Iragarkia
90. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
81E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzen deialdi bat, kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean. DDBN kodea: 899871.
2018-2025 aldirako Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa (TPE, hemendik aurrera) Nafarroan turismo jarduera sendotzeko plangintza tresna da.
Gaur egun, plan hori nola gauzatu den ebaluatzeko eta emaitzak eta adierazleak aztertzeko fasean gaude, hortik abiatuta ezarriko baita turismoaren sektorerako garatu beharreko jarduketa publikoen ibilbide-orria eta, orobat, definituko dira helburu estrategikoak, jarduera-ildoak eta hartu beharreko neurri zehatzak.
TPEk, III. programaren barnean (Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea), zehazki "Kalitatea areagotzea produktuen eskuliburuen eta antzemandako kalitatearen sistemen bidez" izeneko 3.07 neurrian, jasotzen du produktuen eskuliburuen prestaketa bultzatu behar dela eta bidaia-proposamenak egin behar direla, ekoizleen eta merkaturatzaileen arteko konpromisoa izan dezaten, eta jarduera turistiko nagusiei buruzko (ostatu emate, jarduera eta abarri buruzko) zerbitzu emateko eskuliburuak garatu behar direla, eta ETEentzako laguntzak ezarri behar direla kalitate-ziurtagiriak lor ditzaten.
Turismo azpiegituren eta zerbitzuen kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategian. Horregatik, funtsezkoa da ez soilik bultzatzea turismo establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratzea eta hari eustea, baizik eta bultzada ematea ere bestelako ziurtagiriak eta aitortzak eskura ditzaten ingurumenaren, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren arloetan.
Bestalde, plan horretako VI. programak (Adimena eta berrikuntza turismoan) planteatzen du sektorearen berrikuntza teknologikoa indartu behar dela, merkatuarekiko loturak hobetzeko, eta, horrez gain, kudeaketa eredu berriak garatu behar direla eta horien artean sartzen da, zalantzarik gabe, Nafarroako turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainen komunikazio, sustapen eta marketin politika hobetzea, jarduketa berritzaileak abiaraziz.
Deialdi honetako dirulaguntzak zehazteko, portzentaje jakin bat aplikatuko da jarduketa diruz lagungarrien gastuaren gainean. Aurrekontu baliabideak gutxiago badira kalkulu horretatik ateratzen diren dirulaguntzen batura baino, deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako gastuaren hainbanaketa eginen da.
Horiek horrela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
AGINTZEN DUT:
1. Turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzen deialdi bat onestea, kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean.
2 Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 100.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2026ko gastuen aurrekontuko "A30001 A3100 4709 432102: turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Kalitatea eta berrikuntza produktu eta zerbitzuetan" partidaren kontura.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari igortzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 16an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–TURISMOAREN ARLOKO ENPRESA TXIKI ETA ERTAINENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, KALITATEA ETA BERRIKUNTZA BULTZATZEKO PRODUKTU ETA ZERBITZU TURISTIKOEN KOMUNIKAZIOAN ETA SUSTAPENEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak nola eman arautzea, bultzatzeko haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta hari euts diezaioten eta, orobat, bestelako ziurtagiriak lor ditzaten, ingurumenaren, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren arloetan.
Orobat, turismo enpresen produktu eta zerbitzuen gaineko komunikazio eta sustapenerako jarduketa berritzaileak sartzen lagundu nahi da.
Horren guztiaren helburua, azken batean, zera da: eraldaketa digitalerako prozesua bultzatzea turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainetan eta pizgarriak ematea jarduketa berritzaileak egin ditzaten.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 100.000 euro da.
3. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.
Diruz lagungarriak izanen dira 2025eko azaroaren 16tik 2026ko azaroaren 15era bitartean egin eta fakturatzen diren gastuak (bi egun horiek barne). Ondorio horietarako, eginak daudela ulertuko da epe horren barnean fakturatu eta ordaindu badira.
4. oinarria. Enpresa onuradunak.
1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
1.1. Nafarroako Foru Ogasunaren subjektu pasiboa izatea dirulaguntzaren xedeko jarduera ekonomikoari dagozkion zergei dagokienez.
1.2. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Interesdunak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko, baldin eta datuak Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez kontsultatzeko baimena espresuki ukatzen badu, dirulaguntza eskatzeko inprimakian horretarako dagoen laukia markatuta. Aipatutako baimen hori Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago.
1.3. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.4. ETE eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako bat, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.
1.5. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
2. ETE eskatzaileek baldintza espezifiko hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
2.1. Turismo establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa agertzea Nafarroako Turismo Erregistroan.
Enpresa eskatzailea ez bada titular gisa ageri egun horretarako, baina titulartasuna aldatzeko izapideak egiteko behar den dokumentazioa aurkeztu badu Nafarroako Turismo Erregistroan, baldintza hori betetzat joko da.
Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.
2.2. Web-orria eta posta elektronikoa edukitzea, eta biak jardunean egotea. Enpresa eskatzailea enpresa-talde bateko kide bada, baldintza horiek betetzat joko dira enpresari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu.
3. Turismo establezimenduek, bidaia agentziek eta turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresek, aurrekoez gain, beste baldintza hauek ere bete beharko dituzte eskaera aurkezten duten egunean:
3.1. Ostatuen establezimenduak.
Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (aurrerakoan EJZ) epigraferen batean alta emanda egon behar dute, 681.etik 687.era arteko taldeetan, biak barne, ondoko modalitateren batean:
–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta pentsioak).
–Landetxeak.
–Apartamentu turistikoak.
Onartuko dira, halaber, EJZaren 861. taldean (Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua) edo 862. taldean (Landa-lurreko higiezinen alokairua) alta emanda daudenak.
–Kanpaleku turistikoak.
–Aterpetxe turistikoak.
3.2. Jatetxeak.
EJZan alta emanda egon behar dute, 671. taldean (Jatetxe zerbitzuak).
Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.
Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako jatetxeak.
3.3. Bidaia agentziak.
EJZan alta emanda egon behar dute, 755. taldean (Bidaia agentziak).
3.4. Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak.
EJZan alta emanda egon behar dute, eskaintzen dituzten jardueren espezialitateari dagokion taldean.
3.5. Establezimendu turistikoek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Atalak era horretako errekerimendurik jakinarazi badu, eta horretarako emandako epea amaitu bada enpresak errekerimendua bete gabe.
4. Organo kudeatzaileak Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Atalaren bidez baieztatuko du 2.1 eta 3.5 ataletako baldintza espezifikoak betetzen diren; eta organo kudeatzaileak berak baieztatuko du gainerako baldintzak betetzen diren. EJZa baieztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web esteka honetan: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx.
5. oinarria. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
a) Ziurtagiri eta/edo aitortza hauek lortzea eta horiei eustea:
–Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria.
–EMAS (1221/2009 EB Erregelamendua).
–ISO14001 Ingurumenaren kudeaketa.
–ISO 500001 Energia efizientziaren kudeaketa.
–ISO 21401. Jasangarritasuna kudeatzeko sistema ostatuetan.
–ISO 14064 Karbono-aztarnarako eta zero hondakinerako.
–UNE170001 Irisgarritasun unibertsalaren kudeaketa.
–Ecolabel etiketa.
–Bihosphere zigilua.
–"Kalkulatu, murriztu eta kontsumitu" zigilua.
Gastu diruz lagungarriak:
–Markari atxikitzeko kuota, eta hasierako ziurtagiria eta/edo aitortza lortzekoa.
–Ziurtagiria lortzeko eta/edo berritzeko kanpoko auditoretza.
–Kanpoko aholkularien laguntza teknikoa, hasierako ziurtagiria edo aitortza ezartzeko.
Gehieneko aurrekontu diruz lagungarria:
–Atxikitzeko kuotaren kostuaren %100.
–5.000 euro, gehienez, ziurtagiria lortu eta/edo berritzeko auditoretza gastuengatik.
–5.000 euro, hasierako ziurtagiria edo aitortza egiteko kanpoko aholkularien laguntza teknikoagatik.
b) Establezimenduaren eta enpresaren produktu edo proposamenaren komunikazioan eta sustapenean berrikuntzak sartzeko gastuak.
b.1. Produktu eta eskaintza espezifikoei buruzko komunikazio eta sustapen kanpaina digitalak eta online kanpainak. Argi eta garbi zehaztu beharko dira kanpainaren xede den produktua edo eskaintza, kanpaina zer publikori zuzentzen zaion eta kanpainaren bitartekoak eta helburuak.
b.2. Web-orrien eguneratzea eta egokitzapena, alderdi berritzaileak sartuz aurreko bertsioekin alderatuta:
–Edukien marketinaren gaineko diseinua eta estrategia.
–Irudia honako hauen bidez hobetzeko gastuak: bideo edo argazki berriak eta eduki digitalak sortzea.
–Zenbait arlotan egokitzeko gastuak: segurtasun baldintzak eta desgaitasun mota desberdinetarako (entzumena, ikusmena...) irisgarritasun baldintzak, cookien tratamendua, jabetza intelektuala, aholkularitza juridikoa eta abar.
–Web-orriari bilatzaileetan kokapen hobea emateko planak (SEO, SEM ekintzak).
–Web-orria itzultzeko gastuak. Dirulaguntza jaso ondoren, webguneak guztiz itzulita egon beharko du, gaztelaniara eta euskarara eta ingelesera eta/edo frantsesera.
Web-orriek baldintza hauek bete behar dituzte gastuen justifikazioa aurkezten den egunerako:
–Gailu mugikorretan erabiltzeko egokituta egon behar dute.
–Aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.
Bideo edo argazki berrien bidez irudia hobetzeko gastuetarako dirulaguntza eskatzen bada, enpresak konpromisoa hartuko du Turismo Zuzendaritza Nagusiari horien erabilera lagatzeko, promoziorako balia ditzan.
b.3. Entitate eskatzailearekin loturarik ez duten kanpoko aholkularitza enpresak, profesionalak edo erakunde espezializatuak kontratatzeko gastuak, helburua izanik enpresen diagnostikoak, planak edo analisiak egin, idatzi eta diseinatzea, enpresaren lehiakortasuna handitzeko, merkataritzaren kudeaketa hobetzeko edo merkatu berriak lortzeko.
Gastu diruz lagungarrien muga:
–Eskatutako gutxieneko inbertsioa: 1.500 euro kontzeptu bakoitzeko.
–Kontzeptu bakoitzeko, 5.000 euroko gehieneko aurrekontua onartuko da.
Jarduketek Marketinaren eta Produktuen Zerbitzuaren oniritzia izan beharko dute.
2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
a) Establezimendu edo enpresa turistikoko langileek egiten duten aholkularitza, laguntza edo kontsultoretza.
b) Kanpoko auditore eta kontsultoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorrietako dietak.
c) Programa informatikoetako zein web-orrietako erabilera, mantentze edo funtzionamendu lizentziak eskuratzea, domeinua berritzea, web-ostatatzea edo inbertsio izaera duten gastuak.
d) Ziurtagirien kanoneko erabilera eskubideak.
e) Ziurtagiriei eusteko edo horiek berritzeko laguntza teknikoak.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da lortzen dena gastu diruz lagungarriei (BEZik gabe) %60ko ehunekoa aplikatuz jarduketa diruz lagungarri mota bakoitzeko.
Gehieneko dirulaguntza 3.000 eurokoa izanen da jarduketa diruz lagungarri bakoitzeko.
6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen tramiteen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.
b) Pertsona fisikoek aurrez aurre ere aurkezten ahalko dute eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan jasotako erregistroetako batean.
3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
4. Eskaera bakarra aurkeztuko da enpresa bakoitzeko.
5. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak:
Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):
5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak.
b) De minimis laguntzei eta jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 11. oinarrikoa.
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.
5.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
a) Dirulaguntza eskaeraren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio memoria, gutxienez ere, informazio hau jasotzen duena:
–Jarduketa horiek egitera bultzatzen duten arrazoiak eta aurreikusitako helburuak.
–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egin diren edo egiteko diren jarduketen deskribapena.
–Dirulaguntza eskatzeko unean, jarduketa noraino egin den.
–Diruz lagungarria den aldian egin diren eta/edo egiteko diren jarduketen zenbateko xehatuak.
b) Diruz lagungarria den aldian egin diren nahiz egiteko diren jarduketen zerrenda baloratua eta zehatza. Hori justifikatzeko, aurrekontuak edo proformako fakturak erabiliko dira, edo fakturak jarduketak ordurako gauzatuta badaude; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
Fakturetan zenbatekoak adierazteko erabilitako dirua ez bada euroa, sortzapenaren unean Espainiako Bankuak ematen duen saltzeko truke tasa aplikatuko da.
c) Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntzako enpresek zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du eskabide-orriko "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
d) Laguntza eskatu bada ziurtagiri edo aitortzei eusteko, haiei atxikita daudela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
6. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.
1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, onartutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honen 2. atalean ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, gutxienez 10 puntu lortu dituzten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie.
Aurrekontu erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, baimendutako kredituaren hainbanaketa eginen da.
2. Hauek dira onartutako eskaerak baloratzeko irizpideak:
1. irizpidea.–Turismo establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta daraman denboraren arabera, puntu bat antzinatasun urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez; ondorio horietarako, hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea bakarrik.
2. irizpidea.–Enpresaren tamaina.
Eskaeran ondorio horretarako aurkeztu den erantzukizunpeko adierazpenaren arabera, puntuazio hau emanen da:
ENPRESAREN NEURRIA | PUNTUAK |
Mikroenpresa | 6 |
Enpresa txikia | 4 |
Enpresa ertaina | 2 |
3. irizpidea.–Enpresa eskatzailearen EJZako epigrafearen arabera:
EJZako EPIGRAFEA | PUNTUAK |
681. taldetik 687. taldera. Ostatu arloko zerbitzuak | 4 |
Eskaintzen dituzten jardueren espezialitateari dagokion taldea, turismo aktibo eta kulturaleko enpresen kasuan eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon arren beste atal batzuetan sartzen ez diren gainerako turismo enpresen kasuan. | 3 |
671. taldea. Jatetxe zerbitzuak | 2 |
755. taldea. Bidaia agentziak | 4 |
861. taldea (Hiri-lurreko ondasun higiezinak) eta 862. taldea (Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua) | 0 |
8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen kudeaketa organoa. Aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak, eta ebazpen proposamena eginen dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko du onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Turismoko zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Enpresa onuradunen zerrenda, 7. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
3. Laguntzak emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea –jarduketa diruz lagungarri moten araberakoak– bukatzen diren egunetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
9. oinarria. Jarduketen justifikazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2026ko azaroaren 15ean (egun hori barne).
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 6.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:
a) Azken memoria, eginiko jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasierako aurreikuspenen aldean gertatutako desbideratzeak ere, halakorik izan bada.
Web-orrien eguneraketa eta egokitzapenen kasuan, memorian jasotako informazioak bide eman behar du ikusteko zer berrikuntza egin diren diruz lagundutako aldian eta web-orriaren egoera aztertzeko jarduketa horien aurretik eta ondoren.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.
c) Egindako jarduketei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak berriro aurkeztea.
Fakturetan zenbatekoak adierazteko erabilitako dirua ez bada euroa, sortzapenaren unean Espainiako Bankuak ematen duen saltzeko truke tasa aplikatuko da.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
Onuradunak banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz eginen ditu ordainketak. Horrela, ordainketen egiaztagiritzat hartuko dira ordainketak finantza erakunde baten bidez egin eta enpresaren kontuan kargatu direla adierazten dutenak. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.
Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.
e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio-inprimakian berean eginen da.
f) Hala badagokio, aurkeztutako eskabidean ageri den aitortza edo ziurtagiria lortu izanaren egiaztagiria, erakunde egiaztatzaile eskudun batek emana.
10. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
Laguntza ordaintzeko ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, hamar egun balioduneko epean laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarria ez bada ezarritako aldian egin behar.
d) Baimena eskatzea diruz lagundutako jarduketetan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru-sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.
f) Dirulaguntzari publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta 2 urtean, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera:
–Web-orrian testu hau sartuko da: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko xedea duten turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzen 2026ko deialdian".
–Halaber, Nafarroako turismoaren ikurra jarri beharko dute web-orrian, bai eta turismoko webgune ofizialerako esteka hau ere: https://www.visitnavarra.es/eu/.
g) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
h) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra –1.a) atalean ezarritakoa– duten onuradunek 59/2013 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Informazio hori ezarritako epetik kanpo aurkezten bada, baina 2026ko azaroaren 15era arte, egun hori barne, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Justifikazio agiriak aurkezten badira 2026ko azaroaren 16tik 2026ko azaroaren 30era bitarte (bi egun horiek barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako gastuen ondoriozko dirulaguntzaren %50.
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri arautzaile honen 1.c) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko gauzatze maila zehaztearen ondorioetarako.
Era berean, justifikatzen den gastu diruz lagungarria ezin da izan baldintza moduan finkatutako gutxieneko zenbatekoak baino txikiagoa. Bestela, txikiagoa bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
d) Oinarri honen 1.f) atalean ezarritako epea betetzen ez bada, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.
12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak kontzeptu diruz lagungarri berberetarako emandako beste batzuekin. Aldiz, bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek eta beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.
Betiere, deialdi honetako dirulaguntzen xedeko ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo ekintza horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 2831-81820. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2023ko abenduaren 15ekoa).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan zehar jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude. Deialdia kudeatzen duen organoak emandako informazioa egiaztatuko du eta, hala badagokio, osatuko du, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratuta dagoenarekin alderatuz (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/concesiones/minimis).
13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/concesiones/consulta), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
14. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2605802
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
