90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdi bat, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2026an, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako Nafarroako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei zuzenduta. DDBN kodea: 895926.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak planteatzen du kirol jarduera sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak ematen ahal direla, eta, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak eskola adineko haurrentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen ezen eskola adineko haurrentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-haurren integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak Nafarroako enpresentzat dira, eta natura-ingurunean hezkuntza eta kirol proiektuak antolatzeko gastuen zati bat ordaintzeko baino ez dira erabiliko. Diruz lagundutako proiektuak 3 egunekoak izanen dira, ikastetxeei zuzenduta egonen dira eta ingurumen inpaktu txikia izan beharko dute, ingurumena zaintzen laguntzearren.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak otsailaren 18an emandako 5/2026 Foru Aginduan xedatu zen argitara ematea Hezkuntzako kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko otsailaren 9an hartutako Erabakia, zeinaren bidez biek batera baimendu baitzuten kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari laguntzak eta ekarpen ekonomikoak eman zitzan 2026an ikastetxeetan eskiko, belako, naturan egiten diren jardueretako eta kirol hastapeneko jardueretako eskola kanpainak gauzatzeko.

Horregatik, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuetarako 130.000 euro bideratu dira guztira, honela banatuta:

  • 80.000 euro, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez baimenduko direnak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko A50002-A5100-4709-336100 aurrekontu-partidaren kontura.
  • 50.000 euro, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak martxoaren 4ko 70/2026 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontu-partidaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako Nafarroako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei zuzenduta.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4709-336100: Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak

2026

80.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako enpresei dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten Nafarroan unibertsitateaz kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei zuzenduta.

Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak antolatu, kontrolatu eta gauzatzeak sortutako defizitak. Proiektuak 2025-2026 ikasturtean eskainiak eta eginak izanen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta txanda bakoitzeko hiru eguneko jarduerak izan beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2. Helburua.

2.1. Proiektu horien helburua da naturan gorputz eta kirol jarduerak egitea, ingurumenean inpaktu txikia dutenak, horrela natura zaintzen laguntzeko, heziketaren eta kirolaren ikuspegian oinarrituta; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere ezagutzeak.

Heziketa eta kirol proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak balio beharko du, alde batetik, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Gainera, balioak sustatuko ditu, hala nola adiskidetasuna, hobetzeko gogoa, inklusioa, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna. Eta ahaztu gabe ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa.

2.2. Aurkezten diren proiektuek, xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, aurreko puntuan xedatutakoarekin bat, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak bete beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresek eskatzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, gaur egun kirol zerbitzuak ematen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren beste deialdi espezifikoago batzuen helburu diren edo haien parte diren heziketa eta kirol proiektuak, bai eta aurrekontuan inolako diru-sarrerarik jasotzen ez dutenak ere.

4. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Dagokien erregistroan inskribatuta egotea, kirol zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen dituzten enpresa gisa.

4.2. Inola ere ez dira onuradun izaten ahal apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osoa edo partziala. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.

Halaber, ez dira onuradun izaten ahalko sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren entitateak. Horrez gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

4.3. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4.4. Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.

4.5. Eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren enpresa eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan aipatutako legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez badituzte.

Hori betetzen dela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, baldin eta, kontabilitate araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen elkarteak badira.

Kontabilitate araudiari jarraikiz, galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketa eta kirol proiektuari dagozkion gastuak baino ez dira izanen, eta, zehazki, honako hauek:

A) Proiektua gauzatzeko behar diren enpresako langileen soldatak eta gizarte segurantza:

  • Proiektuaren koordinatzaile bat.
  • Gorputz eta kirol jardueren monitoreak, eta jarduera osagarrien monitoreak.
  • Ostatuetako langileak, autobuseko gidaria eta bestelakoak.

B) Parte-hartzaileen (ikasleak eta irakasleak) ostatua eta mantenua.

C) Parte-hartzaileak jardueretara joateko gastuak (ikasleak eta irakasleak), jarduerak egiten diren lekutik gaua igarotzen den tokirainokoak, eta alderantziz.

D) Jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material espezifikoa, jarduerak irauten duen denboraren proportzioan. Gehienez ere jarduerak hasi baino hilabete lehenago eta jarduerak egin bitartean erositako materiala bakarrik diruz laguntzen ahalko da.

E) Kirol jardueren eta jarduera osagarri eta alternatiboen kostua.

F) Proiektua gauzatzeko behar diren beste gastu batzuk, jarduerak irauten duen denboraren proportzioan.

  • Istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguruak.
  • Ostatu-asegurua.
  • Jardueretan erabilitako ibilgailuen zergak.
  • Jardueretan erabilitako ibilgailuak aztertzea eta ikuskatzea.

G) Taxi bidezko joan-etorriak, ikasleen eta irakasleen osasun egoerarekin loturik.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzen eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoan deialdiari dagokion esteka erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresendako-dirulaguntzak-ikastetxeentan-naturako-jardueren-heziketa-eta-kirol-proiektuak-egiteko.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Dirulaguntzen eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Enpresek aurkeztu beharreko agiriak.

7.1. Laguntzak eskatzeko agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: https://www.navarra.es/eu/kirola.

7.2. Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak:

1. IV. eranskina. Eskabide-orria, 15. oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena.

2. V. eranskina. Heziketa eta kirol proiektua, aurkibidean jasotako puntuak kontuan hartzen eta garatzen dituena.

3. VI. eranskina. Heziketa eta kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

4. Hala badagokio, Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak bete direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

7.3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, 16. oinarriaren arabera. Entitate onuradunek soilik aurkeztu behar dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean. Telematika bidez eginen da, Tramiteen Katalogoan gaitutako botoi baten bidez.

8. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

9. Antolaketa eta instrukzioa.

Laguntza hauek emateko prozeduraren antolaketarako eta instrukziorako unitate organiko eskuduna Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutukoa.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak 130.000 euro bitarte bideratzen ahalko ditu proiektuak finantzatzeko, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak 2026ko ekitaldirako daukan aurrekontuan horretarako kreditu aski eta egokia izatearen mende egonen dira.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 80.000 euro, 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko A50002 A5110 4709 336100 aurrekontu-partidaren kargura.

b) 50.000 euro, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak martxoaren 4ko 70/2026 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontu-partidaren kargura.

10.3. Kasuan kasuko dirulaguntza ematerakoan, alderatu eginen dira aurkeztutako eskaerak, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Puntuazio handiena lortzen duen enpresari dirulaguntzaren zenbateko osoa esleituko zaio. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, bigarren puntuaziorik handiena lortzen duen enpresari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori gainerako enpresa eskatzaileekin errepika daiteke, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoa kalkulatzean, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

11. Ebazpenak.

11.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki-tauletan jarriko dira.

12. Justifikazio agiriak.

12.1. Proiektuaren justifikazio agiriak proiektua bukatzen denetik 2026ko irailaren 1era arte (egun hori barne) aurkeztuko dira:

1. VII. eranskina. Proiektuaren diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

2. VIII. eranskina. Justifikazio kontua.

a) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.

b) Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Zerrendan hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna adieraziko dira.

c) Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa adinakoak. Aurkeztutako zerrendan dagokien zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira, hots: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, "ordaindua" zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

3. IX. eranskina. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

4. X. eranskina. Azpikontratazioari buruzko inprimakia.

5. XI. eranskina. Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia.

6. Xll eranskina. Heziketa eta kirol proiektuaren memoria teknikoa.

12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2026ko ekitaldiaren barnean eman eta jakinaraziko da.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

15.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan behar dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin dituzten zerga-betebeharrak (horren ziurtapena eginen da behar diren ziurtagiriak aurkeztuz eskaerarekin batera, edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena emanez behar den kontsulta egiteko), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

15.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

15.5. Onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. eta 47. artikuluetan ezarritako betebeharrak (Haurrak eta nerabeak indarkeriatik begiratzeko babes integralaren lege organikoa).

Programan adingabeekin lan egiten duten langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa eduki beharko dute. Diruz laguntzen diren programak antolatzen dituzten entitateek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.

15.6. Kirol proiektuaren memorian eta deskribapenean hizkuntza inklusiboa erabiliko da, eta egindako jardueren onuradunen edo erabiltzaileen datu estatistikoak sexuaren arabera bereizita emanen dira.

15.7. Onuradunek erabiltzen diren kirol instalazioen urteko segurtasun aktak eduki beharko dituzte (proiektua zer urtetan gauzatzen den, urte horretakoak).

15.8. Proiektua gauzatzeko erabiltzen diren kirol instalazio guztiek apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretua bete beharko dute, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko baldintzak eta segurtasun neurriak arautzen dituena.

15.9. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko ere, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan gauzatzen den, hango hondakinen kudeaketarekin bat.

Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

15.10. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

15.11. Onuradunek, dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabili beharko dute, betiere Nafarroako Gobernuaren sinboloak eta haien erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua betez (deskargatu 2030 Agendaren logoa esteka honetatik: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), bai eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fiskoaren Institutuaren logoa eta Nafarroa 2027an Kirolaren Europako Eskualdea izateko hautagaitzaren logoa ere (esteka honetatik deskargatu: https://www.deportenavarra.es/eu/logotipoak).

15.12. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.13. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.

15.14. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16. Gardentasun betebeharrak.

Enpresa onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eta, behartuta badaude, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluen ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

17. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Enpresek, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50 azpikontrata dezakete. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

17.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematika bidez eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.

20. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen IV. eranskinean informazioa eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

21. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin. Era berean, deialdi hau onesten duen foru agindua aplikatzearen ondorioz Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

22. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2605062