Iragarkia
90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
48E/2026 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, I+G+b arloa finantzatzen duten eskualdeaz gaindiko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzen 2026ko deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 898215.
Deialdi honen laguntzen xedea da Nafarroako enpresek eta SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistema) eragileek I+G+b finantzatzeko eskualdeaz gaindiko Europako zein nazioko programetan parte har dezaten bultzatzea.
Horretarako, erakunde horiei dirulaguntza ematen zaie I+G+b-ko beren proiektuak egin eta programa horietan aurkez ditzaten, aholkularitza-enpresak kontratatzeko, egindako proposamenen kopurua eta kalitatea handitzeko eta, azken batean, Nafarroan funtsak erakartzeko.
Adierazitakoarekin bat, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzkoa), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. 2026ko deialdia onestea, I+G+b arloa finantzatzen duten eskualdeaz gaindiko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzetarako.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
820005-82600-4701-467300: Ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak | 2026 | 60.000 euro |
Era berean, gehienez 500.000 euroko zenbateko osagarria ezarri da. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskaerak egiteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 10ean.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza horien helburua da SINAIko enpresek eta exekuzio eragileek I+G+b (industria ikerketa, garapen esperimentala eta berrikuntza) finantzatzen duten eskualdeaz gaindiko programetan parte har dezaten sustatzea. Programa horiek 3.1.a) oinarrian aipatzen dira, eta programa horietan aurkezten diren proiektuen proposamena egiteko kontratazioari dirulaguntza ematen zaio, programa horietan finantzaketarik lortu ez badute.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:
a) Enpresak.
b) SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzio eragileak, halakotzat egiaztaturik daudenak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako erregistroan (hemendik aurrera, SINAIko eragileak).
2. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:
a) Nafarroan lantoki bat izatea, dirulaguntzaren xede den proposamenean azaltzen den I+G+b proiektua egiteko. Zentro horretan atxikita egon behar dute proiektu horretan diharduten enpresako langile gehienek. Proiektuan Nafarroako zentroari atxiki gabeko langileek parte hartzea behar bezala justifikatu beharko da.
b) Aholkularitza enpresen kasuan, beren helburu sozialean jasota ez izatea I+G+b proiektuen proposamenak lantzeko jarduerak egitea.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.
Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, eskatzaileak baimena ematen dio departamentu honi egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, betebehar horietan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
f) Irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak debekatutako jarduerak garatzen ez ibiltzea. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde.
g) Enpresa bada, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik edo inskripzioa eskatuta egon beharko du, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
h) SINAIko eragilea bada eta jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten baditu, bi jarduera mota horiek eta bakoitzaren kostuak eta finantzaketa argi bereizten dituen kontabilitatea izan beharko du.
2. Eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da eskatutako baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.
3. Ezin dira onuradun izan:
a) Bete gabe dagoen berreskuratze agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta krisian dagoen enpresaren kalifikazioa dutenak ere, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorra).
b) Krisian dauden enpresak, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluaren 18. atalaren definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. I+G+b proiektuen proposamenak egin dituzten aholkularitza enpresen kontratazio-gastuak lagunduko dira diruz, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Proposamen horiek I+G+b finantzatzen duten honako programa hauetan aurkeztea:
–Europako programak:
- Horizon Europe programa.
- Konektatu Europa mekanismoa.
- Europa Digitala.
- Merkatu Bakarra.
- Europako Programa Espaziala.
- LIFE: Ingurumenerako eta Klima Ekintzarako programa.
- Interreg Sudoe eta Eremu Atlantikoa.
- Europa Sortzailea.
- EU4Health.
- Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoa eta rescEU.
- Europako lankidetzako I+G+b-ko norgehiagokako deialdiak (adibidez: "Regional innovation valleys", "European Partnerships" eta kateko finantzaketako beste batzuk).
–Programa nazionalak:
- Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroaren (aurrerantzean, CDTI) I+G+b-ko proiektuak egiteko programak.
b) Parte hartzen duten programek argi eta garbi zehaztu beharko dute oinarrietan I+G+b-ko proiektuak egiteko finantzaketa dela.
c) Programa batean aurkeztu ondoren hartan finantzaketarik lortu ez izana, baina 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu izana.
d) Proposamenaren kalitatea baloratzeko ebaluazio txostena izatea (Europako "ESR Evaluation Summary Report" programetan edo antzekoetan), 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egina.
e) Proiektuen ebaluazioan fase bat baino gehiago duten Europako programetan lehenengo fasea edo aurre-proposamenak gainditu izana.
f) Aholkularitza enpresaren kontratazio-gastu guztiak ordaindu izana deialdi honetako laguntza-eskaera egin aurretik.
2. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Aholkularitza enpresak laguntza-eskatzaileari egiten dizkion etengabeko edo aldizkako aholkularitza jarduerak.
b) Balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta kostu hori onuradunarentzat berreskuraezina denean; kasu horretan, onuradunak frogatu egin beharko du.
4. oinarria.–Aholkularitza enpresen betekizunak.
Aholkularitza enpresek eginen dituzte I+G+b proiektuen proposamenak, baldin eta beren helburu sozialean jasota badute jarduera horiek egitea eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Laguntza eskatzen duenarekin lotutako edo elkartutako enpresa bat ez izatea, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean kontzeptu horiei buruz egiten diren definizioen arabera.
b) Ez azpikontratatzea dirulaguntzaren xedeko lanen exekuzioa.
5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarriaren %80 izanen da (eskatzaileak aholkularitza enpresa kontratatzea), baina ez ditu gainditzen ahalko honako gehieneko zenbateko hauek:
a) Europako programetan aurkeztutako proposamenen kasuan, eskatzaile bakoitzeko (proiektuaren bazkidea edo koordinatzailea) emanen den gehienezko laguntza, I+G+b proiektuan parte hartzen duten erakundeen kopuruaren arabera:
GEHIENEKO LAGUNTZA ENPRESENTZAT | ||
Entitate parte-hartzaileen kopurua | Bazkidea | Koordinatzailea |
≥ 5 | 6.000 euro | 15.000 euro |
< 5 | 4.000 euro | 8.000 euro |
GEHIENEKO LAGUNTZA SINAIko ERAGILEENTZAT | ||
Entitate parte-hartzaileen kopurua | Bazkidea | Koordinatzailea |
≥ 5 | 3.000 euro | 7.500 euro |
< 5 | 2.000 euro | 4.000 euro |
Entitateen kopurua proiektuan parte hartzen duten entitate guztiena da, koordinatzailea barne (bakarra egoten ahalko da proiektu bakoitzeko, eta horrela agertu beharko da proiektuan).
b) Estatuko programetan aurkeztutako proposamenen kasuan, eskatzaile bakoitzeko gehieneko laguntza 2.500 eurokoa izanen da.
2. Entitate batek eskaera bakar baterako laguntza jasotzen ahalko du deialdi honen babesean, salbu eta, lehenbiziko eskaera guztiei erantzun ondoren, aurrekontu kreditua dagoenean eta eskaera gehiagori laguntza ematen ahal zaienean, 8. oinarriaren arabera ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz.
6. oinarria.–Eskaerak egiteko epea eta modua.
1. Eskaerak egiteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2026ko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne.
2. Eskaerak telematikoki eginen dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabilita (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
3. Proposamenaren xede den I+G+b proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzak hurrengo oinarrian aipatzen diren eskaera eta agiriak entregatu beharko ditu, 5.1 oinarrian aipatzen den laguntza lortzeko.
7. oinarria.–Eskaerarekin batera entregatu beharreko agiriak:
1. Laguntzen eskaerarekin batera honako agiri hauek entregatu beharko dira, laguntzen fitxan dauden ereduetara egokituta:
a) 2.2 oinarrian adierazitako betekizunei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
b) Eskualdez gaindiko programan aurkeztutako proposamena eta aurkeztu izanaren frogagiria.
c) Proposamenaren proiektua 2.2.a) oinarrian ezarritakoaren arabera Nafarroan garatu nahi dela frogatzen duen agiria.
d) 3.1.d) oinarrian aipatutako ebaluazio txostena, proiektuaren balorazio kuantitatiboa eta/edo kualitatiboa egiaztatu ahal izateko, dagokion programan ezarritako onarpen atalaseei buruzkoa.
e) Eskatzailearen eta aholkularitza enpresaren artean egindako kontratua, hitzartutako baldintzak adierazten dituena, ekonomikoak zein teknikoak. Kontratu horrek proposamena eskualdeaz gaindiko programan aurkeztu aurreko data izanen du. Data hori egiaztatzen ahalko da eskatzaileak eskaintzan egindako sinadura elektronikoaren bidez, edo, eskuragarri ez badago, hala egiaztatzen duten beste edozein bitarteko erabilita (mezu elektronikoak, digitalki sinatutako bileren aktak eta abar).
f) Eskatzailearen izenean aholkulariak egindako fakturak eta ordainagiriak (behar bezala identifikaturiko laburpenak edo bankuko ziurtagiriak edo ordainketaren trazabilitatea egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein merkataritza agiri). Entitate eskudunak egindako proposamenari buruzko balorazio txostenaren data baino lehen igorri behar da faktura edo, geroago bada, hurrengo bi hilabeteetan. Era berean, faktura egin eta hurrengo bi hilabeteetan ordaindu beharko da, eta beti laguntza honen eskaera egin baino lehen.
g) Dirulaguntzen onuradunek gardentasunaren gainean duten betebeharraren adierazpena, laguntzen fitxan dagoen ereduari jarraituz. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
2. Entregatutako agiriek betebehar horiek betetzen ez badituzte, laguntzak kudeatzen dituen organoak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpideak.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, egindako eskaerak alderatuko dira, eskualdeaz gaindiko programaren arabera (Europakoa edo estatukoa) bi lehentasun ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideen arabera. Lehenik eta behin, Europako programei buruzko eskaerei erantzunen zaie.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Europako programei buruzko eskaeren kasuan, balorazio irizpidea egindako proposamenaren kalitatea izanen da:
a) Proposamenaren ebaluazio kuantitatiboko txostenen kasuan, formula hau aplikatuko da puntuazioa lortzeko:

Azalpena:
X = ebaluazio txostenean lortutako nota.
Y = programan proposamenak onartzeko eskatzen den atalasea.
Gehienekoa (X/Y): ebaluazio kuantitatiboko txostena duten eskaera guztien arteko gehieneko balioa.
Irizpide honetan, ezinbestekoa da gutxienez 0,7 lortzea balioan (X/Y).
b) Ebaluazio kualitatiboko txostenen kasuan edo ebaluazio kuantitatiboa egiteko behar den informazioa ez dutenen kasuan, erakunde eskudunak eskatuko du egindako proposamenari "bikaintasun-zigilua" jartzeko, eta horrekin 3,5 puntu emanen zaizkio.
Puntuazio horri 0,5 puntu gehituko zaizkio gehienez, ebaluazio txostenean sartutako iruzkin positibo eta negatiboengatik, ebaluatutako gainerako proposamenekin alderatzeagatik, deialdiaren baldintzetara egokitzeagatik eta abarrengatik.
3. Programa nazionalei lotutako eskaeren kasuan, balorazioaren irizpidea aurkeztutako proposamenaren kalitatea ere izanen da, eta horretarako ebaluazio txostenean lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan.
4. Lortutako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, berdinketa hausteko eskaera egin den eguna hartuko da kontuan.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Plangintza, Digitalizazio eta Enpresa I+G+B Zerbitzuak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da laguntza emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak egiteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Proiektuaren proposamena prestatu eta aurkeztu izanaren aipamen publikoa egiten bada, jaso beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatu duela.
b) Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, prestatzen den dokumentazioan ez da erabiliko hizkuntza sexistarik.
c) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, ordaindutako dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.
11. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira.
12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
13. oinarria.–"De minimis" laguntza.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
Interesdunek eskaera egin aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera orrian.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko ditu (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2605486
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
