Iragarkia
89. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
103E/2026 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Turismoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko ikuskapena egiteko plana onesten duena, 2026. eta 2027. urteetarako.
Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak ezartzen du turismoaren ikuskapena funtsezko tresna dela turismoaren kalitatea kontrolatzeko, eta 47. artikuluan xedatzen du turismoaren arloan eskumena duen departamentuari dagokiola ikuskaritza egitea, turismoari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko. Gaur egun, eginkizun horiek Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bidez betetzen dira.
Bestalde, azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari esleitzen dizkio, besteak beste, ikuskapen jardueraren plangintza, turismoari buruzko araudia betetzen dela kontrolatzea, intrusismoaren eta lehia desleialaren aurka borrokatzea, eta turismo jarduerari buruzko erreklamazioak eta salaketak izapidetzea.
Era berean, 2018-2025 aldirako Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoak, oraindik eguneratzeke dagoenak, bere jarduketa ildoen barnean hartzen du enpresa sarea indartzea eta turismoaren kalitate, jasangarritasun eta irisgarritasuna hobetzea, eta helburu horiek ikuskapen eraginkorra eta planifikatua eskatzen dute.
Oraintsuko araudien testuinguruan, nabarmentzekoak dira ikuskatze jardueran zuzenean eragiten duten arau aldaketa batzuk.
Lehenik eta behin, 2024/1028 (EB) Erregelamendua garatzeko asmoz abenduaren 23ko 1312/2024 Errege Dekretua –zeinaren bidez Errentamenduen Erregistro Bakarraren prozedura arautu eta Errendamenduen Leihatila Digital Bakarra sortzen baita– onartuta, alokairu turistikorako edo sasoiko alokairurako etxebizitzak erregistratzeko betebeharra xedatzen da, eta zenbait mekanismo ezartzen dira, plataforma digitalen eta Administrazioaren artean aldian-aldian informazioa trukatzeko.
Erregistro hori Espainiako Jabetza, Merkataritza eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Elkargoaren bidez kudeatzen da; Turismo Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen bat sinatu du harekin, ondasun higiezinen alokairuaren erregistro zenbakiari buruzko informazioa emateko, horri esker datuak Nafarroako Turismo Erregistroarekin alderatzeko eta egiaztatzeko lanak indartzen ahalko baitira.
Era berean, errentamendu turistikoei dagokienez, urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren bidez aldaketa bat sartu da Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean, eta horren bidez xedatzen du jabeen erkidegoaren berariazko onarpena behar dela alokairu turistikoko jardueran aritzeko, sektoreko araudian aurreikusitako baldintzetan. Beraz, horrek zuzenean eragiten du establezimendu jakin batzuen bideragarritasun juridikoan.
Horri gehitzen zaizkio Nafarroako Foru Komunitateko zenbait udalek beren hirigintza eskumenen esparruan hartutako erabakiak, turismo jarduerarako baldintza gisa jartzen baitute udal lizentzia lortzea, Turismo Erregistroan erregistratu aurretik.
Bestalde, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik (MRR) datozen funtsekin finantzatutako jarduketen exekuzioa eta justifikazioa 2026ko ekainaren 30a baino lehen burutu beharko dira. Hori dela eta, nahitaez indartu behar dira Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planetan eta turismo enpresetako energia efizientziako eta ekonomia zirkularreko programetan jasotako inbertsioak egiaztatzeko jarduketak.
Araugintza- eta estrategia-testuinguru horretan, Turismo Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jotzen du turismoaren arloko ikuskapena egiteko beste plan bat onartzea 2024-2025 urteetarako, planifikatze tresna gisa aukera eman dezan helburuak definitzeko, baliabideak optimizatzeko eta emaitzak ebaluatzeko.
Plan hori egiteko, kontuan hartu da bai aurreko planen analisia eta bai horien exekuzioan metatutako esperientzia, eta, gainera, teknologia berrien erabilera gehitu da, egiaztapen eta kontrol lanak arintzeko.
Planak mantendu eta eguneratu egiten ditu Nafarroako ikuskapen turistikoaren helburu tradizionalak; honako hauek dira, zehazki:
1. Eskaintza turistikoaren kalitate ezin hobearen ereduari eustea. Horretarako, turismoaren arloan indarrean diren xedapenak eta arauak betetzen direla zainduko eta egiaztatuko da, baita jarduerek eta zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela ere.
2. Jarduera klandestinoa kontrolatzea. Horretarako, intrusismoa eta lehia desleiala jazarriko dira.
3. Zerbitzu turistikoen erabiltzaileen eskubideak bermatzea.
4. Turismo arloan emandako dirulaguntzak behar ez bezala erabiltzea saihestea; horretarako, onartutako helbururako erabili direla egiaztatuko da.
5. Jarduera eta/edo zerbitzu turistikoen arduradunei informazioa eta aholkua ematea dagozkien eskubide eta betebeharrei buruz.
6. Turismo ikuskapeneko langileen lanbide kualifikazioa sustatzea.
7. Aurrerapausoak ematea administrazioekiko koordinazioan eta turismoaren sektorearekin zuzeneko nahiz zeharkako lotura duten entitate publiko zein pribatuengandik informazioa eskuratzeari dagokionez.
Lehentasunezko ikuskaritza jarduera gisa mantentzen da eskaintza klandestinoa hautematea eta kontrolatzea.
Adierazitako helburuak eraginkortasunez betetze aldera, 2027ko abenduaren 31ra bitarteko edo hurrengo plana onartu bitarteko indarraldia finkatu da, hasitako jarduerei denboran segida emateko eta haiei segimendu hobea egiteko.
Jarduketa zehatzak behar dituzten egoera bereziak gorabehera, turismoaren arlorako ikuskapen jarduketaren oinarrizko esparrua eratzen du ikuskapen planak.
Azaldutakoarekin bat, eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (2023ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 23koa),
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko ikuskapena egiteko plana onestea, 2026. eta 2027. urteetarako edo plan berria onartu bitarteko eperako. Plana ebazpen honen eranskinean ageri da.
2. 2026. eta 2027. urteetako Turismoko Ikuskapen Planaren helburuak, jarduketa ildo estrategikoak eta hura garatzeko programak finkatzea.
Jarduketen plangintza eta programazioa egitean, oro har, definituko da zein diren helburuak, lehentasunezko gidalerroak eta jarduketa ildo estrategikoak, eta adieraziko da zein den eremua, bai eta horrekin lotutako programa eta ekintza zehatzak ere. Era berean, exekuzio epea xedatzen da, bai eta jarduketen kronograma kuantifikatu bat egitea ere, aurreikusitako helburuen betetze maila eta planean ezarritako programen balorazioa neurtu ahal izateko.
3. Salaketa anonimoetarako postontzi bat ezartzea, herritarrek jarduera klandestinoa kontrolatzen eta turismoaren jasangarritasunari eusten lagundu ahal izateko.
4. Adieraztea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak garatu eta eramanen duela aurrera turismoko ikuskapen plana.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko apirilaren 22an.–Turismoko zuzendari nagusia, Ana Rivas Allo.
ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN TURISMOAREN ARLOKO IKUSKAPENA EGITEKO PLANA 2026. ETA 2027. URTEETARAKO
Turismoaren arloko ikuskapena egiteko plana turismoaren ikuskapeneko urteko jarduna planifikatzeko tresna da.
Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 47. eta 48. artikuluek esleitutako eginkizunak betez, turismoko ikuskaritzak 2026. eta 2027. urteetan ezarri beharreko helburu, jarduketako ildo estrategiko eta programa berariazkoei jarraikiz eratuko da Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko ikuskapena egiteko plan hau.
I.–Helburuak.
1. Eskaintza turistikoaren kalitate ezin hobearen ereduari eustea. Horretarako, turismoaren arloan indarrean diren xedapenak eta arauak betetzen direla zainduko eta egiaztatuko da, baita jarduerek eta zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela ere.
2. Jarduera klandestinoa kontrolatzea. Horretarako, intrusismoa eta lehia desleiala jazarriko dira.
3. Zerbitzu turistikoen erabiltzaileen eskubideak bermatzea.
4. Turismo arloan emandako dirulaguntzak behar ez bezala erabiltzea saihestea; horretarako, onartutako helbururako erabili direla egiaztatuko da.
5. Jarduera eta/edo zerbitzu turistikoen arduradunei informazioa eta aholkua ematea dagozkien eskubide eta betebeharrei buruz.
6. Turismo ikuskapeneko langileen lanbide kualifikazioa sustatzea.
7. Aurrerapausoak ematea administrazioekiko koordinazioan eta turismoaren sektorearekin zuzeneko nahiz zeharkako lotura duten entitate publiko zein pribatuengandik informazioa eskuratzeari dagokionez.
II.–Lehentasunezko gidalerroak.
1. Eskaintza klandestinoaren kontrola.
Lehentasuna izanen du turismo ostatuen, turismo aktibo eta kulturalaren, turismo bitartekotzaren nahiz turismo informazioaren arloko eskaintza klandestinoa hautemateak eta kontrolatzeak, batez ere plataforma digitalen bidez garatutako eskaintza klandestinoa. Era berean, Erregistratzaileen Elkargoaren datuak Turismo Erregistroko datuekin erkatuko dira, titulartasuna eta egiazkotasuna egiaztatzeko. Horretarako, plataformei eskatuko zaie datuak jakinarazteko eta publizitate irregularra kentzeko, Nafarroako Turismoari buruzko Foru Legeari jarraiki.
2. Bidaia konbinatuen eta lotetsien egiaztapena.
Bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia zerbitzuei dagokienez, 2015/2302 (EB) zuzentarauak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak xedatutako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko jarduketak eginen dira.
3. Erregistroko datuen arazketa.
Nafarroako Turismo Erregistroa eguneratu eta araztuko da, eta jarduerarik eza edo ez-betetzea gertatuz gero, ofizioz baja ematea sustatuko da.
4. Berriro araudiaren ez-betetzerik gertatzea saihesteko prebentzio lana.
Araudia ez betetzeagatik aurretik jada aktak egin zaizkien jarduerei jarraipena eginen zaie, zerbitzuen zuzentasuna bermatzeko eta inork araudia berriz ere ez betetzea prebenitzeko.
5. Erakundeen arteko lankidetza.
Nafarroako beste administrazio, departamentu eta turismo bulegoekiko koordinazioa indartuko da, baliabideak eta jarduketen eraginkortasuna optimizatuko dituzten komunikazio kanalak erabiliz.
6. Jarduketen berri ematea.
Eskaintza klandestinoaren kontra egindako jarduketen berri emanen da, prentsa oharren eta ikus-entzunezko kanpainen bidez.
7. Herritarren partaidetza.
Salaketa anonimoetarako postontzi bat ezarriko da, herritarrek lagundu ahal izan dezaten bai jarduera klandestinoa kontrolatzen eta bai turismo jardueraren eta auzotarren bizitzaren artean beharrezkoa den oreka babesten.
III.–Jarduketa ildo estrategikoak.
–1. ildo estrategikoa. Turismo eskaintzaren kalitate estandar ezin hobeak mantentzea.
a) Jarduketa esparrua.
Turismoari buruzko araudiak araututako turismo jarduera oro, eta, zehazki, turismo establezimendu eta turismo enpresa mota hauek:
- Hotel establezimenduak.
- Landetxeak.
- Turismoko apartamentu eta etxebizitzak.
- Turismoko aterpetxeak.
- Turismo kanpalekuak.
- Gaua igarotzeko eremuak.
- Turismo aktiboko/kulturaleko enpresak.
b) Jarduketa programak.
- 1.1. programa. Turismo jarduerari ekiteko erregistratu diren erantzukizunpeko adierazpenak egiaztatzea.
- Turismo jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpenen agiriak berrikustea.
- Establezimenduak bulegoan edo in situ ikuskatzea.
- Aplikatzekoa den araudi sektorialari eta aurretiko eta ondorengo izapideei buruzko informazioa.
- 1.2. programa. Aldaketei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak egiaztatzea.
- Aldaketen berri emateko erantzukizunpeko adierazpenak erregistratzen direnean, adierazpen horien agiriak berrikustea.
- Erantzukizunpeko adierazpenetan aldaketei buruzko jakinarazpenak aurkeztu dituzten establezimenduak ikuskatzea, bulegoan edo in situ, establezimendu mota edo kategoria aldatu denean, espezialitateren bat gehitu denean, edo obra nabarmenak egin direnean eraikinak handitzeko edo berritzeko.
- 1.3. programa. Ofizioz egiaztatzea zer establezimendu edo enpresak ez duten aurkeztu ostatu jarduera uzteari buruzko jakinarazpena.
- Egiaztatzea Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden establezimendu eta enpresetatik zein dauden jendearentzat itxita inguruabar hori turismo arloko administrazioari aldez aurretik jakinarazi gabe, eta, kasua bada, erregistroan baja ematea proposatzea.
- 1.4. programa. Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea.
- Establezimendua erregistroan inskribatu ondoren kontrolerako ikuskapenak egitera joatea, egiaztatzeko, batetik, jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuak egiazkoak direla edo bat datozela, eta bestetik, egiaztatzeko baduela eduki beharreko dokumentazioa, bereziki aseguruak, udal lizentziak eta, apartamentuen kasuan, jabeen erkidegoaren berariazko onespena, halakorik izatea nahitaezkoa bada.
- Ikuskapen bisitak egitea, egiaztatzeko jardunean dauden establezimenduetako instalazioen eta ekipamenduen erabilera egoera eta kontserbazio egoera bat datozela dagokien kategoriarekin.
- Egiaztatzea plaza kopuruari, kategoriari edo eskainitako zerbitzuei buruz publizitatean adierazitako datuak bat datozela erregistratutako datuekin.
- Dagozkien aktak eta/edo txosten teknikoak egitea, kasu bakoitzean egoki diren errekerimenduak egiteko, zehapen espedienteak hasteko edo administrazio jarduketak egiteko.
- 1.5. programa. Turismo Zuzendaritza Nagusiaren berezko turismo azpiegituren mantentze lanak egitea.
- Mantentze lanen plana eta kudeaketarako lizitazio espedienteak prestatzea.
- Esleipendunek kudeaketa egokia egiten dutela egiaztatzeko jarraipena eta ikuskapena egitea.
- Inbertsio propioen obrak ikuskatzera joatea.
–2. ildo estrategikoa. Turismo jarduera arautuen arloan, jardun klandestinoa kontrolatzea.
a) Jarduketa esparrua.
Turismoari buruzko araudiak arautzen ahal duen zerbitzu edo jarduera oro, eta, bereziki, honako hauek:
- Ostatu arloko turismo zerbitzuak.
- Informazio eta bitartekaritza turistikoko zerbitzuak.
- Turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak.
Arreta berezia jarriko da Interneten eta gailu mugikorren bidez eskaintzen diren zerbitzu eta jardueretan.
b) Jarduketa programa.
- 2.1. programa. Detektatzea jarduera edo zerbitzu turistikorik ematen den Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu gabe, nahitaezkoa baita inskribatzea.
- Webguneetan edo beste publizitate bide batzuetan establezimenduei buruz egindako publizitatea dela eta, ofizioz edo aldez aurretik jarritako salaketen bidez lortutako informazioa aztertzea, egiaztatzeko ea establezimenduak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu gabe egin ote duten publizitate hori.
- Interneteko plataformetan eskaintzen diren etxebizitza turistikoen erregistro zenbakiak egiazkoak diren egiaztatzea.
- Banakako logelen alokairua jarduera simulatua ote den egiaztatzea.
- Ostatuaren erregistro zenbakiaren argitalpena egiaztatzea, hala dagokionean, Jabetza Erregistratzaileen Elkargoarekin koordinatuta.
- Dagozkien aktak eta/edo txosten teknikoak egitea, kasu bakoitzean egoki diren errekerimenduak egiteko, zehapen espedienteak hasteko edo administrazio jarduketak egiteko.
- Informazio errekerimendua egitea turismo plataformei, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea aditzera eman gabe merkaturatzen eta/edo iragartzen badituzte zerbitzuak.
3. ildo estrategikoa. Zerbitzu turistikoen erabiltzaileen eskubideak bermatzea.
a) Jarduketa esparrua:
- Zerbitzu turistikoen erabiltzaileen edota Nafarroako beste administrazio publiko batzuen salaketa eta erreklamazioak eragin dituzten establezimenduak eta jarduera turistikoak.
- Bitartekaritza turistikoa egiten duten enpresak, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuak.
- Osagarri modura bidaia konbinatuak eta/edo lotetsiak antolatzen dituzten establezimendu turistikoak edo bestelakoak.
b) Jarduketa programak:
- 3.1. programa. Zerbitzu turistikoak ematean izandako gabeziengatik turismo zerbitzuetako erabiltzaileek jarritako salaketak egiaztatzea.
- Dokumentuak egiaztatzea eta, hala badagokio, establezimenduetara joatea, turistek jarritako salaketetan eta erreklamazioetan edota beste erakunde publiko batzuen txostenetan ageri diren gertakariak egiaztatzeko.
- 3.2. programa. Bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak antolatzeari eta merkaturatzeari buruzko turismo arauak betetzen diren kontrolatzea.
- Dokumentuak egiaztatzea eta, hala badagokio, establezimenduetara joatea, egiaztatzeko bidaia konbinatuak eta/edo lotetsitako bidaia zerbitzuak antolatzen eta/edo merkaturatzen dituzten enpresek betetzen dituztela arau hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 25eko 2015/2302 (EEE) Zuzentaraua, bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia zerbitzuei buruzkoa, eta/edo Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta Lege Osagarri batzuen testu bategina (azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).
–4. ildo estrategikoa. Turismoaren arloan emandako dirulaguntzak zertan erabiltzen diren gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea.
a) Jarduketa esparrua.
Turismo enpresak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, Nafarroako toki erakundeak eta partzuergoak, Turismo Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzen onuradun izan direnak.
b) Jarduketa programa.
- 4.1. programa. Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bidez kudeatutako turismoko dirulaguntzak zertan erabiltzen diren egiaztatzea.
- Diruz lagundutako turismo azpiegituretako inbertsioak ikuskatzera joatea.
- Beste edozein frogabide erabiliz egiaztatzea turismoa sustatzeko edo dinamizatzeko finantzatutako jarduketak benetan egin direla eta behar bezala burutu direla.
- Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU) esparruan finantzatutako inbertsioak egiaztatzea eta horien kontrol espezifikoa egitea.
–5. ildo estrategikoa. Turismo jarduerari lotutako eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa eta aholkularitza.
a.) Jarduketa esparrua.
Turismorako araudia betetzeari buruzko informazioa eta/edo aholkularitza eskatzen duen pertsona edo erakunde oro, eta, bereziki:
- Pertsona fisikoak edo juridikoak, turismorako erabiliko den establezimendu bat eraiki edo eraberritzeko proiektua dutenak, edo jarduera turistikoren bat egiteko asmoa dutenak.
- Tokiko erakundeak, beren udalerrietako turismo enpresa eta jarduerei buruzko informazio eta aholkularitzarako.
- Tokiko ekintzako taldeak, beren eragin eremuetako turismo proiektuei buruzko informazio eta aholkularitzarako.
- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakundeak.
b) Jarduketa programa.
- 5.1. programa. Proiektuak turismoari buruzko araudiarekin bat etortzeko aholkularitza.
- Turismo proiektu bat duten partikularrei edo enpresei arreta ematea bulegoan, proiektu hori dagokion turismo araudira nola egokitu behar duten jakiteko gidaritza eta aholkularitza emateko.
- 5.2. programa. Aurretiaz turismoaren arloko txostenak egitea, interesdunak bere borondatez aurretik kontsulta egin duenean, jakiteko ea bere proiektuak jarraitzen dion Nafarroako Turismoari buruzko Foru Legearen 13 bis artikuluan araututakoari.
- Azpiegiturak turismo erabilerarako egokitzeko interesa duten pertsonei edo profesionalei arreta eta aholkularitza ematea bulegoan.
- Aurretiaz txostenak ematea, aldez aurretik eskatu badira, jakiteko ea betetzen diren azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko baldintzak, bai eta otsailaren 14ko Nafarroako Turismoari buruzko Legearen 13 bis artikuluaren arabera proiektuak nola sailkatu daitezkeen jakiteko ere.
- Tokiko garapen parte-hartzaileko estrategien (EDPL) esparruan dirulaguntza jaso dezaketen proiektuei buruzko txostenak egitea, bai sustatzaile publikoentzat eta bai pribatuentzat, aldez aurretik eskatu badira. Leader programa edo antzekoak.
–6. ildo estrategikoa. Ikuskapena egiten duten langileen prestakuntza espezializatua.
a) Jarduketa esparrua.
Turismo Zuzendaritza Nagusiko ikuskapen- eta erregistro-jarduerarekin zerikusia duten langile guztiak.
b) Jarduketa programak.
- 6.1. programa. Irizpideen eta prozeduren homogeneizatzea.
- Aldian aldiko bilerak, ikuskapen plana indarrean dagoen bitartean egiten diren antzeko jarduketetan irizpideak bateraturik egon daitezen eta posizionamendu beraz ekin diezaioten.
- Jarduteko jarraibideak eta/edo protokoloak prestatzea, jarduteko irizpideak eta araudi turistikoaren aplikazioa homogeneizatzeko.
- 6.2. programa. Ikuskatzaileen prestakuntza.
- Ikuskatzaileen prestakuntza premiez jabetzea, prestakuntza ekintzak gertatzeko.
–7. ildo estrategikoa. Administrazio turistikoaren eta sektore turistikoarekin zuzeneko nahiz zeharkako lotura duten beste administrazioen artean informazio trukea hobetzeko koordinatzea.
a) Jarduketa esparrua.
Turismo jarduerarekin lotutako erakundeak eta, bereziki:
- Turismo bulegoak.
- Toki erakundeak.
- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak eta erakunde publikoak.
b) Jarduketa programa.
- 7.1. programa. Koordinazio jarduketak.
- Turismo bulegoekin aldizka koordinazio saioetan parte hartzea.
- Erregistro eta ikuskatze jardueretan turismo bulegoekin lankidetzan aritzeko lanak planifikatzea.
- Jarduera turistikoari buruzko lan bilerak planifikatzea, Foru Administrazioko hainbat departamenturekin eta udalekin biltzeko, eta hala informazio fluxua hobetzeko eta sektorean eragina izan dezaketen arau berrikuntzen edo bestelakoen berri izateko.
IV.–Exekuzio epea.
Plan honen ildo estrategikoetan jasotako jarduketak planaren indarraldi osoan gauzatuko dira.
Plana onartu eta hilabeteko epean, kronograma kuantifikatu bat eginen da, ildo estrategiko bakoitzean egin beharreko jarduketen urteko aurreikuspena zehaztuta, aldi horretan egin beharreko doikuntzei kalterik egin gabe.
V.–Bi urterako ikuskapen planaren exekuzioa eta emaitzak.
2026. eta 2027. urteetan gauzatuko da ikuskapen plana, edota plan berria onartu arte; nolanahi ere, jarduketak programatzerakoan kontuan hartuko da zer sasoi diren egokienak, ez dezaten oztopatu zerbitzu turistikoak behar bezala ematea.
Plan honen ondoko hurrengo urte naturalaren lehen hiru hilabeteetan, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak urteko memoria bat prestatuko du ikuskapen planaren gauzatzeari buruzko datu guztiekin, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari helaraziko dio.
Iragarkiaren kodea: F2606167
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
