89. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2026 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2026ko deialdia. DDBN kodea: 895548.

250/2023 Foru Dekretuaren bidez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta 42. artikuluan zehazten da Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokiola artisautza antolatzea eta sustatzea.

Foru dekretu horren 44.m) artikuluaren arabera, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari dagokio merkataritzaren eta artisautzaren arloko laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdiak eta horiek nola eman planifikatu, kudeatu eta gainbegiratzea.

Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, aintzat hartuz artisautza sektorearen berezitasuna, ezinbestekotzat ikusten du aurreko urteetan sektore honetan abiarazitako laguntza neurriei eustea, sektoreko ETEei egin dituzten inbertsioetan laguntzen jarraitzeko, xedea izanik artisau lantegiak modernizatzea, horien ekipamendua hobetzea eta sektoreko ETEen trantsizio digitala babestea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2026ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, zeina Nafarroako 2026ko aurrekontu orokorren partida honen kargura finantzatuko baita: 830001-83100-7701-431400 partida, "Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Inbertsioak lantegietan" izenekoa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.

ERANSKINA.–NAFARROAKO ARTISAUTZA ENPRESEN INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZEN 2026KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea, haien lehiakortasuna bultzatzearren. Horretarako, arlo hauekin zerikusia duten inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira: artisau lantegiak modernizatzea eta egokitzea, horien ekipamendua hobetzea, eta artisautza sektoreko enpresen produktuak online saltzea ahalbidetzen duen teknologia garatzea.

Laguntza honen helburua da artisautza enpresak eta haien produktuak bultzatzea, sektorea dinamizatzeko eta suspertzeko; izan ere, beharra dago artisautzako jarduera bizirik mantentzeko eta dinamizatzeko, aberastasun kulturala ematen baitio gizarte guztiari, eta Nafarroako ondare ez-materialaren funtsezko atal bat baita. Sustatu nahi da artisautza behar den bezala aintzatestea, eta aitortzea hari loturik dagoen tradizioa eta kalitatea: produktu jatorrak, bakarrak eta originalak diseinatu eta eskuz egiten dira, beste produktu mota batzuk ez bezala, zeinak ekoizten baitira era industrialean, katean edo mekanizazioa baliatuz.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

100.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela banatuta, diruz laguntzen ahal diren jarduketa moten arabera:

JARDUKETA MOTA

ZENBATEKOA

1) Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta modernizatzea

35.000

2) Artisau lantegien ekipamendua

65.000

3) Eraldaketa digitaleko inbertsioak

Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Inbertsioak 2025eko azaroaren 11tik 2026ko urriaren 30ra bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne.

2. Fakturek eta ordainagiriek 2025eko azaroaren 11tik 2026ko urriaren 30era artekoak izan behar dute, biak barne.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Enpresak ezin izanen dira dirulaguntza honen onuradun izan baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege-dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

1.4. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

2. Gainera, berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen, Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan inskribatuta egotea, zeina Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikita baitago, edo inskripzioa berritzeko eskaera aurkeztu izana edo erregistro horretan inskribatzeko eskaera aurkeztu izana (eta erantzuna positiboa izatea).

2.2. Eskaera aurkezten den egunean Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, artisautzako jardueran aritzeagatik dagokion araubidean.

3. Berariazko betebeharrei eustea.

Artisautza enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoan bete beharko dituzte enpresek. Horrenbestez, artisautza enpresek baldintza horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.

Halaber, enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda egondako epeen barruan egindako jarduketak baizik ez dira onartuko.

Gutxienez 6 hilabetez egon behar da Gizarte Segurantzan alta emanda epe diruz lagungarriaren barruan.

4. Betebehar orokorrak betetzen direla egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da; 2 berariazko betebeharra, berriz, laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du, eta 3 betebeharra, azkenik, 6.4.1.c) oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkeztuz egiaztatuko da.

5. oinarria. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.1. Honako jarduketa hauetatik heldu diren inbertsioak dira diruz lagungarriak:

a) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea.

Lehendik dauden artisau lantegietan zein lokal berrietan horrelako lantegiak ezartzeko egiten diren obrek eta egokitze jarduketek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, beharrezkoak badira artisautzako ekoizpen-jarduera egiteko.

Horrez gainera, jarduketa horiek onartuko dira artisautza enpresek beren produktuak saltzeko eta merkaturatzeko erabiltzen dituzten lokaletan egiten direnean, kontuan hartu gabe lokal horietan artisautzako ekoizpen-jarduerarik egiten den ala ez.

Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalak bakarrik jasoko du dirulaguntza.

Kontzeptu diruz lagungarrien artean, proiektu teknikoaren prestaketa eta obra zuzendaritza sartzen dira. Obrek etxebizitza partikularrean ere eragina izanez gero, kontzeptu horien zati proportzionala bakarrik onartuko da, hau da, artisau lantegiari egozten zaion inbertsioari dagokiona. Kontzeptu horiengatik, inbertsio onargarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez, diruz lagungarria izateko. Ehuneko hori bera izanen da kontzeptu horiengatiko dirulaguntza ordaintzeko orduan aplikatuko dena.

b) Artisau lantegien ekipamendua.

Artisautzan aritzeko berariazkoak, premiazkoak eta ezinbestekoak diren makinak, tresnak eta lanabesak eskuratu, muntatu eta instalatzeko emanen da dirulaguntza, artisautzako ekoizpen-jarduerarekin lotura badute, garraioaren kostuak barne, kasua bada. Halaber, dirulaguntza emanen da artisautzako ekoizpen-jarduera egiteko eta artisautzako produktuak merkaturatu eta saltzeko erabiltzen diren lokalak altzariz hornitzeko.

b.1) Makinak edo bigarren eskuko ekipoak erosteko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Enpresa hornitzaileak ekipoen fabrikatzailea edo merkaturatzailea izan behar du, edo bestela, ohiko jardueratzat bigarren eskuko ekipoen edo makinen salmenta duen enpresa bat.

–Ez da onartuko partikularrei edo beste artisau lantegi batzuei erostea.

–Instrukzio-organoak peritazioa aurkezteko eskatzen ahalko dio eskatzaileari, baldin eta ziur jakiterik ez badago ekipo horien prezioak ez duela gainditzen antzeko zehaztapen teknikoak dauzkan ondasun erabili edo berregokitu baten merkatuko balioa.

b.2) Altzari hauek eskuratzeko gastua baino ez da diruz lagunduko:

–Artisautzan aritzeko lan-mahaiak eta biltegiratze altzariak.

–Bezeroei arreta emateko eta produktuak saltzeko erakusmahaiak, beira-arasak, armairuak eta produktuak erakusteko apalategiak.

c) Eraldaketa digitaleko inbertsioak:

c.1) Online denda bat ezartzea:

Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak: merkataritza elektronikoko (e-commerce) web-orriak garatzea eta ezartzea, edo lehendik dauden web-orriak egokitzea funtzionalitate hori txertatzeko.

Merkataritza elektronikoa abian jartzea:

–Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

c.2) Web-orrien garapen ebolutiboak:

Diruz lagungarria izanen da jadanik merkataritza elektronikoa duten web-orrien garapen teknologiko ebolutiboa egitea, baldin eta jarduketa horrek hobekuntza eta bilakaera nabarmena badakar edo funtzionalitate berriak ekartzen baditu eta inbertsiotzat hartzen bada, ez gastu arrunt edo mantentze-lanetako gastutzat.

c.3) Enpresa txiki eta ertainaren kudeaketako programa informatikoak.

Diruz lagungarriak izanen dira tresna edo ekipo teknologikoak eta programa informatikoak ezartzeko inbertsioak eta bezeroen, hornitzaileen edo ordainketa-prozesuaren kudeaketa hobetzeko beharrezkoak diren software-inbertsioak eta IKT irtenbideak.

1.2. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Lokala edo lantegia erosteko inbertsioak.

–Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ezta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jarduketaren emailea ere, edo antzeko kasuak, non autofakturazioa izan daitekeen.

–Ondasun suntsigarriak eta lehengaiak eskuratzea, edo produktuaren elaborazioan parte hartzen duten gastuak.

–Artisautza prozesuarekin zerikusia ez duten altzariak –oinarri hauetan onartutakoak salbu–, ekipoak edo tresnak erostea, non ez diren hartarako guztiz ezinbestekoak.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako ez diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta ez dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalari dagokion gastua.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, proiektu teknikoaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren zati proportzionalari dagokion gastua, artisau lantegiari ezin egotzi zaion inbertsioagatik.

–Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak erostea.

–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, marketin digitaleko ekintzak, etab.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarria den inbertsioaren %75 (BEZik gabe) izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Hona jarduketa bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa:

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIA

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA

1) Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta modernizatzea

11.000

2) Artisau lantegien ekipamendua

7.500

3) Eraldaketa digitaleko inbertsioak

5.000

2.2. Enpresa eskatzaile bakoitzari 12.000 euroko dirulaguntza ematen ahalko zaio gehienez. Jarduketa baterako eta besterako dirulaguntzak metatzearen ondorioz enpresa bati legokiokeen dirulaguntza altuagoa bada aurretik aipatutako zenbatekoa baino, eskatzaileari 3 egun balioduneko epea emanen zaio, dirulaguntza ematen duen ebazpena baino lehen, dirulaguntzaren xede izanen diren jarduketen gaineko lehentasuna adierazi dezan.

Baimendutako gastua aurkeztu diren eskaeretatik eratorritako konpromiso guztiak ordaintzeko nahikoa bada, ez da muga hori aplikatuko.

2.3. Jarduketa mota bakoitzerako, honako hau izanen da gutxieneko inbertsioa (BEZik gabe):

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIA

GUTXIENEKO

INBERTSIOA

Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta modernizatzea

4.000

Artisau lantegien ekipamendua

500

Eraldaketa digitaleko inbertsioak: online denda ezartzea

1.000

Eraldaketa digitaleko inbertsioak: webguneen garapen ebolutiboak

200

Eraldaketa digitaleko inbertsioak: kudeaketarako programa informatikoak

500

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-inversiones-de-empresas-artesanas?pageBackId=7568297 (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) 4.1. oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabide-orrian dago.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (12. oinarrian aipatzen dira). Eskabide-orrian dago.

c) Lan bizitzaren txostena edo Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eskaera aurkezten den egunean enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela egiaztatzeko.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa eta ekonomikoa, 2025eko azaroaren 11tik 2026ko urriaren 30era arteko epean, bi egun horiek barne direla, egindako edo aurreikusitako jarduketak deskribatuko dituena eta honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen kontzeptuak eta zenbatekoak, exekuzioaren faseak, zer egoeratan dauden dirulaguntza eskatzen den unean eta haiek gauzatzeko aurreikusten den egutegia.

–Zergatik den komenigarria inbertsio horiek egitea eta noraino diren baliagarriak artisautzako produktuak prestatzeko prozesuan.

–Artisau lantegirako erostea aurreikusi den makineria edo ekipamendua aktibo finko berriei edo bigarren eskuko ekipoei dagokien.

b) Fakturen kopiak (inbertsioak dagoeneko egin badira) edo aurrekontuak, proiektuak edo proformako fakturak, aurreikusitako inbertsioak justifikatzen dituztenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Diruz lagungarria den gasturen bat 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta hobetzea), edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (artisau lantegien ekipamendua, online denden ezarpena edo garapen ebolutiboak), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaera egiteko inprimakian dagoen "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

d) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, eraberritu eta modernizatuz gero, artisau lantegiaren kanpoko eta barruko argazkiak, laguntzaren xede diren jarduketak egin aurreko egoera egiaztatzeko.

4.3. Eskabide-orrian jaso beharreko informazioa.

Eskatutako laguntzaren xedea baldin bada aurretik zeuden web-orriak egokitzea online denda ezartzeko, edo online denda duten web-orrien garapen ebolutiboak egitea, web-orriaren helbidea adierazi beharko da.

4.4. Jarduketak baloratzeko dokumentazioa.

1. irizpidea: eskabide-orrian sartu den erantzukizunpeko adierazpena hartuko da kontuan.

2. irizpidea: ez da agiririk aurkeztuko.

3. irizpidea. 7.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

4. irizpidea: eskabide-orrian dagoen informazioa eta aurreikusitako inbertsioen memoria teknikoan eta ekonomikoan jasotakoa hartuko dira kontuan.

5. Eskaerako dokumentazioa zuzentzea.

Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Dirulaguntza emateko balorazio-irizpideak.

1. Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira eskaerak:

1. irizpidea.–Enpresaren tamaina: Enpresak eskaeran adierazitako tamaina hartuko da kontuan, eta puntuazio hau esleituko da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

8

Enpresa txikia

4

2. irizpidea.–Artisautzaren gaineko Zuzendaritza Nagusiaren 2022., 2023., 2024. eta 2025. urteetan Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen deialdietan kasuan kasuko artisau enpresari emandako laguntzen arabera, puntuazio honi jarraikiz:

ESKURATUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA
(eurotan)

PUNTUAK

Ez zen dirulaguntzarik jaso

21

500 edo gutxiago

20

501 eta 1.000 artean

19

1.001 eta 1.500 artean

18

1.501 eta 2.000 artean

17

2.001 eta 2.500 artean

16

2.501 eta 3.000 artean

15

3.001 eta 3.500 artean

14

3.501 eta 4.000 artean

13

4.001 eta 4.500 artean

12

4.501 eta 5.000 artean

11

5.001 eta 5.500 artean

10

5.501 eta 6.000 artean

9

6.001 eta 6.500 artean

8

6.501 eta 7.000 artean

7

7.001 eta 7.500 artean

6

7.501 eta 8.000 artean

5

8.001 eta 8.500 artean

4

8.501 eta 9.000 artean

3

9.001 eta 9.500 artean

2

9.501 eta 10.000 artean

1

10.000 baino gehiago

0

Dirulaguntzei uko egin bazitzaien kasuan kasuko deialdietan ezarritako epeen barnean, ez dira emandako dirulaguntzatzat hartuko.

Enpresaburu indibidualak artisautza enpresa gisa erregistratuta badaude eta artisau lantegi bera partekatzen badute, irizpide honen puntuazioa aplikatzeko, kontuan hartuko da zenbateko dirulaguntzak jaso dituzten, guztira, enpresaburu horiek artisau enpresen inbertsioetarako 2022tik 2025era bitarte "artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta hobetzea" kontzeptuagatik lantegi horretarako.

3. irizpidea.–Artisauaren lanbidea hedatzeko, sustatzeko eta lanbideari ikusgarritasuna emateko tresnak.

a) Baloratuko da artisau lantegia turistei, bisitariei eta bezeroei harrera egiteko irekitzea, interesa duten pertsonek artisautza ekoizpenaren prozesua ikus dezaten, eta, kasu horretan, 4 puntu emanen dira. Bisitaldi gidatuak egitea baino ez da baloratuko.

Halakoak egiten direla frogatzeko, liburuxkak, Interneteko bisita-programak edo aurreikusitako irekiera-egutegia aurkeztu beharko dira; horiek guztiak, diruz lagungarria den aldiaren barnean. Dokumentazio hori nahitaez aurkeztu behar da eskariak aurkezteko epea amaitzen den datarako. Epe horretatik kanpo ez da eskaririk onartuko, eta ez da zuzenketarik aurkezten ahalko.

b) Artisautzako produktuen erakusketa eta salmenta soilik egiten dituzten lokalak egotea baloratuko da eta, kasu horretan, 2 puntu emanen da. Eskatzaileak eskabide-orrian adieraziko du hori, eta, hala badagokio, Nafarroako Artisautzaren Erregistroan dagoen dokumentazioaren arabera aplikatuko da.

c) Aurreko bi puntuazioak ezin dira metatu.

4. irizpidea.–Artisau lantegien ekipamendurako eta eraldaketa digitalerako jarduerak:

ZER INBERTSIO MOTATARAKO ESKATZEN DEN DIRULAGUNTZA

PUNTUAK

a) Artisau lantegien ekipamendua

5

b) Eraldaketa digitala

5

c) Baldin eta laguntzaren xede diren jarduketen guztizko zenbatekoa baino %25 handiagoak badira aurreko jarduketen barnean honako hauek erosteko sartzen diren inbertsioak: artisautzaren lanbidea gauzatzeko lan mahaietarako altzariak eta biltegiratze altzariak, bezeroei arreta emateko eta produktuak saltzeko erakusmahaiak, beira-arasak, armairuak eta produktuak erakusteko apalategiak (5.1.b.2 oinarria)

1

Eskaerek puntuazio bakarra izanen dute irizpide honetan.

2. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan lehenago inskribatu ziren eskatzaileak.

b) 2. irizpidean puntuaziorik altuena duten eskaerak.

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztean inbertsioen zenbatekorik handiena eginda duten eskatzaileak.

8. oinarria. Dirulaguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta, beraz, jarduketa mota bakoitzerako aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, oinarri honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera, jarduketa mota bakoitzeko eskabideen arteko lehentasuna ezartzeko.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa mota bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da.

Baimendutako kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da eskaeren lehentasun hurrenkera zehaztu beharrik izanen.

Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin.

3. Dirulaguntzak eman ondoren kredituak liberatzen badira, emandako laguntzak baino ordainketa txikiagoak egin direlako, onuradunen batek dirulaguntzari uko egin diolako edo kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratzen delako, kreditu horiek honako hurrenkera honetan erabiltzen ahalko dira:

a) Deialdia ebazteko unean aurrekontu-kontsignazio nahikorik ez izateagatik laguntza osoa jaso ez zuten eskatzaileei emandako laguntza partziala osatzea, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera.

b) Aurrekontu nahikorik ez izateagatik ezetsita gelditu diren eskabideei erantzutea.

Zerbitzu kudeatzaileak 2026ko urriaren 30era arteko epea proposatzen ahalko du, egun hori barne, dirulaguntza horiek (berriak zein osagarriak) emateko, eta epe berriak ezarriko ditu diruz lagungarriak diren jarduketak gauzatu eta justifikatzeko, betiere 2026ko abenduaren 9ko data gainditu gabe, egun hori barne.

4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

5. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, 7. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

6. Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria. Jarduketen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2026ko urriaren 30ean, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea, IFZa, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak aurkeztea.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresa onuradunaren banku-kontu batean kargatu dela. Ez dira onartuko eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

Ez dira inola ere onartuko onuraduna ez den beste pertsona edo enpresa batek egindako ordainketak, onuradunaren izenean eginak badira ere.

e) Artisau lantegiaren edo artisautza produktuak saltzeko eta merkaturatzeko erabiltzen den lokalaren kanpoko nahiz barneko argazkiak, jarduketak egin ondoko egoera egiaztatzeko aukera ematen dutenak, edota diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.

f) Dirulaguntza jaso dela agerian jartzeko erabili den webgunearen helbidea, edo, bestela, hori frogatzen duten agiriak edo argazkiak.

g) Etxebizitzan eragina duten obren kasuan, ziurtagiri tekniko bat aurkeztuko da, obra zuzendaritzak edo horren parekoak emana, frogatzeko egindako inbertsioetatik zer zenbateko egozten zaion artisau lantegiari.

h) Online denda ezartzen bada, edo online denda duen web-orri bat hobetzen bada, web-orriaren helbidea adierazi.

i) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

j) Lan bizitzari buruzko txostena edo Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, egiaztatzeko enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda egon dela gutxienez 6 hilabetez epe diruz lagungarriaren barnean.

10. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar.

Gainerako enpresa onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, telematikoki aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautzen dena.

Enpresak adierazpena aurkeztera beharturik badaude 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik, aipatu adierazpen horrekin batera foru lege horren 12.4 artikuluan ezarritako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.

Aldiz, 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak bete ez eta beharturik ez badaude, enpresek adierazpena aurkeztu beharko dute inguruabar horren berri emateko.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak epe hauetan egitea:

Artisau lantegiak, beranduenez, 2027ko otsailaren 1ean egon beharko du martxan, egun hori barne. Eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari eman behar zaio martxan jarritako dataren berri.

–Online dendak, beranduenez, 2026ko urriaren 30ean egon beharko du martxan, egun hori barne.

d) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean, edo 2026ko urriaren 1era arte (egun hori barne), uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

e) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2026ko urriaren 1erako, egun hori barne.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

f) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru-sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.

h) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita. Aldi horretan, enpresak Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan inskribatuta egon beharko du.

i) Agerian jartzea dirulaguntza jaso dela, onuradunaren webgunean testu hau jarriz: "Artisautza enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du artisautza enpresen inbertsioetarako 2026ko deialdian", eta horrekin batera, Nafarroako artisautza marka, zeina laguntza fitxaren bidez eskuratzen ahalko baita. 2 urtez mantendu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena ematen den egunetik aurrera.

Gainera, artisau lantegian, ikusteko moduko leku batean, kartel bat jarri beharko da, laguntza fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa, baldin eta artisau lantegia jendearentzat irekita badago, bisita egin badaiteke edo bere produktuak merkaturatzeko lokal bat badu, salbu eta dirulaguntza jaso badu, bakar-bakarrik, eraldaketa digitaleko inbertsioen kontzeptuagatik.

j) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

k) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (11.1.a) oinarrian ezarritakoa):

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, 2026ko urriaren 30era bitarte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Fakturen eta/edo ordainagirien data 2026ko urriaren 30etik aurrerakoa bada, baina 2026ko azaroaren 16a baino lehenagokoa, haiengatik ordaindu beharreko dirulaguntza %30 murriztuko da.

c) Justifikazio agiriak 2026ko urriaren 31tik 2026ko azaroaren 16ra arte aurkezten badira, biak barne, %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza, aurreko atalean ezarritako murrizketa aplikatu ondoren, hala badagokio. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira, murrizketa hauek eginen dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Minorazio horiek ez dira aplikatuko onuradunak 2026ko urriaren 1erako aurkezten badu aurretiazko jakinarazpena.

Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat eginen ez dela jakinarazteko komunikazioa epearen barruan aurkezten bada, oinarri arautzaile honen 1.d) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan eskatutako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

e) Oinarri honen 1.h) eta 1.i) ataletan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

f) Artisau lantegia martxan jartzeko data betetzen ez bada, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze interesekin batera.

g) Diruz lagundutako epearen barruan Gizarte Segurantzan gutxienez 6 hilabetez alta emanda egoteko eskakizuna betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak jarduketa beretarako eman ditzakeen beste batzuekin.

Bateragarriak dira, ordea, helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Enpresa bakarraren definizioa erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarritakoa izanen da.

Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan zehar jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.

Emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan ere argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, enpresa onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzaren fitxan adierazitako moduan.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2604804