2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SAN ADRIÁN
Egoitza elektronikoa sortzea
Bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38. artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluarekin, administrazio publiko guztiek egoitza elektronikoa izan behar dute, eta haren bidez zerbitzu elektronikoetarako sarbidea emanen zaie herritarrei, gardentasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak eta inguru digitalarekiko konfiantza bermaturik.
Egoitza elektronikoak sortzeko betebeharrak eta baldintzak ezarrita daude Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuan.
Hori horrela, San Adriángo alkateak ebazpena eman zuen 2026ko apirilaren 22an. Hona hemen haren xedapen zatia:
"Lehenbizikoa.–San Adriángo Udalaren egoitza elektronikoa sortzea, https://sanadrian.sedipualba.es helbide elektronikoan.
1. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak:
–San Adriángo Udala da egoitza elektronikoaren titularra.
–Egoitzak bermatuko du eskura dagoen informazioa osoa, egiazkoa eta eguneratua dela.
–Behar diren mekanismoak gehituko dira, bermatze aldera komunikazio elektronikoen egiazkotasuna, konfidentzialtasuna eta trazabilitatea.
2. Egoitza elektronikoan eskuragarri dauden zerbitzuak (203/2021 Errege Dekretuaren 8. artikulua):
–Erregistro elektronikoan eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.
–Informazio publikoa kontsultatzea eta deskargatzea.
–Jakinarazpen elektronikoak eskuratzea.
–Udalaren tributu eta tasen ordainketa telematikoa.
–Izapide administratiboko beste zerbitzu batzuk, ezari-ezarian eskuragarriak.
Bigarrena.–Egoitza elektronikoaren publizitatea: ebazpen hau argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta erakundearen web-orrian, hedapena bermatzeko.
Hirugarrena.–Indarra hartzea: egoitza elektronikoa erabiltzeko moduan izanen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia aditzera ematen da, jakin dadin eta gainerako ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten da ebazpen honen aurka, administrazio bidea bukatzen baitu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela zuzenean, Iruñeari dagokion auzitegiaren Administrazioarekiko Auzien Atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, aldez aurretik eta hautara, bi errekurtso hauetako bat: edo gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, edo berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetza honi zuzendua; biak ere hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
San Adriánen, 2026ko apirilaren 22an.–Alkate udalburua, Marta Ezquerra Martínez.
Iragarkiaren kodea: L2606032