1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
45/2026 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita azterlan bat, aztertzen duena zer aukera dauden eskola-jantoki arrunt jakin batzuk eskualdeko jantoki izendatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenez, eskualdeko jantokiak dira Hezkuntza Departamentuak halakotzat izendatzen dituenak, eskola-jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Departamentuak antolatutako eskola-garraioaren erabileraren mende dauden ikasleak hartzen dituzten ikastetxeetako premiei erantzun beharrez. Hezkuntza Departamentuak antolatuko ditu, ikastetxeetako eskola kontseiluekin eta zuzendaritzekin lankidetzan.
Era berean, ezartzen du Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantokitzat izendatzen ahalko dituela aurreko paragrafoan jasotako ezaugarriak betetzen ez dituztenak, baldin eta ikasle guztiek edo gehienek honako ezaugarri berezi hauetakoren bat badute:
a) Inguruko ikastetxeetan onartu ez diren ikasleak dituzten ikastetxeak.
b) Hautatuko hizkuntza-ereduagatik lekualdatutako ikasleak dituzten ikastetxeak.
c) Hezkuntza Bereziko ikasgela espezifikoetara bideratutako ikasleak dituzten ikastetxeak.
d) Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak dituzten ikastetxeak.
e) Despopulatze-arrisku bizian eta muturrekoan dauden herrietako ikastetxeak, despopulatzearen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak horri buruz ezarritakoaren arabera.
f) Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeak.
Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuak ezartzen du, bere hirugarren xedapen gehigarrian, Hezkuntza Departamentuak azterlan bat eginen duela, aztertzeko zer aukera dauden eskola-jantoki arrunt jakin batzuk eskualdeko eskola-jantoki izendatzeko, ikastetxe horietako ezaugarri bereziak aintzat hartuta. Azterlan hori 2026-2027 ikasturtea hasi baino lehen amaituta egon behar da.
Hirugarren xedapen gehigarri hori bete beharrez, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak azterlan bat egin du, aztertzeko zer aukera dauden eskola-jantoki arrunt jakin batzuk eskualdeko eskola-jantoki izendatzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea ebazpen honen eranskinean jasotako azterlana, aztertzen duena zer aukera dauden eskola-jantoki arrunt jakin batzuk eskualdeko jantoki izendatzeko.
2. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura.
Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
ERANSKINA.–AZTERLANA, AZTERTZEKO ZER AUKERA DAUDEN ESKOLA-JANTOKI ARRUNT JAKIN BATZUK ESKUALDEKO JANTOKI IZENDATZEKO
Azterlan hau egin da oinarri hartuta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria (foru dekretu hori 2024ko 116. Nafarroako Aldizkarian argitaratu zen, ekainaren 6koan).
Hirugarren xedapen gehigarri horrek honako hau dio eskualdeko jantoki berriak izendatzeari buruz: "Hezkuntza Departamentuak azterlan bat eginen du, aztertzeko ea zer aukera dauden eskola-jantoki arrunt jakin batzuk eskualdeko eskola-jantoki izendatzeko, ikastetxe horietako ezaugarri bereziak aintzat hartuta. Azterketa hori 2026-2027 ikasturtea hasi baino lehen amaituta egon behar da".
Jarraian aurkezten da eskola-jantoki arrunta duten ikastetxeek eman dituzten datuen analisia, helburu duena identifikatzea zeintzuk izenda daitezkeen, 58/2024 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, eskualdeko eskola-jantoki.
Xedapen horretako funtsezko irizpidea da ikastetxeak "ezaugarri bereziak" izatea, horiek justifikatuko baitute izendapena. Ezaugarri horiek xehetasunez aztertzeko, emandako datuetan kontuan hartu dira bakar-bakarrik jantokirako laguntzen onuradun diren ikasleak. Hauek dira ikasle horiek:
1. Garraiatutako ikasleak: eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduaren arabera, hartan arautzen baitira eskola-garraioaren antolamendua eta funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitatean.
2. Egoera ekonomiko ahulekoak: ikasleak halako egoeran daudela joko da baldin eta, ikastetxeko orientazio departamentuaren balorazioaren ostean, halako egoera dutenen zerrendan sartzen badituzte, 9. ardatzaren barruan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak horri buruz ematen dituen jarraibideei men eginez, betiere.
3. Garraiatutako ikasleak, egoera ekonomiko ahulean daudenak: aldi berean arestiko bi egoera horietan dauden ikasleak.
4. Despopulatze-arriskua: toki administrazioaren eta despopulazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezarritakoaren arabera, despopulatze-arrisku bizia edo muturrekoa duen herri batean erroldaturik egonik, bertako ikastetxe publiko batera doazen ikasleak. Eskola maparen arabera dagokien ikastetxera joan behar dute.
5. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak: Haur Hezkuntzako lehen zikloa duten ikastetxeak.
–Eskualdeko eskola-jantoki bihurtzeko aukera gehien dituzten jantokiak.
Hona hemen datuen analisia, lehen aipatutako irizpideen arabera egina:
A) Garraiatutako ikasleak: ondoko taulan agertzen dira garraiatutako ikasle kopuru handienak dituzten ikastetxeak. Ikastetxe horiek kontzentrazio guneak dira eta beste eremuetako ikasleak hartzeko logistika dute; hori da eskualdeko jantokien oinarrizko ezaugarrietako bat.
IKASTETXEA | UDALERRIA | GARRAIATUTAKO IKASLEAK | LAGUNTZA DUTEN IKASLEAK |
Ricardo Baroja HLHI | Bera | 34 | 48 |
Arantza HLHI | Arantza | 23 | 26 |
Virgen de la Oliva HLHI | Zarrakaztelu | 16 | 36 |
B) Egoera ekonomiko ahulekoak (EEA): ondoko taulan agertzen dira egoera ekonomiko ahulean dauden ikasle kopuru handienak dituzten ikastetxeak, hots, egoera sozioekonomiko ahulean dauden familia gehien dituztenak. Ikastetxe hauetan ez dute zertan beste herrietako ikaslerik hartu, baina ikasle bekadunen guztizko kopuru handienak dituzte; horrek justifikatu dezake kudeaketa hobea, gizarte zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.
IKASTETXEA | UDALERRIA | EEA | LAGUNTZA DUTEN IKASLEAK |
Hilarión Eslava HLHI | Burlata | 117 | 146 |
Azpilagaña HLHI | Iruña | 99 | 99 |
San Juan de la Cadena HLHI | Iruña | 82 | 82 |
C) Garraiatutako ikasleak, egoera ekonomiko ahulean daudenak: ikus daitekeenez, oso gutxi dira irizpide hori betetzen duten ikasleak, eta, hortaz, azterlan honetarako garrantzi gutxikoa dela jo da.
D) Despopulatze-arriskua (DA): ikastetxe honek, kokatuta dagoen herriaren egoera geografiko eta demografikoa dela-eta, zerbitzu-eginkizun estrategikoa dauka eskualdean, araudi berriak justifikatua.
IKASTETXEA | UDALERRIA | DA | LAGUNTZA DUTEN IKASLEAK |
Auzperri HLHI | Aurizberri | 12 | 12 |
E) Haur Hezkuntzako lehen zikloa (HH): ikastetxe hauetan Haur Hezkuntzako lehen zikloa dago, hau da, 0 eta 3 urte bitarteko ikasleak dituzte. Hauek dira ikastetxe horiek:
IKASTETXEA | UDALERRIA | HH | LAGUNTZA DUTEN IKASLEAK |
Hilarión Eslava HLHI | Burlata | 29 | 146 |
Iturrama HLHI | Iruña | 15 | 51 |
Doña Mayor de Navarra HLHI | Iruña | 7 | 80 |
La Balsa | Arroitz | 6 | 14 |
–Ondorioa eta hautagaien proposamena:
Datu guztiak aztertuta, hauek dira eskualdeko eskola-jantoki bihurtzeko hautagai diren eskola-jantoki arruntak:
- Aurizberriko Auzperri HLHI: ikastetxe horrek 12 ikasle ditu gaur egun, eta guztiek erabiltzen dute eskola-jantokia. Horrez gain, herri hori da eskola-jantoki arrunta duen eta despopulatze-arrisku bizian edo muturrekoan dagoen bakarra. Ezaugarri berezi hori dela-eta, hautagai bikaina da haren eskola-jantokia eskualdeko jantoki bihurtzeko.
- Burlatako Hilarión Eslava HLHI: ekonomia egoera ahulean dauden ikasle asko daudenez, aztertu dira zenbaki absolutuak eta ikastetxeko guztizko ikasle kopuruaren aldean jantokirako laguntzaren onuradun diren ikasleen portzentajea. Horri dagokionez, Burlatan dagoen ikastetxe horrek 360 ikasle ditu matrikulaturik; horietatik 146k jantokirako laguntza jasotzen dute, hots, ikasleen %40,56k. Hori horrela, hautagaien zerrendan lehenbiziko postuan dago.
Halaber, ikastetxean Haur Hezkuntzako lehen zikloa dago, eta gaur egun, 29 haurrek bazkaltzen dute bertan; irizpide horri dagokionez, lehen postuan dago.
Bestetik, eskualdeko jantoki izendatzeko, beharrezkoak dira azpiegiturei buruzko datuak (sukalde propioa, jantokiak zenbat haur har ditzakeen eta abar), eta datu horiek ez daude azterlan honetan. Hala ere, eta eskariaren "ezaugarri bereziei" bakarrik erreparatuta, goian aipatutako ikastetxe horiek dira eskualdeko jantoki bihurtzeko aukera handienak dituztenak.
Iragarkiaren kodea: F2605859