Iragarkia
91. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
58E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita kirol zerbitzuak ematen dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei dirulaguntzak emateko, kirol hastapeneko jardueren heziketa eta kirol programak aurrera eraman ditzaten 2025-2026 ikasturtean ikastetxeei zuzenduta. DDBN kodea: 895922.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak planteatzen du kirol jarduera sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak ematen ahal direla, eta 14.1 artikuluan ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak eskola adineko haurrentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean, kasua bada.
Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen ezen eskola adineko haurrentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-haurren integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.
Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak erabiliko dira, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako kirol hastapeneko heziketa programak antolatzeko gastuen zati bat ordaintzeko. Programa horiek gaur egun kirol zerbitzuak ematen dituzten Nafarroako enpresek eta irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek aurrera eraman beharko dituzte.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak otsailaren 18an emandako 5/2026 Foru Aginduaren bidez, xedatu zen argitaratu zedila Hezkuntzako kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko otsailaren 9an hartutako Erabakia, zeinaren bidez biek batera baimentzen baitute kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, laguntza eta ekarpen ekonomikoak eman zitzan 2026an ikastetxeetan eskiko, belako, naturan egindako jardueretako eta kirol hastapeneko jardueretako eskola kanpainak gauzatzeko.
Horregatik, baimendu nahi den gastua 25.000 eurokoa da guztira, eta honela egotziko da:
- 20.000 euro, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez baimenduko direnak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Kirol hastapeneko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko A50002-A5100-4819-336102 aurrekontu-partidaren kargura.
- 5.000 euro, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 70/2026 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Kirol hastapeneko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko 420000-42000-4709-322G02 aurrekontu-partidaren kargura.
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Deialdi bat onestea kirol zerbitzuak ematen dituzten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei dirulaguntzak emateko, kirol hastapeneko jardueren heziketa eta kirol programak aurrera eraman ditzaten 2025-2026 ikasturtean ikastetxeei zuzenduta.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen I. eranskinean jasotzen baitira, bai eta gainerako eranskinak ere.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4819-336102: Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak | 2026 | 20.000,00 |
Baimentzeko proposatzen den kreditu horri 5.000 euro erantsiko zaizkio, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 70/2026 Ebazpenaren bidez baimendu eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarri direnak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Kirol hastapeneko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko 420000-42000-4709-322G02 aurrekontu-partidaren kargura.
4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da gaur egun kirol zerbitzuak ematen dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, aurrera eraman ditzaten kirol hastapeneko jardueren heziketa eta kirol programak unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako Nafarroako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei zuzenduta.
Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzeko kirol hastapeneko jarduera fisikoen heziketa eta kirol programak antolatu, kontrolatu eta gauzatzeak sortutako defizitak. Programak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eskaini eta gauzatu beharko dira, 2025-2026 ikasturtean, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta egun bateko jarduerak izan beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.
2. Helburua.
Aurreko oinarrian aipatutako dirulaguntzak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako haurrentzat kirol hastapeneko jarduerak antolatzeagatik sortutako gastuak hein batean laguntzeko izanen dira soilik. Gastuek espresuki izan beharko dute dirulaguntza eskatu den jarduera antolatzeko.
Programa horien helburua da eskola-haurrei hainbat kirol modalitate ezagutaraztea, mugimenduarekin loturiko trebetasunak indartzea aurrerago mugimendu gaitasuna eta autonomia gara ditzaten, kirola egiteko eta bizimodu osasungarriko ohiturak hartzea eta, orobat, kirol jarduerarekiko atxikimendua sortzea.
Heziketa eta kirol programa horren babesean egiten diren jarduerak kasuan kasuko kirol modalitatean hastetik bideratu behar dira, norgehiagoka aurreikusi gabe.
Haste horren bitartez, kasuan kasuko kirolaren oinarrizko alderdi tekniko-taktikoak garatuko dira. Eskola-haurren adinetara eta premietara egokituko dira edukiak, metodologia, materiala eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ukitzen duten elementu guztiak, kirolean hasteari dagokionez.
Aurkezten diren programek, aurreko puntuan ezarritako xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.
3. Entitate onuradunak.
3.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzei heltzen ahal diete, batetik, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek, eta, bestetik, egun kirol zerbitzuak ematen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako batean inskribaturik dauden enpresek.
3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren heziketa eta kirol programak.
4. Entitate onuradunen betebeharrak.
4.1. Kirol zerbitzuak ematen dituzten enpresen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako edozeinetan inskribaturik egotea.
4.2. Irabazi-asmorik gabeko kirol entitateen kasuan, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik egotea.
4.3. Inola ere ez dira onuradun izaten ahal apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osoa edo partziala. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.
4.4. Ez egotea betetzen administrazio zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Horrez gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.
4.5. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
4.6. Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Aurkeztu den heziketa eta kirol programaren izaerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, zehazki, honako hauek:
a) Ariketa fisikoan eta/edo kirolean hasteko jardueren kostua.
b) Jardueretako monitoreen gastuak.
c) Materialaren alokairua.
d) Parte-hartzaileen istripu-asegurua (ikasleena eta irakasleena).
e) Garbiketako gastuak.
6. Eskaerak noiz eta nola aurkeztu.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Dirulaguntza-eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kirol-zerbitzuak-egiten-dituzten-enprensendako-eta-irabazi-asmorik-gabeko-kirol-entitateendako-dirulaguntzak-kirolean-hasteko-programak-egin-ditzaten-ikastetxeentzat (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
6.3. Dirulaguntzen eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7. Aurkeztu beharreko agiriak.
7.1. Laguntzak eskatzeko agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: https://www.navarra.es/eu/kirola.
7.2. Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak:
1. IV. eranskina. Eskabide-orria, 4. eta 15. oinarriei dagozkien adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena.
2. V. eranskina. Heziketa eta kirol programa. Baremoaren arabera ebaluatu ahal izateko (III. eranskina), aurkibidean jasotako atal guztiak jaso eta garatu beharko dira nahitaez.
3. VI. eranskina. Programaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu osoa.
7.3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, 16. oinarriaren arabera. Entitate onuradunek soilik aurkeztu behar dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean. Telematika bidez eginen da, Tramiteen Katalogoan gaitutako botoi baten bidez.
8. Eskabideko akatsak zuzentzea.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
9. Antolamendua eta instrukzioa.
Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna.
10. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.
10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
10.2. Baremoa, III. eranskinaren arabera, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei aplikatuko zaie (A taldea), eta, bestetik, kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresei (B taldea).
10.3. Dirulaguntzak esleitzeko, batetik, A taldean aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, eta bestetik, B taldekoak, talde bakoitzean eskaeren arteko lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz.
10.4. Talde bakoitzaren dirulaguntza zehazteko, puntuaren balioa eskaera bakoitzak lortutako guztizko puntuekin biderkatuko da, III. eranskinean jasotako baremoa aplikatu ondoren.
Talde bakoitzean puntuak duen balioa honela lortzen da: kreditu erabilgarri osoa (A taldea: 20.000 euro eta B taldea: 5.000 euro) zati talde bakoitzean aurkeztutako eskaeren guztizko puntuen batura.
10.5. Entitate onuradun bakoitzari esleitutako diru kopuruak ezin izanen du gainditu aurkeztutako programaren defizita. Era berean, A taldean aurkeztutako programa bakoitzari gehienez 10.000 euro emanen zaizkio, eta B taldean, aldiz, 2.500 euro, 10.6 oinarrian ezarritako kasuan izan ezik.
10.6. Erabilgarri dagoen kreditu guztia agortzen ez bada aurkeztutako eskaeren artean egiten den lehen banaketan, talde bakoitzean geratzen den saldoa banatuko da, lehentasun ordenaren arabera, puntuaziorik handiena duten erakunde onuradunen artean, defizitera iritsi arte.
Talde bakoitzean eskaera bakarra aurkezten bada, esleitutako kopuruak ezin izanen du aurkeztutako defizita gainditu, eta talde bakoitzean erabilgarri dagoen kreditu osoa esleitzen ahalko da.
10.7. Kontuan harturik 10.5 oinarrian zehaztutako muga horiek, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, betiere horretarako kreditu aski baldin badago Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren 2026ko ekitaldirako aurrekontuan.
Zenbateko hori honela banatuko da:
a) 20.000 euro 2022rako Aurrekontu Orokorretako "Kirol hastapeneko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko A50002-A5100-4819-336102 aurrekontu-partidaren kargura.
b) 5.000 euro, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 70/2026 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Kirol hastapeneko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko 420000-42000-4709-322G02 aurrekontu-partidaren kargura.
10.8. Bazter utziko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko beste deialdi batzuen dirulaguntza jasotzen duten programak.
11. Ebazpenak.
11.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.
11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
11.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko iragarki-taulan argitaratuko dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda.
12. Programa justifikatzeko dokumentazioa.
12.1. Heziketa eta kirol programak justifikatzeko dokumentazioa programak egin ondoren aurkeztuko da, eta 2026ko urriaren 1a baino lehenago. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1. VII. eranskina. Programaren diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua:
a) Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarrienak) biltzen dituzten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. (Diruz lagungarriak ez diren gastuak sartu "Bestelako gastuak" izeneko atalean). Zerrendan, honako hauek sartuko dira: hornitzailea, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina).
b) Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa adinakoak. Kopian, aurkeztutako zerrendan fakturari dagokion zenbakia adieraziko da, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira, hots: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, "ordaindua" zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.
c) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.
2. Vlll eranskina. Heziketa eta kirol programaren memoria teknikoa.
3. IX. eranskina. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.
4. X. eranskina. Azpikontratazioari buruzko inprimakia.
5. XI. eranskina Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia.
12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
12.3. Deialdi honetan aipatzen diren eranskinetako eredu guztiak eskura daude Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean: www.nafarroa.eus.
13. Dirulaguntzaren ordainketa.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2026ko ekitaldiaren barnean eman eta jakinaraziko da.
14. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.
15. Betebeharrak.
15.1. Dirulaguntzen onuradunek ematen zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
15.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak (hori frogatzeko, behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera, edo, bestela, IV. eranskinaren bidez, informazio hori eskuratzeko baimena eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.
15.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik (adierazpen hori IV. eranskinean eginen da, eskabide-orrian).
Kirol programaren memorian eta deskribapenean, hizkuntza inklusiboa erabiliko da, eta egindako jardueren onuradunen edo erabiltzaileen datu estatistikoak sexuaren arabera bereizita emanen dira.
15.5. Onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarritako betebeharrak (Haurrak eta nerabeak indarkeriatik begiratzeko babes integralaren lege organikoa). (Adierazpen hori IV. eranskinean eginen da, eskabide-orrian).
48. artikulua.
1 Adingabeekin kirol arloko edo aisialdiko jarduerak egin ohi dituzten entitateek betebehar hauek dituzte:
a) Administrazio publikoek kirolaren eta aisiaren eremuan ezarritako jarduketa-protokoloak aplikatzea. (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketa-protokoloa).
b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla adingabeen babeserako protokolo horiek.
c) Babes-ordezkaria izendatzea, harengana jo dezaten adingabeek beren kezkak adierazteko; hura arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betetzeaz, bai eta behar diren komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatzen den kasuetan.
d) Behar diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arrazagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, dela beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, lan egin behar da haurrekin eta nerabeekin beraiekin, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irain eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.
e) Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da.
f) Harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea kirol erakundeen eta gurasoen (edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituztenen) artean.
2. Orobat, entitate horietan lan egiten duten pertsonek, 5. artikuluan aipatutako prestakuntzaz gain, prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasunei eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeari begira.
15.6. Onuradunek erabiltzen diren kirol instalazioen urteko segurtasun aktak eduki beharko dituzte (programa zer urtetan gauzatzen den, urte horretakoak).
15.7. Programa gauzatzeko erabiltzen diren kirol instalazio guztiek apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretua bete beharko dute, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko baldintzak eta segurtasun neurriak arautzen dituena.
15.8. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.
Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko ere, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), programa zein udaletan gauzatzen den, hango hondakinen kudeaketarekin bat.
Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.
Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.
15.9. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
15.10. Onuradunek, dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabili beharko dute, betiere Nafarroako Gobernuaren sinboloak eta haien erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua betez (deskargatu 2030 Agendaren logoa esteka honetatik: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), bai eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fiskoaren Institutuaren logoa eta Nafarroa 2027an Kirolaren Europako Eskualdea izateko hautagaitzaren logoa ere (esteka honetatik deskargatu: https://www.deportenavarra.es/eu/logotipoak.
15.11. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
15.12. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.
15.13. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
16. Gardentasun betebeharrak.
Dirulaguntzaren entitate onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute, tramiteen katalogoan gaitutako botoiaren bidez, gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena, baldin eta betebehar hori badute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean. Eskatzen den dokumentazioa aurkeztuko dute, bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.
17. Kirol entitate hornitzaileen azpikontratazioa eta kontratazioa.
17.1. Azpikontratazioa.
Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.
Entitateek, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %20 azpikontrata dezakete. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.
17.2. Kirol entitate hornitzaileen kontratazioa.
Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina kirol entitate.
18. Ez-betetzeak.
18.1. Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.
18.2. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.
19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematika bidez eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.
20. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen IV. eranskinean informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
21. Errekurtsoak.
21.1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
21.2. Era berean, deialdi hau onesten duen foru agindua aplikatzearen ondorioz Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
22. Aplikatzekoa den legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2605057
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
