90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57/2026 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2026. urterako gastua baimentzen baita, desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak, laneratze prozesuan lagun eginez, lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzen deialdirako, eta, orobat, oinarriak aldatzen baitira. DDBN kodea: 883288.

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan-munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2026. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2026. urterako gastua baimentzea, desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak, laneratze prozesuan lagun eginez, lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 23an emandako 973/2019 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Bestalde, 2025-2028 aldirako Enplegu Politika Aktiboen Planak proposatzen du 1. helburuan, eta, zehazkiago, 4. helburu espezifikoan, "desgaitasuna duten pertsonak eta pertsona zaurgarriak enplegu arruntean ari daitezela sustatzea". Garatu beharreko neurrietako bat da enplegu lagunduaren figura sustatzea, desgaitasuna duten pertsonek gida eta laguntza izan dezaten enplegu normalizaturako sarbidean. Beraz, laneratze prozesuan lagun egiteko deialdia hobetu daiteke, kontuan hartuta ezen, barnean sartzen diren jarduerak asko ez badira ere, desgaitasuna izanik kontratatzen diren pertsonen ia %100ek irauten dutela lan-merkatu arruntean. Asmoa da deialdia indartzea, denbora gehiago izan dezaten zeregin horretan ari diren teknikariek. Horretarako, dirulaguntzen zenbatekoak eguneratu eta prospekzioa erraztuko da.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak, laneratze prozesuan lagun eginez, lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko.

2. 50.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

950001 96100 4709 241118 [PEP: E-24/000737-01] Konferentzia sektoriala. Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak

2026

50.000

3. Irailaren 23ko 973/2019 Ebazpenaren oinarri hauek aldatzea:

3.1. 3.a) oinarria eta b) ataleko paragrafo bat aldatzea. Hona hemen:

"a) Lanpostuan emateko laguntzak gutxienez 3 hilabete iraunen du, eta, gehienez, 3 urte. Lau urte bete arte ematen ahalko da 4.a) oinarrian zehazturiko helburuko jasotzaileen kasuan, entitate onuradunak aldez aurretik arrazoitua.

b) ataleko paragrafoa:

Honako hau dioen tokian:

Hasiera batean diruz lagundutako kontratuen luzapenen kasuan, diruz laguntzen ahalko da luzapen horietan eman beharreko laguntza ere, gehienez, eta guztira, 2 urte bete arte (edo 3 urte bete arte, hala badagokio).

Honela behar du:

"Hasiera batean diruz lagundutako kontratuen luzapenen kasuan, diruz laguntzen ahalko da luzapen horietan eman beharreko laguntza ere, gehienez, eta guztira, 3 urte bete arte (edo 4 urte bete arte, hala badagokio)".

3,2. 7. oinarriko a) eta b) atalak aldatzea. Hona hemen:

"7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Honako hauetara bideratuko dira dirulaguntzak:

a) Lanpostuan emateko laguntzaren aldian sortzen diren lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzeko, koste horiek laguntzako teknikariak kontratatzearen ondoriozkoak baldin badira. Honela:

  • 1.200,69 euro hilabeteko, kontratatzen baldin bada adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duen pertsona bat (%65eko edo hortik gorako maila aitortua duena).
  • 720,42 euro hilabeteko, kontratatzen baldin bada adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duen pertsona bat (%33ko edo hortik gorako eta %65etik beherako maila aitortua duena).
  • 450,26 euro hilabeteko, kontratatzen baldin bada desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa edo zentzumenekoa duen pertsona bat (%65eko edo hortik gorako maila aitortua duena) edo gorra den edo entzuteko desgaitasuna duen pertsona bat (%33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua duena).

Desgaitasuna duen kontratatua emakumezkoa bada, aurreko paragrafoetan ezarritako dirulaguntza zenbatekoak %10 handituko dira.

Goian aipaturiko zenbatekoak desgaitasuna duten langileen lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbateko horiek murriztuko dira, proportzionalki, lanaldiaren portzentajearen arabera. Gutxienez lanaldiaren %25 izanen da.

Ordainketa bakarra eginen da, honela kalkulatzekoa: desgaitasuna duen pertsonaren kontratuaren hilabete kopurua (6. oinarrian aurreikusitako eta lankidetza-hitzarmenean jasotako laguntzako eginkizunak emateko hilabete horiena) bider dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzak ez ditu inolaz ere gaindituko, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, laguntzako teknikarien lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

b) Lanpostuak aztertzeko eta hautatzeko ekintzak finantzatzea, desgaitasuna duten pertsonak aipatu lanpostuetan aritu baino lehen egitekoak.

Dirulaguntza 100 eurokoa izanen da, entitate onuradunak lanpostuak aztertzeko egiten dituen bisita bakoitzeko. Behar den moduan frogatu behar dira bisita horiek (aztertze akta) eta ezin dira deialdi batean 35 bisita baino gehiago egin. Besteak beste, honako hauek ekarriko dituzte aztertze ekintza horiek: lanpostuak bilatzea eta hautatzea desgaitasuna duten eta laguntzako enplegua behar duten pertsonentzat, gaiaz informatzea eta sentsibilizatzea, lanpostuak identifikatzea eta aztertzea, eta aipatu lanpostuetan sor daitezkeen egokitze beharrak atzematea. Dirulaguntza emateko, nahitaezkoa da entitate onuradunak eta bisitatutako enpresa batek lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, baita desgaitasuna duen eta laguntzaren hartzailea izanen den langile bat kontratatzea ere".

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 31n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Esther Fernández Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2605350