90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

208/2026 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita, 2026. urterako, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzen deialdia. DDBN kodea: 898075.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren bidez, zeina maiatzaren 8ko 297/2025 Ebazpenak aldatu baitzuen, oinarri arautzaileak ezarri ziren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko 2023-2029 aldian, abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik.

Elkarte horiek hiru faktoreri esker hobetzen dute produktuen ekoizpen eta osasun maila: profilaxi-programak gauzatu eta horien jarraipena egiteari esker, abereen gaitzen aurka borrokatzeari esker eta baldintza higienikoak hobetzeari esker. Ustiategietako osasun programen jarraipenak berekin dakartza osasun kontrolak, proba diagnostikoak, laborategiko analisiak edo abereen gaitzak detektatzeko beste neurri batzuk, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako albaitarien jardun profesionalari dagozkionak barne.

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzak Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.

Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu nahiz estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Laguntzen estatuko araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoen iraupena, oro har, nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoen berbera izan ohi da. Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso izanaren adierazpena egin zuen, eta salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena erregistratu zuen SA.107659 laguntza-zenbakiarekin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Nafarroako Foru Komunitateak ebazpen honen bidez onesten du, 2026ko ekitaldirako, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzen deialdia.

Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berrikuspen eta eguneraketan sartzen da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2025eko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea, 2026. urterako, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzen deialdia.

2. 2026. urteko laguntza eskaerak aurkezteko epea hilabeteko epean bukatuko da, laguntzen urteko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. Deialdi honetarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpena aplikatuko da, zeina maiatzaren 8ko 297/2025 Ebazpenak aldatu baitzuen, haren bidez oinarri arautzaileak ezarri baitziren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko 2023-2029 aldian, abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik.

4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren hamalaugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 224.400 euroko gastua baimentzen da, 2026ko Aurrekontu Orokorretako gastu-aurrekontuen "Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena" izeneko 710004 71300 4819 412203 partidaren kargura.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko apirilaren 7an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2605467