1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
161E/2026 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Basoen eta Ehizaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendariak emanana, Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia egiten duena.
Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ezartzen duenez –apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak aldatuz geroztik duen idazketaren arabera–, ehiza-barrutiak zaintza-sistema bat izan beharko du aipatutako legearen 51. artikuluan zehaztutako jarduketak egiteko.
Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua (otsailaren 1eko 7/2012 Foru Dekretuak aldatua) onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuak, 8.2.e) artikuluan, xedatzen du ehiza-barrutietako zaintza-lanak ehizazainaren titulua dutenek eginen dituztela.
Arau beraren 8 bis artikuluak ehizazainaren figura sortu zuen, eta kondizio hori eskuratzeko baldintzak ezarri.
Hauek dira baldintzak:
a) Ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua izatea.
b) Ehizarako gaikuntzako ikastaro batean lortutako aprobetxamenduaren ziurtagiria izatea, Nafarroako Foru Komunitateak homologatutako zentro batek emana.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 4an emaniko 94/2012 Foru Aginduak arautzen du nola eskuratu Nafarroako ehizazainaren titulua.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emaniko otsailaren 6ko 25E/2025 Foru Aginduaren bidez, aldatu egin zen 94/2012 Foru Agindua, irailaren 4koa, Nafarroako ehizazainaren titulua lortzea arautzen duena.
Xedapen horiek diotena betetzeko, deialdia egin behar da interesdunek ehizarako gaikuntzako ikastaroaren ziurtagiria eskuratu ahal izan dezaten, ezinbesteko baldintza baita Nafarroako ehizazainaren egiaztagiria lortzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia onestea.
2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak eta baldintzak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beronen aurka eta oinarrien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Basoen eta Ehizaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.
ERANSKINA.–EHIZARAKO GAIKUNTZAKO IKASTAROAREN DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea.
Ebazpen honen helburua da Nafarroan ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia egitea, Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko beharrezkoa baita.
2. oinarria.–Izena emateko eskaera.
–Epea:
Izena emateko epea bakarra izanen da, eta 10 egunen buruan agortuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Aurkezteko tokia:
Honela aurkezten ahal dira izena emateko agiriak:
- Erregistro telematikoaren bidez, Nafarroako Ataria webgunean (www.navarra.es) izapideen katalogoan horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxaren bidez.
- Aurrez aurre, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea 9, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro-bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bestelako bideren bat erabiliz.
- Eskabidea posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
–Erantsi beharreko agiriak:
a) Izena emateko eskabidea, deialdi honi erantsitako ereduaren araberakoa.
Eskabide-inprimakia eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Iruñean dituen bulegoetan (González Tablas 9).
b) Nortasun-agiri nazionalaren, pasaportearen, bisaren edo atzerritarren nortasun-txartelaren fotokopia.
3. oinarria.–Izangaiak onartuen zerrenda eta erreklamazioak.
Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan (www.navarra.es) horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxan.
Bazterturik gelditzen direnek bost eguneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Erreklamazioak ebatzi eta gero, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.–Ikastaroaren ezaugarriak.
–Iraupena:
5 ordu presentzial, nahitaezkoak.
Egun batean egiten dira.
Ikastaroa zer egunetan eta non emanen den argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan (www.navarra.es) horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxan.
–Edukiak:
Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduan ezarritakoak izanen dira, zeina aldatu baitzen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 6ko 25E/2025 Foru Aginduaren bidez.
5. oinarria.–Ehizarako gaikuntzaren ziurtagiria lortzea.
Ehizarako gaikuntzaren ziurtagiria lortzeko, osorik egin beharra dago nahitaezko prestakuntzako ikastaro presentziala.
6. oinarria.–Ehizarako gaikuntzaren ziurtagiria lortu duten pertsonen behin-behineko zerrenda.
Ehizarako gaikuntzaren ziurtagiria lortu duten pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratu eginen da, eta 5 eguneko epea ezarriko da alegazioak egiteko, Nafarroako Atarian (www.navarra.es) horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxan.
7. oinarria.–Ehizarako gaikuntzaren ziurtagiria lortu duten pertsonen behin betiko zerrenda, eta ziurtagiria ematea.
Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik, ehizarako gaikuntzaren ziurtagiria lortu duten pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Atarian (www.navarra.es) horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxan.
Halaber, ehizarako gaikuntzako ikastaroa gainditu izanaren ziurtagiria emanen da. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Kudeaketako Zerbitzuaren bulegoetan eskuratzen ahalko da, Iruñean, González Tablas kaleko 9an.
NAFARROAKO EHIZAZAINAREN TITULUA LORTZEKO EHIZARAKO GAIKUNTZAKO IKASTAROAN IZENA EMATEKO ESKABIDEA
(Idatzi letra larriz, eta bete dena osorik)
Izen-deiturak | |
NANa | |
Helbidea | Kalea | Zenbakia | Solairua |
Udalerria | |
Posta-kodea | |
Telefonoa | |
Harremanetarako helbide elektroniko pertsonala | |
Azaltzen du bere horretan onartzen dituela deialdi honen oinarri guztiak.
Horregatik, eta aipatutako deialdian eskatzen diren agiriak erantsita (NANaren fotokopia edo baliokide bat),
ESKATZEN DU izena ematea EHIZARAKO GAIKUNTZAKO IKASTARORAKO, hura egiaztatzeko prestakuntza egiteko.
.............................................(e)n, 2026ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura
ARGIBIDEAK ESKATZAILEARENTZAT:
Nahitaezkoa da prestakuntza-ikastaroa egitea.
Eskabide-inprimakia eskura egonen da Nafarroako Atariko (www.navarra.es) izapideen katalogoan horretarako jarriko den "Nafarroako ehizazainaren titulua lortzeko ehizarako gaikuntzako ikastaroaren deialdia" fitxan, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Iruñean dituen bulegoetan (González Tablas 9). Deialdi honi buruz kontsultak egiteko, bidali mezu elektroniko bat caza@navarra.es helbidera edo deitu 848 42 67 33 telefonora.
DATUEN BABESARI BURUZKO INFORMAZIOA |
ZURE DATUEN TRATAMENDUAREN ARDURADUNA Identitatea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua Helbidea: González Tablas kalea 9, 31005 Iruña Helbide elektronikoa: gestinfo@navarra.es Datuen babeseko ordezkaria: Helbide elektronikoa: dpd@navarra.es |
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN HELBURUA Datu pertsonalak deialdi honekin lotutako izapideak egiteko tratatuko dira. Datu pertsonalak prozedura izapidetzeko eta ebazteko behar den denboran gordeko dira. |
ZURE DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.a) artikulua: interesdunak adostasuna ematen du bere datu pertsonalak tratatzeko berariazko helburu baterako edo gehiagotarako. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. |
DATUEN NAZIOARTEKO LAGAPEN EDO TRANSFERENTZIEN HARTZAILEAK Datu pertsonalak ez dira lagako eta ez dira transferituko, lege-betebeharra izan ezean. |
INTERESDUNEN ESKUBIDEAK Interesdunak eskubidea du datu pertsonaletan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskabidea igorri behar dio Departamentuko Informazioa Kudeatzeko Atalari, goian adierazitako helbidera edo gestinfo@navarra.es helbide elektronikora, eta bere NANaren edo identifikazio-agiri baliokide baten kopia erantsi beharko du. Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete erreklamazio bat aurkezteko, uste badute ez zaiola behar bezala erantzun beren eskabideari. |
DATUEN JATORRIA, INTERESDUNAK BERAK EMAN EZ DITUENEAN Zure eskaerarako beharrezkoa bada, administrazio publikoaren eskuan dagoen informazioa egiaztatuko da. |
INFORMAZIO GEHIGARRIA Honako webgune honen bidez: www.gobiernoabierto.navarra.es/eu |
Iragarkiaren kodea: F2605849