1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
196E/2026 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Berriozarko Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak R-8 unitatearen eremuari eragiten dio, eta Berriozarko Udalak sustatu du, lursail horretarako antolamendu zehatza aldatzeko.
Udalak aldaketa hori 2025eko abuztuaren 28an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2025eko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 25ekoan. Espedientean jasota daude Arau Subsidiarioen aldaketaren memoria, araudia, planoak eta ingurumen-dokumentu estrategikoa.
Aldaketaren helburua da UR-8 unitatea (bizitegitarako lurzoru urbanizagarria) birsailkatzea, honela:
a) Unitatearen zati batean, proposatzen da bizitegi erabilerako lurzoru urbanizagarria birsailkatzea gaitasun agrologiko handiko lurzoru urbanizaezin gisa (SNUPrtEN: SECA), baratze gisa orain duen erabilerari eusteko.
b) Unitatearen gainerakoan, proposatzen da bizitegi erabilerako lurzoru urbanizagarria birsailkatzea zuzkidura, bide eta berdegune erabilerako lurzoru urbanizagarri gisa.
–Ingurumen ebaluazioa.
a) Lehenik eta behin, aldaketak proposatzen du UR-8 unitateko lurzoru urbanizagarriko 4.656 metro koadro lurzoru urbanizaezin gisa birsailkatzea, ustiapen naturalerako duen balioagatik. Aldaketa hori unitatearen iparraldean planteatzen da, Berriozarko hirigune historikora sartzeko errepidearen ondoan, malda ertaineko lursailetan dauden baratze pribatuetan (ureztalurreko belar-laboreak). Lursail horietan ez da balio handiko elementu aipagarririk identifikatzen, eta, beraz, ez da ingurumen-ukipen nabarmenik aurreikusten.
b) Bigarrenik, aldaketak proposatzen du unitatearen gainerakoan (25.661 metro koadro) lurzoru urbanizagarriaren sailkapenari eustea, baina indarreko planeamenduaren erabilera xehatuak aldatuta. Hala, lurzoru urbanizagarri hori pasatuko da bizitegi erabilera izatetik zuzkidura erabilera izatera.
Aldaketa horrek etxebizitza berriak ezartzeko aukera kentzen du, eta horren ordez proposatzen du honako hauek ezartzea: erabilera anitzeko zuzkidura-eremu publiko bat; berdegune perimetral bat, lurraldeko konektorea izanen dena inguruko ingurumen-balio handiko beste eremu batzuekin –hala nola Ezkaba mendia, Itxaurdiko makaldia eta Plazaolako bide berdea–; eta lurzoru-erreserba bat, zuzkidura-lurzatira sartzeko bide publiko baterako. Bide hori unitatearen hegoaldean dago, eta eremu publiko gisa erabiliko da, aurreikusten baita hor egitea "Eremu Zentrala" LAP-3 Lurralde Antolamenduko Planean proposatutako bide-erreserba.
Planeamenduko aldaketa horri esker, indarreko planeamenduak ingurumenean dituen ondorio kaltegarriak minimizatzen dira, erabilera anitzeko zuzkidurako lurzorua ezartzen baitu etxebizitza kolektiboko bizitegi garapen baten ordez, eraikuntzako bolumena eta altuerak murriztuta.
Aldaketa malda leuneko lursailetan planteatzen da, non lehorreko belar-laboreak eta ureztalurrak (baratzeak) baitaude, bai eta, han-hemenka, zuhaitz eta zuhaixka multzoak ere, bizitegi, industria eta zuzkidurako eremuen ondoan. Ez da ingurumen-balio aipagarririk identifikatzen, eta, beraz, ez da ingurumen-ukipen nabarmenik aurreikusten.
Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan neurriak jasotzen dira argi-kutsadurak eragindako ondorio negatiboen aurka (11.5 kapitulua). Horri dagokionez, adierazi behar da ezen, azken estrategia eta azterlanen ondorioen arabera –adibidez, Gauerako Pirinioetako Estrategian (E-PLN) (2022ko maiatza)–, kanpoko argiztapena egokitu behar dela, uhin laburreko argia (urdinak) mugatuz, zeina kaltegarriena baita ingurunearentzat eta gaueko faunarentzat. R-8 unitateko aldaketaren kasu zehatzean, Ezkaba mendiko espazio naturaletik gertu dagoenez, iradokitzen da urbanizazioari buruzko araudiak gomendatzea lanparak erabiltzea kanpoko argiztapenerako, kolore-tenperaturak 2.200 K-ekoak edo gutxiagokoak direla.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar bezala egin dela, eta Berriozarko Arau Subsidiarioak R-8 unitatearen eremuan aldatzeak ez duela ukipen nabarmenik eragiten ingurumenean.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Berriozarko Arau Subsidiarioak R-8 unitatearen eremuan aldatzeari buruz. Aldaketa Berriozarko Udalak sustatu du, R-8 unitateko lursailak birsailkatzeko. Izan ere, zati batean, lurzoru urbanizagarria pasatuko da bizitegi erabilera izatetik zuzkidura, bide eta berdegune erabilera izatera, eta gainerakoan (baratzeen eremua), aldiz, pasatuko da bizitegi erabilerako lurzoru urbanizagarria izatetik lurzoru urbanizaezina izatera. Ondorioztatzen da ez dela ingurumen-ukipenik eragiten.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Berriozarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko apirilaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKIN GRAFIKOA

Berriozarko Arau Subsidiarioak R-8 unitatean aldatzearen eremua
Iragarkiaren kodea: F2605229