Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
67E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia. DDBN kodea: 896364.
Gobernuak 2018ko martxoaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Turismoko Plan Estrategikoa (2018-2025) onetsi zen, Nafarroako turismo jarduera egonkortzeko plangintza tresna izan zedin.
Gaur egun, plan hori nola gauzatu den ebaluatzeko eta emaitzak eta adierazleak aztertzeko fasean gaude, hortik abiatuta ezarriko baita sektore horretarako garatu beharreko jarduketa publikoen ibilbide-orria eta, orobat, definituko dira helburu estrategikoak, jarduera-ildoak eta hartu beharreko neurri zehatzak.
Hala aurreikusita baitago planaren helburu estrategikoetako batean, zehazki "enpresa sarea indartzea eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea" izeneko programaren barnean, bistan da ezen, instalazio eta azpiegitura turistikoak modernizatuz eta egungo bezeroaren behar eta gustuetara egokituz, laguntzen dela sektorearen lehiakortasun-gaitasuna eta, beraz, Nafarroarena ere, helmuga turistiko gisa hobetzen.
Turismo Zuzendaritza Nagusiak uste du behar-beharrezkoa dela turismo sektorean egindako inbertsioak bultzatzen jarraitzea, turismo arloko azpiegituren eskaintza modernizatzeko, Nafarroaren irudiarekin bat datorren kalitate maila gorena eduki dezan; eta gainera, sektorearen eraldaketa digitala lortzeko prozesua bultzatu nahi du.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.
Horiek horrela, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Dirulaguntzen deialdiaren konpromisoei aurre egiteko, 700.000 euroko gastua baimentzea. 2026ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko A30001-A3100-7709-432100 partidaren kontura finantzatuko da.
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari igortzea.
6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAN INSKRIBATUTA DAUDEN TURISMOKO ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak nola eman arautzea. Aipatutako dirulaguntzak dira ETE horiek inbertsioak egiteko, establezimendu turistikoak modernizatu eta berritzeko, Nafarroako bidaia agentzien eta turismo aktibo edo kulturaleko enpresen ekipamendua hobetzeko, baita sektorearen eraldaketa digitalaren prozesuan beharrezkoak diren ekipamenduak eta garapen teknologikoak inplementatu eta bultzatzeko ere.
Deialdi honen xedea da turismoko azpiegituren kalitatea mantendu, sendotu eta hobetzea, turismoaren sektorea indartzearren eta lehiakorragoa izatearren; horrela, Nafarroak helmuga turistiko gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdiaren gastu konpromisoei aurre egiteko, 700.000 euroko kreditua baimendu da. 2026ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko A30001-A3100-7709-432100 partidaren kontura finantzatuko da.
3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.
Inbertsioak 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne.
Bidaia agentzia edo turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresa berrien kasuan, baldin eta 2024ko urriaren 1aren ondoren inskribatuta badaude Nafarroako Turismo Erregistroan, 2025eko apirilaren 23tik (2025eko deialdian laguntzen eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera) 2026ko irailaren 30era bitartean (biak barne) gauzatu beharko dira inbertsioak.
Inbertsioak epe barruan gauzatutzat joko dira aipatu epean inbertsioa egin, fakturatu eta ordaindu bada, nahiz eta aurkeztutako aurrekontuak lehenagokoak izan.
4. oinarria. Enpresa onuradunak.
1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.
Interesdunak, dirulaguntzaren eskaera-orrian horretarako dagoen laukia markatuta, espresuki ukatzen badu Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez bere datuak kontsultatzeko baimena, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko (aipatutako baimena Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago).
1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.3. ETE eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.
1.4. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
1.5. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).
Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:
a) Kontabilitate arauekin bat galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez.
b) Kontabilitate arauekin bat kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
Debeku hori automatikoki hartuko da aintzat, eta indarrean jarraituko du hura eragin duten inguruabarrek segitzen duten bitartean.
1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
2. ETE eskatzaileek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egotea turismo establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
Ostatu establezimenduen eta jatetxeen kasuan, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioak gutxienez bi urteko antzinatasuna izan behar du, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Bidaia agentzia edo turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresa berrien kasuan, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko agiriak aurkezten diren egunean, 10. oinarrian ezarritako epearen barruan.
Nafarroako Turismo Erregistroko titulartasuna aldatzen denean, baldin eta enpresa eskatzailea ez bada titular gisa agertzen eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baina behar den dokumentazioa aurkeztua badu Nafarroako Turismo Erregistroan egun hori baino lehenago titulartasunaren aldaketa izapidetzeko, baldintza hori betetzat joko da.
Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, ulertuko da inskripzioaren baldintza bete dela laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile edo arduradun gisa agertzen bada Nafarroako Turismo Erregistroan.
Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko egunean, enpresa aldi baterako bajan egoten ahal da Nafarroako Turismo Erregistroan ezinbesteko kausak direla eta (suteak edo uholdeak, adibidez). Inskripzioaren xede izan den jarduera elkarren segidan bi urtetik goiti utziz gero inskripzioa ofizioz indargabetuko da.
2.2. Web-orria izatea, eguneraturik eta jardunean, eta posta elektronikoa ere jardunean. Enpresa baldin bada enpresa-talde bateko kide, baldintza horiek betetzat joko dira enpresa eskatzaileari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu. Ez dira enpresaren web-orritzat joko bidaien erreserbak kudeatzeko besterik erabiliko ez diren web-orriak eta plataformak, ez badira entitate onuradunaren titulartasunekoak.
3. Ostatu establezimenduek, jatetxeek, bidaia agentziek eta turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresek, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
3.1. Ostatu establezimenduak.
Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (aurrerakoan EJZ) epigraferen batean alta emanda egon behar dute, 681.etik 687.era arteko taldeetan, biak barne, ondoko modalitateren batean:
–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta pentsioak).
–Landetxeak.
Gainera, onartuko dira EJZan 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak ("Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua" eta "Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua", hurrenez hurren).
–Apartamentu hotelak.
–Apartamentu turistikoak.
Onartuko dira, halaber, EJZaren 861. taldean (Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua) edo 862. taldean (Landa-lurreko higiezinen alokairua) alta emanda daudenak.
–Kanpaleku turistikoak.
–Aterpetxe turistikoak.
3.2. Jatetxeak.
EJZan alta emanda egon behar dute, 671. taldean. "Jatetxe zerbitzuak".
Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.
Jatetxearen web-orrian argitaratuko da karta hirueleduna.
3.3. Bidaia agentziak.
EJZan alta emanda egon behar dute, 755. taldean (Bidaia agentziak).
3.4. Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak.
EJZan alta emanda egon behar dute, eskaintzen dituzten jardueren espezialitateari dagokion taldean.
4. Bidaia agentzia edo turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresa berrien kasuan, alta emanda egon beharko dute aurreko zenbakian adierazitako EJZaren epigrafeetan, egindako inbertsioak justifikatzeko agiriak aurkezten dituzten egunean, 10. oinarrian ezarritako epearen barruan.
5. Establezimendu turistikoek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Turismoaren Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalak era horretako errekerimendurik jakinarazi badu, eta horretarako emandako epea amaitu bada enpresak errekerimendua bete gabe.
6. EJZan 861. edo 862. taldeetan ("Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua" eta "Landa-lurreko higiezinen alokairua", hurrenez hurren) alta emanda dauden landetxeek eta apartamentu turistikoek laguntza eskatzen ahalko dute, soilik, garapen teknologikoko inbertsio diruz lagungarriak egiteko, deialdiaren 5. oinarriko 1.7 zenbakiarekin bat.
7. Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako jatetxeak.
8. Etxebizitza partikularrak ukitzen dituzten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko du establezimendu turistikoari dagokion zatia, eta, betiere, diruz lagunduko da, bakar-bakarrik, jarduera turistikorako erabiltzen diren inbertsioen zati proportzionala, establezimendu turistikoarekin zuzeneko eta zalantzarik gabeko lotura duena.
9. Organo kudeatzaileak baieztatuko du 2.1 eta 4 ataletako baldintza espezifikoak betetzen ote diren, Turismoaren Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalaren bidez; eta organo kudeatzaileak baieztatuko du gainerako baldintzak betetzen ote diren. Zehatz esateko, EJZa baieztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web-lotura honetan: (https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx).
5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
1.1. Turismo establezimenduen ingurumen jasangarritasuna eta energia hobekuntza.
Diruz laguntzen ahalko da honako hauek ezartzea: energia berriztagarrien instalazioak, energia eta ura aurrezteko sistemak, hondakinak arazteko edo birziklatzeko sistemak eta ingurumena hobetzekoak.
Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:
–Ingurumen jasangarritasunaren arloan eta hobekuntza energetikoaren arloan aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.
–Proiektua arlo horretan eskumena duen enpresa edo profesional batek egiaztatu behar du nahitaez.
1.2. Establezimendu turistikoan, mugikortasun urria dutenen edo bestelako muga fisiko, psikiko edo zentzumeneko bat dutenen irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eraberritzeko, egokitzeko edo hobetzeko obrak eta jarduketak, baita oztopo arkitektonikoak eta zentzumenetakoak kentzekoak ere.
Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:
–Irisgarritasunaren arloan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.
–Jarduketek Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea bete beharko dute, eragiten dien heinean.
–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.
–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko paragrafoan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa.
1.3. Establezimendu turistikoaren kategoriari eusteko edo handiagotzeko instalazioetan egiten diren eraberritze, berritze, egokitzapen eta hobekuntza obrak.
Bereziki, bidaia agentzien kasuan, inbertsio mota hauek beren instalazio edo establezimendu fisikoetan onartzen ahalko dira, baldin eta horiek kalearen maila berean badaude, publikoari aurrez aurre arreta ematen zaion puntua badira eta jarduerari dagokion zerbitzua ematen bada. Ez da inolaz ere onartuko lokal edo instalazio hauen eraberritzea baldin eta, soilik edo nagusiki, enpresaren langileen erabilerarako bulegoetarako erabiltzen badira, publikoa, bisitariak edo turistak hartu gabe.
Turismo aktibo edo kulturaleko enpresen kasuan, enpresaren instalazio edo azpiegituretan egindako inbertsioak onartuko dira, baina ez edozein: Nafarroako Turismo Erregistroan turismo aktibo edo kulturaleko enpresa gisa inskribatuta egoteko arrazoia diren jardueretara nagusiki bideratuta dauden instalazio edo azpiegituretan egindakoak soilik onartuko dira. Ez dira onartuko enpresaren gainerako jardueretara bideratutako inbertsioak, enpresak beste jarduera batzuk ere (ostalaritzakoak, kirolekoak, prestakuntzakoak, etab.) izan baititzake, alta emanda dagoen EJZaren epigrafeen arabera.
1.4. Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzea.
Instalazioak eta azpiegiturak egokitzera bideratutako inbertsioak onartuko dira, zikloturistari hainbat zerbitzu emateko aukera ematen dutenak, esaterako, bizikletak gordetzeko espazioak, tailerretarako espazioak, garbitzeko guneak eta abar, baita aktibo finkoak, bizikletak eta zerbitzu horiek emateko beharrezko ekipamendua eskuratzeko ere.
Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:
–Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzeko inbertsioetan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.
–Jarduketek bete beharko dituzte Nafarroako Zikloturismo Produktuen Klubaren eskuliburuan ezarritako nahitaezko baldintzak.
1.5. Establezimendu turistikoen osagarri diren gaua igarotzeko eremuak sortu eta egokitzea, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean barna turismoan dabiltzan autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek gaua igarotzeko eremuak erregulatzen dituen araudian ezarritakoarekin.
Halako proiektuen eskaerak aintzat hartuko dira baldin eta gaua igarotzeko eremua egokitzeko aurreikusitako inbertsioa dirulaguntzaren xedeko proiektuaren zenbateko osoaren %80 baino gehiago bada. Hori betez gero, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagozkion puntuak emanen dira.
1.6. Establezimendu turistikoen, bidaia agentzien edo turismo aktibo edo kulturaleko enpresen altzariak eta ekipamendua eskuratzea.
Turismo aktibo edo kulturaleko enpresen kasuan, onartuko dira Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea justifikatu zuen jardueraren berezko eta beharrezko ekipamenduan egindako inbertsioak.
1.7. Garapen teknologikoko inbertsioak.
Diruz lagungarritzat jotzen dira enpresaren jarduera kudeatzeko garapen teknologikoetan, digitalizazioan eta merkaturatze-sistemetan hobekuntzak egiteko inbertsioak, honako hauek esaterako: kontabilitate sistemak eta soluzioak; CRM (bezeroen kudeaketa); enpresa kudeaketako soluzioak (ERP), hotel kudeaketako soluzioak; ostalaritzarako saltokiko terminala, zaintzako eta adimen lehiakorreko sistemak (Big data eta adimen artifiziala); seinaletika digitala, establezimenduetarako kontrol, monitorizazio eta kudeaketarako soluzioak, enpresa-efizientziara bideratutakoak; salmenta-puntuak eta hari lotutako marketina kontrolatzeko loT soluzioak (gauzen Interneta); erreserbarako softwareak, eta antzekoak.
Halaber, diruz lagungarriak izan daitezke jada dituzten web-orriak egokitzeko eta eskaintzen dituzten zerbitzuak online kontratatzeko edo erreserbatzeko sistemak horietan txertatzeko inbertsioak, bai eta web-orriak desgaitasunen bat duten pertsonentzako moldatzekoak ere.
Inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Tresna informatikoen ezarpena sistema estandarretan edo neurrira egindako garapenen bidez garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko da.
–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.
Eskaera bat mota horretako proiektutzat hartzeko, garapen teknologikoaren arloan egin beharreko jarduketetarako aurreikusitako zenbatekoak dirulaguntzaren xede den proiektu osoaren zenbatekoaren %80 gainditu behar du.
1.8. Igerilekuetan egiten diren eraberritze, berritze, egokitzapen eta hobekuntza obrak. Bereziki, igerilekuak hobetzen dituzten proiektutzat hartuko dira establezimenduaren ur-kontsumoa murriztera bideratuta daudenak, ura berrerabiltzean eta aurreztean oinarrituak, bai eta klima aldaketa arintzen eta turismo jarduera hartara egokitzen laguntzen dutenak ere.
Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:
–Igerilekuen arloan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.
–Jarduketek bete behar dute martxoaren 26ko 27/2025 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatu baitzen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak.
–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.
–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko paragrafoan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa.
1.9. Autobabeserako neurrietako inbertsioak, beharrezkoak direnak turismoko azpiegituretan fenomeno meteorologiko bortitzek eragindako kalteak prebenitzeko eta/edo minimizatzeko, bat etorriz enpresaren PAU-PAIF planaren edukiarekin (autobabeserako plana eta baso-suteen arriskuengatiko autobabeserako plana).
2. Inbertsio diruz lagungarriak.
2.1. Obra hauek: barne-isolamendua, saneamendua, elektrizitatea, segurtasun-sistemen instalazioa, berokuntza-sistemak, klimatizazioa, igeltserotza, iturgintza, zurgintza, instalazioak, etab.
2.2. Behar diren jarduketak, martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuan kategoria bakoitzerako ezartzen diren baldintza tekniko orokorrak eta espezifikoak betetzeko (foru dekretu horren bidez arautzen da non igaro dezaketen gaua Nafarroako Foru Komunitatean barna turismo ibiltariko autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek).
2.3. Turismoko azpiegituren autobabeserako neurrietarako inbertsio hauek laguntzen ahal dira diruz:
–Suteak eta uholdeak egoteko arriskua murrizten laguntzen duten obrak, hala nola uholdeen aurkako hesiak instalatzea eta babeseko zerrenda perimetralak sortzea.
–Itzalgailuak, suaren kontrako hesiak eta suteen aurkako ur harguneak erostea eta paratzea, baita itzalgailuak, ebakuazio bideak eta larrialdietako irteerak dauden tokiak adierazteko seinaleak ere.
–Beste edozein jarduketa, baldin eta lortzen badu fenomeno meteorologiko bortitzek eragindako kalteak prebenitzea eta/edo murriztea eta jasota badago PAU-PAIF planean (autobabeserako plana eta baso-suteen arriskuengatiko autobabeserako plana).
2.4. Zerbitzu tekniko profesionalengatiko ordainsariak, ezinbestekoak eta diruz lagun daitezkeen proiektuak gauzatzearekin zuzenean lotutakoak; soil-soilik, proiektua idazteko, obra zuzentzeko, ingeniaritzako eta dekorazio edo instalazio proiektuen gastuak. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.
Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat onartuko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %10era arte, gehienez. Ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ezin izanen da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egin.
2.5. Eskaintzen diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamenduak eta aktibo finkoak erostea, baita instalazio eta lokaletako altzariak erostea ere, inbertsioak badira, eta ez mantentze-lan edo kontserbazioa, eta jarduera turistikoarekin zuzenean lotutako erabilera baldin badute.
3. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
–Sarbideetako obra edo konponketak salbu turismorako erabiltzen den jabetzaren zatirako badira.
–Erremintak, tresnak eta ekipamendua erostea, eta establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo edo kulturaleko enpresaren zerbitzuekin zuzenki lotuta ez dauden instalazioetako eta azpiegituretako inbertsioak. Ondorio hauetarako, kontuan hartuko da Nafarroako Turismo Erregistroko informazioa, enpresaren inskripzioari edo jarduerari buruzkoa.
–Etxetresna elektrikoak eta gas-sukaldeak.
–Tresneriako eta mihiseriako elementuak.
–Garraiobideak, bizikletak izan ezik, honako muga hauekin:
- Ostatu establezimenduen eta jatetxeen kasuan, 4 unitate; unitate bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua 2.000 eurokoa da.
- Turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresen kasuan, 10 unitate; unitate bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua 3.000 eurokoa da.
–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.
–Ekipamendu informatikoak, ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, inprimagailuak eta telefono mugikorrak.
–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua berritzea, ostatatzea, etab.
–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, etab.
–Zikloturistentzako arropa, oinetakoak, kaskoak eta ekipamendua, baita bizikletak konpontzeko tresnak eta osagarriak ere.
–Establezimendu turistikoaren perimetrotik kanpo egindako inbertsioak.
–Higiezinak eta lurrak erostea.
–Aktibo finko erabiliak.
–Margotzeko eta papereztatzeko lanak, osorik eraberritzeko proiektu baten parte ez badira.
–Enpresak bere ibilgeturako egindako lanak.
–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.
–Igerileku berriak eraikitzea edo instalatzea.
–Establezimendu turistikoaren mantentze-lanak. Horrelakotzat joko dira aldizka egiten direnak eraikina eta haren instalazioak erabiltzeko egoera ezin hobean mantentzeko (zorrotenak garbitzea, margotzea, zurgintzako konponketak, berokuntza sistemak doitzea, ur bero sanitarioa, klimatizazioa eta abar).
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa lortuko da inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoari %35eko ehunekoa aplikatuta (BEZa kanpo).
2. Gehieneko dirulaguntza 35.000 eurokoa izanen da enpresa onuradun bakoitzeko.
3. Honako hau da eskaera bakoitzeko eskatzen den gutxieneko inbertsioa (BEZa kanpo):
PROIEKTU MOTA | ESTABLEZIMENDU EDO ENPRESA MOTA | GUTXIENEKO INBERTSIOA | ||
Mikroenpresa | Enpresa | Enpresa | ||
Garapen teknologikoa | Establezimendu turistiko orokorrak | 2000 | 5000 | 10000 |
Landetxeak eta apartamentu turistikoak | ||||
Bidaia agentziak eta turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresak | 3000 | 5000 | ||
Gainerako proiektuak | Establezimendu turistiko orokorrak | 15000 | 30000 | 60000 |
Landetxeak (1) | 6000 | 10000 | 20000 | |
Bidaia agentziak eta turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresak | 2500 | 5000 | 7000 | |
(1) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan (EJZ) 683 taldean (Landetxeetan ostatu hartzeko zerbitzua) alta emanda dauden landetxeak bakarrik. | ||||
4. Faktura bakoitzaren gutxieneko zenbatekoa 1.000 euro izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.
Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-mejora-de-la-competitividad-de-las-pymes-turisticas-inscritas-en-el-registro-de-turismo-de-navarra. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
b) Pertsona fisikoen kasuan.
Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.
3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den eskaera-orria erabiliz eginen dira, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
4. Turismo enpresa bakoitzak eskaera bat aurkeztuko du, non eta ez diren eraikin edo instalazio ezberdin, bereizi, erabat banatuetan eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskripzio-kode ezberdinak dituztenetan egin beharreko proiektuak, kasu horretan establezimendu turistiko bakoitzeko eskaera bana aurkeztu beharko baita.
Baldin eta eraikin, instalazio, konplexu, espazio edo azpiegitura batean enpresa beraren establezimendu turistiko bat baino gehiago badaude, enpresak eskaera bakarra aurkeztuko du haietan osotara egin behar dituen inbertsioengatik.
5. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):
5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak.
b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (13. oinarrian aipatzen dira).
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.
d) 7. balorazio irizpidean aurreikusitako puntuazioa aplikatzeko, Nafarroako turismo sektorearen digitalizazioa sustatzeko prestakuntza-programa espezializatua egiteagatik (Bultzada Digitala), erantzukizunpeko adierazpen bat, prestakuntza hori egiteko konpromisoa jasotzen duena.
5.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
a) Dirulaguntza zer proiektutarako eskatzen den, horren deskripzio-memoria, gutxienez ere informazio hau jasoko duena:
–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak eta proiektua betez lortu nahi diren helburuak.
–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egin diren edo egiteko diren jarduketen deskribapena.
–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntzaren eskaera aurkezten denean, eta erabat burutzeko aurreikusten diren epeak.
–Diruz lagungarria den epean egin diren edo egiteko diren inbertsioen zenbateko xehatua.
b) Aurrekontuak, kontzeptuka zehaztuta, edo proformako fakturak, edo fakturak jarduketak eginda badaude; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balioespenetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Ez da onartuko 1.000 eurotik beherako (BEZik gabe) aurrekonturik edo proformako fakturarik.
c) Hala badagokio, obra proiektu bisatua.
d) Obra proiektuen kasuan (5. oinarriko 1.2 eta 1.3 zenbakiak), laguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko da honako agiri hauetako bat:
–Obra-lizentzia (obra handiak).
–Toki entitateari egindako komunikazioa, obra txikiak direla-eta.
–Toki entitatearen ziurtagiria edo txostena, lizentzia edo baimen beharrik ezarena.
Aipatutako lehen edo hirugarren agiriaren ordez, toki entitateari eskaera egin izanaren frogagiria aurkeztea onartuko da, laguntzaren eskaera-orriarekin batera betiere. Frogagiri horren data eskaerak aurkezteko muga-egunaren ostekoa bada, eskaera ez da onartuko.
Halakoetan, eskatzaileak konpromisoa hartuko du dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko azken egunean aurkezteko, beranduenez, obra-lizentzia edo lizentzia edo baimen beharrik ezaren ziurtagiria. Dokumentazio hori epean aurkezten ez bada, deklaratuko da emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.
Obra txikiak egiteko komunikazio-agiria dirulaguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztuko da, eta haren data ezin izanen da izan eskaerak aurkezteko muga-egunaren ostekoa.
e) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo akreditazioa, kalifikazio hauetako bat ematen diona inbertsio proiektuari, 5. oinarrian proiektu horietarako ezarritako baldintzak betetzeagatik: "ingurumen jasangarritasuna eta energia hobekuntza", "irisgarritasuna hobetzea" edo "igerilekuak eraberritzea eta hobetzea".
f) Turismoko azpiegituren autobabeserako neurrietarako laguntza eskatzen bada, enpresaren PAU-PAIF plana, neurriak jasotzen dituena (autobabeserako plana eta baso-suteen arriskuengatiko autobabeserako plana).
g) ETE eskatzaileek beren web-orriaren esteka adierazi beharko dute eskaera-orrian, 4. oinarriko 2.2 baldintza betetzeko.
Jatetxeek, halaber, hiru hizkuntzatan idatzitako kartaren esteka adierazi beharko dute, egiaztatu ahal izateko 4. oinarriko 3.2 baldintza betetzen den.
h) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, erreforma, berritze eta egokitzeko obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunak hornitzeko kasuetan (altzariak eta ekipamenduak erostea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaeraren inprimakiko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
5.3. Dirulaguntzaren xede den jarduketa baloratzeko dokumentazioa.
1., 2., 3. eta 4. balorazio irizpideak aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar.
Gainerako balorazio irizpideak aplikatzeko, 8. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu behar da laguntza eskaerarekin batera. Dokumentazio hori eskaera aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, aipatu irizpide horiei dagokien puntuazioa ez da aplikatuko.
6. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.
1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Baimendutako kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da eskaeren lehentasun hurrenkera zehaztu beharrik izanen.
Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin.
Proposatutako dirulaguntzarekin ados agertzen diren onuradunek dirulaguntza osagarria jasotzen ahalko dute, halako batean aurrekontu-baliabide gehiago sortuz gero (onartutako dirulaguntzak baino dirulaguntza txikiagoak ordaindu direlako edo onartutako dirulaguntzei uko egin zaielako), bakar-bakarrik baldin eta onartutako laguntza kreditu nahikorik egon balitz legokiekeena baino %75 txikiagoa bada.
Esleipen osagarri hori zer egunetan egiten den, epe berri bat ezartzen ahalko da diruz lagundutako jarduketa egiteko eta justifikatzeko, aintzat hartuta epe berria ezartzekotan aukera eman behar duela deialdia kudeatzen duen zerbitzuak laguntzaren espedientea garaiz bukatzeko, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak ixteko eta likidatzeko arauak onesten dituen foru aginduak ezartzen dituen epeetan.
3. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
1. irizpidea.–Aurreko urteetan emandako dirulaguntzak.
Kontuan izanik zer laguntza eman zaion enpresa eskatzaileari Turismo Zuzendaritza Nagusiak tramitatu dituen ETE turistikoen lehiakortasuna hobetzeko deialdietan (2021., 2022. eta 2023. urteetan), honako puntuazio hau emanen da:
2021. ETA 2023. URTEEN ARTEAN EMANDAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA | PUNTUAK |
Dirulaguntzarik jaso ez bada | 20 |
2.000 euro bitarte | 15 |
2.001 eurotik 5.000 eurora | 10 |
5.001 eurotik 10.000 eurora | 5 |
10.001 eurotik 15.000 eurora | 2 |
15.000 eurotik gora | 0 |
Dirulaguntzei uko egin bazitzaien kasuan kasuko deialdietan ezarritako epeen barnean, ez dira emandako dirulaguntzatzat hartuko, eta alderantziz.
2. irizpidea.–Inbertsio proiektuaren mota.
PROIEKTU MOTA | OINARRIZKO PUNTUAZIOA |
Turismo establezimenduen ingurumen jasangarritasuna eta energia hobekuntza | 25 |
Irisgarritasuna hobetzea eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea | 25 |
Autobabeserako neurriak uholdeen eta suteen aurka eta klima aldaketara egokitzekoak | 25 |
Gaua igarotzeko eremu osagarriak sortzea eta egokitzea | 20 |
Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzea | 20 |
Garapen teknologikoa | 15 |
Igerilekuak eraberritzea eta hobetzea | 15 |
Gainerako proiektuak | 0 |
3. irizpidea.–Enpresaren tamaina.
Ondorio horretarako aurkeztu den erantzukizunpeko adierazpenaren arabera, puntuazio hau emanen da:
ENPRESAREN NEURRIA | PUNTUAK |
Mikroenpresa | 6 |
Enpresa txikia | 4 |
Enpresa ertaina | 2 |
4. irizpidea.–Enpresa eskatzailearen EJZko epigrafearen arabera:
EJZko EPIGRAFEA | PUNTUAK |
681. taldetik 687. taldera. Ostatu arloko zerbitzuak | 4 |
Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak, eta beste atal batzuetan aintzat hartzen ez diren baina turismo erregistroan inskribatuta dauden gainerako turismo enpresak | 4 |
671. taldea. Jatetxe zerbitzuak | 2 |
755. taldea. Bidaia agentziak | 2 |
861. taldea. Hiri-lurreko ondasun higiezinak, eta 862. taldea. Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua | 0 |
Enpresa alta emanda badago lehen esandako taldeetako batean baino gehiagotan, puntuazio handieneko EJZari dagozkion puntuak emanen zaizkio eskaerari.
Irizpide honetako puntuazioa 4 izanen da gehienez ere.
5. irizpidea.–Nafarroa Bizikletan produktuaren Klubera atxikitzea.
Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzeko proiektuetan, beste 5 puntu gehituko dira eskaera aurkeztu aurretik Nafarroa Bizikletan produktuaren Klubera atxiki izanari buruzko adierazpen sinatua igortzeagatik.
Organo kudeatzaileak egiaztatuko du irizpide hori, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Zerbitzuarekin batera, bakar-bakarrik eskatzaileak eskaera-orrian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.
6. irizpidea.–Turismo jarduerarekin edo turismo establezimenduaren kudeaketarekin loturiko ikastaro edo jardunaldietan parte hartzea enpresaren titularrek edo kontratatutako langileek.
2024ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan. Prestakuntzaren gaiaren arabera, puntuazio hau aplikatuko da (gehienez 10 puntu):
PRESTAKUNTZAREN GAIA | PUNTUAK |
Turismo eskaintzarako irisgarritasun unibertsala errazteko neurriak sartzea | 4 |
Turismo jarduerak ingurunean duen inpaktua murriztea | 3 |
Turismo enpresen eta zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bidez | 3 |
Beste erakunde publiko edo pribatu batzuen ikastaro edo jardunaldietan parte hartu izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da nahitaez.
7. irizpidea.–Nafarroako turismo sektorearen digitalizazioa bultzatzeko prestakuntza-programa espezializatuan parte hartzea (bultzada digitala).
10 puntu emanen dira Nafarroako turismo sektorearen digitalizazioa sustatzeko prestakuntza-programa espezializatuan (Bultzada Digitala) parte hartzeagatik. Puntuazioa lortzeko, beharrezkoa izanen da online prestakuntza egitea, taldeko eta banakako tutoretzak egitea, digitalizazio-plana egitea eta networking-eko aurrez aurreko jardunaldietan parte hartzea.
Dirulaguntzaren eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, prestakuntza hori egiteko konpromisoa adierazten duena. Konpromiso hori bete den justifikazio fasean egiaztatuko da, eta konpromisoa ez bada bete, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, irizpide horretan eskuratu zituen kalifikazio puntuak kenduta.
8. irizpidea.–Turismo erregistro ofizialean inskribatutako elkarte turistiko batekoa izatea.
Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen turismo elkarte bateko partaide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 3 puntu emanen zaizkio.
Turismo elkarteak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta hartan, besteak beste, eskatzailea elkartekide egin zen data agertuko da. Datu hori agertzen ez bada, ez zaio aipatu puntuazioa esleituko.
9. irizpidea.–Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita egotea.
Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 2 puntu emanen zaizkio.
Organo kudeatzaileak egiaztatuko du irizpide hori, Kontsumo Zerbitzuarekin batera, bakar-bakarrik eskatzaileak eskaera-orrian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.
10. irizpidea.–Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa eta berdintasun-planak.
Indarreko arauekin bat enpresa ez badago beharturik berdintasun-plan bat prestatzera baina frogatzen badu ezen, 2024ko urtarrilaren 1etik eskaera aurkezteko epea amaitzen den arte, berdintasun-plan bat ezarri duela, berdintasunaren arloan neurriak hartu dituela edo berariazko prestakuntza eman duela, 3 puntu emanen zaizkio gehienez, honela:
–Enpresak frogatzen badu berdintasun-plan bat duela onetsita eskaera aurkezteko egunean: 3 puntu.
–Enpresak berdintasun arloko neurriak hartu baditu: 1 puntu horietako bakoitzeko.
–Enpresak berariazko prestakuntza jaso badu berdintasunaren arloan: 1 puntu langileei emandako 8 prestakuntza-orduko.
Berdintasun-plana aurkeztu beharko da, halakorik badago, bai eta berdintasunaren arloan neurriak hartu izana edo prestakuntza jaso izana frogatzeko agiriak ere.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duten enpresek aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
11. irizpidea.–Aitortzak eta ziurtagiriak.
Puntuazio hau emanen da, eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean dituen ziurtagirien arabera:
AITORTZA EDO ZIURTAGIRI MOTA | PUNTUAK |
Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria | 5 |
EMAS (EB 1221/2009 Erregelamendua) | 5 |
ISO14001 Ingurumenaren kudeaketa | 5 |
ISO 50001 Efizientzia energetikoaren kudeaketa | 5 |
ISO 21401. Jasangarritasuna kudeatzeko sistema ostatuetan. | 5 |
UNE170001 Irisgarritasun unibertsalaren kudeaketa | 5 |
Ecolabel etiketa | 5 |
"Kalkulatzen dut-murrizten dut" zigilua | 5 |
Eskumena duen entitate egiaztatzailearen ziurtagiria edo aitortza baduela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.
Kontzeptu honengatik 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.
12. irizpidea.–Nazioartean ospea duten aitortzak.
Eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean badauka nazioartean ospea duen aitortzaren bat bere jardunarengatik, 5 puntu emanen dira, eta ondorio hauetarako, horixe frogatzen duen ziurtagiria edo dokumentazioa aurkeztuko da.
5. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskaerak, lehentasuna emanda diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.
b) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu ziren data; lehentasuna emanen zaie antzinatasun handiena dutenei.
c) 1. balorazio irizpidearen arabera dirulaguntza txikiena jaso duten eskaerak.
9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Turismoko zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Onuradunen zerrenda, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2026ko irailaren 30ean, egun hori barne.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 7.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.
3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:
a) Azken txostena, eginiko inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen excel formatuko ereduarekin bat.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak aurkeztea.
1.000 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
Onuradunak banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz eginen ditu ordainketak. Horrela, ordainketen egiaztagiritzat hartuko dira ordainketak finantza erakunde baten bidez egin eta enpresaren kontuan kargatu direla adierazten dutenak. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.
Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.
e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak, frogagiriak edo web-estekak, 12. oinarrian eskatutakoarekin bat.
g) Egindako jarduketen argazkiak:
–Establezimendu turistikoen eraberritze, berrikuntza, egokitzapen eta hobekuntzako edozein lan egiten bada, establezimendu turistikoaren kanpoko eta barneko argazkiak, ikusi ahal izateko egoera nolakoa den jarduketak egin baino lehen eta jarduketak egin eta gero.
–Altzariak edo ekipamendua erosten badira, diruz lagundu diren aktibo finkoen argazkiak.
h) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo akreditazioa, erakusten duena hasieran "ingurumen jasangarritasuna eta energia hobekuntza", "irisgarritasuna hobetzea" edo "igerilekuak eraberritzea eta hobetzea" kalifikazioa jaso duen proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.2 oinarrian ezarritako baldintzak, kalifikazio horri eusteko.
i) Kasua bada, eta 7.5.2.d) oinarrian eskatutako dokumentazioa ez bazen dirulaguntzaren eskaerarekin aurkeztu, dagokion agiria: obra-lizentzia (obra handietarako) edo toki entitatearen ziurtagiria, lizentzia edo baimen beharrik ezaren gainekoa.
11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
Laguntza ordaintzeko ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
12. oinarria. Eskatzaile eta onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza deialdian parte hartzen duten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitateek, dirulaguntza emanen zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
c) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, gehienez ere 2026ko irailaren 1a baino lehen, uko egiten zaiola eskatutako edo emandako dirulaguntzari, baldin dirulaguntzaren xedeko jarduketa bat edo batzuk ez badira egin behar ezarritako epean.
Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.
d) Aurreikusten bada eskatutako inbertsioen gauzatze maila %75etik beherakoa izanen dela, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi behar zaio, inguruabar hori jakin bezain laster eta, nolanahi ere, 2026ko irailaren 1a baino lehen.
e) Baimena eskatzea eskatutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.
f) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak abian jartzea edo, hala badagokio, establezimendu turistikoa jendearentzat irekitzea 2026ko abenduaren 31rako (egun hori barne), eta irekiera egunaren berri ematea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari. Epe horrek ez du esan nahi epe luzeagoa dagoenik dirulaguntzaren xede diren inbertsioak gauzatzeko; izan ere hura ezartzen da onuradunak baimena, lizentziak, erregistroko inskripzioa eta abar tramitatzeko.
g) Kasua bada, obra-lizentzia edo obrak egiteko lizentzia edo baimen beharrik ez dagoela ziurtatzeko agiria aurkeztea egindako inbertsioak justifikatzeko epearen barrenean.
h) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru-sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.
i) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan, jarraian.
Garapen teknologikoko inbertsioetatik etorritako dirulaguntzaren bat jaso badu, gutxienez 3 urtez atxiki behar dira jardunean diruz lagundutako merkaturatze turistikoko plataformak.
Dirulaguntza ordaintzen den egunetik zenbatuko dira epe horiek.
Ondorio horietarako, ondasunak jarduera turistikoari atxikitzat joko dira, honako hiru baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:
–Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda etengabe azaltzea jarduera turistikoari dagokion epigrafean, adierazitako aldietan.
–Web-orri bat izatea, jardunean eta eguneraturik, aldi horietan.
–Enpresak Nafarroako Ogasunari diruz lagundutako establezimendu turistikoaren negozioaren ustiapenaren diru-sarreren aitorpenak aurkeztea, fakturazio positiboarekin.
j) Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko establezimenduko jarduera turistikoa utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada establezimendu horretan beste jarduera turistiko batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu dagokion epea bukatu arte.
Kasu honetan, establezimendu horretan jarduera turistikoa egiten jarraitzen duen enpresa subrogatu eginen da dirulaguntza jaso duen enpresa onuradunaren betebehar guztietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Enpresa onuradunak nahitaez eta aurrerapen nahikoarekin jakinarazi beharko dizkio inguruabar horiek Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, gainera, jaso beharko da jarduera turistikoarekin jarraituko duen enpresari jakinarazi dizkiola eta enpresa horrek ezagutzen dituela eta bere gain hartzen dituela dirulaguntzaren enpresa onuradunak jasotako dirulaguntzatik eratorritako betebehar guztiak.
k) Dirulaguntzaren publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan, 3 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik aurrera:
–Kartel bat jarriko da turismo establezimenduan, argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
–Garapen teknologikoko inbertsioen kasuan, turismo aktibo edo kulturaleko enpresentzat eta bidaia agentzientzat ondoko testu hau enpresaren web-orrian txertatzea bakarrik izanen da nahitaezkoa: "Enpresa honek dirulaguntza jaso du turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko 2026ko deialdian".
–Sustapenerako materialean, halakorik badago, eta web-orrian, Nafarroako Foru Komunitatearen marka turistikoa azaldu beharko da. Laguntzaren fitxan horretarako azalduko den loturaren bidez eskatu beharko da hori.
l) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
m) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
ñ) Turismo Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantza ditzakeen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.
o) Turismoaren Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalak emandako ikuskapen txostenean agertzen diren establezimendu turistikoaren gabeziak zuzentzea, horretarako ezarritako epean. Justifikaziorako aldia bukatutakoan zuzenketak egiteko epea bukatu baldin bada zuzenketa egin gabe, deklaratuko da onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, eman den edo eman litekeen dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (12.1.a) oinarrian ezarritakoa):
–Informazioa epez kanpo aurkezten bada, baina 2026ko irailaren 30era arte (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, data horren ondoren aurkezten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Justifikazio agiriak 2026ko urriaren 1etik 2026ko urriaren 14ra bitarte (bi egun horiek barne) aurkezten badira, %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
c) Dirulaguntza eskaeraren xedeko jarduketetan, aurreikusitakoa baino zenbateko txikiagoa gauzatzen bada (ezarritako epean egin, fakturatu eta ordainduta), eta egoera hori 1.d) atalean jasotako baldintzen arabera jakinarazi ez bada, honako murrizketa hauek eginen dira:
–Eskatutako jarduketaren %50etik %75era bitarte gauzatzen bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.
–Eskatutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Gauzatze maila zehazteko, egokia bada, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta 2026ko urriaren 14ra arte justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.
Era berean, azkenean onartzen den inbertsio justifikatu eta diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan 6. oinarrian adierazitako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
d) Oinarri honen 1.i) edo 1.k) ataletan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.
e) Nafarroako turismo sektorearen digitalizazioa bultzatzeko prestakuntza-programa espezializatua (Bultzada Digitala) osatzeko hartutako konpromisoa betetzen ez bada, eskaeraren puntuazioa birkalkulatuko da, 7. balorazio irizpidean esleitutako puntuak kenduta.
Puntuazioa birkalkulatu ondoko emaitzarekin ez bazukeen laguntzarik jasoko, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.
f) 10. oinarriko 3.h) puntuko justifikazio agiriak aurkezten ez badira, egiaztatzen dutenak proiektuan egindako inbertsioek jarraitzen dutela "ingurumen jasangarritasuna eta energia hobekuntza", "irisgarritasuna hobetzea" edo "igerilekuak eraberritzea eta hobetzea" kalifikazioa izaten, kasuan kasuko irizpidean lortutako kalifikazio puntuak kenduko dira.
Puntuazioa birkalkulatu ondoko emaitzarekin ez bazukeen laguntzarik jasoko, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.
g) Oinarri honetako 1.e) atalean inbertsioak abian jartzeko edo jendearentzat irekitzeko ezarri den data betetzen ez bada (2026ko abenduaren 31), jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.
13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2. artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude. Deialdia kudeatzen duen organoak emandako informazioa egiaztatuko du eta, hala badagokio, osatuko du, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratuta dagoenarekin alderatuz (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/concesiones/minimis).
14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2605030
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
