaera-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

g) Enpresak ezin izanen dira dirulaguntza honen onuradun izan baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege-dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo baliokideak, behar adinako ordezkaritza-ahala duenak, sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, hilabete horren barrenean eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Atal honetako baldintzak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

3. oinarria.–Aplikatzekoa den laguntzen araubidea.

Eskatutako laguntzak arau-esparru hauetakoren batean sartuko dira:

a) "De minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa. Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

b) Jakinarazteko betebeharretik salbuetsita egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 36. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

4. oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa diruz lagungarria da enpresa onuradunen bideragarritasun azterlanak egitea, trantsizioa egin dezaten flota jasangarriagoak izatera pasatzeko.

Flota jasangarrietarako bideragarritasun azterlanek analizatuko dute zer efizientzia energetiko, kostu eta onura lortzen den, trantsizioa egiten bada ibilgailu garbietara (elektrikoak, erregai alternatiboak) eta/edo mugikortasun adimenduneko ereduetara eta/edo azken miliako mugikortasun partekatuko ereduetara, pizgarri fiskalak barne, eta datuak aztertuko dituzte ibilbideak eta mantentze-lanak optimizatzeko, gakoak baitira CO2 emisioak murrizteko eta enpresen jasangarritasuna hobetzeko, horretarako erabiliz telemetria, ekonomia zirkularraren kudeaketa eta plangintza estrategikoa, besteak beste.

Bideragarritasun azterlan horien gutxieneko edukia deialdiaren II. eranskinean jaso da. Azterlan hori kanpoko langileek egin beharko dute.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

Bideragarritasun azterlanak egitea, trantsizioa egin dadin flota jasangarriagoak izatera pasatzeko.

3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Jarduketen ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

4. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epeak:

a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren laguntzetan, laguntza eskatu ondotik eta 2026ko urriaren 15era arte.

b) "De minimis" araubidean sartzen diren laguntzetan, 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 15era arte.

5. Eskaera zein laguntza araubidetarako egiten den, horren araberakoa izanen da dirulaguntzen zenbatekoa, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:

a) De minimis araubidea duten laguntzen kasuan, gastu diruz lagungarriaren %60 izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.

b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren laguntzen kasuan, laguntzaren intentsitatea honako hau izanen da:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Enpresa handia

40

Enpresa ertaina

50

Enpresa txikia

60

6. Onuradun bakoitzak 6.000 euroko laguntza jasotzen ahalko du gehienez, baina muga hori ondoriorik gabe geratuko da baldin eta kreditu erabilgarririk badago eta 6. oinarriko lehentasuna kontuan izanda. Kreditu nahikoa badago, ez da aintzat hartuko muga hori.

7. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da, epea mugara iristen den hilaren barnean, argitaratze-egunaren zenbaki bera duen egunean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, deialdiaren fitxa).

3. Eskaera ordezkari batek egiten badu, ordezkari izateko ahalmena frogatu beharko du.

4. Eskaera izapidetzean, dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuetan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eskaera-orria, deialdiaren fitxan eskuratu daitekeena.

b) Aurrekontua.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

4. puntuan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Plan Energetikoaren Atala) aurkezten diren eskaerak alderatuko ditu ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko. Dena dela, baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hurrenkera hori ezartzea.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Aurreikusitako azterlanean aztertutako ibilgailuen kopurua eta kategoria: 70 puntu, gehienez.

IBILGAILUAREN TIPOLOGIA

PUNTUAK IBILGAILU BAKOITZEKO

TIPOLOGIAREN ARABERA

N1

2

M1

2

N2

6

M2

6

N3

10

M3

10

Eskaeran, adieraziko da zer matrikula duten azterlanean analizatutako ibilgailuek. Laguntza eskatzean, unitate kudeatzaileari baimena emanen zaio ibilgailu horien tipologia kontsultatzeko. Baimenik eman ezean, eskatzaileak haien fitxa teknikoa aurkeztu beharko du. Baimenik eman ezean, ezin izanen da zuzendu ziurtagiriak aurkeztu ez izana.

b) Bideragarritasun azterlanak barne hartzen badu ibilgailu garbietarako trantsizioa egiteko ebaluazio teknologikoaren azterketa, 10 puntu lortuko dira.

c) Bideragarritasun azterlanak barne hartzen baditu datuen azterketa eta digitalizazioa, 10 puntu lortuko dira.

d) Bideragarritasun azterlanak barne hartzen badu azken miliako mugikortasun partekatuaren azterketa, 10 puntu lortuko dira.

Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraikiz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan segitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.

3. Plan Energetikoaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen kreditua askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean (zati batean edo guztiz) ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoagatik laguntza mugatu zaien eskaerei erantzunen zaie, 4.5 oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

5. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea amaitu ondotik kreditua askatzen bada, eta aurrekontu kreditu faltagatik ezetsitako eskaerarik ez badago, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu badu jaso duten zenbatekoa–, 4.5 oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

7. oinarria.–Laguntzen justifikazioa.

1. Onuradunek 2026ko urriaren 15a baino lehen justifikatu beharko dute laguntzaren xedeko jarduketak egin dituztela; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, deialdiaren fitxatik abiatuta:

a) Egindako jarduketen fakturak, onuradunaren izenean.

b) Fakturen ordainagiriak.

c) Egindako bideragarritasun azterlanaren kopia.

d) "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakia, gastu diruz lagungarriren bat, BEZik gabe, 12.000 eurotik gorakoa denean.

e) Onuradunak dirulaguntza jasotzeko banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko da, edo deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuz.

2. Aurreko atalean azaltzen den dokumentazioan zerbait falta bada, edo akatsen bat badauka, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

8. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean gehienez ere.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, deialdiaren fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

Foru lege horren 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek betetzen ez badute foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, salbu jarduketa egin dela justifikatzeko agiriekin batera aurkezten bada informazio hori; baina kasu horretan, %5 murriztuko da ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.

c) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, aurreikusi da laguntza %5 murriztea baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa egiten bada zazpigarren oinarriko hirugarren atalean ezarritako epean.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, deialdiaren fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuz (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren deialdiaren fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–FLOTA JASANGARRIETARAKO TRANTSIZIOA EGITEKO BIDERAGARRITASUN AZTERLANAREN EDUKIA

Flota jasangarrietarako bideragarritasun azterlanek analizatuko dute zer efizientzia energetiko, kostu eta onura lortzen den, trantsizioa egiten bada ibilgailu garbietara (elektrikoak, erregai alternatiboak) eta/edo mugikortasun adimenduneko ereduetara eta/edo azken miliako mugikortasun partekatuko ereduetara, pizgarri fiskalak barne, eta datuak aztertuko dituzte ibilbideak eta mantentze-lanak optimizatzeko, gakoak baitira CO2 emisioak murrizteko eta enpresen jasangarritasuna hobetzeko, horretarako erabiliz telemetria, ekonomia zirkularraren kudeaketa eta plangintza estrategikoa, besteak beste.

Bideragarritasun azterlanaren edukiak egitura hau izan beharko du:

1. Egungo flotaren analisia: oraingo ibilgailuen energia-efizientzia, erregai-kontsumoa eta CO 2 emisioak ebaluatzea.

2. Ebaluazio teknologikoaren azterketa: aztertzea zer bideragarritasun duen ibilgailu elektrikoak, hibridoak, hidrogenozkoak edo bestelako erregai alternatiboetakoak (GNC, GNL, PGL, bioerregaiak, erregai sintetikoak) eskuratzeak, barne dagoela kargaren edo erregaiaren azpiegituraren analisia.

3. Datuen analisia eta digitalizazioa: telemetria-tresnak eta datuen analisia inplementatzea ibilbideak optimizatzeko, mantentze-lanak aurreikusteko eta flotaren errendimendua denbora errealean monitorizatzeko.

4. Azken miliako mugikortasun partekatuaren azterketa: hiri-logistikaren optimizazioa, irtenbide jasangarrien bidez (hala nola hiri-biltegiak, flota elektrikoak eta bizikletak eta agregazio-plataformak), zenbait erronkari helduz (kogestioa, kostu handiak eta eraginkortasunik eza), eta eredu kooperatiboak bilatuz efizientzia hobetzeko, emisioak murrizteko eta e-commerce-ren eskari gero eta handiagoari erantzuteko.

5. Analisi ekonomikoa: hasierako inbertsioaren kalkulua, kostu operatiboak (energia, mantentze-lanak), aurrezki potentzialak, eta pizgarri eta kenkari fiskalen azterketa (eskualdekoak eta nazionalak).

6. Inpaktua energian, ingurumenean eta izen onean: kuantifikatzea azken energia-kontsumoaren zer murrizketa, karbono-aztarnaren zer murrizketa eta osperako zer onura dakartzan enpresa jasangarria izateak.

1., 5. eta 6. atalak bideragarritasun azterlan guztietan sartu behar dira, eta 2., 3. eta 4. atalak, berriz, azterlanaren xede badira bakarrik.

Iragarkiaren kodea: F2605795