1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
207/2026 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita, 2026. urterako, abeltzaintzaren sektoreari liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko ematen zaizkion laguntzen deialdia. DDBN kodea: 898081.
Liburu genealogikoen kudeaketak, errendimendua kontrolatzeko programek eta genetikarekin, ugalketarekin, kalitatearen hobekuntzarekin eta ustiapenaren kudeaketarekin lotutako beste alderdi batzuek abeltzainen profesionalizazioan laguntzen dute eta abeltzaintzaren produktibitatea eta errentagarritasuna handitzea ahalbidetzen dute. Jarduera horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak babestu ditu duela urte batzuetatik hona, Nafarroako arraza ez-autoktonoetako abere hazleen elkarteen bitartez, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen araubide bat ezarriz.
Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu nahiz estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Estatuko laguntza-araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek, oro har, nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoen iraupen bera izan ohi dute, eta, beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hainbat laguntza kategoria sortzea aurreikusten du, 2029ko abenduaren 31ra artekoak, oro har. Abeltzaintzaren sektorearentzako laguntza horiek, arraza ez-autoktonoetako liburu genealogikoak mantentzeko eta abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko direnak, bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluaren 2. puntuaren a) eta b) apartatuetan xedatutakoarekin (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria aitortzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta). 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Horrenbestez, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak martxoaren 21ean eman 155/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko. Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso zuela adierazi zuen, eta SA.107091 laguntza-zenbakiarekin erregistratu zuen salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.
Nafarroako Foru Komunitateak ebazpen honen bidez onesten du, 2026ko ekitaldirako, abeltzaintzaren sektoreari liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko ematen zaizkion laguntzen deialdia.
Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren VII. eranskinean jasota dago. Plana Nafarroako Gobernuaren 2025eko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez onetsi zen.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea, 2026. urterako, abeltzaintzaren sektoreari liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko ematen zaizkion laguntzen deialdia.
2. 2026. urteko laguntza eskaerak aurkezteko epea hilabeteko epean bukatuko da, laguntzen urteko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
3. Deialdi honetarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 155/2023 Ebazpena aplikatuko da. Ebazpen horren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko.
4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 155/2023 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 275.400,00 euroko gastua baimentzen da, 2026ko gastu-aurrekontuen "Abeltzainen elkarteentzako laguntzak, arraza ez-autoktonoak" izeneko 710004 71300 4819 412202 partidaren kargura.
7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko apirilaren 7an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
Iragarkiaren kodea: F2605465