Iragarkia
91. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
68E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren inbertsioetarako laguntzen deialdia onesten duena 2026. urterako. DDBN kodea: 897668.
1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen mende egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren mende ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia, interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin eta Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearekin, proposatzen da erantsita doan deialdi publikoa onestea museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei laguntzak emateko, baita haren gastua ere, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Deialdiko laguntzak museoen eta bilduma museografiko iraunkorren inbertsioetarako dira, eta guztira 74.000 euroko zuzkidura izanen dute, 2026. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Inbertsioak" izeneko A20003-A2300-7816-333100 partidaren kontura.
Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen arabera aitortuta dauden museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei zuzenduta daude laguntzak, eta horiek jasotzeko baldintza da Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik izatea deialdi hau argitaratzen den egunean eta, gainera, inbertsioetarako partida izendunik ez izatea 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea 2026. urterako.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20003-A2300-7816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Inbertsioak | 2026 | 74.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari igortzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 1ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–NAFARROAKO MUSEOETAN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORRETAN INBERTSIOAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA 2026. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografikoetan 2026an egiten diren inbertsio gastuak ordaintzeko.
1.2. Onura publikoko edo interes sozialeko xedearen oinarria da pertsona guztien kulturarako eskubidea.
1.3. Hau da dirulaguntzen aplikazio eremua:
–Aparatu kritikoa eta museografia berritzea.
–Pertsonak museoetako eraikinetara eta hango edukietara iristeko bideak erraztea (irisgarritasun unibertsala, seinaleak eta komunikazio ikusizkoa eta/edo espaziala).
–Bildumen segurtasuna hobetzeko sistemak ezartzea.
–Bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzea.
–Museoen Zerbitzuaren bisita teknikoetan aurkitu diren eta entitate eskatzaileari jakinarazi zaizkion ez-betetzeak, gabeziak edo arazoak zuzentzea edo konpontzea.
–Ondasun higigarrietan eta higiezinetan esku hartzeko proiektuak; berariaz kanpoan geldituko dira Nafarroako Gobernuaren beste laguntza deialdi batzuetan egokiago edo zehatzago sartzen diren proiektuak.
2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.
2.1. Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.
2.2. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.
b) Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
2.3. Kanpoan gelditzen dira:
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.
–2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan inbertsioetarako partida izendunak –Museoen Zerbitzuari dagozkionak– dituzten museoak eta bilduma museografikoak.
3. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.
3.1. Deialdiak guztira 74.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2026. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Inbertsioak" izeneko A20003-A2300-7816-333100 partidaren kontura.
3.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira laguntzak, 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:
3.2.1. Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.
3.2.2. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez-lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako aurrekontuari.
3.2.3. Laguntzak puntuazio ordenaren arabera eman ondoren, gerakinik bada, puntuazioaren arabera dagokion hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, betiere 8.1.b) oinarriaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) %50era iritsi bada.
3.2.4. Entitate batek erabakitzen badu laguntza horri uko egitea, 15 egun balioduneko epean egin beharko du, laguntza eman zaiola jakinarazten denetik, eta gerakina hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, lehentasun hurrenkeraren arabera.
4. Dirulaguntza jasotzen ahal duten proiektuak.
4.1. Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina betiere 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin eta bukatu beharko dira. Laguntzak eman aurretik bukatzen badira, dirulaguntza jasotzen ahalko dute 10.5 oinarrian zehaztutako betebeharrak betetzen badituzte.
4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 8. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari. Proiektuen arteko lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio. Entitate onuradun batek aurkeztutako beste proiektu bati dirulaguntza emanen zaio bakar-bakarrik behar adina diru badago aurrekontuetan behin dirulaguntzak emateko lehen fasea bukatuta, eta deialdiaren 8.b) puntuan (proiektuaren kalitatea) balorazioaren %50 (25 puntu) gainditu badu.
4.3. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta, horretarako, proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Proiektuek honako hauek jaso beharko dituzte: aurrekontu orokor bateratua, kontzeptuak banakaturik, eta kronograma, zeinean adierazi beharko baita nork beteko duen eginkizun bakoitza proiektuaren fase bakoitzean. (5. eranskina).
4.4. Nahitaezkoa izanen da eskaeran Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldez aurreko baimen-txostena eranstea, ondasun higigarri edo higiezinetan esku-hartze proiektuak egiteko baimen hori beharrezkoa den kasuetan.
4.5. Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuek –entitate onuradunaren zerbitzuan ari diren langileenak eta xede horretarako kontratatzen diren beste batzuenak barne– ezin izanen dute gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15. Plantillako norbaitek egin behar badu lan guztia edo zati bat, adierazi beharko da lanaldiaren zer portzentaje emanen duen proiektuan lan egiten.
4.6. Proiektuak aurkezteko baldintza formalak 5. eranskinean jasota daude.
4.7. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (Funtzionamendua eta Zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.
5. Eskaerak eta behar diren agiriak aurkeztea.
5.1. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da (ez dira sartzen larunbat, igande eta jaiegunak), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.2. Entitate eskatzaileek telematikoki aurkeztuko dute eskaera, Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Atariko tramiteen katalogoko fitxaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
5.3. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, behar bezala beteta, eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatutako eskaera-orri espezifikoarekin (1. eranskina) batera:
a) Entitate eskatzailearen IFZa (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).
b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).
c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).
e) Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria (8. eranskina) eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2025. urteari dagozkionak. Jardueraren memoria 8. eranskineko eredu normalizatuaren arabera bete behar da, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein agiri eransten ahalko zaio.
f) Proiektuaren memoria xehatua, 5. eranskinarekin bat. Proiektuaren aurrekontua eranskin horretan sartu behar da, gastuak banakatuta.
g) 2026. urterako jarduera plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta asteko zer egunetan irekiko den dohainik.
h) 2026. urteko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
i) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak inbertsioetarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.
j) Zuzendaritza taldea osatzen duten pertsonen eta entitatean lan egiten duten langileen sexuaren araberako banaketa.
5.4. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
5.5. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
6. Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 1. oinarrian adierazitako inbertsio proiektuak egiteko bada inolako zalantzarik gabe.
6.2. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
6.3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26.7 d) artikuluan ezarritakoaren arabera, ez da inola ere onartuko entitate onuradunak itunak egitea diruz lagundutako jardueren exekuzioa uzteko, osorik edo partez, berarekin lotura duten pertsonen edo entitateen esku, salbu eta inguruabar hauek gertatzen badira:
–Kontratazioa merkatuko baldintza normalen pean egitea.
–Aldez aurretik eskuratzea laguntza ematen duen organoaren baimena, kasu honetan, Museoen Zerbitzuarena.
Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa. Gastuak onartzeko erreferentzia gisa, zerbitzu emateetan, Museoen Zerbitzuak mota bereko zerbitzuak kontratatzeko aplikatzen dituen tarifak erabiliko dira.
6.4. Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
7.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
7.2. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
Batzordeburua:
–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.
Batzordekide idazkaria:
–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.
Batzordeko kideak:
–María Cánovas Arlegui andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.
–Maite Apezteguía Elso andrea, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea. Ordezkoa: Patxi Burillo Nuin jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea.
Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.
7.3. Proiektua eraikin batean esku-hartze arkitektonikoa egiteko bada eta eraikin hori kultur ondare gisa babestu beharreko kategoria batean sailkatua badago, batzordeak txosten teknikoa eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari, bidezkoa dela iritziz gero.
7.4. Kontserbazio eta zaharberritze lanetarako laguntzak baloratzeko, Museoen Atalak txosten tekniko bat eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, bidezkoa dela iritziz gero.
8. Balorazio irizpideak.
8.1. Onartzen diren eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:
a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.
b) Proiektuaren kalitatea (gehienez 50 puntu), honela zehaztuta:
–Proiektuaren egokitasuna dirulaguntzaren xedearekiko: gehienez 5 puntu.
–Proiektuaren egokitasuna Museoen Zerbitzuak entitate eskatzaileari jakinarazi dizkion ez-betetzeak, gabeziak edo arazoak zuzentzeari begira: gehienez 5 puntu.
–Proiektua (5. eranskina): gehienez 15 puntu.
–Proiektuaren zabalkunde plana: gehienez 5 puntu.
–Proiektuak lurraldean duen eragin sozioekonomikoa: gehienez 5 puntu.
–Proiektuaren baldintza teknikoak: gehienez 15 puntu.
c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2025. urtean kultura arloan egindako ibilbidea (gehienez 15 puntu), 8. eranskinean zehazten diren puntu hauen arabera:
–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu.
–Jendearentzako ordutegia eta dohainik sartzekoa: gehienez 3 puntu.
–Bisitari kopurua: gehienez 3 puntu. Hazkundearen portzentajea.
d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 15 puntu), honen arabera:
–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.
–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.
–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.
8.2. Inola ere ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 8.b) oinarriaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) puntuazioaren %50era (25 puntu) iristen ez diren eskaerek.
9. Laguntzak emateko ebazpena.
9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, eta ebazpena entitate eskatzaile guztiei jakinarazi eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
10. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.
10.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).
10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte aipatutako 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko amaierako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.
11. Entitate onuradunen betebeharrak.
11.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.
11.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea, eta eskatzen zaien informazioa ematea.
11.3. Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.
11.4. Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.
11.5. Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektuaren zabalkunderako erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: "Con la colaboración de / Laguntzaile". Halaber, "Museos de Navarra / Nafarroako Museoak" markaren logotipoa sartu beharko da, erregistratutako museo edo bilduma museografiko iraunkorra dela adierazteko. Marka horrek, hala badagokio, "Nafarroako Museoen Sistema" marka ordeztuko du.
11.6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.
11.7. Proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, betetze maila adieraziko da, hasieran aurkeztutako proiektuan jasotakoarekin alderatuta (6. edo 7. eranskina).
11.8. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:
11.9. Gardentasuna:
Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoek izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.
Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
11.10. Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria ezarritako epeetan aurkeztea.
11.11. Laguntzaren xede diren inbertsio lanak 2026ko urriaren 31rako bukatzea.
11.12. Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzekotan, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako gutxieneko aldian zehar.
12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.
12.1. Dirulaguntzen ordainketa. Emandako laguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2026ko azaroaren 16a baino lehen, egun hori barne:
a) 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuan edo jardueran eginiko gastuak eta sortutako diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak; justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta behar dute (2026ko azaroaren 16a baino lehen).
b) Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko konturako taula normalizatuak, behar bezala beteak. Museoen Zerbitzuak helaraziko ditu taula horiek.
c) Diruz lagundutako proiektuaren amaierako memoria. Zaharberritze lanen proiektuetan, amaierako memoria 6. eranskinean jasotako arauei jarraituz eginen da, eta, proiektu arkitektonikoen kasuan, 7. eranskinean jasotako irizpideei jarraituz.
Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.
12.2. Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa honela eginen da:
12.2.1. Justifikaziorako, Museoen Zerbitzuak justifikazio taula edo kontuaren eredu bat helaraziko die entitate onuradunei, Excel formatu normalizatuan; dagozkien faktura eta banku frogagiriak atxikiko zaizkio, PDF formatuan eta modu ordenatu eta korrelatiboan.
Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da, PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura / 1. ordainketa-frogagiria, etab.).
12.2.2. Fakturek 2026ko urriaren 31ra arte igorriak izan beharko dute, eta ordainagiriek justifikazio epea bukatu aurretik ordainduak (azaroaren 16a baino lehen, egun hori barne). Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera beteko dira.
12.2.3. Entitate onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.
12.2.4. Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan-kontratuan berariaz aipatzen ez bada.
Zeharkako zergak (adibidez, BEZa) ez dira diruz lagunduko, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).
12.2.5. Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuek eta ordainketek dirulaguntzaren indarraldiaren barnean eginak izan behar dutela (gastuak, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra; ordainketak, 2026ko azaroaren 16ra arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.
Toki entitateetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.
12.3. Ekipamenduko ondasunen hornidura edo aholkularitza nahiz laguntza enpresek emandako zerbitzuak ordaintzera bideraturiko gastu diruz lagungarria 12.000 euro baino gehiago bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzailea hautatzeko, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Toki entitateen kasuan, baldintza hori justifikatzeari dagokionez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 legean ezarritakoa aplikatuko da.
12.4. Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. %80 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (3. oinarrian ezartzen den bezala), laguntzak ematean ezarritako gehieneko mugarekin.
12.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2027ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.
13. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
Deusetan ukatu gabe oinarri arautzaileetako 2. oinarriaren 3. atalean eta 4. oinarriaren 7. atalean xedatutakoa, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin zenbateko horien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin edo diruz lagundutako jardueraren baliabide berekiekin batuta, onuradunak eginen duen jardueraren kostua baino handiagoa.
14. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.
14.1. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.
14.2. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko dute, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.
16. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dirulaguntza eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
Izapidetzeko eta eranskinetarako esteka:
Iragarkiaren kodea: F2605426
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
