Iragarkia
90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
78E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena 2026an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek turismo arloko garapen eta marketin jarduketak egin ditzaten. DDBN kodea: 899033.
2018-2025 aldirako Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa (TPE, hemendik aurrera) Nafarroan turismo jarduera sendotzeko plangintza tresna da.
Gaur egun, plan hori nola gauzatu den ebaluatzeko eta emaitzak eta adierazleak aztertzeko fasean gaude, hortik abiatuta prestatuko baita plan sektorial berri bat, ibilbide-orri bat ezarriko duena turismoaren sektoreko jarduketak garatzeko, eta, orobat, definituko dira helburu estrategikoak, jarduera-ildoak eta hartu beharreko neurri zehatzak.
TPEak 5 helburu orokor ditu:
1. Hurbileko merkatuetan Nafarroaren posizioa sendotzea.
2. Nafarroa eta Iruña Europako merkatu turistikoan posizionatzea, eskari-fluxu deseztazionalizatuak erakartzeko, destinoan batez besteko eguneko gastua handia dutenak.
3. Lehiakortasun turistikoa zentratzea segmentuen eta produktuen diferentziazioan eta Nafarroa-Iruña destinoaren esparruan, lurraldeko ondare natural eta kulturaleko elementuetan eta pertsonengan lagundurik, jasangarritasunean exijentzia-maila altua duen testuinguruan.
4. Enpresaburuen arteko lankidetza eta entitate turistikoekikoa bultzatzea, horrela baterako ekintzaren eraginkortasuna eta egitura produktiboen egokitzapena indar daitezen.
5. Espazio turistikoaren kudeaketaren lurralde-egituraketa hobetzea, lurralde mailako entitateen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz.
Deialdi honek Turismoaren Plan Estrategikoaren helburuak eta turismoaren jasangarritasuneko planen helburuak elkartzen ditu, eta, toki entitateen, partzuergoen eta elkarteen ekintzen orientazioaren bidez, ahaleginak batu nahi ditu lurralde kohesionatua, lehiakorragoa, inklusiboagoa eta turistikoki jasangarriagoa lortzeko.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazteko, ehuneko jakin bat aplikatuko zaio jarduketa diruz lagungarrietarako gastuari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski kalkulu hori eginda ateratzen diren dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, haien artean hainbanatuko da deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea 2026an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek turismo arloko garapen eta marketin jarduketak egin ditzaten.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 394.630,92 euroko gastua baimentzea; Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako gastu partida hauen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | ZENBATEKOA |
A30001 A3100 4819 432100 Turismoko dirulaguntzak elkarteentzat | 197.755,46 euro |
A30001 A3100 4609 432100 Turismoko dirulaguntzak toki entitateentzat eta partzuergoentzat | 196.875,46 euro |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari igortzea.
6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 11n.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–2026AN TURISMO ELKARTEEK, TOKI ENTITATEEK ETA TURISMO PARTZUERGOEK TURISMOAREN ARLOKO GARAPEN ETA MARKETIN JARDUKETAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da turismo elkarteei, toki entitateei eta turismo partzuergoei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, entitate horiek arlo hauetan egiten dituzten jarduketei laguntzeko: ekitaldiak antolatzea, bisita edo jarduera gidatuen programak, azoketara joatea eta sustapen eta komunikazio ekintzak. Era berean, aintzat hartuko dira elkarte eta partzuergoek Turismo Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuak eta proiektuak hedatzeko egiten dituzten ekintzak, bai eta turismo kudeaketako beste ekintza batzuk ere.
Deialdiaren helburua entitate horien ekintza aukerak hobetzen laguntzea da, bai eta haien jarduera turistikoa bideratzea ere, bateragarria eta osagarria izan dadin Turismo Zuzendaritza Nagusiaren estrategiarekin. Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lan-ildoak Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoari jarraitzen dio, eta guztiz bat dator destinoetako jasangarritasun turistikoaren estrategiarekin, zeina Estatuak bultzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean baitago, eta, orobat, Ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuarekin.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 394.630,92 euroko kreditua baimendu da, entitate onuradunen motaren arabera banatuta, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen partida hauen kontura:
AURREKONTUKO PARTIDA | ZENBATEKOA |
A30001 A3100 4819 432100 Turismoko dirulaguntzak elkarteentzat | 197.755,46 euro |
A30001 A3100 4609 432100 Turismoko dirulaguntzak toki entitateentzat eta partzuergoentzat | 196.875,46 euro |
A30001 A3100 4609 432100 partidaren kargura (Turismoko dirulaguntzak toki entitateentzat eta partzuergoentzat) baimendutako kreditua honela banatzen da, onuradunen arabera:
ONURADUNAK | ZENBATEKOA |
Toki entitateak | 40.000,00 euro |
Partzuergoak | 156.875,46 euro |
Onartutako eskaerak aztertu, eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatu eta aurreko taulako kreditu-banaketaren arabera dagokion dirulaguntza esleitu ondoren, toki entitateen eskaerei erantzuteko bideratutako zenbatekotik soberakinik geratzen bada, partzuergoen eskaerei erantzuteko erabiliko da.
3. oinarria. Ekintzak gauzatzeko epea.
1. Diruz lagungarriak diren gastu eta jarduerak 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte gauzatu, fakturatu eta ordaindu beharko dira, biak barne.
2. Ekitaldi bat 2026ko irailaren azken astean egiten bada eta 2026ko urriaren 1a barne hartzen badu, diruz lagundu daiteke deialdi honen esparruan, baldin eta fakturen eta ordainagirien data, beranduenez, 2026ko urriaren 9a bada, egun hori barne, hau da, dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko azken eguna.
3. Ordainagiriak 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartekoak izanen dira, biak barne, salbuespena izanik aurreko paragrafoan aipatutako aldian daudenak.
4. 2026ko iraileko gizarte aseguruen gastuak eta 2026ko hirugarren hiruhilekoan PFEZagatik egindako atxikipenei dagozkienak onartzeko, ordainketak egin beharko dira zerga-zorra borondatez ordaintzeko ezarritako epearen barruan.
4. oinarria. Entitate onuradunak.
4.a) Betebehar orokor hauek betetzen dituzten turismo elkarte, toki entitate eta turismo partzuergoak izaten ahalko dira onuradun:
4.a.1) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren arabera, entitate eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unean.
Interesdunak, dirulaguntzaren eskaera-orrian horretarako dagoen laukia markatuta, espresuki ukatzen badu Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez bere datuak kontsultatzeko baimena, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko (aipatutako baimena Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago).
4.a.2) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
4.a.3) Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
4.a.4) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, ez dira onuradun edo entitate laguntzaile izaten ahalko lege horretan xedatutako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.
Egoera hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko dute kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudiaren (887/2006 Errege Dekretua) 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
Debeku hori automatikoki hartuko da aintzat, eta indarrean jarraituko du hura eragin duten inguruabarrek segitzen duten bitartean.
Halaber, eskatzaileak ez badu jarduera independente ekonomiko edo profesionalik egiten eta, beraz, ez bazaio lehen aipatutako 3/2004 Legea aplikatu behar, inguruabar hori adierazi beharko da.
4.b) Entitate eskatzaileek, gainera, honako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte, eta hurrengo ekintza mota hauetarako ezarritako laguntzak lortzen ahalko dituzte:
4.b.1) Egoitza soziala Nafarroan duten turismo partzuergoek Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik egon beharko dute deialdi hau argitaratzen den egunean.
4.b.2) Nafarroako toki entitateek dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte 5. oinarrian adierazitako A motako (ekitaldiak) eta B motako (bisita programak edo jarduera gidatuak) ekintzak egiteagatik. Gehienez, ekintza mota bakoitzeko proposamen bat eskatzen ahalko dute.
2025ean 50.000 biztanle edo gutxiago dituzten toki entitateek soilik jasotzen ahalko dute B motako ekintzengatiko dirulaguntza (bisita programak edo jarduera gidatuak).
Biztanleen kopurua zehazteko, Nafarroako kontzejuetako populazio zifra ofizialak deklaratzeko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emandako foru agindua erabiliko da, zehazki, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duena.
4.b.3) Egoitza Nafarroan duten turismo elkarteek behar bezala inskribatuta egon beharko dute Nafarroako Turismo Erregistroan deialdia argitaratzen den egunean, eta dirulaguntza eskatzen ahalko dute deialdian sartzen diren ekintzak egiteko, elkarteko partaide eta bazkideen motaren arabera. Deialdi honen ondorioetarako, turismo elkarte mota hauek daude:
4.b.3.a) Turismoko enpresa elkarteak. Horrelakotzat hartuko dira 100 bazkide edo gehiago badituzte (pertsona fisikoak edo juridikoak izan) eta horiek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimendu baten titularrak baldin badira, edo, elkarte txikiagoen kasuan, bazkideen %50 baino gehiago badira Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen establezimendu edo enpresa baten titularrak.
Ondorio horietarako, aipatu baldintzak betetzen dituzten entitateek osatutako elkarte edo federazioak ere hartuko dira halakotzat.
4.b.3.b) Toki entitateek eta turismo entitate edo enpresek osatutako turismo elkarteak. Halakotzat hartuko dira beren jarduketa eremuko toki entitateen eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimenduen titularren partaidetza dutenak.
Dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte 5. oinarrian bildutako ekintzetako edozeinengatik, E ataleko ekintzagatik (partzuergoen gerentzia) izan ezik.
4.b.3.c) 20 kide edo gehiago dituzten turismo elkarteak, baldin eta gehienak turismoari buruzko araudiak erregulatzen ez dituen jarduera ekonomikoko sektorekoak badira, edo ez badute enpresa edo lanbide jarduerarik egiten.
4.c) Deialdia kudeatzen duen organoak egiaztatuko du, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalarekin batera, turismo elkarteak eta partzuergoak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden eta zer osaera duten.
Nafarroako Turismo Erregistroan dauden datuak eguneratu ahal izateko, entitateek dirulaguntzaren eskaera-orrian adierazi beharko dute, dagokion laukitxoa betez, eskaera aurkeztu den egunean osaeran aldaketarik izan den ala ez aurkeztutako azken datuei dagokienez. Halaber, halako aldaketarik izan bada, bazkideei buruzko Excel dokumentua bete beharko dute, laguntzaren fitxan dagoena.
5. oinarria. Diruz lagungarriak diren ekintza motak eta gastuak.
Ekintza hauek egiteagatik jasotzen ahal dira dirulaguntzak:
A) Ekitaldiak.
B) Bisita programak eta/edo jarduera gidatuak edo esperientziak.
C) Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.
D) Sustapena eta komunikazioa.
E) Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen kudeatzailetza.
Diruz lagungarriak dira deialdian bildutako ekintza turistikoak, tokiko izaera dutenak kanpo, gauzatzearekin zuzeneko lotura duten ezinbesteko kanpoko gastuak, ekintza mota bakoitzerako ezarritako zehaztasunekin. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Proiektu eta ekintza guztiek harreman zuzena izan behar dute horiek sustatzen dituen elkartearekin, turismo partzuergoarekin edo toki entitatearekin, eta haren proiektu edo ekintzei buruzkoak izanen dira. Elkarteen kasuan, kide guztiak inplikatu beharko dituzte edo haiengan eragin zuzena izan beharko dute. Haietako batzuk soilik hartzen badira kontuan, behar bezala argudiatu beharko da jarduketak elkartearentzat duen interesa; ez dira inola ere onartuko ekintza indibidualak.
Ekintza bat bi entitateri edo gehiagori laguntzen ahal zaie diruz, baina eskaera bakarra aurkeztu beharko da. Entitate sustatzaileak ekintzaren eskaera aurkeztu beharko du gainerako entitateen partetik. Ondoren, dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ondoren, entitate sustatzailea arduratuko da zenbatekoa banatzeaz, ekitaldian parte hartzen duen entitate bakoitzaren parte-hartzearen proportzioan.
Ez dira diruz lagunduko entitatearen ohiko funtzionamendutik eratorritako gastuak (fotokopiak, posta, telefonoa, banku-gastuak, etab.), ezta ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak ere.
Entitateko langileen gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baina oinarri arautzaileetan zehazten diren ataletan soilik eta horietarako ezartzen diren mugekin.
Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria izanen da entitate eskatzaileak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu eta harentzat kostu erreala bada, bestela ez. Hainbanaketa araua aplikatzen zaien entitateen kasuan, 2025eko ekitaldiko behin betiko hainbanaketa oinarri hartuta kalkulatuko da kostua.
Ez da inola ere onartuko entitate onuradunak itunak egitea diruz lagundutako jardueren exekuzioa uzteko, osorik edo partez, berarekin lotura duten pertsonen edo entitateen esku, salbu eta inguruabar hauek gertatzen badira:
–Kontratazioa merkatuko baldintza normaletan egitea. Hori justifikatzeko, beste bi eskaintza ezberdin aurkeztu beharko dira.
–Aurretik, dirulaguntza ematen duen organoaren baimena lortzea. Horretarako, laguntza eskaeran inguruabar hori adierazi beharko da.
6. oinarria. Ekitaldiak.
6.1) Irizpide orokorrak.
Epigrafe honetan jasotzen ahalko dira turismo-proiekzioa duten ekitaldien proposamenak, baldin eta haien helburua bada Nafarroan guztiz gauzatzen diren Nafarroako baliabideak, produktuak edo tradizioak ezagutaraztea edo balioan jartzea.
Ekitaldiak berak zein antolatzen diren ekintza zehatzek frogatu beharko dute Nafarroatik kanpoko bisitari asko erakartzeko gaitasuna dutela.
Proposatutako ekitaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Atxikita egotea Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako "turismo ekitaldien jasangarritasunerako konpromisoari" eta "turismo ekitaldiak irisgarriak eta inklusiboak izateko konpromisoari" https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/konpromiso-turistikoak). Eskatzaileek gehienez ere 15 egun balioduneko epea izanen dute konpromiso horiei atxikitzeko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Ezarritako epean konpromisoei atxikitzen ez bazaizkie, proposamenak ez dira onartuko.
Turismo Gobernantzaren eta Plangintzaren Atalarekin egiaztatuko da irizpide hori betetzen den.
–Kasu guztietan, aurkeztutako proposamenen gai nagusiak lotura estua izan beharko du entitate sustatzailearekin.
–Ekitaldiak berak eta antolatzen diren jarduera zehatzek izaera orokorra izanen dute, publiko mota guztiei irekita egonen dira, eta espazio irekietan eginen dira lehentasunez.
–Entitate eskatzaileek antolatu eta sustatu beharko dituzte ekitaldi guztiak, eta aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritako baldintzak bete.
–Elkarteak, partzuergoak eta toki entitateak behartuta daude hedabideen plan bat egitera, zeinetan bilduko baitira epe diruz lagungarrian entitateak egin edo eginen dituen proposamen guztiak, honako hauekin batera:
a) Zer dinamizazio kanpaina edo ekitaldi egitekoak diren nabarmendu nahi den baliabide, tradizio edo produktuari begira.
b) Zer bisita gidatu eta dastaketa egitekoak diren udalerriko edo inguruko enpresetan nabarmendu nahi den baliabide, tradizio edo produktuarekin lotuta. Produktu kontsumigarrien kasuan, adieraziko da udalerrian edo inguruan eros edo kontsumi daitezkeen urtean zehar.
Komunikazioari dagokionez, zati bat Nafarroatik kanpo egin behar da nahitaez (ahal dela: Bartzelona, Madril, Valentzia, Sevilla, Malaga, Zaragoza, Ipar Euskal Herria, Frantzia). Nafarroatik kanpoko komunikazioan, onartuko da nazio mailako sare sozialetan egitea publizitatea.
Ekitaldiaren komunikazio eta publizitate gastuak izanen dira, gutxienez, ekintza bakoitzeko aurkeztutako aurrekontu osoaren %20.
Behin hedabideen plana berrikusita, adierazitako baldintzak betetzen ez badira, nahiz eta ekintzek gutxieneko aurrekontu diruz lagungarria gainditu eta baremoan 25 puntu baino gehiago lortu, ez da onartuko eta, beraz, ez dira onartuko aurkeztutako ekintzak.
Ez dira diruz lagunduko proposamen mota hauek:
–Herriko festetan, erromerietan, inauterietan, ibarreko festetan edo tokiko festen egutegiko antzeko festetan egiten diren ekitaldiak, ez eta kulturarekin edo kirolarekin lotura nabarmena dutenak ere, amateurrak edo profesionalak izan, salbu eta Nafarroako Turismo Intereseko Festa izendatuta badaude.
Azken kasu horretan, interes adierazpenaren ondorioz diseinatutako ezohiko ekintza edo jarduerak soilik hartzen ahalko dira kontuan, ekitaldia aberastu edo balioesteko helburua dutenak, ez, ordea, festaren egitarauan ohikoak direnak.
–Nafarroako toki entitateen ohiko eta berezko kultur agendan sartzen diren ekitaldiak.
–Elementu nagusitzat bisita edo jarduera gidatuak dituzten ekintzak, baina ez direnak deialdiaren 7. oinarrian sartzen horien kopuruagatik edo iraupenagatik.
–Ekitaldiaren egun edo garai berean egin arren, deialdira aurkezten den ekitaldi nagusiaren esparruan egiten diren beste ekintza edo jarduera batzuk, berezko nortasuna badute edo beste entitate batzuek antolatzen badituzte.
–Proposamenaren funtsezko elementu gisa marka komertzial zehatzak edo Nafarroatik kanpoko produktuak edo produktu markak sartzen dituzten ekitaldi gastronomikoak.
–Osagai turistiko handirik ez duten aurkezpen komertzialak, hitzaldiak edo hitzaldi-zikloak xede dituzten ekitaldiak.
6.2) Diruz lagungarriak diren gastu motak.
Jarraian aipatzen diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak, honako irizpide eta muga hauen arabera:
–Ekitaldiaren komunikazio eta publizitate gastuak osorik lagunduko dira diruz. Atal honetan sartzen dira sorkuntzen diseinua eta irratian, prentsan, sare sozialetan eta antzekoetan eman beharreko iragarkien kontratazioa. Gastu horiek, gutxienez, ekintza bakoitzeko aurkeztutako aurrekontu osoaren %20 izan behar dute.
–Ekitaldia antolatzeko gastuen %50 lagunduko da diruz, betiere gastuak beharrezkotzat jotzen badira eta berariaz baztertuta ez badaude. Gastu hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede:
- Soinu, elektrizitate eta abarren gastuak.
- Muntaketa-gastuak (agertokiak, karpak, etxolak, etab.).
- Ekitaldia egin aurreko eta ondoko 15 egunak baino gutxiagoko estaldura epea duten aseguruak.
- Anbulantziak.
- Komun-ontzi eramangarriak.
- Zaintza eta segurtasuna.
- Ekitaldiarekin lotutako gaietan jantzita dauden adituen gastuak (ostatua, dietak eta kilometrajea), 3.000 euro gehienez. Ez da onartuko zerbitzu-sarien gasturik.
- Jasangarritasun eta irisgarritasun ekintzekin lotutako gastuak. Azken atal honetan gastu hauek sartzen dira:
- Mahai-tresna berrerabilgarriaren alokairua: (https://www.navarra.es/es/web/oficina-prevencion-residuos/vajilla-reutilizable).
- Ekitaldiaren karbono-aztarna konpentsatzeko neurriak (edukiera 2.000 pertsona baino gehiagokoa bada edo jardunaldi batek 2.000 pertsona baino gehiago baditu).
- Irisgarritasuna hobetzeko sostengu produktuak alokatzea, hala nola indukzio-begiztak, arrapala eramangarriak, Joëlette aulkiak edo motxila bibratzaileak.
- Altzari edo ekipamendu irisgarria alokatzea.
- Azpitituluen zerbitzua edo zeinu-mintzairako interpretazioa.
- Ekitaldiaren seinale irisgarriak.
- Irakurketa errazeko PDF irisgarria.
Gehienez 3.000 euro dira diruz lagungarriak egindako jasangarritasun eta irisgarritasun ekintza guztiengatik.
- Dinamizazio gastuak %30ean lagunduko dira diruz. Atal honetan sartzen dira: antzerkia, dantza, antzezpenak, animazioa, dastaketak, show cooking-ak, dekorazioa, jantziak, transhumantziaren antzezpenak eta antzekoak, ekitaldiaren gai nagusiari balio espezifikoa ematen diotenak eta berariaz baztertuta ez daudenak. Baita erakustaldiak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta ekitaldiarekin zerikusia duten jarduerak ere.
- Proposamena antolatzeko eta koordinatzeko kanpoko laguntzaren gastuak. Kontzeptu horrengatik, proposamenaren amaieran aurkeztutako eta gauzatutako gainerako aurrekontuaren %10 onartzen ahalko da gehienez aurrekontu diruz lagungarri gisa. Gastu mota hori ez da izanen diruz lagungarria, kudeatzailetza gastuengatik edo elkarteen kudeaketagatik dirulaguntza duten elkarteen edo partzuergoen kasuan.
–Enpresa elkarteen proposamenen kasuan, dela turismo enpresenak (4.b.3.a atalean definituak), dela Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta ez dauden enpresenak (4.b.3.c atalekoak), baldin eta espazio publiko irekietan egiten diren ekitaldiak antolatzen badituzte (azokak edo antzeko kaleko ekitaldiak), bazkideei zuzeneko eta berehalako onura ekartzen dizkietenak haien berezko jardueraren barnean daudelako, gastu hauek bakarrik lagunduko dira diruz:
- Proposamenaren komunikazioa eta publizitatea.
- Ekitaldia antolatzeko gastuak, lotura dutenak jasangarritasun eta irisgarritasun ekintzekin, dinamizazioarekin eta kanpoko laguntzarekin, ekitaldia antolatu eta koordinatzean.
Nagusiki ostalaritzako lokaletan egiten diren turismoko enpresen elkarteen gainerako ekitaldiak (pintxoen edo kazolatxoen egunak, ehizaren jardunaldi gastronomikoak, etab.) sustapen eta komunikazio ekintzei buruzko 9. oinarriaren arabera lagunduko dira diruz.
6.3) Diruz lagungarriak ez diren gastu motak.
–Ekitaldia egin ondoren ingurunea edo instalazioak garbitzea.
–Lokalen alokairua.
–Ostatatzearen domeinua, berritzea edo urteko kuota, web-orrien edo aplikazio informatikoen mantentze-lanetako gastuak eta antzekoak.
–Dastatzeen gastuak (lehengaia, dastatzeko tresnak, zerbitzarien zerbitzua, etab.).
–Herri bazkariak edo bazkari instituzionalak.
–Ekitaldi instituzionalekin lotutako gastuak.
–Solasaldiak, hitzaldiak edo erakusketak, salbu eta ekitaldiaren ardatz nagusia izan eta harekin zuzenean lotutako gai bati buruzkoak direnean.
–Ekitaldian omendutako edo hartara gonbidatutako pertsonen gastuak.
–Boluntarioekin lotutako gastuak, ekitaldia antolatzeko edo bertako jardueretan parte hartzeko.
–Langile propioak.
–Erakustaldiak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta jarduerak, ekitaldiarekin zerikusirik ez dutenak.
–Haurrei zuzendutako jarduerak eta jolasak.
–Ezein kontzertu edo berbena edo ekitaldia girotzeko musika.
–Garraio-gastuak: autobusak, ekitaldietarako tren turistikoak, etab.
–Opariak, merchandising objektuak, eskudirutan ematen diren sariak, eta sariketa eta lehiaketetako gastuak.
–Ekitaldia egin aurreko eta ondoko 15 egunak baino gehiagoko estaldura epea duten aseguruak.
–Edozein motatako tasak.
–Kirol ekitaldietako anoak.
–Nekazaritza edo abeltzaintzako azoketan, ekitaldiaren nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera tradizionalarekin lotutako gastu guztiak.
–Ekitaldia emititzeko gastuak.
–Patenteak.
–Oro har, proposamena gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerei zuzenean lotuta ez daudela edo ezinbestekoak ez direla jotzen diren gastuak, edo herrietako festetako dinamizazioarekin zerikusi handiagoa dutenak.
6.4.) Ekitaldietarako baremoak.
Ekitaldi bakoitzari balorazio irizpide hauek aplikatuko zaizkio:
TURISMO ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ILDO ESTRATEGIKOETARA EGOKITZEA | PUNTUAK |
Mendi-ibiliekin, zikloturismoarekin, zaldi-turismoarekin eta eski nordikoarekin lotutako ekitaldiak | 10 |
Lurraldeko produktuetan oinarritutako gastronomiaren eta enologiaren sektorea nabarmendu nahi duten ekitaldiak | 10 |
Lehen sektoreari lotutako jarduera tradizionalak sustatzen dituzten ekitaldiak | 10 |
HTJPen jarduketetara egokitzea (baldin eta 2026ko ekainaren 30a baino geroago egiten badira eta NEXT funtsen finantzaketarik ez badute) | 10 |
EKITALDIA EGITEKO EREMUA | PUNTUAK |
Proiektua 3 udalerritan baino gehiagotan egitea | 5 |
Proiektua 3 udalerritan egitea | 3 |
Proiektua 2 udalerritan egitea | 2 |
EKITALDIA EGINEN DEN UDALERRIAREN BIZTANLE KOPURUA | PUNTUAK |
1.500 biztanle baino gutxiago | 15 |
1.500 eta 3.000 biztanle artean | 10 |
3.001 eta 5.000 biztanle artean | 5 |
5.000 biztanle baino gehiago | 0 |
(1) Proiektua edo jarduerak udalerri batean baino gehiagotan egiten badira, haien arteko batezbestekoa kalkulatuko da, eta emaitzari dagokion puntuazioa aplikatuko. | |
ZER EREMU GEOGRAFIKO DUTEN PUBLIZITATE EKINTZEK EDO ERABILITAKO EUSKARRIEK | PUNTUAK |
Autonomikoa eta nazionala | 15 |
Nazioartekoa | 10 |
JASANGARRITASUNA ETA IRISGARRITASUNA | PUNTUAK |
Jasangarritasuna: Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarriaren bereizgarria edukitzea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/obtencion-y-renovacion-de-la-insignia-de-evento-publico-sostenible) | 5 |
Irisgarritasuna: oztopo arkitektonikoak kentzea, bainugela egokituak, gorrentzako gailuak, itsuentzako egokitzapena, etab | 5 |
FINANTZAKETA-ITURRIEN DIBERTSIFIKAZIOA (GEHIENEZ 5 PUNTU) DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUKETATIK, BABESLETZETATIK ETAB. LORTUTAKO DIRU-SARRERAK | PUNTUAK |
Ekitaldiaren aurrekontuaren %50 baino gehiago | 5 |
Ekitaldiaren aurrekontuaren %30 baino gehiago eta %50 gehienez | 3 |
Ekitaldiaren aurrekontuaren %20 baino gehiago eta %30 gehienez | 1 |
PROIEKTUAREN IBILBIDEA | PUNTUAK |
1. edizioa/30 urtetik gorako oroitzapen ekitaldia edo mendeurrenarena | 5 |
2. edizioa | 3 |
IKASTAROA | PUNTUAK |
El Cielo como Recurso Turístico: Astronomía y Eclipse 2026 (2) | 5 |
(2) Ikastaroa online eta aurrez aurre emanen da (2026ko maiatzaren 19an). Baremoko puntuak esleituko dira prestakuntza horren ziurtagiria lortu izan balitz bezala, baldin eta eskatzaileak laguntzaren eskaeran adierazten badu hura egiteko konpromisoa duela. Justifikatze fasean egiaztatuko da konpromiso hori bete den. | |
Ikastaro horretako inskripzioa esteka honen bidez eginen da:
https://turismoprofesional.navarra.es/eu/formacion-y-calidad/programacion-formativa-dgtyc?pagina=1&resultados
6.5) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.
Ondotik adierazten dena aplikatzearen ondoriozkoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:
–Ekitaldi bakoitzeko gutxieneko aurrekontu diruz lagungarria: 4.000 euro. Gutxieneko zenbateko hori, gainera, proposamenaren azken gauzatzean ere bete beharko da.
–Fakturen gutxieneko zenbatekoa ekitaldi bakoitzeko: 300 euro, komunikazio eta sustapen fakturetan izan ezik, horietan ez baita gutxieneko kopururik izanen.
–Ekitaldi bakoitzeko gehieneko aurrekontu diruz lagungarria: 15.000 euro.
–Dirulaguntzaren ehunekoa baremoan lortutako puntuen arabera:
- 25 puntu baino gutxiago: %0.
- 25 eta 40 puntu artean: %50.
- 40 puntu baino gehiago: %65.
7. oinarria. Bisita programak eta/edo jarduera gidatuak edo esperientziak.
7.1) Irizpide orokorrak.
Epigrafe honetan sartzen ahalko dira jarduera eta bisita turistiko gidatuen luzaroko programazioak; ildo horretan, luzarokotzat joko da gutxienez 8 bisita gidatu edo jarduera antolatzea, gutxienez 8 egunetan, betiere diruz lagungarria den aldiaren barnean, elkarteen eta partzuergoen kasuan. Tokiko entitateek, berriz, 4 bisita gidatu edo jarduera egin beharko dituzte gutxienez 4 egunetan, betiere diruz lagungarria den aldiaren barruan. Epigrafe honetan ez da onartuko noizbehinkako bisitarik edo adierazitakoa baino programazio txikiagorik.
Entitate bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahal du, aurkezten duen bisita programa guztia jasotzen duena.
Proposamenak planteatzen dituen bisita edo jarduera gidatuen programazioan askotariko jarduerak sartzen ahal dira, besteak beste:
–Bisitak establezimenduetara edo enpresetara (gaztandegiak, upeltegiak, dolareak, erakusketak, etab.), establezimenduko langileen eskutik edo Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismo aktibo eta kulturaleko enpresen bitartez.
–Bisita gidatuak inguruko baliabideetara (ondareari edo naturari buruzkoak, tradizionalak, antzeztuak, tematikoak, gauekoak, astroturistikoak, Donejakue bidea eta abar), betiere Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatuta dauden turismo aktibo edo kulturaleko enpresek egiten badituzte.
–Formatu txikiko dinamizazio jarduerekin aberastutako bisita gidatuak inguruko baliabideetara, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatuta dauden turismo aktibo edo kulturaleko enpresek egiten badituzte, eta esperientzia hobetzen duten dinamizazio jarduerek bisitaren kostuari ezinbesteko kostu gehigarri bat ekartzen badiote (atal honetan ez da sartuko eta ez da kostu gehigarritzat hartuko produktuak dastatzea edo probatzea).
–Turismo aktiboko jarduera gidatuak, nolabaiteko ahalegin fisikoa edo trebetasuna eskatzen dutenak, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistratutako turismo aktiboko enpresek egiten badituzte.
Aurkeztutako proposamenek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
–Programazioaren eta erreserbatzeko baldintzen berri eman beharko da, gutxienez, programa sustatzen duen entitatearen web-orrian.
–Kontuan hartu beharko dituzte proposatutako jarduerari buruzko osasun gomendioak eta protokoloak, planteatzen den jardueraren arabera, eta, beharrezkoa denean, egokitu egin beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emaniko gomendioetara.
–Nahitaez bete beharko dituzte oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.
7.2) Diruz lagungarriak diren gastu motak.
Jarraian aipatzen diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak, honako irizpide eta muga hauen arabera:
–Eskaeraren egunean Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden turismo aktiboko edo kulturaleko enpresak kontratatzeko gastuak, 7.1 oinarrian bildutako bisitak eta jarduerak egiteko. Programatutako eta egindako bisita bakoitzeko gehienez 150 euroko gastu diruz lagungarria onartuko da, eta turismo aktiboko jardueren kasuan eta dinamizazio jarduerekin, jarduera astroturistikoekin edo enologia eta gastronomia jarduerekin aberastutako bisita gidatuen kasuan, berriz, 250 eurokoa. Kontzeptu honengatik jasotzen ahal den dirulaguntzak 15.000 euroko muga du.
–Proposamenaren komunikazio eta publizitate gastuak. Atal honetan sartzen dira sorkuntzen diseinua, irratiko iragarkiak, prentsakoak, sare sozialak eta antzekoak kontratatzea, eta irakurketa errazeko PDF irisgarria egitea.
–Programazioa antolatu eta koordinatzeko kanpo laguntzaren gastuak, haren berri emateko antolatzen diren hedabideen aurreko aurkezpenak edo prentsaurrekoak barne. Kontzeptu horrengatik, proposamenaren amaieran aurkeztutako eta gauzatutako gainerako aurrekontuaren %10 onartzen ahalko da gehienez aurrekontu diruz lagungarri gisa. Gastu mota hori ez da izanen diruz lagungarria, kudeatzailetza gastuengatik edo elkarteen kudeaketagatik dirulaguntza duten elkarteen edo partzuergoen kasuan.
7.3) Diruz lagungarriak ez diren gastu motak.
Aurreko atalean diruz lagungarritzat jotzen ez direnak, bai eta ikastetxeen bisitak ere.
7.4) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.
Ondotik adierazten dena aplikatzearen ondoriozkoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:
–Gutxieneko aurrekontu diruz lagungarria: 1.500 euro elkarte eta partzuergoentzat eta 750 euro tokiko entitateentzat. Gutxieneko zenbateko hori, gainera, proposamenaren azken gauzatzean ere bete beharko da.
–Gehieneko aurrekontu diruz lagungarria: 15.000 euro.
–Bisita eta/edo jarduera gidatu bakoitzak edo esperientzia bakoitzak %50eko dirulaguntza izanen du.
8. oinarria. Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.
8.1) Irizpide orokorrak.
Turismoko azoka eta aurkezpenetara joanez gero, justifikatu egin beharko da eskaera, bai azokako erakustoki batean arreta emateagatik, bai zaindu beharreko harreman agenda bat izateagatik, bai produktu edo ekintza jakin bat aurkezteagatik. Eskaera honako atal hauetakoren bati egokituko zaio:
a) Estatuan eta Akitania Berrian antolatzen diren turismoaren arloko azoka, workshop eta aurkezpenak, Turismo Zuzendaritza Nagusia erakustokia eramanda bertaratzen denean.
b) Estatuan eta Akitania Berrian antolatzen diren turismoaren arloko azoka, workshop eta aurkezpenak, Turismo Zuzendaritza Nagusia ez denean bertaratzen edo Nafarroako Gobernuaren erakustokia eramaterik ez dagoenean, betiere Turismoko Marketinaren eta Produktuen Zerbitzuaren oniritzia badute.
c) Turismoaren arloko nazioarteko azoka eta aurkezpenak. Ez dira sartzen entitate eskatzaileak Nafarroako Gobernuaren izenean parte hartzen duen kasuak, Gobernuak gastuak bere gain hartzen dituela.
Era berean, turismoko azoka eta aurkezpenetara joatean, oinarri arautzaile hauen II. eranskinean jasotako berezitasun teknikoak bete beharko dira, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta turismoko marka eta logotipoa txertatzeari buruzkoak.
8.2) Diruz lagungarriak diren gastu motak.
Azoka eta aurkezpenetara joatearekin loturik, honako hauek laguntzen ahalko dira diruz:
–Entitate eskatzailearekin lotura zuzena duten bertaratuen garraioa, ostatua eta mantenua (erakustokian arreta emateko kontratatutako langileak edo langile propioak).
–Azoka eta aurkezpenetarako instalazioen kasuan, lurzoruaren, erakustokiaren edo aretoen alokairua, baliabide teknikoen alokairua (megafonia, pantailak...) eta materialak garraiatzea.
Joan-etorria auto partikularrean eginez gero, bidesari, aparkatze eta kilometroen gastuak onartuko dira. Kilometroen kasuan, entitate eskatzailearen egoitza dagoen tokitik azokaren tokira dagoen kilometro kopurua kalkulatuko da, kilometro bakoitzeko 0,35 euro aplikatuta. Ez dira onartuko erregaia hartzeko gastuak.
Bi entitatek edo gehiagok gastuak partekatzen badituzte, arrazoia justifikatu beharko da eta, gastuaren zenbateko osoa aurkeztez gain, entitate bakoitzari haren zer ehuneko dagokion adierazi beharko da; dirulaguntzaren kalkuluan ezarritako mugak ere proportzionalak izanen dira.
8.3) Diruz lagungarriak ez diren gastu motak.
–Azokaren edo aurkezpenaren datetatik kanpo eginiko gastuak, eta aurreko atalean jaso ez den beste edozein gastu.
–Entitate sustatzailearen antolaketa-gastuak.
8.4.) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.
Atal bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa jarraian adierazitakoaren arabera emanen da:
ATALA | AZOKA MOTA | LANGILEEN GASTUETARAKO GEHIENEKO DIRULAGUNTZA | AZOKETARAKO GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
a | Espainiakoak eta Akitania Berrikoak, Nafarroako Gobernuarekin | 200 euro egun bakoitzeko | - |
b | Espainiakoak eta Akitania Berrikoak, Nafarroako Gobernua gabe | 200 euro egun bakoitzeko | Aurrekontu diruz lagungarriaren %70 (aurrekontu diruz lagungarria, gehienez: 5.000 euro azoka bakoitzeko) |
c | Nazioartekoa | 400 euro egun bakoitzeko | Aurrekontu diruz lagungarriaren %70 (aurrekontu diruz lagungarria, gehienez: 8.000 euro azoka bakoitzeko) |
Egunen kopurua kalkulatzeko, egun bat gehituko zaio ostatu-gauen kopuruari. Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko, kontuan hartuko dira entitate eskatzaile bakoitzak atal honetan aurkezten dituen ekintza guztiak.
Diruz lagundu daitekeen aldian zehar, onartuko da azoka batera joan beharrean ezaugarri berdineko beste azoka batera joatea, baldin eta aldaketa hori aldez aurretik eskatzen bada eta Turismoko Marketinaren eta Produktuen Zerbitzuaren oniritzia jasotzen badu.
Entitateak nazio maila zein nazioarte mailako azoka hauetara joan daitezke, Nafarroako Gobernuak standa izan edo ez:
–Fitur (Madril): urtarrilaren 21etik 25era.
–B - Travel (Bartzelona): martxoaren 20tik 22ra.
–Aratur (Zaragoza): maiatzaren 15etik 17ra.
–Caravan, Camping & Motorhome Show (Birmingham, Ingalaterra): otsailaren 17tik 22ra.
–Vakantiebeurs (Utrecht, Herbehereak): urtarrilaren 8tik 11ra.
–Caravana (Leeuwarden, Herbehereak): urtarrilaren 28tik otsailaren 1era.
–Expovacaciones (Bilbo): maiatzaren 8tik 10era.
–Caravan Salon (Dusseldorf, Alemania): abuztuaren 28tik irailaren 6ra.
9. oinarria. Sustapen eta komunikazio ekintzak.
9.1) Irizpide orokorrak.
Epigrafe honetan sartzen ahalko dira, partzuergoek (4.b.1), turismoko enpresa elkarteek (4.b.3.a) eta elkarte mistoek (4.b.3.b) garatutako sustapen eta komunikazio ekintzak eta publizitate-kanpainak, betiere honako irizpide orokor hauek betetzen badituzte:
–Honako hauei buruzko jarduketak izanen dira:
- Enpresa parte-hartzaileen partaidetza eta zuzeneko onura duten ekintzak: ekitaldi eta proposamen gastronomikoak (pintxoaren aste edo hamabostaldiak, jardunaldi gastronomikoak, ehizari buruzkoa eta antzekoak), nagusiki ostalaritzako lokaletan egiten direnak eta 6. oinarrian (ekitaldiak) agertzen ez direnak.
- Sustatzen dituen entitatearekin zerikusia duten jarduerak, baliabideak, enpresak, produktuak, turismo zerbitzuak eta abar.
- Marketin digitaleko ekintza orokorrak, ekitaldien komunikazioarekin edo publizitate kanpainekin lotura zehatzik gabeak.
- Web-orrien funtsezko eguneraketak.
–Ekintza bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da, alderdi hauek identifikatuta:
- Ekintza zehatzaren xede den ekitaldia, produktua, zerbitzua edo baliabidea.
- Ekintzaren berariazko helburua.
- Azken xede-taldea.
- Hedabideen plana eta aurrekontua, ekitaldi, jarduera edo baliabideei buruzko komunikazio ekintzetarako eta publizitate-kanpainetarako.
–Entitate eskatzaileak izan behar du iragarlea.
–Ez dira onartuko haien funtsezko elementu gisa Nafarroatik kanpoko produktuak edo produktu markak planteatzen edo barneratzen dituzten proposamenak.
–Oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak bete behar dituzte, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.
9.2) Diruz lagungarriak diren gastu motak:
a) Turismoko sustapen eta hedapen materialak:
Honako hauek diseinatu eta editatzeko kostuak, Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituenez bestelakoak badira, jasangarritasun printzipioa kontuan hartuta eta ingurumena errespetatzen duten aukerak bilatuta: turismoko ostatuen, baliabideen eta zerbitzu, jarduera edo produktu eskaintzen gidak, katalogoak, bideoak, liburuxkak, irakurketa errazeko PDF irisgarriak, euskarriak eta argitalpenak.
Gidan, bideoan, liburuxkan, katalogoan edo argitalpenean, jasota egonen dira entitate eskatzailea edo lan eremua osatzen duten enpresa edo entitate guztiak, eta ez dira onartuko enpresen edo baliabideen banakako separatak.
Marketin digitaleko euskarrietarako argazkiak edo ikus-entzunezko materialak eskuratzen badira, eskatzaileek egile eskubideak laga beharko dizkiote, dagokion konpromisoaren bidez, Turismo Zuzendaritza Nagusiari, ondoren turismoko sustapen digitaleko ekintzetan erabil ditzan.
b) Publizitate eta/edo sustapen turistikoko kanpainak.
Kanpainak diseinatzeko eta online/offline hedabideak kontratatzeko kostuak:
–Ekintza eta proposamen zehatzak: publizitate kanpainak entitate sustatzailearen jarduketa eta proposamen zehatzei buruzkoak izanen dira, eta azaldu beharko da zein diren kanpainen hasiera eta amaiera egunak, zer produkturi buruzkoak diren eta zer segmentu edo merkaturi zuzentzen zaizkien.
–Publizitate orokorra: era berean, diruz laguntzen ahalko dira kanpaina orokorren diseinua eta destinoen, elkarteen edo sektoreen gaineko publizitate ekintza puntualak, baldin eta izaera orokorra badute, enpresa zehatzetan oinarritzen ez badira, eta sustapen mezu bat zabaltzeko edo egiten duten jarduera turistikoaren balioa nabarmentzeko helburua badute, betiere beste entitate batzuena kaltetu gabe. Horri dagokionez, ez da horrelakotzat hartuko besterik gabe entitatearen logotipoa eta izena publizitate euskarriren batean sartzea.
Offlineko atalean, honako hauetarako gastuak sartzen dira: prentsa, aldizkari espezializatuak, irratia, telebista, argitalpenetan txertatutako iragarkiak, kanpo euskarrietako publizitatea, etab.
Onlineko atalean, berriz, honako hauetarako gastuak sartzen dira: bilatzaileetako publizitatea (SEM), sare sozialetako publizitatea, birmarketin ekintzak, display publizitatea eta hedabide digitaletako erosketa programatikoa.
c) Marketin digitaleko ekintzak.
Marketin digitaleko ekintzak egitea onartzen da, betiere turismo sustapena hobetzera bideratzen badira. Honako hauek izaten ahal dira: web-orriaren SEOa hobetzeko ekintzak, web-orriaren erabilgarritasuna edo erabiltzaileen esperientzia hobetzeko ekintzak, e-mail marketina eta web analitika (txosten pertsonalizatuak sortzea).
d) Web-orriak.
Gastu hauek onartzen dira diruz lagungarritzat: web-orriak eguneratzea, funtsezko aldaketa ekartzen badute web-orrian, gutxienez 1.000 euroko gastu diruz lagungarria egiten dutenak, edukien itzulpenak, adimen artifiziala (AA) ezartzekoak, gailu askotara egokitzeko (responsive) lanak eta gutxienez 1.000 euroko gastu diruz lagungarrira iristen diren mikrositeak.
Kasu guztietan egiaztatu beharko da entitate eskatzailearenak direla diruz lagunduko den web-orriaren domeinua eta jabetza, eta web-orriak hainbat gailutarako egokituta egon beharko du.
Web-orri edo mikrosite bakar bat eguneratzeko proposamena onartuko da entitate eskatzaile bakoitzeko.
9.3) Diruz lagungarriak ez diren gastu motak.
–Sare sozialen edo web-orrien domeinuen, lizentzien eta mantentze-lanen gastuak.
–Lehendik dauden web-orrien aldaketak eta mikrositeak, 1.000 euroko gastu diruz lagungarrira iristen ez badira.
–Materiala garraiatzeko gastuak eta aseguru gastuak.
–Lehiaketetako edo zozketetako sariak.
–Merchandising produktuak.
–Streaming zerbitzuaren gastuak.
–Liburuak editatzea/maketatzea.
–Tiketak, flyerrak, diplomak, kartelak, koadernoak, taloitegiak eta olanak.
–Ez daudenak berariaz ezarrita 9.2 oinarrian.
9.4) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.
Ekintza bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa jarraian adierazitakoaren arabera emanen da:
–Diruz lagungarria den gutxieneko zenbatekoa 1.000 eurokoa da proposamen bakoitzeko. Gutxieneko zenbateko hori, gainera, proposamenaren azken gauzatzean ere bete beharko da.
–Diruz lagungarria den gehieneko zenbatekoa, proposamen bakoitzeko: 10.000 euro.
–Sustapen edo komunikazio ekintza bakoitzak %45eko dirulaguntza izanen du.
10. oinarria. Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen kudeatzailetza.
10.1) Irizpide orokorrak.
Turismo partzuergoek eskatzen ahal dute epigrafe honetako dirulaguntza, baita 4.b.3.a) eta 4.b.3.b) ataletan aipatzen diren turismo elkarteek ere, baldin eta 20 eta 200 bazkide artean badituzte (pertsona fisikoak edo juridikoak) eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimenduen titularrak badira.
10.2) Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarritzat onartzen dira nominan dauden langileen gastuak edo, hala badagokio, enpresa laguntzailearen faktura, deialdian aurreikusitako proposamenak, jarduerak eta ekintzak koordinatzeari dagokionez (6., 7. eta 9. oinarriak).
10.3) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.
Elkarteen kudeaketa gastuetarako dirulaguntza izanen da guztira diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontuaren %20koa (gehieneko aurrekontu diruz lagungarria, onartuta dagoena ekitaldien, bisiten eta/edo jarduera gidatuen, esperientzien eta sustapenaren eta komunikazioaren ataletan), 10.000 euroko mugarekin. Ondoren, nominan dauden langileen gastuaren arabera, edo, kasua bada, enpresa laguntzailearen fakturaren arabera, honako zenbateko hauek batuko dira:
- 20.000 eurotik gorakoak badira: 1.500 euro.
- 10.000 eurotik 20.000 eurora bitartekoak badira: 500 euro.
- 10.000 eurotik beherakoak badira: 0 euro.
Partzuergoen kudeatzailetza gastuetarako dirulaguntza izanen da nominan dauden langileen gastuen %70ekoa, 20.000 euroko mugarekin. Ondoren, kontuan izanda guztira diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua, aurkeztu dena ekitaldien, bisiten eta/edo jarduera gidatuen, esperientzien eta sustapenaren eta komunikazioaren ataletan, zenbateko hauek batuko dira:
- 130.000 eurotik gorakoak badira: 8.000 euro.
- 130.000 eurotik 100.000 euro bitartekoak badira: 3.000 euro.
- 100.000 eurotik beherakoak badira: 1.500 euro.
Laguntzaren azken zenbatekoa benetan egindako ekintzen justifikazioaren arabera doituko da, baina ez da inola ere handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
Ez dira onartuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak sektore turistikoari zuzenduta egiten dituen zerbitzu eta proiektuen zabalkunderako ekintzak bakarrik egiten dituzten elkarteen dirulaguntza eskaerak.
11. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
11.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
11.2. Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, laguntzaren fitxaren bidez. (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-de-desarrollo-y-marketing-turistico-para-asociaciones-turisticas-entes-locales-y-consorcios). Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaerak eskaera-orriaren eta ekintza bakoitzerako berariazko fitxen arabera egin beharko dira, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bat bakarra aurkeztuko du, dirulaguntza eskatzen den ekintza guztien multzorako. Ekintza bat entitate batek baino gehiagok elkarrekin gauzatzen badute, ekintza hori egikaritzea bere gain hartuko duen entitateak aurkeztuko du eskaera; ekintzari dagozkion ordainketa eta gastu guztiak egin beharko ditu.
11.3. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Eskaera-orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira, dokumentu bereizietan eskaneatuta eta behar bezala izendatuta:
11.3.a). Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orrian erantzukizunpeko adierazpen hauek daude:
1. Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.a oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioena.
2. Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen bat, beste entitate batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako dirulaguntza eta laguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.
3. Erantzukizunpeko adierazpen bat, deialdian aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien BEZaren gainekoa. Hartan adieraziko da ea eskatzaileak BEZa berreskuratzen edo konpentsatzen ahal duen. Gainera, hainbanaketa eginez gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da. (F69 eredua, F66 eredua edo baliokidea).
4. Erantzukizunpeko adierazpen bat, eginiko lanei egotzitako lanaldiari eta haietarako erabilitako kostuari buruzkoa, turismo elkarteen kudeaketa ekintzen eta turismo partzuergoen gerentzia ekintzen kasuan.
5. Entitate batek baino gehiagok ekintza bat batera gauzatuz gero, dokumentu bat aurkeztu beharko dute, egiaztatzen dituena entitate bakoitzaren parte hartzeko modua, eginkizunak eta konpromisoak.
11.3.b) Ekintzei buruzko dokumentazioa.
Ekintza bakoitzari buruzko laburpen fitxa normalizatu bat aurkeztuko da, Excel formatuan, laguntza fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz; bertan diru-sarreren eta gastuen aurrekontuari buruzko atalak jaso dira, baita balorazio irizpideak aplikatzeko beharrezko informazioa ere, hala badagokio.
Balorazio irizpideak dirulaguntza eskaerarekin batera (ekintza bakoitzaren fitxa normalizatuan) igorritako informazioarekin aplikatuko dira; irizpide horiek ez dira aplikatuko informazioa eskaerak aurkezteko epetik kanpo igorriz gero.
Ekintza bakoitzeko igorri behar den fitxa normalizatuak (Excel formatuan) oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeko beharrezkoa den informazioa bilduko du, honako zehaztapen hauekin:
–Ekitaldiak. Aurkeztutako proposamen bakoitzeko fitxa bat beteko da. Fitxa horretan, haren deskribapen eta justifikazio laburra eginen da, proposamenaren gaia eta entitatearekin zer lotura duen azalduta, baita inklusibitatearen eta jasangarritasunaren arloan egindako edo aurreikusitako jarduketak ere (eginez gero). Ekitaldi bakoitzaren baldintzei buruzko informazioa emanen da, baita dagokion baremoa aplikatzeko kontuan hartuko diren kontzeptuei buruzkoa ere, behar bezala arrazoituta. Horretaz gainera, ekitaldiaren programazioa ere aurkeztuko da.
–Bisita programak eta/edo jarduera gidatuak edo esperientziak. Aurkeztutako bisita eta jarduera guztiak biltzen dituen fitxa bat beteko da. Fitxa horretan, bisitak, bisita aberastuak edo jarduera gidatuak biltzen dituen programaren deskribapen eta justifikazio laburra eginen da, proposamenaren gaia eta entitatearekin zer lotura duen azalduta, baita inklusibitatearen eta jasangarritasunaren arloan egindako edo aurreikusitako jarduketak ere (eginez gero). Informazioa emanen da ekintza bakoitzaren baldintzei eta kontratatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresei buruz. Halaber, proposamenaren programa eta bisita eta jarduera kopuruaren aurreikuspena aurkeztuko dira.
–Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea. Aurkeztutako ekintza guztiak biltzen dituen fitxa bat beteko da. Turismoko azoka eta aurkezpenetarako, honako hauek adierazi beharko dira: azokaren izena, azokara joateko helburua, zein publikori zuzentzen zaion, data, entitate eskatzaileak zenbat egunez (kopurua) eta zein ordutan hartuko duen parte, gau kopurua, bertaratuko diren pertsonak, erakustoki propioarekin edo beste entitate baten eskutik bertaratuko den, eta gasturik partekatzen den.
–Sustapen eta komunikazio ekintzak. Fitxa bat edo batzuk beteko dira aurkeztutako ekintzen multzorako, gutxienez honako hauek jasoko dituena: ekitaldiaren deskribapena, produktua, zerbitzua, ekintza zehatzaren xede den baliabidea, ekintzaren helburua, xede-taldea, bai eta inklusibitatearen eta jasangarritasunaren arloan egindako edo aurreikusitako jarduerak ere (eginez gero).
–Turismo elkarteen kudeaketa. Adierazi behar da zenbat bazkide dituen elkarteak eta zenbat bazkide diren Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako enpresen titularrak. Halaber, kasuan kasuko kontratuaren kopia erantsiko da (langile propioena zein enpresa laguntzailearena), eginkizun horietara bideratuko den lanaldiaren zatiari eta kostuari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.
–Turismo partzuergoen gerentzia. Fitxan, zehaztu behar dira egin asmo diren turismo kudeaketako ekintzak, 11.1.b oinarrian aipatzen direnen artetik. Halaber, kasuan kasuko kontratuaren kopia erantsiko da (langile propioena), eginkizun horietara bideratuko den lanaldiaren zatiari eta kostuari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.
–Eskatutako ekintza bakoitzerako, diru-sarreren aurreikuspena eta gastuen aurrekontua. Ekintza bakoitzerako, gastuen aurrekontua banakatuko da, diruz lagungarritzat ezarritakoen arabera. Horretaz gainera, diruz lagungarriak diren kontzeptu horietarako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk eskuratzeko aurreikuspena zehaztuko da. Excel laburpen fitxa normalizatu batean aurkeztuko da informazio hori guztia.
Fitxa bakoitzaren aurrekontuan adieraziko da BEZa berreskuratu eta konpentsatzen ahal den, eta, hainbanatuz gero, ehunekoa adieraziko da.
11.3.c) Beste agiri batzuk.
Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintzaren hautaketa justifikatu beharko du eskaera-orriko "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
11.4. Eskaerak ez baditu finkatutako betebeharrak betetzen edo osorik ez badago, jarduketa diruz lagungarriei dagokienez, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskaera epea igaro ondoren ez da onartuko jarduketa diruz lagungarri gehiago sartzea, eskaera egiteko finkatutako epean jakinarazi ez direnak.
12. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen kudeaketa organoa. Eskaerak ebaluatuko ditu eta, hurrengo atalean ezarritakoaren arabera, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non zehaztuko baitira dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituzten entitate onuradunak.
2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela zehaztuko da:
a) Diruz lagungarriak diren ekintzei dagokien dirulaguntza kalkulatuko da dagokien baremoan ezarritakoaren arabera, eta ekintza bakoitzerako ezarritako mugak edo irizpideak kontuan hartuta.
b) Dirulaguntzaren entitate onuradunaren arabera eta 2. oinarrian ezarritako kredituekin bat etorriz, deialdia finantzatzen duten aurrekontuko bi partidetako bakoitzari egotziko zaizkio dagozkion konpromisoak.
c) Deialdia finantzatzen duten aurrekontuko bi partidetako bakoitzean, aurrekontu erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa eginen da.
Hori kalkulatzeko, dagokion partidan baimendutako gastuaren zenbatekoa a) atalean adierazi bezala kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoaz zatituko da.
3. Turismoko zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda eta ekintza bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
4. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
13. oinarria. Jarduketen justifikazioa.
13.1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Gauzaturiko jardueren justifikazioa, beranduenez, 2026ko urriaren 9an aurkeztuko da, egun hori barne.
2026ko azaroaren 6ra arte, egun hori barne, aurkeztuko dira 2026ko iraileko gizarte aseguruei dagozkien ordainketen justifikazioa eta 2026ko hirugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenei dagozkien ordainketen justifikazioa.
13.2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa modu telematikoan aurkeztuko da, eskaerak aurkezteari buruzko oinarri arautzailean adierazitako moduan, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Justifikazioa egiteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.
13.3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztu behar da, agiri bereizietan eta behar bezala identifikaturik. Hauxe da:
a) Justifikatutako jarduketa guztien faktura guztiak biltzen dituen zerrenda bakarra; Excel formatuan aurkeztuko da, laguntza fitxan ezarritako ereduaren arabera. 2026ko iraileko gizarte aseguruak edo 2026ko hirugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenak justifikatuz gero, aipaturiko Excel orrian adierazi beharko da inguruabar hori. Zerrenda horretan, halaber, balio erantsiaren gaineko zergaren berri ere eman behar da, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal den zehaztuta, eta, hainbanatuz gero, ehunekoa adieraziko da.
b) Diruz lagundutako jarduketei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
Fakturek argi eta garbi zehaztu behar dute zer kontzepturengatik ematen diren, eta banakatuta emanen dira zenbatekoak eta gastu-motak (sare sozialak, iragarkiak, materiala, beste batzuk...). Iragarkien eta publizitatearen kasuan, diruz laguntzen den proposamena adierazi behar du fakturak.
Turismoko azoketara eta aurkezpen ekitaldietara joanez gero, garraio, ostatu eta mantenu gastuak, tiketen edo fakturen bidez behar bezala frogatuak (dagozkien ordainagiriekin batera), edo balio bera duten agirien bidez frogatuak, kontratatutako hirugarrenen fakturen kasuan bakarrik. Ostatu fakturek, kasu guztietan, entitatearen izenean egon behar dute. Horrez gain, gastu horiek justifikatzeko, entitate onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat eta bertaratutako pertsonari egindako ordainketaren frogagiria aurkeztu behar dira.
c) Nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio dokumentuak (langileen izen zerrenda eta kotizazio likidazioen zerrenda).
d) Diruz lagundutako jarduketak ordaindu izana justifikatzeko banku agiriak.
Ekintza bakoitzaren fakturekin batera ordainagiria ere aurkeztu beharko da, zenbaki korrelatiboekin. Hain zuzen ere, a) atalean aipatutako fakturen zerrendaren ordena berean aurkeztu beharko dira, eta, ahal dela, PDF dokumentu bakarrean gordeko dira.
e) Langileen nominak edo PFEZaren atxikipenak dituzten fakturak aurkeztuz gero, hileko eredua edo hiruhileko eredua (715 eredua) edo baliokidea aurkeztuko da.
f) Dirulaguntza jaso duten ekintzen amaierako justifikazio memoria: laguntzaren fitxan ezarritako gutxieneko edukia agertu behar da, eta eskatutako baldintzak eta baremoan baloratutako irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten alderdi guztiak garatuko ditu. Gainera, ekitaldien kasuan eta bisita edo jarduera gidatuen programaren kasuan, dirulaguntza jaso duten jardueren argazkiak edo froga grafikoak sartu beharko dira.
g) Dirulaguntza jaso duten jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: zehaztu behar da dirulaguntza honekin batera dirulaguntzaren xede diren jarduketak finantzatzen lagundu duten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts propioak, beste dirulaguntza batzuk edo diruz lagundutako jarduketak eragindako diru-sarrerak, derramak, kirol probetako izen-emateen ondoriozkoak, kideen kuotak edo aparteko derramak diruz lagundutako jarduketa zehatzean parte hartzeagatik, baita babesak ere). Bestelako diru-sarrera edo dirulaguntzarik izan ez bada, hori ere adierazi beharko da.
Adierazpen hori a) atalean adierazitako Excel formatuko ereduan dago.
h) Honako hauen kopiak: prentsa oharrak, egin diren komunikatuak, hedabideetan agertu diren informazioak eta hedabide horietan jarri den publizitatea, halakorik izan bada.
i) Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen material guztien ale bat, iragarkiak, web-orrietan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien erakusgarri bat. Irratiko iragarkien, irratiko elkarrizketen, bideoen, telebistaren eta abarren kasuan, Excel formatuko fakturen zerrenda bakarrean adierazi behar da, zehatz-mehatz, zer unetan esaten den diruz lagundutako ekintza dela.
14. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
Ordainketen ebazpenak 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen dira.
15. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua dago betebehar hori).
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
c) Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari jakinaraztea, jakin bezain laster eta, betiere, 2026ko irailaren 1a baino lehen (egun hori barne):
–Emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, diruz lagundutako jardueraren bat ez bada egin behar aurreikusitako gauzatze aldian; jarduera egiteko aurreikusitako eguna baino lehen jakinarazi beharko da.
–Dirulaguntza jaso duten ekintzen beheranzko aldaketak, baldin eta azken gauzatze maila %75ekoa edo txikiagoa izanen dela aurreikusten bada.
d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.
Nolanahi ere, gauzatze memorietan arrazoituta justifikatu behar dira dirulaguntzaren xede diren jardueren azken gauzatzearen zenbatekoetan izandako beheranzko desbideratzeak, eta bermatu behar da betetzen direla deialdiaren helburuak.
e) Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari jakinaraztea, jakin bezain laster eta gehienez 10 egun balioduneko epean, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza baterako diren beste dirulaguntzetan edo bestelako diru-sarreretan (eskaerako erantzukizunpeko adierazpenean zehaztutakoetan) izandako edozein aldaketa.
f) Behar bezalako publizitatea egitea ekintzak diruz lagundu direla aditzera emateko.
g) Aurkeztutako hedabideen plana betetzea.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (16.1.a oinarrian ezarritakoa):
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, 2026ko urriaren 9ra bitarte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Fakturen eta/edo ordainagirien data 2026ko irailaren 30etik aurrerakoa bada, baina 2026ko urriaren 16a baino lehenagokoa, haiengatik ordaindu beharreko dirulaguntza %30 murriztuko da. 2026ko urriaren 15etik aurrera aurkeztutako fakturak ez dira onartuko.
Urrian egindako jarduketetarako, fakturak edo ordainagiriak 2026ko urriaren 24a baino geroagokoak badira, baina 2026ko azaroaren 9a baino lehenagokoak, ordaindu beharreko dirulaguntza %30 murriztuko da. 2026ko azaroaren 8tik aurrera aurkeztutako fakturak ez dira onartuko.
c) Ezarritako epeak bukatu eta 10 egun baliodunera bitarteko atzerapenarekin aurkezten bada justifikatzeko dokumentazioa, %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Beranduago aurkeztuz gero, dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
d) Dirulaguntza eman zaien ekintzak gauzatzeko egin den gastuaren zenbatekoa txikiagoa izan bada, salbu eta beheranzko aldaketak oinarri honetako 1. atalean ezarri bezala jakinarazi badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Gauzatutako gastua dirulaguntzaren xede izan zen gastuaren %50 eta %75 bitartekoa bada, ekintza horretarako azken dirulaguntzaren ordainketa %50 murriztuko da.
–Gauzatutako gastua dirulaguntzaren xede izan zen gastuaren %50 baino gutxiago bada, ekintza horretarako emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, gauzatutako gastutzat joko da gastu justifikatu onartua, baita akats formalengatik (epez kanpo ordaindu direlako, ez direlako sartu II. eranskinean ezarritako publizitate-betebeharrak, etab.) onartu ezin diren fakturei dagokien gastua ere, betiere entitate eskatzailearentzat diruz lagun daitezkeen kontzeptuei badagozkie.
Gauzatze maila aplikatuko da: ekitaldietako bakoitzerako, bisita edo jarduera gidatuen programa osorako, turismoko azoketara eta aurkezpenetara joateko ekintzen multzo osorako, eta sustapen eta komunikazio ekintzetako bakoitzerako. Adierazitako penalizazioak ez zaizkie aplikatuko turismo elkarteen kudeaketari eta turismo partzuergoen gerentziari buruzko atalei.
e) Ez bada gauzatzen dirulaguntzaren xede den ekintzaren bat, non eta ez den inguruabar horren berri eman 1. atalean ezarri bezala, ekintza horretarako emandako dirulaguntzaren %20 murriztuko da dirulaguntzaren ordainketa.
f) Edozein motatako euskarri, marketin, iragarki, irratiko iragarki, kartel, argitalpen, erreklama eta abarretan ez badira betetzen publizitateari buruzko betebeharrak, komunikazio euskarri horietarako gastuetatik bat ere onartuko.
g) Hedabideen planean jasotako neurriak betetzen ez badira, ez da onartuko ekitaldiak sustatzeko eta jakinarazteko ekintzei dagokienez onartutako gastu osoa.
h) Kanpaina edo jarduketa batean ez bada aipatzen Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela, II. eranskinean ezarritako publizitateari buruzko betebeharra ez dela bete ulertuko da, eta ez da onartuko kanpaina edo jarduketa horri dagokion gasturik ordurako egin bada, edo, bidezko bada, galdu eginen da kanpaina edo jarduera horretarako emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.
i) Deialdian eskatzen den gutxieneko zenbatekoa justifikatzen ez duten ekintza proposamenetan, ekitaldi edo proposamen horri emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
16. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak ekintza bererako emandako beste dirulaguntza edo babes batzuekin; aldiz, bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek eta beste administrazio publiko batzuek eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz atzerrikoek, emandakoekin.
Betiere, deialdi honetako dirulaguntzen xedeko ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo ekintza horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
17. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
18. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
II. ERANSKINA.–ZEHAZTAPEN TEKNIKOAK
Eranskin honetan, dirulaguntzak eskatzen dituzten entitateek deialdirako aurkezten dituzten ekintzen sustapena eta komunikazioa diseinatzean bete beharreko zehaztapen teknikoak azaltzen dira.
Zehazki, honako hau hartu beharko da aintzat:
1. Euskarri fisikoetarako:
–Marka turistikoa sartu beharko da, Turismoko logotipo ofizialaren bidez.
–Baita Nafarroako turismoko web-orri ofizialaren (www.visitnavarra.es) aipamena ere.
Hemendik deskargatu logotipo elebiduna eta beste hizkuntza batzuetakoa:
https://turismoprofesional.navarra.es/eu/servicios-sector/herramientas-y-medios-multimedia/logotipo
2. Hedabide digitaletako publizitate eta sormen piezetarako, Nafarroako marka turistikoa sartu beharko da Turismoko logotipo ofizialaren bidez, eta www.visitnavarra.es web-orria aipatu beharko da edo, web-orrien edo eduki digitalen kasuan, haren zuzeneko esteka gaineratu.
Hemendik deskargatu logotipo elebiduna eta beste hizkuntza batzuetakoa:
https://turismoprofesional.navarra.es/eu/servicios-sector/herramientas-y-medios-multimedia/logotipo.
3. Irratian kanpaina bat eginez gero, honako esaldi hau sartu beharko da: "Subvenciona Gobierno de Navarra-Nafarroako Gobernua". Iragarkia euskaraz bada, berriz, "Nafarroako Gobernuak diruz lagundua".
4. Erreportajeen, prentsa oharren, elkarrizketen eta telebistako albisteen kasuan, ez da aski izanen iragartzen duen kartela paratzea, eta berariazko aipamena egin beharko da: "Subvenciona Gobierno de Navarra-Nafarroako Gobernua". Eta, euskaraz direnean, berriz, "Nafarroako Gobernuak diruz lagundua".
5. Erabiltzen diren sustapen edo komunikazio irudiek eta mezuek inklusiboak izan behar dute. Bereziki zainduko da erabiltzen diren irudi eta mezuak lagungarriak izatea genero estereotipoak ezabatzeko. Era berean, testuak idaztean eta komunikazio tresnetan hizkera inklusiboa erabiltzen dela zainduko da.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen diseinatutako komunikazio ekintzen kasuan, 2026ko deialdian onartuak izateko, 2025eko dirulaguntzen deialdiko zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte, deialdi honetako edozein ekintzaren sustapena eta komunikazioa diseinatzeari dagokionez.
Iragarkiaren kodea: F2605723
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
