Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
55E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: "Arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako dirulaguntzak enpresa eta profesionalentzat (Artem Pro) 2026". DDBN kodea: 894723.
Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du "Arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako dirulaguntzak enpresa eta profesionalentzat (Artem Pro) 2026" deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, 316.255 euroko gastua baimentzea, eta foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik Kontu-hartzaile Delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako dirulaguntzak enpresa eta profesionalentzat (Artem Pro) 2026 izeneko dirulaguntza deialdia.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2500-4709-334106: ARTEM PRO: Zuzeneko arteen proiektuak ekoizteko laguntzak enpresa eta profesionalentzat (sektore profesionala) | 2026 | 316.255,00 |
4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskaera jasotzen diren:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2500-4709-334106: ARTEM PRO: Zuzeneko arteen proiektuak ekoizteko laguntzak enpresa eta profesionalentzat (sektore profesionala) | 2026 | 316.255,00 |
5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) igortzea.
6. Europako Batzordeari helaraztea laguntza honi buruzko informazio laburtua, jakinarazpen elektronikoko sistemaren bidez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, 20 laneguneko epean, indarrean jarri ondotik.
7. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
8. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 23an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ARTE ESZENIKOEN ETA MUSIKALEN EKOIZPENETARAKO DIRULAGUNTZAK ENPRESA ETA PROFESIONALENTZAT (ARTEM PRO) 2026 DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdi honen xedea da arte eszenikoetako eta musikako zuzeneko ikuskizunak (aretokoak edo kalekoak) ekoizteko proiektu berrietarako laguntzak arautzea, kalitatezko arte eskaintza bat, askotarikoa, berritzailea, herritar guztientzako interesgarria eta benetan programatzeko aukera duena sustatzeko asmoz. Laguntzapeko proiektuak Nafarroan ekoitziak eta estreinatuak izan beharko dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko enpresek eta profesionalek eginak.
1.2. Ekoizpenaren jardueran obra sortzea eta estreinaldia sartuko dira. Ekoizpena formatu batean baino gehiagotan egiten bada (areto batean, ohiz kanpoko toki batean, kalean...), hori berariaz eta zehatz-mehatz jaso beharko da memorian.
1.3. Dirulaguntzen xedeko proiektuak 2026an estreinatu beharko dira (urte osoan zehar), eta 2027ko otsailaren 28ra arte, egun hori barne.
1.4. Diruz lagungarriak diren jarduerak gauzatu beharko dira 2025eko abenduaren 2tik 2026ko azaroaren 20ra bitarte, biak barne.
1.5. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.
1.6. Deialdi honen xede diren jardueren programazioak kontuan hartu beharko ditu hondakinen sorrera prebenitzearekin, hondakinen kudeaketa hobetzearekin eta ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasunarekin lotutako ingurumen neurriak, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua betez.
1.7. Dirulaguntza hauek barne merkatuarekin bateragarriak diren estatu laguntzak dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3 artikuluaren arabera, eta salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarrita dago), bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz). Erregelamendu hori 2014ko 187. Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan.
Zehazki, erregelamendu hori aplikatzen zaie kulturarako eta ondarearen kontserbaziorako laguntzei (1. artikulua, j letra), bertan ezarritako baldintzetan, eta pizgarri ondorioa dute 6.5 h) artikuluaren arabera.
Erregelamenduaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Europako Batzordeari igorri behar zaio dirulaguntza honen xede diren laguntzei buruzko informazio laburtua, II. eranskineko formatu normalizatuaren bidez, indarra hartu eta 20 egun balioduneko epean.
2.–Pertsona eta entitate onuradunak eta haien izaera frogatzeko modua.
2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:
a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez 2025eko urtarriletik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.
b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate. Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2025eko urtarriletik.
Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean jarduera eszeniko edo musikalak egitea agertu beharko da.
2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisikoek eta entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 5.4.a) puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafeetako batean.
2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:
a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.
b) Nafarroako Gobernuaren 2026ko ekitaldiko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.
c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak edo akademiak.
d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta lanbide elkarteak.
2.4. Pertsona eta entitate onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak, eta ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. ataletan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.
2.5. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmoak edo kondena-epai irmoak betetzen ari diren entitateak, edo zehapen eta kondena-epai bat betetzeko zain daudenak, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak egiteagatik edo onartzeagatik.
2.6. Ezin izanen dira onuradun izan krisian dauden enpresak, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatuarekin (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).
Era berean, laguntza-araubide hau ez da aplikagarria izanen berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, Europar Batzordeak aurretiazko erabaki baten bidez deklaratu badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, salbu eta hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteei aurre egiteko laguntza-araubideak, aipaturiko erregelamenduaren 14.a artikuluan jasota daudenak.
3.–Proiektu diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
3.1. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Horren ondorioetarako, proiektutzat hartuko da arte eszenikoetako eta musikako zuzeneko ikuskizun bat estreinatu arte egiten diren ekoizpen jardueren multzoa.
3.2. Ikuskizuna Nafarroan estreinatzeko eguna eta tokia egiaztatzea; horretarako, hauetako bat baliatzen ahalko da: kontratua, ziurtagiria, aurrekontratua, kontratu-hitzematea edo entitate programatzaileak sinatutako zuzenbidean balio duen beste edozein behartze-agiri.
3.3. Gutxienez bost emanaldi egitea, entitate programatzaile batekin baino gehiagorekin, estreinatzen den egunetik hasita hamabi hilabeteko epearen barruan. Emanaldiak egiaztatzeko, hauetako bat baliatzen ahalko da: kontratua, aurrekontratua, kontratu-hitzematea edo zuzenbidean balio duen beste edozein behartze-agiri. Behartze-agiri horiek ezin izanen dituzte sinatu proiektuari lotutako pertsona edo entitateek.
3.4. Lan-kontratudun langileen lan baldintzetan, aplikatu beharreko lan arloko eta gizarte segurantzaren arloko araudia betetzea.
3.5. Bat etorriz Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, adimen artifizialeko ereduak erabiltzen badira jarduera gauzatzeko, onuradunak horren berri eman beharko du, bai eta zehaztu ere proiektua aurrera eramaten duten pertsona fisikoen esku-hartze maila eta, hala badagokio, haiek egindako berrikuspen lana.
4.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
4.1. Laguntza hauek (316.255 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2026ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.
4.2. Proiektu bakoitzerako laguntza ezin da izan, inola ere, 33.000 eurotik gorakoa edo aurrekontu onartuaren %70 baino handiagoa (aurrekontu onartua honela kalkulatuko da: aurkezten den aurrekontuari diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarriarekin bat).
4.3. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, deialdiko dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.
4.4. Proiektua berregin behar den kasuetan, 7.3.5 oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.
4.5. Enpresa edo profesionalen batek dirulaguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio.
Uko egitearen ondorioz eman gabe gelditzen den dirulaguntza puntuazio ordenaren arabera dagokionari ematen ahalko zaio.
5.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
5.1. Eskaerak eta behar diren agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.2. Eskaerak eta behar den dokumentazio guztia honela aurkeztuko dira:
–Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren (Erregistro Orokor Elektronikoa) bidez. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa edo Cl@ve sistema eduki beharko da.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
–Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan –aurretik hitzordua eskatu behar da–, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.
5.3. Eskaera eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak deialdi honi erantsitako ereduen araberakoak izanen dira. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan eskuragarri dagoen fitxan eskuratzen ahal dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=135587), eta aurkeztu ere handik aurkezten ahal dira.
5.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten da. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, agiri bakoitza bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana):
- 1. atala (enpresa jarduerak): 965. taldea.
- 2. atala (jarduera profesionalak): 85. multzoa.
- 3. atala (jarduera artistikoak): 1., 2. edo 3. multzoak.
b) Pertsona juridikoen kasuan, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena.
c) Pertsona edo entitate eskatzailearen IFZaren/IFKaren kopia.
d) Ikuskizuna Nafarroako zein tokitan eta zein egunetan estreinatuko den egiaztatzen duen agiria. Horretarako, programatzailearen konpromiso-ziurtagiri edo -adierazpen bat aurkeztu beharko da.
e) Estreinatzen den egunetik hamabi hilabeteko epean, gutxienez bost emanaldi eginen direla egiaztatzen duten agiriak. Horretarako, kontratua edo entitate programatzailearen konpromiso-adierazpen bat aurkeztuko da.
f) Proiektuaren deskripzio-memoria (II. eranskinean).
Proiektuaren deskribapenak ez du 30 folio baino gehiago beteko, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Folio kopuru horretatik aurrerako informazioa ez da baloratuko.
g) Memorian proiektuari buruz jasotzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan berdinduta izatea gastuak eta diru-sarrerak.
h) Esperientzia eta ibilbidea egiaztatzen dituen dokumentazioa, balorazio irizpideetan aintzat hartzeko (V. eranskina).
i) Koprodukzio-proiektuak 6.3 oinarrian adierazitako dokumentazioaren bidez egiaztatu beharko dira, elkarteek edo eskatzaile bakar batek aurkezten dituzten.
5.5. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten pertsona eta entitate eskatzaile onuradunek ez dituzte aurreko puntuko b) eta c) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.
5.6. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzen dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa.
5.7. Informazio osagarria eskatzen ahalko da aurkeztutako eskaeren berrikusketa administratiboa egiteko fasearen edozein unetan.
6.–Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak eta behar-beharrezkoak direnak ekoizpen eszenikoa edo musikala sortzeko eta estreinatzeko. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2025eko azaroaren 22tik 2026ko azaroaren 20ra bitartekoak izan behar dute, biak barne.
Entitateak egindako gastu hauek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:
a) Zuzeneko kostuak.
1.–Kontratatutako langileen eta artisten soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan.
2.–Lantalde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, mantenu gastuak eta joan-etorrien gastuak, bai eta ekoizpena egiteko beharrezkoak diren elementuen garraio gastuak ere (estreinaldia barne, baldin eta 1.4 puntuan adierazitako egunen barnean egiten bada), honako gehieneko zenbatekoekin:
a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen direnenak; gau bakoitzeko, 75 euro gehienez.
b) Mantenu gastuak: mantenu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro gehienez Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.
c) Joan-etorriak:
–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,34 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.
–Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat, norberarena, erabiliz gero, 0,43 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.
–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua bakarrik.
–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, VIII. eranskinean horri buruz eskatutako informazioaren arabera.
3.–Ekoizpenetik datozen gastuak (estreinaldia barne, baldin eta 1.4 puntuan adierazitako egunen barnean egiten bada), hala nola kanpoko baliabideen kontratazioa, espazio eszenikoen eta entsegu lokalen alokairua (3 hilabete gehienez), ekipoen eta baliabide materialen alokairuak, eszenografia, jantziak eta kontsumoko beste edozein material eta ekoizpenari eta estreinaldiari zuzendutako beste batzuk.
4.–Proiektuko jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta merkaturatzeko gastuak (onartutako guztizko gastuen %15 gehienez ere).
5.–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan bakarrik, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, Sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).
6.–Proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
b) Zeharkako kostuak.
Hemen sartzen dira bai gastu aldakorrak, pertsona edo entitate onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.
Zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ezin dira izan onartutako guztizko gastuen %15 baino gehiago.
6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Ondasun higiezinak eta azpiegiturak eskuratzearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin zerikusia duten guztiak, bai eta haien amortizazioak eta finantzaketak eragindako finantza-gastuak ere. Azken kasu horretan, salbuespena da dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari dagokionez 6.1 oinarriaren a)5. atalean ezarritakoa.
b) Zentzuz jokatuta ekoizpen eszenikoa edo musikala sortzeko eta estreinatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
c) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
d) Lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 gainditzen duten entitateko langileen ordainsariak.
e) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.
f) Autobide gastuak (bidesaria), aparkalekukoak eta kilometraje gastuak, ibilgailua alokatzen bada.
g) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.
h) Gosariak, kafeak, hamaiketakoak eta antzeko beste kontzeptu batzuk.
6.3. Koprodukzio-proiektuetarako eskaeren kasuan, onuradun izan daitezke pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira, hala xedatzen baitu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak, betiere deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Kasu horietan, espresuki adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek:
a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituenak. Horretarako, enpresen elkartea eratzeko eredu normalizatua erabiliko da, IV. eranskinean eskuragarri dagoena.
b) Hala badagokio, haietako bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa; denek onuradun izaera izanen dutenez, 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Gastuaren exekuzioaren konpromisorik handiena bere gain hartzen duen ekoiztetxea izendatu beharko da elkartearen ordezkari eta ahaldun bakar. Ekoiztetxe batek baino gehiagok baldintza beretan hartzen badute beren gain gastuaren exekuzioaren konpromisoa, beren arteko bat aukeratu beharko dute ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin.
Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42.4 artikuluan ezarritako preskripzio-epea iragan arte (lau urte).
Koprodukzio-proiektuen kasuan, eskatzaile bakar batek bere izenean eskatzen badu proiektu baterako laguntza, eta proiektu horretan enpresa edo profesional batek baino gehiagok jartzen badituzte baliabideak, ez nahitaez proportzio berean, proiektu bakar bat egiteko, orduan laguntzaren eskatzaileak alderdi hauek agerrarazi beharko ditu espresuki:
a) Enpresa edo profesional bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.
b) Proiektuaren zenbatekoa guztira.
c) Enpresa edo profesional bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.
d) Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den enpresa edo profesionalak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
Informazio hori guztia eskaerari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.
7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.
7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.
7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan. Honako hauek izanen dira:
a) Batzordeko burua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza nagusi horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.
b) Batzordeko idazkaria: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, edo, hura izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, hitza duena baina botorik ez.
c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta arte edo ekonomia arloetako bi aditu; horietako bat Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea izaten ahalko da.
7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.
1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioa jasoko dute horiek baloratzeko.
2. Eskatzaileek zilegi dute proiektua azaltzen duen bideo artxibo bat eranstea dokumentazioarekin batera, 15 minututik beherakoa betiere.
3. Balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bideren bitartez, zalantzak argitzeko.
4. Onartutako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz. Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.
5. Irizpide hauek erabiliko dira 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, betiere kontuan harturik 4. oinarrian finkatutako diru-muga:
–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.
–Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, dirulaguntzetarako finkatutako zenbatekoa agortu arte.
–Prozedura honen arabera dirulaguntza lor lezakeen azken proiektuan, eskatutakoa handiagoa baldin bada hura finantzatzeko eskuragarri dagoen zenbatekoa baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Kasu horretan, unitate kudeatzaileak hasieran aurkeztutako proiektua berregiteko eskatzen ahalko dio entitate eskatzaileari. Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Berregindako proiektuak instrukzio organoaren adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.
8.–Proiektuen balorazioa.
8.1. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskaera eginen da II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehazten dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.
8.2. Informazio ekonomikoa III. eranskinean beteko da.
8.3. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari. Dirulaguntza lortzeko, eskaerek guztizkotik 50 puntu, gutxienez, lortu beharko dituzte, eta horietatik 30, gutxienez, 8.4.1 azpiatalean lortu behar dira. Proposamenaren kalitate artistikoa.
8.4. Balorazio irizpideak:
1.–Proposamenaren kalitate artistikoa (60 puntu gehienez).
a) Ekoizpenaren interesa eta kalitatea (25 puntu gehienez). Proposatutako ekoizpen eszeniko edo musikal berria bere interes eta kalitate artistikoaren arabera baloratuko da: jatorrizko ideia, balio kultural eta soziala, memoriaren kalitatea (ongi egituratua, koherentea, sendoa), tratamendu eszenografikoa/musikala...
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 25 arte |
Ongi | 20 arte |
Behar bezala egin da | 15 arte |
Ez gaizki, ez ongi | 10 arte |
Eskasa | 5 arte |
Oso eskasa | 0 |
b) Pertsona edo konpainia eskatzailearen esperientzia (10 puntu gehienez).
b.1. Azken 4 urteetako ekoizpenak (3 puntu gehienez) | |
30 minututik gorako iraupena | 0,50 (2 puntu gehienez) |
30 minutu edo gutxiagoko iraupena: | 0,25 (1 puntu gehienez) |
PERTSONA EDO KONPAINIA ESKATZAILEAREN ESPERIENTZIA | PUNTUAK (sari bakoitzeko) | |
Estatukoa | Nazioartekoa | |
b.2. SARIAK ETA BEKAK (2 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
b.3. SARIETARAKO IZENDAPENAK (1 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
b.4. JAIALDIETAKO PARTE-HARTZEAK (2 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
b.5. AZOKETAKO PARTE-HARTZEAK (2 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
Egoitza antolatzailearen kokapenak zehaztuko du estatukoa edo nazioartekoa den.
Zuzendarikidetza izanez gero, aintzat hartuko da eskaera egin duen entitateak adierazitako pertsonaren ibilbidea.
Alderdi hau baloratzeko, ezinbestekoa da dagokion egiaztapena (V. eranskina) aurkeztea eskaera egiteko unean. eta behar diren egiaztagiriak aurkeztu ezean, 0 puntu emanen dira.
c) Ekoizpenaren zuzendariaren ibilbidea azken 4 urteetan (5 puntu gehienez).
c.1. Ekoizpenaren zuzendariak azken 4 urteetan egindako ekoizpenak (1,5 puntu gehienez) | |
30 minututik gorako iraupena | 0,25 (1 puntu gehienez) |
30 minutu edo gutxiagoko iraupena: | 0,25 (0,50 puntu gehienez) |
ZUZENDARIAREN ESPERIENTZIA AZKEN 4 URTEETAN | PUNTUAK | |
Nazionala | Nazioartea | |
c.2. SARIAK ETA BEKAK (1 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
c.3. SARIETARAKO IZENDAPENAK (0,50 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
c.4. JAIALDIETAKO PARTE-HARTZEAK (1 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
c.5. AZOKETAKO PARTE-HARTZEAK (1 puntu gehienez) | 0,25 | 0,50 |
Egoitza antolatzailearen kokapenak zehaztuko du estatukoa edo nazioartekoa den.
Zuzendarikidetza izanez gero, aintzat hartuko da eskaera egin duen entitateak adierazitako pertsonaren ibilbidea.
Alderdi hau baloratzeko, ezinbestekoa da dagokion egiaztapena (V. eranskina) aurkeztea eskaera egiteko unean. eta behar diren egiaztagiriak aurkeztu ezean, 0 puntu emanen dira.
d) Ekoizpenean eta estreinaldian zenbat profesionalek parte hartzen duten arlo hauetan (konpainiakoak eta/edo kontratatuak izan): talde artistikoa (testuaren egilea, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritzako laguntzailea, interpretazioa), talde teknikoa (eszenografia, jantziak, argien eta soinuaren diseinua) eta ekoizpen, banaketa eta komunikazio taldea (5 puntu gehienez). (VI. eranskina).
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Gutxienez 10 lagunek osatutako taldea, eta horietatik 5, gutxienez, interpreteak | 5 |
Gutxienez 8 lagunek osatutako taldea, eta horietatik 4, gutxienez, interpreteak | 4 |
Gutxienez 6 lagunek osatutako taldea, eta horietatik 3, gutxienez, interpreteak | 3 |
Gutxienez 4 lagunek osatutako taldea, eta horietatik 2, gutxienez, interpreteak | 2 |
Gutxienez 3 pertsonak osatutako taldea | 1 |
e) Berrikuntza artistikoa: hizkuntza berrien garapena (5 puntu gehienez).
Hizkuntza berrien garapena, ikuspegi berrien ekarpena, hibridazioa eta abar baloratuko dira.
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 5 arte |
Ongi | 4,5 arte |
Behar bezala egin da | 3,5 arte |
Eskasa | 2,5 arte |
Oso eskasa | 1 |
f) Ekoizpen emergentea. Ekoizpen bat emergentea dela ulertuko da eskaera aurkezten duen entitateak egiten badu eta haren lehenengo edo bigarren ekoizpena bada; eta honela baloratuta (5 puntu gehienez).
LEHENENGO EDO BIGARREN EKOIZPENA | PUNTUAZIOA |
Lehenengo ekoizpena | 5 |
Bigarren ekoizpena | 3 |
g) Komunikazio plana (5 puntu gehienez). Proposamenaren komunikazio planaren koherentzia baloratuko da, publikoen azterketa kontuan hartuta.
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 5 arte |
Ongi | 4,5 arte |
Behar bezala egin da | 3,5 arte |
Eskasa | 2,5 arte |
Oso eskasa | 1 |
2.–Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa) (20 puntu gehienez).
a) Bideragarritasun ekonomikoa (5 puntu gehienez).
Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako ekoizpena aurrera eramateko.
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
%40 arte | 5 |
%40 baino gehiago, %50 arte | 4 |
%50 baino gehiago, %55 arte | 3 |
%55 baino gehiago, %60 arte | 2 |
%60 baino gehiago, %65 arte | 1 |
%65 baino gehiago, %70 arte | 0,5 |
b) Aurrekontua proiektuarekin koherentea edo orekatua izatea (5 puntu gehienez).
Puntuazio handiagoa emanen da baldin eta aurrekontua orekatua bada proiektua gauzatzeko behar diren baliabide guztiei dagokienez (langileak, azpiegitura eta material teknikoa, zabalkundea, komunikazioa eta beste), eta aurkeztutako proposamenarekin koherentzia badu.
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 5 arte |
Ongi | 4,5 arte |
Behar bezala egin da | 3,5 arte |
Eskasa | 2,5 arte |
Oso eskasa | 1 |
c) Ustiapen plana (10 puntu gehienez).
Irizpide honen bidez baloratuko da ekoizpen berriaren ustiapen planaren koherentzia. Honako arlo hauei buruz aurkezten diren datuak hartuko dira kontuan: frogatu daitezkeen programazio konpromiso sinatuak, banaketa enpresekin dituen kontratuak, merkatu eta ferietara joateko estrategia eta abar.
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 10 arte |
Ongi | 8 arte |
Behar bezala egin da | 5 arte |
Eskasa | 2 arte |
Oso eskasa | 1 |
3.–Proposamenaren eragina (20 puntu gehienez).
a) Euskara erabiltzea ekoizpenean (5 puntu gehienez).
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Euskarazko bertsioa | 5 |
Komunikazio materialak ele bitan (gaztelaniaz/euskaraz) | 2,5 |
b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea programaren helburuetan eta ekintzetan eta/edo emakumeen ekarpen eta parte-hartze profesionala (5 puntu gehienez). Baloratuko da proposatutako ekoizpenean arreta berezia ematea emakumeen esku-hartze aktiboari, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuetan oinarrituz:
KONTZEPTUA | PUNTUAZIOA |
Talde artistikoaren edo teknikoaren %50, gutxienez, emakumezkoak dira | 2 puntu |
Arte eszeniko eta musikalen ekoizpenaren arrazoi nagusia edo gaia berdintasunari, genero-indarkeriari, genero-rolei, errespetuan oinarritutako hezkuntzari, aukera-berdintasunari edo emakumearen ahalduntzeari buruzkoa da. | 1 puntu |
Emakume batek sorturiko testua bada | 1 puntu |
Zuzendaria emakumezkoa bada | 1 puntu |
c) Ekoizpena bazterketa arriskuan daudenengana eta/edo dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko neurriak sartzea (5 puntu gehienez). Baloratuko da, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuetan oinarrituz, ea proposatutako ekoizpenean neurririk txertatu den dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko, bai ikusle gisa, bai talde artistikoko edo teknikoko partaide gisa:
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 5 arte |
Ongi | 4,5 arte |
Behar bezala egin da | 3,5 arte |
Eskasa | 1,5 arte |
Oso eskasa | 0 |
d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0 eta 11 urte bitarteko haurrak, 12 eta 35 urte bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez). Baloratuko da ekoizpena publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea; balorazio hori eginen da eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuetan oinarrituz eta taula honen arabera:
KONTZEPTUA | HAZTAPENA |
Oso ongi | 5 arte |
Ongi | 4,5 arte |
Behar bezala egin da | 3,5 arte |
Eskasa | 1,5 arte |
Oso eskasa | 0 |
9.–Laguntza emateko ebazpena.
9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.
Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta, halaber, deialdiaren fitxan argitaratuko da.
9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
Isilbidezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio-prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.
10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.
10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak gizarte interesekotzat hartuko dira legegintzako foru dekretu horretan ezarritako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako, baldin eta haren 25.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten badituzte.
Ondorio horietarako, eskatzaileek VII. eranskina beteko dute.
10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo edo babesletza ekarpenak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek bukaerako memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.
11.–Onuradunen betebeharrak.
11.1 Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.
Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.
Betebehar hori dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).
Entitateak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
11.3. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.
11.4. Pertsona eta entitate onuradunek laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko dute proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela.
Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.
11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektua gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.
Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; baimen hori emanen da baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.
11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela.
Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du: ...).
Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta/edo Argitalpen Atalaren bidez.
Proiektua dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak).
Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.
11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.
11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.
Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.
11.10. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
11.11. Dirulaguntzaren onuradun diren pertsonek eta entitateek, proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztuko dute. Bertan adieraziko da proiektuaren alderdiak noraino bete diren, eskaerarekin batera aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.
11.12. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Era berean, hizkera inklusiboa erabiliko da sortzen diren dokumentu guztietan. Horretarako, "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" gida kontsulta daiteke; helbide honetan dago: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.
11.13. Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2000 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.
12.–Ordaintzeko moduak.
Ordaintzeko modu hauek izanen dira:
12.1. Oro har.
Behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.
Justifikazio hori proiektua bukatzean edo proiektuaren zati bat gauzatu ondoren egiten ahalko da (entitate bakoitzeko, ordainketa partzialeko 3 eskaera gehienez).
Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du ordainketa (guztizkoa edo partziala) eskatzeko:
a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota (guztizkoa edo partziala) eta eskatutako zenbatekoa.
b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta egindako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere. Jaso behar ditu hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); eta igorri behar da VIII. eranskinean ageri den Excel txantiloian, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.
c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.
Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.
6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruzko xehetasunak eman beharko ditu, VIII. eranskinean (jarraibide-orrian) horri buruz eskatutako informazioaren arabera.
d) Egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.
100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-entitateak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.
e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta VIII. eranskinean dagokion erlaitzean zehaztu beharko dira, zenbakituak eta zerrendatuak, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan nola aplikatu diren adierazita.
f) Justifikazio partzialerako, gauzatutako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra; eta bukaerako justifikaziorako, memoria osoa, 11.11 oinarrian adierazten den ebaluazioa barne.
Dokumentazio hori aurkeztuko da ordainketa partzial bakoitza egin baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
12.2. Konturako ordainketa.
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa eskatzeko epea 2026ko irailaren 30era artekoa izanen da, egun hori barne.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira justifikaziorako:
a) Ordainketa mota horren eskaera (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa.
b) Egindako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua. Jaso behar ditu hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); eta igorri behar da VIII. eranskinean ageri den Excel txantiloian, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.
c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.
Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.
6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruzko xehetasunak eman beharko ditu, VIII. eranskinean (jarraibide-orrian) horri buruz eskatutako informazioaren arabera.
d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.
Lehenengo konturako ordainketaren ondoren egiten diren konturako ordainketetan, justifikatu beharko da ordura arte kontura kobratutako zenbatekoa besteko gastuak ordaindu direla, gutxienez.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
12.3. Aurrerakina.
Salbuespen gisa, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, aurrerakin gisa, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, emandako dirulaguntzaren %50eko mugarekin.
Horretarako, Kultura Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko zaio, ordainketa mota (aurrerakina) eta eskatutako zenbatekoa adierazita, eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko beharrezkoa dela frogatuta. Horretarako, banketxeak emandako banku-ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, aurrerakina eskatu zen egunean erabilgarri zeuden funtsak egiaztatzen dituena, bai eta data horretatik aurrera jaso edo egin gabe dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda ere, hilabeteka banakatuta.
Aurrerakin hori Nafarroako erregistro orokor elektronikoaren bidez eskatu behar da, Kultur Ekintza Zerbitzuari zuzenduta.
13.–Justifikatzeko epea eta modua.
VIII. eranskina bete behar da, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.
13.1. Dirulaguntza likidatzeko, aurreko atalean adierazitako ordaintzeko moduetatik zein aukeratu den gorabehera, dirulaguntza likidatzeko, pertsona edo entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte, 2026ko azaroaren 20ra arte (egun hori barne) eta 5.2 puntuan adierazitako moduan.
a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota eta eskatutako zenbatekoa.
b) 12.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa. (b, c, d eta e).
c) Jardueren gauzatzeari eta ebaluazioari buruzko memoria, honako hauek adierazita: diruz lagundutako programaren garapena, emaitzak eta inpaktua. Memorian, honako hauek jaso beharko dira:
a. Planteatutako helburuak (orokorrak eta espezifikoak), eta egindako jardueren gauzatzearen deskribapena.
b. Emaitzak ebaluatzeko kapitulu bat. Orobat, ondorioak eta atzemandako hobekuntza arloak azaltzeko atal bat erantsiko da.
d) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.
e) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. VIII. eranskinean ematen den Excel txantiloian aurkeztuko dira, ereduan proposatutako egitura aldatu gabe.
Gastu diruz lagungarrien barruan 2025eko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2025eko azaroko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2027ko otsailaren 15ean, likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.
VIII. eranskinean jakinarazi behar da balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen, eta hainbanatuz gero, hainbanaketaren ehunekoa adieraziko da, eranskineko jarraibide-orrian azaltzen den eran.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.
Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.
13.2. Justifikazio-kontua ematea entitate onuradunak nahitaez bete beharreko egintza da, eta 13. oinarri honetan eskatutako dokumentazioa sartu behar da bertan, entitate deklaratzailearen erantzukizunpean eta deialdian ezarritako epean.
Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 13. oinarrian adierazitako dokumentazioa.
13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
Dirulaguntzaren espedientea kudeatzen duen unitateak argibideak eskatzeko jarduketaren bat egiten badu, jarduketa horrek ezin du ekarri dokumentu batzuk beste batzuekin ordezkatzea, ez eta, oro har, gerora sortutako dokumentuak aurkeztea ere.
14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
14.1. Nafarroako Gobernuaren ekarpena bateragarria izanen da beste administrazio publiko batzuetatik, beste entitate publiko edo pribatu edo partikular batzuetatik xede bererako emandakoekin, kostu diruz lagungarri berberetarako (guztiak nahiz haietako batzuk), baldin eta metaketaren ondorioz ez bada gainditzen aplikatzen ahal zaion laguntzaren intentsitate handiena edo laguntza-zenbateko handiena oinarri arautzaile hauen eta 651/2014 Erregelamenduaren arabera.
Laguntza horiek ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza batzuei baldin metaketa horrek berekin badakar oinarri arautzaile hauetan eta 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.
14.2. Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.
14.3. Jasotako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak eginen duen jardueraren kostua baino handiagoa.
14.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
14.5. Laguntza horien bidez emandako finantzaketa ez da bateragarria Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuen kofinantzaketarekin.
15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.
Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.
Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Justifikazio betebeharra 13.1 oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:
–Egiaztagiriak azaroaren 20a baino geroago baina azaroaren 30a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.
–Egiaztagiriak azaroaren 30a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
16.–Arau-hausteak eta zehapenak.
16.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
16.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.
17.–Hornitzaileak kontratatzea.
Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, pertsona edo entitate onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.
18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
20.–Eredu edo txantiloien zerrenda.
Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko dokumentuak deialdi honen eranskinen araberakoak izanen dira. Eranskin horiek eskuragai egonen dira deialdiaren fitxan eta Nafarroako Gobernuaren web-atariko tramiteen katalogoan.
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK (EREDUAK)
Eskaera aurkezteko fasea.
I. eranskina.–Eskaera.
II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.
III. eranskina.–Eskaeraren informazio ekonomikoa.
IV. eranskina.–Enpresen elkartea eratzeko agiria.
V. eranskina.–Esperientziaren eta ibilbidearen egiaztapena.
VI. eranskina.–Profesionalen parte-hartzea.
Laguntzak emateko fasea (laguntza esleitzen denetik hilabeteko epean, entitate onuradunek soilik).
VII. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.
Gardentasunari buruzko adierazpena (tramite elektronikoa deialdiaren fitxaren bidez egiteko aukera dago).
Justifikazio fasea (entitate onuradunek soilik).
VIII. eranskina–Justifikazioen informazio ekonomikoa.
Iragarkiaren kodea: F2604563
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
