2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LUKIN
Udal ordenantza, udal hilerria arautzen duena. Behin betiko onespena
Lukingo Udalak, 2025eko abenduaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lukingo udal hilerria arautzen duen udal ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13an.
Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Ordenantzaren aldaketa hori behin betiko onartu da eta egindako aldaketak jasotzen dituen testu bategina argitaratu da.
Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Lukinen, 2026ko apirilaren 7an.–Alkatea, Javier Martinez Giralda.
UDAL ORDENANTZA, LUKINGO UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Lukingo Udalak, bere udal hilerriak daukan historia-, giza- eta ondare-balioaz jabetuta, ordenantza hau onesten du, bermatzeko modu ordenatu, duin eta jasangarrian erabiltzen dela espazio sakratu hori. Lukingo hilerria txikia da, eta ez dago handitzeko paradarik. Oroimenerako eta errespetu kolektiborako lekua da, eta, hura kontserbatzean, kontuan izan behar dira lasaitasuna, soiltasuna eta inguru naturalarekiko errespetua.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta oinarri juridikoa.
Ordenantza honen xedea da Lukingo udal hilerriaren erabilera, kontserbazioa eta kudeaketa arautzea, bai eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak ere, bat etorriz honako hauetan xedatuarekin: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta osasun arloko araudi aplikagarria.
2. artikulua. Udalaren eskumena.
Lukingo Udalari dagokio udal hilerria administratu, zuzendu eta zaintzea, honako hauei buruzko ahalmenak barne: higienea, osasuna, ehorzketak antolatzea, kontserbazioa, apaintasuna, eta tasak jasotzea.
3. artikulua. Espazio mugatua.
Udal hilerriak espazio mugatua du, eta espazio hori ezin da handitu. Hori dela eta, hilobiak eta kolunbarioak emanen dira baldin eta leku fisikorik badago, eta bermatuko da esparrua modu ekitatiboan eta arrazoizkoan erabiliko dela.
II. KAPITULUA.–ERABILTZEKO ESKUBIDEAK ETA FUNTZIONAMENDU ARAU OROKORRAK
4. artikulua. Erroldatuen lehentasunezko eskubidea.
Hilobiak edo kolunbarioak esleitzeko orduan lehentasunezko eskubidea izanen dute Lukinen erroldatuta daudenek, bai eta udalerrian familia erroak dituztenek ere. Gainerako eskaera guztiek alkatearen berariazko baimena beharko dute, eta tokirik dagoen egiaztatu beharko da aurrez.
5. artikulua. Eskatzea eta baimentzea.
Ehorzteko edo errautsak gordetzeko eskaerak Udalari aurkeztu beharko zaizkio, eskabide normalizatuaren bidez. Hilobi edo kolunbario bat erabiltzeko, administrazio emakida edo alkatearen berariazko baimena beharko da, eta Udal Hilerriko Erregistro Liburuan inskribatu beharko da.
6. artikulua. Gorpuak lurperatzea eta lurpetik ateratzea.
Gorpuak lurperatzeko eta lurpetik ateratzeko, osasun arloan indarrean dagoen araudia bete beharko da, erabat errespetatuz hildakoen duintasuna. Gorpuak lurpetik ateratzeko, aurretiazko administrazio baimena beharko da, salbu eta epea iraungi delako ateratzen direnean.
III. KAPITULUA.–HILOBIAK
7. artikulua. Erabilera araubidea.
Hilobiak banakako edo familiako ehorzketetarako emanen dira, gehienez ere 10 urterako. Tokirik badago, epea luzatzen ahalko da. Gunea erabiltzeko eskubidea doakoa izanen da erroldatutakoentzat. Hala ere, egoki bada, erroldatu gabekoei aplikatzen ahalko zaizkie dagozkien udal tasak, ordenantzaren arabera.
Gorpuak lurperatzeko eta lurpetik ateratzeko lanak ehorztetxeak edo beilatokiak eginen ditu, Udalarekin sinatutako hitzarmenaren arabera; horien kostua familiek hartuko dute beren gain, eta zenbateko horiek ez dira udal tasatzat edo prezio publikotzat joko.
8. artikulua. Kontserbatzea eta apaintzea.
Hilobien edo kolunbarioen titularrek garbitasun, segurtasun eta apaintasun baldintza egokietan mantendu beharko dituzte hilobiak edo kolunbarioak. Udalak eskatzen ahalko du elementu hondatuak konpontzeko edo multzoaren estetikarekin bat ez datozenak kentzeko.
IV. KAPITULUA.–MANTENTZE-LANAK ETA INGURUMENA ERRESPETATZEA
9. artikulua. Ingurua errespetatzea.
Hilerrian, jasangarritasuneko eta ingurumen errespetuko irizpideak beteko dira. Lehentasunez, bertako espezieak erabiliko dira, herbizidak mugatuko dira, eta mantentze-lanak jardun ekologikoen bidez eginen dira. Debeku da hondakinak prestatutako ontzietatik kanpo botatzea edo esparruaren barruan erreketak egitea.
10. artikulua. Errespetuz eta duintasunez jokatzea.
Hilerriaren esparruaren barruan, errespetuz jokatu behar da, eta debeku da tokiaren garbitasun, isiltasun eta duintasunaren kontra aritzea.
V. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA TASAK
11. artikulua. Tasak.
Gorpuak lurperatzeko eta lurpetik ateratzeko zerbitzuak emateagatik eta errautsak gordetzeagatik, tasa batzuk sortuko dira, hain zuzen ere ordenantza honen I. eranskinean zehazten direnak, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.
12. artikulua. Salbuespenak eta murrizketak.
Tasak ordaintzetik salbuetsirik egonen dira Lukinen erroldatuta gutxienez hiru urte daramatenak. Gizarte arrazoiak tarteko, murrizketak ezartzen ahalko dira. Horiek behar bezala frogatu beharko dira, eta Udalak behar bezala erabaki beharko ditu.
VI. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
13. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hausteak dira ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten ekintzak edo ez-egiteak, batik bat hilerriaren ohoreari, kontserbazioari edo erabilera desegokiari eragiten diotenak.
14. artikulua. Zehapenak.
Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izaten ahal dira, eta zehatuko dira bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean xedatuarekin eta aplikagarria den estatuko araudian xedatuarekin.
AZKEN XEDAPENA
Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.
I. ERANSKINA.–HILETA ESKUBIDEEN TASAK
1. Udal hilobian gorpuak lurperatzeko eskubidea (erroldatuak): salbuetsirik.
2. Udal hilobian gorpuak lurperatzeko eskubidea (erroldatu gabeak): 300 euro.
3. Gorpuak lurpetik ateratzeko eskubidea: 150 euro.
4. Gorpuak lurperatzeko eskubidea berritzea beste 10 urtez (erroldatuak eta erroldatu gabeak): 300 euro.
Iragarkiaren kodea: L2605171