Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
103/2026 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2026-2027 ikasturterako laguntza-deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduetan honako hauek sustatzeko eta garatzeko: osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza. DDBN kodea: 893879.
1994. urteaz geroztik, Hezkuntza eta Osasun departamentuen arteko lankidetzari esker, eta eskoletan osasuna bultzatzearren, honako hau izan da lehentasuna: "Ikastetxeei erraztea osasunaren sustatzaile gisa duten eginkizuna, Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste erakunde batzuek bultzatzen duten bezala". Lankidetza hori, halaber, indartu egin da 2023an bi departamentuek sinatutako akordioari esker.
Gainera, 2009tik, Nafarroako Foru Komunitatean "Elkartasunaren aldeko eskolak" programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek elkartasunaren, berdintasunaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren balioak txertatzea curriculumean eta ikastetxeko hezkuntza-proiektuan, zehar-lerro gisa. Hori guztia aurrera ateratzeko lankidetzan aritu dira Hezkuntza Departamentua, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua, hezkuntza-komunitatea, eta Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE).
Modu bertsuan, 2012-2013 ikasturtetik hasita, Hezkuntza Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko lankidetzaren bidez, lan egiten ari gara ikastetxeek ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko kultura susta dezaten, biodibertsitatea eta klima babestuz, eta kontsumo arduratsua, birziklapena, berdeguneekin kontaktua eta bizitza jasangarriaren garapena sustatuz. Lankidetza hori, orobat, indartu egin da, Nafarroako Gobernuko bi departamentu horiek 2024ean sinatu zuten akordioari esker.
Azkenik, eta 2024an berritutako 2020ko akordiotik aurrera, Hezkuntza Departamentuaren eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren artean, Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolen Sarearen bidez, hainbat hezkuntza-jarduketa sustatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan memoria, bizikidetza eta giza eskubideen inguruko gaiak lantzeko.
Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak emandako aldeko txostena, onets dadin 2026-2027 ikasturterako laguntza deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduetan Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea ikastetxe itunduetan Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko laguntzen deialdia. Ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen diren oinarriek arautuko dituzte laguntzak.
2. Gastua baimentzea, gehienez ere 30.000 euro, ikastetxe itunduetan jarduketak gara daitezen honako arlo hauetan: Osasunaren aldeko Hezkuntza eta Sustapena, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, eta Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza. Gastu hori egotziko zaio 2027ko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide den partidari: 2026ko gastuen aurrekontuko "Ikastetxe itunduetako prestakuntza-programak eta berrikuntza-proiektuak" izeneko 420002 42100 4811 322000 partida. Baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada.
3. Ebazpen honek eta haren eranskinek ez dute administrazio bidea amaitzen, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Prestakuntza eta Kalitate Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2026ko martxoaren 17an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, OSASUNERAKO HEZKUNTZA, GARAPENERAKO ETA HERRITARTASUN GLOBALERAKO HEZKUNTZA, JASANGARRITASUNERAKO ETA INGURUMENERAKO HEZKUNTZA ETA MEMORIA HISTORIKOAREN, BAKEAREN ETA BIZIKIDETZAREN ALDEKO HEZKUNTZA ESKOLAN SUSTATU ETA GARATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAN PARTE HARTZEKO
Lehena.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da arautzea laguntzen deialdian parte hartzea, honako proiektu hauek babesteko eta aitortzeko: 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduetan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza sustatzen duten proiektuak.
Bigarrena.–Hartzaileak.
Deialdi honen hartzaileak irakaskuntza hauek ematen dituzten ikastetxe itunduak dira:
a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza.
b) Bigarren Hezkuntza (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ditu barne).
c) Lanbide Heziketa.
d) Araubide berezikoak (hizkuntzen irakaskuntza, eta arte- eta kirol-irakaskuntzak ditu barne).
e) Hezkuntza berezia.
f) Helduen hezkuntza.
Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleek jarduneko zerbitzuan egon behar dute aipatutako ikastetxeetako batean.
Lehentasunez irakasleek taldean hartu beharko dute parte. Ikastetxe bereko irakasle taldeak zein ikastetxe bat baino gehiagoko irakasleen artean osatutako taldeak aurkezten ahalko dira.
Zenbait kasu justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har dezakete parte proiektuaren garapenean.
Hirugarrena.–Proiektuek bete beharrekoak.
Deialdi honen esparruan aurkeztutako proiektuek originalak eta ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izan beharko dute, eta eragin kualitatiboa izan hezkuntza-jardueran. Era berean, 2026-2027 ikasturtean zehar egin beharko dira, eta 2027ko maiatzaren 31 izanen da amaitzeko azken eguna.
Gainera, proiektuek kontuan izan beharko dituzte gai hauen inguruan erakunde eskudunek gomendatzen dituzten printzipio orokorrak:
a) Osasunerako hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzea:
–Ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan zehar-lerro gisa sartzea osasunerako hezkuntzaren edukiak; besteak beste, elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputz- eta postura-higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarri eta jasangarria, adikzioen prebentzioa, afektibitate- eta sexu-hezkuntza, emozio-osasuna eta abar.
–Bizimodu osasungarriak eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izaten laguntzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.
–Ikasleen gaitasuna handitzea, beren osasunaren inguruan egokienak diren erabakiak har ditzaten.
–Lankidetza harremanak ezartzea Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.
–Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.
–Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide-segurtasunari eta ikastetxean arriskuak prebenitzeari lotutako alderdiak.
–Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza-proiektuan jasotako berariazko beharrei buruz edo osasun-arloko lehentasunei buruz.
b) Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza bultzatzea:
–Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntzako edukiak sartzea, zehar-lerro gisa, ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, garapen jasangarriko helburuak kontuan hartuta, esate baterako: justizia soziala eta ekitatea, globalizazioa eta elkarrekiko mendekotasuna, giza garapena eta garapen jasangarria, aniztasuna, bakea eta gatazka, herritartasun globala, giza eskubideak, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura burujabetza.
–Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen herritar guztien erantzukidetasunari buruzko erabakiak hartzeko, giza garapen jasangarriaren prozesuan.
–Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea.
–Bizimodu solidarioagoak bultzatzen dituzten trebetasunen garapena sustatzea.
–Familien eta komunitate osoaren parte-hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.
–Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe eta gizarte-erakundeekin, garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak prestatzeko.
–Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte-erakundeen, eta administrazioan gai horietan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza-ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.
c) Jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntzaren sustapena.
–Konpetentzien ikuspegitik, Ingurumenerako Hezkuntzaren edukiak txertatzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan (ikastetxeko edo inguruneko hondakinen, energiaren eta ur-baliabideen kudeaketa, eskola-baratzeak eta abar).
–Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohitura, jarrera eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.
–Ikasleek ingurumen arloko erabaki egokienak hartzeko duten gaitasuna handitzea. Hala, ingurumena hobetzeko prozesuak abiarazteko gai izanen dira, bai eskolan, bai herrian, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika globalari erantzuteko.
–Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
–Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen osasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.
d) Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza bultzatzea.
–Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza-edukiak zehar-lerro gisa sartzea ikastetxeko urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, hala nola tolerantzia, justizia, bizikidetza baketsua, giza eskubideak, memoria historikoa, bakearen kultura eta abar.
–Ikasleen erabakimena handitzea, gizarte tolerantea eta baketsua sortzeko herritar guztien erantzukidetasunaren inguruan.
–Elkarrizketarako eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean, eta gorrotoaren diskurtsoaren aurka egitea.
–Familien eta komunitate osoaren parte-hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.
–Inguruko beste ikastetxe, familia eta gizarte erakunde batzuekin lankidetza harremanak ezartzea.
Proiektu bakoitza ikastetxe bati atxikirik egonen da beti, nahiz eta beste ikastetxe batzuek ere parte hartzen ahalko duten. Ikastetxe horri, hemendik aurrera, ikastetxe koordinatzailea deituko zaio. Proiektuaren koordinatzailearen destinoko ikastetxea hartuko da ikastetxe koordinatzailetzat.
Aurkeztutako proiektuek ikastetxe koordinatzaileko zuzendariak emandako aldeko txostena izanen dute, ikastetxearen hezkuntza-jarduera hobetzeko ekarpena egiten dutela adieraziz. Hartara, proiektuak urteko plan orokorrean (UPO) sartu beharko dituzte. Zuzendaritza taldeak haren garapena bermatuko du, inplikatutako irakasle taldean gerta daitezkeen aldaketak gorabehera.
Ikastetxe batek aurkeztutako proiektuek independenteak izan beharko dute, eta gai desberdinak garatu beharko dituzte.
Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.
Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Koordinatzailea beste pertsona batek ordez lezake, justifikatutako arrazoiak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Ataleko Prestakuntza Programen Bulegoari.
Honako hauek baloratuko dira hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena eta hezkuntza komunitate guztia motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak, ordutegi antolamenduagatik posible badu, bi ordu osagarri bitarte esleitzen ahalko dizkio ikastetxeko proiektuaren koordinatzaileari, zeregin horietarako.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea eta hori egiteko epeak.
Deialdi honetan parte hartzeko, proiektuaren koordinatzaileak eskaera elektronikoki bete beharko du web-inprimakiaren bidez. Inprimaki horren URLa deialdiaren web-fitxan emanen da, eskaera egiteko epea hasten den unean. Formularioak II. eranskinean aipatutako atalak jasoko ditu.
Inprimakia bete eta bidali ondoren, PDF formatuko fitxategi bat sortzen da automatikoki, eskatzaileak inprimakian bertan adierazitako helbidean jasoko duena.
PDF formatuko dokumentu hori sinatu eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa
Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Seigarrena.–Hautapen batzordea.
Batzorde hauek hautatuko dituzte proiektuak:
–Osasunerako hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa. Kide hauek izanen ditu: Osasun Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.
–Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa. Kide hauek izanen ditu: Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.
–Jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa. Kide hauek izanen ditu: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.
–Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa. Kide hauek izanen ditu: Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.
Zazpigarrena.–Hautapen prozesua.
Aurkeztutako proiektuen hautaketa bat eginen da; horretarako, irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:
a) Proiektua ebazpen honen hirugarren oinarrian aipatutako erakunde eskudunek gomendatutako printzipio orokorretara egokitzea (5 puntu gehienez).
b) Proiektuaren bidez hobetu nahi den alderdiaren edo beharraren definizio argia eta zehatza; proiektuaren testuingurua (10 puntu gehienez).
c) Proiektuaren originaltasuna (5 puntu gehienez).
d) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak (10 puntu gehienez).
e) Ikasleek funtsezko konpetentziak garatzea. Proiektuak konpetentzia horiek hobetzen nola lagunduko duen azaltzea (10 puntu gehienez).
f) Egokitasun metodologikoa. Partaidetza-prozesuak eta ikaskuntza aktiboko prozesuak sustatzea (10 puntu gehienez).
g) Proiektuaren plangintza eta denboraren antolaketa (5 puntu gehienez).
h) Proiektuaren zabalkundea (5 puntu gehienez).
i) Material pedagogikoa sortzea (5 puntu gehienez).
j) Ikasleek proiektuan parte hartzea (10 puntu gehienez).
k) Hezkuntza-komunitateko beste kide batzuen, irakasleen, irakasle ez diren langileen eta familien edo ingurunearen parte-hartzea eta lankidetza (udalak, osasun-etxeak, mankomunitateak, gobernuz kanpoko erakundeak, unibertsitateak, etab.) (10 puntu gehienez).
l) Beste ikastetxe batzuekin sarean lan egitea aurreikustea (5 puntu gehienez).
m) Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta prozesua argi eta garbi definitzea (10 puntu gehienez).
Guztira: 100 puntu.
Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.
Prestakuntza eta Kalitate Atalak neurriak hartzen ahalko ditu deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak emateko eta behar bezalako jarraipena eta kontrola egiteko.
Zortzigarrena.–Deialdiaren ebazpena.
Proiektuaren gaiaren arabera, ebazpen honen seigarren oinarriko batzorde teknikoek aurkezturiko proiektuak aztertuko dituzte eta behin-behineko emaitzak jendaurrean jarriko dituzte, hemen argitaratuta:
–Hezkuntza Departamentuaren webgunea (Eskolak Sarean): https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.
–Nafarroako Atarian: www.nafarroa.eus.
Argitaratze horretan honako hauek agertuko dira:
–Onartutako proiektuen zerrenda eta behin-behineko puntuazioa.
–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta. Erreklamazioak eta zuzenketak aurkezten ahalko zaizkio hautapen batzordeari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, gehienez ere 5 egun naturaleko epean, behin-behineko zerrenda hori argitaratu eta biharamunetik aurrera. Zuzenketarik egiten ez badute, horretarako epea bukaturik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.
Erreklamazioak eta zuzenketak aztertu eta ebatzi ondoren, kasuan kasuko batzorde teknikoak laguntzak emateko behin betiko zerrenda argitaratuko du, eta haiek emateko proposamena eginen dio organo eskudunari.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Bederatzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.
Erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, hautatutako proiektuek 750 euroko laguntza jasotzen ahalko dute gehienez. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik ez badago.
Hamargarrena.–Laguntzak ordaintzea.
Eskuratutako material edo baliabideek zuzenean lotuta egon behar dute proiektua inplementatzeari, eta memorian justifikatu behar da horiek eskuratu izana. Gastu justifikagarriak dira proiektua garatzeko beharrezkoak direnak, hala nola bidaiak, prestakuntza ikastaroetara joatea, material bibliografikoa erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk.
Proiektuan parte hartzen duten irakasleei ez zaie inola ere haborokinik ordainduko.
Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izenak.
Faktura guztiek 2026ko irailaren 1eko data edo geroagokoa eta 2027ko maiatzaren 10eko data edo lehenagokoa izan beharko dute.
Memoria aurkezteko epea amaitu aurretik, koordinatzaileak fakturak eskaneatuta aurkeztu beharko dizkio Prestakuntza eta Kalitate Atalari, PDF formatuan. Horretarako, mezu elektroniko bakarra bidali beharko du helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es Mezu horretan argi eta garbi adieraziko da ikastetxearen izena eta zer proiekturi dagozkion fakturak.
Ondoren, memoriaren IV. eranskina bete beharko da (Fakturatzeko informazioa), kontzeptuak eta zenbatekoak jasotzeko.
Emandako laguntzak ordainduko dira gastua justifikatzeko fakturak eta memoria aurkeztu ondoren, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Hamaikagarrena.–Azken memoria.
Koordinatzaileak 2027ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko dio ikasturte bukaerako memoriaren kopia formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Horretarako, web-orrian dagoen formularioari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.
Memoriak III. eranskinean aipatzen diren atalak bilduko ditu.
Hamabigarrena.–Proiektuaren argitalpena eta hedapena.
Hezkuntza Departamentuak hautatu diren proiektuak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabaltzen ahalko ditu, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko du proiektuaren egileak nor diren. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.
Deialdian parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin, bai eta edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.
Hamahirugarrena.–Bateraezintasuna.
Proiektu bat onartzen bada berrikuntza-proiektuen deialdian eta deialdi honetan, ikastetxeak bi laguntzetako bat hautatu beharko du.
II. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA, OSASUNERAKO HEZKUNTZA, GARAPENERAKO ETA HERRITARTASUN GLOBALERAKO HEZKUNTZA, JASANGARRITASUNERAKO ETA INGURUMENERAKO HEZKUNTZA ETA MEMORIA HISTORIKOAREN, BAKEAREN ETA BIZIKIDETZAREN ALDEKO HEZKUNTZA ESKOLAN SUSTATU ETA GARATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAN PARTE HARTZEKO
1.–Koordinatzailearen datuak.
–Izen-deiturak.
–NANa/AIZa.
–Helbide elektronikoa.
2.–Ikastetxearen datuak.
–Ikastetxearen izena eta sozietate-izena.
–Herria.
–Ikastetxearen IFZa:
–Ikastetxearen helbide elektronikoa.
–Telefonoa.
3.–Proiektua.
–Proiektuaren izenburua.
–Lotura-eremua (ebazpen honen hirugarren oinarrian zehaztutakoa).
–Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).
–Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.
–Helburuak eta edukiak.
–Testuinguruan kokatzea. Hobetu nahi den arazoa edo alderdia.
–Ikasleek garatzea nahi diren funtsezko konpetentziak.
–Metodologia.
–Faseak eta denboraren antolaketa. Jardueren egutegia, arduradunak eta baliabideak.
–Egin beharreko materialak (halakorik balego) eta proiektuaren zabalkundea.
–Ikasleen parte-hartzearen eta inplikazioaren deskribapena.
–Hezkuntza-komunitateko edo inguruneko kideen parte-hartzearen deskribapena.
–Sareko lanaren aurreikuspena.
–Proiektua ebaluatzeko irizpideak.
–Aurrekontu justifikatua.
–Eranskinak (baldin badaude).
4.–Ikastetxeko zuzendariaren txostena.
Ikastetxearen izena: ..........................................................................................................................
Zuzendariaren izena: .........................................................................................................................
Proiektuaren izena: .............................................................................................................................
Aipatutako proiektuaren aldeko txostena ematen dut, proiektu hori bera aurkez dadin 2026-2027 ikasturterako laguntza-deialdian, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan honako hauek sustatzeko eta garatzeko: osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza. Halaber, adierazten dut proiektua lagungarria dela ikastetxeko hezkuntza-jarduera hobetzeko.
........................................(e)n, 2026ko ..............................................eko ......(e)(a)n.
Ikastetxeko zuzendaria
Sinatua:
III. ERANSKINA.–IKASTURTE BUKAERAKO MEMORIAREN EREDUA
Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:
1. Proiektuaren izena.
2. Proiektuaren koordinatzailea.
3. Proiektuaren garapenaren laburpena.
4. Helburuen betetze-maila.
5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.
6. Proiektuaren eragina.
a) Irakasleengan.
b) Ikasleengan.
c) Hezkuntza komunitatearen beste eremu batzuetan edo ingurunean.
7. Egindako gastuen justifikazioa.
8. Proiektuaren balorazioa eta hobetu beharreko arloen proposamena.
9. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.
IV. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN GASTU-FAKTUREN LABURPENA
Ikastetxea:
Proiektuaren izena:
Koordinatzailea:
KONTZEPTUA | FAKTURAREN ZENBATEKOA, GUZTIRA | PROIEKTUARI EGOZTEN ZAION ZENBATEKOA |
Iragarkiaren kodea: F2604366
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
