90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGUILAR KODES

Herritarren segurtasuna eta bizikidetza arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

Aguilar Kodesko Udalak, 2025ko abenduaren 22ko osoko bilkura arruntean, behin betiko onespena eman zion herritarren segurtasuna eta bizikidetza arautzen duen ordenantzari, eta jendaurrean ikusgai jarri zen 2026ko otsailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, 29. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsi da ordenantza, zeinaren testua iragarki honen eranskinean jaso baita.

Aguilar Kodesen, 2026ko apirilaren 23an.–Alkatea, Jesús Angel Améscua Martínez de Rituerto.

HERRITARREN SEGURTASUNA ETA BIZIKIDETZA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA.–ARAU OROKORRAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Lege oinarria.

Ordenantzak Toki Autonomiaren Europako Gutuneko irizpide orientatzaileak jasotzen ditu, Konstituzioaren 140 eta 141 artikuluetan aurreikusitako Toki Araubideari buruzko Espainiako legedian jasotako kolektibitateei dagokienez.

Ordenantza honen legezko funtsa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikuluan aitortutako ahalmena. Haren bidez, toki entitateek zilegi dute herritarren jardueretan esku hartzea ordenantzen eta bandoen bidez.

Halaber, ordenantza arau-hauste eta zehapenak tipifikatzeko udal ahalerarekin jaso da, haren bidez, herritarren bizikidetza arautzeko, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 legeak, 139. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusita.

2. artikulua. Helburua eta xedea.

Ordenantza honen xedea da eremu publikoa zaintzea gizalegezko eta elkarbizitzarako leku gisa, hartan pertsona guztiek beren jarduerak askatasunez gauza ditzaten, dela joan-etorri librea, dela aisialdia, dela topaketa, dela josteta, errespetu osoa erakutsirik besteen duintasunari eta eskubideei eta Aguilar Kodesen diren adierazpide kultural, politiko, linguistiko eta erlijiosoen eta bizimolde ezberdinen aniztasunari.

Ordenantza honen helburua da herritarren jardueren oinarrizko alderdiak agintzea, udalerriaren bizitza sozialaren funtzionamendu normala gauzatzea eta bizikidetza arauak betetzen direla bermatzea, ingurumena eta osasun publikoa errespetatuta, zehazki:

–Udal-jarduketa arautu erkidegoaren bizikidetasunerako.

–Udal-jarduketa arautu erkidegoaren zarata-egiteei eta dardara-egiteei dagokienez.

Halaber, ordenantza honen helburua da elkarbizitzaren eta babesaren aztoramena prebenitzea da, bai udal ondasun publikoena eta bai Aguilar Kodes udalerriaren hirigintza- eta arkitektura-ondare direnena, eraso, aldatze edota erabilera okerren aurrean, gizalegearen aurkako jokabideak zehaztea eta eragindako kalteak konpontzea.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Aguilar Kodesko udal-mugarte osoan aplikatuko da. Ordenantza hiriko espazio publiko guztietan aplikatuko da (kaleak, zirkulazio bideak, espaloiak, plazak, gune berdeak, aparkalekuak... Baita obrak, instalazioak, hiri altzariak eta bestelako ondareak, eta bertan diren udaleko jabari publikoko elementuak ere).

Halaber, ordenantza honen babes-neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko baten ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola: ibilgailuak, bizikletak, bizikleta aparkalekuak, edukiontziak, hesiak, kartelak, iragarkiak, trafiko seinaleak, kioskoak, terrazak eguzki-oihalak, jardinerak eta gisako gainerako ondasunak.

Ordenantza Aguilar Kodesko udalerrian dauden pertsona guztiei aplikatuko zaie, edozein dela ere beraien egoera juridiko-administratiboa.

Halaber, adin-txikikoen jokaerei ere aplikatuko zaio ordenantza honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitako baldintza eta ondorioetan. Berariaz hala ezartzekotan, gurasoak, tutoreak edota egitezko zaintzaileak ere arau-haustearen arduraduntzat hartu daitezke, adin-txikikoek eragindako dolo, kulpa edo zabarkeria eragiteagatik.

Aguilar Kodesko udal-mugartea mugatze eta finkatze aktetan zehaztutakoa da.

II. KAPITULUA.–HERRITARREN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

4. artikulua. Eskubideak.

Udal-mugarteko auzotarren eskubideak hurrengoak dira:

–Pertsonaren eta haren ondareak babesteko eskubidea.

–Udal-zerbitzu publikoak erabiltzea, eta herri-lurretako aprobetxamenduaz baliatzea aplikatzekoak diren arauen arabera.

–Hiriko espazio publikoetan aske jokatzea eta askatasunean errespetatua izatea. Eskubidea ordenantza honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritako portaera-arauetara mugatzen da, zehazki, elkarbizitza eta gizalege betebeharretara, eta, bereziki, beste pertsonen askatasuna, duintasuna eta eskubideak errespetatzeko betebeharrera.

–Arrazoitutako eskaria aurrez eginda, informazioa jasotzea, eta udal-espediente eta -agiri guztien udal-administrazioari eskaerak egitea.

–Legean aurreikusten den bezala, herri-galdeketa eskatzea.

–Zerbitzu publikoek ongi funtzionatzea eta Udalak, udal zerbitzu eskudunen bitartez, modu eraginkorrean zaintzea herritarren arteko bizikidetzari buruz berak nahiz beste batzuek dituzten arauak betetzen direla, edo dagozkion salaketak tramitatzea arlo horretako arau-haustea ekartzen duten jarduketen kontra.

–Bere izaeraren arabera, udal zerbitzu publikoak erabiltzea.

–Legeak esleitutako bestelako eskubideak.

Aurretik aipatutakoa 1978ko Espainiako Konstituzioak, legeek eta gainerako ordenamendu juridikoak aitortzen dizkiete edo aitor diezazkieten beste eskubide guztiei kalterik egin gabe.

5. artikulua. Betebeharrak.

Aguilar Kodesko udal-mugarteko auzotarrek eta udalerrian ordenantza honetan jasotzen diren jarduerak gauzatzen dituztenek ordenantza honetako betebeharrak eta alkatetzak, bere eskumenak erabiliz, argitara ditzakeen bandoetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte. Ordenantza honen eta udal-bandoen edukia ez ezagutzeak ez du salbuesten haiek begiratzetik eta betetzetik.

Edonola ere, hurrengoak bete beharko dituzte:

–Herritarren bizikidetza eta lasaitasuna errespetatzea. Inork ezin ditu bere jokaerarekin beste pertsonen eskubideak kaltetu, besteen askatasunaren edo duintasunaren aurka egin, ezta oro har elkarbizitzan onartzen diren konbikzio edo irizpideak hautsi ere. Pertsona orok uko egin behar dio abusua, arbitrariotasuna, diskriminazioa, indarkeria fisikoa edo edozein motatako derrigortze dakarren edozein jokabideri.

–Bide eta espazio publikoak egoki erabiltzea (hala nola: kaleak, etorbideak, pasealekuak, plazak, bideak, parkeak, lorategiak, zubiak, iturria), baita udal-mugarteko udal-lokalen eta egoitza ofizialen erabilera ere.

–Udal-lokalen eta egoitza ofizialen materiala eta tresnak egoki erabiltzea.

–Legedian aurreikusitako udal-kudeaketan parte hartzea, eta, hala beharrez gero, gobernu-organoek eta udal-administrazioek auzotarren lankidetza eskatzean.

–Indarreko araudiak ezartzen dituen ondoriozko betebeharrak betetzea.

6. artikulua. Atzerritarrak.

Adin-nagusitasuna duten eta herritartuta dauden atzerritarrek auzotarren eskubide eta betebehar berdinak dituzte, izaera politikoa dutenak salbuetsita. Aitzitik, sufragio aktiboko edo pasiboko eskubidea izanen dute indarrean dagoen hauteslearen araudiaren baldintzetan.

II. TITULUA–APAINTASUN PUBLIKOA ETA HERRITARREN BIZIKIDETZA

I. KAPITULUA–APAINTASUN PUBLIKOA

7. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea erabilera erkideko erregulazioa da, erabilera eta luperketa erkideko elementu guztiak barne, eta, bereziki, plazak, kaleak, parkeak, lorategiak, iturriak, urmaelak, zubiak, udaletxea, hilerria eta gure udalerrian izaera publikoa duten bestelako ondareak.

8. artikulua. Betebeharrak.

Aguilar Kodesko udal-mugarteko auzotarrek eta udalerrian ordenantza honetan jasotzen diren jarduerak gauzatzen dituztenek, kapitulu honetan erregulatzen den materiari lotuta, hurrengo betebeharrak dituzte:

–Bide, espazio eta hiri altzari publikoak egoki erabiltzea, baita udal-mugartean kokatutako udal-lokalen eta egoitza ofizialen erabilera egokia.

–Udal-lokalen eta egoitza ofizialen materiala eta tresnak egoki erabiltzea.

–Bide publikoan pertsonei edo ondare publiko edo pribatuei kalte egin diezaieketen jarduerak ez egitea, batez ere, erabilera erkideko elementuen erabilera desegokia edo haustea; adibidez, hiri altzariak (bankuak, zakarrontziak, kale-argiak, edukiontziak); lorategi eta parke publikoen zuhaitzak eta landareak moztea, edo haien adarrak haustea; eta pareta eta fatxadak publiko edo pribatuak pintatzea edo grafitiak egitea, edozein dela sinbologia edo materiala, jabeen aurretiko baimenik gabe.

II. KAPITULUA.–HERRITARREN BIZIKIDETZAREN ERREGULAZIOA

9. artikulua. Establezimendu publikoak.

Publikora irekita dauden establezimenduen jabeek, eta jaberik ezean, horietan burutzen diren jardueren titularrek, beste pertsonei kalte egin edo egin diezaieketen jarduketak ekidin beharko dituzte, baita gizalegearen kontrako edo desatsegina izan daitekeen edozein jarduketa. Eta jabeari egotzi ezin dakiokeen arrazoia bada, jarduketak eten ezinean, udaltzaingoari edo agintaritza eskudunei jakinarazi beharko die, haiek ordena eta errespetu publikoa berma dezaten.

10. artikulua. Herritarren bizikidetzako mugaketak.

Gizalege soziala eta gizalegezko bizikidetzak garapen egokiagoa izan dezaten, hurrengoak egitea debekatuta dago:

–Ordutegiz kanpo udal-lokal eta -egoitzetara sartu.

–Animaliak segurtasun-neurririk gabe aske eramatea.

–Udal-lokalen eta egoitza ofizialen azpiegiturak ordutegiz kanpo erabiltzea, udaleko arduradun baten aurre baimenik gabe.

–Udal-lokal eta egoitza ofizialetara sartzea jarduerak eta bilerak egiteko berariaz udal baimena eskuratu gabe.

–Sua piztea, horretarako ezarritako lekuetatik kanpo.

–Petardoak, trakak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak udal-mugartean erabiltzea. Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen ematen ahalko du, eta hartan erabilera-baldintzak finkatuko ditu.

–Udal-mugartean nonahi kanpatzea, horretarako gaituta ez dauden lekuetan.

–Paperak, zaborra edo antzeko hondakinak bide publikoan botatzea.

–Iragarkiak, errotuluak, publizitate-elementuak jartzea beharrezko baimena gabe.

–Kaka edo pixa egitea esparru edo lokalen kanpoaldean, publiko nahiz pribatu izan (eta, batez ere, bide publikoan, espaloietan, kaleetan, plazetan, parkeetan eta lorategietan, etab.).

III. TITULUA–BIDE PUBLIKOA ETA LORATEGIAK

I. KAPITULUA–BIDE PUBLIKOAREN ERABILERA

11. artikulua. Eremu publikoaren erabilera.

Ordenantza honen arabera, bide publikoaren erabilera pertsona fisiko eta juridiko orok bideari eman diezaioketen erabilera edo aprobetxamendua da.

12. artikulua. Jabari publikoko ondasunak erabiltzea.

Jabari publikoko ondasunei dagokienez:

–Erabilera erkidekoa da, biztanle guztiei berdin dagokiena. Batek erabiltzeak ez du besteek hura ere erabiltzea eragotzi behar.

–Erabilera orokorra, egoera bereziak suertatzen direnean.

–Erabilera berezia, egoera arriskutsu, bortitz eta gisakoak gertatzen direnean.

–Erabilera pribatiboa, jabari edo lurzati publikoa zuzeneko edo berehalako okupazioan datza, eta beste pertsonek honen erabilera mugatzen edo ekiditen denean.

13. artikulua. Bide publikoaren erabilera, aprobetxamendu eta luperketa.

Bide publikoaren erabilera, aprobetxamendu eta luperketa erabilera orokorrean datza, biztanle guztien erabilera librea eta mugarik gabekoa, legezko xedapenak salbuespen.

Erabilera orokor berezia beharrezkoa duten jarduerek, okupazioek eta aprobetxamenduek udal-lizentzia baten baitan egon behar dira. Bide publikoaren erabilera hurrengo helburuetarako baimendu daiteke:

–Egonekoa ez den salmentarako.

–Tabernen eta terrazen mahaiak eta aulkiak jartzeko.

–Eraisketen eta obren hondakindegiak jartzeko.

14. artikulua. Egonekoa ez den salmenta.

Ordenantza honen arabera, komertzialek establezimendu komertzial baten kanpoan egiten duten salmenta egonekoa ez den salmenta da, betiere ohiko salmenta, puntuala, aldizkakoa edo etengabea denean, esparru, perimetro edo behar bezala baimenduta dauden lekuetan, eta instalazio komertzial desmuntagarri edo eramangarrietan. Salmenta mota honek udal-baimena beharrezkoa du, eta, horretarako, indarrean dagoen araudiko betekizunak eta zehaztutako baldintzak betetzen dituela egilesten duen akreditazio errekeritzen da.

Egonekoa ez den salmenta-modalitate hauek ezarri dira:

–Egonekoa ez den aldizkako salmenta: leku zehatzetan baimentzen dena, aldizkakotasun erregularra eta zehaztuta duena.

–Egonekoa ez den salmenta noizbehinkako azoketan: noizbehinkako azoketan baimentzen dena, jaiak direlako edo bestelako ospakizunak antolatzen direlako.

15. artikulua. Bide publikoaren erabilera pribatiboa.

Bide publikoaren okupazioa erabilera pribatiboan lizentzia edo emakida administratibo baten bidez baimentzen da. Lizentzia bidez baimenduko da jabari publikoa eraldatu edo transformatzen ez duenean, eta emakida administratibo bidez hura eraldatu edo transformatzen duenean.

Bide publikoaren okupazioa erabilera pribatiboan baimendu daiteke hurrengoak jartzeko:

–Kiosko iraunkorrak edo aldi baterakoak.

–Aparatu estatiko iragarle eta publizitario argiztatuak.

–Publizitate kartelak.

–Erloju-termometro argiztatuak.

–Udalak erabakitako beste instalazioak edo objektuak.

II. KAPITULUA –GUNE BERDEEN ETA HIRI-PAISAIAREN BABESA

16. artikulua. Xedapen orokorrak.

Titulu honen xedea landare-guneak eta horietan landatutako landareen babesa eta defentsa da, jabetza publikokoa nahiz pribatukoa izan, edota jabetza udalarena, probintziarena edo administrazioena den, betiere Aguilar Kodesko udal-mugartean badaude eta gune berde gisa onartuta edo hirigintza-plangintzan kontuan hartuta badaude.

17. artikulua. Hiri-zuhaiztien kontserbazioa, defentsa eta babesa.

Hiri-zuhaiztiek beharrezkoak dituzten ekintzak Udalaren eskumenekoak dira, eta zehazki baimendu beharko du horri eragiten dion beharrezkoa den edozein ekintza.

Zuhaitzak dituzten lurren jabeek, bide publikoaren aldamenean daudenean, zuhaitzen mantentze-lanak egin beharko dituzte bidea ez oztopatzeko eta arriskurik ez sortzeko. Ez-betetzeak Udalari sorospen exekuzioa baimentzeko boterea ematen dio beharrezkoak diren lana egiteko, behartutako jabearen kontura.

18. artikulua. Parkeak, lorategiak eta plazak.

Biztanleek ondare begetalaz osatutako inguruak errespetatu beharko dituzte, besteak beste: parkeak, lorategiak, plazak eta gisakoak (adibidez: estatuak, jokoak, bankuak edo kale-argiak).

IV. TITULUA –INGURUMENA

I. KAPITULUA.–ZARATAK

19. artikulua. Etxe zaratak.

Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu, eta bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta ordenantza honek arautzen dituen baldintza hauen arabera:

a) Debeku da saihestu daitekeen edozein zarata egitea etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan, baldin eta urratzen badu auzokoen atsedena, edo hura larriki oztopatzen badu, eta gainditzen baditu legez ezarritako mugak.

b) Debeku da motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako edozein zarata, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, bai eta ibilgailuetan musika-ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo beste zarata batzuk egitea, baldin larriki urratzen ahal badute bide publikoaren gainerako erabiltzaileen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena.

c) Debeku da botatzea zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako gai piroteknikoak, Udalaren baimenik gabe.

d) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean. (Eguneko ordutegia, 8:00etatik 22:00etara; gaueko ordutegia, 22:00etatik 8:00etara. Administrazioak ordu bat aurrera dezake eguneko ordutegia). Larunbat, igande eta jaiegunetan, eguneko ordutegia izanen da 10:00etatik 20:00etara.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.

20. artikulua. Merkataritza edo industria jarduerak sortutako zaratak.

Industria lanetatik, eta oro har egindako jardueretatik, sortutako zaratek eta dardarek, bai merkataritzakoak, bai profesionalak, edo edozein gisakoak, ez dute, inola ere, gehieneko-maila gainditzen ahalko, ez halabeharrezko udal-lizentzian ezarritako ordutegian, ezta materia zehatza hau erregulatzen duen legean ezarritakoan ere.

21. artikulua. Bide publikoko jarduera.

Jaiak, festak eta manifestazio popularreko antzeko erak Udalari komunikatu behar zaizkio, honek beharrezkoak diren neurriak ezarri ditzan eta jarduerak egoki garatu daitezen. Nolanahi ere, betebehar hauek bete beharko dira:

–Baimen edo komunikazio eskaera, non jaiaren edo ekitaldiaren hasiera eta bukaera ordua zehaztuko den, indarrean dagoen legediak adierazten duen aldez-aurreko denborarekin bete beharko da, eta gobernu-baimena edo baimen autonomikoa eskatu, dagokionaren arabera.

–Alkatetzak, sortu daitezkeen zaratak edo herritarren bizikidetzan eragin dezakeen beste aldaketak direla eta, gomendio batzuk eskaini ditzake sortu daitezkeen eragozpenak murrizteko.

22. artikulua. Ibilgailuen zirkulazioa.

Aguilar Kodesko udal-mugartean zirkulatzen duten ibilgailuek isilgailu egokia izanen dute, etengabe funtzionatzen eta egoera egokian, jatorrizko isilgailu-mota edo Europar Batasunak homologatutakoa daramaten ibilgailuen gehiegizko zarata edo zarata arraroak eta desatseginak saihesteko.

Ez da isilgailurik egonen bypass edo zerbitzuz kanpo utzi dezaketen antzeko gailuekin muntatuta. Inork ez du gehiegizko zaratarik edo zarata arrarorik sortzen duen ibilgailurik abiarazten ahalko.

Erabat debekatuta dago klaxona edo seinale akustikoak eta alarma aktibatuak, larrialdi egoeretan eta bide-segurtasunari buruzko araudian aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Halaber, erabat debekatuta daude bat-bateko azelerazioek eta azelerazio karrankariek sortutako zaratak.

II. KAPITULUA.–HONDAKINAK

23. artikulua. Hondakin kontzeptua.

Hurrengoak hondakinak eta hiri-hondakin solidoak hurrengoa dira:

–Hondakin solidoak etxe-hondakinak dira, edota merkataritza edo zerbitzu jarduerek sortutako horiek, baita kaleen, parkeen eta lorategien garbiketatik sortzen dena ere.

–Ibilgailuak eta etxeko tresnak, makinaria eta utzitako ekipamendu industriala.

–Obra-hondakinak.

–Hondakin biologikoak eta sanitarioak, hildako animaliak barne, eta jarduera sanitarioetatik, ikerketetatik, fabrikazioetatik sortutako hondakinak, betiere konposizio biologikoa dutenean eta tratamendu berezia behar dutenean.

–Hondakin industriala, lohia eta lokatza barne.

–Nekazaritza jardueretatik sortutako hondakinak. Horien artean, laborantza behartuetarako erabiltzen diren substratuak, plastikoak eta labore horiek aire zabaletik babesteko erabiltzen diren gainerako materialak.

24. artikulua. Hondakinen erregulazioa.

Hurrengo jarduketak debekatzen dira:

–Zakarra edukiontzi egokiez kanpo botatzea, bide publikoan botatzea, zirkulazioa edota bizilagunei eragoztea.

–Altzariak edukiontzietan uztea, Udalak hondakin horietarako Traperos de Emaús zerbitzua kontratatua baitu, Jurramendiko Mankomunitatearen bidez.

–Hondakinak, hondarrak eta, oro har, edozein hondakin botatzea edo uztea eremu publiko eta pribatuetan, eta orobat haien sarbideetan eta hesitutako edo hesitu gabeko orube edo finketan. Bideko garbiketa produktuak (edukiontziak, paperontziak, etab.) erabili beharko dira beti.

–Bide publikoa materialen edo edozein produkturen biltegiratze leku gisa erabiltzea.

–Edozein hondakin aire zabalean kontrolik gabe erraustea bereziki debekatuta dago.

–Bide publikoen garbiketaren eta mantentze-lanen aurka egiten duten antzekoak.

25. artikulua. Bide publikoa okupatzeko lizentzia duten jabeen garbiketa betebeharrak.

Bide publikoa okupatzeko lizentzia edo baimena duten jabeek baimendutako jardueraren lekua garbi mantentzeko betebeharra du jardueraren ordutegian eta behin hura bukatuta. Araua bereziki bide publikoan kokatzen diren kiosko, saltoki, taberna, kafetegia edo gisakoentzat da. Azken horrekin bide publikoaren azalera beladore edo aulkiekin okupatzeari erreferentzia egiten dio.

V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

26. artikulua. Ikuskapena.

Udalari dagokio ordenantza honetan xedatua betetzen dela zaintzea.

Bizilagunak udal zainketaren elkarlanera behartuta daude, kontrolak egoki burutzeko baimena emanda, informazioa bilduta, laginak bilduta eta behar diren bestelako lanak eginda, zainketa lanak egoki egin ahal izateko.

27. artikulua. Zehatzeko ahalmena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.n) artikuluaren arabera, alkateak izanen du zehatzeko ahala, bere eskumenen esparruan, baldin eta legez edo erregelamenduz jokabide eta arau-hauste horien zehapena eta ikuskapena esleituta badauzka, eta betiere dagokion administrazio-espedientea hasi ondoren, hargatik eragotzi gabe egitateak jakinarazi behar izatea gaiaren edo agintaritza judizialaren arabera eskudunak izan daitezkeen beste administrazio-instantzia batzuei, delitu edo falta izan badaitezke.

Honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen-espedientea: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. Titulua, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea.

28. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

Arau-hauste oso astunak arau-hauste astunak errepikatzean direnak dira, eta baita hurrengoak ere:

–Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzen duten jarduerek, beste pertsonen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; herritarren segurtasunaren babesari buruzko araudian tipifikatutako arau-hausteetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

–Udal-lokal eta egoitza ofizialetara ordutegiz kanpo sartzea jarduera eta bilerak egiteko, aurretik udal baimena eskuratu gabe.

–Udal-lokalen eta egoitza ofizialen azpiegiturak ordutegiz kanpo erabiltzea, udaleko arduradun baten aurre baimenik gabe.

–Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Eremu publikoak edo haietako herritarren segurtasunerako edozein instalazio eta elementu, modu larrian hondatzen dituzten egintzak.

–Bide publikoan oinezkoen eta ibilgailuen igarotzea larriki oztopatzen duen edozein elementu jartzea, bide-segurtasun kalterik egin gabe.

–Animaliei, landareei, zuhaiztiei edota hiri altzariei edozein motatako kalterik egitea.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru astuna izanda.

–Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

–Hamabi hilabeteko epean hiru falta astun egitea.

Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:

–Udal-mugarteko udal-lokalen eta egoitza ofizialen bide eta espazio publikoak oker erabiltzea (kaleak, pasealekuak, plazak, bideak, parkeak, lorategiak, zubiak, iturriak, etab.).

–Udal-lokalen eta egoitza ofizialen materiala eta tresnak oker erabiltzea.

–Zakarra bide publikoan diren edukiontzi okerretatik kanpo botatzea, zirkulazioa edota herritarrak eragotzita.

–Udal-mugartean nonahi kanpatzea, horretarako gaituta ez dauden lekuetan.

–Altzariak edukiontzi okerretan botatzea, Udalak hondakin horietarako zerbitzua kontratatua baitu.

–Premia fisiologikoak eremu publikoan egitea.

–Parkeei eta landaketei kalte egin ahal diezaiekeen edozein jarduera egitea, baita landareak, loreak edo fruituak hondatu ahal ditzakeen edozein ekintza, hala nola arboletara igotzea.

–Iturri, urmael edo gisako uretara gauzak botatzea.

–Betebeharra dagokionean, animaliak libre edo muturrekorik gabe eramatea.

–Hiri altzariak kaltetzea, edo horiek helburu pribatuekin erabiltzea eta erabilera publiko oztopatzea; hala nola, horien jatorrizko kokapena aldatzea. Halaber, hondakinek edukiontzien lekualdaketa edo erabilera okerra, Udalaren berariazko baimena gabe.

–Apaindura edo erabilera publikoko ondasunetan pintatzea, idaztea edo zikintzea, eta orobat eskuorriak edo gisakoak barreiatzea edo botatzea, afixak itsastea leku baimenduetatik kanpora, eta pintadak egitea Udalak berariaz baimendu gabe.

–Afixak, pankartak edo gisako publizitate elementuak paratzea, Udalak berariaz baimendu gabe.

–Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztea edo pizturik edukitzea, baita petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak baimenik gabe erabiltzea ere udal mugarte guztian.

–Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ohiko funtzionamendua trabatzen edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

–Arau-hauste arinak errepikatzea.

Falta arinak izanen dira ordenantza honetan arau-hauste astun edo oso astun gisa deskribatzen ez direnak.

29. artikulua. Zehapenak.

Udal-ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste oso astunak: 3.000 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 1.500 euro arteko isuna.

–Arau-hauste arinak: 750 euro arteko isuna.

30. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Zehapenak eta objektiboki hautsitako arau-hausteak mailakatzeko proportzionaltasunaren printzipioa kontuan hartuko da:

–Nahita edo nahi gabe egitea.

–Ondare publiko edo pribatuei eragindako kalteak.

–Arau-hausteetan berrerortzea.

–Noraino hartu den parte.

–Herritarrekin bizikidetzeko transzendentzia.

–Arau-hauslearen egoera pertsonala.

Arau-hausteetan berrerortzetzat hartuko da arau-hauslea aurrez zehatuta izan denean eta zehapen-ebazpena ezarri denean.

31. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.

Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Eragindako kalteak eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

Aurreko apartatuko b) letran jasotzen diren inguruabarrak gertatzen ez direlarik, eragindako kalte-galeren ordaina prozedura osagarri baten bidez zehaztuko da; haren ebazpena berehala betetzekoa izanen da. Prozeduraren ebazpenak azkena emanen dio bide administratiboari.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan.

Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunen buruan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluekin bat, eta indarrean iraunen du harik eta aldatzen edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2606127